Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

107. zk., 2020ko ekainaren 3a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LEHENDAKARITZA
2145

EBAZPENA, 2020ko apirilaren 15ekoa, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendariarena, zeinaren bidez dirulaguntza-deialdia egiten baita 2020. urtean Euskal Autonomia Erkidegoko elkarteek edo fundazioek memoria historikoa berreskuratzeari buruzko proiektuak egin ditzaten.

Aginpide publikoak memoria historikoa ezagutarazteaz eta iraunarazteaz arduratu behar dira, memoria historikoa ondare kolektiboa baita, eskubide eta askatasun demokratikoen alde egindako borrokaren erakusgarri. Horretarako, erakundeek behar diren ekimenak bideratu beharko dituzte, aintzat hartuak eta birgaituak izan daitezen Gerra Zibilean eta Frankoren diktaduran gertaturiko bidegabekeriak eta laidoak pairatu zituzten pertsonak: balio demokratikoak defendatzeko borrokatu zirenak eta gatazkan bizia galdu zutenak, askatasuna galdu zutenak eta, azken batean, garai historiko horretan erbesteratzearen bidegabekeria pairatu zutenak.

Azaroaren 27ko 4/2014 Legeak, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutua sortzekoak, erakunde honi esleitzen dizkion helburuen artean dago, besteak beste, euskal gizartearen askatasunaren aldeko borrokaren, giza eskubideen bermearen eta bizikidetza demokratikoaren oroimenean funtsezkoak diren balio etikoei eta printzipio demokratikoei buruzko politika publikoa diseinatzen, sustatzen, garatzen eta gauzatzen parte hartzea.

Testuinguru horretan, Eusko Jaurlaritzak memoria berreskuratzeko eta iraunarazteko politika publikoa gauzatu nahi du, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren bitartez, eta, horrenbestez, balio eta printzipio demokratikoak berreskuratu, haietan oinarritzen baita gaur egungo gizartearen bizikidetza. Helburu nagusia da Gerra Zibilaren biktima guztiak eta haren ondorengo diktaduraren errepresio politiko, sozial eta kulturalari aurre egin zioten pertsona guztiak ohoratzea eta oroitzea betiko. Eta haiekin batera, beren familiak.

Ebazpen honen barruan dauden dirulaguntzak lege hauetan xedatutakoa beteko dute: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea; Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren VI. titulua eta VII. tituluaren III kapitulua (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartu zuen testu bategin hori); Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan jasotako oinarrizko araubidea; Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 27ko 13/2019 Legea.

Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak martxan dauka Institutuko zuzendariaren 2017ko apirilaren 20ko Ebazpenaren bidez onartutako eta 2020ko otsailaren 13ko Ebazpenaren bidez eguneratutako Dirulaguntzen 2017-2020 Plan Estrategikoa, eta horren barruan diruz lagundu daitezkeen adarretako bat da, hain zuzen ere, deialdi hau. Memoria historikoaren egia argitzea du helburu.

Halaber, azaroaren 3ko 204/2015 Dekretuaren bitartez onartutako Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Estatutuen 11.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, Institutuko zuzendariaren eginkizuna da laguntzak eta dirulaguntzak arautu, deitu eta ematea.

Hori dela eta, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Ebazpen honen xedea da norgehiagoka-araubidearen bidez 2020ko laguntza-deialdia egitea, proiektu zehatz batzuk diruz laguntzeko, hain zuzen ere, Euskal Autonomia Erkidegoan memoria historikoa eta 1936-1977 aldian demokraziaren eta askatasunaren alde egindako borroka berreskuratu, ikertu eta ezagutarazteko diren proiektuak.

2. artikulua.– Epealdia.

Dirulaguntza jaso ahal izateko, proiektuak 2020ko ekitaldian garatu beharko dira, eta, betiere, abenduaren 31n amaituta egon beharko dute.

3. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak.

1.– Memoria historikoa berreskuratzeko proiektuak diruz lagundu ahal izango dira, betiere 1. artikuluari jarraikiz eta honako jarduera hauetako bat edo gehiago biltzen badituzte:

a) Gerra zibilaren eta diktaduraren errepresioarekin, erbestearekin, eta balio demokratikoen errealitate eta egoerarekin loturiko gertaerak eta prozesuak berritzera bideraturiko ikerketak egitea.

b) Errepresioarekin, erresistentziarekin eta gizarte demokratikoa eraikitzearekin zerikusia duten pertsonak eta gertakizunak oroitzeko edo omentzeko jarduerak.

c) Elkarteak antolatutako hedapen-jarduerak: jardunaldiak, mintegiak, aldi baterako erakusketak eta liburuxkak.

2.– Oroimen historikoa berreskuratzea helburu ez duten beste batzuen artean, ebazpen honen xedetik kanpo geratzen dira sariak ematea baino ez duten proiektuak. Kanpo geratzen dira, halaber, memoria historikoa hezkuntza-eremuan soilik zabaltzeari buruzko proiektuak.

4. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Ebazpen honetako dirulaguntzak Euskadiko Elkarteen edo Fundazioen Erregistroan erroldatuta dauden legez eratutako pertsona juridiko pribatu eta irabazi-asmorik gabekoek eska ditzakete, haien estatutu sozialen arabera, memoria historiko eta demokratikoa berreskuratzea badute helburu.

2.– Bestalde, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan jasotzen diren betekizunak bete beharko dituzte erakunde onuradunek, hauek eskaera egiterakoan edo honekin batera, erantzukizunpeko adierazpenean akreditatuko dira. Zehazki, egunean izan beharko dituzte indarrean dauden xedapenek ezarritako zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, bai eta dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ere. Betekizun hauek prozesu osoan zehar bete egin beharko dira.

5. artikulua.– Zenbatekoa eta beste batzuekin bateragarriak izatea.

1.– Deialdi honetara, ehun eta hamabi mila eta bostehun (112.500,00) euro bideratuko dira guztira, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorretan 2020ko ekitaldirako aurreikusitako partidaren kargura.

2.– Dirulaguntzaren zenbatekoa eskatzaileak aurkeztutako dokumentazioaren arabera finkatuko da, kontuan izanda aurrekontuan zehazki proiektuaren helburura zuzentzen dena eta oinarri hauetan definituko dira laguntzen balorazioa eta kuantifikazio irizpideak. Nolanahi ere, gehienez ere, hamar mila (10.000) euroko dirulaguntza eman ahal izango da proiektu bakoitzeko.

3.– Laguntzek bete egin beharko dute Batzordeak 2013ko abenduaren 18an onartutako 1407/2013 (EE) Erregelamendua, de minimis laguntzei Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatzeari buruzkoa (EBEO, L 352. zk., 2013-12-24koa). Laguntza hauek de minimis motako laguntzatzat jotzen dira; izan ere, pertsona fisiko edo juridiko jakin bati emandako laguntzaren guztizkoak ez du gaindituko 200.000 euroko kopurua, aurreko bi ekitaldi fiskaletakoa eta aurtengoa batuta. Muga horretatik beherako dirulaguntzek merkataritzari eragiten ez diotela eta lehiakortasuna faltsutzen ez dutela ulertzen da; horren ondorioz, ez dira sartzen Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Itunaren 107.1 artikuluaren aplikazio-eremuan.

4.– Deialdi honetan azaltzen diren dirulaguntzak beste edozein erakunde publiko edo pribatuk xede berberarekin ematen dituen beste batzuekin batera daitezke, betiere gainfinantzaketarik ez badago eta beste dirulaguntzaren araudiek kontrakoa xedatzen ez badute. Gainfinantzaketarik egonez gero, dirulaguntza dagokion gehieneko mugaraino murriztuko da.

6. artikulua.– Laguntzak emateko prozedura.

1.– Ebazpen honetan aurreikusitako laguntzak ematean, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren (Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena) 51.4 artikuluan aurreikusitako lehiaketa-prozedura aplikatuko da.

2.– Ondore horietarako, aurkeztu diren eskabideak alderatu beharko dira, horien artean lehentasunak ezartzeko, deialdi honen 13. artikuluan ezarritako balorazio-irizpideen arabera. Hala, hautaketa-fasean deialdi honen 13. artikuluan ezarritako gutxieneko puntuazioa eskuratu duten horien artean emango zaie laguntza.

7. artikulua.– Laguntzen zenbatekoa zehaztea.

1.– Laguntza bakoitzari –hots, hautatutako proiektu bakoitzari– dagokion zenbatekoa zehazteko, balorazio-fasean balorazio-irizpideak aplikatzean eskuratu dituzten puntuazioak edukiko dira kontuan. Puntuazioa portzentaje bihurtuko da, eta portzentaje hori aplikatuko da, hain zuzen ere, aurkeztutako aurrekontuan. Kreditua agortuta, salbuespenez, eskumena duen erakundeak dirulaguntzaren onuradunen artean hainbanatuko du. Eta hori guztia azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 51.6 artikuluan xedatutakoa aplikatuz.

2.– Emango diren laguntzak ez dira eskatutako zenbatekoa baino altuagoak izango.

3.– Diruz lagundu daitezkeen gastuei dagokionez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan xedatutakoa aplikatuko da. Onartu egiten da hirugarrenekiko azpikontratazioa, lege horren 29. artikuluan ezarritakoaren arabera, azpikontratazio-ehunekoari dagokionez, eta, bereziki, artikulu horren 7. paragrafoan xedatutakoaren arabera, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 68. artikuluan ezarritakoari dagokionez.

Zehatz mehatz finkatu barik, diruz lagundu daitezkeen edo ez gastuen zerrenda hau ezartzen da:

– Honako hauek ez dira diruz laguntzeko moduko gastutzat hartuko diruz lagundu beharreko ezein jardueratarako:

• Ermandadeko otorduak edo agapeak.

• Erakundearen egitura egonkorreko langileen nominak.

• Lokalak edo eraikinak erostea.

• Luxuzko gastuak.

• Ostalaritza- eta jatetxe-zerbitzuen, ostatuen eta protokolozko beste zerbitzu batzuen gastuak, diruz lagundu beharreko jarduketa mota bakoitzerako diruz lagundu daitezkeenak izan ezik.

• Zeharkako kostuak, berreskuratzeko edo konpentsatzeko modukoak direnean, bai eta errentaren gaineko zerga pertsonalak ere.

• Administrazioak egiaztatutako merkatu-balioa gainditzen duten gastuak, balio hori gainditzen duen zenbatekoarekin.

• Ez dira diruz lagunduko dietei eta langileen lokomozioari dagozkien zenbatekoak, baldin eta zerbitzuengatiko kalte-ordainei buruzko Dekretua hirugarrenez aldatzen duen ekainaren 13ko 121/2006 Dekretuan ezarritakoa gainditzen badute. Hau da, kilometroko 0,29 euro ordainduko dira, eta mantenuko 42 euro, dagozkion egiaztagiriak aurkeztuta.

– Honako hauek hartuko dira diruz laguntzeko moduko gastutzat ikerketa-jardueretarako:

• Indarrean dagoen lan-legeriaren arabera, ikerketa-proiektua garatzeko lan-kontratuak formalizatuta dituzten langileen kontratuak.

• Bidaiak eta dietak, aurrekontuaren % 10 gainditu gabe.

• Proiektua gauzatzeko beharrezkoak diren material inbentariagarri eta bibliografikoa erosteko edo alokatzeko gastuak.

– Honako hauek hartuko dira diruz laguntzeko moduko gastutzat oroitzapen edo omenaldi-jardueretarako:

• Ekitaldi aurreko produkzioa.

• Proiektua garatzeko izendatutako langileen gastuak, indarrean dagoen lan-legeriaren arabera lan-kontratuak formalizatuta.

• Ekitaldiaren zabalkundea, sustapena, publizitatea eta prentsaurrekoa.

• Gonbidapenak diseinatzea, inprimatzea eta bidaltzearen kostua.

• Ekitaldia egingo den lekuaren errentamenduari buruzko kostuak.

• Ekipamendu teknikoa, soinua, proiekzioa, dekorazioa, argazkigintza eta bideoa.

• Hizlari eta gonbidatu berezien bideak, garraioa eta ostatua.

• Ekitaldia irekitzeko eta ixteko protokolo-ekitaldiak.

• Itzultzaileak, beharrezkoa bada.

• Izena emateko eta egiaztatzeko sistema.

• Ikuskizunen edo jardueren kontratazioa, ekitaldiaz gain.

• Ekipamendu- eta langile-aseguruaren estaldura.

• Pleitak zerbitzatzea, garraiatzea, muntatzea eta desmuntatzea.

• Egiaztatzeko materiala, kredentzialak, programak, liburuxkak, opariak edo souvenirrak, diplomak, etab.

• Catering zerbitzua, coffee break, bazkariak, afariak.

• Segurtasuneko eta garbiketako langileak.

– Zabalkunde-jardueretarako diruz lagundu daitezkeen gastutzat hartuko dira aurreko atalean jasotakoak eta liburuxken edizioarekin zuzenean lotutakoak, hala nola diseinua, maketazioa, jatorrizkoa eta probak zuzentzea, edizioa koordinatzea, inprimatzea edo koadernatzea.

– Proiekturako zeharkako gastu hauek diruz lagunduko dira jarduera guztietarako, eta ezingo dute inola ere gainditu proiektuaren kostu osoaren % 15:

– Gastu orokorrak (bulegoaren alokairua, administrazioko langileak, mezularitza, bulegoko materiala), proiektuaren kostuaren % 7ko mugarekin.

– Tributuak diruz lagundu ahal izango dira dirulaguntzaren onuradunak benetan ordaintzen dituenean eta inoiz ez dute gaindituko proiektuaren kostuaren % 3. Zeharkako zergak ez dira inola ere diruz laguntzeko moduko gastutzat hartuko, baldin eta berreskuratu edo konpentsatu badaitezke, ez eta errentaren gaineko zerga pertsonalak ere.

– Diruz lagundutako proiektua egiteko finantza-gastuak, aholkularitza juridiko edo finantzarioko gastuak, notario- eta erregistro-gastuak eta peritu-gastuak eta administrazio-gastu espezifikoak diruz lagundu daitezke, baldin eta diruz lagundutako proiektuarekin zuzenean lotuta badaude eta proiektua behar bezala prestatzeko edo gauzatzeko ezinbestekoak badira eta inoiz ez proiektuaren kostuaren % 5etik gorako zenbatekoan.

4.– Eskatzaileak aurkeztutako aurrekontuan diruz laguntzekoak ez diren gastuak sartuko balitu, edo diruz laguntzekoak izanik ezarritako muga gainditu balute, edo nabarmen gehiegizkoak izango balira merkatu-balioa ikusita, kendu edo garbitu egingo dira, dirulaguntzaren muga zehazteko oinarri gisa erabiliko den gastu lagungarrien aurrekontua finkatzeko.

8. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.

1.– Prozedura honen izapide guztiak kontsultatzeko, eskatzeko eta egiteko, erakunde interesdunek bide elektronikoak erabili beharko dituzte.

2.– Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak, justifikazioak eta gainerako ereduak nola izapidetu jakiteko xehetasunak euskadi.eus-eko egoitza elektroniko honetan eskura daitezke:

https://www.euskadi.eus/dirulaguntza/2020/memoria-historikoa/y22-izapide/eu

3.– Eskabidearen osteko izapideak helbide honetan egingo dira: http://www.euskadi.eus/nirekudeaketak

9. artikulua.– Eskabideak aurkezteko eta formalizatzeko epea.

1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabete batekoa izango da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

2.– Eskabideak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu beharko dira, euskadi.eus-eko egoitza elektronikoan sartuta.

10. artikulua.– Eskabideak eta aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1.– Eskabidea webguneko inprimakian egin beharko da, euskadi.eus-eko egoitza elektronikoan. Bertan jasoko dira, hain zuzen ere, erantzukizunpeko adierazpenak.

2.– Eskabidearekin batera, agiri hauek aurkeztu behar dira:

a) Eskabidea egin duen erakundeari buruzko datuak.

b) Proiektuaren memoria xehea, non gutxienez datu hauek jasoko baitira:

– Proiektuaren helburua.

– Erabiliko den metodologia eta prozesuaren kronograma.

– Proiektuaren bideragarritasuna (eskatzailearen esperientzia eta prestakuntza).

– Herritarrarekiko harremanak: balizko hartzaileak, herritarren partaidetzarako mekanismoak, zabalkunde gaitasuna eta herritarrengan eragina izateko aukera.

– Genero ikuspegia eta hizkuntza ofizialen erabilera planteamendua.

– Alderdi berritzaileak, eta erakunde eskatzaileak proiektua gauzatzeko dituen baliabide materialen eta giza baliabideen adierazpena. Horretaz gain, honakoak ere adierazi beharko dira: alde batetik, erakundeak ba ote duen berdintasunaren alorrean trebatuta dagoen eta ibilbidea duen pertsonarik, eta, bestetik, boluntario gisa jarduten duten pertsonen kopurua. Inolako ordainsaririk gabe proiektuan parte hartzen dutenak joko dira boluntariotzat.

c) Proiektua gauzatzeko gastuen aurrekontua, partiden arabera banakatuta, eta proiektua finantzatzeko gainerako bideak, baleude, zehaztuko dira.

e) Erakundearen estatutuen kopia bat.

f) Dirulaguntzaren eskatzaileak ekitaldi fiskal horretan edo aurreko bi ekitaldi fiskaletan beste minimis laguntzarik jaso ote duen adierazi beharko du, minimis laguntza honekin Erregelamenduan ezarritako gehieneko muga gainditzen ez dela egiaztatzeko. Horretarako, erantzukizunpeko adierazpena eskuragarri izango dute erakundeek Gogora erakundearen webgunean.

g) Zerga betebeharrekin eguneratuta egoteko ziurtagiria eta Gizarte Segurantzako ziurtagiri positiboa, kudeatzeko erakundeari akreditazioa zuzenean lortzeko baimena ukatuz gero.

3.– Era berean, proiektuak balorazio hobea lor dezan, erakunde eskatzaileek egoki irizten dioten dokumentazio osagarria aurkeztu ahal izango da.

4.– Dagoeneko eginda dauden proiektuetan, egindako gastuak justifikatzen dituzten agiriak ere aurkeztu beharko dira.

5.– Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak erakunde eskatzaileari espedientea osatzeko behar dituen agiri eta azalpen guztiak eskatu ahal izango dizkio, eta, era berean, eskatzaileak emandako datuak egiaztatzeko egin beharreko egiaztapen guztiak egin ahal izango ditu.

11. artikulua.– Aurkeztutako eskabideetan egindako akatsak zuzentzea.

Erakunde eskatzaileek aurkeztutako dokumentazioa ikusirik, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko Zuzendaritzak egiaztatzen badu dokumentazio hori osatugabea dela edo daturen bat falta duela, erakundeei 10 eguneko gehieneko epea emango die antzemandako akatsak zuzentzeko, eta adieraziko die zuzentzen ez badituzte eskaerari uko egin diotela ulertuko dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

12. artikulua.– Epaimahai kalifikatzailea.

1.– Hauek izango dira epaimahai kalifikatzaileko kideak:

Burua:

– Miren Aintzane Ezenarro Egurbide, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendaria.

Epaimahaikideak:

– Lucía Torrealday Berrueco, Hezkuntza Saileko Hezkuntza Berriztatzeko zuzendaria.

– Agurtzane Llano Cuadrado, Enplegu eta Gizarte Politika Saileko Gazteria zuzendaria.

– María Antonia Olabarrieta Ibarrondo, Enplegu eta Gizarte Politika Saileko Gizarte Zerbitzuetako zuzendaria.

– Paul Ortega Etcheverry, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendaria.

– Zuriñe Elordi Romero, Emakundeko idazkari nagusia.

Idazkaria:

– Ainhoa Zugasti Bilbao, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko teknikaria.

2.– Bileren deialdietan, gai-zerrendetan, bileretan, aktetan eta epaimahai kalifikatzaileak egiten dituen gainerako idazkietan, Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialak erabiltzen direla bermatuko da.

13. artikulua.– Balorazio- eta hautaketa-irizpideak.

1.– Dirulaguntzak emateko edo ukatzeko, lehiaketaren prozedura erabiliko da, eta irizpide haztatu hauek hartuko dira kontuan:

– Proiektuaren potentzial estrategikoa eta egokitasun edo interes soziala. Gehienez, 35 puntu:

– Proiektua deialdiaren xedera zein mailatan egokitzen den. Proiektuaren azalpenean argitasuna baloratuko da, haren izaerari, metodologiari eta antolaketa-alderdiei dagokienez, proposatutako jarduerak dirulaguntzaren xedearekin bat datozen ala ez zehazteko. Gehienez, 20 puntu.

– Orain arte jorratu ez diren gaiak lantzea, hala nola, gaiaren inguruko ikuspegi berritzailea edo ezezaguna jasotzea. Puntuazio handienarekin baloratuko dira proposamenaren berrikuntza-mailari buruzko informazio nahikoa ematen duten proiektuak. Gehienez, 15 puntu.

– Proiektuaren bideragarritasun teknikoa eta ekonomikoa, erakundeak antolatzeko duen gaitasuna eta egitura aintzat hartuta. Gehienez, 30 puntu:

– Proiektua aurrera eraman ahal izateko giza baliabideak eta baliabide materialak izatea. Egiaztapen dokumentatua baloratuko da, egin beharreko proiekturako baliabide material egokiak izateari dagokionez, bai eta horretarako giza baliabide egokiak izateari dagokionez ere. Gehienez, 10 puntu.

– Proiektuaren iraunkortasun ekonomikoa. Aurrekontua proposatutako jardueraren garapenera egokitzen den baloratuko da, xehakapen xehakatuaren bidez, diru-sarreren gastuen kontzeptuen zerrenda xehakatuan eta zalantzarik gabean oinarrituta. Erakunde eskatzaileak proiekturako erabilitako funts propioen edota beste laguntza batzuetatik datozen baliabide ekonomikoen ekarpena ere baloratuko da. Gehienez, 10 puntu.

– Eskatzailearen ibilbidea eta esperientzia antzerako proiektuak aurrera eramaterakoan. Dirulaguntzaren xedearekin lotutako jarduketen garapenean egiazta daitekeen esperientzia baloratuko da. Azkenik, aurreko ekitaldietan diruz lagundutako jarduerak zehaztasunez eta zorroztasunez betetzea eta justifikatzea baloratuko da. Gehienez, 10 puntu.

– Beste elkarte edo/eta udalen arteko harremana, sinergiak bilatuz. Beste erakunde batzuekin lankidetzan egindako jarduera horien garapenean izandako esperientzia baloratuko da. Gehienez, 10 puntu.

– Helburuak lortzeko eta gastuaren eraginkortasuna ebaluatzeko kontrol mekanismoak. Puntuazio handiagoa lortuko dute ebaluatzeko tresnak eta uneak behar bezala deskribatu dituzten proiektuek. Deskripzio orokorragoak eta hain espezifikoak ez direnei, berriz, puntuazio murritzagoa egokituko zaizkie. Gehienez, 15 puntu.

– Zeharkako politiken kudeaketa prozesuan (euskara, gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna). Puntuazio handiagoa lortuko dute egindako jarduketen genero-eragina memorian jasotzeko konpromisoa hartzen duten proiektuek eta emakumeen parte-hartzea bultzatuko duten ekintza positiboak egitea aurreikusten dutenak. Proposatutako jardueran euskara erabiltzea ere baloratuko da. Gehienez, 10 puntu.

Gehienez ere, 100 puntu eman ahalko dira.

2.– Dirulaguntza esleitzeko, eskaerak gutxienez 60 puntu lortu beharko ditu, aurreko baremoen arabera.

14. artikulua.– Prozedura ebaztea.

1.– Epaimahai kalifikatzaileak laguntzak emateko proposamena egingo du, eta proposamen horretan erakunde onuradunen lehentasun-ordena ezarri, eta emandako laguntzen zenbatekoa zehaztuko du. Proposamena egiteko, ebazpen honen 6., 7. eta 13. artikuluetan ezarritakoa aplikatu ondoren proiektu bakoitzak lortu duen puntuazioa baloratuko da.

2.– Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendariak, epaimahai kalifikatzaileak egindako proposamena ikusirik, dirulaguntzak esleitzeko prozedura ebatziko du. Ebazpenean laguntzen zenbatekoa jaso beharko da. Ebazpen horrek ez du amaitzen administrazio-bidea, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko lehendakariari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoa betez.

3.– Ebazpen hori sei hilabeteko epean eman eta jakinarazi beharko da, deialdi hau argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.

4.– Epe horretan ez bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi, eskabideak ezetsi direla ulertuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 24.2 artikuluan ezarritakoaren ondoreetarako. Edonola ere, ez da eragotziko Administrazioak berariaz ebazteko duen betebeharra.

5.– Publizitate-printzipioa betetzeko, eta prozeduraren ebazpena banan-banan komunikatzeari kalterik egin gabe, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendariaren ebazpen baten bidez, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da xedapen honen babesean emandako dirulaguntzen erakunde onuradunen zerrenda, jasotako zenbatekoak adierazita.

6.– Onuradunei dirulaguntzak eta laguntzak emateko eta, hala badagokio, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da amaituta egotea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasi eta oraindik izapidetzen ari den itzulketa- edo zehapen-prozedura oro.

15. artikulua.– Kudeaketa-organoa.

Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko Zuzendaritzari dagokio ebazpen honetan aurreikusitako dirulaguntzak kudeatzea.

16. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

1.– Erakunde onuradunek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetan ezartzen diren betebeharrak bete beharko dituzte.

2.– Erakunde onuradunek onartu egin beharko dute emandako dirulaguntza. Horretarako, laguntza onartutzat joko da, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik 10 eguneko epean erakunde onuradunak idatziz uko egiten ez badio. Dirulaguntza onartzeak berekin dakar deialdi honetan ezarritako arau guztiak betetzea, eta baita beste hauek ere: azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten Izaiki Laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituena, edo hura ordezkatzen duen araua, eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena 50.2 artikuluan. Era berean, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta lege horren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan ezarritakoa bete beharko da aplikatzekoak diren manu guztietan.

3.– Erakunde onuradunek bermatu beharko dute diruz lagunduko diren proiektuek eta horiek bultzatzen dituzten pertsona fisiko eta juridikoek zorrotz errespetatuko dituztela 1948ko Adierazpen Unibertsalean jasotako giza eskubide guztiak, baita 1966ko Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Itunean nahiz 1966ko Eskubide Ekonomiko, Sozial eta Kulturalen Nazioarteko Itunean jasotakoak ere.

4.– Erakunde eskatzaileek egunean izan beharko dituzte beren zerga-betebeharrak, eta, hala dagokionean, Gizarte Segurantzarekikoak. Egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan duten erakunde eskatzaileek baldintza hori betetzen dutela egiaztatzen duen dokumentazioa automatikoki egiaztatuko du kudeaketa-organoak, behar beste aldiz, eta horretarako ez du onuradunen baimenik beharko, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua (Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena) aplikatuz. Nolanahi, erakunde eskatzaileak aukera izango du organo kudeatzaileari Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Dekretuaren 18. eta 19. artikuluetan adierazitako inguruabarrak bete direla egiaztatzeko agiria zuzenean eskuratzekoa baimena berariaz ukatzeko; halakoetan, erakunde eskatzaileak berak aurkeztu beharko du egiaztagiri hori.

5.– Erakunde eskatzaileek egunean eduki behar dituzte dirulaguntzak itzultzeko ordainketa-betebeharrak.

6.– Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Kontu Publikoen Euskadiko Auzitegiak eskatzen dieten informazio guztia eman beharko dute erakunde eskatzaileek.

7.– Erakunde onuradunek euskara eta gaztelania erabiliko dituzte zabalkunde-jardueretan eta diruz lagundutako proiektuetatik sortutako argitalpenetan.

8.– Erakunde onuradunek hizkuntza eta irudi ez sexistak erabiliko dituzte zabalkunde-jardueretan eta diruz lagundutako proiektuetatik sortutako argitalpenetan.

9.– Erakunde onuradunek publizitate egokia eman beharko diote programen, jardueren, inbertsioen edo dirulaguntzaren xede diren edonolako jardueren finantzaketaren izaera publikoari.

10.– Dirulaguntza hauen babesean egiten diren argitalpen eta ekoizpen guztien bi ale, ematea.

17. artikulua.– Ordaintzeko modua.

1.– Deialdi honen babesean ematen den dirulaguntza honela ordainduko da:

a) Lehenengo ordainketan, emandako dirulaguntzaren % 80 ordainduko da, dirulaguntza berariaz onartu eta gero, edo ematen dela jakinarazten denetik hamar eguneko epean, berariazko uko-egiterik ez bada aurkezten.

b) Bigarren ordainketa 2021ean egingo da. Bertan, emandako dirulaguntzaren erabilera (hurrengo artikuluan zehazten den bezala) Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren aurrean justifikatu eta gero egindako likidazioaren ondoriozko zenbatekoa ordainduko da.

2.– Emandako dirulaguntzak ordaindu ahal izateko, erakunde onuradunek hirugarrenen alta hartzeko agiria aurkeztu beharko dute, baldin eta erregistraturik ez badaude edo Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia Saileko Hirugarrenen Erregistroko banku-datuak aldatu nahi badituzte.

18. artikulua.– Dirulaguntza justifikatzea.

1.– Dirulaguntzaren onuradun suertatzen den erakundeak 2021eko martxoaren 31 baino lehen aurkeztu beharko ditu Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuan emandako dirulaguntzaren erabilera justifikatzen duten agiri hauek:

a) Diruz lagundutako proiektua garatzeko egindako gastuak justifikatzen dituzten jatorrizko faktura eta ordainagiriak, originalak edo kopia kautoak. Diruz lagundutako proiektu bakoitzari dagozkion fakturak eta ordainagiriak aurkeztu behar dira, behar bezala ordenatuta eta zenbakituta, eta zerrenda batean adierazita dokumentu bakoitzean adierazitako gastua zertarako egin den. Fakturek bat etorri beharko dute azaroaren 28ko 1496/2003 Errege Dekretuaren (fakturatzeko obligazioak arautzen dituen erregelamendua onetsi eta balio erantsiaren gaineko zergaren erregelamendua aldarazten duena) 6. artikuluak ezartzen dituen eskakizun formalekin.

b) Soldaten ordainagiri originalak edo horien kopia kautoak, eredu ofizialari egokituak, eta Gizarte Segurantzarako kotizazioen buletin ofizialak, lan-kontratudun langileen gastuak justifikatzeko.

c) Aldi baterako kolaborazio-gastuen ordainagiri originalak edo horien kopia kautoak. Besteak beste, datu hauek adierazi behar dituzte: jasotzailearen datuak, bere Nortasun Agiri Nazionala –NANa–, ordainketaren kontzeptua eta Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergako –PFEZa– atxikipena. Era berean, lankidetza horiekin lortutako diru-sarreren kitapena egiteko Ogasuneko jatorrizko inprimakia aurkeztu beharko da (110-190 inprimakia).

d) Programen, iragarki-kartelen, argazkien eta argitaratutako gainerako material grafiko, idatzi edo soinuzkoen aleak. Ikerketen kasuan, haien amaierako dokumentuaren ale bat. Agiri hori erabiltzeko, ikerketak egin dituen elkarteak edo fundazioak ezarritako mugak bete beharko dira.

e) Gauzatutako proiektuaren memoria xehea, non jasotzen baitira onuradunak –sexuaren arabera bereizita– eta genero-ikuspegia txertatzeko modua. Era berean, oroitzapenezko ekintzen eta zabalkunde-ekintzen kasuan, bertaratutakoen kopurua eta iraupena adieraziko dira. Liburuxkak argitaratzeko diren hedapen-ekintzetarako, inprimatutako aleen kopurua edo egindako deskargen kopurua, Interneten eskuragarri badaude.

f) Memoria ekonomikoa. Memoria hori, era berean, dokumentu hauek osatzen dute:

I.– Jardueraren gastu eta inbertsio guztien zerrenda, baldintza hauek betetzen badituzte:

– Erantzun, zalantzarik gabe, jarduera egiteari.

– Merkatuko balioa gainditzen ez duen eskuratze-kostua dutenak.

– Jarduera egiteko epea amaitu baino lehen egiten badira.

– Justifikatzeko epea amaitu baino lehen ordaintzen badira.

II.– Diruz lagundutako jarduera finantzatu duten beste diru-sarrera edo dirulaguntza batzuen zerrenda.

Zerrenda horren helburua da gehiegizko finantzaketarik izan ez dela egiaztatzea.

Bai gastuen zerrendan, bai diru-sarreren zerrendan, bat etorri beharko dute diru-sarrera guztiei dagozkien kopuruek, eta, halaber, jardueraren kostu osoarekin bat etorri beharko dute.

2.– Administrazioak, egoki baderitzo, agiri originalak eska ditzake.

Justifikazioak nola izapidetu jakiteko xehetasunak euskadi.eus-eko egoitza elektronikoan daude eskura.

3.– Edonola ere, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 30. artikuluan xedatutakoa aplikatuko da.

19. artikulua.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.

1.– Dirulaguntza emateko kontuan hartu diren baldintzak aldatuz gero –betiere dirulaguntzaren helburua betetzat jotzen bada– eta, kasuan kasu, edozein erakunde pribatu nahiz publikotik aldi berean beste laguntzarik jasoz gero, dirulaguntzak emateko ebazpena aldatu egin ahal izango da. Horretarako, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritzak aldaketarako ebazpena emango du, eta, bertan, eman diren dirulaguntzen zenbatekoak egokituko dira.

2.– Edozein arrazoi dela-eta diruz lagundutako proiektuak ezin badira eskabidean adierazitako moduan gauzatu, horren berri eman beharko zaio Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuari. Hala gertatzen bada, eta dirulaguntza emateko ebazpena aldatu ezin bada, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendariak zehaztu beharko du emandako zenbatekoa itzuli behar ote den, hala badagokio, horretarako hartutako ebazpenaren bidez.

20. artikulua.– Dirulaguntza ematerakoan ezarritako baldintzak ez betetzea eta laguntza itzultzea.

1.– Baldintzak ez direla bete ulertuko da, honako kasu hauetan:

a) Bere garaian aurkeztutako proiektua ikusita, jasotako dirulaguntza ez da, osoki edo zati batean, onartu zen jarduerarako erabili, beste zerbaitetarako baizik.

b) Hautatutako jardueran aldaketak egin dira; salbuespena izango da aldaketok funtsezkoak ez badira eta Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendariak berariaz baimentzen baditu, eskaera arrazoitua egin ondoren.

c) Eskaeran, harekin batera aurkeztutako dokumentazioan edo dirulaguntza justifikatzeko dokumentazioan bildutako datuetako edozein gezurrezkoa da.

2.– Onuradun erakundeek artikulu honen 1. puntua, esleipen-ebazpenean edo deialdiaren ebazpenean ezarritako edozein baldintza edo Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren VI. tituluan (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartu zuen testu bategin hori) eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 37. artikuluan jasotako betebeharrak betetzen ez badituzte, laguntza jasotzeko eskubidea galduko da, eta, hala badagokio, jasotako zenbateko osoa edo partziala itzuli beharko zaio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari, berandutze interesekin batera; bestalde, zigorrak ezarri ahalko dira. Hori guztia, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan aurreikusitakoarekin bat eginez. Dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren kargurako dirulaguntzen bermeen eta itzulketen araubide orokorra erregulatzen da, eta dirulaguntzen kudeaketan parte hartzen duten erakunde kolaboratzaileen betekizunak, araubidea eta betebeharrak ezartzen dira.

3.– Honako irizpide hauek ezarri dira dirulaguntza ematerakoan ezarritako baldintzak ez betetzea mailakatzeko, kasu bakoitzean itzuli beharreko ehunekoekin:

a) Dirulaguntza lortzea, baldintzak faltsutuz edo ezkutatuz. Itzuli beharreko ehunekoa: % 100.

b) Eskaeraren xedeak erabat ez betetzea. Itzuli beharreko ehunekoa: % 100.

c) eskaeraren xedeak partzialki ez betetzea. Bete gabeko helburuekiko proportzionala.

d) Hedapen-neurriak ez betetzea. Itzuli beharreko ehunekoa: % 40.

e) Justifikatzeko betebeharra ez betetzea. Itzuli beharreko ehunekoa: % 100.

f) Nahikoa justifikazio ez izatea. Behar bezala justifikatu gabeko zatiarekiko proportzionala.

g) Onuradun gisa ezarritako beste baldintza batzuk partzialki ez betetzea. Bete gabeko baldintzekiko proportzionala.

Irizpide horiek aplikatuko dira onuradunak azkenean itzuli behar duen zenbatekoa zehazteko, eta proportzionaltasun-printzipioari erantzuten diote.

21. artikulua.– Hizkuntza-eskubideak.

Ebazpen honen eremuan, herritarrek euskara zein gaztelania erabili ahalko dituzte Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrarekin dituzten harremanetan, ahoz zein idatziz, eta hizkuntza horretan arreta jasotzeko eskubidea bermatuko da.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Ebazpen honetan berariaz erregulatu ez den guztian, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean xedatutakoa ezarriko da.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Ebazpen honek ez dio administrazio-bideari amaiera ematen, eta, beronen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete interesdunek Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko lehendakariari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean izango ditu ondorioak.

Bilbao, 2020ko apirilaren 15a.

Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren zuzendaria,

MIREN AINTZANE EZENARRO EGURBIDE.


Azterketa dokumentala