Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

101. zk., 2020ko maiatzaren 26a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

TURISMO, MERKATARITZA ETA KONTSUMO SAILA
2056

AGINDUA, 2020ko maiatzaren 19koa, Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuarena, euskal turismo-sektorearentzako COVID-19 laguntzak arautzen eta iragartzen dituena.

COVID-19aren hedapen azkarra inoiz ez bezalako osasun-alertako egoera sortzen ari da, gaixo kopuru handiarekin, eta hura zabaltzearen aurkako borroka etengabea ekarri du berekin, berebiziko eragina baitu pertsonen osasunean.

Eusko Jaurlaritza, COVID-19ak eragindako krisiari modu koordinatuan aurre egiteko otsailaren 27an sortutako sailarteko mahaiaren eta erakunde arteko hainbat fororen bitartez, etengabeko monitorizazioa ari dira egiten, eta neurriak, gomendioak eta betebeharrak ezartzen ari da EAEn birusaren hedapena eta eragina mugatze aldera.

Halaber, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saila, Basquetour enpresa publikoaren bidez, COVID-19ak euskal turismo-industrian eragindako egoera monitorizatzen ari da; horretarako, enpresa-sareak eta asoziazio-ehunak pandemiaren eraginari buruz emandako datuak bildu ditu, aukera ematen baitute pandemiak industria horretako sektore eta azpisektore anitzetan dituen ondorioen argazki dinamikoa egiteko.

Hala, pandemiak sektorean izandako eraginari dagokionez, bereziki aipagarria da 2020ko ekitaldirako programatutako bidaien ezeztapen edo aldaketa kopurua, ia osoa, eta ondore nabarmenak izan dira bidaia-agentzien jardueran, baina baita bidaiei loturiko gainerako jardueretan ere.

Inguruabar horien ondorioz, eskari eta eskaintzaren baterako asaldura izan da espainiar ekonomian eta, zehazki, turismo-sektorean, zeinak eragina izan baitu enpresen salmentetan eta jardueran. Horrek guztiak likidezia-tentsioak sorrarazi ditu, kaudimen-arazoak eta enpleguak galtzea ekar ditzaketenak, baldin eta premiazko egonkortze-neurriak hartzen ez badira.

Ezohiko egoera honen ondorioz, bi krisiak kudeatuz joan dira administrazioak, osasun-arlokoa eta ekonomikoa.

Zentzu horretan, hainbat erakundek hartutako neurri ekonomikoak osatzea du xede euskal turismo-sektorearentzako COVID-19 laguntzen programak, eta, hortaz, bateragarria da haiekin guztiekin.

COVID-19aren hedapena mugatzea eta pertsonen osasuna dira Eusko Jaurlaritzaren lehentasun nagusiak. Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak ezin ditu alde batera utzi krisi hau euskal turismo-sektorean izaten ari den ondorioak, euskal gizarte osoaren enplegu- eta ongizate-iturria baita.

Larrialdi-egoera honetan, euskal turismo-sektorea babestea eta laguntzea da Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren erabateko lehentasuna ekonomiaren aldetik, inpaktua murrizteko eta, osasun-alarma bukatutakoan, jarduera lehenbailehen berriz bizkortzeko. Ondorio txar horiek aldi baterako izatea da helburua, eta, azken buruan, inpaktu iraunkorragoa edo egiturazkoa gertatzea, eskaria erortzearen sorgin-gurpilaren eraginez.

Euskal turismo-industriaren jarduerak askotariko ekintzak dakartza berekin, oso heterogeneoak, adibidez, ostatua, jatetxeak, tabernak eta kafetegiak, turismo aktiboko enpresak, bidaia-agentziak, hartzaileak eta gidak. Antzeko bi errealitate dituzte kideek:

Mikroenpresa eta enpresa txikien sarearen (turismo-establezimenduen % 86k 5 enplegu baino gutxiago ditu) eta autonomoen kolektibo handiaren (turismo-jardueran sortutako enpleguaren % 20 inguru dira kolektibo horretakoak) parte diren enpresa-egiturak.

Jarduerarik ezak, salmenten edo eskaeren bolumena murrizteak edota hornidura-kateko etenek, besteak beste, beren ohiko funtzionamendua eta, zenbait kasutan, bideragarritasuna eragotz dezaketen likidezia-arazoak eta galerak eragin ditzakete, orain eta datozen hilabeteetan. Hori guztia, gainera, bat-batean hasitako ezohiko testuinguru globalean, aldi baterako ixtea dakarrena, baita salmentak gutxitzea ere 14.500 turismo-establezimenduri baino gehiagori.

COVID-19ak eragindako krisiaren ondorio ekonomikoei aurre egiteko prozesuan parte hartzen duten enpresarien eta langileen ahaleginekin bat egite aldera, lehiakorrak izan daitezkeen –produktua eta merkatua baitituzte– enpresak edo jarduera-sektoreak sendotzen lagundu nahi du Eusko Jaurlaritzak, bat-batean hasitako ezohiko egoera global baten ondoreak jasaten ari direlako.

Jada ezarritako neurriak osatzeko laguntza-estrategiaren baitan kokatzen da Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren ahalegin hori, eta asmoa da bi epetan jardutea. Lehen epe horretan, helburua da euskal turismo-sektorearen balio-katea osatzen duten pertsona fisiko eta juridikoei berehalako laguntza ekonomikoa ematea, hain zuzen ere jarduera eten edo jardueran beherakada nabarmenak izan dituztenei COVID-19aren pandemia dela eta.

Horregatik, jarduera nagusitzat turismoa duten autonomoei eta mikroenpresa eta enpresa txikiei zuzentzen zaie laguntzen programa hau, uste baitugu erakunde handiagoek gaitasun handiagoa dutela bestelako finantza-laguntzak eskuratzeko.

Erresistentzia-fase horren ostean, kontsumoa eta turismo-jarduera suspertzen laguntzea izango da xedea, sektoreari laguntza ekonomikoa eta erakunde-babesa emanez.

Hala, likidezia-neurriak eta gara daitezkeen beste neurri batzuk osatzearren, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak beharrezkotzat jotzen du funts galdurako dirulaguntzen lerroa ezartzea, euskal turismo-sektoreari bizirauten laguntzeko pandemia hedatzeak sortutako berehalako ondorioen aurrean. Soldata-kostuak alde batera utzita eta hein handian jada irekitako beste lerro batzuen bidez lagunduta, turismo-sektorearen ustiapen-kontuetan eragin handia duten gastu arrunten beste kontu-atal batzuk babesten dituen laguntza. Hala gertatzen da kontu-atal jakin batzuekin, hala nola turismo-jarduera garatzen den lokalen eta instalazioen alokairua edo horniduren eta kanpoko beste zerbitzu batzuen kostua, enpresako soldata-kostu hori gaindi baitezakete edo gainditzen baitute bereiz zein batera.

Prozedurazko ikuspuntutik, eta administrazio-izapideak errazte aldera, espedienteak elektronikoki bideratzea erabaki da honako agindu honen bitartez. Orain arteko programen enpresa onuradunekin kudeatzearen esperientzia abiapuntu hartuta, prozedura hau aurrerapena dela egiaztatu da, enpresek lehiakortasuna irabazteko asmoarekin bat, horrek inolako diskriminazio edo galerarik ekarri gabe.

Laguntza-programa honek Euskal Autonomia Erkidegoaren 2020ko ekitaldirako Aurrekontu Orokorretan ezarritako aurrekontu-kreditu nahikoa du.

Horri jarraikiz eta Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailari honako hauek esleitutako eskumenak egikaritzeko: Turismoari buruzko uztailaren 28ko 13/2016 Legearen 5.2 artikulua; Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuaren (Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena) 13.1.a) artikulua; Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 26. artikulua; eta Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak onartutakoa) 51.2 artikulua.

Eta, hura betez,

EBAZTEN DUT:
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.– Xedea.

1.– Agindu honen helburua da euskal turismo-sektoreari laguntzeko eta babes ekonomikoa emateko oinarriak ezartzea, batik bat norbere konturako langileei edo autonomoei, mikroenpresei eta enpresa txikiei, COVID-19aren inpaktua murrizteko eta turismo-jarduera lehenbailehen berpizteari bide emate aldera.

2.– Helburu horrekin bat, 3. artikuluan adierazitako erakunde onuradunek izandako gastu operatibo eta arruntetan laguntzera bideratzen da lehen laguntza-lerroa, baldin eta fakturazio baliogabea edo oso txikia izan badute, bat-batean jazotako COVID-19aren pandemia dela eta.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

Aurreko artikuluaren xedera, 7.500.000,00 euro bideratuko dira.

3. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Honako hauek izango dute agindu honetan ezarritako laguntzak eskuratzeko aukera: norbere konturako langileek edo autonomoek, ondasun-erkidegoetako eta sozietate zibiletako bazkideek, mikroenpresek eta enpresa txikiek, baldin eta turismoa edota sukaldaritza bada beren jarduera, zerga-egoitza, egoitza soziala eta lantokia Euskal Autonomia Erkidegoan badituzte eta haien jarduera guztiz eten bada edo 2020ko martxoaren 14tik apirilaren 13ra bitartean hileko diru-sarrerak, 2019ko denbora-epe berari edo, halakorik ezean, alarma-egoera deklaratu aurreko hilabeteari dagokionez, gutxienez % 75 murriztu badira martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren (COVID-19ak eragindako osasun-krisia kudeatzeko alarma-egoera deklaratzen duena) eta martxoaren 19ko SND/257/2020 Aginduaren (haren bidez eten zen turismo-ostatuko establezimenduak jendearentzat irekitzeko aukera) ondorioz.

2.– 2003ko maiatzaren 6ko Batzordearen 2003/361/CE Gomendioan (mikroenpresa, enpresa ertain eta txikiak definitzeaz) edo hura ordezkatzen zein aldatzen duten xedapenetan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte aurreko atalean adierazitako enpresek.

3.– Artikulu honetan adierazitako erakundeek eskuratu ahal izango dituzte laguntzak, baldin eta haien jarduera honako tipologia hauen artean badago:

a) Turismo-ostatuko establezimenduak: hotel-establezimenduak, turismo-apartamentuak, kanpinak, nekazaritza-turismoko establezimenduak eta landetxeak, eta turismo-aterpetxeak.

b) Sukaldaritza-enpresak: jatetxeak, tabernak, kafetegiak eta antzeko establezimenduak, beren jarduera establezimendu finkoetan garatzen dutenak, jendearentzat oro har irekiak, profesionaltasunez eta ohikotasunez tokian bertan kontsumitzeko janariak eta edariak eskaintzen dituztenak.

c) Bitartekaritzako turismo-enpresak: turismo-arloko aholkularitza-, bitartekaritza- eta antolaketa-zerbitzuak profesionaltasunez eta ohikotasunez ematen dituztenak, betiere erregelamenduz ezarritako betekizunak betetzen badituzte. Beren baliabideak erabil ditzakete jarduera horiek egiteko. Honako hauek jotzen dira bitartekaritzako turismo-enpresatzat: bidaia-agentziak; turismo-enpresen taldeak, taldeko enpresen turismo-eskaintzak batera merkaturatzea xede dutenak; erreserba-zentroak, turismo-bitartekariak eta turismo-operadoreak.

d) Turismo-garraioko enpresak: pertsonak lekualdatzeko azpiegitura eta ekipo-ondasunak izanik, jarduera nagusi gisa Euskadi barruan baliabide nahiz leku interesgarrietan ibilbide gidatuak egitea duten enpresak.

e) Turismo aktiboko enpresak: profesionaltasunez eta ohikotasunez, prezio baten truke, aisia-, kirol- eta abentura-jarduera turistikoak eskaintzen dituztenak, lehiaz kanpoko testuinguru batean garatutakoak. Jarduerok egiten diren ingurunean bertan (airean, lur gainean edo uretan) naturak eskaintzen dituen baliabideak erabiltzen dira batik bat; berezko dute arrisku-faktorea, eta nolabaiteko trebetasuna behar da haiek egiteko.

f) Biltzarrak antolatzen dituzten enpresa profesionalak: biltzarrak, azokak, batzarrak, antzeko beste ekitaldi batzuk eta eremu profesionalean beharrezko duten bestelako jarduei buruzko aholkularitza, plangintza, antolaketa, zuzendaritza eta kontroleko zerbitzuak eskaintzen dituzten turismo-bitartekaritzako enpresak.

g) Turismo-gidak: jarduera eta zerbitzu turistikoen erabiltzaileentzat Euskadiko kultura-intereseko ondasun eta gainerako baliabide turistikoen ondare historiko, natural eta gastronomikoari buruzko zerbitzuak ohikotasunez, profesionaltasunez eta prezio baten truke ematen dituzten pertsona fisikoak edo juridikoak.

