Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

110. zk., 2020ko ekainaren 7a, igandea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

LEHENDAKARITZA
2212

13/2020 DEKRETUA, ekainaren 7koa, Lehendakariarena, zeinaren bidez trantsizio-prozesuaren 3. fasea kudeatu eta aplikatzeko arauak ezartzen baitira Euskal Autonomia Erkidegoaren esparrurako.

2020ko ekainaren 5eko 555/2020 Errege Dekretuaren bidez, luzatu egin da martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren bidez deklaratu zen alarma-egoera (463/2020 Errege Dekretua, COVID-19ak eragindako osasun-krisiaren egoera kudeatzeko dena); bada, 555/2020 Errege Dekretuaren 6.1 artikuluak ezartzen du seigarren luzapena indarrean dagoen bitartean hauek izango direla eskuordetutako agintaritza eskudunak: Osasuneko ministroa, Gobernuko presidentearen zuzendaritzapean, autonomia-erkidegoekiko lankidetza-printzipioaren arabera, eta autonomia-erkidegoko lehendakaria. Eta, zehazki, normaltasun berri baterako trantsiziorako planaren 3. faseko neurriak hartu, kendu, modulatu eta betearazteari dagokionez, manu berak zehazten du eskuordetutako agintaritza eskuduna, bere eskumenak baliatuz, autonomia-erkidegoko lehendakaria izango dela, autonomia-erkidego bakoitzerako zehaztutako lurralde-unitatearen eremua gainditzen duten zirkulazio-askatasunarekin lotutako neurrien kasuan izan ezik, konfinamendua arintzeko prozesuaren ondorioetarako.

Horrek esan nahi du, lurralde bat 3. fasean sartzen den unetik aurrera, alarma-egoeran eskuordetutako agintaritza eskudunek ordura arte hartutako neurriak, fase horri dagozkionak barnean direla, indarrean egongo direla baldin eta dagokion autonomia-erkidegoko lehendakariak emandako beste neurri batzuek horiek aldatzen, indargabetzen edo ordezten ez badituzte.

Esparru horretan kokatzen da dekretu hau, zeina lehendakariari soilik dagokion ahalmenaren arau-adierazpena baita, eskuordetutako agintaritza eskuduna den aldetik, 3. faseko neurriak hartzeko, kentzeko, modulatzeko eta betearazteko. Dekretu honen edukiak Bizi Berri Planaren aurreikuspen espezifikoei erantzuten die –plan horrek jasotzen du Eusko Jaurlaritzak konfinamendua arintzeko egin duen estrategia zehatza–, eta oinarritzat hartzen ditu maiatzaren 30eko SND/458/2020 Aginduan jasotako aurreikuspenak –SND/458/2020 Agindua, maiatzaren 30ekoa, zeinaren bidez alarma-egoera deklaratu ondoren ezarri ziren estatu-mailako zenbait murrizketa malgutzen baitira, normaltasun berrirako trantsiziorako planaren 3. fasea aplikatuz–, ekainaren 6ko SND/507/2020 Aginduaren bidez horren testuan eginiko aldaketekin. Azken agindu hori Euskal Autonomia Erkidegoan aplikatu beharrekoa izango da, dekretu honen aurka ez doan guztian.

Xedapen sorta hori 3. faserako aurreikusitako denbora-tartean egongo da indarrean; fase hori, hasiera batean, 2020ko ekainaren 8ko 00:00etan hasiko da, eta 2020ko ekainaren 21eko 00:00etan amaituko. Autonomia-erkidegoa da dekretu honetan aurreikusitako neurriak Euskadin aplikatzeko lurralde-unitatea.

Burututako prozesuak segurtasunez finkatu eta sendotu ondoren, bilakaera epidemiologiko egokiak eta osasun- eta asistentzia-antolaketak aukera ematen dute normaltasunera azkarrago itzultzeko.

Nolanahi ere, Eusko Jaurlaritzak berriro dio beharrezkoa dela zuhurtasun-, segurtasun- eta zorroztasun-printzipioak betetzen segitzea prebentzio- eta autobabes-neurrietan, eta herritarrei laguntza eskatzen die orain ere, sinetsita baitago bakoitzak arduraz jokatzea dela bermerik onenetakoa kutsatzeen bidez birusa ez zabaltzeko.

Une honetan lehentasuna da kasu positiboak goiz detektatzea eta eraginkortasunez eta berehala bakartzea eta haiekin egon direnak identifikatzea.

Ondorioz, Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legeak 8.m) artikuluan ematen didan ahalmenaz baliatuz, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Dekretu honen xedea da, ekainaren 5eko 555/2020 Errege Dekretuaren 6.1 artikuluan xedatutakoaren arabera, maiatzaren 30eko SND/458/2020 Aginduan aurreikusitako baldintzak malgutzeko eta Euskadiko lurralde-esparruan aplikatu beharreko neurriak ezartzea, normaltasun berrirako trantsiziorako planaren 3. fasea aplikatuz (SND/458/2020 agindua ekainaren 6ko SND 507/2020 Aginduaren bidez aldatu zen).

2. artikulua.– Zirkulazio-askatasuna.

Herritarrak mugarik gabe mugitu ahal izango dira Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-esparruan.

3. artikulua.– Jarduera eta establezimendu jakin batzuetarako edukiera eta mugak.

Maiatzaren 30eko SND/458/2020 Aginduan xedatutakoaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoaren esparruan, artikulu honetan jasotako jarduera eta establezimenduek edukiera eta muga hauek bete beharko dituzte:

1.– Familia- eta gizarte-bilerak: gehienez ere hogei laguneko familia- eta gizarte-bilerak egin daitezke, etxebizitzetan eta lokal pribatuetan edo erabilera publikoko gune irekietan, babes-arauak eta pertsonen arteko gutxieneko bi metroko tartea errespetatuz betiere.

2.– Merkataritza-establezimendu eta -lokalak, txikizkariak, azoka txikiak, merkataritza-zentro eta -parkeak: gehieneko edukiera % 60koa izango da, eta edukiera hori errespetatu egin beharko da espazio komunetan eta jolas-espazioetan ere, halakorik badago.

3.– Ostalaritzako establezimenduak eta zerbitzuak, jatetxeak, txokoak, elkarte gastronomikoak eta hotel eta ostatu turistikoetako gune komunak: edukiera-muga kentzen da, baldin eta mahaien edo, hala badagokio, mahai-multzoen artean bi metroko tartea bermatzen bada.

Barrura sartzea eta barran zerbitzua ematea baimentzen da, bezeroen edo bezero-taldeen artean bi metroko tartea gordez gero.

4.– Hoteletako eta ostatu turistikoetako gune komunak: gehieneko edukiera % 60koa izango da, babes-arauak eta pertsonen arteko gutxieneko bi metroko tartea errespetatuz betiere.

5.– Turismo aktiboko eta naturako jarduerak eta jarduera fisikoa: jarduera horiek gehienez 30 pertsonarekin egin ahal izango dira, babes-arauak eta pertsonen arteko gutxieneko bi metroko tartea errespetatuz betiere.

6.– Itxita egongo dira diskotekak eta gaueko aisialdiko tabernak.

4. artikulua.– Kontziliazioa eta astialdiko jarduerak.

1.– Baimena ematen da haurtzaindegiak eta 3 urte arteko haurrentzako haur-eskolak zabaltzeko, tokiak ahalmenaren edo ohiko gehieneko ratioaren % 60ra mugatuta.

2.– Berriro ekin ahal izango zaie haurrentzako eta gazteentzako astialdiko jarduerei, erakunde eskudunek ezarritako arauei jarraituz eta edukierari buruzko muga hauek betez:

a) Jarduera aire zabalean egitekoa denean, jarduerako parte-hartzaileen gehieneko ohiko kopuruaren % 60ra mugatuko da parte-hartzaileen kopurua, eta, betiere, berrehun izango dira gehienez, begiraleak barne.

b) Jarduera leku itxietan egitekoa denean, jarduerako parte-hartzaileen gehieneko ohiko kopuruaren % 60ra mugatuko da parte-hartzaileen kopurua, eta, betiere, laurogei izango dira gehienez, begiraleak barne.

Batean zein bestean, jarduerak iraun bitartean parte-hartzaileak taldeetan antolatu beharko dira, eta taldeok hamabost lagunekoak izango dira gehienez, begiraleak barne.

5. artikulua.– Lurreko garraioak.

Bidaiarien trenbideko eta errepideko garraioan, garraio hori hasi eta buka Euskal Autonomia Erkidegoaren barrukoa baldin bada, % 100ean berreskuratu ahal izango dira zerbitzuaren maiztasuna eta edukiera, baina bidaiariek maskara jarri beharko dute nahi eta nahi ez ibilbide osoan, eta ahaleginak egingo dira bi metroko segurtasun-tartea utz dezaten elkarren artean.

6. artikulua.– Azoka-esparruak.

Azoka-esparruak erabili ahal izango dira hautaketa-, prestakuntza- edo hezkuntza-prozesuekin lotutako azterketak eta probak egiteko. Leku guztiz garbietan egin beharko dira, eta baimendutako gehieneko edukieraren % 60 beteko dira, gehienez, erabiliko diren gune edo aretoak. Babesteko arauak betez eta elkarren artean bi metroko gutxieneko tartea utziz egingo dira azterketak.

7. artikulua.– Hezkuntza.

1.– Berriro hasiko da aurrez aurreko hezkuntza- eta prestakuntza-jarduera Ibaiondo adingabeentzako zentro itxian eta ospitaleko eta etxeko hezkuntza-arretarako eta arreta terapeutiko-hezigarrirako lurralde-zentroetan.

2.– Unibertsitateko hezkuntza- eta prestakuntza-esparruan, Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako unibertsitateek aurrez aurreko jarduera akademikoak egin ahal izango dituzte, baldin eta jarduera horiek aurrez aurrekoa ez den beste modu batean ezin badira egin. Era berean, malgutu eta aurrera eraman ahal izango da etengabeko prestakuntzaren, ofizialak ez diren titulazioen eta profesionalentzat den jarduera.

3.– Bikaintasuneko ikerketaren esparruan, bai eta gainerako laborategietan eta ikerketarako eta administraziorako laguntza-zerbitzuetan ere, guztiz baimentzen da han bertan jardutea lanean.

4.– Araututako jarduera guztiak osasun-, segurtasun- eta higiene-neurriak eta babes-arauak betez eta pertsonen artean gutxieneko bi metroko tartea utziz egingo dituzte bai erabiltzaileek eta bai langileek.

8. artikulua.– Kultura-esparrua.

Kulturaren esparruan, gehienez hau izango da edukiera artikulu honetan aipatzen diren jardueretarako:

1.– Liburutegiak: baimendutako edukieraren % 60 izango da gehienez edukiera, eta babes-arauak bete beharko dira eta pertsonen artean bi metroko gutxieneko tartea utzi.

Baimenduta egongo da mailegatzea, kontsultak egitea eta han bertan irakurtzen gelditzea, bai eta ikasteko gelak zabaltzea ere. Liburutegien arteko maileguak ekainaren 15ean hasiko dira. Erabiltzaileek itzultzen dituzten gauzak, gutxienez, astebete bereizita egongo dira.

2.– Museoak eta erakustaretoak: baimendutako edukieraren % 60 izango da gehienez edukiera.

3.– Zinemak, antzokiak, auditoriumak, karpapeko zirkuak eta kultura-ekintza eta -ikuskizunetarako beste establezimendu edo guneak: baimendutako edukieraren % 60 izango da gehienez edukiera, eta jarlekuak aurrez esleituko dira. Artista-taldeei dagokienez, ikuskizunak irauten duen bitartean baimenduta egongo da interpreteen arteko interakzioa.

4.– Leku itxietako kultura-jarduerak: baimendutako edukieraren % 60 izango da gehienez edukiera, eta, betiere, laurogei lagun sartuko dira gehienez; jarlekuak aurrez esleituko zaizkie.

5.– Aire zabaleko kultur-jarduerak: baimendutako edukieraren % 60 izango da gehienez edukiera, eta, betiere, mila lagun sartuko dira gehienez; jarlekuak aurrez esleituko zaizkie, eta babes-arauak bete beharko dira eta pertsonen artean bi metroko gutxieneko tartea utzi.

9. artikulua.– Kirola.

Artikulu honetako kirol-instalazio eta -jardueretan, gehienez hau izango da edukiera:

1.– Kirol-instalazioetan, igerilekuak barnean direla, baimendutako edukieraren % 60 izango da gehienez edukiera. Aldagelak eta dutxak erabili ahal izango dira, babes-arauak betez eta pertsonen artean bi metroko gutxieneko tartea utziz.

2.– Baimena ematen da taldean entrenatzeko, eta kirolarien arteko interakziorako, arraunean, aulki finkokoan eta pilotan, diziplina guztietan, ekainaren 20tik aurrera lehiaketen hasiera presta dezaten.

3.– Gainerako kirol-diziplinetan, orain ere baimena dute taldean aritzeko eta entrenatzeko, babes-arauak bete eta pertsonen artean bi metroko gutxieneko tartea utziz gero.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indargabeturik geratzen dira Lehendakariaren maiatzaren 24ko 12/2020 Errege Dekretuaren 5., 6. eta 7. artikuluak, bai eta maila bereko edo beheragoko arauetan ezarritako guztia ere, dekretu honetan ezarritakoarekin bat ez baldin badator.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Ordezko araubidea.

Dekretu honek ezartzen ez duen guztiari dagokionez, maiatzaren 30eko SND/458/2020 Aginduan 3. faserako ezarritakoa aplikatuko da, hari ekainaren 6ko SND/507/2020 Aginduaren bidez testuan eginiko aldaketak aintzat hartuta, salbu eta diskoteka eta gaueko aisialdiko tabernei dagokiena, zeinek itxita jarraituko baitute (SND/458/2020 Aginduaren bidez, alarma-egoera deklaratu ondoren ezarritako estatu-mailako zenbait murrizketa malgutu ziren, normaltasun berrirako trantsiziorako planaren 3. fasea aplikatuz).

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Indarrean jartzea.

Dekretu hau 2020ko ekainaren 8ko 00:00etan jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2020ko ekainaren 7an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.


Azterketa dokumentala