Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

101. zk., 2020ko maiatzaren 26a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Oposaketak eta lehiaketak

OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUA
2048

342/2020 EBAZPENA, maiatzaren 21ekoa, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez Osakidetzako Emergentzietako zuzendari gerente lanpostua betetzeko deialdi publikoa egiten den.

Osakidetzako Emergentzietako zuzendari gerentearen lanpostua hutsik dagoenez, martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren 3. Xedapen Gehigarrian (4. atala) xedatutakoarekin bat etorriz (Errege Dekretu horren bidez, COVID-19ak eragindako osasun-krisiaren egoera kudeatzeko alarma-egoera deklaratu zen), eta Emergentzietako zerbitzuaren interes orokorra eta funtzionamendu ona babesteko eta zerbitzu horrek zuzendaririk ez izateak eragin ditzakeen kalteak saihesteko, Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legearen 27. artikuluan eta azaroaren 11ko 255/1997 Dekretuan eta Osakidetzako erakunde sanitario integratuen uztailaren 3ko 100/2018 Dekretuan ezarritakoarekin bat etorriz, Zuzendaritza Nagusi honek erabaki du deialdi publikoa iragartzea, aipatutako lanpostua izendapen bidez betetzeko, ondorengo oinarriak betez.

OINARRIAK

Lehenengoa.– Emergentzietako zuzendari gerentearen lanpostua betetzeko deialdia Ebazpen honen bitartez egiten da eta honako hauek aurkeztu daitezke: Osakidetzako zerbitzu sanitarioen erakundeei atxikitako langile finkoak (funtzionarioak, estatupekoak nahiz lan-kontratudun langile finkoak), Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta haren erakunde autonomoetako funtzionarioak eta baldintzak betetzen dituen beste edozein. Hauek dira bete beharko dituzten baldintzak:

1.– Unibertsitateko lizentzia edo titulu baliokidea izatea.

2.– Administrazio eta kudeaketa lanetan eskarmentua edukitzea.

Bigarrena.– Interesa dutenek beren eskaera Osakidetzako Zuzendaritza Nagusiko Giza Baliabideen Zuzendaritzara bidali beharko dute, eta 10 egun balioduneko epea izango dute horretarako, deialdiaren ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkari ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan xedatzen den moduan ere aurkeztu ahalko dira.

Hirugarrena.– Deialdi honetan parte hartu nahi duten izangaiek, eskabidearekin batera, honako hauek adierazten dituen curriculum vitaea aurkeztu beharko dute:

– Titulu akademikoak.

– Orain arte betetako lanpostuak.

– Lanbidean eta kudeaketa sanitarioan daukaten esperientzia. Bereziki baloratuko da larrialdi edo/eta emergentzia zerbitzuetako eskarmentua.

– Ikasketak, ikastaroak, ponentziak, argitalpenak, hizkuntzak eta egoki iritzitako beste edozein merezimendu.

Izangaiek eskatzen diren betekizunen eta aurkeztutako merezimenduen frogagiriak aurkeztu beharko dituzte eskabidearekin batera. Halaber, argitalpenak, txostenak edota egokitzat jotako beste edozein agiri ere aurkez dezakete.

Laugarrena.– Deialdi hau Osakidetzako zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez ebatziko da. Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

Bosgarrena.– Ebazpen honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Osakidetzako Administrazio Kontseiluari. Horretarako, hilabeteko epea izango da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko maiatzaren 21a.

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusia,

JUAN LUIS DIEGO CASALS.


Azterketa dokumentala