Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

105. zk., 2020ko ekainaren 1a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
2117

AGINDUA, 2020ko maiatzaren 27koa, Hezkuntzako sailburuarena; honen bidez, egutegi komun bat ezartzen da non jasotzen baita zer epe dauden izena emateko eskaerak aurkezteko, onartzeko eta matrikulatzeko, 2020-2021eko ikasturtean, Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe publikoek eta pribatu itunduek eskaintzen duten hezkuntza-sistemako Lanbide Heziketako zikloetan; gainera, ikastetxe horietan onartua izateko eta matrikula egiteko jarraibideak onartzen dira, bai eta irakaskuntza horiek ematen dituzten ikastetxe guztietan eskaerak grabatzeko eta matrikula egiteko irizpideak ere.

1/2018 Dekretuak ikasleak onartzeko eta eskolatzeko prozedura arautzen du hezkuntza-arloko eskumena duen sailaren mendeko Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe publikoetan nahiz itunpeko ikastetxe pribatuetan (Haur Hezkuntzan, Lehen Hezkuntzan, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, Batxilergoan eta Oinarrizko, Erdi-mailako eta Goi-mailako Lanbide Heziketako ikasketetan), bai eta oinarrizko lanbide heziketa ematen duten udal-titulartasuneko ikastetxe publikoetan ere. Bada, dekretu horren 10. artikuluak ezartzen du hezkuntza-etapa bakoitzean ikasleak onartzeko prozedura berdina izango dela dekretu horrek xede dituen ikastetxe guztietan, eta urtero erregulatuko dela hezkuntza-arloan eskumena duen sailburuaren aginduen bidez.

Agindu horietan ezarriko da zein diren eskabideak aurkezteko eta haiek ebazteko epeak. Agindu horietan zehaztuko da, halaber, interesdunek zer dokumentu aurkeztu behar duten eskabidearekin batera, hain zuzen ere onartze-prozeduran kontuan hartzea nahi duten alderdiak egiaztatzeko, betiere aipatutako dekretuak ezarritakoari jarraituz.

Ildo beretik, Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntza-sistemako Lanbide Heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duen otsailaren 26ko 32/2008 Dekretuaren 28. artikuluan –otsailaren 2ko 14/2016 Dekretuan emandako idazkeran– jasotzen denez, hezkuntza-arloko eskumena duen sailburuak zehaztuko du ikastetxe publikoetan eta pribatu itunduetan hezkuntza-sistemako lanbide-heziketa egin nahi duten ikasleak onartzeko urteko egutegia, aplika daitekeen araudian ezarritakoarekin bat etorrita. Gainera, sailburu horrek zehaztuko ditu, besteak beste, onarpen-datak, ikastetxe batean eskaintzen diren plazak eskaerak baino gutxiago direnean aplikatu beharreko irizpideak eta sarbide desberdinetarako gorde behar diren plazen ehunekoa, Hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren antolakuntza orokorra ezartzen duen uztailaren 29ko 1147/2011 Errege Dekretuaren 47. artikuluak ezartzen duenarekin bat etorriz.

Kontuan hartu beharra dago, hala ere, aipatutako uztailaren 29ko 1147/2011 Errege Dekretuan eragina izan duela Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 41. artikuluan izandako aldaketak, Hezkuntzaren Kalitatea Hobetzeko abenduaren 9ko 8/2013 Lege Organikoaren eraginez. Zehazki, Lanbide Heziketako goi-mailako eta erdi-mailako ikasketetan sartzeko bideei eragiten die aldaketak horrek, egun bide horiek ez baitira jasotzen araudian; izan ere, aipatutako errege-dekretuak oinarrizko lege izaera du, baina ez da egokitu agindu honetako prozesuan aplikatu behar diren manuak jasotzen dituen legera.

Oinarrizko Lanbide Heziketari dagokionez, Euskal Autonomia Erkidegoko Oinarrizko Lanbide Heziketaren erregimenari eta ezarpenari buruzko ekainaren 9ko 86/2015 Dekretuaren IV. kapituluan araututako alderdiak aplikatzen ditu agindu honek.

Bestalde, kontuan hartuta araututako irakaskuntzak ofizialak direla, itundu gabeko ikastetxe pribatuei zenbait informazio-betebehar ezartzen zaizkie xedapen gehigarri bakarrean

Horiek horrela, hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Aplikazio-eremua eta heziketa-zikloak.

1.– Agindu hau 2020-2021eko ikasturtean ikasleak onartzeko eta plazak esleitzeko prozeduran eta matrikulan aplikatuko da, Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe publikoetan nahiz itunpeko ikastetxe pribatuetan (Oinarrizko, Erdi-mailako eta Goi-mailako Lanbide Heziketako ikasketetan), baita oinarrizko lanbide heziketa ematen duten udal-titulartasuneko ikastetxe publikoetan ere.

Hezkuntza-itunaren bitartez finantzatzen ez diren ikasketak eskaintzen dituzten ikastetxe pribatuei xedapen gehigarri bakarrean adierazitakoa aplikatuko zaie.

2.– Eskaintza osoaren modalitateko eta erregimen presentzialeko irakaskuntzan, honako ikasketa hauei egiten zaie erreferentzia agindu honetan:

a) Oinarrizko Lanbide Heziketako zikloak.

b) Erdi-mailako heziketa-zikloak.

c) Goi-mailako heziketa-zikloak.

d) Lanbide Heziketako bigarren titulu bat hirugarren ikasturtean lortzeko arauz ezarritako ikastaro osagarriak. Zehazki, 2020-2021eko ikasturtean, honako hauek:

d.1.– Eraikuntza Proiektuetako goi-mailako teknikaria (azaroaren 29ko 244/2011 Dekretua, martxoaren 15eko 46/2016 Dekretuak emandako idazkeraren arabera).

d.2.– Obra Zibileko Proiektuetako goi-mailako teknikaria (otsailaren 28ko 29/2012 Dekretua, martxoaren 15eko 46/2016 Dekretuak emandako idazkeraren arabera).

3.– Eskaintza partzialaren modalitateko eta erregimen presentzialeko irakaskuntzan, eta Urrutiko Lanbide Heziketako Zentro Integratuaren Urrutiko Irakaskuntza-erregimenran, honako ikasketa hauei egiten zaie erreferentzia agindu honetan:

a) Erdi-mailako heziketa-zikloak.

b) Goi-mailako heziketa-zikloak.

2. artikulua.– Eskabidea aurkeztu eta onartze-prozeduran parte hartu beharrik ez duten ikasleak.

1.– Eskaintza osoaren modalitateko eta erregimen presentzialeko irakaskuntzan, egoera hauetako batean daudenek ez dute eskabidea aurkeztu beharrik, ez eta onartze-prozeduran parte hartu beharrik ere:

a) Ikasle errepikatzaileak, baldin eta ikastetxe, heziketa-ziklo eta kurtso berean matrikulatzen badira.

b) Ikastetxe berean lehenengo kurtsotik bigarrenera igarotzen diren ikasleak.

Egoera horietan, 3.1 artikuluan zehaztutako epean egin behar du matrikula interesdunak, eta, hala egiten ez badu, plaza erreserbatzeko eskubidea galduko du.

Horretarako, apartatu honetan aipatzen diren ikasleen matrikula bermatu beharko dute ikastetxeek, beharrezkotzat jotzen den plaza-kopurua erreserbatuz heziketa-ziklo, eta kurtso bakoitzean.

2.– Ikasleek, lehenengo kurtsoa gainditu duten ikastetxea ez den beste batean matrikulatu nahi badute ziklo bereko bigarren kurtsoa egiteko, espediente akademikoa aldatzeko eskabidea aurkeztu beharko dute, ikasketekin jarraitzeko aukeratu duten ikastetxean, 3.1 artikuluan adierazitako epea amaitu baino lehen. Epe hori bukatuta plaza libreak izanez gero bakarrik onartuko da ikastetxe-aldaketa eta matrikula.

Prozedura berari jarraituko diote ziklo bateko lehenengo kurtsoa gainditu eta beste titulazio bateko bigarren mailan matrikulatu nahi dutenek, baldin eta titulazio berriaren lehen kurtsoa eta aurretik gainditutako kurtsoa komunak badira.

3.– 2. apartatuan aurreikusitako kasuetan, aurreko kurtsoko espediente akademikoko batez besteko nota onenaren arabera egingo da onarpena.

3. artikulua.– Egutegia.

1.– Eskaintza osoaren modalitateko eta erregimen presentzialeko irakaskuntzan, 2.1 artikuluaren arabera eskaera egin eta onarpen-prozeduran parte hartu beharrik ez duten ikasleek ekainaren 15etik uztailaren 3ra bitartean egingo dute matrikula, biak barne, ikastetxeko idazkaritzaren ordutegian.

Epe berean eta ikasten jarraitu nahi den ikastetxean aurreko artikuluaren 2. apartatuan aipatutako espedientea lekuz aldatzeko eskatuko da.

2.– Gainerako kasuetan, onartze-prozeduraren, esleipenaren eta matrikularen datak eta epeak ezarrita daude Lanbide Heziketako irakaskuntza bakoitzari dagokion eranskinean jasotako taulan:

– II. eranskina: eskaintza osoaren modalitateko eta erregimen presentzialeko lanbide heziketa.

– III. eranskina: eskaintza partzialaren modalitateko eta erregimen presentzialeko lanbide heziketa.

– IV. eranskina: urrutiko erregimeneko lanbide heziketa.

3.– Esleipen-epeak bukatutakoan plaza libreak geratzen badira, ikastetxeek 2020ko urriaren 16ko 24:00ak arteko epea izango dute matrikulatu nahi diren eta irakaskuntzetara sarbidea izateko baldintzak betetzen dituzten pertsonak matrikulatzeko. Egun horretatik aurrera, ikastetxeek ezingo dute inolako matrikularik egin.

4.– Esleipen-aldien ondoren eta 3. apartatuan zehaztutako eguna baino lehen matrikulazioak egiten badira, ikastetxeek berehala sartu beharko dituzte matrikulatutako ikasleen datuak eta matrikularen berrestea, dagokion informatika-aplikazioan.

4. artikulua.– Hezkuntza-eskaintza eta plazak zehaztea.

1.– Agindu honen aplikazio-eremuan sartzen diren ikastetxeen hezkuntza-eskaintza 1.1 artikuluan zehaztuta dago, eta barnean hartzen ditu eskainiko diren heziketa-zikloak, talde-kopurua, txanda, plaza-kopurua eta hizkuntza-ereduak. Hezkuntza Sailak planifikatuko du eskaintza hori, agindu honi dagokion ikasturtean.

2.– Otsailaren 3ko 21/2009 Dekretuaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoan unibertsitateaz kanpoko ikastetxeen sarea antolatzeko eta planifikatzeko irizpideak ezartzen dira. Bada, dekretu horren arabera, taldeko gehieneko ikasle-kopurua hauxe da:

– Oinarrizko Lanbide Heziketan: 15 lagun (salbuespenez, 20raino).

– Erdi- eta goi-mailako heziketa-zikloetan: 25 lagun.

3.– Eskaintza osoaren modalitateko eta erregimen presentzialeko irakaskuntzan, ikastetxe publikoen zuzendaritzek edo ikastetxe pribatu itunduen titular diren pertsona fisiko eta juridikoek honela zehaztuko dute eskaintzaren plaza-kopurua: baimendutako eskola-plazen gehieneko kopurua ken 2.1 artikuluan aipatzen diren ikasleentzako gordetako plazak.

4.– Agindu honetan jasotako irakaskuntzetan eskainitako plaza guztietatik, honako hauek gordeko dira heziketa-ziklo bakoitzean:

– % 5, eskaeraren egunean % 33ko edo goragoko desgaitasuna duten pertsonentzat, eta, Oinarrizko Lanbide Heziketan, % 10.

