Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

118. zk., 2020ko ekainaren 17a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA AZPIEGITURA SAILA
2362

EBAZPENA, 2020ko apirilaren 21ekoa, Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako zuzendariarena, zeinaren bidez onartzen eta ukatzen baitira 2019ko abuztuaren 9ko Aginduaren babesean eskatutako laguntzak. Agindu horren bidez, 2015-2020ko aldirako EAEko landa garapeneko programaren esparruan onartu zen Leader eremuko landa-inguruko udalerrien ekonomia sustatu, garatu eta dibertsifikatzeko laguntzak arautzen dira.

Ikusi dira Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuaren 2019ko abuztuaren 9ko Aginduaren babesean aurkeztutako laguntza-eskaerak; ebazpen honen I. eta II. eranskinetan zerrendatuta daude. Eskaerekin batera aurkeztutako dokumentazioa ere ikusi da (espediente-zenbakiak aipatutako eranskinetan agertzen dira).

Kontuan hartu da Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren abenduaren 17ko 1306/2013 (EB) eta 1305/2013 (EB) erregelamenduek ezartzen dituztela, besteak beste, honako laguntza hauek: Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsa (LGENF) eta landa-garapenaren aldeko laguntza komunitarioak; laguntza horiek eskualdeentzako Landa Garapenerako programen bidez gauzatzen dira, eta aukera ere badago finantzaketa nazional gehigarriaz osatzeko.

Kontuan hartu da Tokiko Ekintza Taldeak egindako ebazpen-proposamena, talde hori arduratzen baita 2019ko abuztuaren 9ko Aginduaren 6. oinarrian xedatutakoaren arabera aurkeztutako eskaerak aztertzeaz eta ebaluatzeaz.

Horregatik guztiagatik, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuaren 2019ko abuztuaren 9ko Aginduan araututako laguntzak ematea, ebazpen honen I. eranskinean aipatutako pertsona eskatzaileei. Eranskin horretan, honako hauek zehazten dira: pertsona edo erakunde onuraduna, diruz lagunduko den proiektua, diruz laguntzeko moduko gastuaren zenbatekoa, puntuazioa eta Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontuen kontura onartutako laguntzaren zenbatekoa. Laguntza hau finantzaketa gehigarri gisa agertzen da 2015-2020 aldirako EAEko Landa Garapenerako programan. Zenbatekoa, guztira, 7.187.566,61 eurokoa da.

Bigarrena.– Ukatzea ebazpen honen II. eranskinean aipatutako pertsona eskatzaileei Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuaren 2019ko abuztuaren 9ko Aginduan araututako laguntzak, eta ukazioaren zioak eranskin horretan zehaztuko dira.

Hirugarrena.– Jarduerak edo inbertsioak gauzatzeko epea, beranduenez ere, 2020ko abenduaren 31n bukatuko da, eta horiek ezin izan dira hasi 2019ko ekitaldia baino lehen.

Laguntzaren justifikazioa eta ordainketa laguntza-lerro bakoitzaren arabera egingo da, 2019ko abuztuaren 9ko Aginduan ezarritakoarekin bat etorriz.

Pertsona onuraduna eratze-fasean dagoen pertsona juridikoa baldin bada, hura entitate pertsonifikatu bihurtzea ezinbesteko baldintza izango da laguntza kobratzeko.

Era berean, baimenak edo lizentziak behar diren kasuetan, horiek lortzea ezinbesteko baldintza izango da laguntza kobratzeko.

Onartutako proiektua ezarritako epeetan egiten ez bada, edo epe horretan gauzatu izanaren egiaztagiriak aurkezten ez badira, onuradunek dirulaguntza jasotzeko eskubidea galduko dute eta, hala badagokio, agindu arautzailearen 13.5 oinarrian aurreikusitako itzulketa-prozedura jarriko da abian.

Lagundutako proiektua betetzen ez bada, edo laguntza ematea ekarri duten betekizunak eta baldintzak betetzen ez badira eta, bereziki, laguntza jaso duten inbertsioei inbertsioa egin eta gutxienez ondorengo 5 urteetan eusten ez bazaie ondasun higiezinak eraiki, eskuratu edo zaharberritzen diren kasuetan edo gainerako ondasunen kasuan, edo hiru urteetan kontratazio-lerroaren babesean sortutako besteren konturako lanpostuen kasuan, edo bi urteetan ekintzailetzari laguntzeko lerroak babestutako proiektuen kasuan, laguntzak eten egingo dira, eta, hala badagokio, eskuratutako kopuruak itzuli beharko dira, osorik edo zati bat.

Laugarrena.– Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta interesdunak, beronen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango dio Nekazaritza, Arrantza eta Elikagai Politikako sailburuordeari, hilabeteko epean, alarma-egoeraren amaiera deklaratu eta hurrengo egun baliodunetik hasita, COVID-19ari aurre egiteko gizarte- eta ekonomia-arloko premiazko neurri osagarriak onartzen dituen martxoaren 31ko 11/2020 Errege Lege Dekretuaren zortzigarren xedapen gehigarrian xedatutakoaren arabera.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko apirilaren 21a.

Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako zuzendaria,

JONE MIREN FERNÁNDEZ LANDA.

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala