Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

127. zk., 2020ko ekainaren 30a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ENPLEGUKO ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
2554

EBAZPENA, 2020ko ekainaren 24koa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena. Honen bidez, argitara ematen da enplegua sustatzeko toki-ekintzetarako 2020ko dirulaguntzen deialdia.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak, 2020ko ekainaren 23ko batzarrean hartutako erabakiaren bidez, onartu du enplegua sustatzeko toki-ekintzetarako 2020ko dirulaguntzen deialdia, eta, maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuaren bidez onartutako Lanbideren estatutuen 10.2 artikuluaren p) letran xedatutakoaren arabera, erakunde autonomo horren zuzendari nagusiari dagokio hori argitaratzea.

Horiek horrela, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Argitara ematea enplegua sustatzeko toki-ekintzetarako 2020ko dirulaguntzen deialdia, erakunde autonomo honen Administrazio Kontseiluak 2020ko ekainaren 23ko batzarrean hartutako erabakiaren bitartez onartua. Ebazpen honen eranskinean dago jasota.

Bigarrena.– Jakinaraztea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango dituela ondorioak laguntzen deialdia onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren erabakiak.

Hirugarrena.– Deialdia onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren erabakiaren aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio organo horri berari, hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da zuzenean Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena aldizkari horretan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko ekainaren 24a.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia,

JUAN JOSE BORJA BELANDIA FRADEJAS.

ERANSKINA
ENPLEGUA SUSTATZEKO TOKI-EKINTZETARAKO 2020KO DIRULAGUNTZEN DEIALDIA

Toki-eremua da egokiena ekoizpen-aukera berriak aurkitzeko; beraz, ezinbestekoa da kontuan hartzea toki-izaera hori enplegu-politiketarako, euren diseinurako eta kudeaketa-eredurako, lurraldeko beharretara egokitu behar baitira. Izan ere, horrela sustatuko dira aukera horiek aprobetxatzen laguntzen duten jarduketak, eremu horretako enplegu-sorrerako eta enpresa-jarduerako ekimenak sustatuz eta laguntza emanez, urriaren 23ko Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako Enpleguaren Legearen testu bategineko enpleguaren oinarrizko arauan aurreikusi bezala.

Era berean, 2020rako Enpleguaren Euskal Estrategiak, Euskadin eskualdeek duten indarra kontuan hartuta, eskualde-garapeneko jarduerak egitea jasotzen du jarraibideen artean, horien bidez eskualde guztietan eta modu orekatuan enplegu-aukerak eskaintzeko. Eskualde mailako jarduera horietan, lurraldeak berez dituen baliabideak eta ahalmenak identifikatzea eta baliatzea aurreikusten da, betiere biztanleen bizi-baldintzak hobetzea ardatz hartuta; izan ere, eskualde bakoitzeko enpresa-sarearen lehiakortasuna hobetzean jarduera ekonomikoa sortzen da, eta horretan oinarritu behar da eskualde mailako estrategia.

Eskualdeko garapenarekin loturik enplegua sortzeko ahalmena aprobetxatze aldera, 2020rako Enpleguaren Euskal Estrategiak, besteak beste, orientabide hauek proposatzen ditu:

– «Eskualde» kontzeptua sustatzea, enplegu-politikei eta enpleguari lotutako politikei dagokienez. Planifikaziorako, zerbitzuak emateko eskala-ekonomiarako eta prestakuntza- eta enplegu-aukerak izateko, beharrezkoa da udalerri-taldeek (tamaina nahikoa duten eskualdeak osatzen dituzte udalerri horiek) eskaintzen dituzten sinergiak aprobetxatzea.

– Espezializazioa eskualde mailan, betiere osagarritasun ikuspuntu batetik abiatuz.

– Kapital soziala aprobetxatzea.

– Enpresa-berrikuntza sustatzea.

– Berrikuntza soziala babestea.

– Eskualdean jarduten duten eragile guztien koordinazio eta lerrokatze maximoa.

Bestalde, Eusko Legebiltzarrak Eusko Jaurlaritzari agindu dio Bizkaiko Ezkerraldea-Meatzaldea eta Enkarterri eskualdeetan eta Gipuzkoako Oarsoaldean ekonomia eta gizartea suspertzeko ekintzak abian jartzeko, bi fasetan garatuko den prozesu baten bidez.

Lehenengo fasean, txoke-plan bat egin zen, Meatzaldea, Ezkerraldea eta Oarsoaldeko eremuetako premiei presaz erantzuteko. Plan horren barruan, indarreko programak sendotu ziren, bai eta proiektu berriak abiarazi ere, eremu horietan ekonomia suspertzeko, enplegua sortzeko eta gizarte-garapenean sakontzeko. Horretarako, aparteko zuzkidurak aurreikusi ziren industriarako, prestakuntzarako, enplegurako eta etxebizitzarako laguntzetan.

Bigarren fasean, aipatutako eskualdeen ekonomia suspertzeko erakunde arteko eskualde-plan estrategikoak egin eta abian jarri behar dira, eta Enkarterrietan ere bai, eskualde horiek guztiek antzeko arazoak baitituzte. Plan estrategikoek 5 arlo sektorialen inguruan jardungo dute: 1) Suspertze ekonomikoa; 2) Enplegua eta prestakuntza; 3) Kohesio soziala eta zerbitzu publikoak; 4) Hiri- eta ingurumen-berroneratzea eta 5) Lurraldea eta iraunkortasuna.

Urriaren 16ko 3/2011 Legeak honako eginkizun hauek eman dizkio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari, beste batzuen artean: enpleguaren, enplegurako prestakuntzaren eta laneratzearen esparruko politika publikoetan araudi eta plangintza orokorra proposatzea, programak kudeatzea, eta, zehazki, enplegu-politiken tokiko dimentsioarekin zuzenean lotuta, enplegua sortzeko tokiko ekimenei laguntzeko programak sortzea, enpleguaren aldeko tokiko hitzarmenak sustatzeko toki-erakundeekin lankidetzan.

Eginkizun horien jardunean, eta 2020rako Enpleguaren Euskal Estrategian jasotako helburuak aintzat hartuta, deialdi honen bidez Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak bi helburu ditu funtsean: Euskal Autonomia Erkidegoan enplegu-politikaren tokiko dimentsioa indartzea, esku hartzeko eredu malgu bat zehaztuz, tokiko egoera sozial eta ekonomikora egokitua, eta ekoizpen-ingurunearen eta esku hartzen duten eragileen gaineko ezaguera sakonean oinarritua; eta lurraldearen kohesioa sustatzea, tokiko eragileekin helburuak partekatzeko eta konpromisoak eta jarduteko irizpideak zehazteko aukera emango duten akordioen bidez. Alde horretatik, ezin dugu ahaztu langabeziak bortizki jo dituela EAEko gune jakin batzuk.

Lan-merkatuan sartzeko aparteko zailtasunak dituzten gizataldeen artean askok eta askok lortu dute enplegua, eta emaitza on horiek kontuan hartuta, enplegua sustatzeko toki-ekintzak diruz laguntzeko lehenagoko deialdietan (Lanbidek aurreko ekitaldietan onartutako deialdiak), beharrezkoa da beste deialdi bat egitea 2020-2021 aldirako. Eta horretarako, berrogeita bi milioi euroko funtsa bideratuko da.

Deialdi horretan, kontuan hartu dira 55 urtetik gorako pertsona langabeek kontratuak lortzeko dituzten zailtasunak; izan ere, zailtasun horien ondorioz lan-merkatutik behin betiko baztertuta geratu baitaitezke. Hori dela eta, kolektibo horretako kideak kontratatzea indar handiagoz bultzatu behar da. Hala, enplegua sustatzeko neurriren artean, deialdi honetan kolektibo horretako kideak kontratatzeko berariazko kuota ezarri da.

Bestalde, deialdi honek ezin ditu albo batera utzi emakumeen eta gizonen arteko diferentziak eta berdintasun-ezak lan-merkatuan. Hori frogatzeko, nahikoa da Eustat-eko PRA datuei begiratzea: emakumeen lanbide-tasa gizonezkoena baino 7 puntu txikiagoa da (emakumezkoen lanbide-tasa: % 65,1, eta gizonezkoena: % 72,2). Datu horiek erakusten dute lan-esparrura sartzeko eta bertan irauteko aukeretan dagoen arrakala, zeina eten egin behar baita.

Bestalde, COVID-19ak eragindako osasun-krisia kudeatzeko alarma-egoera deklaratzeko martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuak ezarri zituen neurriek mugikortasuna murriztu zuten, eta txikizkako lokal eta establezimenduak irekitzea eragotzi, bai eta errege-dekretu horretan premiazkotzat jotako jarduerak garatzea ere. Neurri horiek eragin handia izan dute enpresetan eta autonomoengan, ekoizpenaren, eta diru-sarreren eta enpleguaren beherakadan islatu denez. Horren ondorioz, deialdi honen babesean kontratazioaren onuradun diren kolektiboen artean sartu dira alarma-egoera deklaratu ondoren lana galdu duten pertsonak, horiek lan-merkatura itzul daitezen sustatzeko.

Horregatik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak egindako proposamena kontuan hartuta, erakunde autonomo horretako administrazio-kontseiluak, 2020ko ekainaren 23ko saioan, enplegua sustatzeko toki-ekintzetarako laguntzen 2020rako deialdia onartu du, artikulu hauen arabera:

1. artikulua.– Laguntzen deialdiaren xedea.

Deialdi honen helburua da Euskal Autonomia Erkidegoko toki-erakundeei, eta, bereziki, lehentasunezko jarduketa-eremu katalogatutako toki-erakundeei laguntzak ematea, jardueraren xede den lurraldearen garapen sozioekonomikoa eta modernizazioa bultzatze aldera enplegua sortzeko proiektuak martxan jar ditzaten, horien bidez Euskadiko eskualde guztietan modu orekatuan enplegu-aukerak sortzeko, 2020rako Enpleguaren Euskal Estrategiarekin eta emakumeen eta gizonen berdintasunaren printzipioarekin bat etorriz.

Era berean, toki-erakundeek sustatutako proiektu estrategikoen esparruan enpresei dirulaguntzak ematea ere aurreikusten da, aurrez aipatutako helburu berarekin.

Deialdi honekin lortu nahi den azken helburua da Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan izena emandako langabeen enplegagarritasuna hobetzea.

2. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen proiektuak.

1.– Deialdi honen babesean, tokiko enplegu-proiektuak gauzatzeko jarduerak lagun daitezke diruz, deialdi honetako 5. artikuluan aurreikusitako erakunde onuradunek egindakoak eta dagokien esparru geografikoan tokiko enplegua garatzeko helburua dutenak.

Oro har, udalerri bakoitzeko edo mankomunitate, kuadrilla edo udalerri-talde batek diruz lagunduko ditu tokiko enplegu-proiektuak, eta udalerri gehienek edo eskualdeko biztanleriaren % 51 gutxienez ordezkatzen dutenek adostu beharko dituzte proiektu horien esparruan, dagokion udalean egongo den indarreko udal-erroldaren berrikuspenaren arabera. Bestela, erakunde eskatzaileak egiaztatu beharko du adostasun hori.

2.– Salbuespenez, aurreko apartatuan adierazitako eskualde izaera hori ez duten tokiko enplegu-proiektuak lagundu ahal izango dira diruz, honako kasu hauetan:

a) Egitura sozioekonomiko berezitua, eskualdekotze naturala edo zerbitzuen kudeaketa mankomunatua direla medio, horrela justifikatzen badute behar bezala.

b) Proiektuak 24.000 biztanletik gorako udalerrietarako badira, betiere indarreko udal-erroldaren berrikuspenaren arabera, zeina dagokion udalaren eskuetan egongo baita.

3.– Horrez gain, bereziki langabezia-tasa altuak dituzten berrogeita zortzi herri horietatik datozen proiektuak sustatuko dira. Ondorio hauetarako, bereziki langabezia-tasa altuak dituzten eremuak izango dira, hiru lurralde historikoetako hiriburuak ez ezik, 2020ko maiatzean, % 13,2tik gorako langabezia-tasa erregistratuta zuten udalerriak ere, kontuan hartuta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan erregistratutako enplegu-eskatzaile langabetuen estatistika-fitxategia (deialdi honetako II. eranskinean dago adierazita).

4.– Lehentasunezko jarduketa-eremu deiturikoek sustatutako proiektuak ere diruz lagunduko dira, Europar Batasunak kaltetutzat jotzen dituenak, eta Enkarterri, Ezkerraldea, Meatzaldea eta Oarsoaldea eta horien eremu zabalduak.

5.– Proiektuek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Artikulu honetako 7. zenbakian deskribatutako ekintza-motak izan behar dituzte.

b) Deialdi honen IV. eranskinean udalerri eta/edo eskualde bakoitzerako ezarritako gehieneko aurrekontua ez dute gainditu behar.

c) Proiektuko ekintzen hasierak (enplegua sustatzeko egindako kontratazioak eta proiektu estrategikoetan edo toki-erakundeen kontratazioak burutzeko dirulaguntza deialdien oinarrien argitalpena) data hauen artean egon behar du: EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik hasita 2020ko abenduaren 31 arte. Amaiera data, gehienez, 2021eko ekainaren 30ean izango da.

Enplegua Sustatzeko Proiektuetan (1. mota), beren ezaugarriengatik fase ezberdinetan burutu beharrekoak badira, aurreko paragrafoan ekintzen hasierari dagokionez aipatutakoa, nahitaez hasierako faseari aplikatuko zaio. Hala ere, kontratazioak egin ahalko dira 2020ko abenduaren 31tik aurrera ere, baldin eta egoera hori entitateak behar den moduan justifikatu badu eta Lanbidek hala baimendu badu emate-ebazpenean.

6.– Proiektu jakin batzuek ezin izango dute deialdi honetako laguntzarik jaso deialdi honen babesean, baldin eta zerbitzuen esparruan edo Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak kudeatutako enplegu-politika aktiboak gauzatzean sortzen diren programen esparruan gauza badaitezke.

Era berean, dirulaguntzetatik kanpo geratuko dira Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren edozein deialditan diruz lagundutako jarduerei lotuta gauza daitezkeen kontratuak, edo deialdi horien barruan zuzenean diruz lagunduak izan direnak.

7.– Hori horrela, deialdi honetako dirulaguntzaren bat jaso ahal izango dute honako ekintza hauetako bat gauzatzen duten ekimenek:

7.1.– Enplegua sustatzea (1. mota).

7.1.1.– Enplegua sustatzeko ekintzatzat hartzen dira ezohiko merkatuan egiten diren kontratazioak, baldin eta haien helburua lan-merkatuan sartzeko zailtasun bereziak dituzten pertsonen enplegagarritasuna handitzea bada, beren kualifikazioa, gaitasun pertsonalak edo motibazioa sustatuko dituen aldi baterako lan-esperientzia baten bitartez.

Esandako kontratazioak tokian-tokian sustatuko dira, eta laguntzaren erakunde onuradunek egingo dituzte zuzenean; bestela, haien mendeko erakundeek edo zailtasun bereziak dituzten pertsonak gizarteratzen eta laneratzen diharduten irabazi-asmorik gabeko erakundeek, betiere Euskadiko hirugarren sektore sozialeko erakundeen erroldan izena emanda badaude (Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialari buruzko maiatzaren 12ko 6/2016 Legean arautua), eta haiekin proiektua gauzatzea hitzartzen bada edota proiektua kontratu bidez haiei esleitzen bazaie.

Hirugarrenekin hitzartutako jarduera, % 100erainokoa izan ahalko dena, dirulaguntzaren zenbatekoaren ehuneko 20tik gorakoa bada eta zenbateko hori 60.000 eurotik gorakoa bada, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Laneratzea Aktibatzeko Zuzendaritzak baimendu egin beharko du aurreko paragrafoan aipatutako hitzarmena edo kontratua, berau izenpetu aurretik.

Edonola ere, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak kudeatuko ditu enplegu-eskaintzak.

7.1.2.– Mota horretako kontratazioek, oro har, honako betekizun hauek izango dituzte:

a) Tokian-tokian egiten diren onura publikoko edo interes sozialeko jarduerekin erlazionatuta egotea.

b) Ez eragitea langileak ordezkatzea erakundeen egiturazko lanak egiteko zerbitzuan.

c) Toki-erakundeek ezin izango dute kontratatu erakunde berak 2018ko eta 2019ko ekitaldietarako enplegua sustatzeko tokiko ekintzetarako eta bereziki egoera ahuleko eremu eta udalerrietarako enplegua sustatzeko tokiko ekintzetarako 2019ko laguntzen deialdietan parte hartu duen pertsonarik, salbu eta beste hautagairik ez badago. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak egiaztatu eta informatuko du baldintza hori.

d) Kontratu horiek gutxieneko hiru hileko iraupena izan behar dute, eta edozein kontratazio-modalitatetakoak izan daitezke, prestakuntzarako eta ikaskuntzarako kontratuak izan ezik.

Dirulaguntza horiek emateko, kontratazio-aldia artikulu honen 4.c) artikuluan ezarritako epeen barruan egon behar du. Aprtatu honetan ezarritako kontratuen gutxieneko iraupena kontratazio-aldiaren barruan sartu behar da, baina horrek ez du galarazten 2021eko ekainaren 30aren ondoren bukatzea.

e) Kontratuak lanaldi osokoak edo partzialekoak izan daitezke, baina lanaldiaren % 50ekoak izan behar dute gutxienez.

f) Kontratazioaren unean, kontratatuek langabeak izan behar dute, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan lan-eskatzaile gisa izena emanda egon.

g) Eskualde edo udalerri batean egiten diren kontratu guztien % 30, gutxienez, diru-sarrerak bermatzeko errentaren (DSBE) titular edo onuradun diren pertsonak kontratatzeko izango dira.

Gainerako ehunekoak kolektibo hauetako batekoak beharko du izan:

● 35 urtetik beherako pertsonak.

● 45 urtetik gorako pertsonak.

● Iraupen luzeko langabeak. Iraupen luzeko langabeak dira Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan edo beste enplegu-zerbitzu publiko batzuetan enplegu-eskatzaile gisa izena emanda daudenak, gutxienez 360 egunez, kontratazioaren aurreko azken 540 egunetan.

● COVID-19ak eragindako osasun-krisia kudeatzeko alarma-egoera deklaratu ondoren lana galdu duten pertsonak.

● Gizarte-bazterketa jasateko arriskua duten pertsonak. Diru-sarrerak bermatzeko errentaren titularrak eta haien elkarbizitza-unitateko kideak ez ezik, honako hauek ere hartzen dira gizarte-bazterketa jasateko arriskuan dauden pertsonatzat:

– Hemezortzi urtetik hogeita hamarrera bitarteko gazteak, adingabeak babesten dituzten erakundeetatik datozenak.

– Drogazaletasun-arazoak dituzten edo bestelako mendekotasun-arazoak dituzten eta errehabilitazioko edo gizarteratzeko prozesuan dauden pertsonak.

– Espetxean egonik, beren espetxe-egoeragatik enplegu bat eskura dezaketen eta beren lan-harremana uztailaren 6ko 782/2001 Errege Dekretuaren 1. artikuluan araututako lan-harreman bereziaren aplikazio-eremuaren barruan ez duten presoak, baita baldintzapeko askatasuneko egoeran daudenak eta preso ohiak ere.

– Preso adingabeak, adingabekoen zigor-erantzukizuna arautzen duen urtarrilaren 12ko 5/2000 Lege Organikoaren aplikazio-eremuan daudenak, eta beren egoeragatik enplegu bat eskura dezaketenak, eta beren lan-harremana uztailaren 30eko 1774/2004 Errege Dekretuak onartutako adierazitako Legearen Araudiaren 53.4 artikuluak adierazten duen lan-harreman berezien aplikazio-eremuaren barruan ez dutenak, baita zaintzapeko askatasuneko egoeran daudenak eta preso ohiak ere.

– Euskal Autonomia Erkidegoko agintaritza eskudunek baimendutako urgentziazko bizitoki-zentroetan ibili diren pertsonak.

– Desgaitasuna dutenak.

– Familia-erantzukizunak dituzten emakumeak. Familia-erantzukizunak dituzten emakume deritze beren kargura ezkontidea eta/edo 26 urtetik beherako seme-alabaren bat edo 26 urtetik gorako seme-alaba ezinduren bat edo harreran hartutako adingabekoren bat dutenei, betiere familia-unitateko kideen batez besteko banakako errenta ez bada lanbide-arteko gutxieneko soldataren % 75 baino handiagoa. Agiri bidez behar bezala egiaztatu beharko dira aurreko baldintza horiek.

– Genero-indarkeriaren biktima diren emakumezkoak.

h) Kontratatutakoen % 40k, gutxienez, emakumeak izan behar dute.

i) Kontratatutakoen % 15ek, gutxienez, 55 urtetik gorakoak izan behar dute.

7.1.3.– Aurreko 7.1.2 apartatuan adierazitako ehunekoak aplikatzean zenbaki hamartarrak ateratzen badira, zenbaki oso hurbilenera biribilduko dira, goitik edo behetik, eta zenbakia 5 bada, zenbaki oso handiagora biribilduko dira.

Kontratatu beharreko kolektiboetako pertsona-kopuruei dagokienez, aurreko 7.1.2 zenbakiaren g), h) eta i) letretan aurreikusitako ehunekoak erdiesten ez badira, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa aldatu egingo da diruz lagunduko den pertsona-kopurua murrizteko, eskatutako ehunekoak bete arte. Kontratatu beharreko pertsona-kopurua 1 bada, nahikoa izango litzateke aipatutako taldeetako bateko kide izatea.

Toki-erakundearen esparru geografikoan ez badago kolektibo horietako pertsona langabeturik, ez da gutxieneko ehunekorik bete beharko, betiere toki-erakundeak behar bezala ematen badu horren berri, eta, behar izanez gero, baldintza hori egiaztatzen badu. Eta, orobat, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak horrela dela egiaztatu eta jakinarazten badu.

Hautagaiak hautatzerakoan, lehenik eta behin, emakumeen, 55 urtetik gorakoen eta DSBEren titularren edo onuradunen gutxieneko ehunekoak beteko dira. Beraz, kolektibo horiek lehentasuna izango dute kontratazioan, 2018ko eta 2019ko ekitaldietarako enplegua sustatzeko tokiko ekintzetarako eta bereziki egoera ahulean dauden zonaldeei zuzendutako enplegua sustatzeko tokiko ekintzetarako laguntzen deialdietan kontratatu diren pertsonen aldean.

7.2.– Kontrataziorako laguntzak (2. mota).

7.2.1.– Laguntza horien helburua babes ekonomikoa ematea da Lanbiden enplegu-eskatzaile gisa izena emandako langabeak tokiko enpresek merkatu arruntean kontratatzea errazteko, horien artean, COVID-19k tokiko enpresek ohiko merkatuan eragindako osasun-krisia kudeatzeko alarma-egoera deklaratu ondoren enplegua galdu dutenak. Horretarako, hainbat jarduera abiarazi eta gauzatuko dituzte laguntzaren erakunde onuradunek beraiek nahiz beren mendeko erakundeek.

Ondorio horietarako, dagokion toki-erakundearen lurralde-esparruan lantokia eta jarduera ekonomikoa duten izaera pribatuko pertsona fisiko edo juridikoak hartuko dira tokiko enpresatzat.

Aipatutako kontratazioek ezaugarri hauek eduki beharko dituzte:

a) Kontratu horiek gutxieneko hiru hileko iraupena izan behar dute, eta edozein kontratazio-modalitatetakoak izan daitezke, prestakuntzarako eta ikaskuntzarako kontratuak izan ezik. Kontratuaren iraupena zenbatzeko, luzapenak ere kontuan hartuko dira, betiere hasierako kontratua gutxienez 3 hilabetekoa bada.

Dirulaguntza horiek emateko, kontratazio-aldiak Laneratzea Aktibatzeko Zuzendaritzak baimendutako Toki-erakundeen deialdien oinarrietan ezarritako epeen barne egon behar du. Horretarako, apartatu honetan ezarritako kontratuen gutxieneko iraupena kontratazio-aldiaren barne eman behar da. Kontratua, alabaina, 2021eko ekainaren 30aren ondoren bukatu daiteke.

b) Kontratuak lanaldi osokoak edo partzialekoak izan daitezke, baina lanaldiaren % 50ekoak izan behar dute gutxienez.

c) Kontratatutako pertsonak dirulaguntzaren eskabidean aipatzen den eremu geografikoan bizi behar du.

7.2.2.– Ez da diruz lagunduko honako hauek kontratatzea:

– Enpresaburuaren edo enpresaren kontrola duen inoren ezkontidea, oinordekoak eta gainerako senideak, odol- edo ezkontza-ahaidetasuneko bigarren mailaraino, edo sozietatearen izaera juridikoa osatzen duten enpresetako administrazio-organoetako edo zuzendaritzako kideenak.

– Enpresa berak langile bera kontratatzea, aurreko deialdietan ere diruz lagundu bada.

7.2.3.– Dirulaguntza horiek emateko, toki-erakundeek ezarritako oinarri arautzaileetan bermatuta egongo dira publikotasunaren, lehiaren eta objektibotasunaren printzipioak, eta jasota egongo dira aurreko zenbakietan zehaztutako betekizunak eta baldintzak.

Halaber, dirulaguntza justifikatzeko behar den dokumentazioa (diruz lagundutako epean zehar kontratatutako pertsona lanean mantentzeko gastuak, soldata-kostuak eta Gizarte Segurantzakoak) aurkez dezala eskatu beharko dio toki-erakundeak enpresa kontratatzaileari, baita zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituela egiaztatzeko ere.

Toki-erakundeen oinarri arautzaileetan zehazten diren dirulaguntzen zenbatekoak deialdi honen 4.1.b) artikuluan jasotako berak izango dira.

7.2.4.– Toki-erakundeek kontratatutako pertsona guztien % 40 emakumezkoak izatea proposatu beharko dute proiektuan, eta kontratazio horietara bideratu beharko dute dagokien dirulaguntzaren zenbatekoa. Aurreikuspen horrek oinarri arautzaileetan jasota egon beharko du.

Adierazitako ehuneko hori aplikatzean zenbaki hamartarrak ateratzen badira, zenbaki oso hurbilenera biribilduko dira, goitik edo behetik, eta zenbakia 5 bada, zenbaki oso handiagora biribilduko dira.

Ehuneko hori erdiesten ez bada, dirulaguntzaren guztizko zenbatekoa murriztu egingo da emakumezkoen kontrataziorako hasieran gordetako kopurua egiaz gauzatutako kontratuetara egokitzeko.

7.2.5.– Oinarri arautzaileei publizitatea eman baino lehen, Lanbideren Lan Aktibazioko Zuzendaritzari igorri behar zaizkio eta hasierarako baimena eskuratu behar da.

7.3.– Proiektu estrategikoak (3. mota).

7.3.1.– Laguntza hauen helburua da laguntza ekonomikoa ematea, Lanbiden enplegu-eskatzaile gisa inskribatuta dauden langabeak kontratatzeko erraztasunak emateko horien artean, enplegua galdu dutenak COVID-19ak tokiko enpresek ohiko merkatuan eragindako osasun-krisia kudeatzeko alarma-egoera deklaratu ondoren, oinarri teknologiko eta berritzailea duten enpresek enpresa-proiektu hedatzaile berriak ezar edo gara ditzaten, interes estrategiko handikotzat jotzen baitira garapen teknologikorako eta berritzailerako.

Proiektu estrategikotzat joko dira toki-eremutik sustatutako berariazko proiektuak, eraginpeko udalerrietako enpresek enplegua sortzen laguntzekoak.

Kontratazioek ezaugarri hauek izan beharko dituzte:

a) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak edo jarduera horretan organismo autonomoaren kolaboratzaile gisa diharduen erakundeak kudeatuko ditu enplegu-eskaintzak.

b) Kontratu horiek gutxieneko hiru hileko iraupena izan behar dute, eta edozein kontratazio-modalitatetakoak izan daitezke, prestakuntzarako eta ikaskuntzarako kontratuak izan ezik.

c) Kontratuak lanaldi osokoak edo partzialekoak izan daitezke, baina lanaldiaren % 50ekoak izan behar dute gutxienez.

d) Kontratazioen hasierako data, beranduenez, 2020ko azaroaren 30a izango da.

7.3.2.– Laguntza horiek emateko, proiektuak nahitaez izan beharko du Eusko Jaurlaritzan dagokion sailaren aldeko txostena, eta horren mendeko erakunderen batena (SPRIrena, esate baterako), proiektuaren interes estrategikoa bermatu behar baitu txosten horrek.

7.3.3.– Deialdi honen ondorioetarako, oinarri teknologikoa duten edo berritzaileak diren enpresak izango dira eskakizun edo irizpide hauetako bat betetzen dutenak:

– Goi-teknologiako industria-sektoreetan lan egitea.

– I+G-n inbertsio ugari egina izatea.

– I+G proiektuak ustiatzea.

– Teknologia babestuaren eitekoa izatea proiektu horien jabetza industriala.

– Euskal Autonomia Erkidegoko eskaintza teknologikorako sarbidea izatea.

– Merkaturatu daitezkeen produktu edo prozesu berri bilakatzea jakintza teknologikoa.

– Nazioartekotze-plana izatea, enpresaren produktuak kanpoko merkatuetan sartzeko estrategia eta ekintzak zehazten dituena, enpresari interesatzen zaizkion eremuak eta horien periodifikatzea adierazten dituena.

– Informazioaren gizartean sartu eta garatzeko estrategia eta ekimena edukitzea, eta ahalegin berezia egitea enpresaren jardueran eta negozio-ereduan informazioaren eta komunikazioaren teknologiak sartzeko.

Halaber, oinarri teknologikoko enpresatzat edo enpresa berritzailetzat hartu ahal izango dira Euskal Autonomia Erkidegoko Zientzia eta Teknologia Planaren programen babespean egindako ikerketa edo garapen teknologikoko proiektuetan jatorria duten enpresa sortu berriak.

7.3.4.– Ez da diruz lagunduko honako hauek kontratatzea: enpresaburuaren edo enpresaren kontrola duen inoren ezkontidea, oinordekoak eta gainerako senideak, odol- edo ezkontza-ahaidetasuneko bigarren mailaraino, edo sozietatearen izaera juridikoa osatzen duten enpresetako administrazio-organoetako edo zuzendaritzako kideenak.

7.3.5.– Enpresa onuradunak ez du administrazio publiko baten edo gehiagoren % 50eko edo gehiagoko partaidetza zuzenik edo zeharkakorik izango.

7.4.– Laneratzen laguntzeko jarduerak (4. mota).

Laguntza horien helburua da laguntza ekonomikoa ematea, lan-harremanean laguntza bat gauzatzeko, lehentasunezko jarduketa-eremuetan egindako enplegua sustatzeko ekintzetan kontratatutako pertsonak lanpostura errazago sartu eta egokitu daitezen. Ekintza horiek 7.1 apartatuan daude jasota.

Helburua da enplegagarritasunarekin eta enpleguarekin lotutako gaitasun pertsonalak eta sozialak garatzea.

Pertsona bakoitzak diruz lagundutako 30 orduko arreta izanen du gutxienez, taldeko nahiz banakako ekintzetan, toki-erakunde onuradunarekin egindako kontratuak dirauen bitartean.

Jarduerak dirulaguntzaren onuradunen mendeko erakundeek egingo dituzte, haien helburuen artean laneratzea sustatzea dutenek, edo kanpoko erakundeek, baldin eta baldintza hauek betetzen badituzte:

– Gutxienez 2 urteko esperientzia laneratzen laguntzeko lanetan.

– Kontratatutako pertsonei laguntzeko langile egokiak eta nahikoak izatea. Baldintza hori betetzen dutela ulertuko da baldin eta, laguntza ematen hastean, teknikari gisa kontratatutako pertsona bat gutxienez badute, unibertsitate-ikasketak amaituta, gutxienez urtebeteko esperientzia eta laneratzeko proiektu pertsonaletan egiaztatutako curriculuma badituzte, eta konpromisoa hartzen badute diruz lagundutako ekintzak egiteko behar dituzten langileak izateko eta erabiltzaileei arreta emateko gaitasuna izateko.

Erakunde onuradunak, kontratatu aurretik, egin beharreko kontratuaren agiri bidezko justifikazioa eta kontratuaren erakunde esleipendunaren identifikazioa aurkeztu beharko ditu Lanbiden. Kontratua 2020ko azaroaren 28a baino lehen esleituko da.

3. artikulua.– Laguntzen gehienezko zenbatekoen banaketa eta aurrekontu-zuzkidura.

1.– Deialdi honetan araututako laguntzak finantzatzeko baliabide ekonomikoak 42.000.000 eurokoak dira, horietatik 23.500.000 euro Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuaren 2020ko aurrekontuko ordainketa-kreditukoak, eta 18.500.000 euro 2021eko konpromiso-kreditukoak.

Laguntzen bolumen osoak ez du gaindituko aipatutako zenbatekoa.

2.– Zenbateko hori honela banatuko da diruz lagunduko diren proiektuen artean:

a) 15.500.000 euro, aurreko artikuluan adierazitako 1. eta 2. motetako jarduketak finantzatzeko; eskualde eta udalerri guztien artean banatuko da diru hori, 2020ko maiatzean haietan dagoen biztanleria langabearen arabera, eta, gutxienez, 75.000 euro emango dira erakundeko.

b) 5.500.000 euro, langabeziak bereziki ukitutako eskualde eta udalerrietara zuzendutako 1. eta 2. motako jarduketetarako.

c) 18.888.890 euro, aurreko artikuluan aurreikusitako 1. eta 2. motetako jarduketak finantzatzeko. Lehentasunezko jarduketa-eremutzat jotako eskualde eta udalerri guztien artean banatuko dira, 2020ko maiatzean langabeen arabera.

d) 1.000.000 euro, proiektu estrategikoen 4. motako ekintzetarako.

e) 1.111.110 euro, laneratzen laguntzeko jardueretarako.

3.– Lurralde-esparru bakoitzari dagokion gehieneko dirulaguntzen aurrekontua deialdi honen IV. eranskinean ezarritakoaren arabera banatuko da.

4.– Aurreko paragrafoan ezarritakoa kaltetu gabe, lurralde bateko proiektuetarako emango den dirulaguntzaren zenbatekoa ez bada heltzen esleitutako gehieneko aurrekontura, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak beste lurralde-eremu batzuetako proiektuak finantzatzeko erabili ahal izango ditu sobera dauden funtsak, proiektu horiek ezin izan badira onartutako aurrekontuaren gehieneko % 100eraino finantzatu. Soberako funtsak 7.2 artikuluaren a) apartatuan xedatutakoaren arabera banatuko dira.

4. artikulua.– Laguntzaren zenbatekoa eta diruz lagun daitezkeen gastuak.

1.– Emango diren laguntzen gehieneko zenbatekoa eta mota bakoitzean diruz lagundu daitezkeen gastuak hauek dira:

a) Enplegua sustatzeko jarduketak (1. motakoak).

Lan-kontratu bakoitzeko 12.500 euroko gehieneko laguntza.

Dirulaguntza horien bidez ordainduko da hainbat gastu, tartean, kontratatutako pertsonen soldata-kostuak eta gizarte-segurantzakoak, kontratu-amaierako kalte-ordainak eta gizarte-segurantzako kuota barne direla (toki-erakundearen edo enpresa kontratatzailearen kargura), 6 hileko kontratazioaren gehieneko muga izanik. Ondorioz, dirulaguntzaren zenbatekoa, guztira, ezin izango da izan kostu horien % 100 baino handiagoa.

b) Kontrataziorako laguntzak (2. motakoak).

b.1.– Lanaldi osoko hiru hileko lan-kontratu bakoitzeko, 3.000 euroko laguntza; lanaldi osoko sei hileko edo gehiagoko lan-kontratu bakoitzeko, 6.000 eurokoa. Denbora partzialeko kontratuen edo hiru eta sei hilabete bitartekoen kasuan, dirulaguntza lanaldiaren edo lan egindako denboraren proportzionala izango da.

Laguntzaren amaierako zenbatekoak ez dira izango enpresak kontratatutako pertsonen truke ordaindu beharreko soldata-kostuen eta gizarte-segurantzako gastuen (kontratu-amaierako kalte-ordainak eta gizarte-segurantzako kuota barne direla) % 75 baino handiagoak.

b.2.– Kolektibo hauetako pertsonak kontratatzea:

– DSBE prestazioa jasotzen duten titularrak edo onuradunak.