4.– Edozelan ere, bazter geratzen dira sozietate publikoak eta zuzenbide publikoko erakundeak.

5.– Erakunde eskatzaileak alta eraginkorra izan beharko du ekonomia-jardueren gaineko zergan alarma-egoera deklaratu aurretik. Horrez gain, artikulu honetako 3.a) eta 3.c) ataletan adierazitako enpresek EAEko turismo-enpresa eta -establezimenduen erregistroan izena emanda egon beharko dute.

6.– Ondasun-erkidego eta sozietate zibilei dagokienez, onuraduntzat joko dira haietan parte hartzen duten pertsona guztiak (fisiko zein juridiko pribatuak), eta denek bete beharko dituzte agindu honetan ezarritako betekizunak eta baldintzak. Nolanahi ere, taldearen ordezkari bat izendatu beharko da, onuradun gisa taldeari dagozkion betebeharrak betetzeko eskumen nahikoekin. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 39. eta 65. artikuluetan ezarritako preskripzio-epea igaro aurretik lehen deseginez gero, emandako dirulaguntza itzuli beharko du taldeak.

7.– Aurreko ataletan ezarritako baldintzak ez ezik, betekizun hauek ere bete beharko dituzte pertsona edo enpresa onuradunek:

a) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean beteta izatea. Organo kudeatzaileak automatikoki frogatuko du zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean beteta izatearen egiaztagiria, dirulaguntza eman eta ordaindu aurretik. Hala ere, eskatzaileak berariaz egin ahal izango dio aurka frogapen horri; orduan, egoera hori egiaztatzen duten ziurtagiri eguneratuak eman beharko ditu.

b) Dirulaguntzen alorrean dirua itzultzeko betebeharrak ordainduta izatea.

c) Dirulaguntzak edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarren zigor- edo administrazio-arloko zehapenik ez izatea eta horretarako ezgaitzen duten lege-debekurik abian ez edukitzea, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 30eko 3/2007 Lege Organikoaren arabera sexuagatiko bereizkeria gauzatzeagatik gertatu direnak barne.

d) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluaren 2. atalean ezarritako gainerako inguruabarrik abian ez edukitzea dirulaguntzen onuradun izateko.

4. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen kontzeptuak.

1.– Agindu honen babespean, dirulaguntza jaso ahal izango dute:

a) Turismo-jarduera garatzen den lokal edo hiri-lursail bakarreko alokairuaren gastuak, ondoz ondoko hiru hilabeteri dagozkienak alarma-egoera indarrean sartu zenetik, hots, 2020ko martxoaren 14tik 2020ko abuztuaren 31ra bitartean; baldin eta lokala edo hiri-lursaila pertsona eskatzailearen etxebizitzaren nahiz beste enpresa batekin partekatutako gunearen zati ez bada, lokalaren alokatzailearekiko 2. mailara arteko odolkidetasun edo ahaidetasunik ez badago, eta alokatzaile gisa diharduen pertsona fisiko edo juridikoaren kidea zein partaidea ez bada. Kanpo geratzen dira, halaber, coworking guneak.

b) Turismo-jarduera garatzen den lokala edo hiri-lursaila erostera zuzendutako hipoteka-maileguen nahiz mailegu pertsonalen kuotak (amortizazioa + interesak), ondoz ondoko hiru hilabeteri dagozkienak, alarma-egoera indarrean sartu zenetik 2020ko abuztuaren 31ra bitartean.

c) 2020ko otsailaren 15aren ostean eta osasun-alarmako egoera indarrean sartu aurretik (2020ko martxoaren 14a) erositako produktu galkor edo freskoz hornitzeko erosketaren gastua.

d) Honako gastu arrunt hauek:

1) Hornidura energetikoen, telekomunikazio-zerbitzuen (telefonoa, internet) eta aseguru-primen gastuak, ondoz ondoko hiru hilabeteri dagozkienak, alarma-egoera indarrean sartu zenetik 2020ko abuztuaren 31ra bitartean. Kontratatutako zerbitzua hilero fakturatzen ez bada, adierazitako epeari dagokion zenbatekoa emango da dirulaguntza gisa.

2) COVID-19aren inpaktuari lotutako dirulaguntzak kudeatzeko eta aholku emateko kanpo-zerbitzuak kontratatzearen ondoriozko gastuak, 150 eurora arte gehienez ere, alarma-egoera deklaratu zenetik agindu honen baitako laguntza-eskabidea aurkeztu arte.

3) Ostalaritza- eta turismo-sektoreko legez eratutako elkarteen kide egiteko gastuak, tokikoak, eskualdekoak nahiz EAE mailakoak diren gorabehera, ondoz ondoko hiru hilabeteri dagozkienak, alarma-egoera indarrean sartu zenetik 2020ko abuztuaren 31ra bitartean.

e) 2019ko urtarrilaren 1etik alarma-egoera indarrean sartu arte egindako inbertsioak finantzatzera bideratutako maileguak amortizatzeko kuotak, ondoz ondoko hiru hilabeteri dagozkienak, alarma-egoera indarrean sartu zenetik 2020ko abuztuaren 31ra bitartean.

Barne hartzen da leasing bidezko ibilgetua erostea.

2.– Ez da gastu hautagarritzat hartuko, inola ere ez, fakturan jasanarazitako balio erantsiaren gaineko zerga.

3.– Ez dira onartuko 100 euro garbitik beherako (BEZik gabe) gastuak.

5. artikulua.– Laguntzen banakako zenbatekoa.

1.– Agindu honetan ezarritako laguntzak dirulaguntza itzulezinen bidez gauzatuko dira.

2.– Aurkeztutako kontzeptu bakoitzaren % 100arengatik emango da dirulaguntza.

3.– Aurkeztutako gastu guztiengatik emango den laguntzaren gehienezko zenbatekoa ez da izango 3.000 euro baino handiagoa diruz lagundutako entitate bakoitzeko.

Ondasun-erkidego eta sozietate zibiletako kideen kasuan, dirulaguntzak ez du, inola ere ez, gehienezko zenbateko hori gaindituko kide guztientzat. Deialdian ezarritako baldintzak betetzen dituen pertsona eskatzaile bakoitzaren parte-hartzearen ehunekoa 3.000 euro horietara aplikatzearen emaitza izango da kide bakoitzeko dirulaguntza.

4.– Aurkeztutako eta dirulaguntza ematea onartutako gastu guztiak (BEZik gabe) ez dira izango, inola ere ez, 750 euro baino txikiagoak erakunde onuradun bakoitzeko.

II. KAPITULUA
PROZEDURA

6. artikulua.– Eskaerak eta dokumentazioa.

1.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hilabeteko epean aurkeztuko dira eskabideak.

2.– Eskabide bakarra aurkeztuko da erakunde bakoitzeko, eta gastuak lantoki edo establezimendu bakarrari egokituko zaizkio. Erakunde berak eskabide bat baino gehiago aurkezten baditu, lehenbizi erregistratutakoa onartuko da; gainerakoak artxibatu egingo dira.

3.– Erakunde eskatzaileek xede horretarako ezarritako eskabidea eta gainerako formularioak bete beharko dituzte, besteak beste:

1.– Erantzukizunpeko adierazpena, alderdi hauei buruzkoa:

a) Erakunde onuradun izateko baldintzak betetzen dituela, deialdi honetan ezarritakoak.

b) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan jasotako debekurik ez duela pertsona edo erakundeak onuradun izateko.

c) Enpresa izanez gero, mikroenpresa edo enpresa txikitzat jotzeko beharrezko baldintzak betetzen dituela:

1) 50 langile baino gutxiago izatea eta deialdiaren aurreko azken ekitaldiko abenduaren 31n negozio-bolumenak 10 milioi euro ez gainditzea.

2) 50 langile edo gehiago eta 10 milioi eurotik gorako negozio-bolumena dituen enpresak ez parte hartzea bere kapitalaren % 25ean edo gehiagoan.

d) Dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarren zigor- edo administrazio-arloko zehapenik ez izatea epai irmo bidez, ezta horretarako ezgaitzen duen inolako lege-debekurik abian edukitzea ere.

e) Inolako itzultze- edo zehatze-prozedurarik abian ez edukitzea, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntza edo dirulaguntzen esparruan.

f) Beste laguntza batzuei dagokienez:

a) Beste erakunde publiko edo pribatu batzuen eskutik gastu berentzat lortutako laguntzak.

b) Azken hiru ekitaldietan jasotako minimis laguntzak, laguntza eskatu zen azken urtea erreferentzia gisa hartuta.

g) Dirulaguntza eta laguntza publikorik ez jasotzeko zigorrik ez izatea, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 24.2 artikuluaren arabera.

Erantzukizunpeko adierazpenean erantsitako datu edo informazioren bat okerra, faltsua nahiz osagabea bada, edota adierazitakoa betetzen dela egiaztatzeko eskatzen den dokumentazioa ez bazaio aurkezten administrazio eskudunari, ezin izango da kasuan kasuko eskubidea baliatzen edo jardueran aritzen jarraitzea, egitate horien berri izaten den unetik bertatik aurrera, izan litezkeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak alde batera utzi gabe (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 69.4 artikulua).

2.– Eskabidean aurkeztutako gastuen zerrenda, dirulaguntza eskatzen den denbora-esparrua eta haietako bakoitzaren zenbatekoa.

Ondasun-erkidego eta sozietate zibilei dagokienez, bertako kide bakoitzaren parte-hartzearen ehunekoa adieraziko da.

4.– Erakunde eskatzaileek dokumentazio hau erantsi beharko dute eskabidean:

a) Enpresaren IFK, pertsona juridikoa bada.

b) Enpresaren eratze-eskriturak eta ondorengo aldaketak.

c) Ondasun-erkidego eta sozietate zibilek: eratze-kontratua.

d) Laguntza eskatzen duen erakundeak ekonomia-jardueren gaineko zergan izandako alten eta bajen ziurtagiri historikoa.

5.– Administrazioak laguntzak ordaindu ahal izateko, Ogasun eta Finantza Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren Hirugarrengoen Erregistroan agertu beharko du eskatzaileak.

Pertsona erregistratuta ez badago, edo aipatu erregistroan agertzen diren banku-datuak aldatu nahi baditu, formularioa bete beharko du, Ogasun eta Ekonomia Sailak ezarritako ereduari eta prozedurari jarraikiz: www.euskadi.eus/hirugarrenak

6.– Erakunde interesdunak ez ditu Administrazioak egindako agiriak ekarri beharko, baldin eta laguntzen deialdi honen organo kudeatzaileak agiri horiek kontsultatu edo biltzeko baimena eman badu. Pertsona interesdunak agiriok kontsultatzeko edo lortzeko baimena ematen duela ulertuko da, prozeduran berariazko aurkakotasuna jasota badago izan ezik.

Halaber, ez da nahitaezkoa izango pertsona interesdunak Administrazioari lehenago emandako agiriak aurkeztea. Xede horietarako, aipatutako agiriak noiz eta zein administrazio-organoren aurrean aurkeztu zituen adierazi beharko du; laguntza-deialdiaren organo kudeatzaileak elektronikoki bildu beharko ditu, bere erakunde-sareen bitartez edo datuen bitartekaritza-plataformetan nahiz horretarako gaitutako beste sistema elektroniko batzuetan kontsulta eginez. Enpresa interesdunak kontsulta hori baimentzen duela ulertuko da, prozeduran berariazko aurkakotasuna jasota badago izan ezik. Salbuespenez, agiri horiek bildu ezin balira, haiek ekartzea eskatu ahalko zaio berriz enpresa interesdunari.

7.– Bitarteko elektronikoen bidez egingo dira eskabideak, errekerimenduak, jakinarazpenak eta agindu honen gainerako kudeaketak. Eskabiderako sarbidea, http://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1103101

Aipatutako egoitza elektronikoan egongo dira eskuragarri kanal elektronikoaren bitartez nola izapidetzeko zehaztapenak.

Aurkezpen-datatzat hartuko da sarrerako erregistro elektronikoaren data eta ordua.

Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» aplikazioa soilik erabiliko da espedientean sartzeko, jakinarazpenak egiteko, agiriak emateko eta prozeduraren gainerako izapideak burutzeko (https://www.euskadi.eus/micarpeta/).

Erakunde eskatzailea ordezkatzeko lege-gaitasuna duen pertsona edo entitatearen sinadura elektroniko onartuaz gain, eskabideari erantsi beharreko eta Administrazioak eska dezakeen dokumentazio guztia gehituko zaio eskabideari, urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoaren arabera.

Aukera dago ordezkaritza beste norbaiti emateko, agindu honi dagozkion prozedura guztietan bitarteko elektronikoen bidez bere izenean jarduteko. Horretarako, honako hauek erabiliko dira:

– Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan kokatutako Ordezkarien Erregistro Elektronikoa (www.euskadi.eus/ordezkariak), edo

– behar bezala betetako «borondatezko ordezkaritza egilestea - inprimaki normaldua» (www.euskadi.eus/ordezkaritza-ematea); eskabideari erantsi beharko zaio. Pertsona juridikoek, gainera, beste pertsona bati ematen dion erakundearen legezko ordezkari gisa legitimatzen duen ordezkaritza-ahalordearen edo zuzenbidean baliozkoa den ezein dokumenturen kopia erantsi beharko dute.

Pertsona ordezkariak (fisiko zein juridikoak) identifikazio elektronikoko bitarteko onartua izan beharko du.

8.– Hautatutako hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango da laguntza-eskabidea, baita eskatutako dokumentazioa ere. Bestalde, laguntza-eskabidearen ondoriozko jarduketetan eta prozedura osoan, erakunde eskatzaileak aukeratutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean ezarritakoaren arabera.

9.– Deialdi honen oinarriak definitzen dituzten baldintzak berariaz eta formalki onartzea dakar eskabideak aurkezteak.

7. artikulua.– Eskabidea zuzentzea.

1.– Eskabidea ez bada osorik betetzen, edo harekin batera ez bada 6. artikuluan aipatutako nahitaezko dokumentazioa aurkezten, 10 eguneko epean hutsegitea konpontzea edo behar diren dokumentuak aurkeztea eskatuko zaio erakunde eskatzaileari; adieraziko zaio, orobat, hori egin ezean eskabidean atzera egin duela ulertuko dela, eta horren araberako ebazpena ezarriko dela, Administrazio Publikoen Prozedura Erkidearen Legearen 68. artikuluan xedatutakoarekin bat.

2.– Bitarteko elektronikoen bidez egingo dira jakinarazpenak.

3.– Jakinarazi beharreko egintza interesdunari zein egun eta ordutan jakinarazi zaion egiaztatzeko aukera emango du jakinarazpen-sistemak, baita hura edukian noiz sartu den ere; une horretatik aurrera emango da egintzat jakinarazpena. Jakinarazpena egin dela jasota badago, eta edukian sartu gabe hamar egun natural igarotzen badira, jakinarazpenari uko egin zaiola ulertu eta izapidea egintzat emango da, baldin eta ofizioz edota hartzaileak eskatuta frogatzen ez bada teknikoki edo materialki ezinezkoa izan dela sartzea.

8. artikulua.– Eskabideak aztertzea eta ebaluatzea.

1.– Turismo eta Ostalaritza Zuzendaritzako langile teknikoek aztertu eta ebaluatuko dituzte aurkeztutako eskabideak; horretarako, behar bezala ulertu eta ebaluatzeko beharrezkotzat jotzen duen ezein dokumentazio nahiz informazio osagarri eskatu ahal izango du, ezein unetan.

Diruz gehienez lagundu daitekeen gastua 3.000 euro garbi direla kontuan izanda, eskabidea aztertzean zenbateko horretara heltzean amaitutzat jo ahal izango da, eta ez dira aintzat hartuko zifra horretatik gora aurkezten diren gastuak.

2.– Programa honi esleitutako hornidura ekonomikoa eman daitezkeen zenbatekoen batura baino handiagoa bada, agindu honetan ezarritako baldintzak betetzen dituzten eskatutako laguntza guztiak ematea eta baldintzak betetzen ez dituzten eskabideak ezeztatzea proposatuko dio Turismo Antolamenduko arduradunak Turismo eta Ostalaritza zuzendariari.

3.– Dirulaguntzak finantzatzeko aurrekontua eman daitezkeen zenbatekoen batura baino txikiagoa bada, ebaluazio-batzorde bat eratuko da batera zenbatekook aztertzeko, artikulu honen 5. atalean adierazitako lehentasun-irizpideen arabera; horretarako, kontuan izango ditu langileek eskabideak aztertu ostean eginiko txosten teknikoak.

4.– Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailari atxikitako bost pertsonak osatuko dute ebaluazio-batzordea. Haietako bat batzordeburua izango da; beste batek idazkariarena egingo du, eta ez du botorik izango. Titularrik ezean, ordezkoak izendatu ahal izango dira. Hauek izango dira pertsona horiek:

– Batzordeburua: Carlos Izaguirre San Emeterio; ordezkoa: M.ª Felicidad Arzamendi Vargas.

– Idazkaria: Cristina Madinabeitia Olariaga; ordezkoa: Ana Sarriegi Fortun.

– Batzordekideak: Gema Etxenike Jauregibeitia; ordezko batzordekidea: Inés Pérez Citores; Miren Josune Etxebeste Hernandorena; ordezko batzordekidea: Amaia Agirre Gogorza; Ana Isabel Lekue Gallano; ordezko batzordekidea: Ana Abel Aguilera Iturbe-Ormaetxe.

Oinarri arautzaile hauetan ezarritakoa eta ordenamendu juridikoa oro har betez hartuko ditu batzordeak erabakiak, eta bozkatuz gauzatuko dira. Atal honetan ezarri gabeko ebaluazio-batzordearen funtzionamenduari dagokionez, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen atariko tituluaren II. kapituluko 3. atala aplikatuko da osagarri moduan.

5.– Laguntzak eskatzeko espedienteak haiek sailkatuz ebatziko dira, baremazio-irizpide hauetan lortutako puntuak oinarri hartuta:

a) 1. irizpidea: Jarduera eteteak urteko salmentetan izandako eraginaren balioztapena. 2019ko lehen eta bigarren hiruhilekoek, hurrenez hurren, ekitaldi horren urteko salmenta guztiei dagokienez adierazitako ehunekoan oinarrituta balioetsiko da.

Lehen hiruhilekoa (LH): 2019ko urteko salmenta guztiei dagokienez 2019ko hiruhileko horrek adierazitako salmenta-ehunekoaren berdinak izango dira lortutako puntuak.

Bigarren hiruhilekoa (BH): 2019ko urteko salmenta guztiei dagokienez 2019ko hiruhileko horrek adierazitako salmenta-ehunekoaren berdinak izango dira lortutako puntuak, bider 1,3.

1. irizpidea guztira = LH + BH x 1,3

Bi hamartarrekin adieraziko dira salmenta-ehunekoak. Horregatik, hirugarren hamartarra zero ez denean, gorantz biribilduko da beti balioa bigarren hamartarrean.

Ehuneko horien egiazkotasuna eskatutako dokumentazioaren eta agindu honen 10. artikuluko 4.f) eta 4.g) ataletan zehaztutako epeen arabera justifikatuko da.

2018ko abenduaren 31ren ostean ekonomia-jardueren gaineko zergan alta emandako erakunde eskatzaileen kasuan, eskabide guztietan batez beste lortutako puntuazioa esleituko da, erakunde eskatzaileak bere benetako fakturazioari dagokion puntuazioa aukeratzen badu salbu.

b) 2. irizpidea: zamen eragina edo jardute-gastuak.

Agindu honetan eskabidea aurkezten diren 4. artikuluko a), b), c), d) eta e) ataletan jasotako diruz lagundu daitezkeen kontzeptuak balioetsiko dira, jarraian adierazi legez.

(A edo B): a) edo b) ataletan eskabidea egoteagatik lortutako puntuak: 25 puntu.

(C): c) atalean eskabidea egoteagatik lortutako puntuak: 20 puntu.

(D): d) atalean eskabidea egoteagatik lortutako puntuak: 10 puntu.

(E): e) atalean eskabidea egoteagatik lortutako puntuak: 15 puntu.

4. artikuluko a) eta b) atalak ezin dira aldi berean gertatu.

2. irizpidea guztira = (A edo B) + C +D + E

c) 3. irizpidea: jarduera-denbora.

Honela balioetsiko da denboraren eragina edo jarduera-ibilbidea:

Urtebete baino gutxiagoko jarduera erakunde eskatzaileak ekonomia-jardueren gaineko zergan alta ematearen eta 2020ko martxoaren 14an alarma-egoera deklaratzearen artean: 8 puntu.

Urtebete eta 5 urte bitarteko jarduera erakunde eskatzaileak ekonomia-jardueren gaineko zergan alta ematearen eta 2020ko martxoaren 14an alarma-egoera deklaratzearen artean: 4 puntu.

5 urtetik gorako jarduera erakunde eskatzaileak ekonomia-jardueren gaineko zergan alta ematearen eta 2020ko martxoaren 14an alarma-egoera deklaratzearen artean: 2 puntu.

6.– 1., 2. eta 3. irizpideetan lortutako puntuazioen baturak sailkapena emango du, handienetik txikienera antolatuta, non laguntzak esleituko baitira ondoz ondo aurrekontuaren zenbatekoa agortu arte.

Laguntzak esleitzeko sailkapen egokia eragozten duen puntuazio-berdinketarik egonez gero, honako irizpide hauen bidez ebatziko da:

a) Lehenik eta behin, 2019ko salmenten irizpideari jarraikiz, txikienetik handienera antolatuta. 2020an eratutako erakundeen kasuan, 2020-03-14ra arte izandako salmentak hartuko dira kontuan.

b) Berdinketak irauten badu, 8. artikuluaren 2. ataleko hiru sailkapen-irizpideetako bakoitzean erdietsitako puntuaziorik handiena hartuko da kontuan, ondoz ondo eta bereiz aplikatuta. 1. irizpidean lortutako puntuazioa aplikatuko da lehenbizi, eta berdinketak irauten badu baino ez da hurrengo irizpidea erabiliko.

c) Oraindik ere berdinketak irauten badu, ekonomia-jardueren gaineko zergan alta emandako data izango da kontuan, eta berrienak izango du lehentasuna.

7.– Ebaluazio-batzordeak, ondoriozko lehentasunaren arabera, Turismo eta Ostalaritza zuzendariari proposatuko dio:

– Diruz lagundu daitezkeen jarduketetarako eskatutako laguntzak ematea, finantzatzeko kreditua agortu arte.

– Eskatutako laguntzak ezeztatzea, baldin eta kreditua agortzeagatik edo agindu honetan ezarritako baldintzak ez betetzeagatik finantzatu ezin badira.

9. artikulua.– Ebazpena eta dirulaguntza ordaintzea.

1.– Turismo eta Ostalaritza zuzendariak, aurreko artikuluan aipatutako proposamena aintzat hartuz, eskabideak ebatziko ditu, 6 hilabeteko epean, eskabidea aurkezteko epea amaitu eta hurrengo egunetik aurrera.

Ondasun-erkidego eta sozietate zibilei laguntzak emateko ebazpenetan, bazkide bakoitzari dagokion dirulaguntzaren zenbatekoa adieraziko da, bakoitzak haietan duen parte-hartzearen ehunekoaren arabera.

2.– Ebazpena Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko iragarki-taulan argitaratuko da (https://www.euskadi.eus/tablon-electronico-anuncios/), agindu honek eragina duen egunetik gehienez sei hileko epean, eta argitaratu eta hurrengo egunean izango ditu jakinarazpen-eraginak; hargatik eragotzi gabe hori guztia, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea diruz lagundutako eskabideen zerrenda, ebazpena irmo egin eta hurrengo hilabetearen barruan.

Sei hilabete igarotzen badira inolako ebazpenik eman edo jakinarazi gabe, bere asmoa ez onartutzat jo ahal izango du interesdunak, organo eskudunak berariazko ebazpena eman beharra alde batera utzi gabe.

3.– Organo kudeatzaileak aukera izango du interesdunei jakinarazpenaren argitaratzearen berri emateko, SMS edo posta elektroniko bidez, eskabide-formularioan adierazitako telefono mugikor eta helbide elektronikoetan. Abisu horiek ez dute, inolaz ere, jakinarazpen eginaren ondoriorik izango.

4.– Dagokion ebazpenak ez du administrazio-bidea amaituko; beraz, haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Turismo eta Merkataritzako sailburuari hilabeteteko epean, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 122. artikuluan xedatutakoaren arabera.

5.– Ordainketa bakarra egingo da laguntza eman eta berariaz onartu ondoren, edo agindu honetako 13. artikuluan ezarritako epea igarotakoan.

6.– Ekonomia-jardueren gaineko zergan, lanbide-jarduerei dagozkien epigrafeetan, alta emandako pertsona fisikoei emandako dirulaguntzaren zenbatekotik pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren (PFEZ) konturako atxikipenak kenduko dira, zergaren araudiaren arabera legozkiokeenak (I. eranskina).

7.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasi eta oraindik izapidetzen ari den itzultze- edo zehapen-prozedura oro amaitu egin beharko da onuradunei agindu honetan araututako laguntzak eman eta ordaindu ahal izateko.

10. artikulua.– Gastuak justifikatzea.

1.– Justifikazioa atzitu eta betetzeko, egoitza elektronikoa baino ez da erabiliko: hosting:/www.euskadi.eus/micarpeta

2.– 2021eko urtarrilaren 29a baino lehen justifikatuko ditu laguntzak pertsona edo erakunde onuradunak, justifikazio-kontu sinplifikatuaren bitartez, justifikazio-memoria ekonomikoa, alegia. Memoriak dokumentazio hau bildu beharko du:

a) Diruz lagundutako gastuen zerrenda sailkatua, enpresa hartzekodunaren identifikazioarekin (IFZ eta enpresaren izen soziala), faktura igorritako data, kontzeptua eta zenbatekoa (BEZik gabe) eta ordainketa-data.

b) Diruz lagundutako jarduera finantzatu duten bestelako diru-sarreren eta dirulaguntzen gaineko erantzukizunpeko adierazpena, zenbatekoa eta jatorria zehaztuta.

3.– Diruz lagundu daitezkeen gastu-kontzeptuen deskribapena behar bezala identifikatuta dagoen frogagiriak baino ez dira onartuko; ez da onartuko kodetutako kontzepturik.

4.– Ondoren, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saileko langile teknikoek egokitzat jotzen dituzten frogagiriak egiaztatuko dituzte, dirulaguntza behar bezala erabili dela arrazoitzeko moduko ebidentzia izateko; xede horretarako, fakturak eta ordainagiriak bidaltzea eskatu ahal izango dute. Zehazki, honako hauek:

a) Jarduera garatzen den negozioaren lokalari dagozkion indarreko alokairu-kontratua eta alokairuaren fakturak eta ordainagiriak, 4.1 artikuluaren a) atalean jasotako denbora-esparruaren baitan dirulaguntza eskuratzeko aurkeztu diren hilabeteenak.

b) Jabetzako eskriturak eta hipoteka-mailegua gauzatzearenak, baita mailegu-kuotaren ordainagiriak ere, betiere jarduera garatzen den negozioaren lokalari dagozkionak eta 4.1 artikuluaren b) atalean jasotako denbora-esparruaren baitan dirulaguntza eskuratzeko aurkeztu diren hilabeteenak.

c) Erositako produktuen zerrenda (edo, produktuen zerrenda agertu ezean, baita albarana ere) agertzen den faktura eta 4.1 artikuluaren c) atalean jasotako denbora-esparruaren baitan produktu fresko nahiz galkorraren izakinak erostearen gastuaren ordainagiria.

d) 4.1 artikuluaren d) atalean adierazitako gastu arrunten ordainagiriak, atal horretan jasotako denbora-esparruaren baitan dirulaguntza eskuratzeko aurkeztu diren hilabeteenak.

e) Inbertitutakoa eta laguntza-agindu honetako dirulaguntza eskatzean enpresak aktibo jarraitzen zuela frogatzeko agiriak eta deskribapena, baita 4.1 artikuluaren e) atalean jasotako denbora-esparruaren baitan haiek finantzatzeko kuotei dagozkien ordainagiriak ere.

f) 2019-03-14a baino lehen eratutako erakundeen kasuan, hura justifikatzen duen kontabilitate-informazioa emango da 3. artikuluaren 1. atalean jasotako diru-sarreren murrizketaren ehunekoa egiaztatzeko; horretarako, igorritako eta jasotako fakturen erregistro-liburuaren kopia, diru-sarreren eta gastuen liburu egunkaria, salmenta eta diru-sarreren erregistro-liburua edo erosketa eta gastuen liburua erabiliko da, eta 2020-03-14tik 2020-04-13ra bitarteko denbora-esparrua 2019ko epe berarekin alderatu. 2019-03-14an edo geroago eratutako erakundeen kasuan, 2020-03-14tik 2020-04-13ra bitarteko denbora-esparrua alarma-egoera deklaratu aurreko hilabetearekin erkatuko da.

Jarduera-bolumena egiaztatzeko libururik eraman behar ez duten autonomoek edo enpresek zuzenbidez onartutako ezein frogaren bitartez egiaztatu beharko dute diru-sarreren murrizketa.

g) Jarduera eteteak urteko salmentetan izan duen eragina neurtzeko, hura justifikatzen duen kontabilitate-informazioa emango da, honako hauen bidez: igorritako eta jasotako fakturen erregistro-liburuaren kopia, diru-sarreren eta gastuen liburu egunkaria, salmenta eta diru-sarreren erregistro-liburua edo erosketa eta gastuen liburua, betiere 2019ari dagokiona. Jarduera-bolumena egiaztatzen duen libururik eraman behar ez duten autonomoek edo enpresek 2019ko lehen eta bigarren hiruhilekoetako salmentek aipatu urteko salmenta guztien gainean adierazten duten ehunekoa egiaztatu beharko dute, zuzenbideak onartutako ezein frogaren bidez.

5.– Justifikatutako zenbatekoa emandako dirulaguntza baino txikiagoa bada, hura doitu eta aldea itzuli beharko da, kasuan kasuko prozedura bideratu ostean.

11. artikulua.– Beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

1.– Agindu honen babespean eskuratutako dirulaguntza itzulezinak bateragarriak izango dira beste ezein administrazio publikok nahiz erakunde pribatuk (eskualdekoak, nazionalak zein nazioartekoak) emandako beste ezein dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabiderekin.

2.– Laguntzaren zenbatekoa, beste administrazio publiko nahiz erakunde pribatu edo publiko baten (Espainiakoak zein nazioartekoak) laguntzekin batera, ezingo da izan diruz lagundutako kontzeptuaren kostua baino handiagoa. Hala izatekotan, gaindikinari dagokion zenbatekoa kenduko zaio agindu honi jarraikiz emandako laguntzari.

3.– Agindu honetan ezarritako laguntzek Batzordearen abenduaren 18ko 1407/2013 Erregelamenduan (EE) ezarritako minimis arauak errespetatuko dituzte. Europar Batasunaren funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari dagokio erregelamendu hori.

Europar Batasunak ezarritakoaren arabera, enpresa jakin batek, minimis erregelamendua betez, guztira jaso ditzakeen laguntzak ezin dira izan 200.000 eurotik gorakoak 3 zerga-ekitalditan zehar, erreferentziatzat hartuta laguntza eskatzen den ekitaldia.

Aipatutako muga gaindituz gero, gaindikinari dagokion zenbatekoa kenduko zaio programa honen baitan emandako laguntzari.

12. artikulua.– Laguntzak kudeatzeko organoa.

Turismo eta Ostalaritza Zuzendaritzak kudeatu beharko ditu agindu honetan ezarritako laguntzak, aginduan beste organo batzuei zehazki esleitutako auziak izan ezik.

13. artikulua.– Enpresa onuradunaren betebeharrak.

Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasuna Antolatzeko Printzipioei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluan (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutakoa) eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan ezarritako betebeharrez gain, honako hauek bete beharko dituzte agindu honetan araututako dirulaguntzen enpresa onuradunek:

1.– Emandako dirulaguntza onartzea. Ildo horretan, enpresa onuradunari dirulaguntza eman zaiola jakinarazteko mezua jaso eta hamar eguneko epean hark berariaz eta idatziz uko egiten ez badio dirulaguntzari, onartutzat emango da.

2.– Dirulaguntza emandako helburu zehatzerako erabiltzea.

3.– Alarma-egoera bukatutakoan turismo-jarduerari eustea eta une horretatik gutxienez 4 hilabetez altan egotea.

4.– Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari bere jarduna betetzeko eskatzen zaion informazioa ematea, deialdi honen kargura jasotako dirulaguntzei buruzkoa.

5.– Agindu honen bidez emandako kontzeptuak eta denboraldi berak estaltzeko bestelako laguntza edo dirulaguntza jaso izanaren berri ematea.

6.– Jasotako funtsak aplikatu direla frogatzeko agiri eta fakturak gordetzea, baita dokumentazio elektronikoa ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak egiaztatu eta kontrolatu ahal izango baititu gutxienez 4 urtez, diruz lagundutako jardueraren azken justifikazioa egin eta hurrengo egunetik aurrera.

7.– Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoan xedatutakoa betetzea, eta bere gain hartzea Administrazioarekiko kontratuak eta hitzarmenak egiten edo laguntzak jasotzen dituzten erakundeei aipatutako 4/2005 Legeak ezarritako betebeharrak.

14. artikulua.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.

Dirulaguntza emateko kontuan izandako baldintzak edozelan aldatzeak emateko ebazpena aldatzea ekarri ahal izango du berekin, baldin eta deialdi honetan laguntzaren onuradun izateko gutxieneko baldintzak babesten badira. Xede horietarako, kasuan kasuko aldatzeko ebazpena emango du Turismo eta Ostalaritza Zuzendaritzak, eta berriz doituko dira emandako dirulaguntzen zenbatekoak.

15. artikulua.– Ikuskapena.

Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak egokitzat jotzen dituen ikuskapenak eta egiaztapenak egiteko aukera izango du; enpresa onuradunek eskatzen zaien informazio osagarri guztia eman beharko dute. Ikuskapenean, funtsean, aurkeztutako fakturetan agertzen diren gastuak turismo-enpresari lotutako gastuekin bat datozela egiaztatuko da, baita alarma-egoera bukatu eta gutxienez 4 hilabetez jarduera irekita mantentzeko betebeharra ere.

Laguntzak bideratzeko premia-irizpideekin bat egin ahal izango dira ikuskapenok, kudeatzean ahalik eta eraginkortasunik handiena bermatuz; kontuan izango da, bestalde, 13. artikuluaren 6. atalean islatutako betebeharra zaindu behar dutela enpresa onuradun guztiek.

16. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasuna Antolatzeko Printzipioei buruzko Legearen testu bateginaren 53. artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarritako suposizioren batean eroriko balitz enpresa onuraduna, Turismo eta Ostalaritza zuzendariak, ez betetzearen espedientea ireki ondoren (non interesdunari entzunaldia emango baitzaio), dirulaguntza eskuratzeko eskubide osoa edo haren zati bat galdu duela aitortuko du, ebazpen bidez. Hala badagokio, enpresak jasotako zenbatekoak itzuli beharko dizkio, osorik edo zati batean, antzemandako ez betetzearen mailarekiko proportzionalki, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari, baita kasuan kasuko atzerapen-interesak ere, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan (Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Orokorraren Antolarauen Legearen testu bategina onartzen duena) eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan xedatutakoaren arabera, eta, itzultze partzialaren kasuan, aipatutako 38/2003 Legearen 37. artikuluan ezarritakoari jarraikiz. Diru-sarrera publikotzat hartuko dira aipatutako zenbatekoak, kasuan kasuko lege-ondorioetarako.

2.– Justifikatutako eta ordaindutako gastua emandako dirulaguntza baino txikiagoa bada, baina 750 euro garbi baino handiagoa, hura doitu eta aldea itzuli beharko da, kasuan kasuko prozedura bideratu ostean

3.– Ez-betetzearen espediente hori egoitza elektronikoaren bitartez baino ez da bideratuko: http://www.euskadi.eus/mi carpeta/

17. artikulua.– Datu pertsonalak.

Eskatzaileen datu pertsonalak tratatu eta «Turismo-arloko laguntzak eta dirulaguntzak» izeneko tratamendu-jardueran erantsiko dira. Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 Erregelamenduan (EB) (datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa) ezarritakoaren arabera tratatuko dira datu pertsonalak.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

1.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean izango ditu eraginak agindu honek.

2.– Oinarrietan ezartzen ez den guztian, honako hauek aplikatuko dira: azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua (Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Orokorraren Antolarauen Legearen testu bategina onartzen duena); Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren (Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzekoa) oinarrizko arauak; eta, prozeduraren arloan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Administrazio-bidea agortzen duen agindu honen aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburuari, hilabeteko epean. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke zuzenean Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko maiatzaren 19a.

Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburua,

SONIA PÉREZ EZQUERRA.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala