Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

119. zk., 2020ko ekainaren 18a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
2395

AGINDUA, 2020ko ekainaren 9koa, Hezkuntzako sailburuarena, Lanbide Heziketako heziketa-zikloak ematen dituzten itunpeko ikastetxe pribatuentzako dirulaguntzen deialdia egiteko dena, 2020-2021eko ikasturtean Lanbide Heziketako V. Euskal Planaren barruan eremu estrategikoetako jarduketa-lerroak gara ditzaten.

Gaur egungo egoera sozioekonomikoan merkatuen zein ekoizpenaren globalizazioa da ezaugarri nagusia; horregatik, enpresen ekoizpen-ehunak eta, ondorioz, enpresa-ereduak egoera berri horretara egokitu behar dute. Globalizazio-prozesu horrek lehia handia eragiten du; hori dela eta, lehia-posizioak eginkizun garrantzitsua du enpresen etorkizunean. Lehia-posizio hori garapenerako eta enpresa-hazkunderako motorra ere bada, eta lortuko bada, adimen-kapitala zein ezagutzaren kudeaketa eraginkorra behar dira, baita estrategia berritzaileak aplikatzea ere, biak ala biak enpresetan balioa eta lehiatzeko abantaila sortzeko iturri baitira.

Egoera horrek lanbide-profil berri bat eskatzen du; hain zuzen, gaitasunen hobekuntza argia egiaztatuko duena, eta ez soilik gaitasun teknikoena, baita oinarrizko eta zeharkakoena ere: ekimena, erantzukizuna, konpromisoa, autonomia, taldeko lana, analisi-gaitasuna, ezagutzaren transmisioa eta erabakitzeko gaitasuna, besteak beste.

Lanbide-heziketak enpresen funtsezko aliatua izan behar du profil profesional berri horien garapenean, ikasleen kualifikazioa eta espezializazioa, eta ondorioz enplegurako gaikuntza, hobetzen lan eginez.

Garapen- eta berrikuntza-sistemak aukera berriak sortzera eta enplegu-sorrera laguntzera bideratzea da Lanbide Heziketako ikastetxeen erronka nagusia.

Hartarako, Lanbide Heziketako Sailburuordetzak lanbide-heziketa diseinatu eta garatzearen alde egin du, non ikastetxeak adimen estrategikoaren eta ezagutzaren unitate autonomo eta malgu bihurtzen diren; era horretan, etengabeko eboluzioan ari den gizartearen eta ekoizpen-sektorearen –bereziki industrialaren– beharrak aurreikusteaz gain, produktu edo ekoizpen-prozesu berriak sortzeko aukerak modu proaktiboan identifikatu ere egin ditzakete, bai eta indarra hartzen ari diren sektoreetako jarduerak ere, euskal ekoizpen-ehunaren lehiakortasuna zein ikasleen enplegagarritasuna hobetu eta indartzeko.

Ildo horretatik, Lanbide Heziketako V. Euskal Planak lanbide-heziketako euskal sistemaren eraldaketak zuzendu behar ditu, eta horretarako, hainbat helburu eta jarduketa-lerro nagusi ezartzen ditu eremu estrategiko hauen barruan: Prestakuntza integratua, berrikuntza aplikatua, ekintzailetza aktiboa, nazioartekotzea eta Lanbide Heziketako ikastetxeak.

Hezkuntza Sailaren Dirulaguntzen Plan Estrategiaren barruan sartzen da deialdi hau, halaber.

Lanbide Heziketako Sailburuordetzak, Lanbide Heziketako V. Euskal Plana eraginkortasunez ezartze aldera (2019ko otsailaren 12an onartua), itunpeko ikastetxe pribatuei dei egiten die jarduera eta proiektuetan parte hartu dezaten haien irakasleen bidez, irakasle horien konpetentziak indartzeko, helburu hauetarako: teknologikoki oso aurreratuak diren inguruneei erantzun diezaieten; Lanbide Heziketaren parte-hartzea sustatu dezaten enpresei laguntzeko, ETEei, batez ere, eta horiei eskainitako estaldura zabaltzea lortu dezaten; beharrizan teknologikoen aniztasunarentzako erantzun sistematiko bat sortu dezaten Lanbide Heziketatik; eta lehentasun teknologikoak eguneratu eta lerrokatu ditzaten Euskadiko berrikuntza-estrategiarekin, horretarako tresna sistematikoak ezarriz.

Ondorioz, eta honako hauetan xedatutakoekin bat etorriz: azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartu zuen Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bateginaren VI. titulua (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren esparruan dirulaguntzen araubidea arautzekoa); Laguntzen eta dirulaguntzen arloko arau-hausteen eta zehapenen erregimenari buruzko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren VII. tituluko III. kapitulua; eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra,

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Deialdiaren xedea.

Aginduak xedetzat du itunpeko ikastetxe pribatuetako irakasleen liberazio osoa edo partziala finantzatzea, 2020-2021eko ikasturtean Lanbide Heziketako V. Euskal Planean estrategikotzat hartutako eremuak ezartzeko jarduerak, deialdi honen 3. artikuluan zehaztutakoak, gara ditzaten.

2. artikulua.– Onuradunak.

Agindu honetan araututako dirulaguntzak eskuratu ahal izango dituzte ikastetxe pribatuen pertsona fisiko edo juridiko titularrek, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoan Lanbide Heziketako erdi- eta goi-mailako heziketa-zikloak itunduta badituzte 2020-2021 ikasturtean.

3. artikulua.– Lehentasunezko jarduketa-lerroak.

1.– Agindu honetako dirulaguntzak jaso ahal izango dituzte Lanbide Heziketako V. Euskal Plana ezartzeko lehentasunezkotzat jotako helburuak lortzera bideratutako jarduerek, Lanbide Heziketako Sailburuordetzak xede horrekin bultzatutakoek. Ikus I. eranskina.

2.– Lanbide Heziketako Sailburuordetzak bultzatutako ekimenekin bat egingo dute dirulaguntzen eskaera egiten duten itunpeko ikastetxeek, eta bere egingo dituzte ezarritako helburuak, garapen-baldintzak eta plangintza.

3.– Jarduerak behar bezala ebaluatu eta garatzearen erantzule, dagokionaren arabera, hauek izango dira: TKNIKA Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketarako Ikerketa eta Berrikuntza Aplikaturako Zentroa, IDEATK Lanbide Heziketako Sormen Aplikatuaren Euskal Institutua, eta EEI Lanbide Heziketaren Ezagutzaren Euskal Institutua.

4. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.

1.– Jarraian adierazten diren gastuak lagundu ahal izango dira diruz:

a) Irakaskuntza-jarduera (zuzeneko irakasletza) eta hari lotutako bestelako jarduera osagarriak garatzeko ordezko langileak kontratatzeko kostuak, betiere jarduera horiek garatzen badira diruz lagundutako jarduera egiteko liberatutako irakasleei esleitutako orduetan.

b) Irakaskuntza-jarduera (zuzeneko irakasletza) eta hari lotutako bestelako jarduera osagarriak garatzeko ikastetxeak dituen irakasle propioen kontratua luzatzeko kostuak, betiere jarduera horiek garatzen badira diruz lagundutako jarduera egiteko liberatutako irakasleei esleitutako orduetan. Diruz lagundutako jarduera egiten duten irakasleek ikastetxeko irakasle izan behar dute 2019-2020 ikasturtean.

c) Irakaskuntza-jarduera (zuzeneko irakasletza), hari lotutako bestelako jarduera osagarriak eta diruz lagundutako jarduera garatzeko ikastetxeak dituen irakasle propioen kontratua luzatzeko kostuak. Diruz lagundutako jarduera egiten duten irakasleek ikastetxeko irakasle izan behar dute 2019-2020 ikasturtean.

Deialdi honen ondoreetarako, egotz daitezkeen kostutzat hartuko dira ordainsariak eta erakunde eskatzailearen konturako karga sozialak.

2.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak estaltzeko epea 2020ko irailaren 1ean hasi eta 2021eko abuztuaren 31n amaituko da.

3.– Jardueran, 726 irakastordu eta 526 ordu osagarri lagunduko dira diruz, gehienez, lanaldi osoko liberazio baterako. Ordezko langileak kontratatzeko diruz lagundu eta egotzi daitekeen orduko gehieneko kostua hogeita hamabost (35) eurokoa da irakasleentzat. Lanaldi partzialeko liberazioak izanez gero, lanaldi osorako ezarritako gehieneko kopuruaren proportzioan kalkulatuko da proiektuan gehienez ere diruz lagunduko den ordu kopurua.

5. artikulua.– Aurrekontu-zuzkidura.

1.– Agindu honen xede diren jarduerak diruz laguntzeko zenbateko osoa bi milioi ehun eta berrogeita bi mila hirurehun eta berrogeita hamar eurokoa da (2.142.350). I. eranskinean azalduta dago zenbateko hori nola banatuko den deialdiaren xede diren eta diruz lagundu daitezkeen jarduketa-lerroen artean.

6. artikulua.– Parte hartzeko betekizunak.

1.– Dirulaguntzak jaso ahal izateko, betekizun hauek bete beharko dituzte ikastetxe onuradunek:

a) Itunpeko ikastetxe pribatua izatea, eta 2020-2021 ikasturtean Lanbide Heziketako erdi- edo goi-mailako heziketa-zikloak ematea.

b) Inolako zigor penalik ez administrazio-zigorrik ez izatea, dirulaguntzak edo laguntza publikoak jasotzea eragozten duenik.

c) Beteta izatea indarrean dauden xedapenek zergen edo gizarte-segurantzaren arloan ezartzen dituzten betebeharrak. Betekizun hau deialdia ebatzi eta diruz lagundutako zenbatekoaren ordainketa egin arte beteta eduki behar dute.

d) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan ezarritako egoera batean ere ez egotea.

2.– Betekizun orokorrez gainera, dirulaguntza eskatzen den jarduera bakoitzerako agindu honen I. eranskinean ezarritako berariazko betekizunak ere bete beharko dituzte.

7. artikulua.– Diruz lagundutako jardueren iraupena.

Diruz lagundutako jarduera hasiera ematen diotenetik 2020-2021 ikasturtea amaitzen den arte garatuko dute, hau da, 2020ko irailaren 1etik 2021eko abuztuaren 31ra arteko aldian.

8. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.

1.– Ikastetxe interesdunek Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko baliabide elektronikoak erabiliz egingo dituzte eskaerak, kontsultak eta izapide guztiak.

2.– Izapidetze elektronikoa arautzen dute Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuak eta Informatika eta Teknologiako zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpenak, zeinaren bidez onartu baitzen PLATEA E-Administrazioko Plataforma Teknologikoa.

3.– Eskabideen eta erantsi beharreko dokumentazioaren ereduak agindu honen eranskinetan daude jasota.

4.– Honako helbide elektroniko honetan daude eskuragarri eskabideak bide elektronikoz izapidetzeko xehetasunak, erantsi beharreko dokumentazio-ereduak eta deialdi honekin lotutako gainerako izapideak:

https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2020/actpvfp/web01-tramite/eu/

5.– Eskabidearen osteko izapideak, justifikazioa barne, honako helbide honetako Nire karpeta atalaren bidez egin beharko dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

9. artikulua.– Eskabideak aurkezteko modua, tokia eta epea.

1.– Eskabideak (II. eranskina), atal guztiak behar bezala beteta, bide elektronikoz aurkeztu behar dira, agindu honen 8. artikuluan xedatutakoaren arabera, eta hilabeteko epearen barruan, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

2.– Eskabideak aurkezteak berekin dakar deialdi honen oinarrietan zehaztutako baldintzak berariaz eta formalki onartzea. Eskabide bat aurkeztu behar da dirulaguntza eskatzen den jarduketa-lerro bakoitzeko.

3.– Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.6 artikulua eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.7 artikulua aplikatuz, eskabidearekin batera erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu behar da, honako betebehar hauek egiaztatzeko:

a) Xede bera duten eta bestelako administrazio edo erakunde publiko zein pribatuei eskatu zaizkien eta, hala badagokio, haietatik jaso diren dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea, eta adieraztea, baiezkoa izanez gero, laguntza eman duen erakundearen izena eta zenbatekoa.

b) Administrazio- edo zigor-arloan dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzearekin zigortuta ez dagoela, edo dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko ezgaitzen duen legezko debekuren baten eraginpean ez dagoela, ezta sexu-diskriminazioaren ondoriozko debekuren baten eraginpean ere.

c) Egiazkoak izatea eskabideko datuak eta emandako dokumentazioa, eta betetzea indarreko araudian dirulaguntzen onuradun izateko ezarritako baldintzak.

d) Ez dago Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 artikuluan ezarritako egoeraren batean.

e) Erakunde eskatzailea itzulketa- edo zehapen-prozeduraren batean sartuta badago, hau da, EAEko Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasi den halako prozeduraren batean, zehaztu egin beharko du zer prozeduratan.

4.– Eskabidearekin batera, kasuan kasuko jarduerari dagokion inprimakia aurkeztu behar da. III. eranskina.

5.– Dirulaguntzaren eskabidea aurkezteak baimena emango du Lanbide Heziketako Sailburuordetzak zuzenean egiazta dezan dirulaguntzen eskatzaileek betetzen dituztela zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak. Hala ere, eskatzaileak berariaz uka dezake baimen hori, eta, halakorik egiten baldin badu, betebehar horiek betetzen dituela egiaztatzen duten administrazio-agiriak aurkeztu beharko ditu.

6.– Eskabidea oso-osorik betetzen ez bada, edo eskabidearekin batera behar den dokumentazioa aurkezten ez bada, ikastetxe interesdunari eskatuko zaio 10 eguneko epean akatsa zuzentzeko, edo nahitaezko dokumentuak aurkezteko, eta, gainera, adieraziko zaio, aurrekoa egin ezean, eskabideari uko egiten diola ulertuko dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen araberako ebazpena eman ondoren.

10 artikulua.– Hautaketa egiteko eta puntuazioa emateko irizpideak.

1.– Deialdi honen barruan diruz lagundu daitezkeen jarduketa-lerroak emateko prozedura norgehiagoka izango da, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 22. artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bategina onartzen duen 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 49. artikuluan xedatutakoa betez (azken artikulu horrek Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoaren laguntzen eta dirulaguntzen araubidea arautzen du); hau da, aurkeztutako eskabideak alderatu egingo dira, haien arteko hurrenkera ezartzeko I. eranskinean jarduera bakoitzarentzat aldez aurretik ezarritako balorazio-irizpideekin bat etorriz, eta irizpide horiek aplikatuz balorazio handiena lortu dutenei laguntzak esleitzeko, kontuan harturik erabilgarri dagoen kreditua eta aipatutako eranskinean finkatutako muga.

2.– Diruz lagundutako jarduera bakoitzeko gehienezko ordu kopurua I. eranskinean zehaztuta dago.

11. artikulua.– Dirulaguntzaren gehieneko zenbatekoa.

Jarduera bakoitzerako dirulaguntzaren kantitatea I. eranskinean adierazitakoa izango da eta ez du inola ere gaindituko ikastetxeak diruz lagundutako jarduera gauzatzeko behar izan duen gastua.

12. artikulua.– Prozeduraren instrukzioa.

1.– Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen zuzendariak izango du laguntzak emateko prozedura bideratzeko eskumena.

2.– Balorazio-batzorde bakar bat eratuko da I. eranskinean azaldutako jarduketa-lerroetara aurkeztutako eskabideak aztertu, ebaluatu eta hautatzeko. Kide anitzeko organo gisa jardungo du, eta hauek izango ditu kide:

a) Batzordeburua: Rikardo Lamadrid Intxaurraga jauna, Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen zuzendaria.

b) Bokalak:

Juan Carlos Molinero Montes jauna, TKNIKA EAEko Lanbide Heziketarako Ikerketa eta Berrikuntza Aplikaturako Zentroko arloko zuzendaria.

M.ª José Barriola Baraibar andrea, TKNIKA EAEko Lanbide Heziketarako Ikerketa eta Berrikuntza Aplikaturako Zentroko arloko zuzendaria.

Agustín Agirre Andonegui jauna, TKNIKA Lanbide Heziketarako Ikerketa eta Berrikuntza Aplikaturako Zentroko ikaskuntza-metodoen eta -prozesuen ikerketaren arloko zuzendaria.

Luis Saratxaga Quintana jauna, EEI Lanbide Heziketaren Ezagutzaren Euskal Institutuko zuzendari exekutiboa.

Laura Oleaga Pérez de Mendiguren andrea, Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritzako teknikaria; idazkari-lanak egingo ditu, eta hitza izango du, baina botorik ez.

3.– Balorazio-batzordeak, aurkeztutako eskabideak ebaluatuta, ebazpenaren behin-behineko proposamena egingo du, behar bezala arrazoitua. Proposamen hori agindu honen 8. artikuluan ezarritako baliabide elektronikoez jakinaraziko zaie eskatzaileei, eta 10 egun naturaleko epea emango zaie, jakinarazi eta biharamunetik aurrera, egoki iritzitako alegazioak aurkezteko edo, baldin eta proposatutako dirulaguntzaren zenbatekoa eskatutakoa baino txikiagoa bada, eskabidea berriro egin ahal izateko, hain zuen ere, eman daitekeen dirulaguntzara egokitzeko konpromisoak eta baldintzak. Hamar egun naturaleko epea igarotzen bada jakinarazpenaren edukira sartu gabe, jakinarazpena baztertutzat joko da, eta, prozedurari jarraikiz, izapidea gauzatutzat joko da, salbu eta, ofizioz edo hartzaileak eskatuta, horra sartzea teknikoki edo materialki ezinezkoa dela egiaztatzen bada.

4.– Nolanahi ere, eskabideak berriro egitean, dirulaguntzaren xedea, baldintzak eta helburua ez ezik, ezarritako balorazio-irizpideak ere bete beharko dituzte.

5.– Aurkeztutako alegazioak eta eskabideak berriro formulatzeko proposamenak aztertuta, balorazio-batzordeak ebazpenaren behin betiko proposamena egingo du, dirulaguntza ematea proposatutako eskatzailea edo eskatzaileen zerrenda adierazita, baita zenbatekoa ere, eta horretarako jarraitutako ebaluazioa eta balorazio-irizpideak zehaztuko ditu proposamen horrek. Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen zuzendariak, organo izapidegile gisa, Lanbide Heziketako sailburuordeari bidaliko dio proposamen hori, ondoren ebazpena eman dezan.

6.– Ebazpenaren behin-behineko eta behin betiko proposamenek ez dute eskubiderik sortzen, aipatutako proposamenean onuradun gisa ageri diren pertsonen alde, harik eta laguntza emateko ebazpena jakinarazten zaien arte.

13. artikulua.– Deialdiaren ebazpena.

1.– Deialdi honetan aurkeztutako eskabideak prozedura bakarrean izapidetuko dira, eta, horiek ebaztea, interesdunek planteatutako gai guztiak erabakita, Lanbide Heziketako sailburuordeari dagokio, balorazio-batzordeak proposatuta.

2.– Hartzen den ebazpenak erabakiko du eskatutako dirulaguntzak emango diren ala, hala badagokio, ukatu egingo diren; emanez gero, adierazi behar dira pertsona edo erakunde onuradunaren izena edo izen soziala, zer ikastetxe den, zer proiektu finantzatu den, eta zenbateko dirulaguntza eman zaion. Horrez gain, nortasunik gabeko elkarteak badira, idatziz adieraziko dira elkarteko kide bakoitzak proiektua gauzatzeko hartzen dituen konpromisoak eta bakoitzari aplikatu beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa. Ukatutako eskabideei dagokienez, eskatzaileen izena edo izen soziala eta laguntza zergatik ukatu den adieraziko du ebazpenak.

3.– Aurreko paragrafoan aipatzen den ebazpenak ez du administrazio-bidea agortzen, eta interesdunek, horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean jakinarazpena egin eta biharamunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen arabera.

4.– Ebazpena banan-banan jakinaraziko zaie interesdunei; halere, eta herritarrak jakitun izan daitezen, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da onuradunen zerrenda, eta adieraziko dira ikastetxea, finantzatutako proiektua eta emandako dirulaguntzaren zenbatekoa.

5.– Agindu honen babesean aurkeztutako eskabideei buruzko ebazpena emateko eta jakinarazteko, gehienez ere, sei hilabete izango dira, agindua argitaratu eta biharamunetik aurrera. Epe horretan berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi ez bada, eskabideak ezetsitzat jo ahal izango dira, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritakoari jarraituz.

6.– Dirulaguntzak eta laguntzak onuradunei eman eta, hala badagokio, ordaindu ahal izateko, ezinbestekoa izango da amaituta egotea oraindik izapidetzen ari diren itzultze- edo zehatze-prozedura guztiak, betiere prozedura horiek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta bere erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen eremuan hasi badira.

14. artikulua.– Justifikazioa.

1.– Agindu honen xede diren dirulaguntzen onuradunek, 2021eko irailaren 10a baino lehen, honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) Ordezte-prozesua ondo ulertzeko beharrezkotzat jotzen diren ohar guztiak «oharrak» atalean azalduko dira (V. eranskina).

b) Amaierako justifikazio-memoria (VI. eranskina).

c) Ordezko irakasleen lan-kontratuaren kopia autentikoa, 4.1.a) artikuluan aurreikusitako kasuan bakarrik.

d) Agindu honen 4.2 artikuluan ezarritako diruz lagundu daitekeen gastuaren estaldura-aldia osoari dagozkion ordezko irakasleen nominen kopia autentikoa.

2.– Justifikazio horiek aurkezteko, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren bitarteko elektronikoak erabili beharko dira, honako helbide honetako Nire Karpeta atalaren bitartez: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/

3.– Diruz lagundutako zenbateko osoa eskuratzeko, ordezko langileak kontratatzeari egotz dakizkiokeen kostuak diruz lagundutako zenbatekoa baino handiagoak edo parekoak izan behar dira.

15. artikulua.– Dirulaguntzen ordainketa.

1.– Dirulaguntzak hiru zatitan ordainduko dira, honako era honetan:

a) Lehenengo ordainketan, onuradun bakoitzari emandako dirulaguntzaren zenbatekoaren % 40 ordainduko da, eta 18.1 artikuluan adierazten den epea bukatutakoan ordainduko da, baldin eta bitarte horretan dirulaguntzari uko egin ez bazaio, eta, betiere, 2020ko urriaren 30a baino lehen IV. eranskina (Liberatutako eta ordezko irakasleen ordu-dedikazioaren ziurtagiria) aurkeztu ondoren. Ziurtagiriarekin batera, Hezkuntza Jardueren Dokumentua (HJD) erantsiko da, bertsio itxian, behar bezala beteta eta ikastetxeko zuzendariak sinatuta. Bertan adieraziko da, «Eremu estrategikoetako jarduketa-lerroak» azalpenarekin, diruz lagundutako jardueran aritzen diren irakasle titular eta ordezkoen liberazioa.

b) Bigarren ordainketa onuradun bakoitzari emandako dirulaguntzaren % 50ekoa izango da, eta 2021eko ekitaldian egingo da, diruz lagundutako jardueraren % 50 garatu ostean, betiere ebaluazioaz eta jarduera behar bezala garatzeaz arduratzen den erakundeak aldeko ebaluazio-txostena egiten badu, dagokionaren arabera, agindu honen 3. artikuluaren 3. paragrafoan xedatutakoari jarraikiz, eta ordezko irakasleen gastu-zerrenda 2021eko apirilaren 1ean aurkeztu ondoren (V. eranskina).

c) Hirugarren ordainketa gainerako zenbatekoagatik izango da, % 10, diruz lagundutako jarduera amaitutakoan, egindako gastu guztiak justifikatu eta aurreko artikuluko zenbaki guztiak bete ondoren.

2.– Justifikazioa aurkezten ez bada, edo Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan azaldutako kausaren bat jazoz gero, dirulaguntza osorik edo zati bat kobratzeko eskubidea galduko da.

16. artikulua.– Ez-betetzeak eta itzulketa-prozedura.

1.– Emandako laguntzak ezeztatzeko kausa izango da onuradunek agindu honetan ezarritako baldintza eta eskakizunetakoren bat ez betetzea, bai eta laguntzak aurkeztutako proiektuan zehaztutakoaren bestelako xedeetara bideratzea ere. Hori dela eta, dirulaguntzak benetan zertara bideratu diren egiaztatzeko ahalmena izango du Hezkuntza Sailak.

2.– Dirulaguntza emateko betekizunak betetzen ez direla frogatzen bada, jasotako zenbatekoak itzuli beharko zaizkio Euskal Herriko Diruzaintza Nagusiari, bai eta sortutako berandutze-interesak ere, hala ezarrita baitago Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen 1/1997 Legegintzako Dekretuan eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituen 698/1991 Dekretuan. Itzultzeko modua ere aipatutako dekretuetan jasotzen da.

3.– Liberatutako irakasleek, gutxienez, dena delako jarduerari egotzitako ordu guztien % 70ean parte hartu beharko dute modu aktiboan. Aipatutako % 30 baino gehiagoko ehunekoan ez parte hartzea erabateko ez-betetzetzat hartuko da, eta, horrelakoetan, jasotako dirulaguntzaren zenbateko osoa gehi bidezkoak diren berandutze-interesak itzuli beharra egongo da. Ez-betetze partziala izango da, berriz, gutxienez % 70eko parte-hartzea badago baina % 100era iritsi gabe. Horrelakoetan, jardueran izandako parte-hartze mailaren arabera itzuli beharko dute dirulaguntza.

4.– Horrez gain, dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzaren bat aldatuz gero, beste Administrazio edo entitate publiko edo pribatu batek, aldi berean, beste laguntza edo dirulaguntzaren bat ematen badu, edo helburu bererako beste diru-sarrera edo baliabideren bat baldin badago, dirulaguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da, betiere, Aginduan –laguntzaren onuradun izateko– ezarritako baldintzak mantentzen badira.

17. artikulua.– Dirulaguntzaren bateragarritasuna.

1.– Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak bateragarriak dira beste instituzio publiko edo pribaturen batek helburu bererako ematen dituenekin, baldin eta gainfinantzaketarik gertatzen ez bada. Hori gertatuz gero, dirulaguntzaren zenbatekoa kasuan kasuko gehieneko mugaraino murriztuko da. Nolanahi ere, bestelako dirulaguntza edo laguntza batzuk jasoz gero, horren berri eman beharko da.

2.– Deialdi honen jardueretan parte hartzen duten irakasleen liberazio osoa edo partziala ordaintzeko jasotako dirulaguntzak ez dira bateragarriak izango 2020-2021eko ikasturtean Hezkuntza Sailaren beste laguntza edo dirulaguntza batzuekin, horiek gauzatzeko baliatutako tresna juridikoa edozein izanik ere.

18. artikulua.– Jarduera egiteko baldintzak eta onuradunen betebeharrak.

Dirulaguntzen onuradunek baldintza hauekin bat etorriz eta honako betebehar hauek betez egin beharko dute jarduera:

1.– Emandako dirulaguntza onartzea. Horretarako, dirulaguntzaren esleipena jakinarazi eta 15 eguneko epean onuradunek berariaz eta idatziz dirulaguntzari uko egiten ez badiote, onartu egin dutela ulertuko da.

2.– Laguntza zertarako eman den, hartarako erabili beharko dute.

3.– Lanbide Heziketako Sailburuordetzari justifikatzea deialdian ezarritako eskakizunak eta baldintzak betetzen dituztela.

4.– Jasotako funtsak zertarako erabili diren frogatzen duten agiriak gordetzea, baita elektronikoak ere, baldin eta egiaztatu eta kontrolatu ahal badira.

5.– Lanbide Heziketako Sailburuordetzari, Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari eman beharko diete, beren jardunean ari direla, deialdi honen kargura jasotako dirulaguntzei buruz eskatzen dieten informazioa.

6.– Beste edozein administrazio, erakunde publiko edo pribatutatik agindu honetako helburu bererako dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabiderik eskuratuz gero, horren berri eman beharko diote Hezkuntza Saileko Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritzari.

7.– Laguntza ematerakoan kontuan izandako gorabeheraren bat aldatzen bada, horren berri eman beharko diote Lanbide Heziketako Sailburuordetzari.

8.– Laguntzea Lanbide Heziketako Sailburuordetzari, zuzenean edo bere erakunderen baten bidez (TKNIKA Lanbide Heziketarako Ikerketa eta Berrikuntza Aplikaturako Zentroa eta EEI Lanbide Heziketaren Ezagutzaren Euskal Institutua), dagokionaren arabera, jarduera bakoitzaren jarraipena eta ebaluazioa egiten.

9.– Jasotako dirulaguntzen berri emateko neurriak hartzea. Neurri horien euskarrietan –informatikoetan zein bestelakoetan– adierazpen hau sartzera mugatuko dira: «Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren Lanbide Heziketako Sailburuordetzak finantzatutako jarduera».

10.– Ikastetxeak jarduerarako liberatutako irakaslea jarduera amaitu arte eduki beharko du. Justifikatutako zioak direla eta, pertsona horrek proiektuan ezin badu jarraitu, ikastetxeak Lanbide Heziketako Sailburuordetzari eskatuko dio hura ordezkatzeko baimena; gainera, adierazi beharko du proiektuaz arduratzeko nor proposatzen den eta aldaketaren zergatia zein den.

11.– Jarduera hauetako bakoitzean hautatutako ikastetxe guztiek irakaste-ordutegirik gabe utzi beharko dute liberatutako irakaslea, I. eranskinean adierazitako astegunetan, jarduera hori TKNIKAn egin ahal izan dezan. Egoera horren berri Hezkuntza Jardueren Dokumentuan (HJD) jasoko da, bertsio itxian, «Act.PVFP» modura.

12.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte.

19. artikulua.– Datuak babestea.

1.– Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoarekin eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legean xedatutakoarekin bat etorriz, dirulaguntzen arloan eskumena duen zuzendaritzak tratatuko ditu eskabideetako eta kapitulu honek aipatzen dituen prozeduretan aurkeztutako dokumentazioko datu pertsonalak, hura baita datuen tratamenduaren «arduraduna». Datu pertsonalen tratamendu horren xedea da deialdi hau kudeatzea eta ebaztea, datu horien interes publikoan eta horietan parte hartzeko eskabidean oinarritutako xedea.

Interesdunek datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezerezteko eta transferitzeko eskubideak baliatu ahal izango dituzte, bai eta datuak tratatuak izateko mugak ezartzeko eta tratamenduaren aurka egiteko eskubidea ere. Horretarako, idazki bat igorri behar dute Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritzara (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).

2.– Era berean, deialdi honetan parte hartzen dutenek baimena ematen diote Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritzari beste erakunde publiko batzuetan egiazta ditzan aurkeztutako agiriak.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honetan araututako dirulaguntzei honako hauetan xedatutakoa aplikatuko zaie: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko ekainaren 9a.

Hezkuntzako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

I. ERANSKINA
LANBIDE HEZIKETAKO V. EUSKAL PLANAREN JARDUKETA-LERROEKIN LOTUTA DEIALDI HONETAN JASOTAKO JARDUEREN ZERRENDA
(Ikus .PDF)
II. ERANSKINA
ESKABIDE ELEKTRONIKOAREN EREDUA
(Ikus .PDF)
III. ERANSKINA
ESKATUTAKO JARDUERARI BURUZKO FITXA
(Ikus .PDF)
IV. ERANSKINA
LIBERATUTAKO ETA ORDEZKO IRAKASLEEN ORDU-DEDIKAZIOAREN ZIURTAGIRIA
(Ikus .PDF)
V. ERANSKINA
JASOTAKO DIRULAGUNTZARI EGOTZ DAKIZKIOKEEN GASTUEN LABURPENA
(Ikus .PDF)
VI. ERANSKINA
AMAIERAKO JUSTIFIKAZIO-MEMORIA
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala