Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

100. zk., 2020ko maiatzaren 25a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ETXEPARE EUSKAL INSTITUTUA / BASQUE INSTITUTE
2042

EBAZPENA, 2020ko maiatzaren 4koa, Etxepare Euskal Institutuko zuzendariarena, euskara eta euskal kulturako hiru irakurle hautatzeko presako deialdia irekitzeko dena.

Etxepare Euskal Institutua (aurrerantzean, EEI) Sortzeko eta Arautzeko 3/2007 Legearen 3.b) artikuluak honako helburu hau xedatzen du aipatutako Institutuarentzat: «Euskal Kultura bere hizkuntza ofizialetako edozeinetan eta zeinahi adierazpen, euskarri, bide eta adierazmoldetan kanpoan ezagutarazten eta hedatzen laguntzea, bereziki euskaraz sortutako kultura eskaintza sustatuz eta hedatuz».

Etxepare Euskal Institutuaren antolaketa- eta jarduera-araudia onartzen duen maiatzaren 13ko 88/2008 Dekretuaren 19. artikuluak xedatzen du Institutuaren helburuen artean dagoela munduan zeharreko unibertsitateetan eta beste zentro batzuetan euskararen presentzia, azterketa eta ikasketak sustatzea, batik bat unibertsitateetan irakurletzak ezartzea bultzatuz.

Ondorioz, Etxepare Euskal Institutuak erabaki du Alemaniako Konstantzako Unibertsitaterako, Errusiako Moskuko Lomonosov Unibertsitaterako eta Frantziar Estatuko Université de Pau et des Pays de L´Adour Unibertsitaterako irakurlea hautatzeko lehiaketa publikoaren deialdia egitea. Deialdia presakoa izatea erabaki da, aipatu unibertsitate hauetako egutegi akademikoa dela eta.

Hori dela eta,

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Deialdiaren helburua.

Deialdi honen helburua da euskara eta euskal kulturako irakurlea hautatzea, honako unibertsitate hauetan aritzeko:

– Irakurle bat Alemaniako Konstantzako Unibertsitaterako.

– Irakurle bat Errusiako Moskuko Lomonosov Unibertsitaterako.

– Irakurle bat Frantziar Estatuko Université de Pau et des Pays de L´Adour Unibertsitaterako.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

Deialdi honetan ikasturte bakoitzean bideratutako guztizkoa:

– Konstantzako Unibertsitaterako: hogeita hamar mila (30.000) euro ikasturteko.

– Moskuko Lomonosov Unibertsitaterako: hamar mila eta bostehun (10.500) euro ikasturteko.

– Université de Pau et des Pays de L´Adour Unibertsitaterako: zortzi mila (8.000) euro ikasturteko.

Aurreko baliabide ekonomiko guztiak irakurletzak mantentzeko gastuak finantzatzeko erabiliko dira. Bideratutako zenbateko hori ez da bat etorriko, zehatz-mehatz, irakurlearen soldatarekin. Kontuan hartu behar da irakurletza kokatuta dagoen herrialdeko araudiarekin bat zergak eta bestelako kenkari eta atxikipenak daudela. Moskuko Lomonosov Unibertsitatearen kasuan irakurleari hemengo araudia aplikatuko zaio ordainsarien eta zergen erregimenari dagokionez, eta horren arabera dagozkion atxikipenak ezarriko zaizkio.

Unibertsitateetako transakzio guztietan dibisa patroia euroa izango da.

3. artikulua.– Hautagaiek bete behar dituzten baldintzak.

Deialdi honetan parte hartu ahal izateko, baldintza hauek bete beharko dira:

Konstantzako Unibertsitaterako: unibertsitateko graduko titulua izatea (edo lizentzia) eta 3. HE edo C1 mailako baliokidea izatea. Euskal Filologia, Euskal Ikasketak edo Itzulpengintza eta Interpretaziokoak (A Hizkuntza: euskara) dituztenak lehenetsiko dira; baita euskararen 4. HE edo C2 maila egiaztatuta izatea ere; 11. artikuluko hautapen-irizpideen arabera.

Moskuko Lomonosov Unibertsitaterako: Filologia ikasketaren bat, Itzulpengintza edo Interpretaziozko ikasketaren bat izatea; irakaskuntza eskarmentua izatea eta 3. HE edo C1 mailako baliokidea izatea. Euskal Filologia, Euskal Ikasketak edo Itzulpengintza eta Interpretaziokoak (A Hizkuntza: euskara) eta 4. HE edo C2 euskara maila dutenak lehenetsiko dira; 11. artikuluko hautapen-irizpideen arabera.

Université de Pau et des Pays de l’ Adour Unibertsitaterako: unibertsitateko graduko titulua izatea (edo lizentzia) eta 3. HE edo C1 mailako baliokidea izatea eta Frantseseko B2 maila izatea. Titulu ofizialik ezean, Université de Pau et des Pays de l’ Adour Unibertsitateak egoki irizten dituen neurriak hartu ahal izango ditu maila hori egiaztatzeko. Euskal Filologia, Euskal Ikasketak edo Itzulpengintza eta Interpretaziokoak (A Hizkuntza: euskara) dituztenak lehenetsiko dira baita euskararen 4. HE edo C2 maila egiaztatuta izatea ere; 11. artikuluko hautapen-irizpideen arabera.

4. artikulua.– Lan baldintza zehatzak helburuko unibertsitatearen arabera.

1.– Konstantzako Unibertsitaterako.

Baldintzak:

Eskola orduak: lanaldi erdia. Astean 6-8 ordu.

2.– Errusiako Moskuko Lomonosov Unibertsitaterako.

Baldintzak:

Eskola orduak: astean euskal hizkuntza eta kulturako 10 ordu ematea, Unibertsitateko programa jarraituaz.

3.– Université de Pau et des Pays de l’Adour Unibertsitaterako.

Baldintzak:

Eskola orduak: 220 eskola ordu ikasturte osoan, Pau eta Baionako campusetan.

5. artikulua.– Egonaldiaren baldintzak helburuko unibertsitatean.

Hautatuak deialdi honen helburu diren tokian tokiko unibertsitateei atxikiko zaizkie, 4. artikuluan agertzen diren baldintzen arabera. Tokian tokiko unibertsitatearen herrialdean indarrean dagoen legediaren araberako kontratua sinatuko dute eta unibertsitate kontratugilearen klausula zehatzak bete beharko dituzte, bereziki kontratuak irauten duen bitartean aplikagarri zaien ordainsarien eta zergen erregimenari dagokionez.

Euskara eta euskal kulturako irakurle izateak ez dakar inolako lan- edo administrazio-harremanik Etxepare Euskal Institutuarekin eta, ondorioz, Institutu honek ez du bere gain hartuko irakurleak helburuko unibertsitatearekin duen kontratu-harremanetik edo bere ekintzetatik eratorritako erantzukizunik, bereziki bere funtzioak betetzean sor daitezkeen kalteengatik.

Etxepare Euskal Institutuak bere gain hartuko ditu tokian tokiko unibertsitatera lehenengo joan-etorriaren gastuak, irakurlea bere lanpostuan hasten dela bermatzeko.

6. artikulua.– Irakurle izateak Etxepare Euskal Institutuarekiko honako konpromiso hauek onartzea ekarriko du, eta honako eskubide hauek izatea:

– Onartze-agiria sinatzea.

– Emandako ordutegia betetzea.

– Euskara eta euskal kulturaren programa didaktikoa egitea (ikasturte hasierako fitxa) ikasturtearen hasieran. Programa hori Etxepare Euskal Institutura bidali beharko da.

– Ikasleen ebaluazioa egitea eta ikastaroa kudeatzea, bai eta ekintza akademikoak antolatzea ere (hitzaldiak, literatura jardunaldiak...) euskara ikertzeko eta euskal kultura sustatzeko asmoz.

– Tokian tokiko irakasleak eta ikertzaileak euskara, euskal kultura eta antzeko gaiekin zerikusia duen guztian lagundu eta orientatzea.

– Moskuko Lomonosov Unibertsitateko irakurletzaren kasuan: Unibertsitatean jarduna hasterako Errusiarako osasun aseguru poliza egokia indarrean izatea. Polizak dakarren kostua estaltzeko Etxepare Euskal Institutuari laguntza eska diezaioke.

– Behean zehazturiko datarako helburuko unibertsitatera bertaratzea, klaseak ematen hasteko. Klaseak ematea ikasturte amaiera arte, hala badagokio luzatzeko aukerarekin. Kontratuaren luzapena urtez urte egingo zaio irakurleari, betiere urteroko berritzea, Unibertsitateak egindako aldeko txostenera baldintzatuta dagoelarik. Université de Pau et des Pays de l’Adour Unibertsitateari dagokionez, hautatutako pertsona (irakurlea) gehienez ere 2. Ikasturtea osatu arte izango da irakurle postuan eta aldiz, Moskuko Lomonosov Unibertsitateari, eta Konstantzako Unibertsitateari dagokionez, hautatutako pertsona (irakurlea) gehienez ere 4. ikasturtea osatu arte izango da irakurle postuan. Kasu guzti hauetan, salbuespen gisa, eta betiere Etxepare Euskal Institutuak eta unibertsitateak euskal ikasketen sendotze estrategiarako egokitzat adostutako irizpide eta prozeduraz, aztertu ahal izango da behin-behinekoa izango den luzatzeko aukera. Luzapen horren gehienezko epea urtebetekoa izango da edo unibertsitatearekin euskal ikasketen indartzeko estrategiarako adostutako trantsizio epea.

Bertaratze-datak:

– Konstantzako Unibertsitatera bertaratzea 2020ko urriaren 1a baino lehen.

– Moskuko Lomonosov Unibertsitatera bertaratzea 2020ko abuztuaren 27a baino lehen.

– Université de Pau et des Pays de l’Adour Unibertsitatera bertaratzea 2020ko irailaren 1a baino lehen, ikasturtea hasi baino lehen.

– 2020-2021 ikasturtea amaitutakoan, zerbitzuak ematen dituen departamenduaren oniritzia duen irakasle-memoria bat idaztea. Memoria hori Etxepare Euskal Institutura bidali beharko da, azken honek hitzarmena eta irakurlearen lana behar bezala doan ebaluatzeko.

– Goian aipatutako konpromisoak ez betetzeak irakurleak ez jarraitzea ekar dezake.

– Irakurleak konpromisoa hartzen du, orobat, Etxepare Euskal Institutuak antolatzen dituen prestakuntza-ikastaroetan parte hartzeko, bereziki euskara atzerriko hizkuntza gisa irakasteko ikastaroan.

– Irakurleak eskubidea izango du egindako irakasle-lana ziurtatzen duen egiaztagiri akademikoa jasotzeko, bertan ordu guztiak, irakasgaiak, ikastaroak... zehaztuta.

7. artikulua.– Irakurletzei dagozkien zenbatekoak ordaintzea.

Etxepare Euskal Institutuak egingo dizkio tokian tokiko unibertsitateari irakurletzak mantentzetik eratorritako gastuen finantzaketarako zenbatekoen ordainketak.

Etxepare Euskal Institutuak zuzenean egingo dio ordainketa Moskuko Lomonosov Unibertsitateko irakurleari, unibertsitatearen izenean. Irakurleari hemengo araudia aplikatuko zaio ordainsarien eta zergen erregimenari dagokionez eta horren arabera dagozkion atxikipenak ezarriko zaizkio.

Tokian tokiko unibertsitateari dagokio Etxepare Euskal Institutuak egindako diru-ekarpenak justifikatzea.

Moskuko Lomonosov Unibertsitateari dagokio irakurletzako programa normaltasunez aurrera doala ziurtatzea Etxepare Euskal Institutuari.

8. artikulua.– Eskabideak aurkezteko lekua eta epea.

1.– Hautagaiek eskabideak aurrez aurre edo bide elektronikoa erabiliz aurkeztu ahalko dituzte:

– Aurrez aurre: eskabideak helbide honetan aurkeztuta: Etxepare Euskal Institutua, Tabakalera eraikina, Andre Zigarrogileen Plaza 1, 3. solairua, 20012 Donostia, goizeko 08:30etik 14:00etara. Halaber, Eusko Jaurlaritzako Zuzenean bulegoetan edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako organoen aurrean.

– Bide elektronikoa: www.euskadi.eus gunean aurkeztu ahalko dira eskabideak, artikulu honetako 2. atalean adierazitako helbidean. Eskabidea egiteko eta dokumentazioa aurkezteko bide horietako bat erabiltzeak –presentziala edo elektronikoa– ez du esan nahi bidez aldatu ezin denik prozeduraren ondorengo izapideetan, alegia, edonoiz aldatu daiteke bidea.

2.– Eskaerak nola tramitatu aurrez aurre edo bide elektronikoa erabiliz, erantzukinzunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak azaltzen dituzten argibideak euskadi.eus-en honako helbide hauetan daude ikusgai:

Konstantzako Unibertsitatea:

www.euskadi.eus/zerbitzuak/1042303

Moskuko Lomonosov Unibertsitatea:

www.euskadi.eus/zerbitzuak/1042304

Université de Pau et des Pays de l’Adour:

www.euskadi.eus/zerbitzuak/1042305

3.– Eskabidearen ondoko izapideak, bide elektronikoa erabiliz egin daitezke: https://www.euskadi.eus//nirekudeaketak

4.– Identifikazio elektronikorako, onartutako eta Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan argitaratuta dagoen bitarteko elektronikoren bat izan beharko du eskatzaileak.

5.– Hautagaiek eskabidea egiterakoan honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

– Nortasun Agiria, AIZ edo pasaportearen kopia.

Espainiakoa Nortasun Agiria baduzu, hautazkoa duzu fotokopia aurkeztea.

– Unibertsitate mailako Tituluaren kopia.

Espainiako Unibertsitate bateko Titulua baduzu, hautazkoa duzu fotokopia aurkeztea.

– Euskara maila egiaztatzen duen agiriaren kopia.

HABE, EGA, IVAP edo Hizkuntza Eskola Ofizialeko Agiria baduzu, hautazkoa duzu fotokopia aurkeztea.

– Proiektu pedagogikoa, euskarako eta euskal kulturako programazioek osatua. Euskarako lehen mailetan irakasteko programazio laburra aurkeztu beharko da, helburuak, edukiak, metodologia, baliabideak eta eskoletarako erabiliko den bibliografia adieraziz. Euskal Kulturako hainbat gairi (musika, zinema, antzerkia, eskultura...) buruzko programazio laburra ere aurkeztu beharko da, helburuak, edukiak, metodologia, baliabideak eta eskoletarako erabiliko den bibliografia adieraziz. Proiektu pedagogiko guztiaren luzera gehienez ere 9.000 karakterekoaizango da (zuriuneak barne). Proiektu pedagogikoa euskaraz idatzia egongo da.

– Hautagaiek aipatzen dituzten meritu guztiak (hizkuntzak, emandako ikastaroak, jasotako formazioa...) ziurtagirien bidez frogagarriak izan beharko dira. Horretarako, hautagaiek agiri guztien fotokopiak aurkeztu beharko dituzte eskaera egitean. Bestalde, aukeratutako hautagaiak notarioak konpultsatutako fotokopiak edo aurkeztutako fotokopien jatorrizko agiriak aurkeztu beharko ditu Etxepare Euskal Institutuak hala eskatzean, horrela Etxepare Euskal Institutuan agiri horiek egiaztatu ahal izango dira. Hala egin ezean, deialditik kanpo geratuko da dagokion hautagaia.

– Eskatzaileak Euskal Autonomia Erkidegoko zein-nahi hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango du eskaera, atxikitako agiriekin batera. Halaber, eskabidearen ondoriozko jardunetan, eta prozedura osoan, eskatzaileak aukeratutako hizkuntza erabiliko da, Euskeraren Erabilera Normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.

6.– Eskabideak aurkezteko hamabost egun naturaleko epea egongo da, EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

9. artikulua.– Hautagaiaren betekizun jakin batzuk egiaztatzea.

1.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.2 artikuluarekin bat etorriz, interesdunuek eskubidea dute ez aurkezteko Administrazio jardulearen esku dauden edo beste edozein Administraziok egindakoak diren eskatutako agiriak. Horrela, Administrazioak agiri horiek kontsultatu eta atera ahal izango ditu, interesdunak aurka egin ezean. Kasu horretan, eskatzaileak aurkeztu beharko ditu.

Hautagaiak espainiar nortasun agiri edo pasaporterik ez duenean, pasaportearen fotokopia aurkeztu beharko du. Hautagaiak espainiarra ez den unibertsitate bateko titulua duenean, fotokopia aurkeztu beharko du.

2.– Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuarekin aldaketarekin bat eginez, betebehar hauek egiaztatuko dira, eskabidean jasotako erantzukizunpeko adierazpen bidez:

– Hautagaiak ez izatea zigor administratibo edo penalik, dirulaguntzak edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarrenik, ez eta horretarako gaitasuna kentzen dion legezko debekurik ere.

– Hautagaiak eskabidean eta dokumentazioan jasotako datuak egiazkoak direla adieraztea, eta laguntza hauen onuradun izateko indarrean den araudian ezarritako betekizunak betetzen dituela adieraztea.

10. artikulua.– Hautapen-batzordea.

Eskabideak aztertu eta ebaluatzeko hautapen-batzordea eratuko da. Batzorde horren osaeran kontuan hartuko da Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeak eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legeak kide anitzeko organoei buruz esandakoa.

Batzordearen osaera EHAAn argitaratuko da.

11. artikulua.– Hautapen-irizpideak.

Hautagaiak honako baremo honen arabera hautatuko dira, eta guztira gehienez 25 puntu lortu ahal izango dira:

1.– Unibertsitateko titulua eta HE. Gehienez ere 5 puntu, honako irizpide hauen arabera:

Euskal Filologia, Euskal Ikasketak, Itzulpengintza eta Interpretazioa (A hizkuntza euskara): 5 puntu.

Gainerako graduak edo lizentziak, baldin eta 4. HE egiaztatuta badute: 4 puntu.

Giza zientzien, Gizarte-zientzien eta Artearen gradu edo lizentziak: 2,5 puntu.

Gainerako gradu edo lizentziak: puntu 1.

2.– Eskarmentua euskara eta beste hizkuntzak irakasten. Gehienez ere 5 puntu, honako irizpide hauen eta egiazta daitekeen ordu kopuruen arabera.

Euskara irakatsi izana unibertsitateetan: 3 puntu ikasturteko.

Euskara irakatsi izana euskaltegi eta ikastetxeetan: puntu 2 ikasturteko.

Bestelako hizkuntzak irakatsi izana unibertsitatean: 1 puntu ikasturteko.

Bestelako hizkuntzak irakatsi izana ikastetxeetan: 0.5 puntu ikasturteko.

3.– EAEko hizkuntza ofizialak ez diren beste hizkuntzak ezagutzea eta agiri ofizial bidez egiaztatuta izatea, Gehienez ere 3 puntu, hizkuntza bakoitzeko honako irizpide hauen arabera, betiere tokian tokiko unibertsitatearen berariazko eskakizuna ez bada:

A2=0.25 puntu.

B1=0.50 puntu.

B2=0.75 puntu.

C1=puntu 1.

C2=1.5 puntu.

4.– Bestelako prestakuntza. Gehienez ere 5 puntu, honako irizpide hauen arabera:

Euskararekin zuzenean loturiko doktoregoa: 5 puntu.

Euskararekin zuzenean loturiko doktoregoa egiten ari diren ikasleak: 3 puntu.

Bestelako doktoregoa: puntu 1.

Euskararen arloko masterra: 2 puntu.

Hezkuntzarekin edota hizkuntzekin erlazionaturiko masterra: puntu 1.

Bestelako masterra: 0.5 puntu.

Atzerriko Unibertsitateetan euskara Irakasteko prestakuntza ikastaroa: puntu 1.

IGI-CAP: 0.5 puntu.

Glotodidaktika ikastaroa: 0.5 puntu.

Excellence in Basque Studies/Bikaintasuna Euskal Ikasketetan ikastaroa: 0.25 puntu.

5.– Proiektu pedagogikoa. Gehienez ere 5 puntu.

Proiektu pedagogikoaren ebaluazioan honako irizpide hauek erabiliko dira bai euskarako eta baita euskal kulturako programazioa aztertzean: zehaztasuna, tokian tokiko unibertsitatearekiko eta hartzaileekiko egokitasuna eta koherentzia honako atal hauetan: helburuak, edukiak, metodologia, baliabideen eta bibliografia. Proiektu pedagogikoko gehienezko puntuazio hori aipatutako atal horietako bakoitzean lortutako puntuen batez bestekoa izango da.

6.– Beste meritu batzuk: gehienez ere 2 puntu. Honakoak hartuko dira kontuan: euskal kulturarekin zerikusia duten jardueretako parte-hartzea, argitalpenak, bestelako lan eta kudeaketa eskarmentua. Lan eskarmentuari dagokionez, bereziki baloratuko da irakaskuntzan lan egin izana, 11.2 atalean jasotzen direnetatik at, interprete eta itzultzaile gisako eskarmentua eta kultur arloan lanean aritu izana. Irakaskuntzako edo itzultzaile gisa egindako lan eskarmentuari dagokionez lan egindako ordu kopuru zehatza eta lan hori zein hizkuntzatan egin den/irakaskuntzan emandako gaia zein izan den frogatzeko modua eman beharko da (kontratua/ziurtagiri ofiziala) eskarmentu hori baloratu ahal izateko.

12. artikulua.– Onartuen eta baztertuen zerrenda.

Hautagaien profila ezarritako baldintzekin bat datorrela egiaztatu ondoren, eta eskabideak aurkezteko epea amaitzen denetik gehienez hamabost eguneko epearen barnean, Eusko Jaurlaritzako iragarki-taula elektronikoan onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda argitaratuko da. Ikusten bada eskabidea onartzeko eskatzen den dokumenturen bat falta dela edo forma-akatsak daudela, edo balorazioa egiteko aurkeztu diren dokumentuetan akatsak daudela, eskatzaileei jakinaraziko zaie 10 egun balioduneko epea dutela akatsa zuzentzeko edo aurkeztu beharreko agiriak aurkezteko.

Era berean, ohartarazi egingo zaio ezen, epe hori igaro eta zuzenketarik egin ez bada, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela, edo dagokion izapidea egitea galduko duela. Epe hori igarota, Etxepare Euskal Institutuko zuzendariaren ebazpenez, onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratuko da. Eusko Jaurlaritzako iragarki-taula elektronikoan.

Hautapen-batzordeak behin betiko zerrendako hautagaien merituak 11. artikuluan agertzen diren irizpideen arabera aztertuta eta hautapen-batzordeak ezarritako hurrenkeraren arabera, Etxepare Euskal Institutuak hiru proposatuko ditu. Unibertsitateak hiru horien artean egokien deritzona aukeratuko du.

Hiru horiek aztertuta, Unibertsitateak hautagai egokirik ez dagoela irizten badio, zerrendaren hurrenkera jarraituta, Etxepare Institutuak zerrendako hautagai berriak proposatuko dizkio. Unibertsitateak hurrengo dauden hautagaien artean aukeratu ahal izango du irakurletzat nahi duena.

Irakurlearen egokitasuna baloratzeko, unibertsitatetako ordezkariek eskubidea izango dute proposatutako hiru hautagaiak elkarrizketa batera deitzeko.

Deialdi honetan eskainitako plazak esleitu gabe gelditu ahal izango dira honako kasu hauetan:

Eskabide bat bera ere aurkeztu ez bada.

Deialdian eskatzen diren baldintzak betetzen ez badituzte hautagaiek.

Deialdi hau argitaratu ondoren, dagokion unibertsitateak Institutuaren eta bien arteko lankidetza hitzarmenetan ezarritako baldintzak aldatzen dituenean edo dena delako arrazoiarengatik hitzarmena gauzatzen ez bada edo bertan behera gelditzen bada.

13. artikulua.– Ebazteko eta izapideak egiteko organo eskuduna.

Etxepare Euskal Institutuaren zuzendariak ebatziko du deialdi hau, zioak behar bezala azalduz, Etxepare Institutuak Unibertsitateei proposatutako hautagaiak zehaztuz. Unibertsitateak izango dira azken erabakia hartzen dutenak.

Ebazpena Eusko Jaurlaritzako iragarki-taula elektronikoan argitaratuko da.

Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria izango da organo eskuduna betearaztean sor daitezkeen zalantzak eta gertaerak kudeatu eta argitzeko.

14. artikulua.– Lanpostua esleitzea.

Unibertsitateak hala eskatzen badu, hautatuek medikuaren ziurtagiri ofiziala aurkeztu beharko dute, bere esku utzitako funtzioak inolako eragozpenik gabe bete ditzaketela egiaztatzen duena. Gainera, tokian tokiko unibertsitateko euskara eta euskal kulturako irakurle izaera onartu beharko dute, xede horretarako dokumentu bat sinatuz.

15. artikulua.– Lan poltsa, ukoak eta ordezkapenak.

Behin Unibertsitate bakoitzeko irakurlea aukeratua izan denean, irakurletza bakoitzerako hautatuak izan ez diren hautagaiekin osatuko dira lan poltsak eta hautapen-batzordeak emandako puntuazioaren araberako hurrenkera jarraituko dute. Etxepare Euskal Institutuak irakurle postuan hutsuneak sortzen direnean egokia ikusiz gero lan poltsa horietara joko du.

Hautatuek 2020-2021 ikasturtea amaitu baino lehenago euren lanpostuei uko egiten badiote, ezingo dute berriz hautagai izan Etxepare Euskal Institutuko irakurleak hautatzeko hurrengo deialdietan, behar bezala justifikatutako ezinbesteko arrazoietan beraien ukoa oinarritu ezean.

Aurretik aipatutako ukoa onartzen bada, Etxepare Euskal Institutuak dagokion lan poltsara joko du.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Datuen babesari buruzko araudiari jarraituz, deialdi honetan parte hartzeko emandako datu pertsonalak «Euskal Hizkuntza eta Kultura Lektoreak eta Katedretako Irakasle Gonbidatuak» izeneko tratamendu-jardueran sartuko dira, eta deialdi honen xedeetarako erabiliko dira soilik. Honen arduraduna Etxepare Euskal Institutua izango da. Legezko betebeharrik izan ezean, eta proposatutako hautagaien kasuan, dagokien unibertsitateetara bidaltzearen kalterik gabe, ez zaizkio hirugarren bati lagako.

Interesdunak honako eskubide hauek ditu: datuak atzitzeko, zuzentzeko, ezabatzeko, datuen eramangarritasunerako, tratamendua mugatzeko eta kontra egiteko, baita banakako erabaki automatizatuen xede ez izateko ere. Interesdunak eskubide hauek egikaritu ditzake, eskabidea honako helbide honetara zuzenduz: Etxepare Euskal Institutua, Andre Zigarrogileen plaza, 1, Tabakalera eraikina, 20012 Donostia, edo Datuen babes ordezkariari, hurrengo helbidean: dpd-dbo@euskadi.eus

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Administrazio-bidea amaitzen duen ebazpen honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa jar diezaiokete interesdunek EEIko zuzendariari, hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, edota administrazioarekiko auzi errekurtsoa aurkez dezakete, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko dagokion aretoan, bi hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrea.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sortuko ditu ondorioak.

Donostia, 2020ko maiatzaren 4a.

Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria,

IRENE LARRAZA AIZPURUA.


Azterketa dokumentala