– Lehen enplegua lortu duten 35 urtetik beherako pertsonak.

– Iraupen luzeko langabeak. Iraupen luzeko langabetzat hartzen dira Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan edo beste enplegu-zerbitzu publiko batzuetan enplegu-eskatzaile gisa izena emanda dauden langabeak, gutxienez 360 egun kontratazioaren aurreko 540 eguneko aldian.

– 55 urtetik gorako pertsonak.

Laguntza 9.000 eurokoa izango da, lanaldi osoko sei hilerako edo gehiagorako lan-kontratu bakoitzeko. Denbora partzialeko kontratuen edo hiru eta sei hilabete bitartekoen kasuan, dirulaguntza lanaldiaren edo lan egindako denboraren proportzionala izango da.

Adierazitako kasuan, laguntzaren amaierako zenbatekoak ez dira izango enpresak kontrataturiko pertsonen truke ordaindu beharreko soldata-kostuen eta gizarte-segurantzako kostuen (kontratu-amaierako kalte-ordainak eta gizarte-segurantzako kuota barne direla) % 100 baino handiagoak.

c) Proiektu estrategikoetan kontratatzeko laguntzak.

c.1.– Laguntza 6.000 eurokoa izango da, lanaldi osoko sei hilerako edo gehiagorako lan-kontratu bakoitzeko. Lanaldi partzialeko kontratuen kasuan, dirulaguntza lanaldiaren proportzionala izango da.

Laguntzaren amaierako zenbatekoak ez dira izango enpresak kontratatutako pertsonen truke ordaindu beharreko soldata-kostuen eta gizarte-segurantzako gastuen (kontratu-amaierako kalte-ordainak eta gizarte-segurantzako kuota barne direla) % 75 baino handiagoak.

c.2.– Kolektibo hauetako pertsonak kontratatzea:

– DSBE prestazioa jasotzen duten titularrak edo onuradunak.

– 35 urtetik beherako pertsonak.

– Iraupen luzeko langabeak. Iraupen luzeko langabetzat joko dira Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan edo beste enplegu-zerbitzu publiko batzuetan enplegu-eskatzaile gisa izena emanda dauden langabeak, gutxienez 360 egun kontratazioaren aurreko 540 eguneko aldian.

– 55 urtetik gorako pertsonak.

Laguntza 9.000 eurokoa izango da, lanaldi osoko sei hilerako edo gehiagorako lan-kontratu bakoitzeko. Lanaldi partzialeko kontratuen kasuan, dirulaguntza lanaldiaren proportzionala izango da.

Adierazitako kasuan, laguntzaren amaierako zenbatekoak ez dira izango enpresak kontrataturiko pertsonen truke ordaindutako soldata-kostuen eta gizarte-segurantzako kostuen (kontratu-amaierako kalte-ordainak eta gizarte-segurantzako kuota barne direla) % 100 baino handiagoak.

c.3.– Mota honetako proiektuetarako adierazi den dirulaguntzaren zenbatekoari % 10 gehituko zaio, kontratu mugagabeak egiten badira.

d) Laneratzen laguntzeko jarduerak.

Laguntza 1.020 eurokoa izango da jarduera horietan parte hartzen duen kontratatutako pertsona bakoitzeko.

2.– b) eta c) apartatuetan adierazitako dirulaguntzen zenbateko guztiak % 10 gehituko dira, kontratuak emakumeekin egiten direnean.

3.– Artikulu honetan (1.c.3 eta 2. apartatuak) aurreikusitako gehikuntzak aplikatu ondoren, laguntzen amaierako zenbatekoa ez da izango toki-erakundeak edo enpresa kontratatzaileak kontratatutako pertsonen truke ordaindu beharreko soldata-kostuen edo gizarte-segurantzako kostuen (kontratu-amaierako kalte-ordainak eta gizarte-segurantzako kuota barne direla) % 100 baino handiagoa.

5. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Deialdi honi loturiko dirulaguntzen onuradun izan daitezke, horretarako eskabidea egin ostean, honako erakunde hauek:

a) Enplegua sustatzeko jarduerak (1. mota) eta kontrataziorako laguntzak (2. mota) garatzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko mankomunitateak, kuadrillak, udalerri-elkarteak edo udalerriak, azken horiek beren izenean, hiru lurralde historikoetako hiriburuen kasuan eta 2.2 artikuluko b) apartatuan aurreikusitako kasuan, bai eta haien mendeko nortasun juridikoa duten toki-garapeneko agentziak ere.

Halaber, onuradun izan ahalko dira proiektua banaka aurkezten duten udalerriak eta III. eranskinean zerrendatutako lehentasunezko jarduketa-eremuei lotuta dauden udalerriak, bai eta mankomunitateak, kide diren elkarteak edo haien mendeko nortasun juridikoa duten toki-garapeneko agentziak ere.

b) Proiektu estrategikoetako kontratazioetarako, tokiko enpresa pribatuak izan ahalko dira onuradunak; hau da, pertsona fisiko edo juridikoak, izaera pribatukoak, proiektua sustatzen duen toki-erakundearen lurralde-eremuan lantokia eta jarduera ekonomikoa dutenak eta 2. artikuluko 7.3.4 apartatuko baldintzak betetzen dituztenak.

c) Laneratzen laguntzeko jarduketen onuradun izan ahalko dira III. eranskinean zerrendatutako lehentasunezko jarduketa-eremuei lotutako udalerriak, bai eta mankomunitateak, kide diren elkarteak edo haien mendeko nortasun juridikoa duten tokiko garapen-agentziak ere, baldin eta 3. artikuluko 2.c) apartatuko aurrekontuarekin finantzatutako enplegua sustatzeko jarduketetarako dirulaguntzen onuradun badira.

2.– Aurreko apartatuko a) eta c) kasuetan, nortasun juridikorik gabeko udalerrien taldea denean, diruz lagundutako proiekturen bat gauzatzeko konpromisoa hartzen duen udalerri elkartu bakoitza onuradun izango da. Nolanahi ere, ordezkari bat izendatu beharko dute, elkarteari onuradun gisa dagozkion betebeharrak betetzeko ahalorde askietsiak dituena.

Ezingo dira dirulaguntzaren onuradun izan udalerri berean edo udalerri berean proiektuak garatzeko bi erakunde desberdin. Dirulaguntza Amankomunazgoak, Kuadrillak, udalerrien elkarteak, lehentasunez, edo toki-garapeneko agentziak eskatu ahal izango du. Eskabidea toki-garapeneko agentziak aurkezten badu, hark gauzatuko ditu proiektuak, eta egiaztatu beharko du proiektu horiek ukitzen dituzten udalerrien adostasuna.

3.– Erakunde onuradunek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak egunean izatea.

Organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla, dirulaguntza eman eta ordainketa egin aurretik. Hala ere, eskatzaileak berariaz egin ahal izango dio aurka egiaztapen horri, eta, kasu horretan, egiaztapen hori egiaztatzen duten ziurtagiri eguneratuak aurkeztu beharko ditu.

b) Erakunde eskatzaileak dirulaguntzak itzultzeko dagozkion ordainketa guztiak eginak izatea.

c) Zigor- edo administrazio-arloan dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzeko zigorrik ez jaso izana, eta horretarako ezgaitzen duen legezko debekurik ez jaso izana, sexu-diskriminazioarengatik gertatutakoak barne direla, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen arabera edo emakumeen eta gizonen benetako berdintasunerako martxoaren 30eko 3/2007 Lege Organikoaren arabera.

d) Ez egotea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan eta zehazki 2. eta 3. apartatuetan aurreikusitako egoeren eraginpean, dirulaguntzen onuradun izateko baldintzei dagokienez.

6. artikulua.– Eskabideak, dokumentazioa eta horiek aurkezteko epea.

1.– Deialdi honetako dirulaguntzak jasotzeko eskabideak egoitza elektronikoaren bidez aurkeztu beharko dira. Egoitza elektronikora https://www.euskadi.eus helbidetik sartu ahal izango da, eta bertara sartzeko esteka bat egongo da Lanbideren webgunean.

Eskabidearen ondorengo izapideak Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko «nire karpeta» atalaren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus

Izapideak bide elektronikoz egiteko zehaztasunak helbide honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus

2.– Eskabidea proiektua sustatu duen udalerriaren mankomunitateak, kuadrillak edo udalerri-elkartearen ordezkariak aurkeztu ahal izango du, edo, bestela, udalak berak zuzenean. Jarduera bera ezin da, inola ere, eskabide batean baino gehiagotan jaso.

Nortasun juridikorik ez duten udalerri taldeen kasuan, haien ordezkariak aurkeztuko du eskaera.

Proiektu estrategikoen kasuan enpresek aurkeztu beharko dute eskabidea.

3.– Eskabidearekin batera, honako dokumentu hauek aurkeztu beharko dira:

a) Enplegua sustatzeko (1. mota) eta Kontrataziorako laguntzen (2. mota) kasuan:

a.1.– Eskualde mailako eta tokiko garapen ekonomikorako eta enplegua sortzeko proiektuen memoria tekniko deskribatzailea. Memoriak deialdiaren betekizunak betetzen direla egiaztatzeko aski informazio eskaini beharko du, V. eranskineko eskabide-ereduan zehaztutako moduan. Proiektu baterako baino gehiagotarako eskatzen bada dirulaguntza, haien arteko lehentasun-hurrenkera bat ezarri beharko da.

Nortasun juridikorik ez duten udalerri taldeen kasuan, proiektu bakoitza aurrera eramateko konpromisoa hartzen du(t)en udala edo udalak aipatu beharko da/dira.

a.2.– Memoria ekonomikoa, proiektua gauzatzearekin lotutako gastuei eta horren bideragarritasunari buruzko datuak jasoko dituena.

a.3.– Kontratazioen aurreikuspena, sexuen arabera banakatutako datuak jasota, eta, kasuan kasu, memoria labur bat, aurkeztutako proiektuan aintzat hartutako genero-ikuspegiari buruzkoa.

b) Proiektu estrategikoetarako laguntza-eskaeren kasuan, VI. eranskinean jasotako eskaerarekin batera, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

b.1.– Eskabidea pertsona juridiko eskatzailearen izenean sinatzen duen pertsonak duen legezko ordezkaritza egiaztatzea, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoaren ordezkarien erregistroan inskribatuta ez badago.

b.2.– Enpresaren identifikazio fiskaleko txartelaren fotokopia.

b.3.– Enpresa eratu dela ziurtatzen duten eskritura eguneratuen fotokopia edo, hala badagokio, erakundea eratu dela justifikatzen duen beste edozein dokumentu.

b.4.– Eusko Jaurlaritzan dagokion sailaren aldeko nahitaezko txostena, eta horren mendeko erakunderen batena (SPRIrena, esate baterako), ekimena eta proiektua gauzatzeko sortu beharreko lanpostu kopuruaren egokitasunari buruzkoa.

b.5.– Udal sustatzailearen ziurtagiria edo dokumentua, aipatutako proiektuetako partaidetza egiaztatzeko edo adierazteko.

b.6.– Eskatzailea pertsona fisikoa bada, organo eskudunaren ziurtagiria, Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren epigrafea adierazita. Jarduera hasteagatiko atxikipen-tasa murriztua (jarduerak hasteko zergaldia eta hurrengo biak) aplikatzeko, bigarren eta hirugarren apartatuen barruan egonez gero, eskatzaileak Lanbideri jakinarazi beharko dio egoera hori gertatzen dela; horretarako, sinatutako jakinarazpena aurkeztu beharko du, http://www.lanbide.euskadi.eus webgunean eskuragarri dagoen ereduaren arabera.

c) Laneratzen laguntzeko jardueretarako, VII. eranskinean jasotako eskaeraz gain, artatuko diren pertsonen kopuruaren aurreikuspena aurkeztu beharko dute.

Nortasun juridikorik gabeko udalerrien elkarteen kasuan, jarduera bakoitza gauzatzeko konpromisoa hartzen duten udalerriak adierazi beharko dira.

4.– Eskabideak ez badaude behar bezala beteta, edo ez bada aurreko zenbakian adierazitako dokumentazio guztia aurkezten horrekin batera, erakundeari hamar eguneko epea emango zaio akatsa zuzen dezan edo aginduzko dokumentuak aurkez ditzan. Gainera, jakinaraziko zaio hori egiten ez badu haren eskabideari uko egin diola ulertuko dela, eta Administrazioak eskabide horri buruzko ebazpena eman beharko du espresuki, bai eta jakinarazi ere.

5.– Eskaerak aurkezteko epea hau izango da:

– Enplegua sustatzeko (1. mota) eta Kontrataziorako laguntzak (2. mota) jarduketetarako: Aurkezteko epea hilabete batekoa izango da, deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

– Proiektu estrategikoak jarduketetarako, epea irekita egongo da 2020ko urriaren 16ra arte.

– Laneratzen laguntzeko jardueretarako epea 2020ko urriaren 16ra arte egongo da zabalik.

7. artikulua.– Ebazteko eskumena duen organoa, emakida-prozedura, ebazpena, epeak, berraztertzeko errekurtsoa eta publikotasuna.

1.– Laneratzea Aktibatzeko Zuzendaritzak du prozedura izapidetzeko eskumena, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak hori ebaztekoa.

2.– Dirulaguntzak emateko prozedura ez da berbera jarduketa-mota guztietarako:

a) 1. eta 2. motetako jarduketetarako, eskabideak aurkezteko epea amaitutakoan eta aurkeztutako proiektuek deialdi honetako ezaugarriak eta eskakizunak betetzen dituztela egiaztatutakoan, lurralde-eremu bakoitzari esleitutako aurrekontuak banatuko dira, eta proiektu bakoitzerako laguntzak emango dira, eskabidean ezarritako proiektuen lehentasun-hurrenkera aintzat hartuta, esleitutako gehieneko aurrekontua agortu arte.

2.2 artikuluan aurreikusitako kasuetan, hor araututako aukerak baliatzen dituen/dituzten udalerriaren edo udalerrien eskualdeari dagokion aurrekontua eskualde horretako udalerrien artean banatuko da, 2020ko maiatzean udalerri horietan zeuden langabetuen proportzioan. Horrela zehaztuko da zer aurrekontu esleitu bakoitzari.

Lurralde-eremuren batean soberako funtsik izanez gero, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak beste lurralde-eremu batzuetako proiektuetarako erabili ahal izango ditu, deialdi honetako 3. artikuluaren 4. zenbakian xedatutakoarekin bat etorriz. Hala bada, soberakina beste proiektu batzuk finantzatzeko erabiliko da, kontuan hartuta, handienetik txikienera, zenbateko langabezia-tasa erregistratu duten sustapeneko udalerriek 2020ko maiatzean, eta, gehien jota, erakunde eskatzaile bakoitzeko proiektu baterako.

Ebazteko eta jakinarazteko gehieneko epea sei hilekoa izango da horretarako eskabidea aurkezten den egunetik aurrera. Epe hori igarotakoan, ez bada ebazpenik eman espresuki, ulertuko da dirulaguntzaren eskabidea onartu egin dela.

b) Segidako konkurrentzia izango da Proiektu estrategikoetan kontratatzeko laguntzak jarduketetarako laguntzak emateko prozedura.

Aurkezten diren hurrenkeran aztertuko dira eskabideak, eta hurrenkera horretan emango zaizkie dirulaguntzak deialdiko baldintzak eta eskakizunak betetzen dituzten guztiei, harik eta finantzaketarako funtsak amaitu arte. Kreditua zabaltzeak gorabehera, behin aurrekontu-zuzkidura amaituta, geratzen diren eskabideei ezezkoa emango zaie, eta EHAAn argitaratuko da horren berri, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez.

Ebazteko eta jakinarazteko gehieneko epea sei hilekoa izango da horretarako eskabidea aurkezten den egunetik aurrera. Epe hori igarotakoan, ez bada ebazpenik eman espresuki, ulertuko da dirulaguntzaren eskabidea onartu egin dela.

c) Laneratzen laguntzeko jarduketen kasuan, prozedura elkarren segidako konkurrentziakoa izango da.

Laguntzen eskabideak aurkezten diren hurrenkeraren arabera aztertuko dira, eta hurrenkera berean emango zaizkie dirulaguntzak deialdian aurreikusitako betekizunak eta baldintzak betetzen dituzten guztiei, harik eta finantzaketarako funtsak agortu arte. Aldi baterako kreditu-handitzeak alde batera utzita, aurrekontu-zuzkidura agortutakoan, dirulaguntza ukatu egingo zaie egiteke dauden eskabideei, eta EHAAn argitaratuko da, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez.

Ebazpena emateko eta jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da, dagokion eskabidea aurkezten denetik hasita. Epe hori igaro eta ebazpen espresurik eman ez bada, dirulaguntzaren eskabidea baietsitzat joko da.

3.– Entitate onuradunek jaso badituzte ezaugarri bereko beste laguntza edo dirulaguntza batzuk Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren edo haren erakunde autonomoen eskutik, eta laguntza horien inguruko itzulera- edo zigor-prozesuren bat izapidetzen ari bada, prozesu horrek amaituta egon behar du entitate horiei dirulaguntza esleitzeko edo esleituta dutenei dagokiena ordaintzeko.

4.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpenek amaiera ematen diote administrazio-bideari, eta, haien aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da zuzenean Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hileko epean, ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

5.– Publikotasun-printzipioa betetzeko, eta esleipen-ebazpenak espresuki eta banaka jakinaraztea eragotzi gabe, argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez, xedapen honen babesean emandako dirulaguntzen onuradun diren erakundeen zerrenda, eta zenbat jasoko duten ere adieraziko da. Halaber, erabaki bada erakunde bati emandako dirulaguntza aldatzea, hori ere adieraziko da.

8. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzeko modua.

1.– Deialdi honetan Enplegua sustatzeko (1. mota) eta kontrataziorako (2. mota) jarduketak gauzatzeko ematen diren laguntzak bi zatitan ordainduko dira, modu honetara:

a) Lehenik, % 55 ordainduko da, ebazpena igorri ostean, 2020ko aurrekontuaren kontura.

b) Bigarrenik, gainerako % 45a ordainduko da, edo justifikaziotik ateratzen den kopurua, proiektua amaitu ostean eta gastuak justifikatu ostean, hurrengo artikuluan adierazitako moduan, 2021eko aurrekontuaren kontura.

2.– Deialdi honetan dauden Proiektu estrategikoetan kontratatzeko emandako dirulaguntzak bi zatitan ordainduko dira, modu honetara:

a) Lehenengo, emandako dirulaguntzaren % 45 ordainduko da, 2020ko aurrekontuaren kontura, aurreikusitako kontratuak formalizatu ostean, aldez aurretik agiri hauek aurkeztuta (2020ko azaroaren 30a izango da horretarako azken eguna):

– Egindako kontratuen kopia.

– Senidetasunik ez izateari buruzko erantzukizunpeko adierazpena 2. artikuluaren 7.3.5 apartatuan xedatutakoarekin bat etorriz.

b) Bigarrenik, gainerako % 55a ordainduko da, edo justifikaziotik ateratzen den kopurua, hurrengo artikuluan adierazitako dokumentazioa aurkeztu ostean. Bigarren zati hori 2021eko aurrekontuaren kontura ordainduko da.

3.– Laneratzen laguntzeko jardueretarako emandako dirulaguntzak ordainketa bakarrean ordainduko dira, dokumentazio hau aurkeztu ondoren:

– Proiektua gauzatzeko egindako kontratua.

– Erakundeak kontratatutako pertsonekin lan-jardueran hasteko prozesuan garatu beharreko jarduketen proiektu pertsonala, bai eta artatzea aurreikusten den pertsona-kopurua ere.

– Erakundeak laneratzen laguntzearekin lotutako esku-hartzeetan azken 2 urteetan egindako jarduera jasotzen duen deskribapen-memoria, kolektibo onuradunak, egindako ekintzak eta lortutako emaitzak zehatz-mehatz azalduta.

Administrazioak laguntzak ordaindu ahal izateko, erakunde eskatzaileak Ogasun eta Ekonomia Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoko Hirugarrenen Erregistroan agertu beharko du.

Erakundea ez badago erregistratuta edo Ogasun eta Ekonomia Saileko Hirugarrenen Erregistroan dauden bankuko datuak aldatu nahi baditu, honako helbide honetan agertzen den formularioa bete beharko du: https://www.euskadi.eus/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/web01-tramite/eu/

9. artikulua.– Dirulaguntzaren justifikazioa eta epea.

1.– Aurrez adierazitako Enplegua sustatzeko jardueretarako (1. mota) eta kontrataziorako (2. mota) dirulaguntzen erakunde onuradunek agiri hauek aurkeztu behar dituzte proiektua amaitu ondorengo hiru hileko epean gehienez:

a) Jardueraren amaierako memoria, alderdi hauek behintzat adieraziko dituena:

– Gauzatutako jardueren deskribapena.

– Kontratatutako pertsonak identifikatuko dira, eta honako datu hauek adieraziko dira: zer lanaldi egin duten, zer kolektibotakoak diren eta haien kontratuak egiaz zer iraupen izan duen, datu guztiak sexuaren arabera banakatuta.

– Enplegua sustatzea (1. mota) jarduketetarako agiri bidez egiaztatuko da emakume batek hartu duela parte kontratatuak hautatzeko prozesuan, edo justifikatu beharko da ezin izan duela, esku-hartzailearen ziurtagiriaren bidez edo partaidetza-foroaren erantzukizunpeko adierazpenaren bidez.

b) Enplegua sustatzea (1. mota) jarduketetarako irabazi-asmorik gabeko erakundeak arduratu badira, honako hauek aurkeztu beharko dira: proiektuaren gauzatzea esleitzeko negozio juridikoa egiaztatzen duen hitzarmenaren, kontratuaren edo edozein agiriren kopia, eta zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela egiaztatuko duten agiriak.

c) Laneratzen laguntzeko jarduketetan (4. mota), egindako jardueraren amaierako memoria, gutxienez, artatutako pertsona bakoitzarekin egindako ekintzak eta lortutako emaitzak deskribatzen dituena.

d) Toki-erakunde onuradunaren idazkariaren/ikuskatzailearen egiaztagiria, aipatutako jarduketek eragindako gastuak eta egiaz ordaindutakoak justifikatuta.

2.– Proiektu estrategikoetan kontratatzeko 4. motako dirulaguntzen (3. motakoak) enpresa onuradunek 2021eko azaroaren 30a baino lehen aurkeztuko dute amaierako memoria, honako hauek jasoko dituena:

– Kontratatutako pertsonen zerrenda, zer taldetakoak diren, kontratuen iraupena eta langile horien soldata-kostuak eta gizarte-segurantzakoak.

– Diruz lagundutako epealdiko nominak, eta horiei dagozkien ordainagiriak eta epe bereko kotizazio-likidazioen ordainagiriak (diruz lagundutako langileenak). Mugagabeko kontratuen kasuan, aurrez adierazitako agiri berak aurkeztu beharko dira, baina soilik kontratazioko lehen urtekoak.

3.– Gastutzat hartuko dira, 4. artikuluan jarduketa mota bakoitzean ezarritako baldintzen arabera, diruz lagundutako jarduketari loturiko guztiak, baldin eta aurreko paragrafoetan zehaztutako egiaztatze-epea amaitu aurretik egiaz ordaindu badira.

4.– Dokumentazioa aurreikusiriko epean aurkezten ez bada, edo aurkezturiko dokumentaziotik ondorioztatzen bada ordainduriko dirulaguntzaren zenbatekoa handiagoa dela diruz lagundutako jarduketak gauzatzeagatik sortzen diren eta diruz lagun daitezkeen gastuen kostua baino, itzulketa-prozedura abiaraziko da, 15. artikuluan aurreikusiriko prozedurarekin bat etorrita.

5.– Diruz lagundutako lan-kontratuak dirulaguntzaren epealdia amaitu aurretik iraungitzen badira edo aurreneko hamabi hilabeteetan kontratu mugagabeen kasuan, itzuli egin beharko da emandako dirulaguntza, eta dagokion prozedura izapidetuko da, 14. eta 15. artikuluetan ezarritakoari jarraituz. Nolanahi ere, kontratua iraungitzeko arrazoia probaldia ez gainditzea, langileak lana bere borondatez uztea, bidezkotzat jotako kaleratzea edo kontratatutako pertsonaren heriotza edo baliaezintasuna izan bada, lan-kontratuak iraun duenaren proportzioan murriztuko da dirulaguntzaren zenbatekoa.

Dirulaguntzen onuradunek ez dute laguntza itzuli beharrik izango deialdi honetan kontratatua izateko baldintzak betetzen dituen pertsona bat kontratatzen badute beste bat ordezteko eta ordeztutako pertsonaren kontratua bertan behera uzten badute, betiere kontratazio-aldien batura hasierako kontratuarena bada gutxienez.

10. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

1.– Erakunde onuradunaren betebehar izango dira Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluan jasotakoak, eta, bereziki, honako hauek:

a) Behar bezala justifikatzea eskakizunak eta betebeharrak bete dituztela, bai eta laguntza ematea edo laguntzaren onura jasotzea ekarri duen jarduera egin dutela ere.

b) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren, Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailaren, Ogasun Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren egiaztatze-jardunei eta kontrol-jardunei men egitea.

c) Xede bererako beste administrazio edo erakunderen baten, publikoa edo pribatua izanda ere, dirulaguntza, laguntza, sarrera edo baliabideren bat jasoz gero, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari jakinaraztea.

d) Dirulaguntza ematerakoan kontuan hartutako egoeraren bat, objektiboa edo subjektiboa, aldatu bada, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari jakinaraztea.

e) Diruz lagundutako jardueren xedean edo izaeran nabarmen eragiten duen ezer gertatuz gero, horren berri ematea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari, eta jarduera horiek egiaztatzeko, kontrolatzeko eta haien jarraipena egiteko prozeduretan laguntzea.

f) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek, zuzenbide pribatuko erakunde publikoek eta sozietate publikoek emandako laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasi, eta oraindik izapidetzen ari den edozein itzultze- edo zehapen-prozedura jakinaraztea.

g) Emakumeen eta gizonen berdintasun-betekizunak:

– Emakumeen eta gizonen tratu- edo aukera-berdintasunaren eta bereizkeria ezaren printzipioa aplikatzea bermatuko da lanpostuei loturiko hautaprobetan zein elkarrizketetan.

– Enplegua sustatzea (1. mota) jarduketei dagokienez, hautagaiak aukeratzeko erabakiak hartzeko gaietan, gutxienez emakume batek egon beharko du epaimahaian. Ezinezkoa bada, egiaztagiria aurkeztu beharko da.

– Dokumentazio, publizitate, irudi edo material guztietan, hizkuntza ez sexista erabili beharko dute, saihestu beharko dute emakumeen irudi diskriminatzaile edo estereotipo sexista oro, eta irudi jakin bat sustatu beharko dute, balio hauek izango dituena: berdintasuna, emakume eta gizonen presentzia orekatu bat, aniztasuna, ardura partekatua, eta rol eta genero identitate plurala.

11. artikulua.– Beste dirulaguntza edo laguntza batzuekin bat etortzea.

1.– Deialdi honetan aurreikusitako enplegua sustatzeko proiektuetarako dirulaguntzak (1. mota) bateragarriak izango dira beste administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batzuek kontzeptu eta helburu bererako emandako beste edozein dirulaguntza edo laguntzarekin, baina finantzaketa-iturrien bidez lortutako laguntzen edo baliabideen guztizko zenbatekoak ez du inola ere gaindituko diruz lagundutako jardueren benetako kostua. Kostu hori gainditzeak diruz lagundu beharreko zenbatekoa murriztea ekarriko du.

Toki-erakundeek edo horien mendeko entitateek ez badituzte zuzenean egiten kontratazioak, laguntzak ezin izango dira bateratu deialdi honetako gainerako dirulaguntzekin.

2.– Deialdi honetan aurreikusitako kontrataziorako laguntzak (2. mota) eta proiektu estrategikoetarako laguntzak (3. mota) bateraezinak izango dira elkarren artean, bai eta kontzeptu eta helburu beragatik beste administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batzuek emandako beste edozein dirulaguntza edo laguntzarekin ere, Gizarte Segurantzak emandako hobariak izan ezik.

3.– Deialdi honetan aurreikusitako laneratzen laguntzeko jardueretarako laguntzak (4. mota) bateraezinak izango dira administrazio honek edo beste batzuek edo beste erakunde publiko edo pribatu batzuek kontzeptu eta helburu beragatik ematen dizkioten bestelako dirulaguntza edo laguntzekin. Kontzeptu bera izango da pertsona fisiko berarentzat diruz lagun daitekeen jarduera mota bera, dagokion dirulaguntzaren deialdia gorabehera.

12. artikulua.– Dirulaguntza aldatzea.

1.– Dirulaguntzak ematerakoan kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira, eta, hala badagokio, xede bererako beste dirulaguntza edo laguntza bat eskuratu eta, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak emandakoarekin batera, onartutako guztirako kostua gainditzen bada, esleitutako dirulaguntza aldatuko da hori emateko deialdi honetan ezarritako irizpideei eta mugei jarraikiz; betiere, dirulaguntzaren onuradun izateko ezarritako gutxieneko eskakizunak beteta.

2.– Deialdi honetako 2. artikuluaren 7.1.2 apartatuan zehaztutako gutxieneko betekizunak bete ezean (kontratatu beharreko kolektibo jakin batzuetako pertsona-kopuruari dagozkion ehunekoak finkatzen dira artikulu horretan), aldatu egingo da emandako laguntzaren zenbatekoa, diruz lagundu behar den kontratatu-kopurua murrizteko, eskatutako ehunekoak bete arte.

Halaber, dirulaguntza aldatu egingo da deialdi honetako 2. artikuluaren 7.2.5 apartatuan zehaztutako kasuan, horretan adierazitako baldintzen arabera.

3.– Baldintzen aldaketa horren ondorioz dirulaguntza osoa edo zati bat itzuli behar bada, itzultzeko prozedura hasiko da.

13. artikulua.– Babesa.

1.– Erakunde onuradunek espresuki adierazi beharko dute Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren babesa jaso dutela deialdi honen esparruan finantzatutako jarduera guztietan, horiek hedatzerakoan, edo, hala badagokio, argitaratzerakoan. Horretarako, honako baldintza hauek beteko dituzte:

a) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ikuskatuko ditu ekintza horiek guztiak, eta dibulgazio publikoko ekitaldi guztien berri eman beharko zaio, eta horietara gonbidatu, ekitaldi horiek egin aurretik. Erakunde onuradunak ez baditu egintza horiek jakinarazten, 15 eguneko epea emango zaio betebeharra betetzeko neurriak hartzeko. Ez-betetzeak, emandako laguntzaren % 10 itzultzeko kausa izan liteke. Laguntza osoa ere ken dakieke arau-haustea berriz eginez gero. Ekintza edo jakinarazpen guztietan agertuko beharko da Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren identifikazio grafikoa.

b) Erakunde onuradunek berariazko ekintzak gauzatu beharko dituzte onuradunak eta euskal herritarrak, oro har, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren ekarpenaz ohar daitezen.

14. artikulua.– Ez-betetzeak.

Deialdi honetako dirulaguntzen erakunde onuradunek ez badituzte betetzen oro har ezarri zaizkien betebeharrak (Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikulua, eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategineko 50.2 artikulua), edo deialdi honetan berariaz ezarri zaizkienak, edo azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53.1 artikuluan adierazitako itzultze-kasuren batean sartzen badira, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak ordaintzeke dagoen dirua jasotzeko eskubidea galdu dela erabakiko du, dagokion ebazpenaren bidez, eta, itzuli beharrekoak, dirulaguntzako zenbatekoak gehi dirulaguntza ordaintzeko unean dauden legezko interesak, Euskadiko Ogasun Nagusiari ordaindu beharko zaizkiola, bestelako ekintzak eragotzi gabe eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan horretarako ezarritako prozedurari jarraikiz (698/1991 Dekretuan, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautu zen eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezarri ziren). Zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat joko dira dagozkien lege-ondorioetarako, eta aipatutako Euskadiko Ogasun Orokorreko Printzipio Ordenatzaileen Legearen testu bateginaren 64. artikuluan aurreikusitako erantzukizun-araubidea jarraituko da.

15. artikulua.– Dirua itzultzeko prozedura.

1.– Aurreko artikuluan aipatutako ez-betetzeren bat gertatzen bada, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak erakunde interesdunari jakinaraziko dio itzultzeko prozedura hasi dela, eta zergatik hasi den, eta 15 eguneko epea emango dio egokitzat jotzen dituen alegazioak aurkezteko. Prozedura hori hasten denean, eten egingo dira egiteke dauden ordainketak, halakorik egonez gero.

2.– Alegazioak jasotakoan, edo, horrelakorik aurkeztu ez bada ere, epea igarotakoan, prozedura amaituko da Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez. Dirulaguntzak itzultzeko prozedura ebazteko epea gehienez 12 hilekoa izango da.

3.– Prozedurari amaiera ematen dion ebazpenean, ez-betetzeren bat dagoela ulertuz gero, bertan deklaratuko da dirulaguntza jasotzeko eskubidea galdu dela, eta ezarriko da, hala badagokio, dagozkion zenbatekoak EAEko Diruzaintza Nagusiari itzultzeko betebeharra; itzultzeko epea bi hilekoa izango da ebazpena jakinarazten denetik aurrera. Borondatezko alditzat joko da epe hori.

4.– Borondatezko epe horretan dirulaguntza itzultzen ez bada, dirulaguntza berreskuratzeko premiamendu-bidera jotzeko izapideak hasiko dira.

16. artikulua.– Datu pertsonalen tratamendua.

Datu pertsonalak babesteari dagokionez, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorrean (EB 2016/679 Erregelamendua) eta Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko 3/2018 Lege Organikoan xedatutakoa beteko du. Bildutako datu pertsonalak Lanbideren ardurapeko «enplegurako eta enplegurako prestakuntzarako dirulaguntzak» tratamendu-jardueraren parte izango dira. Jarduera horren helburua Lanbideren eskumeneko enplegu-politika aktiboekin, iruzurraren jazarpenarekin eta estatistika-helburuekin lotutako dirulaguntzak kudeatzea eta kontrolatzea da. Bildutako datuak beharrezkoak dira Lanbideri emandako botere publikoak baliatzeko eta legezko betebeharrak betetzeko, eta arlo horretan eskumenak dituzten administrazio publikoei jakinarazi ahal izango zaizkie.

Datuen titularrek datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezabatzeko, aurka egiteko eta tratamendua mugatzeko eskubideak baliatu ahal izango dituzte. Horretarako, idatzizko jakinarazpena bidali beharko dute Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzura (Jose Atxotegi kalea 1, 01009 Vitoria-Gasteiz).

Datuen babesari buruzko informazio gehiago hemen http://www.lanbide.euskadi.eus/orokorra/-/informazioa/erabiltzeko-baldintzak-eta-segurtasun-politika/

17. artikulua.– Lehiari buruzko Europako araudia.

1.– Deialdi honetan 2. artikuluaren 7.3 apartatuan araututako proiektu estrategikoak egiteko aurreikusitako laguntzek bat etorri beharko dute «minimis» arauarekin. Europar Batasunaren Funtzionamendu Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatzeari buruz Batzordeak 2013ko abenduaren 18an egindako 1407/2013 (EE) Erregelamenduan (DOUE L352, 2013ko abenduaren 24koa) arautzen da «minimis» arau hori. Kalifikazio horren ondorioz, enpresa bakarrari «minimis» laguntzetan emandako guztizko zenbatekoa ez da izango 200.000 eurotik gorakoa hiru ekitaldi fiskalen barruan.

Muga hori aplikatzeko, kontuan hartu beharko da nola definitzen den «enpresa bakarra» Erregelamendu horren 2.2 artikuluan.

18. artikulua.– Dirulaguntzen arloan aplikatu beharreko arauak.

Dirulaguntzen programa honi honako arau hauetan bildutako dirulaguntzei buruzko araubide juridikoa aplikatu behar zaio: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta hura garatzen duen Erregelamendua (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartutakoa). Era barean, arau hauetan xedatutakoa ere aplikatuko da: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bateginaren VI. titulua eta VII. tituluko III. kapitulua –azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartzen duena– eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua (horretan arautzen dira Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen bermeen eta itzulketen araubide orokorra eta bertan ezartzen dira horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen betekizunak, araubidea eta betebeharrak).

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala