Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

98. zk., 2020ko maiatzaren 23a, larunbata


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

HEZKUNTZA SAILA
KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
2034

AGINDUA, 2020ko maiatzaren 23koa, Hezkuntzako sailburuarena eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, unibertsitateaz kanpoko hezkuntzaren eta prestakuntzaren arloko aurrez aurreko jarduerak berriz hastea eta irakaskuntza jakin batzuetan sartzeko azterketak eta probak egitea arautzen duena.

Eusko Jaurlaritzak deskonfinamendua arintzeko prestatu duen estrategia zehatzaren barruan, Lehendakariaren maiatzaren 10eko 8/2020 Dekretuak, zeinaren bidez arauak ezartzen baitira alarma-egoera deklaratu ondoren ezarritako murrizketak Normaltasun Berrirako Trantsiziorako Planaren 1. fasean malgutzeko Espainiako Gobernuarekin adostutako aldaketak, zabaltzeak eta murrizketak Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan aplikatzeko, osasun-larrialdiak Euskadin izan duen bilakaerara egokitze aldera, aukera ematen du pertsonak Euskal Autonomia Erkidegoko hiru Lurralde Historikoetatik lekualdatzeko, besteak beste, hezkuntza- eta prestakuntza-arrazoiengatik.

Lehendakariaren maiatzaren 9/2020 Dekretuak, gorago aipaturiko Dekretua aldatzen duenak, zioen azalpenean adierazten duenez, deskonfinamendua aritzeko testuinguru honetan, funtzionamendu normllizatua izango duen gizarte baten berezko jarduera guztiak pixkanaka berreskuratu nahi baditugu, norbanakoen eta taldeen jarduera, mugikortasunari zein gizarte-harremanei dagokienez, modu arduratsuan gauzatu behar da ezinbestean.

Maiatzaren 22ko 537/2020 Errege Dekretuaren arabera, zeinaren bidez luzatzen baita martxoaren 14ko Dekretuan deklaratutako larrialdi-egoera –Dekretu horrek deklaratu baitzuen COVID-19ak eragindako osasun-krisia kudeatzeko larrialdi-egoera– hezkuntza-administrazioek unibertsitateaz kanpoko hezkuntzaren eta prestakuntzaren arloko aurrez aurreko jarduerei eusteko eta berrekiteko neurriak malgutu ahal izango dituzte, eta neurri horiek betearaztea ere badagokie.

Horri jarraikiz, honako hau

XEDATZEN DUGU:

1. artikulua.– Agindu honen bidez, maiatzaren 25etik aurrera, unibertsitatez kanpoko hezkuntzaren eta prestakuntzaren arloko aurrez aurreko jarduerak eta irakaskuntza jakin batzuetara sartzeko azterketak eta probak berriz hastea arautzen da.

2. artikulua.– Irakaskuntza- eta hezkuntza-jarduera presentzialari berrekitea xedatzen da Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 4. maila edo Helduen Hezkuntzako horren baliokidea, Batxilergoko lehen eta bigarren maila eta Lanbide Heziketako lehen eta bigarren maila guztiak ematen diren ikastetxeetan, bai eta azterketak egitea ere. Halaber, ekaineko lehen astean, gainerako ziklo eta mailetako irakasleak eta irakasle ez diren langileak lanera itzultzea xedatzen da, ikastetxeetan hezkuntza-jarduera egin dezaten.

3. artikulua.– Araubide Bereziko Irakaskuntzei dagokienez (artistikoak, kiroletakoak, hizkuntzetakoak), gradu eta modalitate guztietan, ikastetxe, eskola edo kontserbatorio bakoitzaren programazioaren arabera berrekingo zaio aurrez aurreko hezkuntza- eta prestakuntza-jarduerari, orain arte modu ez-presentzialean edo on-line egin ezin izan diren jarduera espezifikoetarako, bai eta ebaluazioetarako, ikasketa-amaierako lanetarako eta ikastetxe bakoitzak zehazten dituen sarrera-probetarako ere.

4. artikulua.– Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu-titulua eta Batxilergoko tituluak lortzeko proba libreak egitea baimentzen da, bai eta Lanbide Heziketan sartzeko probak ere.

5. artikulua.– Enplegurako Lanbide Heziketako prestakuntza-jarduera presentzialari eta lanekoak ez diren modulu praktikoei berrekingo zaie.

6. artikulua.– Unitate Terapeutikoetan eta Hezkuntza Bereziko zentroetan aurrez aurreko jarduera baimentzen da, Osasun Sailaren argibide eta baldintza espezifikoen arabera.

7. artikulua.– Euskaltegietan, akademietan, eskoletan, prestakuntza-zentroetan eta antzekoetan –publikoak zein pribatuak– aurrez aurreko hezkuntza- eta prestakuntza-jarduerak egitea baimentzen da, besteak beste, hizkuntza-, arte- eta kirol-arloetan.

8. artikulua.– Azterketa ofizialak deitu, antolatu eta egitea baimentzen da, horien artean HABEren euskara-maila egiaztatzeko azterketak direla.

9. artikulua.– Agindu honen bidez araututako jarduera guztiak erabiltzaileen eta langileen osasun, segurtasun, babes eta higiene-neurriak errespetatuz egingo dira, osasun-agintariek adierazitakoak, eta aplikatu beharreko araudiaren arabera.

AZKEN XEDAPENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean bertan izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko maiatzaren 23a.

Hezkuntzako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.


Azterketa dokumentala