Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

118. zk., 2020ko ekainaren 17a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
2360

57/2020 EBAZPENA, ekainaren 9koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita argitara Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatearekin sinatutako Hezkuntza Lankidetzarako Hitzarmena, Euskal Herriko Unibertsitatearen ikasleen irakaskuntza praktikorako.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak hitzarmena sinatu duenez gero, zabalkunde egokia izan dezan, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Euskal Herriko Unibertsitatearekin sinatutako Hezkuntza Lankidetzarako Hitzarmena, Euskal Herriko Unibertsitatearen (UPV/EHU) ikasleen irakaskuntza praktikorako. Honen eranskinean dago jasota testu hori.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko ekainaren 9a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

JUAN ANTONIO ARIETA-ARAUNABEÑA IBARZABAL.

ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN EKAINAREN 9KO 57/2020 EBAZPENARENA
EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEAREN (UPV/EHU) ETA EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIO OROKORRAREN ARTEKO HEZKUNTZA LANKIDETZARAKO HITZARMENA, LEHENDAKARITZAKO KANPO HARREMANETARAKO IDAZKARITZA NAGUASIAREN BIDEZ, EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEAREN (UPV/EHU) IKASLEEN IRAKASKUNTZA PRAKTIKORAKO

Vitoria-Gasteiz, 2020ko maiatzaren 11.

BILDUTA:

Alde batetik, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra, Lehendakaritzako Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiaren bidez –IFK: S4833001C; helbidea: Nafarroa kalea 2, 01007 Vitoria-Gasteiz (Araba)–, María Ángeles Elorza Zubiriak ordezkatuta, zeina egintza honetarako ahaldunduta baitago 2020ko martxoaren 31ko Gobernu Kontseiluaren Erabakian xedatutakoaren arabera.

Eta bestetik, Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU) –IFK: Q4818001B; helbidea: Sarriena auzoa z/g, 48940 Leioa (Bizkaia)–, Euskal Herriko Unibertsitateko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko dekanoa den Simon Peña Fernándezek ordezkatuta.

Elkarri aitortzen diote hezkuntza-lankidetzarako hitzarmen hau sinatzeko behar den legezko gaitasuna. Bi aldeek gaitasun eta legitimitate nahikoa aitortzen diote elkarri hitzarmena izenpetzeko eta bertan ezarritako baldintzetan behartuta geratzeko, eta, horretarako, honako hau

ADIERAZTEN DUTE:

Lehenengoa.– Euskal Herriko Unibertsitatea (aurrerantzean UPV/EHU) 1980an sortutako unibertsitate bat da.

Bigarrena.– Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiari, Lehendakaritzaren egitura organiko eta funtzionalari buruzko apirilaren 11ko 70/2017 Dekretuaren 13. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, honako egiteko eta jardun-arlo hauek dagozkio, besteak beste: a) Eusko Jaurlaritzaren kanpo harremana programatzea, bultzatzea eta koordinatzea; b) Euskadiren nazioartekotzeko esparru-estrategia zehaztu eta abian jartzeko ekintzak bultzatu eta koordinatzea, bai eta kanpo-harremanen plan estrategikoa ere; c) Jaurlaritzari kanpo-harremanen arloan lagundu eta aholku ematea, eta lehendakariaren jarraibideak betearaztea esparru horretan. B) atalari dagokionez, aipatu behar da kanpo-harremanetarako plan estrategiko horren helburuetako bat Euskadi eragile global gisa kokatzea dela, eta haren ekintza-ildoetako bat adimen lehiakorra eta nazioartekotzearen arloko ezagutza sustatzea dela. Ekintza-ildo horretan kokatzen dira hitzarmen honen xede diren prestakuntza-praktikak.

Hirugarrena.– Unibertsitateko ikasleen kanpoko praktika akademikoak arautzen dituen uztailaren 11ko 592/2014 Errege Dekretuaren babesean eta Universidad del Pais Vasco/ Euskal Herriko Unibertsitateko ikasleen kanpoko praktika akademikoen araudia onartzen duen Graduko eta Graduondoko Ikasketen errektoreordearen eta Ikasleen eta Enplegugarritasunaren errektoreordearen 2019ko uztailaren 24ko Ebazpenaren babesean –2019ko uztailaren 12ko UPV/EHUko Gobernu Kontseiluak onartu zuen ebazpen hori, eta 2019ko abuztuaren 6ko EHAAn 147 zk. argitaratu zen–, hezkuntza lankidetzarako hitzarmen bat sinatu nahi dute bi aldeek, UPV/EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko ikasleek, Politika eta Kudeaketa Publikoko graduan zein Nazioarteko Ikasketen masterrean, kanpoko praktika akademikoak egin ahal izan ditzaten Lehendakaritzako Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusian.

