Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoa

Euskadi.eus

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

116. zk., 2020ko ekainaren 15a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

SPRI - ENPRESEN GARAPENERAKO EUSKAL AGENTZIA
2327

EBAZPENA, 2020ko maiatzaren 28koa, SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako zuzendariarena, zeinaren bidez onartzen eta argitaratzen baitira 2020ko «Innobideak» laguntza-programa arautzen duten oinarriak, eta horietarako deialdia egiten baita.

SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren menpeko zuzenbide pribatuko erakunde publikoak, hainbat ekintza egiten ditu bultzada bat emateko Euskal Autonomia Erkidegoko industria eta enpresen jarduerari, inbertsioari, garapenari, industria arloko dibertsifikazio eta lehiakortasunari, berrikuntzari, nazioartekotzeari, Informazioaren eta Ezagutzaren Gizarteari eta enpresen ekintzailetzari.

Zentzu horretan, SPRIk hainbat ekintza garatzen ditu Euskadiko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planean (PCTI 2020) jasotako helburuak betetzeko. Ekintza horien artean aipatzekoak dira enpresen lehiakortasuna hobetzea helburu duten laguntza-programak.

Ondorioz, laguntza-programa hau diseinatu da enpresen lehiakortasuna hobetuko duten ekintzak sustatzeko, produktu, zerbitzu edota merkatuko dibertsifikazio handiagoa lortzeko balioko duten proiektuak bultzatuz.

Adierazitako guztiarengatik, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren Estatutuak onartzen dituen eta, beraz, SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren organo nagusien funtzioak arautzen dituen azaroaren 13ko 160/2018 Dekretuan ezarritakoaren arabera, 2020 «Innobideak» laguntza-programari dagozkion oinarri arautzaileak eta deialdia onartzea, zeintzuen edukia atxikita baitago Ebazpen honen Eranskinean.

Bigarrena.– Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 49.2 artikuluari jarraikiz, 2020 «Innobideak» laguntza-programaren oinarri arautzaileak onartzen dituen ebazpen hau osorik argitaratzea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.

Hirugarrena.– Ebazpen honen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa jar dakioke SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren zuzendari nagusiari, hilabete bateko epean, ebazpen hau argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, edo zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke, administrazioarekiko auzi-epaitegietan, bi hilabeteko epean, ebazpen hau argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

Bilbao, 2020ko maiatzaren 28a.

SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako zuzendari nagusia,

ALEXANDER ARRIOLA LIZARRITURRI.

ERANSKINA
2020KO INNOBIDEAK LAGUNTZA-PROGRAMAREN OINARRI ARAUTZAILEAK

Euskal ekonomiak azken hamarkadetan izan duen eraldaketa eta modernizazioa -EBko batez bestekoaren gainetik dauden ekonomiaren hazkunde eta enplegu tasekin- bortizki eten da COVID-19 birusak mundu osora zabaldu duen pandemiarengatik. Egoera horretan, Euskadiko Administrazio Publikoek presazko neurriak hartu behar dituzte, berriz ere hazkunde fase batean sartzeko ahalik eta azkarren, eta Euskadiren lehiakortasun-posizioa indartzeko.

Bukatu berri den zikloan, enpresa askok garatu dituzte testuinguru batetik bestera pasatzeko aukera eman dieten gaitasunak, hots, prozesuak hobetuz eta kostuak murriztuz eraginkortasun operatiboa lortzetik arrakastaz lehiatzera pasatzeko baliatu dituztenak, horrekin batera finkatuz bereizketarako eta berrikuntzarako estrategiak. Euskadi bere egitura dibertsifikatzen ari da pixkanaka, eta apustua egin du etorkizunean eskaera izango duten sektoreen alde, dagoeneko badagoelarik ezagutza-oinarri erreal bat arlo horietan, eta egoera honetan ezin dugu galdu kapital hori.

Agertu zaigun paradigma berrian kapital hori mantentzeko erronkari aurre egiteko asmoz, Administrazio Publikoek beharrezko talka-neurriak hartu dituzte, neurri horien bidez enpresa-sarea jasaten ari den kalteak arintzeko epe laburrean.

Gainera, enpresa-sareak aldaketa esanguratsuak (askotan erradikalak) egin beharko ditu ikuspegi holistiko batetik, eta aldaketa horiek euren negozio-prozesuak aldatuko dituzte eta eragina izango dute negozioaren funtzio gehienetan (ondasun eta zerbitzuen produkzioa, marketina eta salmentak, administrazioa eta kudeaketa...).

Ekintza horien ondorioz, negozio-prozesu berriak edo hobetuak sortuko dira negozioaren funtzio batentzat edo gehiagorentzat, lehendik garatzen ziren negozio-prozesuetatik oso desberdinak izango direnak. Osloko Eskuliburuak prozesu horiek guztiak jaso ditu bere 2018ko edizioan, «negozio-prozesuetako berrikuntzaren» ikuspegitik.

Beraz, ikuspegi estrategiko horretatik, eta oinarritzat hartuz aipatutako ekintzak, enpresek euren epe ertain/luzeko etorkizuna argitu behar dute Talka-planak eta Negozioaren Jarraipen- edo Berrabiarazte-planak ezarriz, horien bitartez arrakastaz iristeko etorkizuneko eszenatoki berrietara.

Bide hori egiteko beharrezkoa izango da estrategiak inplementatzea modu eraginkorrean, metodo bati jarraituz, zorroztasunez eta erritmoz. Ikuspegi estrategiko batetik konpainien gaitasunak eta baliabideak ordenatu, arrazionalizatu, lehenetsi eta, ondorioz, optimizatzeko balioko duten ezagutzak eta metodoak erabiliz, aukerak identifikatu beharko dira, eta Administrazioek enpresen esku jarri dituzten tresnak erabili beharko dira ahalik eta modu eraginkorrenean.

Horrez gain, antolakundeen kudeaketa-estiloan aurrera egitea funtsezkoa izango da Talka-planetan eta Negozioaren Jarraipen- edo Berrabiarazte-planetan jasotako ekintzak inplementatzeko eta markatutako helburuak lortzeko. Hala, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak, Kudeabide programaren bitartez, arrakasta handiz sustatzen du Kudeaketa Aurreratuko Ereduen ezarpena enpresetan.

Azkenik, Talka-planek, Negozioaren Jarraipen- edo Berrabiarazte-planek eragin handia izango dute Administrazioarekin eta Kudeaketarekin lotutako negozio-funtzioetan, eta batez ere Pertsonen Kudeaketari dagokionean: pertsonen kudeaketako eredu berriak eta eszenatoki berrian izango duten papera definitzea funtsezkoa izango da enpresa proiektuen bilakaeran.

Hala, Innobideak programaren helburua da parametro horiek indartzea, ahaleginak honelako proiektuetara bideratzea eta enpresek egoera honetan izango dituzten premientzako erantzunekin osatzea, euren negozio-ereduak egokitzea eta tamaina indartzea.

Innobideak programa sortu zen premia ikusi zelako euskal enpresen lehiakortasuna mantentzeko, batez ere ETEena. Helburu hori lortu nahian, laguntza emango zaie egungo egoerak dakartzan erronkei aurre egin eta oinarri sendo batzuk ezartzeko, euskal enpresak lehiakorrak izan daitezen testuinguru disruptibo batean.

1. artikulua.– Laguntzen xedea eta izaera.

1.– Xedea.

Innobideak programaren helburua da babesa ematea hiru ildo hauen bitartez gauzatzen diren ekintzei: Innobideak-Lehiabide (Talka-planak eta Negozioaren Jarraipen- edo Berrabiarazte-planak, negozio eredu berrien garapena, berrikuntzako proiektuak, tamaina handitzeko proiektuak, eta trakzio enpresen eta beren hornitzaileen artean lankidetzak garatzeko proiektuak), Innobideak- Pertsonak (langileen enpresako parte hartzea bultzatzeko eta pertsonen kudeaketako eredu berrietarantz aurrera egiteko proiektuak, enpresako kudeaketaren edota jabetzaren ondorengotza planifikatzeko proiektuak, eta lantaldeek 4.0 industriako teknologia berri eta bideratzaileak txertatzeko behar dituzten gaitasunak identifikatzeko proiektuak) eta Innobideak-Kudeabide (enpresen kudeaketa hobetzeko proiektuak).

Oinarri hauen bidez finkatzen dira programaren ildo bakoitzeko baldintzak eta haietan parte hartzeko prozedura.

2.– Laguntzen izaera:

a) Programa hau gauzatzerakoan eta ebazterakoan, publizitatearen, lehiaren eta objektibotasunaren printzipioak bete behar dira.

b) Laguntza hauek aitortuko dira egoki jasotako eskaeren hurrenkerari jarraituz. Beraz, eskaerak banaka eta modu ordenatuan ebatziko dira, eskaera bakoitza oinarri hauetan eskatutako dokumentazio guztiarekin egoki bete den unearen arabera.

c) Programa honen bidez ematen diren dirulaguntzak itzuli beharrik gabeko fondo galdurako dirulaguntzak dira.

d) Programa honen barruan emandako dirulaguntzek ez dute lotura zuzenik esportatutako kopuruekin, banaketa sare bat sortu eta ustiatzearekin, edo esportazio jarduerarekin lotutako beste gastu arrunt batzuekin.

2. artikulua.– Terminoak eta definizioak.

Programa honen ondorioetarako, honako definizio hauek finkatzen dira:

1.– Talka-planak, Negozioaren Jarraipen- edo Berrabiarazte-Planak: krisi egoera baten aurrean, antolakunde baten jarraipena bermatzen duten ekintzak dira, eta ikuspegi holistikotik eta antolakundearen funtzio guztietan garatzen dira: ondasun eta zerbitzuen produkzioa, banaketa eta logistika, marketina eta salmentak, informazio eta komunikazio sistemak, administrazioa eta kudeaketa, eta produktuaren eta negozio-prozesuen garapena.

2.– Negozio eredua. Antolakunde baten irudikapen abstraktua, testuzkoa nahiz grafikoa, non jasotzen diren antolakunde horrekin erlazionatutako kontzeptu guztiak, finantzazko akordioak, eta helburu eta jomuga estrategikoetara iristeko beharrezko diren ekintza guztietan oinarriturik antolakundeak eskaintzen edo eskainiko dituen produktu edo zerbitzuen portfolio zentrala.

3.– Kudeaketa edota jabetzaren ondorengotza. Kudeaketan: enpresak prozesu honen bidez identifikatzen du noiz erretiratzen edo irteten den enpresatik funtsezko kolaboratzaile bat eta noiz ordezkatu behar den. Jabetzan: enpresa edo lantoki baten edo enpresako produkzio-unitate autonomo baten titulartasuna aldatzea.

4.– 4.0 industria: teknologia adimendunak sartzea euskal enpresa eta industrien bitartekoetan eta produkzio sistemetan, gaitasun eta teknologia gorakor berriak aprobetxatzea produktu eta prozesu berrietan, material aurreratuak txertatzea balio erantsi handiagoko konponbide edo prozesu hobetuetan, erabiltzen diren baliabideen eraginkortasuna eta sostengarritasuna zaintzea, eta balio erantsi handiko zerbitzuak integratzea.

5.– Enpresaren tamaina. Dibertsifikazio-estrategia garatu ondoren erdietsitakoa eta bide hauetakoren batetik lortua: enpresak erosiz (jarduera adarren bidez, kapital sozialean parte hartuz, beste enpresa batzuekin bat eginez edo beste enpresa batzuengandik bereiziz) edo joint venture bat osatuz (sozietate berri bat sortuta edo sortu gabe), baliozkoak direlarik aurreko bien artean eginiko operazio bikoitzak. Ez dira kontuan hartuko enpresen aldi-baterako bat-egiteak, partaidetzako kontuak, ez eta irabazi asmorik gabeko erakundeak.

6.– Trakzio enpresa. Konpainia handia, jarduera ekonomiko zentro batekin Euskal Autonomia Erkidegoan, jarduera ekonomiko globala duena.

7.– Kudeaketa aurreratuko hasierako kontrasteari buruzko txostena. Euskalitek egindako txostena, enpresa kudeaketa aurreratuaren arloan non kokatzen den adierazten duena, betiere, kudeaketa aurreratuko eredua erreferentziatzat hartuta.

8.– Ekintza plana. Enpresak eginiko txosten honetan azaltzen dira zeintzuk diren kudeaketa aurreraturantz abiatzeko aurreikusi dituen ekintzak, betiere bat etorriz hasierako kontrasteari buruzko txostenean emandako ondorioekin.

9.– Kudeaketa Aurreratuko Eredua. Organismo eta erakunde anitzen adostasunetik sortutako erreferentziazko eredua da, eta kudeaketaren hobekuntza lantzen du sei ardatz edo elementutan oinarrituta: 1) Estrategia, 2) Bezeroak, 3) Pertsonak, 4) Gizartea, 5) Berrikuntza, 6) Emaitzak.

10.– Kudeaketaren diagnostikoa. Antolakunde baten kudeaketa ebaluatzeko prozesua, Euskalit-ek sustatutako Kudeaketa Aurreratuko Ereduko baldintzekin alderatuta. Berdin onartuko dira Enpresaren Plan Estrategikoa edo Urteko Kudeaketa Plana, beti ere jasota badute dirulaguntzaren xede den proiektua.

11.– Proiektuaren memoria teknikoa eta ekonomikoa. Erakunde eskatzaileak egindako txostena, puntu hauek baloratzeko behar adinako informazioa jasoko duena:

a) Programaren helburuekin bat etortzea.

b) Proiektuko eginbeharrak egokiak izatea ezarritako helburuak lortzeko.

c) Emaitzetatik espero den eragina.

d) Talde sustatzailea eta kanpoko taldea bat etortzea (kanpoko taldearen erreferentziak antzeko proiektuetan, lanbide-esperientzia, taldekideen kopurua eta trebakuntza).

e) Proiektuaren kudeaketa eredua eta metodologia, eta esleitutako baliabideei egokitzea.

12.– Sektore, enpresa edo lurralde eremuetako agenteak. Baldintza hauek betetzen dituztenak:

a) Egoitza soziala Euskal Autonomia Erkidegoan duten eta jarduera bertan garatzen duten kluster aitortuak edo agente sektorialak izatea.

b) Eskualde-, toki- edo probintzia-garapeneko Agentziak, honako baldintza hauek betetzen dituztenak:

1) Egoitza soziala Euskal Autonomia Erkidegoan izatea eta jarduera bertan garatzea.

2) Herri-interesekoak diren xede eta jarduerak izatea, eta, oro har, ekonomia bultzatzea eta/edo geografia-eremu edo sektore bereko enpresen lehiakortasuna hobetzea, eta euren helburuen artean egotea euskal enpresa-sarearen kapilartasuna areagotzea eta sektore guztietako ahalik eta enpresa gehienei berrikuntza eta lehiakortasun programetara (euskal administrazio publikoarenetara) sartzeko erraztasunak ematea.

3) Irabazi-asmorik gabeko erakundea izatea eta bere kapitalaren gehiengoa publikoa izatea.

c) Lurralde-mailako agentetzat hartuko dira, baita ere, enpresak sustatzeko eta haien lehiakortasuna hobetzeko eginkizuna duten toki-erakundeak.

13.– Eskaintza-eskariko bitartekaritza eragileak: Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko Eragileen Erregistroan inskribatutako erakundeak, bitartekaritza-lanak egiten dituztenak enpresen (batez ere ETEen) eskaintza eta eskari teknologikoaren artean, I+G-ren balio kate osoan zehar.

14.– Lanbide Heziketako Institutuak. Euskal Autonomi Erkidegoko ikastetxe publikoak edo pribatuak, Lanbide Heziketako Tituluak edota Profesionaltasun Ziurtagiriak lortzeko prestakuntza eskaintzen dutenak.

3. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

1.– Programa honen xederako, hots, dirulaguntzak emateko erabiliko diren baliabide ekonomikoak 3.000.000 eurorainokoak dira, eta, SPRI – Agencia Vasca de Desarrollo Empresarialek bere aurrekontuetan horretarako sortutako zuzkiduretakoak izango dira, zeintzuk sartuta baitaude Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan.

2.– Programarako funtsak agortzen badira, programari amaiera emango zaio, eta horren berri emango du SPRIren zuzendari nagusiak sozietatearen web orrian (www.spri.eus) eta EHAAn argitaratuko den ebazpen baten bidez.

3.– Behin aurrekontu-kreditua bukatuta, ezingo da beste dirulaguntzarik eman eta, hori dela eta, aurkeztu diren baina ebazteke dauden eskaerak ezetsi egingo dira.

4. artikulua.– Erakunde onuradunak.

Hauexek dira erakunde eskatzaileek bete beharko dituzten baldintzak dirulaguntzaren onuradun izateko:

1.– Baldintza espezifikoak:

a) Jarduera ekonomikoko zentro bat edukitzea Euskal Autonomia Erkidegoan, b.– atalean azaldu bezala; diruz lagundutako jarduera bertan garatuko da, eta aurkeztutako proiektuak bertan izango du eragina.

b) Jarduera hauetako bat egitea: industria arlokoa, erauzketakoa, eraldaketakoa, ekoizpenekoa, aurreko horien produkzio prozesuari lotutako zerbitzu teknikoetakoa, informazio- eta komunikazio-gizartearen arloekin lotutakoa, logistikakoa (garraioa izan ezik), eta diseinu industrial, ikus-entzunezko, bideo-joko eta moda sektoreei dagozkien sormen industrietakoa, baldin eta beren Jarduera Ekonomikoa jasota badago programak susta ditzakeen EJZen zerrendan. Zerrenda hori eskuragarri dago SPRIren web orrian (www.spri.eus).

Faktore hori baloratzeko, kontuan hartuko da Jarduera Ekonomikoen Zergan altan emanda dagoela egiaztatzen duen agiria eta gorago aipatutako EJZ zerrenda.

c) Dirulaguntza eskaera aurkeztu aurreko 12 hilabeteetan, gutxienez honelako batez besteko plantilla izatea kasu hauetako bakoitzerako:

(Ikus .PDF)

Langile-kopurua kalkulatuko da urteka eta lanaldi osoa kontuan hartuta. Gizarte Segurantzako Diruzaintza Nagusiaren «Alta egoeran dauden langileen batez besteko plantillari buruzko txostena» erabiliko da baldintza hori baloratzeko. Halaber, plantillako langiletzat joko da enpresaren jarduerari lotutako langile autonomoa, baldin eta, bere egoera dela medio, ezin bada alta emanda egon Gizarte Segurantzaren Erregimen Orokorrean.

d) Horrez gain, Innobideak Kudeabide ildora aurkezten diren proiektuek honako hauek hartu behar dituzte barne: Talka-plana, Negozioaren Jarraipen- edo Berrabiarazte-plana, kudeaketa aurreratuko hasierako kontrasteari buruzko txostena (Euskalitek egina) edo eskatutako proiektua behar bezala kokatzen eta justifikatzen duen kudeaketa-diagnostikoa.

2.– Baldintza orokorrak:

a) Egunean egotea Ogasunarekiko, bere kolaboratzaileekiko eta Gizarte Segurantzako Diruzaintza Nagusiarekiko zerga betebeharretan, eta baita ere Eusko Jaurlaritzarekiko dauzkaten betebeharretan, eta ez daukala iraungitako, erreklamatutako edo ordaindu gabeko zorrik SPRI Taldeko ezein entitateekin.

b) Egoera hauetakoren batean ez egotea (erantzukizunezko aitorpenak aurkeztu beharko dira):

i) Dirulaguntza publikoak lortzeko edota Euskal Autonomi Erkidegoko Administrazioarekin kontratatzeko legezko debekua edo gaitasun gabetzea izatea, baita Emakume eta Gizonen Berdintasunerako Legearen arabera sexuagatiko bazterkeriak eragindakoak ere.

ii) Laguntzak berreskuratzeko agindu baten menpe egotea, Europako Batzordeak aurretiaz erabaki badu laguntza bat legez kanpokoa eta barne merkatuarekin bateraezina dela.

iii) Legegintzako 1/1997 Dekretuaren 50. artikuluko egoeretan eta 38/2003 Legearen 13. artikulukoetan egotea, zeinaren ondorioz ezin baita laguntzen onuradun izan.

iv) 200.000 eurotik gorako minimis laguntza bat jaso izana, oraingo dirulaguntza kontuan izanda, oraingo zerga-ekitaldia eta aurreko biak aintzat hartuta. Baldin eta enpresa onuradunak besteren konturako garraio operazioak egiten baditu errepideko garraio-sektorean, gehiengo hori 100.000 eurora jaitsiko da. Beste laguntza batzuekiko metatze-arauak programaren 9. artikuluan daude zehaztuta.

v) Agintaritza eskudunak egiaztatzea ezen erakunde horrek lehia galarazten, murrizten edo faltsutzen duten jarduerak egiten dituela.

vi) Armak egiten, merkaturatzen eta finantzatzen aritzea, betiere abenduaren 28ko 14/2007 Legean, Herrialde Txirotuekiko Justizia eta Elkartasunerako Gutunari buruzkoan, ezarritakoari jarraikiz.

vii) Bere jarduera garatzea sektore hauetakoren batean: (i) arrantza eta nekazaritza, (ii) nekazaritzako produktuen lehen mailako produkzioa, eta (iii) nekazaritza produktuen eraldaketa eta merkaturatzea, 1407/2013 Araudiaren 1.1(c) artikuluan aurreikusitako kasuetan.

c) Enpresa onuradunek ezingo dituzte oraindik bete gabe izan edozein administraziotatik edo sektore publikoko edozein erakundetatik jasotako laguntza edo dirulaguntzei dagozkien zenbatekoak itzultzeko betebeharrak. Ezingo dute, halaber, deialdi honetan parte hartu zehapen-prozedura batean zehapen irmo bat jaso dutenek (betiere, laguntza publiko batetik datorren zehapena bada), edo horrelako programetan lehiatzea galarazten duten zehapenak dituztenek, baldin eta zehapena betetzen ari badira. Erakunde eskatzailea dirua itzultzeko prozedura batean edo mota horretako zehapen-prozedura baten barruan badago, horren emaitza ikusita emango -edo, hala badagokio, ordainduko- da laguntza.

d) Erakunde onuradunek ezin dute eskaturik izan borondatezko konkurtsorik, ezin dute kaudimengabetzat joak izan prozedura batean, ez eta konkurtsoan egon (ez bada hitzarmen bat indarrean sartu dela konkurtsoaren barruan), esku-hartze judizial batean egon edo uztailaren 9ko 22/2003 Konkurtso Legearen arabera desgaituak izan, konkurtsoko kalifikazio-epaian finkatutako desgaitze-aldia amaitu gabe egonik.

3.– Laguntza-eskaerak aurkezten diren unetik likidaziora arte, laguntzen onuradun izateko baldintzak bete beharko dira.

5. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak.

1.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak izango dira:

a) Innobideak Lehiabide ildoan:

i) SARS-Cov-2 birusak mundu osoan eragindako krisia dela eta, Talka-planak eta Negozioaren Jarraipen- edo Berrabiarazte-planak egitea eta ezartzen laguntzea.

Talka-planek eta Negozioaren Jarraipen- edo Berrabiarazte-planek bere baitan hartuko dute, besteak beste, ibilbide bat, ikuspegi holistikotik eta ekintzaren irismenaren arabera, gai izango dena antolakundeen barruan gogoeta eta ebaluazio prozesu bat irekitzeko (ingurunearen analisian eta barneko diagnostikoan sostengatua). Gogoeta horren bitartez finkatuko den Jarraipen Estrategiak ekintza-plan bat izango du oinarritzat, eta ekintza-plan hori inplementatu egingo da eta jarraipena ere egingo zaio.

ii) Berrikuntza proiektuak egitea, bakarka edo lankidetzan, arlo hauetan:

– Produktua (ondasunak edo zerbitzuak): aukera ematen dutenak enpresak lehenago eskaintzen zituen ondasun edo zerbitzuetatik oso desberdinak diren ondasun edo zerbitzu berriak edo berrituak lortzeko eta produktu horiek merkatuan sartzeko.

– Negozio-prozesuak: aukera ematen dutenak enpresak lehenago negozioaren funtzio bat edo gehiagorentzat zeuzkan negozio-prozesuetatik oso desberdinak diren negozio-prozesu berriak edo hobetuak lortzeko eta prozesu horiek enpresan inplementatzeko.

Hona hemen aipatutako tipologia bakoitzaren adibide batzuk, zerrenda hau ez baita mugatzailea:

(Ikus .PDF)

iii) Enpresaren tamaina handitzeko proiektuak edota enpresen arteko lankidetza proiektuak egitea.

Adibide gisa, hona hemen proiektu-eredu batzuk, ez baita zerrenda mugatzailea:

(Ikus .PDF)

iv) Konpainiaren Negozio Eredua eraldatzeko proiektuak, bakarka edo lankidetzan eginak.

b) Innobideak Kudeabide ildoan, diruz lagundu daitezkeen proiektuek helburutzat izango dute enpresaren kudeaketa hobetzea, horretarako espreski garatuko direlarik enpresek SARS-Cov-2 birusak eragindako krisiaren ondorioei erantzuteko eginiko Talka-planetan eta Negozioaren Jarraipen- edo Berrabiarazte-planetan nahiz EUSKALITek sustatutako Kudeaketa Aurreratuko Ereduan jasotako ekintzak, hiru faseko prozesu bati jarraikiz: kontrastea eta ekintza plana (1. fasea), proiektu pilotuak (2A fasea) eta sendotze-proiektuak (2B fasea), nahiz enpresak berak eginiko kudeaketa-diagnostikoan. Prozesu osoaren azalpena aurki daiteke www.kudeabide.com web orrian.

Diruz lagungarriak diren jarduerak izango dira Talka-planari eta Negozioaren Jarraipen- edo Berrabiarazte-planari, kudeaketa aurreratuko hasierako kontrasteari buruzko txostenari edo kudeaketa-diagnostikoari erantzuten dioten sendotze-proiektuak (2B fasea), enpresari jarraian adierazten diren eremu hauetan aurrera egiten eta hobetzen lagunduko dioten metodologia eta tresnak aplikatzera eta ezartzera bideratuta daudenak:

i) Estrategia. Beharrezko informazio estrategikoa izatera eta hausnarketa-prozesu parte-hartzaileak egitera bideratutako proiektuak izango dira. Gerora behar bezala hedatua eta jakinarazia izango den estrategia bat ezarriko da, zeinaren zerbitzura kudeatuko baitira baliabide ekonomiko-finantzarioak, teknologia eta informazioa.

ii) Bezeroak. Bezeroekiko harremanak eta balio katearen elementu guztien efizientzia (hasi produktuen eta zerbitzuen garapen eta merkaturatzetik, horien ekoizpen, banaketa eta mantenimenduraino) sustatzen duten proiektuak izango dira, enpresa-estrategian garrantzia handia izango dutenak.

iii) Pertsonak. Hautaketa- eta ordainketa-prozesuak, ezagutzaren garapena, eskumenak eta lidergo-gaitasuna –enpresa-estrategiarekin bateratuta– hobetzera bideratutako proiektuak izango dira.

iv) Gizartea. Konpainiaren gizarte-zereginera bideratutako proiektuak izango dira (betiere haren gaitasunekin bat etorriz), eta, horretaz gain, ingurumenaren iraunkortasunari laguntzeko neurriak sustatzera bideratutakoak.

v) Berrikuntza. Arlo honetako proiektuen xedea da berritzeko helburu eta estrategiak definitzea eta barne-testuinguru bat sortzea; testuinguru horretan pertsonek arriskuak hartu, ekintzailetzan jardun eta berritu egingo dute eta inguruko potentzial berritzailea baliatuko dute, betiere, berrikuntzarako ideia eta proiektuak modu eraginkor eta efiziente batean kudeatuta.

vi) Emaitzak. Bezeroetan, pertsonetan, gizartean eta berrikuntzan dauden emaitza estrategikoak neurtzeko, ebaluatzeko eta kontrolatzeko mekanismoak sortzea ahalbidetuko duten proiektuak izango dira.

c) Innobideak Pertsonak ildoan,

i) Enpresek SARS-Cov-2 birusak eragindako krisiaren ondorioei erantzuteko eginiko Talka-planetan eta Negozioaren Jarraipen- edo Berrabiarazte-planetan jasotako ekintzak, zeintzuen bidez pertsonen kudeaketa-eredu berriak eta eszenatoki berrian izango duten papera definituko baitira.

ii) Enpresa proiektua kide guztien artean hobeto banatzea helburutzat duten ekintzak, ahalegina eginez jarraian adierazitako helburuetako bat (edo biak) lortzeko.

– Antolakundeko kideek gehiago parte har dezatela enpresaren kudeaketan, emaitzetan edota jabetzan.

– Aurrera egitea «pertsonen kudeaketa» eredu berrietarantz, zeintzuek oinarritzat izango baitute gardentasuna, konfiantza, egonkortasuna, barne-kolaborazioa edota malgutasuna handitzea.

iii) Hausnarketa proiektuak, laguntza emateko enpresei kudeaketaren edota jabetzaren ondorengotza modu ordenatuan planifikatzeko.

iv) Konpainietako lantaldeek 4.0 Industriako teknologia berri eta bideratzaile digitalak txertatzeko behar dituzten gaitasunak identifikatzeko eta lehenesteko proiektuak.

2.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak laguntza-eskaeraren aurkezpen elektronikoa egin eta gero abiaraziko dira, deialdiaren urte naturalaren barruan; gehienez hamabi hilabeteko epean ezarri beharko dira, hasierako laguntza-eskaeran adierazitako proiektuaren hasiera-egunetik kontatzen hasita eta, nolanahi ere, gauzatuta egon beharko dute 2021eko urriaren 15a baino lehen.

Horretaz gain, tramitaziora onartuko dira 2020ko urtarrilaren 1etik aurrera hasitako proiektuen laguntza-eskaerak, baldin eta eskaera aurkeztean aribidean badaude, eta betiere, eskaerak oinarri hauek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta bi hilabeteko epean aurkezten badira.

3.– Proiektuak Euskadiko jarduera zentroetan, gutxienez, gauzatu eta ezarri beharko dira.

4.– Programa honen esparruan emandako dirulaguntzek ezin dute baldintza bezala jarri bertako produktuak erabiltzea inportatutakoak erabili beharrean.

5.– Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 29. artikuluan aurreikusitakoari jarraikiz, ulertuko da onuradun batek azpi-kontratazio bat egin duela, baldin eta hirugarrenekin adosten badu partzialki edo osorik gauzatzea dirulaguntzaren xede den jarduera. Ez dira kontzeptu horretan sartuko onuradunak diruz lagundutako jarduera bere kabuz gauzatzeko egin behar dituen gastuak. Zentzu horretan, posible da hirugarrenak azpi-kontratatu edo kontratatzea diruz lagundutako jardueraren zenbatekoaren % 100eraino, eta hirugarrenen azpi-kontratazio edo kontrataziorako aplikagarri izango dira 29. artikuluan jasotako gainerako aurreikuspenak.

Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 31.3 artikuluan aurreikusitakoa betez, diruz lagun daitekeen zenbatekoak gainditu egiten baditu kontratazio publikoaren arloan indarrean dagoen araudiak kontratu txikirako ezarritako kopuruak, onuradunak gutxienez hiru hornitzaileren eskaintzak eskatu beharko ditu lana egiteko, zerbitzua emateko edo ondasuna entregatzeko konpromisoa hartu aurretik, salbu eta, baldintza bereziak tarteko, merkatuan ez badago lana egiteko, zerbitzua emateko edo ondasuna entregatzeko behar beste erakunde edo gastua dirulaguntza eman baino lehen egin bada (azken kasu horretan, salbuespentzat joko dira 651/2014 Araudiari lotutako enpresak).

Aurkeztu diren eskaintzak, efizientzia eta ekonomia irizpideen arabera hautatuko dira. Hautatutakoak ez badira proposamen ekonomiko onenak, berariaz zuritu beharko dira memoria batean.

6. artikulua.– Gastu hautagarriak.

1.– Hauek izango dira gastu hautagarriak:

i) Hiru Innobideak ildoetarako, aurkeztutako proiektuaren esparruan adituak diren eta proiektuaren gauzatze-fasean inplikatuta dauden kanpoko enpresak kontratatzeko gastua.

ii) Horrez gain, Innobideak Lehiabide eta Innobideak Pertsonak ildoen kasuan, enpresa eskatzaileko plantillakoak diren eta proiektuaren gauzatze-fasean zuzeneko inplikazioa duten plantillako kideen gastuak (zerga aurreko soldata gordina eta legeak ezarritako kotizazio sozialak). Kontzeptu horri dagokion gastu hautagarria ez da izango aurreko atalean onartutako gastuak baino % 30 handiagoa.

iii) Innobideak Lehiabideren kasuan, gainera, kanpoko enpresak kontratatzeko kudeaketa-gastuak eta erregistro-tasak, baldin eta enpresa horiek adituak badira honelako eskaerak aurkezten eta tramitatzen: Europako eta nazioarteko patente eskaerak, Estatuko patente edo erabilgarritasun-ereduen eskaerak atzerrian, Europako, nazioarteko edo Estatuko marka eskaerak atzerrian, edo Europako, nazioarteko edo Estatuko diseinu eskaerak atzerrian, eta betiere deialdi honetako finantzaketaren xede diren proiektuak gauzatzearen ondorio badira, bat etorriz Innobideak Lehiabide ildorako subentzionatu daitezkeen (arau honen 5. artikulua) ekintzen tipologiarekin.

Era berean, lankidetzako proiektuen kasuan, sektore-, enpresa- edo lurralde-mailako agenteen gastuak, bakarrik proiektuaren dinamizazio, koordinazio eta tramitazioari dagozkionak.

2.– Kanpoko enpresa adituek baldintza hauek bete behar dituzte:

a) Ezin dira izan Herri Administrazioekin lotutako edo haien menpe dauden eta nortasun juridikoa duten erakundeak, salbuespen hauek daudelarik Innobideak Lehiabide ildoaren kasuan:

i) Proiektuen dinamizazio, koordinazio eta tramitazio lanak egiten dituzten sektore-, enpresa- edo lurralde-mailako agenteak (2.12 artikulua).

ii) Proiektuaren arloan adituak diren kanpoko enpresen lanak egiten dituzten Lanbide Heziketako Institutuak (2.14 artikulua).

b) Ez du izango zuzeneko edo zeharkako akzio- edo partaidetza-loturarik laguntza eskatzailearekin ez eta lankidetza proiektuaren barnean dauden enpresekin.

c) Ez dira izango Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko kide eta ez dira izango ikerketa espezializatuko edota bikaineko ikerketa-, garapen- eta berrikuntza-jarduerak garatzen dituzten erakundeak, salbu eta eskaintza/eskariko bitartekaritza-agenteak badira (2. artikulua. 12).

d) Erantzukizunezko aitorpen bat aurkeztu behar da, non konpromiso hauek hartu behar baitira: leial, zintzo eta asmo onez jokatuko dela SPRIrekiko nahiz programako onuradunekiko harremanetan, ez dela egingo edo sustatuko Legearen edo programako arauen aurkako ekintzarik eta solidarioki erantzungo dela onuradunekin haien aurka dirulaguntza itzultzeko ebazpen bat ematen bada, irregulartasunez jokatzeagatik kontratatutako enpresaren zuzeneko edo zeharkako parte-hartzean (programak emandako ereduaren arabera, zeina web orrian baitago eskuragarri).

7. artikulua.– Gastu hautagarriei aplikatzeko baldintzak.

Gastu hautagarriak baloratzeko, honako irizpideak izango dira kontuan:

a) Gastu hautagarriak aurkeztutako diruz lagundu daitezkeen jarduerekin zuzenean loturik egongo dira.

b) Deskontuak eta antzekoak izanez gero, fakturan sartuta egon zein ez, gastua gutxitu egingo da.

c) Gastu hautagarriak arrazoizkoak izango dira, eta murriztu ahal izango dira SPRIk hala erabakitzen badu.

d) Ez dira gastu hautagarritzat onartuko Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edota bere mendeko sozietateek indarrean dituzten beste programa batzuen bidez lagundutako kontzeptuak edota gastuak.

e) Fakturan aplikatutako Balio Erantsiaren gaineko Zerga ez da inolaz ere gastu hautagarria izango.

f) Inola ere ez dira izango gastu hautagarriak: kanpoko enpresako langileen bidaia gastuak, prestakuntza gastuak, aretoak alokatzea, dietak eta antzekoak, ekipoak, lizentziak, software garapenak eta ezarpenak, altzariak erostea, eta abar. Gastu horiek fakturen kontzeptutik bereizita aurkeztu beharko dira.

8. artikulua.– Laguntzen modalitateak eta zenbatekoak.

Deialdi honen xede diren laguntzak dirulaguntza gisa egituratuko dira gastu hautagarriekiko portzentaje hauetan:

(Ikus .PDF)

Horrez gain, Innobideak Lehiabide ildoaren kasuan (lankidetzako proiektuak):

a) Dinamizazio, koordinazio eta izapidetze lanetarako sektore-, enpresa- edo lurralde-mailako agente baten laguntza duten proiektuetan, kontzeptu horregatiko kostu hautagarria 10.000 eurokoa izango da proiektu osoan.

b) Laguntza eskatzen duten enpresek ezingo dute, beren aldetik, proiektutik eratorritako kanpoko gastuen % 70 baino gehiago beren gain hartu.

9. artikulua.– Laguntzak metatzea eta mugak.

1.– Laguntzaren zenbatekoa ez da inola ere izango erakunde onuradunak garatzeko asmoa duen jardueraren kostua baino handiagoa, soilik laguntza hori aintzat hartuta edo edozein administraziok edo horien sektore publikoek xede bererako emandako beste laguntza batzuk gehituta. Baldin eta beste laguntza publiko batzuk eta programa honen bidez emandakoa metaturik lortzen den zenbatekoak gainditu egiten badu kostu hori, murriztu egingo da programa honetan araututako laguntzaren zenbatekoa jardueraren gehiegizko finantzaketa saihesteko behar den neurrian.

Aurrekoa gorabehera, deialdi honetan onartutako proiektuak ez dira diruz laguntzekoak izango Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren eta haren mendeko sozietateen beste programa batzuetan.

2.– Programa honetan emango diren laguntzak minimis laguntzak izango dira.

3.– Enpresa onuradun batek jaso dezakeen gehienezko minimis laguntza ezingo da izan 200.000 eurotik gorakoa, egungo ekitaldi ekonomikoa eta aurreko biak aintzat hartuta. Baldin eta enpresa onuradunak besteren konturako garraio operazioak egiten baditu errepideko garraio-sektorean, gehiengo hori 100.000 eurora murriztuko da (horrez gain, laguntza ezingo da erabili merkatu-gaiak errepidez garraiatzeko ibilgailuak erosteko). Hortaz, programa honetan aurreikusitako laguntzak ez dira esleituko, baldin eta esleitutako laguntzak muga hori gainditu badezake hain justu ere onuradunak eskuratutako beste minimis laguntza batzuk erantsi ondoren. Berdin dio laguntza horiek zein administraziok esleitu dituen.

4.– Minimis laguntzak ez zaizkio metatuko Estatuko inongo dirulaguntzari, diruz lagun daitezkeen gastu horiei dagokienez, baldin eta metatze horrek gaindituko balu laguntzaren intentsitatea edo dagokion gehieneko laguntzaren kopurua. Gehieneko kopuru hori kasu bakoitzaren ezaugarri zehatzen arabera dago ezarrita, kategorien araberako salbuespen-araudi baten edo Batzordeak harturiko erabaki baten bitartez.

5.– Aurrez aipatutako muga horiek edo programa honek zehazten dituen beste batzuk gaindituz gero, soberako kantitatea murriztu egingo da programaren arabera emandako zenbatekotik.

6.– Minimis laguntzak emandakotzat joko dira enpresari aitortzen zaionean laguntza jasotzeko legezko eskubidea duela.

7.– Epeka ordainduko diren laguntzak ematen diren momentuan duten balioaren arabera eguneratuko dira.

10. artikulua.– Laguntza-eskaera aurkezteko epea.

Laguntza-eskaera aurkezteko epea hasiko da oinarri hauek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean, eta bukatuko da 2020ko irailaren 24an. Halere, eskatzaileentzako arreta teknikoa bukatuko da 2020ko irailaren 24an, arratsaldeko 15:00etan (penintsulako ordua).

11. artikulua.– Laguntza-eskaera.

1.– Aurreikusitako laguntzak jasotzeko baldintzak betetzen dituzten erakundeek laguntza-eskaera bete beharko dute SPRIren webgunean: www.spri.eus/lehiabide www.spri.eus/kudeabide www.spri.eus/pertsonak, enpresak aukeratutako laguntza-ildoaren arabera.

2.– Eskaera hori izenpe elektronikoaren bidez sinatu beharko du erakundea ordezkatzeko ahalorde nahikoa duen pertsona batek. SPRIri egindako bidalketa telematikoaren eguna izango da aurkezpen-eguna.

3.– Laguntza-eskaeran jaso beharko dira erakunde eskatzailearen, bere legezko ordezkariaren, erakunde barneko harremanetarako pertsonaren eta dirulaguntzaren ordainketa egiteko bankuko kontuaren identifikazio-datuak.

4.– Laguntza-eskaerarekin (zeinak bere baitan hartzen baititu erakundearen legezko ordezkariaren erantzukizunezko aitorpena eta proiektuari buruzko datu zehatzak: izenburua, hasiera- eta amaiera-datak, helburua, parte hartuko duten erakundeak eta pertsonak eta proiektuaren kostuak) batera, dokumentu hauek aurkeztu beharko dira:

a) Enpresa aholkularien erantzukizunezko aitorpena.

b) Erakunde onuradun guztien langileen izen-zerrendaren kopia, likidazio-eskabide telematikoa aurkezteko unean eguneratuta. Horrez gain, kooperatiba-sozietateen kasuan, kooperatibako bazkideen kotizazio-ziurtagiria, Gizarte Segurantzako dagokion erakunde laguntzaileak emana.

c) Laguntza-eskaera aurkeztu aurreko hamabi hilabeteetan batez beste alta emanda zeuden langileen kopurua (Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrak emandako ziurtagiria).

d) Legezko ordezkariaren notario-ahalorde nahikoaren kopia, indarrean dagoena.

e) Jarduera ekonomikoen agiri historikoa, dagokion foru-ogasunak emana. Bertan adieraziko da Jarduera ekonomikoen zergan dagokion epigrafean alta hartuta dagoela gutxienez 6 hilabeteko antzinatasunarekin. Antzinatasun hori ez da beharrezkoa izango enpresa aipatutako 6 hilabete horien barruan sortua bada.

f) Erakundeak dagozkion zerga administrazioekiko eta Gizarte Segurantzarekiko edo bere kolaboratzaileekiko zerga betebeharrak beteta dituela egiaztatzen duten ziurtagiri eguneratuak, gehienez hiru hilabeteko antzinatasuna dutenak.

g) Finantza erakundearen egiaztagiriaren fotokopia, kontu korrontearen titulartasuna onuradunaren izenean dagoela frogatzeko eta zenbakia zein den zehazteko.

h) Proiektuaren memoria teknikoa eta ekonomikoa.

i) Kontratatutako enpresa hornitzaileek proiektuko lanak burutzeko egindako eskaintzen kopia. Eskaintza horiek osorik aurkeztu beharko dira, eta zehatz-mehatz azaldu beharko dute lankidetzaren irismena, aholkularitza taldeko kide bakoitzak proiektuari eskainiko dion ordu kopurua, eta enpresa eskatzaileak eskaintza onartu duela adierazten duen agiria ere aurkeztu beharko da.

j) Erakunde eskatzailearen izenean dagoen «Kudeaketa Linguistikoaren Bikain Kalitate Ziurtagiria», edo/eta Berdintasun Plana, halakorik badu.

k) Erantzukizunezko aitorpena. Enpresaren legezko ordezkariak egindako aitorpenak puntu hauek jaso behar ditu, eskaeran sartutako ereduaren arabera:

i) Erakundeko legezko ordezkariaren izen-abizenak eta Nortasun Agiri Nazionalaren zenbakia (NAN) edo Atzerritarraren Identifikazio Zenbakia (AIZ).

ii) Erakundearen izena: Identifikazio Fiskalerako Zenbakia (IFZ), baltzuaren helbidea eta eraketa-eguna.

iii) Gutxienez jarduera ekonomikoko zentro bat duela Euskal Autonomi Erkidegoan, bertan egingo delarik diruz lagundu daitekeen jarduera.

iv) Alta emanda dagoela Jarduera Ekonomikoen Zergaren kasuan kasuko epigrafean, programak eskainitako JEZ zerrendaren arabera (zerrenda hori SPRIren web orrian eskuratu daiteke, INNOBIDEAK programaren ildo bakoitzari dagokion atalean: www.spri.eus/lehiabide www.spri.eus/kudeabide www.spri.eus/pertsonak).

v) Egunean dagoela Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko edota haren erakunde kolaboratzaileekiko zerga betebeharretan, baita ere Eusko Jaurlaritzarekin eta ez daukala iraungitako, erreklamatutako edo ordaindu gabeko zorrik SPRI Taldeko ezein entitateekin.

vi) Aurreko bi ekitaldi fiskaletan eta laguntza eskatzen den ekitaldi fiskalean jasotako minimis laguntzen zerrenda, bertan adieraziz laguntza hori noiz eman zen (edo noiz likidatu zen), zein organismok eman zuen, zein programaren bidez eta zein den emandako (edo likidatutako) laguntzaren zenbatekoa.

vii) Proiektu hori bera gauzatzeko beste erakunde publiko zein pribatu batzuei eskatutako edota haiek emandako dirulaguntzak, bertan adieraziz laguntza hori noiz eskatu zen, eta, hala badagokio, zein organismok eman zuen, zein programaren baitan eta laguntzaren zenbatekoa.

viii) Ez dagoela oinarri hauen 4. artikuluko 2.b) atalean aurreikusitako egoeraren batean.

ix) Konpromisoa hartzen duela jasotako laguntzaren aurrerakina enpresaren kontabilitatean pasibo gisa islatzeko eta SPRIri itzultzeko, baldin eta itzultzea agintzen duen ebazpen bat ematen bada.

x) Konpromisoa hartzen duela oinarri hauen 5.5 artikuluan adierazitakoa betetzeko.

xi) Baimena ematen diola SPRIri ziurtagiriak eska diezazkien Gizarte Segurantzako Diruzaintza Nagusiari, Zerga Administrazioko Estatu Agentziari eta Araba, Bizkai nahiz Gipuzkoako foru-aldundiei, ziurtagiri horien bidez bermatzeko ordezkatutako enpresak betetzen dituela zerga administrazioekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak. Horrela, aurkeztutako laguntza-eskaerak aztertu edo ordaindu ahal izango dira, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.3 artikuluari jarraikiz, zeinak Euskadiko Ogasun Orokorraren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen baitu.

5.– Horrez gain, Innobideak Lehiabide ildoko proiektuak badira (Lankidetzako proiektuak), enpresa eskatzaileek laguntza-eskaera bakarra aurkeztu behar dute proiektu bakoitzeko, proiektuan partaide diren guztien legezko ordezkariek modu digitalean sinatuta. Programa honetatik eratorritako betebehar guztiei solidarioki erantzungo diete enpresa partaide guztiek. Erakunde onuradunen ahaldunetako batek proiektuaren buruzagitza hartu behar du, egitasmoaren garapenaz eta kudeaketaz arduratzeko eta proiektuak aurrera egin dezan SPRIrekin izan beharreko bitartekaritza- eta harreman-funtzioak bere gain hartzeko, bai eta erakunde horren parte-hartze maila islatzeko, lankidetza-proiektuko gainerako enpresa guztiek duten erantzukizun solidarioa alde batera utzi gabe.

Dinamizazio-, koordinazio- eta izapidetze-lanetarako sektore-, enpresa edo lurralde-mailako agente baten laguntza izateak ez du esan nahi proiektuaren enpresa liderrak SPRIrekin solasaldirik edo harremanik izan behar ez duenik, proiektuak behar bezala aurrera egin dezan.

Lankidetzako proiektuan parte hartzen duten erakunde guztiek aurkeztu beharko dute aurreko 4. atalean eskatutako dokumentazioa, eta gainera, partaideetako bakoitzak programan ezarritako baldintzak bete beharko ditu indibidualki.

6.– Horrez gain, Innobideak Kudeabide ildoaren kasuan:

a) Oinarri hauetan arautzen diren kudeaketa aurreratuko sendotze-proiektuak egiteko laguntzak (2B) jaso ahal izango dituzte jarraian adierazten diren baldintzak betetzen dituzten enpresek:

i) SARS-Cov-2 birusak eragindako krisiaren ondorioei erantzuteko eginiko Talka-planak eta Negozioaren Jarraipen- edo Berrabiarazte-planak izatea, zeintzuetan behar bezala kokatzen eta justifikatzen den aurkeztutako proiektua.

ii) Kudeabide Programaren esparruan hasierako kontrastea Euskalitekin egina izatea, baldin eta Euskalitek egindako txostenak lehentasun gisa jasotzen badu kudeaketa aurreratuko sendotze-proiektua egingo dela identifikatutako hobekuntza-arlo batean edo batzuetan.

iii) Hasierako kontrastea Euskalitekin egin ez arren, kudeaketako diagnostiko bat aurkeztea; kudeaketako diagnostiko horretan behar bezala kokatuta eta justifikatuta egongo da aurkeztutako proiektua.

b) Enpresak eginiko Ekintza Plana aurkeztu beharko da.

7.– Eskatzaileek bermatuta izango dute beren hizkuntza, euskara edo gaztelania, ahoz nahiz idatziz erabiltzeko eskubidea, programa honen ondorioz SPRI – Agencia Vasca de Desarrollo Empresarialarekin izango dituzten harreman guztietan.

12. artikulua.– Ebaluaketa eta ebazpen prozedura.

1.– Laguntza-eskaeraren atal guztiak ez badaude beteta edo eskatutako gainerako dokumentazioa ez bada eskaerarekin batera aurkeztu, SPRIko Teknologia eta Berrikuntza Sailak 10 laneguneko epea emango du akatsa zuzentzeko edo beharrezko dokumentuak aurkezteko. Halaber, adieraziko du hala egin ezean eskaerari uko egin zaiola ulertuko dela, eta horren berri emango dio erakunde eskatzaileari. Epe hori agortzen bada zuzenketa egin gabe, SPRIko Zuzendari Nagusiak ebatziko du eskaerari uko egin zaiola.

Proiektuaren memorian eta proiektuko lanak egiteko kontratatutako enpresa hornitzaileek eginiko eskaintzetan ezingo da zuzenketarik egin. Hala ere, egoki iritziz gero, SPRIk hari buruzko informazio osagarria eskatu ahal izango du ebaluazio-prozesuan.

2.– Erakunde eskatzaileak baliozkotzat joko ditu dirulaguntza eskaeran adierazitako harremanetarako pertsonaren helbide elektronikora SPRIk posta elektronikoz bidaltzen dituen jakinarazpen guztiak. Laguntza eskatzen duen enpresaren edota proiektuko liderraren posta elektronikoa bakarrik onartuko dira harremanetarako helbide gisa.

3.– SPRIk banan-banan aztertuko ditu epean aurkeztutako eskaerak, eta programa honetan ezarritako baldintzak betetzen dituztela egiaztatuko du.

Programan parte hartzeko baldintzak betetzen ez dituzten eskaerak gaitzetsi egingo dira SPRIko Zuzendari Nagusiaren banan-banako ebazpenen bidez, eta erabaki horiek enpresa eskatzaileei jakinaraziko zaizkie.

4.– Hiru Innobideak ildoen kasuan, irizpide eta puntu-kopuru hauek aplikatuz egingo da proiektuen ebaluazioa:

a) Programaren helburuekin bat etortzea: 35 punturaino. Gutxienekoa 20 puntu.

b) Proiektuko eginbeharrak egokiak izatea ezarritako helburuak lortzeko: 35 punturaino. Gutxienekoa 20 puntu.

c) Emaitzetatik espero den eragina: 10 punturaino.

d) Talde sustatzailea eta kanpoko taldea bat etortzea (kanpoko taldearen erreferentziak antzeko proiektuetan, lanbide-esperientzia, taldekideen kopurua eta trebakuntza): 10 punturaino.

e) Proiektuaren kudeaketa eredua eta metodologia, eta esleitutako baliabideei egokitzea: 10 punturaino.

Irizpide bakoitzak puntuazio bat lor dezake gehienez. Puntuazioa lortzeko, irizpide bakoitza betetzen den ala ez begiratuko da.

Euskararen erabilera, presentzia eta kudeaketa akreditatzeko «Kudeaketa Linguistikoaren Bikain Kalitate Ziurtagiria» dutela frogatzen duten edota, legez beharturik egon ez arren, «Berdintasun Plan» bat inplementatu dutela frogatzen duten enpresen proiektuek 5 puntu gehiago jasoko dituzte ebaluazio teknikoaren emaitza globalean.

Atzera botako dira gutxieneko puntuazio hauek gainditzen ez dituzten jarduerei dagozkien laguntza-eskaerak: 20 puntu, a) irizpidean (programaren helburuekin bat etortzea), eta/edo 20 puntu, b) irizpidean (Proiektuko eginbeharrak egokiak izatea ezarritako helburuak lortzeko).

Halaber, atzera botako dira gutxienez 50 puntu lortzen ez dituzten jarduerei dagozkien laguntza-eskaerak.

5.– Dirulaguntzen eskaera espedienteak ordena bati jarraikiz ebatziko dira, arau honetan eskaturiko dokumentazio guztiarekin osatuta geratzen diren unearen arabera.

6.– Ebazpen epea. Sei hilabeteko gehienezko epea ezartzen da ebazpena emateko, eskaerak dokumentazio guztiarekin aurkezten diren unetik zenbatzen hasita. Epe horretan ebazpenik eman ez bada, onartu egin dela ulertuko da.

7.– Erakunde eskatzaileari 10 egun balioduneko epean jakinaraziko zaio ebazpena.

8.– Ebazpena SPRIren web-gunean eta EHAAn argitaratuko da, denek izan dezaten eman diren laguntzen berri.

13. artikulua.– Erakunde Onuradunen Betebeharrak.

Erakunde onuradunek, 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50. artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 14. artikuluan aurreikusitakoa betetzeaz gain, honako baldintza hauek bete behar dituzte:

a) Emandako dirulaguntza onartu behar da. Hartara, dirulaguntza eman izanaren jakinarazpena jasotzen denetik hamabost eguneko epean eta SPRIren aurrean espresuki horri uko egin ezean, ulertuko da erakunde onuradunak laguntza onartu duela.

b) Emandako dirulaguntza erabiltzea, zehazki, laguntza eman den proiekturako.

c) SPRIk agiri osagarriak eska ditzakeela onartzea, eta, lagundu den proiektua burutu dela eta eskatutako baldintzak bete direla egiaztatzeko, SPRIk izendatutako pertsonalak instalazioetan beharrezko eta komenigarri jotzen dituen egiaztapen eta azterketak egin ditzakeela onartzea.

d) Faktura osoak gordetzea eta SPRIren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren esku jartzea bost urtez, gastu hautagarriak burutzen direnetik aurrera.

e) Laguntzen erabilera fiskalizatzeko eginkizuna betetzen duten aldetik, eskatutako informazioa eman behar zaie Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari.

f) Xede berbererako beste Administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batzuei eskatutako edo horiek emandako laguntzen eta dirulaguntzen edota beste edozein dirusarrera edo baliabideren berri eman behar dio berehala SPRIri.

g) Dirulaguntza esleitzeko aintzat hartu den baldintzaren bat aldatu bada, horren berri eman behar zaio berehala SPRIri.

h) SPRIk hala eskatzen badu, eta beti ere konfidentzialtasun mugak errespetatuz, dirulaguntzaren xede den proiektuaren emaitzen zabalkundea egingo da edo baimena emango da zabalkundea egiteko, SPRIk eskura dauzkan komunikazio-, sentsibilizazio- eta prestakuntza-tresnak erabiliz.

i) Hizkuntzaren eta irudien erabilera ez-sexista bermatu behar da diruz lagundutako proiektua gauzatzean sortutako dokumentu eta euskarri guztietan.

j) Dirulaguntza jatorriari buruzko publizitatea eman Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 18. artikuluaren arabera.

14. artikulua.– Laguntzak aldatzea.

1.– Dirulaguntzak emateko baldintzetan edozein aldaketa gertatzen bada eta, edozein kasutan, beste erakunde publiko edo pribatu batzuek emandako laguntzak edo dirulaguntzak edota beste edozein dirusarrera edo baliabide jaso badira xede berbererako, laguntza esleitzeko Ebazpena aldatu ahal izango da, betiere programa honetan ezarritako gutxienezko baldintzak betetzen jarraitzen badira.

2.– Halaber, SPRIk luzapen bat onartu dezake jarduerak burutzeko, betiere, erakunde onuradunek hala eskatzen badute eta behar bezala justifikatzen badute. Horrek atzerapen proportzional bat ekarriko du jasotzeko dagoen laguntza zatiaren ordainketan. Atzerapen hori SPRIri eskatu behar zaio, hasierako laguntza-eskaeran adierazitako proiektuaren amaiera data baino lehen. Eskatutako atzerapena dela medio, proiektuaren exekuzioak ezin du iraun oinarri hauen 5.2 artikuluan gehienezkotzat ezarritako hamabi hilabeteko epea baino gehiago, eta halaber, ezingo du gainditu 2021eko urriaren 15eko epemuga.

3.– Gauzatutako ekintzak laguntza-eskaeran eta dokumentazio osagarrian jasotakoak izango dira ezinbestean, nahiz eta SPRIk aukera duen aldaketak baimentzeko, baldin eta aldaketa horiek erakunde onuradunak SPRIri eskatu eta aldez aurretik justifikatu baditu, ahal bada proiektuan aplikatu aurretik, eta programa honen hasierako helburuak hutsaltzen ez badira.

15. artikulua.– Likidazio-eskabidea. Aurkezteko epea.

Proiektuaren exekuzioari dagokion zatia likidatzeko:

1.– Diruz lagundu daitekeen jarduera amaitu eta gero, erakunde onuradunek jarduera justifikatu beharko dute, SPRIren web-gunean horretarako ezarriko diren likidazio-eskabide informatizatuaren inprimakiak betez: www.spri.eus/lehiabide www.spri.eus/kudeabide www.spri.eus/pertsonak, enpresak aukeratutako laguntza ildoaren arabera. Likidazio-eskabidea aurkezteko epea hilabetekoa izango da, proiektua gauzatzen den egunetik kontatzen hasita. Proiektua amaitzen bada onarpen ebazpena eman baino lehen, likidazio-eskabidea aurkezteko epea hilabetekoa izango da, ebazpen hori jakinarazten den egunetik kontatzen hasita.

2.– Eskabide hori sinadura elektronikoaren bidez sinatu beharko du erakundea ordezkatzeko ahalorde nahikoa duen pertsona batek. SPRIri egindako bidalketa telematikoaren eguna izango da aurkezpen-eguna.

3.– Likidazio-eskabidean jaso beharko dira erakunde eskatzailearen, bere legezko ordezkariaren, erakunde barneko harremanetarako pertsonaren eta dirulaguntzaren ordainketa egiteko bankuko kontuaren identifikazio-datuak.

4.– Likidazio-eskabidearekin batera agiri hauek aurkeztu behar dira:

a) Fakturen fotokopiak. Fakturek hilabeteko epean egindakoak izan behar dute, proiektua gauzatzeko amaiera-data gisa adierazitako egunetik zenbatzen hasita, eta bat etorri behar dute likidazio-eskabide telematikoaren fakturen koadroan zehaztutakoekin. Ez dira onartuko proiektua hasi baino lehenagoko data duten fakturak, ez eta SPRIk onartu gabeko gastuei dagozkienak. Era berean, fakturen kontzeptuan bereizi egin beharko dira proiektuko aholkularitza-orduei dagozkien zenbatekoak eta bestelako gastuak, hala nola, tasak, bidaiak, dietak, joan-etorriak, hornikuntzak, e.a. Fakturek ordainduta egon beharko dute proiektuaren likidazio-eskaera aurkeztu baino lehen. Ez dira kontuan hartuko ordainketa-data zehatza likidazio-eskabideaz harago luzatua duten fakturak.

b) Finantza erakundearen ordainagiriak. Bankuko egiaztagiriek fakturak igorri ostekoak izan behar dute. Hala ez bada, prozesuaren trazabilitatea azaldu beharko da. Ez da onartuko proiektuaren hasiera-data baino lehenagoko ordainketa-egiaztagiririk. Era berean, egiaztagiriek argi adierazi behar dute agindua eman duen erakundearen izena, erakunde onuradunaren izena, ordainketa-eguna, ordaindu den zenbatekoa eta ordaindutako fakturaren edo fakturen zenbakia(k).

c) Likidazio-eskabidea aurkeztu aurreko hamabi hilabeteetan alta emanda zeuden batez besteko langileen kopurua (Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak emandako ziurtagiria). Gainera, kooperatiba-sozietateen kasuan, kooperatibako bazkideen kotizazio-ziurtagiria erantsi behar da, dagokion Gizarte Segurantzako erakunde laguntzaileak emana.

d) Erakundeak dagozkion zerga administrazioekiko eta Gizarte Segurantzarekiko edo bere kolaboratzaileekiko zerga betebeharrak beteta dituela egiaztatzen duten ziurtagiri eguneratuak, gehienez hiru hilabeteko antzinatasuna dutenak; eta berariazko baimena SPRIri eska diezaien organo eskudunei egiazta dezatela benetan bete direla zerga administrazioekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak.

e) Likidazioaren memoria teknikoa eta ekonomikoa, non jasota egongo diren, besteak beste, eginiko lanen azalpena, lortu diren helburuak, proiektuan inplikatutako langileak, proiektua gauzatzeko gastuak, proiektuak enpresaren lehiakortasunean izan duen inpaktua, e.a.

f) Proiektua gauzatzean sortutakoak eta entregatzekoak diren agiri eta txosten guztiak aurkeztu behar dira, beti ere laguntza-eskaeraren arabera.

g) Erakunde onuradun guztien langileen izen-zerrendaren kopia, likidazio-eskabide telematikoa aurkezteko unean eguneratuta.

h) Innobideak Lehiabide eta Innobideak Pertsonak ildoen kasuan, baita ere orduen txostenak, argi adierazita erakunde eskatzaile, onuradun eta azpikontratatuetako parte-hartzaile bakoitzak proiektuari esleitutako arduraldi eta kostuen asteko banakapena, eskaeran jasotako fase eta eginkizunen arabera. Innobideak Kudeabide ildoaren kasuan, azpi-kontratatutako erakundeei baino ez zaie aplikatuko banakapen hori.

5.– Likidazio-eskabidea ez badago behar bezala beteta puntu guztietan edo ez bada eskatutako dokumentazio osoa ekartzen, SPRIk 10 egun balioduneko epea emango du akatsa zuzentzeko edo beharrezko agiriak helarazteko. Bestalde, ohartaraziko da horrela egin ezean ukatutzat joko dela eginiko eskaera, eta horrela jakinaraziko zaio eskatzaileari. Aipatu epea igaro eta zuzenketarik egin ez bada, laguntza ukatuko da, SPRIko Zuzendari Nagusiaren ebazpen bidez.

6.– Enpresa onuradunak baliozkotzat joko ditu dirulaguntza eskaeran adierazitako harremanetarako pertsonaren helbide elektronikora SPRIk posta elektronikoz bidaltzen dituen jakinarazpen guztiak. Laguntza eskatzen duen enpresaren edota proiektuko liderraren posta elektronikoa bakarrik onartuko dira harremanetarako helbide gisa.

16. artikulua.– Laguntza ordaintzea.

1.– Emandako laguntzaren % 60 laguntza-eskaera onartzen den unean bertan ordainduko da aplikatzekoa den berme erregimenarekin, eta gainerakoa ordainketa bakarrean egingo da proiektua amaitutakoan eta behar bezala justifikatu ostean.

2.– SPRIk ordainketa egingo du, aurreko artikuluan ezarritako likidazio eskaera eta frogagiriak aurkezten diren ostean, eta SPRIko Teknologia eta Berrikuntza Arloak ebaluatu eta oniritzia eman ostean.

3.– Baldin eta gastu hautagarria dirulaguntza emateko ebazpenean onartutako aurrekontuan adierazitakoa baino txikiagoa bada, dirulaguntza proportzionalki egokituko zaio gastuari.

17. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Ikusiko balitz erakunde onuradunak ez duela bete oinarri hauetan, aplikatzekoak diren gainerako arauetan eta laguntzen ebazpenean ezarritako baldintzetako bat, emandako laguntza eskuratzeko eskubidea galduko du eta SPRIri itzuli beharko dizkio ordura arte kobratu dituen laguntzen diru kopuruak gehi dagozkien legezko interesak, eta behar balitz, legezko jarduketak abiaraziko dira diru kopuru horiek itzul ditzan.

2.– Edozein kasutan ere, artikulu honetan aurreikusitakoaren ondoreetarako, hauek jotzen dira ez betetzetzat:

a) SPRIren baimenik gabe aldatzea laguntza-eskaeran eta dokumentazio osagarrian jasotako ekintzak. SPRIri ez jakinaraztea proiektuaren gauzatze-faseko aldaketak, baldin eta aldaketa horiek mudatu egiten badituzte laguntza esleipena ematean aztertu ziren baldintzak. Posible da aldaketak baimentzea, betiere erakunde onuradunak aldaketa horiek eskatu badizkio SPRIri eta justifikatu baditu, ahal dela proiektuan aplikatu baino lehen, eta ez badute aldatzen programa honetako ekintzen eta helburuen izaera.

b) Gastu hautagarriak epe barruan ez justifikatzea edo programa honetan eta laguntza emateko ebazpenean jasotako eskakizunak ez betetzea.

c) Diruz lagundutako proiektua betetzeko epeak gainditzea, aldatzeko baimena edo luzapena eman ez bada.

d) Laguntza eskuratzea programa honetan ezarritako baldintza eta eskakizunak edo laguntza emateak berekin zekartzan baldintzak bete gabe.

e) Programan edo laguntza emateko ebazpenean aurreikusitako kontrol neurriak ez onartzea edo horien garapena oztopatzea.

f) Proiektua beste zerbaitetara desbideratzea edo laguntzak emateko ebazpenean ezarritako beste edozein betebehar ez betetzea.

g) Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 37. artikuluan aurreikusitako arrazoiak.

3.– SPRIren zeregina izango da ez-betetzea egiaztatzeko espedientea hastea, izapidetzea eta ebaztea.

4.– Ez badira betetzen deialdi honetan eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan jasotako betekizunak edo, hala badagokio, dirulaguntza emateko ebazpenean ezartzen direnak, dirulaguntza ezeztatuko da ez-betetze espedientea ireki ondoren, eta, dirulaguntza eta berandutze-interesak itzuli beharko zaizkio SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziari, 1/1997 Legegintzako Dekretuan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren II. tituluan (zeinaren bidez arautzen baitira EAEko Aurrekontu Orokorren kargura emandako dirulaguntzen araubide orokorra, bermeak eta itzulerak eta zeinaren bidez ezartzen baitira dirulaguntza horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde kolaboratzaileen baldintzak, araubidea eta betebeharrak) ezarritakoari jarraikiz, nahiz eta horrek ez duen eragotziko kasuan kasuko ekintza legalak abiaraztea eta dagozkion zigorrak jartzea. SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako Zuzendaritza Nagusiari dagokio dirulaguntza ezeztatzeko –eta, hala badagokio, partzialki edo guztiz itzularazteko- espedienteak abiarazi eta ebaztea.

5.– Halaber, gainfinantziazioa badago ordainketaren ostean beste laguntza batzuk jaso izanagatik, programak helburu duen jardueraren kostua gainditzen duen laguntza zatia itzuli beharko da, 9. artikuluan araututakoari jarraikiz. Kasu horretan, itzuli beharreko zenbatekoa zehaztuko da gertaera hori adierazteko eta itzulera erabakitzeko emango den ebazpenean.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Aurreko deialdi batean ezarritakoaren arabera izapidetzen ari diren txostenak deialdi horretan xedatutakoaren menpean jarraituko dute, behin betiko amaitu arte.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA. Aplikatzekoa den araudia.

Programa honi araudi hau aplikatuko zaio:

1.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta Lege hori garatzen duen Araudia (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua) dirulaguntza arloko oinarrizko legeriari dagokion guztian.

2.– 1/1997 Legegintzako Dekretua, Euskadiko Ogasun Orokorraren Antolarauei buruzkoa.

3.– Abenduaren 17ko 698/1991 dekretua, zeinaren bidez arautzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura emandako dirulaguntzen berme eta ordainketen araubide orokorra eta ezartzen baitira berorren kudeaketan parte hartzen duten erakunde kolaboratzaileen baldintzak, erregimena eta betebeharrak.

4.– Europako Batzordearen 1407/2013 Araudia (EB), abenduaren 18koa, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Itunaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa (EBEO L-352/1). (EBAO 2013 L 352/1).

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Datuen Babeserako 2016/679 (EB) Erregelamendu Orokorrean (aurrerantzean DBEO) eta datu pertsonalen babesari buruz aplikatzekoak diren gainerako araudietan ezarritakoarekin bat etorriz, jakinarazten da emandako datuak tratatuko direla eskatzen den laguntzaren espedientea kudeatzeko, kontuan izanik datuen tratamenduaren oinarri juridikoa funtzio publikoa dela, SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren sorrera-estatutuetan ezarritako helburuei jarraikiz.

Informazio hori eman ahal izango zaie enpresa kolaboratzaileei, gai honetan eskumenak dauzkan Administrazio Publikoari eta SPRI taldeko enpresei (ikusi http://www.spri.eus/es/quienes-somos/sociedades-del-grupo-spri).

Interesatu guztiek gaitasuna dute datuen babeserako araudiak SPRIren aurrean ematen dizkion eskubideak erabiltzeko, idatzizko mezu bat bidaliz lopd@spri.eus helbidera.

SPRIren Datu Pertsonalen Babesari buruzko informazio gehigarri eta zehatza kontsultatzeko, irakurri www.spri.eus/privacidad webguneko Pribatutasun Politika.

Jakinarazten da Datuen Babeserako Espainiako Agentzia dela kontrolerako autoritatea duena zure datuen babesa eskatu behar baduzu.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak oinarri hauei buruz hartzen dituen erabaki guztiak administratiboak dira eta, beraz, administrazioarekiko auzien jurisdikzioa da jurisdikzio eskuduna.

Bilbao, 2020ko maiatzaren 28a.

SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentzia zuzendari nagusia,

ALEXANDER ARRIOLA LIZARRITURRI.

I. ERANSKINA
INNOBIDEAK PROGRAMA
LAGUNTZA- ETA LIKIDAZIO-ESKAEREN ELEMENTU GARRANTZITSUENAK
LAGUNTZA-ESKAERA

Enpresaren identifikazio-datuak:

Lege-ordezkaria: izena eta bi abizen, NANa, kargua, posta elektronikoa, ahalordearen indarraldia.

Enpresaren izena, IFK, sozietate mota, lurralde historikoa, udalerria, PK, kalea eta zenbakia, telefonoa.

Harremanetan jartzeko datuak: izena eta bi abizen, telefonoa, posta elektronikoa.

Bankuko datuak eta jardueraren datuak: eratze-data, EJZn alta hartu izanaren data, EJZ epigrafea, bankuko kontuaren zenbakia.

Dirulaguntza kudeatuko duen enpresaren datuak: enpresaren izena, IFZ, harremanetarako pertsonaren izena eta bi abizen, telefonoa, posta elektronikoa.

Proiektuari buruzko informazioa:

Proiektuaren datuak: proiektuaren izenburua, akronimoa, zein eremutan duen eragina proiektuak, proiektu-mota, proiektuaren hasiera- eta amaiera-data, proiektuaren laburpena.

Enpresa aholkularien datuak: IFZ, enpresaren izena, proiektuari eskainitako ordu kopurua, lanaren zenbatekoa.

Barneko langileen kostuak: IFZ, zeinek parte hartzen duen, orduaren kostua, proiektuari eskainitako ordu kopurua, kostua guztira.

Zinpeko adierazpenean sartu beharreko informazioa:

Itxitako azken bi ekitaldietako datuak: langile kopurua, gizonezko eta emakumezko kopurua, negozio-bolumena, urteko balantze orokorra.

Enpresa bazkidetuen edota lotutako enpresen datuak itxitako azken bi ekitaldietan: bazkidetzaren/loturaren %, langile kopurua, negozio-bolumena, urteko balantze orokorra.

Proiektu bererako beste laguntza batzuk: eskaera-data, organismoa, programa, aurkeztutako aurrekontua, emandako dirulaguntza, ordaindutako zenbatekoa.

Aurreko bi ekitaldi fiskaletan eta laguntza eskatzen den ekitaldi fiskalean jasotako minimis laguntzen zerrenda: eskaera-data, organismoa, programa, aurkeztutako aurrekontua, emandako dirulaguntza, ordaindutako zenbatekoa.

Produktu berrien gutxi gorabeherako salmentak azken hiru ekitaldietan.

Eskaera honekin, espresuki baimena ematen zaio SPRIri eska dezan zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzari dagozkionak eguneratuak dituela egiaztatzen duen ziurtagiria eta, era berean, kontsulta dezan enpresa EJZen (jarduera ekonomikoen gaineko zergan) alta emanda dagoen epigrafea.

LIKIDAZIO-ESKAERA

Enpresaren identifikazio-datuak:

Lege-ordezkaria: izena eta bi abizen, NANa, kargua, posta elektronikoa, ahalordearen indarraldia.

Enpresaren izena, IFK, sozietate mota, lurralde historikoa, udalerria, PK, kalea eta zenbakia, telefonoa.

Harremanetan jartzeko datuak: izena eta bi abizen, telefonoa, posta elektronikoa.

Bankuko datuak eta jardueraren datuak: eratze-data, EJZn alta hartu izanaren data, EJZ epigrafea, bankuko kontuaren zenbakia.

Dirulaguntza kudeatuko duen enpresaren datuak: enpresaren izena, IFZ, harremanetarako pertsonaren izena eta bi abizen, telefonoa, posta elektronikoa.

Eskaera honekin, espresuki baimena ematen zaio SPRIri eska dezan zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzari dagozkionak eguneratuak dituela egiaztatzen duen ziurtagiria eta, era berean, kontsulta dezan enpresa EJZen (jarduera ekonomikoen gaineko zergan) alta emanda dagoen epigrafea.

Proiektuaren exekuzio-datuak:

Enpresa hornitzaileak: IFZ, enpresaren izena, lan egindako orduak, fakturatutako zenbatekoa.

Barneko lan-eskua: IFZ, parte-hartzailearen izena, lan egindako orduak, tarifa, zenbatekoa.

Proiektuaren exekuzioaren laburpena.

Fakturak eta egiaztagiriak:

Fakturaren data eta zenbakia, hornitzailea, kontzeptua, zenbatekoa, egiaztagiriak.

Sartu fakturen eta faktura horiek ordaindu izana egiaztatzeko bankuko ziurtagirien kopiak.


Azterketa dokumentala

Euskadi, auzolana