Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

118. zk., 2020ko ekainaren 17a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
2359

54/2020 EBAZPENA, ekainaren 8koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita argitara ematea Garapen Teknologiko Industrialerako Zentroarekin sinatutako lankidetza-hitzarmena, Euskadin berrikuntza eta garapen teknologikoa sustatzekoa.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak hitzarmena sinatu duenez gero, zabalkunde egokia izan dezan, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta Garapen Teknologiko Industrialerako Zentroaren arteko lankidetza-hitzarmena, Euskadin berrikuntza eta garapen teknologikoa sustatzekoa. Honen eranskinean dago jasota testu hori.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko ekainaren 8a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

JUAN ANTONIO ARIETA-ARAUNABEÑA IBARZABAL.

ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN ekainAREN 8KO 54/2020 EBAZPENARENA.
HITZARMENA, GARAPEN TEKNOLOGIKO INDUSTRIALERAKO ZENTROAREN ETA EAE-KO ADMINISTRAZIO OROKORRAREN ARTEKOA, EUSKADIN BERRIKUNTZA ETA GARAPEN TEKNOLOGIKOA SUSTATZEKOA

Vitoria-Gasteiz, 2020ko ekainaren 3a.

honako hauek BILDU DIRA:

Alde batetik, Teresa Riesgo Alcaide, Garapen Teknologiko Industrialerako Zentroaren E.P.E. (aurrerantzean, GTIZ) presidente gisa. Zuzenbide publikoko erakundea da zentroa, azaroaren 30eko 8/1983 Legegintzako Errege Dekretuak osatua, eta haren izenean eta hura ordezkatuz jarduten du, erakundearen erregelamendua onartzen duen ekainaren 6ko 1406/1986 Errege Dekretuaren 10. artikuluak ematen dion eskumenaz baliatuta.

Beste aldetik, Estíbaliz Hernáez Laviña, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saileko Teknologia, Berrikuntza eta Lehiakortasuneko sailburuorde gisa, bere izendapena xedatu zuen apirilaren 16ko 248/2013 Dekretuaren bidez egindako izendapenaren babesean jarduten du (EHAA, 79. zk., 2013ko apirilaren 25ekoa), Euskal Autonomia Erkidegoaren izenean eta hura ordezkatuz, Gobernu Kontseiluaren 2019ko ekainaren 11ko Erabakiaren bidez.

ADIERAZTEN DUTE:

Lehenengoa.– GTIZ Zientzia eta Berrikuntza Ministerioari atxikita dagoen enpresa-erakunde publikoa da, eta ekainaren 6ko 1406/1986 Errege Dekretuak arautzen ditu bere zereginak; horren bidez onartu zen, baita ere, zentroaren jarduketa-erregelamendua. Eskumen-tituluak Espainiako Konstituzioaren 149.1.15 artikuluan du oinarria.

Aipatutako Errege Dekretuaren arabera, honako hauek dira, besteak beste, GTIZren funtzioak:

– Lehentasunezko eremu teknologikoak identifikatzea.

– Industriaren eta ikerketa eta garapenaren arloko instituzioen eta erakundeen arteko lankidetza sustatzea.

– Arrisku eta zorira edo kreditu lehenetsien bidez parte hartzea garapen teknologikoko edo diseinu industrialeko programetan eta proiektuetan.

– Berrikuntza teknologikoari laguntzeko kudeaketa- programa bat garatzea.

– kerketa Zientifikoaren eta Garapen Teknologikoaren Plan Nazionalari dagokionez, azpimarratzekoa da Zientzia eta Teknologia Ministerio arteko Batzordearekin elkarlanean aritzeko eginkizuna, helburu izanik Espainiaren parte-hartzea duten nazioarteko programetan itzulkin zientifiko, teknologiko eta industrial egokiak lortzea eta, ikerketa Zientifiko eta Teknikoaren Sustapenari eta Koordinazioari buruzko apirilaren 14ko 13/1986 Legearen 8. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, Batzordeak agintzen dizkionak kudeatzea.

Bigarrena.– 1979ko 3. Lege Organikoak erreformatutako Euskal Autonomia Erkidegoko Estatutuan ezarritakoa betez, autonomia-erkidegoak ikerketa, garapena eta berrikuntza zientifikoaren eta teknologikoaren arloan duen eskumen esklusiboa Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailari dagokio gaur egun, aipatu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 74/2017 Dekretuak ezarritakoaren arabera; zehazki, ikerketa, garapena eta berrikuntza teknologikoa garatzeko eta kudeatzeko eskumenak eta Euskal Autonomia Erkidegoko gizarteari jakintza transferitzekoa ematen zaizkio.

Hirugarrena.– 2007ko urtarrilaren 23an, GTIZren eta EAEko Administrazio Orokorraren arteko lankidetza-hitzarmena sinatu zen, Euskal Autonomia Erkidegoko berrikuntzaren eta garapen teknologikoaren aldekoa, eta bere edukia Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen erregulaziora egokitze aldera, hitzarmen berri hau formalizatzea, lege horretako aginduetara egokituta.

Laugarrena.– Azaldutakoarekin bat, erakunde sinatzaileek interesa daukate lankidetzari eusteko, hala, teknologia eta berrikuntza sustatzeko, hedatzeko eta babesteko jarduketak osatu eta Euskadiko industria-ehuneko baldintza teknologikoak hobetzen laguntzeko; eta hori guztia, honako klausula hauei jarraikiz:

KLAUSULAK

Lehenengoa.– Helburuak.

GTIZk eta EAEko Administrazio Orokorrak –Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren bitartez– erabaki dute era aktiboan aritzea elkarlanean EAEko teknologia eta berrikuntza sustatu, hedatu eta babesteko, eta, ondorioz, oinarrizko helburu hauek lortzeko:

– EAEko ikerketa-erakundeetan eta teknologia-zentroetan garatutako teknologiak transferitzen laguntzea, horiek industrian ustiatzeko.

– EAEko enpresek bai EAEko bai estatu mailako laguntza publikoen programetan proposamen teknologiko berritzaileak aurkez ditzaten bultzatzea.

– GTIZk kudeatzen dituen nazioarteko programetan EAEko enpresen eta gainerako erakundeen parte-hartzea erraztea.

– Bi erakundeek finantzatutako proiektuen bitartez, EAEko enpresek garatutako teknologien hedapena, balorazioa eta transferentzia sustatzea.

Bigarrena.– Jarduketa-plana.

Aurreko klausulan azaldutako oinarrizko helburuak betetzeko, hitzarmen honek GTIZren eta EAEko Administrazio Orokorraren –Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren bitartez– arteko lankidetzarako oinarri orokorrak ezartzen ditu; ondoren, Jarduketa Plana izeneko dokumentu bat egin beharko da, jarduketa zehatzak bilduko dituena.

Jarduketa Plana –bai hasierakoa bai ondoren egin daitezkeenak– egiteaz laugarren klausulan aurreikusita dagoen Batzorde Mistoa arduratuko da, eta hitzarmen hau sinatu duten ordezkariek edo eskuordetzen duten pertsonek onetsi beharko dute.

Hirugarrena.– Lankidetza-eremua.

Bi alderdien arteko lankidetza jarduketa hauen arabera zehaztuko da:

a) Konpromiso komun hauek hartuko dituzte GTIZk eta EAEko Administrazio Orokorrak, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren bitartez:

a.1.– Elkarrekiko aholkularitza, babesa eta informazio-trukea, EAEko enpresa-sektorearen beharrak aintzat hartuta, bai estatu-mailako ikuspegitik baita nazioarteko ikuspegitik ere.

a.2.– Interesgarriak izan daitezkeen I+G+B proiektuak batera finantzatzeko koordinatzea, osagarritasun-mekanismo baten bitartez finantza-bideragarritasuna berma dadin. Horretarako, erakunde sinatzaile bakoitzak, bere aurrekontuaren arabera eta bere barne-arauekin bat etorriz, dauden modalitateen artean egokiena iruditzen zaion finantzaketa emango du.

b) Konpromiso hauek hartuko ditu GTIZk:

b.1.– Laguntza eta babesa ematea EAEko Administrazio Orokorreko Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailari, klausula honetako c.1) apartatuan aipatutako ikerketa, garapena eta berrikuntza teknologikoa sustatzeko jarduketetan, bai eta c.2) apartatuan aurreikusitako zerbitzuetan ere.

b.2.– Klausula honetako c.2) apartatuan azaldutako ondorioetarako GTIZn aurkeztu diren EAEko proiektuen ebaluazio- prozesuaren egoeraren berri ematea EAEko Administrazio Orokorreko Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailari.

c) Konpromiso hauek hartuko ditu EAEko Administrazio Orokorrak, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren bitartez:

c.1.– EAEn ikerketa, garapena eta berrikuntza teknologikoa nahiz finantza-tresnak eta laguntza- zein nazioartekoak– sustatzearekin lotutako jarduera komunak antolatu eta gauzatzea.

c.2.– Enpresei estatu-mailako eta nazioarteko I+G proiektuen proposamenei buruzko aholkularitza-zerbitzua ematea.

Laugarrena.– Batzorde mistoa.

Hitzarmen hau BOEn argitaratzen den egunetik hogeita hamar egun balioduneko epean, Batzorde Mistoa osatu beharko da, gutxienez, alderdi bakoitzeko bi ordezkari eta, gehienez, lau ordezkari izango dituena. Batzorde Mistoak bere funtzionamendu-arau propioak ezarriko ditu; gutxienez urtean behin egingo du ohiko batzarra, eta, ezohikoa egin beharko du alderdietako batek behar bezala justifikatuta eskatzen badu.

Bosgarrena.– Batzorde mistoaren eginkizunak.

Eginkizun hauek dagozkio Batzorde Mistoari:

a) Hasierako Jarduketa Plana planifikatu eta prestatzea, eta, hala badagokio, hurrengo planak ere bai, hitzarmen honetako helburuak betetzeko behar diren lankidetza moduak zehaztuko dituztenak. Jarduketa-planen egitura hitzarmen honen I. eranskin gisa atxiki da.

b) Hasitako ekintzen jarraipena egitea, hitzarmen honetan itundutakoa betetzen dela bermatuta, bai eta hitzarmena interpretatzearen ondorioz alderdiek dituzten auziak ebaztea ere.

c) Gauzatu diren jarduketei buruzko urteko txostena egitea, lortutako emaitzen balorazioa barne hartzen duena.

d) Urteko txostena ikusita, hitzarmena hobetzeko, egokitzeko edo aldatzeko beharrezkotzat jotzen diren proposamenak egitea bi erakundeetako organo eskudunei.

Seigarrena.– Informazioaren konfidentzialtasuna.

Alderdiek hitzarmena garatzeko aurkezten duten informazioa konfidentziala izango da, baldin eta kontrakoa erabakitzen ez badute edo hirugarrenekin egindako akordio eta/edo betebehar legezko zein arautzaileen ondorioz konfidentzialtasun hori bertan behera utzi behar ez bada. Informazioak konfidentziala izaten jarraituko du hitzarmena desegin ondoren ere.

Alderdi bakoitzak konpromisoa hartzen du konfidentzialtasun osoa, sekretu profesionala eta trukatutako informazioa eta datuak ez ezik, sor daitekeen dokumentazioko informazioa ere gordetzeko.

Trukatutako informazioaren konfidentzialtasuna dela eta, debekatuta dago hitzarmen honen xedea ez duen ekintzarik gauzatzea; bereziki, industria-jabetzako eta/edo jabetza intelektualeko eskubideek babesten dituzten dokumentuak, informazioa eta abar, edota informazio estrategikoak zein isilpekoak.

Era berean, konfidentzialtasun horren ondorioz, aipatutako informazioa bere konfidentzialtasun- eta kritikotasun-mailaren arabera tratatu behar da, eta, horretarako, babes fisikoko, logikoko eta bestelako neurriak aplikatu behar dira. Gainera, hitzarmen honen xedea amaitu ondoren informazioa gordetzeko edo suntsitzeko, alderdi bakoitzak ezarritako segurtasun- prozedurei jarraitu behar zaie.

Informazioa hirugarrenei lagatzen bazaie edo eskuratzen badute, informazioa konfidentziala dela jakinarazi eta horren ondoriozko neurrien eta inplikazioen berri eman beharko zaie.

Zazpigarrena.– Datu pertsonalen babesa.

Alderdiek konpromisoa hartzen dute hitzarmenaren indarraldian zehar eta indarraldia amaitu ondoren arau hauetan xedatutakoa betetzeko: 2016/679 Erregelamendua (EB), Europako Parlamentuaren eta Kontseiluarena, 2016ko apirilaren 27koa, datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzko arauak ezartzen dituena eta 95/46/EE Zuzentaraua indargabetzen duena; 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzkoa; eta datuen babesarekin lotura duten estatu mailako nahiz Europako gainerako arauak.

GTIZk eta EAEko Administrazio Orokorrak –Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren bitartez– bermatzen dute datuak bi erakundeek sinatutako hitzarmen hau betetzeko helburuaren barruan lagatzen direla, eta GTIZren eta Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren xedeen barruan egiten dela –alegia, berrikuntza eta garapen teknologikoa sustatzea–. Horrenbestez, datuen lagatzaileak edo lagapen- hartzaileak badira, bermatuko dute laga diren datu pertsonalak dagokion araudiak eskatzen dituen berme legalak, teknikoak eta antolamendukoak betez bildu eta tratatu direla.

Zortzigarrena.– Datuen tratamendua.

GTIZk tratatu, kudeatu eta gordeko ditu hitzarmena sinatzeko erabili diren alderdien datu pertsonalak nahiz GTIZren informazio-sisteman sartzeko baimena duten autonomia- erkidegoetako erabiltzaile posibleen datuak, helburu izanik harremana kudeatzea, garatzea, betetzea eta kontrolatzea, sarbidea ematea eta nahitaez egin behar diren igorpenak egitea. Datuak arau hauetan xedatutakoaren arabera tratatu eta babestuko dira: 2016/679 Erregelamendua (EB), Europako Parlamentuaren eta Kontseiluarena, 2016ko apirilaren 27koa; 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzkoa; eta datuen babesarekin lotura duten estatu-mailako nahiz Europako gainerako arauak.

Datuen titularrak edo titularrek datu pertsonalak eskuratzeko, zuzentzeko, ezabatzeko, datuen erabilera mugatzeko eta aurka egiteko eskubidea izango dute. Horretarako, GTIZrekin harremanetan jarri beharko dira, idatziz, dpd@cdti.es helbide elektronikoaren bitartez, «Derecho RGPD» erreferentziarekin, edo egoitza sozialean: Cid kalea 4 (28001 Madril). Datuak Babesteko Espainiako Agentzian datuak tratatzeari buruzko erreklamazioa aurkezteko eskubidearen berri emango zaie, eta harreman juridikoa mantentzeko beharrezkoa den denboran zehar datuak gordetzeari eta harremana arautzen duten legezko epeei buruzko informazioa emango diete.

Bederatzigarrena.– Hitzarmenaren aldaketa eta interpretazioa.

Hitzarmena indarrean dagoen bitartean, alderdiek berariaz erabakitzen badute, hitzarmena aldatu ahal izango da, eta aurreikusitako helburuak lortzeko egokitzat jotzen diren hobekuntza-proposamenak txertatzeko, dagokion eranskina sinatu beharko dute.

Hitzarmena interpretatzearen ondorioz alderdiek dituzten bat ez etortzeak ados jarrita ebatzi beharko dituzte, Batzorde Mistoaren barruan. Alderdiak ados jarri ezin badira, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legean xedatutakoaren arabera ebatziko dira aipatu desadostasunak.

Hamargarrena.– Hitzarmena indarrean jartzea eta iraupena.

Hitzarmen honek lau urte iraungo du. Hala ere, aurreikusita dagoen lau urteko epea amaitu aurretik, alderdiek aho batez hitzar dezakete beste lau urteko epe baterako luzatzea.

Indarrean jarriko da Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta Estatuko sektore publikoko Lankidetzako Organo eta Tresnen Estatuko Erregistro Elektronikoan inskribatzen denean. Aldez aurretik, eta aukeran, beste administrazio sinatzaileari dagokion autonomia-erkidegoko aldizkari ofizialean argitaratu ahal izango da.

Hamaikagarrena.– Hitzarmena iraungitzea eta deuseztapena eskatzea.

Lehen azaldutakoa alde batera utzi gabe, alderdiek hitzarmenaren deuseztapena eskatu ahal izango dute. Horretarako, deuseztapena eskatzen duen alderdiak idatziz jakinarazi beharko dio beste alderdiari, gutxienez, hitzarmena amaitu baino hiru hilabete lehenago.

Hitzarmen hau bere xede diren jarduketak betetzean edo suntsipen-arrazoi hauetako bat gertatzean suntsituko da:

a) Hitzarmenaren indarraldia amaitu ondoren indarraldi hori luzatzea ez erabakitzea.

b) Sinatzaile guztien ahobatezko erabakia.

c) Sinatzaileetako batek bere gain hartutako betebehar edo konpromisoak ez betetzea. Kasu honetan, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 51.2.c) artikuluan xedatutakoa beteko da.

d) Hitzarmenaren deuseztasuna deklaratzen duen erabaki judiziala.

e) Aurrekoak ez diren beste arrazoi guztiak, hitzarmenean edo beste lege batzuetan aurreikusita badaude.

Hitzarmen honetan aurreikusitako Batzorde Mistoak beharrezkotzat jotzen diren neurriak hartuko ditu, indarraldiaren amaierarekin zerikusia ez duten arrazoi batzuengatik hitzarmena suntsituz gero, gauzatzen ari diren jarduketak burutzeko modua erabakitzeko, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 52.3 artikuluan aurreikusitakoarekin bat etorriz.

Hamabigarrena.– Izaera eta araubide juridikoa.

Hitzarmen honek izaera administratiboa du, eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen atariko tituluaren VI. kapituluan xedatutakoari jarraituz arautuko da.

Eta, ados daudela erakusteko, hitzarmen honetako bi ale sinatzen dituzte.

Euskal Autonomia Erkidegoaren izenean,

ESTÍBALIZ HERNÁEZ LAVIÑA.

Garapen Teknologiko Industrialerako Zentroaren izenean (GTIZ),

Teresa Riesgo AlcaidE.

EUSKAL AUTONOMIA-ERKIDEGOAN BERRIKUNTZA ETA GARAPEN TEKNOLOGIKOA SUSTATZEKO HITZARMENAREN ERANSKINA
JARDUKETA-PLANAREN EGITURA

Jarduerak:

1.– Elkarrekiko aholkularitza, babesa eta informazio- eta prozedura-trukea.

Jarduketa-planak zehaztasunez deskribatuko ditu ondokoak: aholkularitza arloko lankidetza modalitateak, komunikaziorako eta informazioa trukatzeko ezarritako bideak eta elkarri bidaltzea aurreikusten den txostenen gutxieneko edukia eta maiztasuna. Hurrengo puntu guztietan bezala, alderdi bakoitzaren zereginak eta elkarrekin egingo diren jardueren gastuen banaketa ere zehaztuko dira.

2.– Jarduketak finantzatzeko koordinazioa.

Jarduketa-planaren giltzarrietako bat helburuen kuantifikazioa izango da, Autonomia Erkidegoan mobilizatzea aurreikusten den proiektuen proposamen kopuruari dagokionean. Proposamen horiek GTIZk kudeatzen dituen estatuko programetara aurkeztuko dira. Helburu horiek erdiesteko jarduera-ildoak hauek dira:

2.1.– Osagarritasuna laguntzetan.

2.2.– Kofinantzaketa.

2.3.– Definitu beharrekoa.

3.– I+G+b proiektuak hartzea nazioartean.

Jarduketa-planaren giltzarrietako bat helburuen kuantifikazioa izango da.

Autonomia Erkidegoan mobilizatzea aurreikusten den proiektuen proposamen kopuruari dagokionean. Proposamen horiek GTIZk kudeatzen dituen nazioarteko programetara aurkeztuko dira. Helburu horiek erdiesteko jarduera-ildoak hauek dira:

3.1.– Proposamenak sustatzea eta kudeatzea Europar Batasuneko Ikerketa eta Berrikuntzako Esparru- programan (Horizontea 2020) edo hori ordezkatuko duen Programan.

3.2.– Kanpo-sarearen zerbitzuak.

3.3.– Definitu beharrekoa.

4.– Sustapena.

Aurreikusi diren helburuak lortzeko, beharrezkoak diren sustapeneko jarduerak zehaztuko dira, horien artean osagarriak izan ahalko dira: enpresetara bisitak, zabalkunderako jardunaldi eta mintegiak antolatzea, sektoreko azoketan parte hartzea, aldizkako informazio-argitalpenak edo interesgarria izan daitekeen beste edozein bide. Jarduketa-planean jarduera hauen egutegi-programa ere zehaztuko da.


Azterketa dokumentala