Horrenbestez, hitzarmen honen helburua da praktiken bidezko hezkuntza lankidetzarako esparru-akordio bat ezartzea bi erakundeen artean, honako klausula hauen arabera:

KLAUSULAK

Lehenengoa.– Xedea.

Hitzarmen honen xedea da UPV/EHUren eta Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiaren artean jarduera-esparru komun bat egituratzea, praktiken bidez hezkuntza-lankidetzarako programak garatzeko Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusian, UPV/EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatean Politika eta Kudeaketa Publikoko gradua eta Nazioarteko Ikasketetako masterra egiten ari diren ikasleentzat.

Bigarrena.– Praktiken helburua.

Hitzarmen honetan araututako praktiken helburu edo helburu orokorrak honako hauek dira: ikasleek beren prestakuntza akademikoan eskuratutako ezagutzak aplikatzea eta osatzea, lanbide-jarduerak egiteko prestatuko dituzten gaitasunak eskuratzea, eta enplegagarritasuna eta ekintzailetzarako gaitasuna hobetzea.

Hirugarrena.– Praktiken prestakuntza-izaera.

Hitzarmen honen xede diren praktika akademikoak prestakuntzakoak dira. Beraz, praktika horiek egiteak ez du, inola ere, Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiarekin lan-harreman edo bestelako lotura bati dagozkion betebeharrik ekarriko; horien edukiak ezingo du lanpostuen berezko lan-prestazioa ordeztu; eta jarduera horrengatik ez da inolako ordainsaririk jasoko.

Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiak hitzarmen hau izenpetzeak ez du inola ere ekarriko bertan ezarritakoak baino konpromiso gehiago hartzea.

Laugarrena.– Praktika-modalitateak.

Praktikak curriculumekoak edo curriculumetik kanpokoak izan daitezke. Curriculumekoen kasuan, ikasketa-plana osatzen duten jarduera akademikoak dira. Curriculumetik kanpoko praktikak, aldiz, ikasleek beren borondatez egin ahal izango dituzte beren prestakuntza-aldian, eta curriculumeko praktiken helburu berberak izan arren, ez dira horiei dagokien ikasketa-planean sartzen. Praktika zehatz bakoitzerako sinatzen den eranskinean, haren izaera zehaztuko da, dagokion araudiarekin bat etorriz.

Bosgarrena.– Praktikak egiteko iraupena eta ordutegiak.

Curriculumeko praktikek dagokien ikasketa-planak ezarritako iraupena izango dute.

Curriculumetik kanpoko praktikek, ahal dela, ez dute ikasturtearen ehuneko berrogeita hamar baino gehiago iraungo.

Praktikak egiteko ordutegiak praktiken ezaugarrien eta Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiaren baliabideen arabera ezarriko dira, praktikek ahalik eta eragin txikiena izan dezaten zuzendaritza horren ohiko jardueran. Nolanahi ere, bateragarriak izango dira ikasleak UPV/EHUn egiten duen jarduera akademikoarekin, prestakuntzarekin, ordezkaritzarekin eta parte-hartzearekin.

Seigarrena.– Prestakuntza-proiektua.

Praktika bakoitza garatzeko eranskin bat sinatuko da, eta bertan hezkuntza-helburuak eta garatu beharreko jarduerak finkatu beharko dira. Helburuak ezartzeko, ikasleak eskuratu behar dituen oinarrizko gaitasunak, konpetentzia generikoak eta/edo konpetentzia espezifikoak hartuko dira kontuan. Era berean, eskuratu beharreko gaitasunen eta egindako ikasketen arteko lotura zuzena ziurtatu beharko da praktikaren edukiak zehazterakoan.

Zazpigarrena.– UPV/EHUren berariazko konpromisoak.

Dagokion tituluaren zuzendaritza akademikoak tutore akademiko bat esleituko dio ikasle bakoitzari. Tutore hori arduratuko da bere prestakuntzaren jarraipenaz, Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiak izendatutako irakaslearekin koordinatuta, bai eta ikasle bakoitzaren ebaluazio-funtzioaz ere.

1.– UPV/EHUren tutore akademikoak eskubide hauek izango ditu:

a) Bere jarduera akademikoa benetan aintzatesteko eskubidea.

b) Informazioa jasotzeko eskubidea kanpoko praktikak arautzen dituen araudiari buruz eta prestakuntza-proiektuari eta tutoretzapeko ikaslearen egonaldia garatzeko baldintzei buruz.

c) Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusirako sarbidea izateko eskubidea, bere zereginari dagozkion helburuak betetzeko.

2.– Halaber, honako betebehar hauek izango ditu:

a) Prestakuntza-proiektua behar bezala garatzen dela zaintzea, praktikak egiteko ordutegia eta ikaslearen betebehar akademikoak, prestakuntzakoak eta ordezkaritzakoak eta parte-hartzekoak bateragarriak direla bermatuz.

b) Praktiken jarraipen eraginkorra egitea, Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiko instruktorearekin koordinatuta eta, hala badagokio, jarraipen-txostenak aztertuta.

c) Prestakuntza-proiektuan gertatzen diren aldaketak baimentzea.

d) Tutoretzapeko ikaslearen praktiken ebaluazio-prozesua egitea.

e) Isilpean gordetzea tutore gisa aritzearen ondorioz ezagutzen duen edozein informazio.

f) Unibertsitateko kanpoko praktiken organo arduradunari gerta daitezkeen gorabeheren berri ematea.

g) Ikasleek aukera-berdintasuna, diskriminaziorik eza eta irisgarritasun unibertsala dutela bermatzeko behar diren laguntza-baliabideak behar bezala dituztela gainbegiratzea eta, hala badagokio, eskatzea.

Zortzigarrena.– Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiaren berariazko konpromisoak.

1.– Praktikak egiteko behar diren instalazioak eta baliabideak erabiliko direla bermatuko du Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiak, eta dauden baliabideen eta lortu nahi diren helburuen arabera jaso ditzakeen ikasleen gaitasuna zehaztuko du.

Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiaren betebeharra da ikasleei, praktikak amaitu ondoren, egindako lana egiaztatzen duen ziurtagiri bat ematea. Ziurtagiri horretan zehaztuko da ziurtagiriak izaera formatiboa duela eta ez dagoela lan-loturarik.

2.– Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiak instruktore bat izendatuko du ikasle bakoitzarentzat, eta eskubide hauek izango ditu:

a) UPV/EHUk venia docendi aitortuko die instruktoreei, lankidetza hitzarmenean araututakoaren ondorioetarako, ikasleen eta kalitate akademikoaren errektoreordeak eta tituluaren praktika akademikoen zuzendari arduradunak horretarako egingo duten izendapenaren bidez.

b) UPV/EHUk instruktoreen jarduera laguntzailea onartuko du dagokion ziurtagiriaren edo antzekoaren bidez.

c) Informazioa jasoko du kanpoko praktikak arautzen dituen araudiari, prestakuntza proiektuari eta hura garatzeko baldintzei buruz.

d) UPV/EHUan sartzeko aukera izango du, bere eginkizunari dagozkion helburuak betetzeko beharrezko informazioa eta laguntza lortzeko.

3.– Halaber, betebehar hauek izango ditu:

a) Ikasleari harrera egitea eta garatu beharreko jarduera antolatzea, prestakuntza-proiektuan ezarritakoaren arabera.

b) Ikaslearen jarduera antolatzea erakundean dagoen bitartean.

c) Erakundearen antolamenduari eta funtzionamenduari buruzko informazioa ematea (helburuak, funtzioak, inplikazio deontologikoak, etab.).

d) Dagokion irakaskuntza praktikoa ematea.

e) Bere jarduerak gainbegiratzea.

f) Programan ezarritako jardueren garapena koordinatzea tituluaren zuzendaritza akademikoak izendatutako tutore akademikoarekin.

g) Ikasleak egindako praktikari buruzko azken txostena egitea. Praktikaren garapenari buruzko ebaluazio-txostena egitea.

h) Praktikak egin bitartean gerta daitezkeen gorabeheren berri ematea Jarraipen Batzordeari.

4.– Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiak ez du inolako diru-kopururik jasoko titulazioaren ardura duen ikastetxetik, bere bulegoetan egiten diren jarduera praktikoengatik konpentsatzeko.

Bederatzigarrena.– Praktiketako ikasleen eskubideak eta betebeharrak.

Praktiketako ikasleek Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiko praktiketako irakaslearen eta UPV/EHUko tutore akademikoaren kontrolpean eta ikuskaritzapean egingo dituzte praktikak, eta Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiaren funtzionamendu-arauen mende egongo dira uneoro.

1.– Kanpoko praktika akademikoak egiten diren bitartean, ikasleek honako eskubide hauek izango dituzte:

a) Praktikak irauten duen bitartean, UPV/EHUko tutore akademiko baten eta Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusian zerbitzuak ematen dituen profesional baten tutoretza izateko eskubidea.

b) Unibertsitateak ezarritako irizpideen arabera ebaluatzeko eskubidea.

c) Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiak egindako txosten bat jasotzeko eskubidea, egindako jarduera, iraupena eta, hala badagokio, errendimendua berariaz aipatuta.

d) Jabetza intelektual eta industriala izateko eskubidea, gaia arautzen duen legerian ezarritako baldintzetan.

e) Informazioa jasotzeko eskubidea, Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusitik segurtasunari eta lan-arriskuen prebentzioari buruzko araudiaz.

f) Beren ikasketa- eta prestakuntza-jarduera betetzeko eskubidea.

g) Desgaitasuna duten ikasleek tutoretza, informazioa, ebaluazioa eta praktikak baldintza berdinetan egiteko beharrezkoak diren baliabideak izateko eskubidea.

h) Desgaitasuna duten ikasleen artean, praktikak eta desgaitasun-egoeratik eratorritako edo horrekin lotutako jarduera eta egoera pertsonalak uztartzeko eskubidea.

2.– Era berean, kanpoko praktika akademikoak egiten ari diren bitartean, ikasleek honako betebehar hauek bete beharko dituzte:

a) UPV/EHUk kanpoko praktikei buruz ezarritako indarreko araudia betetzea.

b) Praktiken prestakuntza-proiektua ezagutzea eta betetzea, Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiak esleitutako irakaslearen jarraibideei jarraituz, UPV/EHUko tutore akademikoak gainbegiratuta.

c) Praktika egin bitartean, UPV/EHUko tutore akademikoarekin harremanetan egotea, gerta daitekeen edozein gorabeheraren berri ematea, eta tarteko jarraipen-dokumentuak eta -txostenak eta amaierako memoria ematea.

d) Adostutako egunean hastea Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusian, prestakuntza-proiektuan aurreikusitako ordutegia betetzea eta haren funtzionamenduari, segurtasunari eta laneko arriskuen prebentzioari buruzko arauak errespetatzea.

e) Prestakuntza-proiektua garatzea eta Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiarekin adostutako jarduerak arretaz betetzea, bertan ezarritako ildoen arabera.

f) Praktiken amaierako memoria eta, hala badagokio, tarteko txostena egitea.

g) Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiaren barne-informazioari dagokionez konfidentzialtasuna gordetzea eta haren jarduerei buruzko sekretu profesionala gordetzea, egonaldian eta hura amaitzean.

h) Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiaren politikarekiko errespetuzko jarrera erakustea uneoro, UPV/EHUaren izen ona babestuz.

Hamargarrena.– Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiko instruktorearen amaiera txostena.

Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiko instruktoreak amaierako txosten bat egingo du, eta UPV/EHUko tutore akademikoari bidaliko dio, praktikak amaitu ondoren. Txosten horretan, ikasleak egindako ordu-kopurua jasoko da, eta, hala badagokio, dagokion prestakuntza-proiektuan aurreikusitako konpetentzia orokorrei zein espezifikoei dagozkien honako alderdi hauek baloratu ahal izango ditu:

a) Gaitasun teknikoa.

b) Ikasteko gaitasuna.

c) Lanen administrazioa.

d) Ahozko eta idatzizko komunikaziorako trebetasunak. Ahozko adierazpenean zailtasunak dituzten ikasle desgaituen kasuan, trebetasun horretarako autonomia-maila adierazi beharko da, bai eta trebetasun horretarako baliabide teknikorik eta/edo giza baliabiderik behar den ere.

e) Erantzukizun-sena.

f) Egokitzeko erraztasuna.

g) Sormena eta ekimena.

h) Inplikazio pertsonala.

i) Motibazioa.

j) Kritikak jasotzeko gaitasuna.

k) Puntualtasuna.

l) Lan-ingurunearekiko harremanak.

m) Taldean lan egiteko gaitasuna.

n) Egokitzat jotzen diren beste alderdi batzuk.

o) Ikaslearen datu pertsonalak.

p) Praktikak egin dituen erakunde laguntzailea eta erakundearen kokalekua.

q) Zereginen deskribapen zehatza eta xehatua, garatutako lanaren eta esleituta egon den erakundeko sailena.

r) Unibertsitate-ikasketei dagokienez eskuratutako ezagutza eta gaitasunekin egindako lanen balorazioa.

s) Sortutako arazoen zerrenda eta horiek ebazteko jarraitutako prozedura.

t) Praktikek ikaskuntzaren arloan ekarri dituzten ekarpenak identifikatzea.

u) Praktiken ebaluazioa eta hobetzeko iradokizunak.

Nolanahi ere, Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiko instruktoreak berariaz baloratu beharko ditu prestakuntza-proiektuan ezarritako eskumenak, bai orokorrak bai espezifikoak, bai ikasleak egiten duen praktikaren berezkoak.

Hamaikagarrena.– Ikaslearen amaierako memoria.

Ikasleak amaierako memoria bat egin eta emango dio UPV/EHUko tutore akademikoari, praktikak amaitutakoan. Memoria horretan, besteak beste, alderdi hauek jasoko dira:

a) Ikaslearen datu pertsonalak.

b) Praktikak egin dituen erakunde laguntzailea eta erakundearen kokalekua.

c) Zereginen deskribapen zehatza eta xehatua, garatutako lanen eta esleituta egon den erakundeko sailena.

d) Unibertsitate-ikasketei dagokienez eskuratutako ezagutzarekin eta gaitasunekin egindako lanen balorazioa.

e) Sortutako arazoen zerrenda eta horiek ebazteko jarraitutako prozedura.

f) Praktikek ikaskuntzaren arloan ekarri dituzten ekarpenak identifikatzea.

g) Praktiken ebaluazioa eta hobetzeko iradokizunak.

Hamabigarrena.– Erantzukizunak.

1.– Eskola Aseguruaren berezko estaldurez gain, UPV/EHUk istripuetarako eta erantzukizun zibileko aseguru bat sinatuko du, praktikak egitean gerta daitezkeen ezbeharrak estaltzeko.

2.– Ez Unibertsitatea ez praktiketako ikasleak ez dira kalteen erantzule izango, baldin eta kalte horiek Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiko irakasleak emandako agindu edo jarraibideen ondorio badira eta ez badira agertzen praktiken prestakuntza-proiektuaren jarduera-programan.

3.– Pentsio publikoen errebalorizazioari eta gizarte-, lan- eta enplegu-arloko premiazko beste neurri batzuei buruzko abenduaren 28ko 28/2018 Errege Lege Dekretuaren bosgarren xedapen gehigarrian jasotako betebeharrei dagokienez, UPV/EHUren kargura izango dira.

Hamahirugarrena.– Datu pertsonalen babesa.

UPV/EHUk eta Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiak datuak babesteko arauditik eratorritako betebeharrak betetzeko konpromisoa hartzen dute, eta, bereziki, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamendutik eratorritakoak, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa. 95/46/EE Zuzentaraua indargabetzen du (Datuak babesteko erregelamendu orokorra).

Hitzarmen honen ondorioetarako, «Datu pertsonalak» izango da identifikatutako edo identifika daitekeen pertsona bati buruz bildutako, prozesatutako edo transmititutako informazio guztia. Datu pertsonalak bi aldeek zaindu eta isilpean gorde beharreko informaziotzat hartuko dira.

Hitzarmen hau sinatzen dutenek baimena ematen diete alderdiei hitzarmenean jasotako datu pertsonalak tratatzeko, indarrean dagoen bitartean lortzen diren datuekin batera, kontratu-harreman hau kudeatzeko. Datuen titularrak datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezabatzeko, aurka egiteko, tratamendua mugatzeko, datuak transferitzeko eta, hala badagokio, automatizatutako erabakirik ez hartzeko eskubideak baliatu ahal izango ditu. Horretarako, hitzarmen honetan adierazitako alderdien zuzendaritzara jo beharko du idatziz.

Hamalaugarrena.– Jarraipen Batzordea.

Jarraipen Batzorde bat eratuko da berdintasun-printzipioak errespetatuz, eta UPV/EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko bi ordezkarik eta Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiko beste bi ordezkarik osatuko dute. Bi aldeak arduratuko dira hitzarmen honen jarraipena, zaintza eta kontrola egiteaz. Horretarako, ikasleen jarduerei buruzko informazioa trukatuko dute, gutxienez 6 hilean behin.

Batzorde hori arduratzen da praktikak egitean edo hitzarmena betetzean sortzen diren gorabeherak argitzeaz. Gorabeherak gehienez ere 10 eguneko epean konpondu beharko dira.

Batzorde hori eratzean, alderdi sinatzaileek beteko dute haren lehendakaritza, txandaka, urtebeteko iraupenarekin hurrenez hurren, eta UPV/EHUri esleituko diote hasierako txanda.

Hamabosgarrena.– Hitzarmenaren araubidea eta interpretazioa.

1.– Hitzarmen hau bertako klausulen arabera arautuko da, eta haren interpretazioa eta garapena administrazio-zuzenbidearen printzipioen arabera egingo dira.

2.– Alderdien artean sor daitezkeen eta Jarraipen Batzordeak ebazten ez dituen eztabaidak administrazioarekiko auzien jurisdikzioaren arabera ebatziko dira.

Hamaseigarrena.– Hitzarmenaren indarraldia.

1.– Hitzarmen honek lau urteko indarraldia izango du, sinatzen den egunetik hasita, eta, alderdiek berariaz hala adosten badute, beste lau urtez luzatu ahal izango da, alderdi sinatzaileetako batek amaiera iragartzen ez badu. Hitzarmenaren salaketa idatziz jakinarazi beharko da.

2.– Hitzarmenaren salaketa idatziz egin beharko da, eta ez du eraginik izango hitzarmena egiteko unean egiten ari ziren praktiketan.

3.– Alderdietako batek bere gain hartutako konpromisoak betetzen ez baditu, besteak hitzarmena suntsiaraztea eska dezake. Ez-betetze horren berri eman beharko zaio hitzarmen honetan ezarritako Jarraipen Batzordeari, eta hark ebatzi beharko du bidezkoa den praktika aldez aurretik deuseztatzea, gehienez ere 10 eguneko epean.

Hamazazpigarrena.– Hitzarmena deuseztatzea.

1.– Hitzarmen hau suntsiarazitzat joko da arrazoi hauetakoren batengatik:

a) Hitzarmenaren indarraldia igarota, hitzarmena luzatzea erabaki ez bada.

b) Sinatzaile guztiek ahobatez adostea.

c) Sinatzaileetako batek bere gain hartutako betebeharrak eta konpromisoak ez betetzea.

Kasu horretan, alderdietako edozeinek errekerimendu bat jakinarazi ahal izango dio betetzen ez duen alderdiari, epe jakin batean bete ditzan ez-betetzat jotzen diren betebehar edo konpromisoak. Errekerimendu horren berri emango zaie, hitzarmenaren jarraipena, zaintza eta kontrola egiteko mekanismoaren arduradunari eta gainerako alderdi sinatzaileei.

Errekerimenduan adierazitako epea igarotakoan ez-betetzeak bere horretan badirau, hura zuzendu zuen alderdiak hitzarmena suntsiarazteko arrazoia dagoela jakinaraziko die alderdi sinatzaileei, eta hitzarmena suntsiarazitzat joko da. Arrazoi hori dela-eta hitzarmena suntsiarazten bada, sortutako kalteak ordaindu beharko dira, hala aurreikusi bada.

d) Hitzarmenaren deuseztasuna adierazten duen erabaki judizialaren bidez.

e) Hitzarmenean edo beste lege batzuetan aurreikusitako beste edozein arrazoirengatik.

2.– Bestelakorik erabaki ezean, eta alderdi sinatzaileei eta ikasleei ahalik eta kalte gutxien eginez, hitzarmena iraungitzen edo desegiten den unean egiten ari diren jarduerak berehala amaitutzat joko dira hitzarmenaren indarraldia amaitzen denean edo aurreko paragrafoan arrazoitutako jakinarazpena egiten denean.

Eta aurreko guztiarekin ados daudela adierazteko, aldeek hezkuntza-lankidetzarako esparru-hitzarmen honen bi ale sinatu dituzte, goiburuan adierazitako lekuan eta egunean.

Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia,

MARÍA ÁNGELES ELORZA ZUBIRÍA.

Euskal Herriko Unibertsitateko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko dekanoa,

SIMÓN PEÑA FERNÁNDEZ.


Azterketa dokumentala