Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

115. zk., 2020ko ekainaren 12a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
2280

64/2020 DEKRETUA, maiatzaren 19koa, zeinaren bidez behin betiko onartzen baita Tolosako Eremu Funtzionalaren Lurralde Plan Partziala (Tolosaldea).

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduaren Gidalerroak –Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen babespean idatzi eta izapidetuak– behin betiko onartu ziren uztailaren 30eko 128/2019 Dekretuaren bidez. Gidalerro horietan, Lurralde Plan Partzialak idazteko esparruak zehazten dira, eta horien artean dago Tolosako Eremu Funtzionala (Tolosaldea).

Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legeak 2. eta 11. artikuluetan xedatutakoaren arabera, besteak beste, Lurralde Plan Partzialen bidez gauzatuko da Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde-antolamendua. Plan horietan, Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduaren Gidalerroetako irizpide zehatzak adieraziko dira Eremu Funtzional bakoitzerako. Horren haritik, Gidalerroen 22. kapituluko 7. zenbakian –aplikazio-arauei buruzkoan– adierazten da garrantzitsua dela Lurralde Plan Partzialak formulatzea, hirigintza- eta lurralde-irizpide osagarriak gehitzeko aipatutako Gidalerroei. Izan ere, irizpide osagarri horiei esker, udal esparruko planen garapen doiagoa lor daiteke, eta lurralde-koherentzia handiagoa bermatzen da Lurraldearen Arloko Planak egiterakoan.

2.– Tolosako Lurralde Plan Partziala (Tolosaldea) idazteko lanak 1992ko uztailaren 13an hasi ziren; horretarako, lankidetza-hitzarmena sinatu zen orduko Gipuzkoako Foru Aldundiko Hirigintza eta Arkitektura Sailaren eta Eusko Jaurlaritzako Hirigintza eta Etxebizitza Sailaren artean, eta, aipatutako hitzarmenaren arabera, erakunde horien arteko lankidetza arautzen zen Gipuzkoako Lurralde Historikoari eragiten zioten sei Lurralde Plan Partzialak idazteko eta formulatzeko. Lurralde Plan Partzial hau, beraz, Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 13. artikuluan jasotakoaren arabera garatutako formulazio- eta izapidetze-prozesu luzearen emaitza da.

3.– Planaren edukiak erantzuna ematen dio Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 12. artikuluari; hots, Lurralde Plan Partzialek jaso behar dituzten zehaztapenen ingurukoari. Planak zenbait neurri, arau eta gidalerro ezartzen ditu, nagusiki Eremu Funtzionalaren antolamendu integrala lortzeko.

4.– Lurralde Plan Partzialaren (LPP) jarduera-eremua Tolosako Eremu Funtzionalak (Tolosaldea) osatutakoa da; hau da: Abaltzisketa, Aduna, Albiztur, Alegia, Alkiza, Altzo, Amezketa, Anoeta, Asteasu, Baliarrain, Belauntza, Berastegi, Berrobi, Bidania-Goiatz, Elduain, Gaztelu, Hernialde, Ibarra, Ikaztegieta, Irura, Larraul, Leaburu, Lizartza, Orendain, Orexa, Tolosa, Villabona eta Zizurkilgo udal mugarteak, eta Enirio-Aralarko Mankomunitatean sartutako lurrak. Planaren helburu nagusia da erreferentzia izango den lurralde-eredu bat zehaztea, eredua osatzen duten elementu sektorialen arteko antolamendurako eta koordinaziorako arau eta jarraibide orokorren bidez. Horrela, hamasei urteko denbora-tartean, Eremu Funtzionalaren lurralde-garapena orekatua eta iraunkorra izango dela bermatuko da.

5.– Lurralde Plan Partzialean (LPP) definitutako Lurralde Eredua Eremu Funtzionaleko lurralde-antolamenduaren oinarritzat hartuko diren funtsezko helburu orokorren eta estrategien definizioan oinarritzen da, Eredu hori egituratzen duten osagaiei dagokienez (Ingurune Fisikoa, Kokalekuak eta Harreman Sistema). Era berean, aipatutako Eredua hirigintza-antolamenduak jarraitu beharko dituen irizpide, printzipio, arau orokor eta proposamen zehatzen ezarpenean ere oinarritzen da.

Aipatutako Lurralde Ereduaren oinarrietako bat da ingurune naturala babestea eta nabarmentzea, ingurune fisikoa antolatuta. Behin udal plangintzaren garapena bideratuko duten irizpide, printzipio eta ildo orokorrak finkatuta, Planak «Babestu, Hobetu edo Berreskuratu beharreko Eremurik Garrantzitsuenak» definitzen ditu, bai eta Ingurune Fisikoaren kategorizazio orokorra ere. Era berean, «Intereseko Eremu» singularizatu bakoitzeko erabilera eta jardueren aplikazio- eta erregulazio-erregimena zehazten du, eta horien inguruko zenbait jarduera-proposamen planteatzen ditu, jarduera-neurri positibo gisa.

Ekipamendu eta espazio libreei dagokienez, Planak hiri-sistemaren kohesioa ahalbidetu nahi du, ekipamenduen banaketa orekatuaren bitartez eta landa-inguruetan dauden ekipamenduak ingurune naturalean integratzearen bitartez. Ondorioz, planteatzen dena da antolamendua eta lokalizazioa zenbait irizpideren araberakoa izatea: arrazionaltasun, hierarkizazio eta osagarritasun irizpideen araberakoa, besteak beste.

Mugikortasunari dagokionez, LPPk garraio-moduen (oinezkoak eta txirrindulariak; errepide-sareak eta trenbideak) planteamendu integratua egiten du, sistema jasangarria bermatzeko asmoz. Proposatutako antolamenduak administrazio sektorialen koordinazioa hartzen du kontuan, Eremu Funtzionaleko hiri-inguruneak eta landa-inguruneak artikulatzeko, eta Eremu Funtzionala bere ingurunearekin modu egokian integratzeko.

Etxebizitzari dagokionez, Planak egungo hiri-ehunen aprobetxamendua lehenesten du, hirigintzako biziberritze- eta birmoldaketa-prozesuak sustatuz lurzoru berriak okupatu ordez. Etorkizunean, Eremu Funtzionaleko udalerrietan etxebizitza arloko zein beharrizan egon daitezkeen aurreikusteko, Planak erabiltzen ditu uztailaren 30eko 128/2019 Dekretuan ezarritako irizpideak (128/2019 Dekretua, uztailaren 30ekoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduaren Gidalerroak behin betiko onesten duena).

Jarduera ekonomikoei dagokienez, Planak bere egiten du Jarduera Ekonomikoetarako eta Merkataritza Ekipamenduetarako Lurzorua Sortzeko Lurraldearen Arloko Planak udalerri bakoitzerako zehaztu zuen kategorizazioa, eta definitu egingo du zein eremutan sustatuko den biziberritzea funtsezko garapen-erreminta gisa, bai eta jarduera ekonomikoetarako estrategia-polo berriak garatzeko balioko duten lehentasunezko lokalizazioak ere.

Beste alde batetik, Planean zenbait esku-hartze identifikatzen dira, estrategikotzat jotzen direnak Eremu Funtzionaleko lurralde-ereduaren funtsezko helburuetako batzuk lortzeko: herri nagusien gaur egungo sistema finkatzea eta sendotzea, eta horien arteko harreman funtzional handiagoa lortzeko beharrizana. Esku-hartze horiek ezaugarri komun bat dute: etorkizun hurbilean eraldaketa- edo berrantolaketa-prozesu garrantzitsuak izango dituzten agertoki urbanistikoak direla, alegia. Planak inguru horien plangintza definitzeko oinarri izango diren irizpideak eta jarraibideak zehazten ditu, bi arrazoirengatik: inguru horiek lurralde-euskarria eskaintzen dutelako Eremu Funtzional osorako garrantzitsuak diren ekipamendu, hornidura, azpiegitura edo garapenak bideratzeko, edo inguru horietan eraldaketa-prozesu garrantzitsuak gertatzen direlako, eta prozesu horiei udalerriaz gaindiko eta sektorearteko ikuspegitik egin behar zaielako aurre.

6.– Lurralde Antolamenduaren Gidalerroek zehaztutako lurralde-esparruan, Planak ahalegina egiten du Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta Gipuzkoako Foru Aldundiko sailek sustatutako Lurraldearen Arloko Planak integratzeko. Alde horretatik, LPPa idazteko orduan, Plan hauek hartu dira kontuan:

– Euskal Autonomia Erkidegoko Ibaiak eta Errekak Antolatzeko Lurraldearen Arloko Plana.

– Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritza eta Basozaintzako Lurraldearen Arloko Plana.

– Gune Hezeetako Lurraldearen Arloko Plana.

– Jarduera Ekonomikoetarako eta Merkataritza Ekipamendurako Lurzoru Publikoa sortzeko Lurraldearen Arloko Plana.

– Euskal Autonomia Erkidegoko eremuko Trenbide Sarearen Lurraldearen Arloko Plana.

– Euskal Autonomia Erkidegoko Energia Eolikoaren Lurraldearen Arloko Plana.

– Gipuzkoako Hiri Hondakinak Kudeatzeko Azpiegituren Lurraldearen Arloko Plana.

– Gipuzkoako Bizikleta Bideen Lurraldearen Arloko Plana.

7.– Lurralde Plan Partziala dokumentu hauek osatzen dute, Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 12.3 artikuluan ezarritakoa betez:

a) Memoria (Plana formulatzeko eta Eremu Funtzionaleko Lurralde Eredua osatzeko oinarriak, antolakuntzako funtsezko helburuak eta irizpideak finkatzeko oinarriak, eta Lurralde Eredua definitzeko oinarriak).

b) Planoak (Informazio- eta antolamendu-planoak).

c) Azterketa ekonomiko eta finantzarioa, eta Exekuzio-programa.

d) Antolamendu-arauak.

e) Udal plangintzari egindako afekzioen dokumentu osagarria.

f) Ingurumen-eraginaren ebaluazio bateratuaren azterketa.

8.– Aipatutako antolamendu-arauek Planean arautzat jotzen diren xedapen guztiak biltzen dituzte, eta dekretu honen I. eranskin gisa jaso dira, argitara daitezen, Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 13.10 artikuluan ezartzen den bezala, nahiz eta Lurralde Plan Partzial osoa Sailaren webgunearen bitartez jarriko den jendaurrean, guztiek izan dezaten haren berri.

9.– Era berean, Planarekin batera doa Ingurumen-eraginaren Ebaluazio Bateratuaren Azterketa ere. Ingurumen-araudian xedatutakoa betetzeko (9/2006 Legea, apirilaren 28koa, zenbait plan eta programak ingurumenean dituzten ondorioen ebaluazioaren gainekoa; 3/1998 Lege Orokorra, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babesten duena, eta haren erregelamenduzko garapena den uztailaren 22ko 183/2003 Dekretua, ingurumen-eraginaren ebaluazio bateratuaren prozedura arautzen duena), ingurumen-arloak Planean txertatzeaz hartutako erabakiaren gaineko aginduzko adierazpena gehitu zaio dekretu honi, II. eranskin gisa.

10.– Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren eskumena da Plan honen behin betiko onarpena Gobernu Kontseilura eramatea, Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 13.9 artikuluan xedatutakoa betez.

11.– Gobernu Kontseiluaren eskumena da Tolosako Eremu Funtzionalaren Lurralde Plan Partziala (Tolosaldea) behin betiko onartzea, Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 13.10 artikuluan ezarritakoaren arabera.

Ondorioz, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuaren proposamenez, eta Gobernu Kontseiluak 2020ko maiatzaren 19an egindako bileran gaia aztertu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

Artikulu bakarra.– 1.– Behin betiko onartzea Tolosako Eremu Funtzionalaren Lurralde Plan Partziala (Tolosaldea). Haren antolamendu-arauak dekretu honi gehitu zaizkio I. eranskin gisa.

2 – Dekretu honen II. eranskinean, ingurumen-arloak Lurralde Plan Partzialean sartzearen inguruan hartutako erabakiaren gaineko adierazpena jaso da.

3 – Era berean, III. eranskinean, Lurralde Plan Partzial honen kartografia argitaratu da.

LEHENENGO XEDAPEN IRAGANKORRA

Plan hau indarrean jartzeko unean hasieran onartu ez diren Lurraldearen Arloko Planak berrikusteko eta aldatzeko dokumentuak egokitu egin beharko dira plan honetan jasotako zehaztapenetara, Tolosako Eremu Funtzionalari (Tolosaldea) eragiten dioten arlo guztietan.

Edonola ere, Lurralde Plan Partzial hau indarrean jartzean indarrean dauden Lurraldearen Arloko Planak egokitu egin beharko dira plan honetan xedatutakora, Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen laugarren xedapen gehigarrian aurrez ikusitakoa salbuetsita.

BIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA

Tolosako Eremu Funtzionalean (Tolosaldea) dauden udalerrietako hirigintza-dokumentuak Plan honetan jasotako zehaztapenetara egokitu beharko dira, baldin eta Plan Orokorrak eta Arau Subsidiarioak egiteko, berrikusteko edo aldatzeko prozesuetan badaude eta Plan hau indarrean jartzeko unean hasieran onartu ez badira.

Edonola ere, indarrean dagoen udal-esparruko antolamendu orokorra Lurralde Plan Partzial honetan ezarritakoaren arabera egokitu beharko da, hura indarrean jarri eta zortzi urteko epean.

AZKEN XEDAPENA

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hilabeteko epean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2020ko maiatzaren 19an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburua,

IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala