Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

105. zk., 2020ko ekainaren 1a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

OSASUN SAILA
2118

AGINDUA, 2020ko maiatzaren 19koa, Osasuneko sailburuarena, zeinaren bidez onartzen baitira 2020ko ekitaldiko dirulaguntzak emateko deialdiko oinarriak, Euskal Autonomia Erkidegoko tokian tokiko parte-hartze komunitarioko prozesuen esparruan garatzen diren osasuna sustatzeko jarduketak burutzeko.

Euskadiko Osasun Antolamenduari buruzko ekainaren 26ko 8/1997 Legearen 2. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, EAEko aginte publikoei dagokie osasuna sustatu eta indartzea jarduera sozio-ekonomikoan diharduten sektoreetan, honako helburu hauek lortzeko: bizi-ohitura osasungarriak suspertzea, arrisku-faktoreak desagerraraztea, ondorio kaltegarrien eragina deuseztatzea eta, batik bat, osasunaren garrantziaz sentsibilizatu eta kontzientziatzea. Zehatzago, artikulu horren bigarren apartatuak dioenaren arabera, Eusko Jaurlaritzaren ardura da osasun-arloko esparru instituzionala zaintzea EAEn, gomendioak emanez edo neurriak hartuz, sektore politiko guztietan osasuna aintzat har dezaten, eta, era berean, diziplina anitzeko ekintza positiboen diseinua bultzatuz, ekintza sanitarioen osagarri, biztanleen osasun-maila etengabe hobetzeko.

Aipatutako legearen 3. artikuluak adierazten du osasun-arloko euskal administrazioari dagokiola osasun publikoaren babes orokorra bermatzea, osasuna sustatzeko neurrien bidez. Halaber, lege horren 14. artikuluak adierazten du Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko organo guztiak, bakoitza dagokion sektoreko ikuspuntutik, elkar hartuta arituko direla osasun-hezkuntzaren eremuan sistematikoki gauza ditzaketen ekintzetan, funtsezkoak baitira pertsona bakoitzaren eta komunitatearen osasuna hobetzeko.

Azkenik, 15. artikuluak xedatzen duenez, Euskal Autonomia Erkidegoko toki-korporazioek osasunaren eta osasungarritasunaren kontrolerako eskumenak gauzatuko dituzte, zehazki antolamendu juridikoak esleitzen dizkienak, jarduera osagarriak gauzatzeko duten ahalmen instituzionala eragotzi gabe, eta, hala badagokio, Euskal Autonomia Erkidegoak haiei eskuordetutako eskumenak ere gauzatuko dituzte. Toki-korporazioak, halaber, Euskadiko Osasun Planaren helburuetara egokituko dira halako jarduera guztietan, eta EAEko Osasun Sailaren koordinazioaren eta goi-mailako ikuskaritzaren mende jarriko dira. Eginkizun horiek gauzatzeko, toki-korporazioek EAEko osasun-sistemako langileen laguntza teknikoa eta bitartekoak jaso beharko dituzte. Halaber, lankidetza-tresnak sustatuko dira, eta, hala badagokio, behar diren koordinazio-organo espezifikoak sortuko.

Osasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 80/2017 Dekretuaren 9.1 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzaren egiteko espezifikoak hauek dira, besteak beste: ingurune egokia dakarten gizarte-, ingurumen- eta ekonomia-baldintzak sortzeko ekintzak sustatzea, eta komunitatearen ekimenak indartzea komunitateei aukera emanez aktiboki parte har dezaten euren osasun-premiei erantzuten dieten prozesu komunitarioak diseinatzen, abian jartzen eta ebaluatzen.

Toki-gobernuek eragin zuzena dute herritarren osasunean, zenbait arlotan garatzen duten politikaren bidez, hala nola osasunean, hezkuntzan, gizarte-ongizatean, garraioan, ingurumenean, kulturan, hirigintzan, etxebizitzan, kirolean, segurtasunean eta abar. Zenbait politika, ordea, ez dira erabat toki-gobernuen eskumenekoak, baina, hala ere, halako politiken zerbitzuak tokian-tokian ematen dira; hortaz, politika horiek koordinatuz gero, sinergia positiboak lortuko dira osasunaren alde.

Agindu honen xedea da, beraz, osasuna indartzea tokian tokiko jarduketetan eta osasun-arlokoak ez diren gainerako eremuetan. Ekimen hau loturik dago Europar Batasunak gomendaturiko «Osasuna politika guztietan» estrategiarekin, bai eta Osasunaren Mundu Erakundearen Osasunaren Determinatzaile Sozialen gainean Batzordeak egindako txostenarekin ere. Politika guztietan, osasun-estrategiaren oinarrian egiaztapen hau dago: osasunean eragiten duten faktoreak, funtsean, osasun-sektorearen eragin-eremutik kanpo daude.

Osasuneko 2013-2020 Planaren 1.2 helburua da ekitatea indartzea Euskadiko Osasun Sisteman. Hainbat ekintzetan garatzen dira helburu horiek. 1.2.6 ekintzan ezartzen da osasunean ekintza komunitarioa garatuko dela herritarren osasunaren gaineko esku-hartzeen bidez, zeinetan toki-eragile guztiak barne hartzen baitira.

Halaber, plan horren 1.4 helburua da pertsonen parte-hartzea eta ahalduntzea indartzea, genero-ezberdintasunak eta kolektibo eta egoeren aniztasuna aintzat hartuta. 1.4.6 ekintzaren xedea da parte-hartze komunitarioa artikulatzea eta indartzea esparru guztietan, bai existitzen diren tresnen bidez, bai mekanismo berrien bidez, herritarrek parte har dezaten osasuna sustatzeko esku-hartze komunitarioen planifikazio- eta inplementazioa-faseetan.

Osasuneko sailburuaren 2020ko otsailaren 11ko Aginduaren bidez onartu zen Osasun Sailaren dirulaguntzen 2020ko ekitaldiko plan estrategikoa, eta Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan argitaratu. Plan horretan honako hau jasotzen da I. eranskinaren 3.1.2 epigrafean: «Tokiko eremuan osasuna sustatzeko dirulaguntzak».

Euskal Autonomia Erkidegoaren 2020ko ekitaldiko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 27ko 13/2019 Legean jasotzen da laguntza horietarako aurrekontu-kreditua.

Horregatik, eta aurreko urteetan erdietsitako esperientzian oinarrituta, deialdi honen ardatza da parte-hartze komunitarioko prozesuak era daitezen ahalbidetzea, bertatik artikulatzeko osasuna sustatzeko estrategiak, zeinek, helburu komunitarioak izanda, komunitatearen beharrizanei, asmoei, arazoei edo bere interesekoak diren gaiei erantzuten baitiete. Parte-hartze komunitarioa da komunitateak parte hartzea bere beharrizanei erantzuten dien prozesuak aztertzen, diseinatzen, martxan jartzen eta ebaluatzen, helburu partekatuak ezarriz eta era kooperatiboan jardunez, horrela, baliabideak hobeto aprobetxatzeko.

Deialdi honen zein beraren ebazpen- eta izapidetze-jardueren esparru juridikoa bat dator honako xedapen hauek emandako oinarrizko arauekin: azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duena; Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra; uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duena, eta urriaren 1eko 39/2015 Legea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena.

Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren (EBFT) 107.1 artikuluan xedatutakoaren arabera, deialdi honen xede diren laguntzak ezin dira Estatuko laguntzatzat hartu, izan ere, deialdiak diruz lagun ditzakeen xedea edo jarduerak urrun daude jarduera ekonomikotzat har daitekeenetik eta erakunde onuradunak ez dira enpresak, publikoak baitira. Horregatik, espedienteari ez zaio inolako izapiderik egin behar Europar Batasunaren aurrean.

Hori dela eta, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Dirulaguntzaren esparrua eta xedea.

1.– Agindu honen xedea da EAEko toki-erakundeentzako, toki-erakunde autonomoentzako eta tokiko merkataritza-sozietateentzako laguntza ekonomikoak iragartzea, tokiko ekintza komunitarioa indartzeko eta, 2020an, osasuna sustatzeko proiektuak garatzeko, zeinek, helburu komunitarioak izanda, komunitatearen beharrizanei, asmoei, arazoei edo bere interesekoak diren gaiei erantzuten baitiete.

2.– Laguntza hauen xedea honako hauek finantzatzea da 2020ko ekitaldian:

a) Komunitatearen partaidetza-prozesuak sortzera eta/edo dinamizatzera bideratutako jarduketak, osasuna sustatzeko ekintzak eta estrategiak tokian-tokian planifikatu eta garatzeko.

b) Osasuna sustatzeko jarduketak, zeinek, helburu komunitarioak izanda, komunitatearen beharrizanei, asmoei, arazoei edo bere interesekoak diren gaiei erantzuten baitiete eta parte-hartze komunitarioko prozesuen esparruan garatzen baitira.

Parte-hartze komunitarioko prozesua egitura inklusibo eta partaidetzazko gisa definitzen da, eta komunitateko hainbat eragile biltzen ditu, hala nola, administrazioak, hainbat esparru edo sektore (hezkuntza, gizartea, osasuna, kultura, ekonomia...) eta herritarrak, gizarte-erakundeak barne, komunitatearen beharrizanei, asmoei, arazoei edo bere interesekoak diren gaiei erantzuteko xedearekin.

2. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Honako hauek eska ditzakete laguntzak parte-hartze komunitarioko prozesuak eta prozesu horien ondoriozko osasuna sustatzeko jarduketak garatzeko: Euskal Autonomia Erkidegoko udalek, mankomunitateek, bestelako toki-erakundeek, toki-erakunde autonomoek eta tokiko merkataritza-sozietateek.

2.– Baldintza hauek bete beharko dituzte tokiko merkataritza-sozietateek: euren kapitala titulartasun publikokoa izatea; parte hartzen duten udaletako osoko bilkurek izendatuak izatea eskatutako dirulaguntzaren xede den jarduera egiteko, eta merkataritza-erregistroan eratuta eta inskribatuta egotea.

3.– Erakunde onuradun izatera iristeko eta onuradun-egoera horri eusteko, erakundeak beteta izan beharko ditu legezko zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, baita dirulaguntzak itzultzeko obligazioen ordainketak ere.

4.– Ezin izango dira erakunde onuradun izan Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan jasotako egoeraren batean daudenak.

5.– Erakundeek artikulu honetan xedatzen diren eskakizunak bete beharko dituzte dirulaguntzen onuradun deklaratuak izateko laguntzak emateko ebazpenaren bidez. Gainera, prozesu osoan zehar bete beharko dira betekizunak, emandako dirulaguntza likidatu arte.

6.– Organo kudeatzaileak, ordainketa bakoitza egin aurretik, egiaztatuko du erakunde onuradunak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak beteta dituela, eta ez dela zordun dirua itzuli behar duela dioen ebazpenen batean.

7.– Erantzukizunpeko adierazpen bat egin beharko dute erakundeek –eskabide-formularioan jasota dago–, eta, han, honako hauek justifikatu: ez dutela onuradun izateko ezgaitzen duen debekurik eta, bereziki, dirulaguntzak itzultzeko obligazioak ordainduta dituztela. Hori guztia, agindu honen 7. eta 10. artikuluetan aipatutako egiaztatze-jarduketak eragotzi gabe.

8.– Ezingo dituzte laguntza hauek eskuratu zigor- eta administrazio-arloan dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzearekin zigortuta dauden entitateek, ez eta horretarako ezgaitzen dituen debekuren baten eraginpean daudenek ere, Gizonen eta Emakumeen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legea dela-eta, sexuaren inguruko diskriminazioa egiteagatik gertatutakoak barne.

3. artikulua.– Dirulaguntzaren aurrekontu-zuzkidura eta deialdiaren organo kudeatzailea.

Guztira 292.000 (berrehun eta laurogeita hamabi mila) eurokoa izango da 1. artikuluan adierazitako jarduketetarako aurrekontu-zuzkidura.

Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendaria da deialdiaren organo kudeatzailea.

4. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.

1.– Diruz lagundu daitezke honako jarduketak direla-eta sortutako gastuak:

a) Parte-hartze komunitarioko prozesua dinamizatzea, helburu hauekin:

1) Komunitateko eragileak erakartzea eta parte-hartze komunitarioko prozesua ahalbidetzen duten aliantzak ezartzea.

2) Komunitateko aktiboak identifikatzea pertsonen eta komunitateen gaitasuna indartzen duten faktore eta errekurtso gisa, osasunari eta ongizateari eusteko (aktiboen mapatzea).

3) Komunitatearen beharrizanak, asmoak, arazoak edo bere interesekoak diren gaiak identifikatzea.

b) Osasuna sustatzeko jarduerak egitea, jarduerok parte-hartze komunitarioko prozesuaren eraginez sortuak izanik eta jarduketa-esparru ezberdinetara bideratuak, komunitatearen beharrizanen, asmoen, arazoen edo bere interesekoak diren gaien arabera, hala nola, jarduera fisikoa, elikadura osasuntsua, ongizate emozionala, osasuna edo ongizatea ahalbidetzen duten inguruneak, etab.

c) Toki-hedabideetan zabaltzea parte-hartze komunitarioko prozesuaren edo burutzen ari diren jardueren berri, herritarren parte-hartzea sustatze aldera.

d) Proiektuaren ebaluazioa.

2.– Ez dira diruz lagunduko honako gastu hauek:

a) Langile-kostuak ordaintzera bideratuak, langile-egiturak sortzea edo horiek egonkor mantentzea ekartzen dutenak.

b) Toki-erakundeen programazioan dauden jarduerak, parte hartze prozesu batetik ez datozenak.

c) Une jakin bateko jarduerak egitea soilik xede duten jarduketak edo parte-hartze komunitarioko prozesu batean sartuta ez daudenak (adibidez:....ren eguna,...ren astea,...ren jardunaldia).

d) Banku-kontuen interes zordunak; finantza-gastuak; administrazio-lizentziak; errekarguak, eta administrazio- eta zigor-zehapenak, honako hauek barne direla: ordainketetan berandutzearen ondoriozko zehapenak; zerga, tributu eta tasak edo Gizarte Segurantzako kuotak ez ordaintzearen ondoriozkoak, eta prozedura judizialen eta gatazkak borondatez konpontzeko bestelako prozeduren gastuak.

e) Balioespen-batzordearen ustez, laguntzaren xedearekin edo jardueraren exekuzioarekin bat ez datozen bestelako gastuak, edo ekonomia- eta efizientzia-printzipioen kontrakoak direnak.

3.– Diruz laguntzen diren jarduerak ezingo dira azpikontratuak izan.

4.– Artikulu honetan zehaztu gabeko gaietarako, oinarrizko legedi gisa, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2013 Lege Orokorraren 31. artikuluan eta lege horren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 83. artikuluan xedatutakoa aplikatuko da.

5. artikulua.– Beste dirulaguntza batzuekin bateragarria izatea.

1.– Agindu honen bidez iragarritako dirulaguntzak ematea bateragarria izango da beste administrazio publiko edo erakunde publiko nahiz pribatu batzuek –Espainiakoak, Europar Batasunekoak edo nazioartekoak– xede bererako emandako dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideekin, baldin eta, bakarka hartuta edo batera, diruz lagundutako jardueraren kostua gainditzen ez bada (gainfinantzaketa).

2.– Baldin eta lortutako laguntza guztien batura handiagoa bada jardueraren aurrekontu osoa baino, dirulaguntza txikiagoa emango da, gehiegizko zenbatekoa kenduta.

6. artikulua.– Dirulaguntzen zenbatekoaren mugak.

Deialdi honen babesean emandako dirulaguntzen zenbatekoak ez ditu muga hauek gaindituko: eskatutako zenbatekoa; diruz lagun daitekeen gastuaren aurrekontu osoaren % 75; proiektu bakoitzeko 8.000 euroko zenbatekoa; erakunde onuradun bakoitzeko 15.000 euroko zenbatekoa, proiektu bat baino gehiago aurkeztuz gero.

7. artikulua.– Eskabidea eta aurkeztu beharreko agiriak.

1.– Proiektu bakarra aurkeztuko da parte-hartze komunitarioko prozesu bakoitzeko. Proiektu horren barnean sartuko dira dirulaguntza eskatzen duten jarduketak.

2.– Parte-hartze komunitarioko prozesuari dagokion proiektu bat baino gehiago eskatu ahal izango du erakunde eskatzaile bakoitzak.

3.– Proiektu bakoitzeko, eskabide telematikoa bete beharko da –eskuragarri dago 21.4 artikuluan zehazten den zuzeneko sarbidean–.

4.– Eskabideetan gutxienez datu hauek agertuko dira:

a) Erakundearen eta, hala badagokio, ordezkariaren identifikazio-datuak, honako hauek adierazita: izena, identifikazio-agiria, telefono mugikorra eta/edo helbide elektronikoa (abisuak jasotzeko), jakinarazpenak eta abisuak jasotzeko hizkuntza, betebehar fiskalei buruzko informazioa eskuragarri dagoen lurraldea/probintzia, erantzukizunpeko adierazpenak eta baimenak.

b) Proiektuaren izenburua.

c) Proiektuan parte hartzen duen komunitatearen partaidetza-prozesua.

d) Programetako harremanez arduratzen den teknikariaren datuak.

e) Proiektuaren deskribapen teknikoa:

1) Parte-hartze komunitarioko prozesuak sortzeko eta/edo dinamizatzeko jarduketak:

a) Parte-hartze komunitarioko prozesuak sortzea eta dinamizatzea.

b) Osasunerako aktiboak identifikatzea.

c) Komunitatearen beharrizanak, arazoak edo bere interesekoak diren gaiak identifikatzea.

d) Jarduketak lehenestea.

2) Osasuna sustatzeko, parte-hartze komunitarioko prozesu baten esparruan garatutako jarduketak:

a) Proiektuaren egokitasuna eta garrantzia:

1.– Jarduketaren justifikazioa.

2.– Helburuak.

3.– Faseen deskribapena.

b) Parte-hartzearen oinarria (biztanleria onuradunak modu aktiboan nola parte hartzen duen proiektuaren garapen-etapetan).

c) Gizarte-, hezkuntza-, osasun-esparruko eta/edo esparru soziosanitarioko beste eragile komunitario batzuekin koordinatzea, osasuna sustatzeko jarduketa diseinatu, garatu eta ebaluatzean.

3) Jarduerak ebaluatzeko proposamena.

4) Zabalkunde-plana: hitzaldiak, parte-hartzea sustatzeko jardunaldiak, informazio inprimatua, gizarte-hedabideetan publizitatea egitea, etab.

5) Ekitatearen ikuspegia aplikatzea: arreta berezia desberdintasun-ardatzei: klase soziala, generoa, adina, etnia/kultura, lurraldea, dibertsitate funtzionala, orientazio/identitate sexuala, ideologia/sinesmenak, etab.

f) Jarduera burutzeko epea.

g) Aurrekontu osoa, kontzeptuen, proiektuaren finantzaketa-iturrien eta proiekturako eskatutako beste laguntza batzuen arabera banakatua.

h) Deialdi honetan eskatutako zenbatekoa.

5.– Eskabidearekin batera, honako hauek aurkeztuko dira:

a) Onespen-akordioa, hau da, eskatu den dirulaguntzaren xede den jarduerari onespena ematen diona, batetik, eta jarduera finantzatzeko erakunde eskatzaileak egingo duen ekarpenarena, bestetik.

b) Proiektua parte-hartze komunitarioko prozesu baten barruan egiten dela justifikatzen duen dokumentazioa, azalpenezkoa eta inplikatutako eragileek sinatua, eta dokumentazio horren barruan sartuko da dokumentu/akta bat, zeinak jasoko baititu dagokion proiektua egiteko konpromisoa, inplikatutako eragileak eta jardueren kronograma.

c) Erakunde eskatzailea tokiko merkataritza-elkarte bat bada, aurreko ataletan eskatutako dokumentazioaz gain, jarduketa gauzatuko den udalerriko edo udalerrietako osoko bilkuraren onarpen-akordioak aurkeztu beharko ditu, hau da, jarduera hori erakunde horrek gauzatuko duela adierazten dutenak.

d) Finantzaketa zer jarduera egiteko eskatu den hobeto ezagutzeko beharrezkoa den dokumentu osagarri oro.

8. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea.

1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, deialdi hau EHAAn argitaratu eta biharamunetik hasita.

2.– Proiektu bakoitzeko, eskabide bat aurkeztu behar da.

3.– Eskabideak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu beharko dira, agindu honen izapide elektronikoei buruzko 21.4 artikuluan adierazitako euskadi.eus egoitza elektronikoaren bidez.

4.– Identifikazio elektroniko aitortua duten erakundeen ordezkariek aurkeztu ahal izango dituzte eskabideak, agindu honen 21.3 artikuluan xedatutakoari jarraituz, baldintza hauek betez gero:

a) Ordezkariak, baldin eta erakundeen ordezkarientzako ziurtagiri elektroniko baten bidez identifikatu baldin bada, ez du egiaztatzeko inolako izapiderik egin behar.

b) Ordezkaria pertsona fisikoentzako ziurtagiri baten bidez identifikatu bada, ordea, ordezkaritza egiaztatu beharra dauka ordezkarien erregistro elektronikoan, agindu honen 21.2 artikuluan adierazitakoari jarraituz.

5.– Erakunde eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dituzte eskabidea eta horri erantsi beharreko gainerako agiriak. Era berean, eskabidea aurkeztu izanaren ondoriozko jarduketetan, eta prozedura osoan, erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen erabilera normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 6.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz.

9. artikulua.– Aurkeztutako eskabideetan akatsak zuzentzea.

Eskabideak oinarri hauetako baldintza guztiak betetzen ez baditu, osatugabea edo akastuna bada, erakunde interesdunari eskatuko zaio hamar egun balioduneko epean hutsa zuzentzeko edo nahitaezkoak diren dokumentuak aurkezteko. Halaber adieraziko zaio, hala egin ezean, eskabidea bertan behera utziko zaiola, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan xedatutakoaren arabera.

Eskabidea era presentzialean aurkezten bada, ezarritako bide elektronikoa erabili gabe, elektronikoki ere akatsa zuzentzeko eskatuko zaio interesdunari. Horretarako, zuzenketa egin den eguna hartuko da eskabidearen aurkezpen-eguntzat.

10. artikulua.– Datuak eta eskakizunak egiaztatzea.

Erakundeak, eskaeraren bidez, baimena eman ahal izango dio organo kudeatzaileari, honek dagokion administrazio publikoan kontsultatu edo eskatu ditzan erakundearen nortasun-datuak eta, halaber, egiazta dezan betekizunak betetzen direla. Erakundeak baimena ematen duela ulertuko da, eskaeran ez badu espresuki aurkakoa adierazten. Ez badu baimenik ematen, erakundeak ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu derrigor. Eskabide horretan, gutxienez, honako alderdi hauei buruzko erantzukizunpeko adierazpenak jasotzen dira:

1.– Erakunde eskatzaileak egunean ditu zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.

2.– Erakunde eskatzaileak egunean ditu dirulaguntzak itzultzearen ondoriozko betebeharrak.

3.– Erakunde eskatzailea ez dago Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 artikuluan ezarritako egoeraren batean.

4.– Ea erakundeak xede bererako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak eskatu dizkien bestelako administrazio publikoei edo entitate publiko edo pribatuei –Espainiakoak, Europar Batasunekoak edo nazioartekoak–, eta jaso dituen; erantzuna baiezkoa izanez gero, zenbatekoa zehaztu.

5.– Ea erakundea itzultze- edo zehapen-prozeduraren batean sartuta dagoen, hau da, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko dirulaguntzen esparruan hasi eta oraindik izapidetzen ari den itzultze- edo zehapen-prozeduraren batean; erantzuna baiezkoa izanez gero, prozedura hori edo horiek identifikatu.

Tratamendu horretatik salbuetsita daude 7.5 artikuluan adierazten diren dokumentuen bidez egiaztatzekoak diren betekizun eta baldintzak; dokumentu horiek eskabidearekin batera aurkeztu behar ditu erakundeak.

Organo kudeatzaileak behar beste egiaztapen egin ahal izango ditu prozedura legezkoa dela bermatzeko. Nolanahi ere, laguntzak eman eta ordainketa bakoitza egin baino lehen, beharrezko diren egiaztapenak egingo dira.

Erantzukizunpeko adierazpen baten barruan edo harekin batera aurkezten diren datu, adierazpen eta dokumentuetan funtsezko zehaztasun-gabeziaren bat, faltsukeriaren bat edo ez-egiteren bat badago, prozedura bertan behera geldituko da, gertakari horiek jakiten diren unetik, horrek ekar ditzakeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak alde batera utzi gabe.

Halaber, egoera horren berri ematen duen Administrazio Publikoaren ebazpenak ezar dezake entitate interesdunak itzuli behar duela dirulaguntza –hala balegokio– eta denbora-tarte jakin batez ezin izango duela helburu bereko beste prozedura bat abian jarri; hori guztia, aplikatu beharreko arauetan ezarritakoaren arabera.

11. artikulua.– Eskabideak balioesteko irizpideak.

1.– Jarraian, balioespen-irizpideak zehaztuko ditugu, eta irizpide bakoitzari zenbat puntu dagozkion esango. Irizpide hauek erabiliko dira, hain zuzen, eskabideen lehentasun-ordena ezartzeko:

a) Parte-hartze komunitarioko prozesu bat sortu eta/edo dinamizatzeko jarduketak: 35 puntu, gehienez.

Prozesu inklusibo eta partaidetzazkoak erabiltzea, hauetarako:

1) Parte-hartze komunitarioko prozesu bat sortu eta dinamizatzea: 10 puntu, gehienez.

2) Osasuna era positiboan bideratzea. Mankomunitatearen osasunerako aktiboak identifikatzea (aktiboen mapatzea): 10 puntu, gehienez.

3) Komunitatearen beharrizanak, arazoak edo bere interesekoak diren gaiak identifikatzea: 10 puntu, gehienez.

4) Jarduketak lehenestea: 5 puntu, gehienez.

b) Osasuna sustatzeko, parte-hartze komunitarioko prozesu baten esparruan garatutako jarduketak: (35 puntu, gehienez).

1) Proiektuaren egokitasuna eta garrantzia: 15 puntu, gehienez.

a) Proposatutako jardueraren justifikazioa, zer egoeratan eragin asmo duen identifikatuta eta deskribatuta: 5 puntu, gehienez.

b) Xede zehatzak eta aginduaren helburuarekin lotutakoak: 5 puntu, gehienez.

c) Jarduera garatzeko faseen deskribapena: 5 puntu, gehienez.

2) Parte-hartzearen oinarria. Biztanleria onuradunak modu aktiboan parte hartzen du proiektuaren garapen-etapetan, eta ez jardunaren hartzaile huts gisa, hau da, biztanleriak eta profesionalek erabakiak batera hartzen dituzte eta biak modu aktiboan inplikatzen dira. Gehienez, 10 puntu.

a) Diseinua eta ezarpena: 5 puntu, gehienez.

b) Ebaluazioa: 5 puntu, gehienez.

3) Gizarte-, hezkuntza-, osasun-esparruko eta/edo esparru soziosanitarioko beste eragile komunitario batzuekin koordinatzea, osasuna sustatzeko jarduketa diseinatu, garatu eta ebaluatzean: 10 puntu, gehienez.

c) Proiektuaren ebaluazioa: 10 puntu, gehienez.

1) Prozesua: 4 puntu, gehienez.

2) Emaitzak: 3 puntu, gehienez.

3) Eragina: 3 puntu, gehienez.

d) Zabalkunde-plana: hitzaldiak, parte-hartzea sustatzeko jardunaldiak, informazio inprimatua, toki-hedabideetan publizitatea egitea: 10 puntu, gehienez.

e) Ekitatearen ikuspegia aplikatzea proiektuaren garapenean: 10 puntu, gehienez.

1) Desberdintasun sozioekonomikoak, proiektua garatzen den tokiko MEDEA indizearekin neurtuak (udalerria, auzoa, mankomunitatea): 5 puntu, gehienez.

a) 4. eta 5. kintilak: 5 puntu.

b) Gainerako kintilak: 0 puntu.

2) Arreta berezia bestelako desberdintasun-ardatzei: klase soziala, generoa, adina, etnia/kultura, lurraldea, dibertsitate funtzionala, orientazio/identitate sexuala, ideologia/sinesmenak: 5 puntu, gehienez.

2.– Guztira 30 puntu edo gehiago lortzen dutenak soilik lagundu ahal izango dira diruz.

12. artikulua.– Eskabideak balioestea, dirulaguntzak emateko prozedura eta haien kuantifikazioa.

1.– Balioespen-batzorde batek balioetsiko ditu eskabideak, eta honako kide hauek izango ditu: Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendaria (Juan Jose Aurrekoetxea Agirre jn.), batzordeburu jardungo duena, eta Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak Osasun Sailaren lurralde-ordezkaritzetan dituen zuzendariordeak (Joseba Bidaurrazaga Van-Dierdonck jn., Elena Albisua Cortazar and. eta Juan Carlos Fernández Crespo jn.). Kide anitzeko organoko idazkaritzari dagokionez, batzordeburuak batzordekideen artean izendatutako pertsonak beteko du.

2.– Balioespen-batzordeak dagokion artikuluan ezarritako balioeste-irizpideen arabera balioetsiko ditu eskabideak.

3.– Balioespen-batzordeak zehaztuko du proiektu bakoitzaren puntuazioa eta proiektu horri eman dakiokeen gehieneko dirulaguntza, betiere agindu honetan finkaturiko irizpideei jarraikiz.

4.– Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendariak, laguntzak kudeatzen dituen organoa izanik, eta/edo balioespen-batzordeak behar beste informazio eta dokumentazio osagarri eskatu ahal izango diete erakunde eskatzaileei, aurkeztutako proiektua edo jarduera hobeto ulertzeko helburuarekin, betiere.

5.– Deialdi honetan ezarritako laguntzak lehiaketa-prozeduraren bidez emango dira, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 51.4 artikuluari jarraituz.

6.– Hau da zenbatekoak zehazteko prozedura:

a) Garaiz eta behar bezala aurkeztutako eskabide bakoitzari, 11.1 artikuluan ezarritako irizpideen eta haztapenen araberako puntuazioa esleituko zaio.

b) 11.2 artikuluan ezarritako gutxieneko puntuazioak lortzen dituzten eskabideak handienetik txikienera ordenatuko dira, lortutako puntuazioaren arabera.

c) Banakako zenbatekoa zehazteko, kontuan hartuko dira ordena hori, 6. artikuluan aurreikusitako mugak eta eskatutako aurrekontu diruz lagungarriaren zenbatekoa, 3. artikuluan aurreikusitako aurrekontu-zuzkidura agortu arte.

d) Banaketan erakunde batentzat ezarritako muga gainditzen bada, diruz lagundutako proiektu bakoitzean lortutako puntuazioarekiko proportzionalki murriztuko da zenbatekoa.

7.– Aurkeztutako proiektuen ebaluazio konparatua egin ondoren ezarritako irizpideen arabera, eta dagozkien zenbatekoak zehaztu ondoren agindu honetan horretarako ezartzen denaren arabera ebazpen-proposamena egingo dio, balioespen-batzordeak Osasuneko sailburuordeari, eta honako hauek adieraziko dizkio: zer dirulaguntza ematea proposatzen duen, zein diren elkarte onuradunak, finantzatuko den proiektu bakoitzari zenbat diru emango zaion, eta, hala badagokio, zein diren dirulaguntza ukatu zaien proiektuak eta zergatik ukatu zaien.

13. artikulua.– Ebazpena, errekurtsoak, ebazteko eta jakinarazteko epea, jakinarazteko modua eta publizitate-prozedura.

1.– Aurkeztutako eskabideak prozedura bakar batean izapidetuko dira, eta interesdunek azaldutako gai guztiak erabakiko dira haren ebazpenean. Osasuneko sailburuordeari dagokio ebazpen hori ematea, balioespen-batzordearen proposamena kontuan hartuta.

2.– Ebazpenean ezarriko da eskatutako dirulaguntzak ematen edo ukatzen diren. Laguntzak ematea erabakitzen bada, honako hau adierazi beharko da: zein diren erakunde onuradunak, guztira zenbateko dirulaguntza emango zaion horietako bakoitzari eta zenbat emango zaion finantzatutako proiektu bakoitzari. Dirulaguntza ukatzen bada, zergatia azaldu beharko da.

3.– Gehienez ere lau hilabetekoa izango da prozedura ebatzi eta ebazpena erakunde interesdunei jakinarazteko epea, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera. Epe hori igarota, ebazpenik argitaratu ez bada, dirulaguntza eskaera ezetsi egin dela ulertu ahal izango dute interesdunek, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1.a) artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 25.5 artikuluan ezarritako ondorioetarako.

4.– Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, eta hori izango da erakunde interesdunei jakinarazteko modua.

5.– Ebazpenak ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Osasuneko sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera, betiere Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan ezarritakoaren arabera.

6.– Agindu honek arautzen dituen dirulaguntzak erakunde onuradunei esleitu, eta, hala badagokio, ordaindu aurretik, amaituta egon behar dute Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomoek eta administrazio horren mendeko zuzenbide pribatuko erakundeek emandako antzeko dirulaguntzen esparruan hasita dauden eta oraindik izapidetzen ari diren itzultze- edo zehatze-prozedurek.

14. artikulua.– Dirulaguntza justifikatzea.

1.– Diruz lagundutako proiektu bakoitzeko, justifikazio telematiko bat bete beharko da –eskuragarri dago 21.4 artikuluan zehazten den zuzeneko sarbidean–.

2.– Justifikazioetan gutxienez datu hauek agertuko dira:

a) Parte-hartze komunitarioko prozesuaren izena eta parte-hartzaileak.

b) Jarduketaren izenburua eta espediente-zenbakia.

c) Proiektua gauzatzeari buruzko memoria.

1) Egindako jarduketak:

1.– Egindako jarduketen deskribapena.

2.– Parte-hartzearen oinarria (biztanleria onuradunak modu aktiboan nola parte hartu duen proiektuaren garapen-etapetan).

3.– Gizarte-, hezkuntza-, osasun-esparruko eta/edo esparru soziosanitarioko beste eragile komunitario batzuekin koordinatzea, osasuna sustatzeko jarduketa diseinatu, garatu eta ebaluatzean.

2) Zabalkunde-plana.

3) Proiektuaren ebaluazioa.

4) Ekitatearen ikuspegia aplikatzea.

d) Proiektuaren gastuen memoria banakatua, diru-sarreren eta gastuen zerrenda dakarrena, eta, hala badagokio, helburu bererako beste dirulaguntza, laguntza edo diru-sarrera batzuk jaso direla zehaztuko du.

e) Gastua egiaztatzen duten agirien zerrenda. Zerrenda horretan, aurkeztutako proiektuaren guztizko aurrekontuaren arabera egindako gastuen ziurtagiri guztiek egon behar dute, eta adierazi egin behar da ziurtagiri-mota, azalpena, igorlea, data, zenbatekoa eta jarduerari dagokion ehunekoa. Gastuen frogagiri horiek bat etorri behar dute aurkeztutako aurrekontuko kontzeptu guztiekin eta kontzeptu bakoitzak aurrekontu osoarekiko duen proportzioarekin.

3.– Justifikazioarekin batera, honako hauek aurkeztuko dira:

a) Dirulaguntzaren xede den proiektuaren helburua eta asmoa bete direla dioen ziurtagiria, toki-erakundeko idazkariarena edo erakunde eskatzailea ordezkatzen duen pertsonarena.

b) Faktura edo baliozko beste ordainketa-egiaztagiri batzuen kopiak, toki-erakundeko idazkariak edo erakunde eskatzailearen ordezkariak sinatuak. Dokumentu horiek egiaztatu behar dute justifikatzeko aldia amaitu baino lehen benetan ordaindu dela dirulaguntza eta haren xede den proiektua benetan gauzatu dela.

c) Justifikazioko kontua: diru-sarreren eta gastuen zerrenda, eta adierazi behar da beste dirulaguntzarik, laguntzarik edo diru-sarrerarik eskuratu ote den.

d) Agiri osagarriak, proiektua egin dela egiaztatzen dutenak, honako hauek barne direla: material grafikoa, bileren aktak eta bertaratutakoen zerrenda edo prozesuan sortutako beste agiri batzuk.

4.– Aldez aurretik eginiko gastuak ordaindu daitezke jasotako dirulaguntzarekin, baldin eta gastu horiek dirulaguntza jaso duten jardueretan sartzen diren ekintza eta kontzeptuen kostu errealak badira eta 2020. urtean sortutakoak badira.

5.– Justifikazio-agiriak aurkezteko epea 2021eko urtarrilaren 31n amaituko da, eta egun horixe izango da agiri horiek onartzeko azkena.

6.– Dirulaguntza justifikatzeko dokumentazioa bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu beharko da, 21.5 artikuluan azaltzen den moduan.

7.– Gizonen eta emakumeen egoeran duen eragina ezagutzeko, informazioa sexuaren arabera bereizita emango da justifikazio horretan, hala badagokio, betiere.

8.– Artikulu honetan zehaztu ez diren gaietan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 30. artikuluan ezarritakoa aplikatuko da.

15. artikulua.– Justifikatzeko aurkeztutako dokumentuetako akatsak zuzentzea.

Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak ikusten badu justifikatzeko aurkeztutako dokumentuetan akatsak daudela edo datuak falta direla, erakundeari hamar egun balioduneko epea emango dio, jakinarazpena jaso eta biharamunetik aurrera, akatsa zuzendu edo falta diren dokumentuak aurkez ditzan.

Eskakizun hori ez badu garaiz eta modu egokian betetzen, dagokion eskakizuna egiaztatu gabe dagoela ulertuko da, eta agindu honen 22. artikuluan aurreikusitako ondorioak aplikatuko dira.

16. artikulua.– Laguntzak ordaintzea.

1.– Dirulaguntzaren % 70a onartzen den unean ematea, ebazpena argitaratu ondoren, eta laguntza espresuki edo isilbidez onartutakoan 17.1 artikuluan ezarritako epean.

2.– Gainerako % 30a, diruz lagundutako proiektua egin ondoren, alegia, elkarte onuradunak dirulaguntzaren xede den proiektua egindakoan eta haren guztizko gastua justifikatu ostean 14. artikuluan ezarritakoari jarraituz.

3.– Organo kudeatzaileak, ordainketa bakoitza egin aurretik, egiaztatuko du erakunde onuradunak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak beteta dituela, eta ez dela zordun dirua itzuli behar duela dioen ebazpenen batean.

17. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

Indarrean dagoen araudiak xedatzen dituen eta ezartzekoak diren beste betebehar batzuk alde batera utzi gabe, eta, batez ere, ezertan galarazi gabe Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.2 artikuluak eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluek ezarritakoa, honako betebehar hauek izango dituzte agindu honetan ezarritako dirulaguntzen onuradun diren erakundeek:

1.– Emandako dirulaguntza onartzea. Ildo horretatik, laguntza onartutzat joko da, baldin eta onuradunek berariaz laguntzari uko egiten ez badiote, dirulaguntza eman izanaren ebazpena EHAAn argitaratu eta biharamunetik hasita hamar egun balioduneko epean.

2.– Dirulaguntzaren xede den proiektua gauzatzea, eta jasotako laguntza guztia horretara bideratzea.

3.– Eskatu eta kontuan hartu den eskakizunen batean aldaketaren bat izan bada dirulaguntzak ematean, horren berri ematea organo kudeatzaileari, aldaketa gertatu eta bost egun balioduneko epean gehienez ere.

4.– Helburu bererako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideren bat lortu bada beste edozein administrazio edo erakunde publiko nahiz pribaturen baten aldetik, horren berri ematea organo kudeatzaileari, hori gertatu eta bost egun balioduneko epean gehienez ere.

5.– Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzan justifikatzea dirulaguntza emateko edo baliatzeko bete beharreko eskakizunak eta baldintzak betetzen dituztela, bai eta jarduketa egin dutela ere.

6.– Osasun Sailari laguntzea jarduketa horiek egiaztatu, ikuskatu, segimendua egin, ebaluatu eta kontrolatzeko prozeduretan, eta honako kontrol-saio hauen mende jartzea: Eusko Jaurlaritzaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoari dagozkionak –Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontuen kargura emandako laguntzak diren heinean–, eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren berariazko araudian aurreikusitakoak.

7.– Jasotako funtsen aplikazioa justifikatzen duten dokumentuak –dokumentu elektronikoak barne– bost urtez gordetzea, egiaztapen- eta kontrol-jarduketen xede izan baitaitezke.

8.– Osasun Sailaren babesa dutela aipatu beharko dute, egiten dituzten agirietan eta publizitatean. Aipamen hori Eusko Jaurlaritzaren Erakunde Nortasunaren Eskuliburuan ezarritakoaren arabera txertatuko da; euskadi.eus-eko egoitza elektroniko honetan dago eskuragarri: https://www.euskadi.eus/nortasun-gidaliburua

9.– Aurkeztutako dokumentazioaren informazio tekniko eta grafikoa erabiltzeko eskubidea ematea Osasun Sailari, dohainik eta era ez-esklusiboan, eta argitaratzeko moduko formatuan, Osasun Sailaren informazio-sisteman sar eta erabil dadin, bai eta zabaldu eta/edo argitara eman dadin ere, edozein formatu bibliografiko, ikus-entzunezko edo informatiko erabiliz edota teknika erabiltzen uzten duen edozein bide baliatuz.

10.– Euskadi Aktiboa plataforman, http://www.euskadi.eus/informazioa/euskadi-aktiboa/web01-a2osabiz/eu/ orrian, baliabide komunitario gisa ikusaraztea parte-hartze komunitarioko prozesua, eta jarduera gisa urtebetetik gorako jarraipena duten ondoriozko jarduketak.

18. artikulua.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.

Dirulaguntzak emateko ebazpena alda liteke, baldin eta dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira –beti ere dirulaguntzaren helburua bete dela uste bada– eta, hala badagokio, dirulaguntza horrekin batera Eusko Jaurlaritzak edo beste administrazio edo erakunde publiko zein pribatu batzuek emandako dirulaguntzaren bat edo laguntzaren bat jaso bada. Horretarako, dagokion aldaketa-ebazpena emango du Osasuneko sailburuordeak, eta, ebazpen horretan, esleitutako dirulaguntzen zenbatekoak egokituko dira. Horiek emateko, honako irizpide eta muga hauek aplikatuko dira:

a) Gastuen justifikazioa dirulaguntzarako aurkeztutako eta aintzat hartutako aurrekontua baino baxuagoa bada, % 25 edo gutxiagoko aldearekin, eta hasieratik aurreikusi diren helburu guztiak lortu baldin badira, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da proportzio beraren arabera eta dagokion aldaketa-ebazpenaren bidez.

b) Aurkeztutako aurrekontuarekiko % 25etik gorako desbideratzea gertatuz gero, dirulaguntza jasotzeko eskubidea galduko da, eta, hala badagokio, jasotako zenbatekoak itzuli beharko dira, dirulaguntzen arloko berandutze-interesa erantsita.

Bi kasuetan, soberan jaso dituzten zenbatekoak itzultzera behartuta egongo dira erakunde onuradunak, 22. artikuluan xedatutakoaren arabera.

19. artikulua.– Dirulaguntza jaso duen jardueraren segimendua.

Komenigarri iritzitako alderdi guztiak gainbegiratuko, ikuskatuko eta egiaztatuko ditu Osasun Sailak, xedapen honetan ezarritako arau guztiak betetzen direla bermatzeko. Era berean, edonoiz eman ahal izango die erabilera publikoa laguntza hauen bidez finantzatutako programa eta jarduketen edukiari eta emaitzei.

20. artikulua.– Datuen babesa.

Datuak Babesteko 2016/679 Erregelamendu Orokorreko (EB) eta Datu pertsonalak babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoko xedapenekin bat, agindu honetako dirulaguntzak eskatzeko ematen diren datuak ez zaizkio lagako ez beste pertsona ez beste erakunde bati, eta, soil-soilik, Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak laguntzok kudeatzeko erabiliko dira, haren ardura baita datuok tratatzea. Interes publikoaren alde egindako misioa edo tratamenduaren arduradunari emandako botereak baliatzeko egindako misioa betetzeko behar den tratamenduak bat etorri behar du Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean xedatutakoarekin. Datuak «Osasun Publikoaren eta Adikzioen arloko Laguntzak eta Dirulaguntzak» izeneko tratamendu-jardueren erregistroan sartuko dira.

Nahi duen orok datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezabatzeko eskubideak erabil ditzake, bai eta datuen tratamendua mugatzeko edo hari aurka egiteko eskubideak ere, informazio gehigarrian azaldu bezala. Web-orri honetan dago informazio hori: www.euskadi.eus/dbao/0088612

21. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.

1.– Interesa duten erakundeek bitarteko elektronikoak erabiliz eskatu, kontsultatu eta egin beharko dituzte prozedura honen izapide guztiak.

2.– Ordezkarien erregistro elektronikoari buruzko informazioa eskuragarri dago euskadi.eus-en egoitza elektroniko honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

3.– Sinadura elektroniko aitortuko sistemen bidez identifikatuko dira erakundeak. Identifikazio elektronikoa egiteko onartutako baliabideak eskuragarri daude, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektroniko honetan: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

4.– Laguntzak izapidetzeko jarraibideak eta izapidetze elektronikorako zuzeneko sarbidea euskadi.eus-eko honako egoitza elektroniko honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0088612

5.– Eskabidearen ondorengo izapideak eta izapideen jarraipena bide elektronikoen bidez egin beharko dira, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektroniko honen bidez: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

22. artikulua.– Ez-betetzeak eta diru-itzulketak.

1.– Betebeharrak betetzen ez dituen erakunde onuradunak eman dioten laguntza jasotzeko eskubidea galduko du. Eskubide hori galdu dela deklaratzeak berekin dakar jasotako zenbatekoak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzultzeko betebeharra, eta, horrekin batera, sortutako berandutze-interesak –dirulaguntzei aplikatzen zaizkienak– itzuli beharko dira, hau da, ordainketa egin zen unetik laguntza itzuli beharra erabakitzen den egunera arte sortutakoak.

2.– Agindu honen 17. artikuluan adierazten den edozein betebehar bete ezean, jasotako laguntza itzuli beharko da. Artikulu horretan aurreikusi gabeko gaietan, aplikatzekoak izango dira Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53.1 eta 53.2 artikuluetan xedatzen diren itzulketa-arrazoiak, bai eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37.1 artikuluan aipatzen diren arrazoiak ere. Azken artikulu hori Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamenduaren 91., 92. eta 93. artikuluen bidez garatzen da, eta erregelamendu hori uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuak onartu zuen.

3.– Agindu honen 5. artikuluan xedatzen denaren arabera, halaber, jasotako laguntza itzuli beharko da emandako laguntzaren zenbatekoak –bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabiderekin batera– proiektuaren kostua gainditzen duenean. Kasu horretan, aipatutako kostuari dagokionez soberan jasotako zenbatekora eta dirulaguntzen arloan aplikatu beharreko berandutze-interesetara mugatuko da itzultzeko betebeharra.

4.– Era berean, itzulketa egin beharko da baldintzak aldatzen badira eta gastuen justifikazioa aurkeztutako aurrekontua baino baxuagoa bada, 18. artikuluan adierazten den bezala.

a) Artikulu horren a) atalean aipatzen den kasuan, laguntzaren zenbatekoari dagokionez soberan jasotako zenbatekoa itzuli beharko da, laguntzaren aldaketa-ebazpenaren arabera. Ebazpen hori deialdiaren 11. artikuluan aipatzen diren eskabideak balioesteko irizpideei jarraituz bideratuko da.

b) Artikulu horren b) atalean aipatzen den kasuan, itzulketa erabatekoa izango da; hau da, jasotako zenbatekoa edo zenbatekoak osorik itzuli beharko dira.

5.– Osasuneko sailburuordeak hasi eta ebatziko du itzulketa-prozedura, beharrezko prozesuko izapideak egin eta gero. Prozedura abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren arabera izapidetuko da. Horretan, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren dirulaguntzen bermea eta itzulketak arautzen dira eta kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen betekizunak, araubidea eta eginbeharrak ezartzen dira.

6.– Itzultzen diren diru-kopuruak diru-sarrera publikotzat hartuko dira ondorio guztietarako.

azken xedapenetako lehenengoa

Agindu honen bidez iragarritako deialdiari eta berau garatzeko jarduketei bi xedapen hauetan ezarritakoa aplikatuko zaie oinarrizko araudi gisa: dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta Dirulaguntzen Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua. Aplikatuko zaie, orobat, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartu zuen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren VI. tituluan eta VII. tituluaren III. kapituluan ezarritakoa.

Prozedura Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritakoaren arabera izapidetuko da.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, erakunde interesdunek aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Osasuneko sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, ebazpena aipatutako aldizkari ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko maiatzaren 19a.

Osasuneko sailburua,

MIREN NEKANE MURGA EIZAGAECHEVARRIA.


Azterketa dokumentala