Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

101. zk., 2020ko maiatzaren 26a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
2053

47/2020 EBAZPENA, maiatzaren 21ekoa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita argitaratzea Bilboko Udalarekin eta Bilboko Udal Etxebizitzak Tokiko Erakunde Autonomoarekin sinatutako lankidetza-hitzarmena, babes ofizialeko etxebizitzak eta alokairuko etxebizitza sozialak sustatzeko Otxarkoaga, Bilbao Zaharra eta Miribilla auzoetan, Bilboko udal-mugartean.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak Akordioa sinatu duenez gero, zabalkunde egokia izan dezan, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Bilboko Udalarekin eta Bilboko Udal Etxebizitzak Tokiko Erakunde Autonomoarekin sinatutako lankidetza-hitzarmena, babes ofizialeko etxebizitzak eta alokairuko etxebizitza sozialak sustatzeko Otxarkoaga, Bilbao Zaharra eta Miribilla auzoetan, Bilboko udal-mugartean. Honen eranskinean dago jasota testu hori.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko maiatzaren 21a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

JUAN ANTONIO ARIETA-ARAUNABEÑA IBARZABAL.

ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN MAIATZAREN 21EKO 47/2020 EBAZPENARENA

Lankidetza-hitzarmena, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren, Bilboko Udalaren eta Bilboko Udal Etxebizitzak Tokiko Erakunde Autonomoaren artekoa, babes ofizialeko etxebizitzak eta alokairuko etxebizitza sozialak sustatzeko Otxarkoaga, Bilbao Zaharra eta Miribilla auzoetan, Bilboko udal-mugartean.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko apirilaren 14a.

BILDU DIRA:

Alde batetik, Ignacio Maria Arriola López, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburua.

Bestetik, Juan María Aburto Rique, Bilboko Udaleko alkate-lehendakaria.

Eta bestetik, Jon Bilbao Urquijo jauna, Bilboko Udal Etxebizitzak Tokiko Erakunde Autonomoaren lehendakaria, alkatearen eskuordetzaz.

BERTARATU DIRA:

Lehenengoa, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburu gisa eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren ordezkari-lanetan, Jaurlaritzaren Kontseiluak 2019ko martxoaren 12an egindako bilkuran hartutako erabakiaren bidez egintza honetarako baimendua.

Bigarrena, Bilboko Udaleko alkate-lehendakari gisa, Udalaren ordezkari-lanetan, Udalbatzak 2019ko abenduaren 27an egindako bilkuran hartutako erabakiaren indarrez egintza honetarako baimendua.

Eta hirugarrena, Bilboko Udal Etxebizitzak Tokiko Erakunde Autonomoko lehendakaria den aldetik, Zuzendaritza Kontseiluak 2019ko martxoaren 20an egindako bilkuran hartutako erabakiaren bidez ekitaldi honetarako baimendutako alkatearen eskuordetzaz.

Agertutako alderdi guztiek elkarri aitortu diote lankidetza-hitzarmen hau izenpetzeko beharrezkoa den legezko gaitasun nahikoa, eta, horretarako, honako hau:

AZALDU DUTE:

Lehenengoa.– Euskadiren Autonomia Estatutuaren 10.31 artikuluak honako hau zehazten du: Euskal Autonomia Erkidegoak eskumen esklusiboa du lurraldearen eta itsasertzaren antolamenduaren, hirigintzaren eta etxebizitzaren arloetan.

Etxebizitzaren ekainaren 18ko 3/2015 Legearen 2. artikuluan adierazten dira EAEko etxebizitza-politikaren printzipio gidariak, besteak beste, honako hauek:

1.– Etxebizitza duin, egoki eta irisgarria izateko eskubidea bermatzeko, lankidetzan eta koordinatuta aritzea botere publiko guztiak, Estatuko Administrazio orokorraren mendeko organoak eta EAEko sektore publikoa barne, zeina osatzen baitute Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak, foru-aldundiek, toki-erakundeek eta haien mendeko titulartasun publikoko erakunde guztiek.

2.– Etxebizitza duin eta egoki bat legez okupatzeko eskubidearen eraginkortasunaren inguruko ekimenetan jarduketa publikoak eta pribatuak koherenteak izatea.

3.– Etxebizitzei eta zuzkidura-bizitokiei buruzko politika publikoak planifikatu eta programatzea, kontuan hartuta alokairuko etxebizitza dela Konstituzioan ezarritako etxebizitza-eskubideari erantzuteko funtsezko tresna.

4.– Etxebizitza edo bizitoki babestu bat izateko eskubidea erabiltzerakoan edozein diskriminazio desagerraraztea, kolektibo ahulen aldeko ekintza positiboko neurriak ezarrita eta jokabide diskriminatzaileak zigortuta.

5.– Lurralde-kohesioa egotea sustapen- eta birgaikuntza-neurrien aurreikuspen eta aplikazioaren banaketa orekatuan, eta, aldi berean, etxebizitzen eta zuzkidura-bizitokien eskaintza zabal eta behar bestekoa lortzea.

6.– Herritarrek etxebizitzei eta zuzkidura-bizitokiei buruzko politika publikoak formulatzeko prozesuan benetan parte hartzea eta lankidetzan jardutea, baita bizitegiak sustatu, eraiki, kontserbatu, birgaitu, berroneratu eta berritzen edo horien administrazio edo kudeaketako zereginetan aritzen diren izaera sozialeko eta irabazi-asmorik gabeko entitateek ere.

7.– Etxebizitza babestu eta zuzkidura-bizitoki berrien eraikuntzako esku-hartze guztiak nahiz etxebizitza horien birgaitze- edo eraberritze-jarduketak bizigarritasun-, funtzionaltasun- eta segurtasun-baldintzak hobetzera bideratzea, arreta berezia jarrita irisgarritasunean, baliabide naturalen erabilera eraginkorrean eta gizarte-, finantza- eta ingurumen-jasangarritasunean, diseinu unibertsalaren printzipioei jarraikiz.

8.– Jarduera produktiboak eta pertsonen bizitza indibiduala eta familiakoa erantzunkidetasunez bateratzen lagunduko duen hiri-planifikazio bat bultzatzea, erantzunkidetasunezko gizarte-antolaketa bat erraztuz.

9.– Eraikinak, etxebizitzak eta haien ingurune urbanizatua gizarte-erantzukizunez erabil daitezen bultzatzea, duten funtzio soziala errespetatu eta betetzeko.

10.– Etxebizitzaren arloan planifikazio bat ezarri, garatu eta exekutatzea herritarren premia errealen eta haien egoera pertsonal, sozial, ekonomiko eta laboralen arabera.

Hori bermatu ahal izateko, lurzoruaren kontrol publiko arduratsu eta eraginkorra lortu behar da, eta kontrol hori lurzoru publikoa eskuratu eta kudeatzeko ekintza irmoarekin osatu beharko da. Horregatik, botere publikoek elkarrekin esku hartu behar dute –are gehiago, horretara behartuta daude–, babes publikoko beharrezko etxebizitzak egitea ahalbidetzen duten baldintzak sortzearren eta beharrezkoa den lurzoru-ondare publikoa osatzearren, betiere espekulazioa eragozteari begira.

Bigarrena.– Bilboko Udal Etxebizitzak toki-erakunde autonomoa da, nortasun juridiko propioa du, eta Bilboko Udaleko Etxebizitza Arloari atxikita dago. Etxebizitza sozialak sustatzen, esleitzen eta kudeatzen ditu, Bilboko herritarrek etxebizitza duina izan dezaten, batez ere alokairuan, eta, bereziki, egoera sozial edo ekonomikoa dela-eta merkatu librean etxebizitza bat eskuratzeko zailtasun handienak dituzten kolektiboentzat.

Era berean, Bilboko Udal Etxebizitzek Bilboko hiri-berroneratzean parte hartzen dute jasangarritasun-irizpideekin, auzoen arteko oreka eta herritarren bizi-kalitatea hobetuz.

Hirugarrena.– Hiru entitate publikoak aurreko idatz-zatietan adierazitako alderdietan batera eta koordinatuta egin beharreko jarduna baieztatzeko eta berresteko, Autonomia Erkidegoak alde batetik, eta Toki Erakundeek bestetik, elkarren arteko harremanetan beren zereginak eraginkortasunez betetzeko behar duten lankidetza eta laguntza aktiboa eskaini beharko diote elkarri, nork bere esparruan.

Administrazio publikoek uste dute udalerrian etxebizitza publikoa sustatzeko egiten duten politika bateratua babes ofizialeko eta babes sozialeko etxebizitzekin osatu behar dela.

Laugarrena.– Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legearen 16. artikuluan ezartzen denez, udalaren hirigintza-plangintzak babes publikoko araubideren bati atxikitako etxebizitzak eraikitzeko beharrezkotzat jotzen dituen lursail guztiak kalifikatu ahal izango ditu, eta gutxienez lurzorua kalifikatzeko betebeharra beteko du legearen 80. artikuluan aurreikusitako gutxieneko estandarrak eta zenbatekoak betetzeko.

Bosgarrena.– Etxebizitzaren ekainaren 18ko 3/2015 Legeak lurzoru-ondare publikoa arautzen du, eta zehazten du ondare independente batek osatuko duela, gainerako ondaretik bereizita. Etxebizitza-gaietan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailak kudeatuko du, helburu hauek betetzearren, besteak beste:

a) Lurzorua edo bizitegitarako hirigintza-eraikigarritasuna eskuratzea, etxebizitzak, bizitokiak, lokalak eta eranskinak sustatzeko edo eraikitzeko.

b) Eraikin babestu horiek eta jarduketari berari lotutako ekipamendu publikoak sustatzea edo eraikitzea.

Seigarrena.– Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak, etxebizitzaren arloan dituen eskumenak baliatuz, babes publikoko etxebizitza sustapen berriak eraikitzeko lurzorua behar du etxebizitza premia egiaztatuak dituzten udalerrietan (Bilbao, besteak beste), etxebizitzaren merkatu librean sartu ezin diren eta errenta-ahalmen urria duten familientzat (Etxebizitza Legearen 23.3 artikulua).

Bilboko Udalak eta Bilboko Udal Etxebizitzak Tokiko Erakunde Autonomoak, helburu horiek partekatuz, egokitzat jotzen dute udalerriko auzo desberdinetako lurzatiak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren esku jartzea.

Bakoitzaren interesak, konpromisoak eta ekarpenak behar bezala bideratzeko, bi alderdiek lankidetza-hitzarmen hau sinatu dute, honako klausula hauen arabera:

KLAUSULAK

Lehenengoa.– Lankidetza-hitzarmen honen xedea da alokairuko babes ofizialeko etxebizitzen eta alokairuko etxebizitza sozialen sustapena ahalbidetzea Bilboko udal-mugarteko Otxarkoaga, Bilbao Zaharra eta Miribilla auzoetan. Etxebizitzen orientazio-programa honako hau da:

(Ikus .PDF)

Bigarrena.– Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak, Bilboko Udalak eta Bilboko Udal Etxebizitzak Tokiko Erakunde Autonomoak honako jarduera hauek egiteko konpromisoa hartzen dute, Bilboko udalerrian babes publikoko etxebizitzen sustapenak (hitzarmen honetan jasotakoak) ahalbidetzeko:

1.– Otxarkoaga-Aixe Ona auzoa.

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak, Bilboko Udalak eta Bilboko Udal Etxebizitzak Tokiko Erakunde Autonomoak konpromisoa hartu dute Otxarkoaga auzoko Aixe Ona gunean dagoen lurzati bat alokairuko babes ofizialeko etxebizitzen sustapenerako erabiltzeko. Lurzatia A0497651Y, A0497652Q, A0497653B, A0497654J eta A0497655R katastro-kode hauei dagokien partzela-kodearekin osatzen da.

Lurzatia 307.05 EB egikaritze-unitatean dago, eta 4.400 m2 inguruko azalera du.

Partzela Bilboko Udalaren eta Bilboko Udal Etxebizitzak Tokiko Erakunde Autonomoaren titulartasunekoa da, udal-agintaritzak desjabetze-prozeduraren esparruan erakunde onuradun deklaratu ondoren.

Lurzatiaren kudeaketa errazteko eta hitzarmen honen xedea lortzeko, Bilboko Udalak Bilboko Udal Etxebizitzak toki-erakunde autonomoari lagako dio bere titulartasunaren ehunekoa, eta erakunde hori partzelaren % 100aren titularra izango da.

Bilboko Udal Etxebizitzak toki-erakunde autonomoak, partzelaren jabetza osoaren titularra den aldetik, konpromisoa hartzen du, dagokion salmenta-akordioaren bidez, haren titulartasuna Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailari eskualdatzeko, kargarik gabe, eta azken horrek alokairuko babes ofizialeko etxebizitza horiek gauzatuko ditu.

Eragiketa honen ondorioetarako, partzelaren balioa milioi bat berrehun eta hamalau mila laurehun eta hirurogeita hamaika euro eta hogeita hamalau zentimo da, BEZik gabe (1.214.471,34) euros. Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak salerosketaren eskritura egiten duen unean ordainduko du kopuru hori.

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak sustapen hau egiteko beharrezkoak diren dokumentu teknikoak idazteko konpromisoa hartzen du, dagokion urbanizazio-proiektua barne. Dokumentu horiek egitean, eskualdatutako lurzatia dagoen 307 banaketa-eremurako udal-plangintzan jasotako aurreikuspenak beteko dira.

Behin dokumentu horiek eskuratuta, Bilboko Udalean aurkeztuko dira, eta Udalak konpromisoa hartzen du ahalik eta lasterren onartzeko behar diren prozedurak izapidetzeko.

Urbanizazio-proiektuaren jarduketak amaitu ondoren, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak erabilera eta jabari publikoko lurzoruak lagako dizkio Bilboko Udalari.

2.– Bilbo Zahar Auzoa-Cortes kalea.

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak, Bilboko Udalak eta Bilboko Udal Etxebizitzak Tokiko Erakunde Autonomoak konpromisoa hartzen dute Gorte kaleko 28., 30. eta 32. zenbakietan dagoen orubea alokairuko etxebizitza sozialak sustatzeko erabiltzeko.

Lurzatia 514.03 EB egikaritze-unitatean dago, eta 603,64 m2 inguruko azalera du.

Bilboko Udalak partzelaren % 100aren jabetza du, eta, beraz, partzelaren titulartasuna Bilboko Udal Etxebizitzak Tokiko Erakunde Autonomoari lagako dio.

Bilboko Udal Etxebizitzak Tokiko Erakunde Autonomoak, behin partzelaren titulartasuna eskuratuta, konpromisoa hartzen du partzela Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailari doan lagatzeko akordioaren bidez kargarik gabe lagatzeko, eta azken horrek alokairuko etxebizitza sozial horiek egingo ditu.

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak sustapen hau gauzatzeko beharrezkoak diren dokumentuak idazteko konpromisoa hartzen du. Dokumentu horiek egitean, Bilbo Zaharra Birgaitzeko eta Barne Erreformatzeko Plan Berezian jasotako aurreikuspenak beteko dira.

Behin dokumentu horiek eskuratuta, Bilboko Udalean aurkeztuko dira, eta Udalak konpromisoa hartzen du prozedura egokiak izapidetzeko, ahalik eta lasterren onar daitezen.

3.– Bilbao La Vieja-Gimnasio kalea.

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak, Bilboko Udalak eta Bilboko Udal Etxebizitzak Tokiko Erakunde Autonomoak konpromisoa hartzen dute Gimnasio kaleko 1. zenbakian dagoen orubea alokairuko etxebizitza sozialak sustatzeko erabiltzeko.

Lurzatia 517.03 EB egikaritze-unitatean dago, eta 467,66 m2 inguruko azalera du.

Partzela Bilboko Udal Etxebizitzak Tokiko Erakunde Autonomoaren titulartasunekoa da, eta konpromisoa hartzen du doan eta kargarik gabe lagatzeko partzela Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailari, dagokion lagapen-akordioaren bidez, zeinak alokairuko etxebizitza sozial horiek egingo baititu.

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak sustapen hau gauzatzeko beharrezkoak diren dokumentuak idazteko konpromisoa hartzen du. Dokumentu horiek egitean, Bilbo Zaharra Birgaitzeko eta Barne Erreformatzeko Plan Berezian jasotako aurreikuspenak beteko dira. Besteak beste, Xehetasun Azterlan bat egingo da Gimnasio, Laguna eta Cantera plazen artean dauden eraikinen behin betiko sestrekin.

Behin dokumentu horiek eskuratuta, Bilboko Udalean aurkeztuko dira, eta Udalak konpromisoa hartzen du prozedura egokiak izapidetzeko, ahalik eta lasterren onar daitezen.

4.– Miribilla auzoa-Eretza mendia.

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak, Bilboko Udalak eta Bilboko Udal Etxebizitzak Tokiko Erakunde Autonomoak konpromisoa hartzen dute Eretza mendiko 10. zenbakian dagoen lurzatia alokairuko babes ofizialeko etxebizitzen sustapen baterako erabiltzeko.

Lurzatia 525.01 EB egikaritze-unitatean dago, eta 323 m2 inguruko azalera du.

Partzela Bilboko Udal Etxebizitzak Tokiko Erakunde Autonomoaren titulartasunekoa da, eta konpromisoa hartzen du kargarik gabe transmititzeko Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailari, dagokion salmenta-akordioaren bidez, zeinak babes ofizialeko alokairuko etxebizitzak egingo baititu.

Eragiketa honen ondorioetarako, partzelaren balioa laurehun eta berrogeita lau mila BERREHUN eta hirurogeita bederatzi euro eta hirurogeita bost zentimo da, BEZik gabe (444.269,65) euro. Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak salerosketaren eskritura egiten duen unean ordainduko du kopuru hori.

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak sustapen hau egiteko beharrezkoak diren dokumentuak idazteko konpromisoa hartzen du. Dokumentu horiek egitean, eskualdatutako lurzatia dagoen 525 banaketa-eremurako udal-plangintzan jasotako aurreikuspenak beteko dira.

Behin dokumentu horiek eskuratuta, Bilboko Udalean aurkeztuko dira, eta Udalak konpromisoa hartzen du prozedura egokiak izapidetzeko, ahalik eta lasterren onar daitezen.

Hirugarrena.– Hitzarmen honetan ezarritako ondare-eragiketetan Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak parte hartzen badu, Gobernu Kontseiluaren baimena lortu beharko da, Euskadiko Ondareari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretuan adierazitakoarekin bat etorriz.

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak konpromisoa hartzen du Gobernu Kontseiluaren erabaki egokiak izapidetzeko, aurreko klausulan jasotako aurreikuspenetatik erator daitezkeen ondasunen lagapenari eta erosketari dagokienez.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak partzelen titulartasuna onartuko du, baldin eta partzelak lurzoruaren kutsadura saihestu eta zuzentzearen arloan indarrean dagoen araudia betetzetik erator daitezkeen betebeharretatik libre geratzen badira.

Klausula honetan aurreikusitako ondare-eragiketei (doako lagapenak eta salerosketak) buruzko ondare-eragiketak eskritura publikoan formalizatuko dira sei hilabeteko epean, Gobernu Kontseiluak onartzen duen egunetik zenbatzen hasita.

Laugarrena.– Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak hitzarmen honen ondorioz alokairuko babes ofizialeko etxebizitzak eta alokairuko etxebizitza sozialak sustatzeko obrak kontratatzeko eta erabat gauzatzeko konpromisoa hartzen du. Era berean, sustapen horien esparruan beharrezkoak diren lurzatien urbanizazio-obra osagarriak kontratatu eta gauzatzeko konpromisoa hartzen du.

Konpromiso horren barruan sartzen da dagozkion dokumentu teknikoak idaztea, hitzarmen honen bigarren klausulan ezarritako baldintzetan. Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak bere gain hartuko ditu dokumentu horiek idazteak dakartzan gastuak.

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak konpromisoa hartzen du hitzarmen honetan jasotako sustapenei lotutako eraikuntza- eta urbanizazio-obrak 4 urteko epean amaitzeko, doako lagapenak eta salerosketak eskritura publikoan formalizatzen direnetik zenbatzen hasita. Nolanahi ere, behar bezala justifikatutako arrazoiengatik, hitzarmenaren sinatzaileek aho batez erabaki ahal izango dute epe hori beste aldi batez luzatzea, baina epe horrek ezin izango du inola ere hitzarmenaren indarraldia gainditu.

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak bere gain hartuko ditu, Lurren Balioaren Gehikuntzaren gaineko Udal Zerga izan ezik, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak lankidetza-hitzarmen honen esparruan parte hartzen duen ondare-eragiketak eskrituratzearen eta Jabetza Erregistroan inskribatzearen ondoriozko gastuak.

Lankidetza-hitzarmen honetan Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak bere gain hartu dituen konpromiso guztiak aldez aurretik bidezko aurrekontu-izendapenak egin izanaren eta egonkortasuna eta finantza-iraunkortasunari buruzko printzipioak betetzeko Euskal Autonomia Erkidegoak dituen erabilgarrien baldintzapean egongo dira.

Hala ere, klausula honetan ezarritako konpromisoak bete ahal izateko, aurrez Euskal Autonomia Erkidegoari eman beharko zaizkio erreferentziako lurzatiak.

Bostgarrena.– Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak konpromisoa hartzen du Bilbao udalerri interesdun bakarra deklaratzeko hitzarmen honen xede diren Otxarkoaga, Bilbo Zaharra eta Miribilla auzoetan babes ofizialeko etxebizitzak eta etxebizitza sozialak sustatzeko, eta udalerri horretako herritarrak izango dira lehentasunezko hartzaileak.

Hala ere, Bilboko Udalak hitzarmen honetan jasotako sustapenetatik eratorritako etxebizitzak hautatzeko prozedura horretatik salbuestea proposatu ahal izango du, eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak horien esleipen berezia egiteko konpromisoa hartzen du, baldin eta udalaren hirigintza-jarduketek eragindako pertsonen aldekoa bada.

Etxebizitzaren bat soberan badago, esleitu ez delako, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak erabakiko du, udalari kontsulta egin ondoren, zer gaztek eta/edo udalerrik parte hartu nahi duten agindu bidez.

Seigarrena.– Bilboko Udalak konpromisoa hartzen du Eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zerga arautzen duen ordenantza fiskalaren 8.5 artikuluan jasotako % 2ko karga-tasa aplikatzeko. Ordenantza hori Bilboko Udalak onartu zuen 1989ko azaroaren 16an, eta azken aldiz aldatu zen 2019ko irailaren 26ko osoko bilkuraren erabakiaren bidez, babes ofizialeko etxebizitzen eta etxebizitza sozialen oin berriko eraikuntzen kasuan.

Konpromiso horri eutsiko zaio zerga arautzen duen aurreko Ordenantza Fiskalak aipatutako lehentasunezko zerga-tasa aplikatzeko aukera jasotzen duen bitartean. Ildo horretatik, sortzapenaren unean indarrean dagoen Ordenantza Fiskala aplikatuko da.

Zazpigarrena.– Alderdi sinatzaileek adostu dute Bilboko Udalak babes ofizialeko etxebizitzen eta etxebizitza sozialen oin berriko eraikuntza-obrei aplikatuko dizkiela 6. artikuluko 2. paragrafoan ezarritako tarifak eta Bilboko Udalak 1989ko azaroaren 16an onartutako Obra, hirigintza-jarduketa eta bestelako zerbitzu teknikoen ondoriozko zerbitzuak emateagatiko tasak arautzen dituen ordenantza fiskalaren lehen xedapen iragankorrean jasotako murrizketa. Eta azken aldiz aldatu zen, 2019ko irailaren 26ko osoko bilkuraren erabakiaren bidez.

Konpromiso hori mantendu egingo da aurreko Ordenantza Fiskalak lehentasunezko tarifak eta aipatutako murrizketak jasotzen dituen heinean. Ildo horretatik, lizentzia eskatzen den unean indarrean dagoen Ordenantza Fiskala aplikatuko da.

Zortzigarrena.– Bilboko Udalak konpromisoa hartzen du Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailari, Herri Administrazio den aldetik, finantza-bermerik ez eskatzeko, aplikatu beharreko araudiak eska diezazkiokeen fidantza edo abal gisa, bereziki hondakinen kudeaketari edo udal-agintaritzaren titulartasunekoak diren ondasun higigarri edo higiezinen itzulketari dagokienez, baldin eta kaltetuak izan badaitezke.

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak konpromisoa hartzen du hondakinak kudeatzeko, haien kudeaketa arautzen duten printzipioen arabera, hondakinak balorizatzeari lehentasuna emanez ezabatzeari dagokionez, bai eta egoki diren neurri guztiak hartzeko ere, obrak izan dezakeen eragina minimizatzeko eta, betiere, obrak eragin ditzakeen udal-titulartasuneko ondasunak beren egoerara itzuliko direla bermatzeko.

Bederatzigarrena.– Parte hartzen duten alderdi guztiak beharrezkotzat hartzen dute hitzarmenaren jarraipen-batzordea eratzea. Batzorde hori erakunde bako tzeko hiru ordezkarik osatuko dute.Batzordearen egitekoa izango da hitzarmen honetan ezarritako aurreikuspen eta konpromisoak, ekonomikoak barne, betetzen direla zaintzea. Era berean, bere eginkizunen artean dago hura zorrotz betetzera bideratutako neurriak proposatzea, sor daitezkeen gatazkak eta/edo interferentziak konpontzea, eta, oro har, etorkizunean sor daitezkeen gorabeherei erantzutea.

Hitzarmen honetan aurreikusi ez bada, jarraipen-batzordearen funtzionamendua Sektore Publikoko Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen atariko tituluko II. kapituluko 3. sekzioan ezarritakoari jarraituko dio.

Hamargarrena.– Hitzarmen honek izaera administratiboa dauka, eta, beraz, berau interpretatu, aplikatu eta betearaztearekin edo beronen ondorioekin lotuta sor daitezkeen alderdi guztiak ezagutzea administrazioarekiko auzien jurisdikzioari dagokio, aurreko klausulan aurreikusitako bidea amaitu denean.

Hitzarmen hau kontratu publikoen indarrean dagoen legediaren aplikazio eremutik kanpo geratuko da, Sektore Publikoko Kontratuen azaroaren 8ko 9/2017 Legearen (lege horren bidez, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko otsailaren 26ko 2014/23/EB eta 2014/24/EB zuzentarauen transposizioa egin zen Espainiako ordenamendu juridikora) arabera. Hala ere, lege horren printzipioak aplikatu ahalko dira egon daitezkeen zalantzak edo atzeman daitezkeen hutsuneak ebazteko.

Hamaikagarrena.– lankidetza-hitzarmen honen indarraldia lau urtekoa izango da, hura sinatzen denetik aurrera. Aurreko atalean aipatutako epea amaitu aurretiko edozein unetan, hitzarmenaren sinatzaileek espreski adostu ahalko dute hura luzatzea, beste lau urteko aldi baterako gehienez, edo hura azkentzea.

Hitzarmen hau edozein unetan berrikusi, eta badagokio aldatu, ahal izango da alderdietako batek hala eskatuta aldatu egingo da sinatzaileen aho batezko erabakiaren bidez, hitzarmenari dagokion gehigarria sinatuz.

Hamabigarrena.– dokumentu honetan jasotako betebeharrak ez betetzea hitzarmena deuseztatzeko arrazoia izango da, eta aldeak lehengo egoera juridikora itzuliko dira. Era berean, bai beste aldeari bai uste oneko besteri eragin ahal izan zaizkien kalte eta galerak ordaindu beharko ditu aipatutako deuseztapena eragiten duenak.

Hala eta guztiz, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak hitzarmen honetan aurreikusitako sustapenean atzera egin ahalko du, atal honetan aurreikusitako kalte-ordaina ordaindu behar izanik gabe, baldin eta, gerora sortutako arrazoiengatik (sustapenen hirigintza-baldintzak aldatzea, adibidez) teknikoki eta ekonomikoki bideraezinak diren gauza berberak egiten badira.

Eta adostasuna eta uste ona erakusteko, dokumentu hau izenpetu dute lau aletan, idazpuruan adierazitako lekuan eta egunean.

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburua,

IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.

Bilboko Udaleko alkate-lehendakaria,

JUAN MARÍA ABURTO RIQUE.

Bilboko Udal Etxebizitzak Toki Erakunde Autonomoaren lehendakaria,

JON BILBAO URQUIJO.


Azterketa dokumentala