– % 5, eskaeraren egunean goi-mailako edo errendimendu handiko kirolari diren pertsonentzat, betiere Goi-mailako eta errendimendu handiko kirolariei buruzko uztailaren 13ko 971/2007 Errege Dekretuan eta Goi-mailako Kirolari buruzko uztailaren 20ko 203/2010 Dekretuan ezarritakoari jarraituz.

Talde bakoitzarentzat gutxienez plaza bat ziurtatuko da, baldin eta ehunekoa aplikatuta ateratzen den emaitza bat zenbakia baino txikiagoa bada. Emaitza bat baino handiagoa bada, berriz, hurrengo zenbaki osora biribilduko da. Hamarrekoa 0,5 baino txikiagoa bada, beherantz borobilduko da; 0,5 baino handiagoa bada, hurrengo zenbaki osoa hartuko da.

5.– Aurreko paragrafoan ezarritakoa aplikatu ondoren geratzen diren plazak esleitzeko, kontuan hartuko da modalitate bakoitzera sartzeko bide bakoitzean ezarritako kuotak.

6.– II. eranskinean (hirugarren jarraibidean) ezarritako kuotei esleitutako plazen batura ezingo da txikiagoa izan kuota horietan hasieran esleitu beharreko plazak baino.

Kuoetan plazak banatzearen emaitza dezimala bada, dezimal handiena duena biribilduko da hurrengo zenbaki osora.

Zenbait kuotatan dezimal bera baldin badago eta esleitzeko moduan dauden plazak badaude, II. eranskineko hirugarren jarraibidean ezarritako hurrenkerari jarraituko zaio, hau da: lehenbizi «a», gero «b» eta, azkenik, «c».

5. artikulua.– Onarpen-prozesuari buruzko informazioa.

Onarpen prozesuaren informazio guztia kontsulta daiteke Hezkuntzako web orrialdean: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/hezkuntza-lh/

Onarpen-eskabideak aurkezteko epea hasi baino lehen, ikastetxe publiko, udal-titulartasuneko ikastetxe publiko eta pribatu itundu guztiek informazio hau emango diete argibideak eskatzen dituzten ikasleen familiei edo legezko tutoreei, eta ikusgai jarriko dute ikastetxeko iragarki-taulan:

– Ikasleak onartzeko araudia.

– Eskabideak egiteko epea.

– Prozesuaren egutegiak.

– Eskabideak aurkezteko epean ikastetxeko idazkaritzak jendeari erantzuteko duen egutegia eta ordutegia.

6. artikulua.– Euskara edo gaztelania erabiltzeko eskubidea.

1.– Agindu honen ondorioz ikasleek, familiek eta tutoreek administrazio publikoarekin dituzten harremanetan, euskara zein gaztelania erabiltzeko eta arreta hizkuntza berean jasotzeko duten eskubidea bermatuko da.

2.– Onarpena Bermatzeko Batzordeetako partaideek, euren jardunean, euskara eta gaztelania erabili ahal izango dute. Era berean, gai zerrendetan, aktetan, ziurtagirietan eta testu idatzietan oro har, Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialen erabilera bermatuko da.

7. artikulua.– Datu pertsonalak babestea.

Organo kudeatzaileek eskabideetan eskuratutako datu pertsonalak honako prozedura hau antolatzeko erabiliko dituzte: 2020-2021 ikasturtean, hezkuntza-sistemaren Lanbide Heziketako ziklo eta modalitateetan Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe publikoetan, udal-titulartasuneko ikastetxe publikoetan eta pribatu itunduetan ikasleak onartzeko, plazak esleitzeko eta matrikulak egiteko prozedura, zeinaren arduradun baitira organo kudeatzaile horiek. Hori guztia, Datu Pertsonalak Babesteari buruzko Erregelamendu Orokorrean eta Datu pertsonalak babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan ezarritakoa betetzeko.

Gainera, esleipen-prozesuan parte-hartzaileei buruz sortzen diren informazio eta zerrendak Ikasgunean, https://ikasgunea.euskadi.eus, kontsultatu ahal izango dira, baina ezingo dira argitaratu iragarki-oholetan.

Interesdunek datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezerezteko eta transferitzeko eskubideak baliatu ahal izango dituzte, bai eta datuak tratatuak izateko mugak ezartzeko eta tratamenduaren aurka egiteko eskubidea ere. Horretarako, idazki bat igorri behar dute Hezkuntza Saileko Plangintza eta Antolaketa Zuzendaritzara (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).

8. artikulua.– Jarraibideak onestea.

Eranskinetan ikasleak onartzeko, plazak esleitzeko eta matrikulatzeko bildu diren jarraibideak onesten dira, bai eta ikastetxeek hezkuntzaren arloko eskumena duen sailaren aplikazio informatikoa erabiltzeko bildutako jarraibideak ere.

XEDAPEN GEHIGARRIA.– Itundu gabeko irakaskuntzak eskaintzen dituzten ikastetxe pribatuen obligazioak.

Hezkuntza-sisteman hezkuntza-itunik gabeko lanbide-heziketa eskaintzen duten ikastetxe pribatuek ematen dituzten ziklo eta plazei buruzko datuak eta egindako matrikulak sartuko dituzte V. eranskinean aipatzen den aplikazio informatikoan.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Ondorioak.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Errekurtsoak.

Agindu honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Bi kasuetan, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunetik hasiko da errekurtsoak jartzeko epea.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko maiatzaren 27a.

Hezkuntzako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

I. ERANSKINA
IKASLEAK ONARTZEKO, PLAZAK ESLEITZEKO ETA MATRIKULATZEKO PROZEDURARI BURUZKO JARRAIBIDE OROKORRAK

Lehenengoa.– Aplikatu beharreko araudia.

Hezkuntza-sistemako lanbide-heziketako irakaskuntzetan, honako arau hauek aplikatu behar zaizkie onartze-prozesuari, esleipenari eta matrikulari:

a) 2/2006 Lege Organikoa, maiatzaren 3koa, Hezkuntzari buruzkoa.

b) 777/1998 Errege Dekretua, apirilaren 30ekoa, Lanbide Heziketa hezkuntza-sistemaren esparruan antolatzeko alderdi jakin batzuk garatzekoa: I. eranskina, Laneko Arriskuen Prebentzioko teknikariaren titulua eta gainerako gutxieneko irakaskuntzak ezartzeko urriaren 26ko 1161/2001 Errege Dekretuak eta apirilaren 6ko 370/2001 Errege Dekretuak garatutakoa, eta III. eranskina, Hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duen abenduaren 15eko 1538/2006 Errege Dekretuaren bigarren xedapen gehigarriak aldatutakoa (1147/2011 Errege Dekretuak indargabetu zuen errege-dekretu hori).

c) 1147/2011 Errege Dekretua, uztailaren 29koa, Hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duena.

d) 127/2014 Errege Dekretua, otsailaren 28koa, Hezkuntza-sistemako lanbide-heziketako ikasketen Oinarrizko Lanbide Heziketaren alderdi espezifiko batzuk arautzekoa, hamalau oinarrizko lanbide titulu onartzekoa, horien oinarrizko curriculumak finkatzekoa eta Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan ezarritako irakaskuntzei dagozkien titulu akademikoak eta profesionalak emateari eta ezartzeari buruzko abenduaren 4ko 1850/2009 Errege Dekretua aldatzekoa.

e) 32/2008 Dekretua, otsailaren 26koa, Hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duena; otsailaren 2ko 14/2016 Dekretuaren bidez aldatu zen.

f) 1/2018 Dekretua, urtarrilaren 9koa, Ikasleak onartzeko eta eskolatzeko prozedura arautzen duena hezkuntza-arloko eskumena duen sailaren mendeko Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe publikoetan nahiz itunpeko ikastetxe pribatuetan (Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza, Batxilergoa eta Oinarrizko, Erdi-mailako eta Goi-mailako Lanbide Heziketako ikasketetan), bai eta Oinarrizko Lanbide Heziketa ematen duten udal-titulartasuneko ikastetxe publikoetan ere.

g) 86/2015 Dekretua, ekainaren 9koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Oinarrizko Lanbide Heziketaren erregimenari eta ezarpenari buruzkoa.

h) 46/2014 Dekretua, apirilaren 1ekoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketako ikastetxe integratuak arautzen dituena.

i) 2010eko otsailaren 19ko Agindua, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena, Lanbide Heziketako heziketa-zikloen ezarpena eta ebaluazioa arautzen duena.

j) 2010eko martxoaren 22ko Agindua, Lanbide Heziketako heziketa-zikloak eskaintza partzialaren modalitatean emateko modua arautzen duena.

k) 2010eko urriaren 11ko Agindua, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoan lanbide-heziketako irakaskuntzen ezarpena eta antolamendua urrutiko prestakuntza telematikoaren modalitatean arautzen dituena.

l) 21/2009 Dekretua, otsailaren 3koa, Euskal Autonomia Erkidegoan unibertsitateaz kanpoko ikastetxeen sarea antolatzeko eta planifikatzeko irizpideak ezartzen dituena.

m) Titulu bakoitza ezartzen edo arautzen duen araudia:

– IV. kapitulua, erdi-mailako eta goi-mailako tituluak sortzen dituzten errege-dekretuena.

– 7. apartatua, Oinarrizko Lanbide Heziketako tituluak sortzen dituzten errege dekretuen eranskinarena.

n) Aplikatu beharreko gainerako araudiak.

Bigarrena.– Heziketa-zikloetan sartzeko baldintzak eta bideak.

1.– Oinarrizko Lanbide Heziketako zikloak:

Oinarrizko Lanbide Heziketako zikloetan sartzeko, baldintza hauek bete behar dira aldi berean:

a) Hamabost urte beteak izatea, edo dagokion urte naturalaren barruan betetzea, eta hamazazpi urte baino gehiago ez izatea zikloan sartzean edo dagokion urte naturalean.

b) Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako hirugarren kurtsoa edo, salbuespen gisa, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako bigarren kurtsoa eginda izatea. Halako kasuetan, Plangintza eta Antolaketa Zuzendaritzari jakinarazi beharko zaio.

c) Irakasleek familiei edo legezko tutoreei proposatzea interesdunak Oinarrizko Lanbide Heziketako ziklo bat has dezan.

127/2014 Errege Dekretuaren 18. artikuluak dioen bezala, esleipen-prozesuan, behin II. eranskineko (hirugarren jarraibidearen 3. puntuko) a) letratik f) letrara bitarteko taldeei plazak esleitu ondoren, esleitu gabeko plazak geratuz gero, aukera egongo da plaza horiek inskripzioaren urte naturalean 17 urte edo gehiago dituzten pertsonei esleitzeko, baldin eta Lanbide Heziketako titulurik ez badaukate edo bigarren hezkuntzako ikasketak osorik bukatu dituztela egiaztatzen duen titulurik ez badaukate.

2.– Oinarrizko Lanbide Heziketako zikloak, hiru urterako prestakuntza-ibilbidearekin.

Hiru urterako prestakuntza-ibilbidea duten Oinarrizko Lanbide-Heziketako zikloetan sartzeko aukera izango dute hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleek eta inskripzioaren urte naturalean 17 urte edo gehiago dituzten eta titulurik ez duten pertsonek.

3.– Erdi-mailako heziketa-zikloak.

Erdi-mailako heziketa-zikloetara sartzeko, gutxienez honako baldintza hauetako bat bete behar da:

a) Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatuaren titulua edo goragoko maila akademikoko titulua edukitzea.

b) Oinarrizko Lanbide Heziketaren titulua edukitzea.

c) Teknikari laguntzailearen titulua edukitzea.

d) Erdi-mailako heziketa-zikloetara sartzeko prestakuntza espezifikoko ikastaroa gainditu izana hezkuntza-administrazioak baimendutako ikastetxe publikoetan edo pribatuetan.

e) Erdi-mailako edo goi-mailako heziketa-zikloetara sartzeko proba gainditu izana, edo 25 urtetik gorakoak unibertsitatean sartzeko proba gainditu izana.

f) Hasierako lanbide-kualifikazioko programa baten nahitaezko moduluak gainditu izana.

g) Batxilergo Bateratu Balioaniztuneko (BBB) lehenengo bi kurtsoak gainditu izana, guztira gainditu gabeko bi irakasgairekin, gehienez.

h) IEE Irakaskuntza Ertainen Erreformako lehenengo ziklo esperimentalaren 2. kurtsoa gainditu izana.

i) Uztailaren 29ko1147/2011 Errege Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarriko b) letran ezarritako goi-mailako heziketa-zikloetara sartzeko titulazio baliokideren bat egiaztatzea.

j) Atzerriko ikasketak lehenago zerrendatutako tituluren batekin homologatzeko egiaztagiria. Homologatze-prozedura ebatzi gabe baldin badago, Baldintzapean Izena emateko Txartela onartuko da.

4.– Goi-mailako heziketa-zikloak.

Goi-mailako zikloetara sartzeko, gutxienez honako baldintza hauetako bat bete behar da:

a) Batxiler-titulua edo titulu baliokideren bat izatea.

b) Erdi- edo goi-mailako teknikari-titulu bat izatea.

c) Teknikari espezialistaren titulua izatea.

d) Goi-mailako heziketa-zikloetarako sarbide-proba gainditu izana, edo 25 urtetik gorakoak unibertsitatean sartzeko proba gainditu izana.

e) Unibertsitate-titulu bat izatea.

f) Unibertsitate Orientazioko Ikasturtea gainditua izatea.

g) Batxilergo Esperimentalaren (IIE) modalitateren bateko 2. kurtsoa gainditu izana, Batxilergoko tituluaren baliokidea baita.

h) Atzerriko ikasketak lehenago zerrendatutako tituluren batekin homologatzeko egiaztagiria: homologatze-prozedura ebatzi gabe baldin badago, Baldintzapen Izena emateko Txartela onartuko da.

5.– Kurtso osagarriak: 1.2.d) artikuluan aipatzen diren kurtso osagarrietara sartzeko, titulazio hauek egiaztatu beharko dira:

a) Eraikuntza Proiektuetako goi-mailako teknikariaren titulua eskuratzeko, Obra Zibileko Proiektuetako goi-mailako teknikariaren titulazioa egiaztatu behar da.

b) Obra Zibileko Proiektuetako goi-mailako teknikariaren titulua eskuratzeko, Eraikuntza Proiektuetako goi-mailako teknikariaren titulazioa egiaztatu behar da.

6.– Urrutiko Irakaskuntza erregimenean sartzeko, arestian aipatutako baldintza akademikoez gain, baldintza hauek bete beharko dira:

a) Erdi-mailako heziketa-zikloetan: 18 urte izatea.

b) Goi-mailako heziketa-zikloetan: 20 urte izatea (edo 19, teknikari-tituluren bat izanez gero).

Hirugarrena.– Onartzeko eskabideak aurkezteko modua eta epea.

1.– Honako era hauetako batean aurkeztu ahal izango dira eskabideak:

a) Online, hezkuntza-arloko eskumena duen sailak horretarako gaitutako aplikazio informatikoaren bidez, kasuan kasuko dokumentazioa erantsita. Eskabidea linean aurkezteko, sartu helbide honetan: https://ikasgunea.euskadi.eus

b) Aurrez aurre, eskaintza osoaren modalitateko eta erregimen presentzialeko irakaskuntzan eta Eskaintza partzialaren modalitatean lehen tokian eskatutako ikastetxeko idazkaritzara joan behar da. Urrutiko Eskaintza modalitatean, berriz, Urrutiko Lanbide Heziketako Zentru Integratuaren ikastetxeko idazkaritzara.

Interesdunak NANa edo identifikatzeko agiria aurkeztuko du, eta eskatutako datu guztiak emango ditu, ikastetxe horretako langileek aplikazio informatikoan sar ditzaten. Datuk sartutakoan, ikastetxeak inprimaki bat erakutsiko dio eskatzaileari, non jasoko baitira eskatzailearen datu pertsonalak, eskatutako zikloak eta aurkeztutako dokumentuak.

Eskatzaileak sartutako datuak aztertuko ditu, eta, konforme baldin badago, inprimakia sinatuko du. Ikastetxeak, orduan, eskatzaileak sinatutako inprimakia zigilatu, eta lehenago sartutako datuak grabatuko ditu. Inprimaki hori, sinatuta eta zigilatuta dagoenean, eskatzaileak egindako eskaeren frogagiria eta egiaztagiria izango da.

Beharrezkoa den dokumentazio guztia aurkeztu ez badu, kasuan kasuko modalitatearen egutegian zehaztutako egunean aurkeztu beharko du.

c) Zuzenean zerbitzuan eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako moduetan ere aurkeztu ahal izango da eskabidea, lege horretan ezarritako baldintzekin bat etorriz, eta zer ikastetxe publikori zuzentzen zaion adierazita. Dokumentazioa postetxean aurkeztea aukeratuz gero, gutun-azal irekian aurkeztuko da postetxeko langileek, ziurtatu baino lehen, data eta zigilua jar diezaioten eskaera-orriari. Hala egin ezean, ikastetxean sartu den datan aurkeztu dela ulertuko da.

2.– Aukeratutako modalitateari dagokion egutegian ezarrita daude eskabideak aurkezteko epeak.

3.– Eskabidea aurkeztu dutenek aukera izango dute grabatutako datuak aldatu edo zuzentzeko, kasuan kasuko irakaskuntza-modalitatearen egutegian zehaztutako egunera arte. Epe hori bukatuta, ez da inolako aldaketa edo zuzenketarik onartuko, salbu eta sarbideei buruzkoak, hurrengo puntuan zehazten denez.

Dagokion zuzenketa egiteko, ezinbestekoa izango da aldez aurretik eskuratutako jatorrizko frogagiria sinatuta eta zigilatuta aurkeztea. Behin beharrezko zuzenketak eginda, eskabideak aurkezteko erabilitako prozedura errepikatuko da.

4.– Gainera, eskabideetan honako hauek adierazi behar dira:

a) Zer sarbide erabili den, bigarren jarraibidean adierazitakoetatik Pertsona batek sarbide baterako baino gehiagotarako baldintzak bete arren, sarbide bakarra baliatu ahal izango du. Nolanahi ere, egutegian dokumentazioa aurkezteko zehaztutako epea amaitu baino lehen, hasieran aukeratutako sarbidea alda daiteke.

b) Hala badagokio, desgaitasunagatik edo goi-mailako edo errendimendu handiko kirolari izateagatik plazak erreserbatzeko aukera baliatu den (ikus 4.3 artikulua).

c) Hezkuntza-premia bereziko egoeran izanez gero, horren berri eman behar da, beharrezko izan litezkeen laguntza bereziak emateko.

5.– Sartzeko baldintzak betetzen direla egiaztatuta geratzen den guztietan, zerrendetan sartzeko eskubidea ematen duen dokumenturen bat aurkezten ez bada ere, ez da eskabidea ezeztatuko, baina zerrendan lor zitekeen postua galduko da.

Laugarrena.– Eskatzaileak aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1.– Eskabidean desgaitasunagatik edo goi-mailako edo errendimendu handiko kirolari izateagatik plaza erreserbatzea aukeratu dutenek dokumentu hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) Desgaitasunagatiko erreserba: kasuko lurralde-historikoko foru-aldundiko gizarte-zerbitzuetako departamentuak edo administrazio publikoaren organo baliokideak emandako ziurtagiri bidez egiaztatuko da desgaitasuna. Han, legez aitortu beharko da eskatzaileak % 33ko desgaitasuna edo handiagoa duela.

b) Goi-mailako edo errendimendu handiko kirolari izateagatiko erreserba: adierazpen ofizial bat, izaera hori aitortzen duena.

2.– Eskatzaile guztiek honako dokumentu hauek aurkeztu behar dituzte adierazitako epean:

a) Kasu guztietan:

– Ikasleen identitatea eta adina egiaztatzen duen dokumentua.

b) Oinarrizko Lanbide Heziketako zikloak:

– Familien edo legezko tutoreen adostasuna adierazten duen dokumentua, irakasle-taldeak proposatua.

– Azken kurtsoa egin den ikastetxearen ikasketa-ziurtagiria, baldin eta ikasketok EAEtik kanpo egin badira.

– Tutorearen orientazio-aholkua, irakasle-taldearen proposamena jasotzen duena.

c) Erdi- eta goi-mailako heziketa-zikloak: zer sarbide aukeratu den, honako dokumentu hauek aurkeztu beharko dira:

– Sarbidea titulazio akademiko ofizial bat bada: sartzeko alegatutako titulua, edo titulua eskuratzeko tasa ordaindu izanaren egiaztagiria. Ikasketak bukatu diren data dela-eta ezin bada bi dokumentu horietatik bat ere aurkeztu, baldintza hori egiaztatzeko, tituluari dagokion historia akademikoaren ziurtagiria aurkeztu ahal izango da, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzatik edo Batxilergotik egiten bada sarbidea; Lanbide Heziketako titulu batetik egiten bada, ordea, ziurtagiri akademiko ofizial bat aurkez daiteke.

– Heziketa-zikloetara sartzeko kurtsoa gainditzea baldin bada sarbidea: kurtsoaren amaierako notaren ziurtagiri ofiziala.

– Sarbidea heziketa-zikloetara sartzeko proba gainditzea bada, edo 25 urtetik gorakoak unibertsitatean sartzeko sarbide-proba gainditzea bada: probaren amaierako notaren ziurtagiri ofiziala (ez da beharrezkoa izango heziketa-zikloetara sartzeko probaren ziurtagiria aurkeztea, baldin eta EAEko 2013-2014 ikasturteko deialdian edo hurrengoetan egin eta gainditu bada. Hala ere, proba hori beste edozein autonomia-erkidegotan gainditu dutenek, edo EAEn baina aurreko ikasturteetan gainditu dutenek ziurtagiria aurkeztu beharko dute irakaskuntza-modalitateari dagokion egutegian zehaztutako epean).

– Sarbidea irakasgaiak edo gaiak gainditzea bada: ziurtagiri akademiko ofiziala.

d) Bosgarren jarraibidean adierazitako lehentasun-hurrenkera ezartzeko, tituluaren batez besteko nota jasotzen duen ziurtagiri akademiko ofiziala aurkeztu beharko da, salbu eta sistemak batez besteko nota hori jasoa badauka. Ziurtagiri hori aurkezten ez duenari 5eko batez besteko nota emango zaio.

Bosgarrena.– Plazak esleitzeko prozedura.

1.– Prozedura honetarako, definizio hauek ezartzen dira:

a) Eskainitako plazak: betetzeko gehieneko plaza-kopurua ken errepikatzaileentzat gorde beharreko plazak.

b) Kuota: zenbait talderentzat sarbidearen arabera gordetako plazen ehunekoa, eskainitako plazetatik desgaitasunen bat dutenentzako eta goi-mailako kirolarientzako gordetakoak kendu ondoren.

c) Lehentasun-hurrenkera: lehentasuna ematen du plaza esleitzerakoan, Oinarrizko Lanbide Heziketako kuota edo talde bakoitzean.

d) Lehentasun-hurrenkera: lehentasuna ematen du lehentasun-talde bakoitzeko plazak esleitzerakoan.

2.– 1. artikuluan aipatzen diren irakaskuntzetako plazak esleitzeko prozesuan parte hartu nahi dutenek dagokion eskabidea aurkeztu beharko dute, horretarako ezarritako epean.

3.– Plazak esleitzeko, aintzat hartuko da eskabidean adierazitako hurrenkera, plaza bat baino gehiago eskatzen bada.

4.– Eskabidean, datu hauek eman beharko dira plazei buruz: ikastetxea, zikloa, kurtsoa, txanda eta eredua. Eskaintza partzialeko eta urrutiko irakaskuntzako plazetarako modulua sartuko da.

5.– Pertsona bakoitzak nahi adina plaza eskatu ahal izango ditu. Ez dago mugatuta eskabide bakoitzean eska daitekeen plaza-kopurua.

6.– Eskabidean, zenbat eta plaza gehiago eskatu, orduan eta aukera gehiago esleipen-prozesuan plaza bat lortzeko.

7.– Erreserbatutako plazekin abiatuko da esleipen-prozesua. Erreserbatutako zenbait plaza esleitu gabe geratzen badira, gainerako plazei batuko zaizkie.

Prozesu horretan parte hartu eta plazarik lortu ez dutenak plazak esleitzeko prozedura arruntean sartuko dira.

8.– Berdinketarik izanez gero, ausazko prozedura bat baliatuko da, ikasleak onartzeko prozesuan erabilitako aplikazio informatikoak egina. Aplikazio informatikoak, eskabidea grabatzeko unean, ausazko hurrenkera-zenbaki bat esleituko dio eskabideari, 1aren eta 99999aren arteko zenbaki oso bat, alegia. Berdinketak hautsi behar diren kasuetan erabiliko da zenbaki hori, horretarako gainerako irizpide guztiak agortu ondoren, betiere. Zenbaki txikienak izango du lehentasuna.

9.– Plaza lortu duen eskatzaileari, dagokion egutegian matrikula egiteko ezarritako azken egunera arte gordeko zaio plaza. Egun hori igarota, plaza eskuratzeko eskubidea galduko du, eta ikastetxeak beste pertsona bat matrikulatu ahal izango du haren ordez.

10.– Matrikula egiteko epea amaitu eta biharamunean, ezingo da inolako aldaketarik egin gauzatutako matrikuletan, ez eta matrikula berririk egin ere.

Seigarrena.– Batez besteko nota kalkulatzea.

1.– Oinarrizko LHn sartzeko:

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako edo haren baliokideko kurtso bakoitzean egindako irakasgaien batez besteko nota kalkulatzeko, lortutako kalifikazioen batez besteko aritmetikoa kalkulatuko da (ez dira kontuan hartuko ikastetxeak baimendutako irakasgaietan lortutako kalifikazioak). Ikasitako irakasgaiaren kalifikazioa kuantitatiboa izanez gero, hartan ageri den zenbakia hartuko da zehatz-mehatz. Kualitatiboa bada, ordea, kuantitatibo bihurtuko da, honako baremo honen arabera:

– Gutxiegi: 4.

– Nahiko: 5.

– Ongi: 6.

– Oso ongi: 8.

– Bikain: 10.

Batez besteko notaren kalkulua bi dezimalekin adieraziko da.

2.– Erdi-mailako LHn sartzeko:

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza EAEko hezkuntza-sisteman ikasi dutenek historia akademikoan dute lortutako batez besteko nota. Hezkuntza Sailak horretarako duen aplikazio informatikoak kalkulatzen du batez besteko nota hori (kalifikazioak eta eskoletara ez agertzea), eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Graduatu Tituluan agertzen da.

Beste autonomia-erkidego batzuetatik datozenek ere historia akademikoan dute jarria batez besteko nota, edo, bestela, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Graduatu Tituluan.

Erdi-mailako heziketa-zikloren batean sartu nahi duen ikasleren baten historia akademikoan agertzen ez bada batez besteko nota, honela lortuko da: Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lau kurtsoetako bakoitzean edo sarbide zuzena ahalbidetzen duten beste ikasketa batzuetan izandako batez besteko noten batez besteko aritmetikoa kalkulatuz bi dezimalekin (ez dira kontuan hartuko ikastetxeak baimendutako irakasgaietan lortutako kalifikazioak).

Oinarrizko Lanbide Heziketa ikasteagatik lortutako Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu-titulua aurkezten bada, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako amaierako kalifikazioa hau izango da: Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 42.4 artikuluan aurreikusitako bloke komunei atxikitako moduluetan lortutako batez besteko kalifikazioa.

3.– Goi-mailako LHn sartzeko:

Batxilergoa EAEko hezkuntza-sisteman ikasi dutenek historia akademikoan dute lortutako batez besteko nota. Hezkuntza Sailak horretarako duen aplikazio informatikoak kalkulatzen du batez besteko nota hori (kalifikazioak eta eskoletara ez agertzea), eta Batxilergoko Tituluan agertzen da.

Beste autonomia-erkidego batzuetatik datozenek ere historia akademikoan dute zehaztua batez besteko nota, edo, bestela, Batxilergoko Tituluan.

Goi-mailako heziketa-zikloren batean sartu nahi duen ikasleren baten historia akademikoan agertzen ez bada batez besteko nota, honela lortuko da: Batxilergoko bi kurtsoetako bakoitzean edo sarbide zuzena ahalbidetzen duten beste ikasketa batzuetan izandako batez besteko noten batez besteko aritmetikoa kalkulatuz bi dezimalekin.

4.– Ikasitako irakasgaiko kualifikazioa kuantitatiboa bada, hartan ageri den zenbakia hartuko da zehatz-mehatz. Kualitatiboa bada, ordea, kuantitatibo bihurtuko da, honako baremo honen arabera:

– Nahiko: 5.50.

– Ongi: 6,50.

– Oso ongi: 8,00.

Bikain edo bikain ohorezko matrikularekin: 10,00.

– Batxilergo homologatua: homologazio-ebazpenean ageri den nota.

– Gai sarrera-proban: 5,00.

– Sarrera-proba egitetik salbuetsia: 5,00.

– Baldintzapean izena Emateko Txartela: 5,00.

5.– Ikasleek ez dute inolako historiarik aurkeztu beharrik izango, Hezkuntza-administrazioak haien nota eskuragarri baldin badauka; izan ere, esleipenaz arduratzen den aplikazio informatikoak nota hori helaraziko du.

Zazpigarrena.– Onartutako eta baztertutako eskabideen behin-behineko zerrendak onetsi eta argitaratzea.

1.– Eskabideak aurkezteko epea bukatu ondoren, eskuragarri jarriko da onartutako eta baztertutakoen zerrenda, Ikasgunean, https://ikasgunea.euskadi.eus, eta dagokion ikastetxeko idazkaritzan, hauek zehaztuta: lehentasun-hurrenkera, eta, horren barruan, kasu bakoitzean ezarritako hurrenkera.

2.– Behin-behineko zerrenden aurka, erreklamazioa aurkez daiteke ikastetxeko zuzendaritzaren aurrean, dagokion egutegian ezarritako epean.

3.– Pertsona batek erreklamazio bat aurkezten duenean, ikastetxeak dagokion aplikazio informatikoan jaso beharko du. Ondoren, aurkeztutako erreklamazioaren kopia bat inprimatu, zigilatu eta erreklamaziogileari emango dio, egiaztagiri modura.

Zortzigarrena.– Behin betiko zerrendak onetsi eta argitaratzea.

1.– Behin aurkeztutako erreklamazioak ebatzita, eskuragarri jarriko da onartutakoen eta baztertutakoen behin betiko zerrenda, Ikasgunean, https://ikasgunea.euskadi.eus, eta dagokion ikastetxeko idazkaritzan.

2.– Behin betiko zerrenden aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Hezkuntzako lurralde-ordezkariari, hilabeteko epean, zerrendak argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

Aurkeztutako errekurtsoak ebazteko beharrezkotzat jotzen dituen dokumentu guztiak eskatu ahal izango ditu Hezkuntzako lurralde-ordezkariak.

Ikasleak behar bezala matrikulatu daitezkeela bermatzeko moduko epean eman beharko du ebazpena Hezkuntzako lurralde-ordezkariak, eta ebazpen horrek amaiera emango dio administrazio-bideari.

Bederatzigarrena.– Ikasleen onarpena bermatzeko batzordeak.

Urtarrilaren 9ko 1/2018 Dekretuan xedatutakoa bete beharko da ikasleen onarpena bermatzeko batzordeak eratu eta jardunean jartzeko.

Hamargarrena.– Baldintzak objektiboki ez betetzeagatik matrikula ukatzea edo ofizioz ezeztatzea.

1.– Segurtasun edo osasun egoerekin lotutako baldintza psikofisiko zehatz batzuk eskatzen dituen profil profesionala duten lanbide-heziketako ikasketetan, hezkuntzaren arloan eskumena duen sailak beharrezkoak diren frogagiriak aurkezteko edo proba jakin batzuk egiteko eskatu ahalko du, titulu bakoitza arautzen duen arauan hala jasota badago.

2.– Kasu horietan, Hezkuntza Saileko laguntza-zerbitzuen eta, behar izanez gero, prebentzio-zerbitzuaren iritzia eskatu ondoren, eta, betiere, Hezkuntza Ikuskaritzak txostena eman ostean, atzera bota edo baliogabetu ahal izango da ikaslearen matrikula, baldin eta ondorioztatzen bada ez dituela betetzen eskatzen zaizkion baldintza horiek.

3.– Interesdun batek izena emateko momentuan aurkeztutako datuei erreparatuta ikastetxeko arduradunek uste badute baldintza batzuk betetzen ez dituela, ikastetxearen zuzendaritzak, hilabeteko epean, matrikula behin-behinekoa dela jakinarazi beharko dio ikasleari, eta lehenago deskribatutako prozedurari ekin beharko dio; gainera, egoeraren berri eman beharko dio hezkuntza ikuskaritzako lurralde-buruzagitzari. Hezkuntzako lurralde-ordezkaritzak erabakiko du matrikula onartu edo baztertu behar den.

4.– Hezkuntza-jarduera garatu ahala ikusten bada lehenago aipatutako baldintza objektiboak ez direla betetzen, ikastetxearen zuzendariak egoki den prozedurari ekin beharko dio, hilabeteko epean, egoeraren berri eman zaion momentutik hasita. Era berean, horren berri eman beharko dio hezkuntza-ikuskaritzako lurralde-buruzagitzari. Hezkuntzako lurralde-ordezkaritzak erabakiko du matrikula onartu edo baztertu behar den.

Hamaikagarrena.– Onartzeko eskudunak diren organoak.

1.– Ikastetxe publikoetan, zuzendaritzak hartu beharko ditu ikasleak onartzeko erabakiak, aplikatu beharreko araudian eta agindu eta jarraibide hauetan adierazitakoari jarraituz. Ikastetxeko Eskola Kontseiluak edo Kontseilu Sozialak, berriz, onarpenaren berri eman beharko dute, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 127.e) eta 132.n) artikuluetan ezarritakoa betez.

2.– Itundutako ikastetxe pribatuetan, ikastetxeko arauak ezartzen dituzten organoek erabakiko dute ikasleak onartzen dituzten ala ez, aplikatu beharreko araudian adierazitakoa betez.

II. ERANSKINA
ESKAINTZA OSOAREN MODALITATEKO ETA ERREGIMEN PRESENTZIALEKO LANBIDE HEZIKETA
(Ikus .PDF)
III. ERANSKINA
ESKAINTZA PARTZIALAREN MODALITATEKO ETA ERREGIMEN PRESENTZIALEKO LANBIDE HEZIKETA
(Ikus .PDF)
IV. ERANSKINA
URRUTIKO ERREGIMENEKO LANBIDE HEZIKETA
(Ikus .PDF)
V. ERANSKINA
IKASTETXEEK HEZKUNTZA ARLOKO ESKUMENA DUEN SAILAREN APLIKAZIO INFORMATIKOA ERABILTZEKO JARRAIBIDEAK (ERREGIMEN PRESENTZIALA ETA URRUTIKOA)
(Ikus .PDF)
VI. ERANSKINA
SARBIDERAKO LEHENTASUN-TAULAK
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala