Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoa

Euskadi.eus

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

125. zk., 2020ko ekainaren 26a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
2527

AGINDUA, 2020ko ekainaren 8koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza sailburuarena, Santurtzi udalerriko San Juan del Rompeolas auzoko babes ofizial orokorreko 32 etxebizitza erosteko aukeran esleitzeko hautaketa-prozesua hasten duena eta hainbat zehaztasun finkatzen dituena.

AURREKARIAK

1.– Etxebizitza-eskatzaileen Erregistroari eta Babes Ofizialeko Etxebizitzak nahiz Araubide Autonomikoko Zuzkidura-bizitokiak Esleitzeko Prozedurei buruzko Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren 2012ko urriaren 15eko Aginduak babes ofizialeko etxebizitzak esleitzeko prozedura arautzen du. Hori, Babes Publikoko Etxebizitzen Erregimenari eta Etxebizitzaren eta Lurzoruaren Inguruko Finantza-neurriei buruzko 2008ko martxoaren 4ko 39/2008 Dekretuaren 12. artikuluan jasotzen da.

2.– Bizkaiko Etxebizitzako lurralde-ordezkariaren 2019ko ekainaren 6ko Ebazpenaren bidez, babes ofizialeko behin-behineko kalifikazioa eskuratu du Santurtzi udalerriko San Juan del Rompeolaseko 32 babes ofizial orokorreko etxebizitzen sustapenak. Sustapen honen espediente-zenbakia EB2-1147/19-LC-000 da.

3.– Esleituko diren 32 etxebizitza horietako 2, hiru logelakoak, 104,33 m2-ko azalerakoak, mugikortasun urri iraunkorra duten elbarriei egokituta daude. Gainerako 30 etxebizitzetatik, 10 bi logelakoak dira eta 58,76 m2 eta 61,49 m2 bitarteko azalera dute; beste 20 etxebizitzak hiru logelakoak dira eta 73,93 m2 eta 74,66 m2 bitarteko azalera dute. Etxebizitzak eskuratzeko bidea erosketa izango da, eta lagatzeko araubidea azalera eskubidea izango da.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

1.– Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza sailburuari dagokio agindua ematea, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren 2012ko urriaren 15eko Aginduaren 29. artikuluarekin bat etorriz. Agindua Etxebizitza-eskatzaileen Erregistroari eta Babes Ofizialeko Etxebizitzak nahiz Araubide Autonomikoko Zuzkidura-bizitokiak Esleitzeko Prozedurei buruzkoa da.

2.– Babes publikoko etxebizitzen erregimenari eta etxebizitzaren eta lurzoruaren inguruko finantza-neurriei buruzko 2008ko martxoaren 4ko 39/2008 Dekretuaren 18. artikuluan jasotzen denaren arabera, lehen eskualdatzeko babes ofizialeko etxebizitzak eskuratu behar direnean, bizikidetza-unitatea osatzen duen titularretako bat gutxienez Euskal Autonomia Erkidegoan erroldatuta egongo da, kasuan kasuko araudiak ezarritako gutxieneko antzinatasunarekin. Honi lotuta, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren 2012ko urriaren 15eko Aginduaren 25. artikuluaren 3. apartatuaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoan, errolda-antzinatasuna gutxienez urtebetekoa izan behar da erosketa-araubideko babes ofizialeko etxebizitzak esleitzeko prozeduretan.

3.– Babes ofizialeko etxebizitza eskuratzeko eskatuko diren urteko diru-sarrera haztatuen mugak abenduaren 26ko 210/2019 Dekretuaren azken xedapenetako seigarrenak xedatutakoaren araberakoak izango dira (Kreditu-erakundeen eta Euskadiko Autonomia Erkidegoko Administrazioaren arteko Etxebizitzaren eta Lurzoruaren arloko Finantza-lankidetzako eta Etxebizitzaren Arloko Erregelamendu-xedapenak aldatzeko abenduaren 26ko 210/2019 Dekretua).

4.– 39/2008 Dekretuaren 22. artikuluan jasotzen denaren arabera, diru-sarrerei dagokienez kontuan hartu beharreko epealdia honako hau izango da: zergaren aitorpena egiteko epea amaitu ondoren, esleipen-prozedurari hasiera emateko aginduaren argitalpen-dataren aurreko azken zergaldia.

5.– Arestian aipaturiko 2012ko urriaren 15eko Aginduak ezartzen du ezen, pertsonek edo bizikidetza-unitateek babes ofizialeko etxebizitzen esleipen-prozeduretan parte hartzeko, Etxebizitza Babestuen eta Zuzkidura Bizitokien Eskatzaileen Erregistroan inskribatuta egon beharko dutela. Baldintza hori betetzen dela ulertuko da agindu hau argitaratzen den datan Etxebiden erosteko aukerako eskatzaile moduan alta emanda badaude.

6.– Agindu horretan hau ere esaten da: prozeduran sartzea borondatezkoa izango da, eta hasierako aginduan zehaztutako epean eta bitartekoaren bidez egin beharko da.

7.– Esleitzeko modua egoera ezberdinen araberakoa izango da: prozeduran onartutako eskatzaile kopurua sustapeneko etxebizitza kopurua baino handiagoa bada, esleipena notarioaren aurreko zozketa publiko baten bidez egingo da, 2012ko urriaren 15eko Aginduaren 31tik eta 41era bitarteko artikuluetan jasotzen den prozeduraren arabera. Aldiz, etxebizitza kopurua eskatzaileena baino handiagoa bada, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitzako Bizkaiko Lurralde Ordezkaritzak notarioaren aurrean ordenatuko ditu etxebizitza-eskaerak, eta etxebizitzak 42tik eta 44ra bitarteko artikuluetan jasotzen den prozeduraren arabera esleituko dira.

8.– Etxebizitzen esleipenean, ekainaren 18ko 3/2015 Etxebizitzaren Legearen 62.2 artikuluan gainokupazioari buruz jasotakoa kontuan hartuko da.

Aipatutako lege-xedapenak eta oro har gai honetan erabilgarri diren gainerakoak aztertu ondoren, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Santurtziko udalerriko San Juan del Rompeolaseko babes ofizial orokorreko 32 etxebizitza esleipenari hasiera ematea. Sustapenaren espediente-zenbakia EB2-1147/19-LC-000 da.

Bigarrena.– Sustapen honetako etxebizitzak lagatzeko araubidea azalera eskubidea izango da.

Hirugarrena.– Esleipen prozeduran honako pertsona edo bizikidetza-unitate hauek parte hartu ahal izango dute: agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den datan Etxebizitza Babestuen eta Zuzkidura Bizitokien Eskatzaileen Erregistroan altan egon eta erosketa eskatzen dutenak, betiere bertan jasotako baldintzak beteta.

Laugarrena.– Izena emateko eskaeran aukeratutako udalerrietako bat Santurtzi edo Bilbo Metropolitarreko udalerri bat izan beharko da.

Bosgarrena.– Etxebizitzaren titularrak izango diren pertsonetako batek Euskal Autonomia Erkidegoan erroldatuta egon dela egiaztatu beharko du, gutxienez urtebeteko antzinakotasunaz, agindu hau argitaratzen den datan.

Seigarrena.– 2018. urteko zergaldiko diru-sarrera haztatuak 12.000 euro baino txikiagoak ez direla eta 39.000 euro baino handiagoak ez direla egiaztatzea eskatzen da. Mugikortasun murriztua duten pertsonek edo desgaitasun psikikoa duten pertsonek nahikoa dute 3.000 euroko gutxieneko diru-sarrerak egiaztatzea. Genero-indarkeriaren biktima diren emakumeek ez dute gutxieneko diru-sarrerarik egiaztatu beharko.

Zazpigarrena.– Esleipen-prozeduran parte hartu ahal izango dute agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den datan agindu honetan eta aplikatu beharreko arauetan aurreikusten diren baldintzak betetzen dituzten pertsonek eta bizikidetza-unitateek. Aipatutako baldintzak betetzen dituzten pertsonek edo bizikidetza-unitateek sustapen honetako esleipen-prozeduran parte hartu nahiko balute, 2020ko uztailaren 2a eta 28a bitartean (biak barne), inprimakia aurkeztu beharko dute hauetako bide baten bitartez:

– Etxebideko webgunean http://www.etxebide.euskadi.eus argitaratuko den telefono zenbakira deituta eta baita Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren iragarki-ohol elektronikoan ere (www.euskadi.eus > egoitza elektronikoa > iragarki taula) argitaratuko den telefono-zenbakira deituta.

– Postaz: Bizkaiko Etxebizitzako Lurralde Ordezkaritza, Kale Nagusia 85, 6. solairua, 48011 Bilbao.

– Telematikoki: http://etxebide.euskadi.eus web gunearen bidez.

Zortzigarrena.– Sustapeneko etxebizitzetatik 2 mugikortasun mugatu iraunkorra duten pertsonei egokituta daude. Etxebizitza horiek, mugikortasun mugatu iraunkorra duen pertsona bat dagoen bizikidetza-unitateen artean esleituko dira.

Etxebizitza horiek honako ordena honetan esleituko dira: lehenik eta behin, egokitutako etxebizitzak gurpil-aulkian dauden pertsonei esleituko zaizkie, gero bi makulu nahitaez behar dituzten pertsonei eta, azkenik, 1971/1999 Errege Dekretuaren 3. eranskinaren D) eta H) bitarteko paragrafoekin lotutako 7 puntu edo gehiago dituztenei.

Bederatzigarrena.– Etxebizitzak ekainaren 18ko 3/2015 Etxebizitzaren Legearen 62.2 artikuluan gainokupazioari buruz jasotakoa kontuan hartuta esleituko dira. Gauzak horrela, gehienez 5 kide dituzten bizikidetza-unitateek parte hartu ahal izango dute.

Hamargarrena.– Eskatzaileen kopurua sustapeneko etxebizitzen kopurua baino handiagoa denean, esleipena notarioaren aurreko zozketa baten bidez egingo da, 2012ko urriaren 15eko Aginduaren 31tik 41era bitarteko artikuluetan jasotzen den prozeduraren arabera.

Etxebizitza kopurua eskatzaileena baino handiagoa bada, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitzako Lurralde Ordezkaritzak notarioaren aurrean ordenatuko ditu etxebizitza-eskaerak, eta etxebizitzak agindu horretako 42tik 44ra bitarteko artikuluetan jasotzen den prozeduraren arabera esleituko dira.

Hamaikagarrena.– Onartutakoen eta baztertutakoen zerrendak, etxebizitza-esleipenak eta itxaron-zerrendak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren iragarki-ohol elektronikoan argitaratuko dira (www.euskadi.eus > egoitza elektronikoa > iragarki taula).

Hamabigarrena.– Agindu honen aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke hilabeteko epean, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuari; edo bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa hasieratik, zuzenean, bi hilabeteko epean, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietarako Salan. Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da errekurtso biak aurkezteko epea.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko ekainaren 8a.

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburua,

IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.


Azterketa dokumentala

Euskadi, auzolana