Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

100. zk., 2020ko maiatzaren 25a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

SEGURTASUN SAILA
2041

AGINDUA, 2020ko maiatzaren 13koa, Segurtasuneko sailburuarena, onartu egiten duena merezimendu-baremo erkide eta bateratua, merezimendu-lehiaketa bidez betetzeko Ertzaintzaren betearazpen-eskalako komisariondokoaren kategoriako lanpostu hutsak.

Euskal Herriko Poliziari buruzko Legea bosgarren aldiz aldatzen duen ekainaren 27ko 7/2019 Legearen 65.3 artikuluak arau orokor gisa ezartzen du merezimendu-lehiaketa dela betearazpen-eskalarako gordetako lanpostuetarako hornitze-sistema, baldin eta unitate beraren barruan izendapen askeko eskala bereko beste lanpostu baten mende badaude, bertan jasotako salbuespenak izan ezik. Aurreikuspen horiek aplikatzeko, Segurtasuneko sailburuaren 2019ko abenduaren 20ko Aginduak (urtarrilaren 8ko EHAA, 4. zk.) zehaztu ditu hornitze sistema izendapen askekoa izango duten betearazpen-eskalako komisariondokoaren kategoriako lanpostuak.

Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziari buruzko uztailaren 17ko 4/1992 Legearen 65.2 artikuluan xedatutakoaren arabera, lehiaketa da lanpostuak betetzeko sistema normala. Sistema horretan, dagokion deialdian ezarritako merezimenduak balioetsiko dira. Edonola ere, aipatutako legeak ezartzen duen gutxieneko edukia jaso beharko du deialdiak.

Ildo berean, aurrekoa garatuz, Euskal Autonomia Erkidegoko polizia-kidegoetako funtzionarioen lanpostuak betetzeari buruzko erregelamenduak, abenduaren 22ko 388/1998 Dekretuaren bidez onetsitakoak, 9. artikuluan ezartzen du eskaintzen diren lanpostuen ezaugarrietarako egokiak diren merezimenduak balioetsi beharko direla lehiaketetan, deialdi bakoitzak ezarritako eran, eta, zehazki, berariaz aipatutakoak, manu horretan adierazitako irizpideekin bat etorrita.

Dekretu hori, geroago, aldatu egin zuten martxoaren 6ko 42/2001 Dekretuak, otsailaren 3ko 20/2004 Dekretuak, 231/2009 Dekretuak eta maiatzaren 17ko 94/2011 Dekretuak. Azken hori da agindu honen oinarria, eta Ertzaintzaren betearazpen-eskalako komisariondokoaren kategoriarako gordetako lanpostuak behin betiko betetzeko merezimendu-lehiaketetan aplikatzekoa den merezimendu-baremoa onartzen du, lanpostuak betetzeko sistema hori aplikatzekoa denean, kategoriak berak beheragoko kategoriekiko duen berezitasuna kontuan hartuta, eta berdinketa hausteko Funtzio Publikoaren Legean ezarritako arauak ere aintzat hartuta, Segurtasuneko sailburuaren 2019ko martxoaren 15eko Aginduaren bidez onartutako merezimenduen baremoan aplikatzen direnak, hain zuzen ere (martxoaren 25eko EHAA, 58. zk.).

Ondorioz, merezimendu-lehiaketa bidez komisariondoko-kategoriako lanpostu hutsak betetzeko etorkizunean egingo den deialdiaren aurreko fase modura, Ertzaintzaren Negoziazio Mahaiaren batzarrean eginiko nahitaezko azterketaren eta hartutako erabakiaren ostean (batzar hori 2020ko martxoaren 3an eta 2020ko maiatzaren 11n egin zen), Ertzaintzako Kontseiluari entzun eta gero (batzar hori ere 2020ko maiatzaren 11n egin zen), eta 94/2011 Dekretuak ezarritako idazketan 388/1998 Dekretuaren lehen xedapen gehigarriak emandako gaikuntzaren arabera eta Segurtasun Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 83/2017 Dekretuak (apirilaren 2ko 60/2019 Dekretuak aldatutakoa) emandako eskumenen arabera, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Merezimendu-baremoa onestea.

Onetsi egiten da agindu honetan jasota dagoen merezimendu-baremo erkide eta bateratua. Baremo hori aplikatuko da merezimendu-lehiaketaren bidez Ertzaintzaren betearazpen-eskalako komisariondoko-kategoriako lanpostu hutsak betetzeko, lanpostuen zerrendaren arabera lanpostuak betetzeko sistema hori aplikatu behar denean; hori guztia Euskal Autonomia Erkidegoko kidegoetako funtzionarioen lanpostuak betetzeko indarrean dagoen erregelamenduan ezarritako baldintzetan.

2. artikulua.– Baremoaren kontzeptu ezberdinen balio globala.

1.– Merezimendu-baremoaren kontzeptu ezberdinen balio globala 100 puntuk osatuko dute. Puntu horiek proportzio honetan banatuko dira, adierazten den gehieneko puntuazioarekin:

a) Eginiko lana: 40 puntu.

b) Titulazio eta gradu akademikoak: 20 puntu.

c) Antzinatasuna: 20 puntu.

d) Prestakuntza- eta hobekuntza-ikastaroak: 15 puntu.

e) Kondekorazioak eta ohorezko sariak: 5 puntu.

2.– Euskararen ezagutza-maila balioestea. Euskararen ezagutza-maila merezimendu gisa balioetsiko da lanpostuaren betekizuntzat eskatzen ez denean. Balioespen hori honakoa izango da: prozesuan lor daitekeen gehieneko puntuazioaren ehuneko hamaseikoa izango da 2. hizkuntza-eskakizunerako. Hortaz, 2. hizkuntza-eskakizuna duten lanpostuetarako, 2. hizkuntza-eskakizun hori egiaztatzeagatik: 16 puntu.

3. artikulua.– Eginiko lana.

1.– Eginiko lana balioesteko, dagokion kategoriako izendapen-data hartuko da erreferentziatzat, hurrengo arauen arabera. Zerbitzu aktiboko edo bigarren jarduerako egoeran eginiko lana balioetsiko da eta, ondorioz, ez dira zenbatuko bestelako administrazio-egoeratan eginiko aldiak.

2.– Ez dira eginiko lantzat joko norberaren gauzetarako baimen gisa hartutako aldiak, lanpostuak betetzeko aurreko prozesu orokorrean eskabideak aurkezteko epea amaitu zenetik aurrera zenbatuta, zerbitzu aktiboko edo bigarren jarduerako administrazio-egoeretan.

3.– Lanpostuak betetzeko prozesuaren deialdiaren aurre-aurreko 10 urteetan Ertzaintzan eginiko lana balioetsiko da, gehienez ere 40 punturekin, baremo partzial honen arabera:

a) Lehiakideak gaur egun daukan kategoriarekin eginiko lana; kategoria horrekin parte hartzen du lanpostuak betetzeko prozeduran: 0,34 puntu hilabete oso bakoitzeko.

b) Lehiakideak gaur egun daukan kategoria baino beheragoko mailako kategorietan eginiko lana; gaur egun daukan kategoria horrekin parte hartzen du lanpostuak betetzeko prozeduran: 0,15 puntu hilabete oso bakoitzeko.

4.– Jabetzako kategoria baino goragoko kategoria batean, organo eskudunak emandako zerbitzu-eginkizunetan egindako lana aurreko ataleko irizpideen arabera balioetsiko da, eta 0,05 puntu gehituko da hilabete oso bakoitzeko.

4. artikulua.– Titulazio eta gradu akademikoak:

1.– Titulazio akademiko ofizialak izatea edo hizkuntzen jakite-maila egiaztatzea balioetsiko da, ondoren xedatutakoaren arabera; hala ere, inolaz ere ezingo dira balioetsi deialdi honetako kategorian sartzeko nahitaezko baldintza moduan eskatzen direnak. Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen hamabosgarren xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera, erdi-mailako unibertsitate-tituluaren baliokidetzat hartuko da lizentziaturako hiru ikasturte osorik gainditu izana.

2.– Ez dira balioetsiko goragoko titulazio bat egiteko gainditu beharreko titulazioak. Hautagaiek dituzten hainbat titulazio batu ahalko dira, ezarritako muga errespetatuta. Ez dira masterrak balioetsiko.

3.– Ez dira balioetsiko sartzeko betekizun gisa ezartzen diren titulazio akademikoak baino maila baxuagokoak.

4.– Kontzeptu honengatik gehienez ere 20 puntu lor daitezke.

5.– Titulazio akademiko ofizialei gehienez ere 10 puntu emango zaizkie, baremo partzial honen arabera:

Administrazioko A taldeko A1 azpitaldean sartzeko beharrezko titulazioak, graduondoko titulua eta doktore titulua: 5 puntu.

Administrazioko A taldeko A2 azpitaldean sartzeko beharrezko titulazioak: 2 puntu.

6.– Hizkuntzak jakitea: Europako Kontseiluak onetsitako Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuko B2 mailako hizkuntza-ezagutza egiaztatzen duen titulu edo ziurtagiri ofiziala izatea balioetsiko da, gehienez ere 10 punturekin, baremo partzial honen arabera:

a) B2 maila: 1,5 puntu.

b) C1 maila: 3 puntu.

c) C2 maila: 5 puntu.

7.– Hizkuntza bakoitzari dagokionez egiaztatu den gehieneko ezagutza-maila bakarrik balioetsiko da.

5. artikulua.– Antzinatasuna.

1.– Ertzaintzako antzinatasuna zenbatzeko hasiera-data izango da Ertzaintzan sartzeko prozedurako praktikaldiaren hasierari dagokiona. Administrazio-egoera hauetan emandako aldiak osorik zenbatuko dira: familiartekoren bat zaintzeko eszedentzia, borondatezko eszedentzia ordezkaritza-organo publikoetarako hauteskundeetarako hautagai gisa parte hartzeagatik, genero-indarkeriagatiko eszedentzia, nahitaezko eszedentzia, beste administrazio publikoetan egindako zerbitzuak, eta zerbitzu bereziak. Zerbitzu aktiboaren edo bigarren jardueraren egoera aldatzen ez duten lizentziek eta baimenek ere ez dute antzinatasunaren zenbaketa eteten.

Falta arinak eragindako eginkizun-etenaldiak ere ez du antzinatasunaren galerarik sortuko.

2.– Ertzaintzako antzinatasuna 20 punturekin balioetsiko da gehienez. Hori kalkulatzeko, koefiziente hauek aplikatuko dira, guztira lan egindako hilabete osoei dagokienez:

(Ikus .PDF)

6. artikulua.– Prestakuntza- eta hobekuntza-ikastaroak.

1.– Prestakuntza- eta hobekuntza-ikastaroen idazpuruan, Segurtasun Sailak programatutako eta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak emandako ikastaroak baino ez dira balioetsiko, hurrengo atalean xedatutakoaren arabera; ikastaro bakoitzari emandako puntuazioa metatu egin daiteke ezarritako gehienekora heldu arte, eta inolaz ere ezingo dira balioetsi deialdian parte hartzeko nahitaezko baldintza moduan eskatzen diren ikastaroak.

2.– Segurtasun Sailak programaturiko eta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak emandako ikastaro hauek balioetsiko dira, gehienez ere 15 puntu lortu arte, ondoko baremoa kontuan hartuta:

Esku-hartze espezializazio-ikastaroa: 3 puntu.

Brigada mugikorreko espezializazio-ikastaroa: 3 puntu.

Eskolta espezializazio-ikastaroa: 3 puntu.

Indargabetze espezializazio-ikastaroa eta Gai Nuklearren, Erradioaktiboen, Biologikoen eta Kimikoen ikastaroa: 3 puntu.

Txakur-gidari espezializazio-ikastaroa: 3 puntu.

Ikerketa Kriminal Orokorreko Ikastaroa I (CICG I) edo Ikerketa Kriminal Orokorreko Ikastaroa II (CICG II) edo Ikerketa Kriminaleko Ikastaroa (CIC), edo horien aurreko CBIC ikastaroak: 3 puntu.

Bide-segurtasunari buruzko ikastaroa: 3 puntu.

Helikopteroko pilotuaren espezializazio-ikastaroa: 3 puntu.

Birziklatzeko, egokitzeko edo eguneratzeko ikastaroak, lanpostuaren eginkizunekin zuzenean lotutakoak, eta aldi berean 10 irakastordutik gorakoak, lanpostuak betetzeko prozesuaren deialdiaren aurreko 10 urteetan egindakoak. Gehienez ere 6 punturekin balioetsiko da, baremo partzial honen arabera:

10 irakastordu baino gehiagoko eta 20 irakastordu baino gutxiagoko ikastaroak: 1puntu ikastaro bakoitzeko.

20 irakastordu edo gehiagoko ikastaroak: 2 puntu ikastaro bakoitzeko.

7. artikulua.– Kondekorazioak eta ohorezko sariak Ertzaintzan.

1.– Ertzaintzako zerbitzu-egintzaren deklarazioa eta kondekorazioen eta ohorezko sarien erregimena arautzen dituen urriaren 16ko 202/2012 Dekretuak aipatzen dituen kondekorazio eta aintzatespen profesionalak gehienez ere 6 punturekin balioetsiko dira, honen arabera:

a) Bereizgarri gorridun domina eta polizia-lana aintzatesteko domina, aurreko araudiaren arabera emandakoa: 5 puntu.

b) Bereizgarri berdedun domina eta zorion-adierazpena, aurreko araudiaren arabera emandakoa: 4 puntu.

c) Bereizgarri zuridun domina: 3 puntu.

d) Polizia-zerbitzuengatiko bereizgarri gorridun diploma: 1 puntu.

e) Polizia-zerbitzuengatiko bereizgarri zuridun diploma: 0,50 puntu.

8. artikulua.– Epeak zenbatzeko irizpidea.

Agindu honen bidez onesten diren baremoek nahitaez ezartzen dituzten hilabeteen zenbaketa guztiak formula honen arabera egingo dira:

(egun-kopurua / 365) x 12, dezimalak kenduta

9. artikulua.– Berdinketa hausteko irizpideak.

Puntuazioan berdinketa gertatuz gero, emakumeari lehentasuna emango zaio baldin eta dagokion lanpostu-kodean emakumeak % 40 baino gutxiago badira. Berdinketak irauten badu, adierazitako merezimenduei eman zaien puntuazioaren arabera ebatziko da, agertzen diren hurrenkeran. Horrelakorik ez badago, lehiatzen den kategorian karrerako funtzionario gisa hasitako eguna aplikatuko da; hori nahikoa ez bada, kategoria horretan sartzeko hautaketa-prozesuan izandako lehentasun-hurrenkera erabiliko da.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko maiatzaren 13a.

Segurtasuneko sailburua,

ESTEFANÍA BELTRÁN DE HEREDIA ARRONIZ.


Azterketa dokumentala