Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

96. zk., 2020ko maiatzaren 21a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
2010

1/2020 FORU DEKRETU-ARAUA, martxoaren 24koa, COVID-19 gaitzaren osasun krisiaren ondorioz zerga arloko neurri jakin batzuk onartzen dituena.

Joan den urtarrilean Munduko Osasunaren Erakundeak deklaratu zuen COVID-19 gaitzak eragindako egoerak nazioarteko osasun publikoko larrialdia zekarrela.

2020ko martxoaren 11n, erakunde horrek nazioarteko pandemiatzat hartu zuen COVID-19 gaitzak sortutako osasun publikoko larrialdi egoera.

2020ko martxoaren 13an, Eusko Jaurlaritzako Segurtasuneko sailburuak erabaki zuen, Osasuneko sailburuak eskatuta, Euskadiko Herri Babeseko Plana edo Larrialdiei Aurre Egiteko Bidea-Labi aktibatzea, COVID-19 gaitza zabaltzeak berekin dakarren osasun alertak eragindako egoera dela eta.

Euskadiko Herri Babeseko Plana onartzeko, ekainaren 24ko 153/1997 Dekretua erabili zen, Larrialdiei Aurregiteko Bidea-Labi deritzon Euskadiko Herri Babeseko Plana onartzen duena eta larrialdiei aurre egiteko euskal sistemak dituen integrazio bideak arautzen dituena. Era berean, 153/1997 Dekretua aldatzeko, urtarrilaren 13ko 1/2015 Dekretua baliatu zen, zeinaren bidez onartzen baita plan horretan berrazterketa berezi bat egitea. Horiek horrela, Herri Babeseko Planaren bidez, finkatuta gelditzen da izaera edo hedaduragatik nahiz administrazio bat baino gehiago koordinatzeko beharrarengatik autonomia erkidegoaren mailako zuzendaritza behar duten mota guztietako larrialdiei aurre egiteko antolaketa esparru orokorra.

Martxoaren 13ko 6/2020 Dekretuaren bidez, Lehendakariak beretzat hartzen du Larrialdiei Aurre Egiteko Bidea-Labi deritzon Euskadiko Herri Babeseko Planaren zuzendaritza, ikusirik zer egoera sortu duen COVID-19 gaitzaren hedadurak eragindako osasun alertak.

Martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren bidez, alarma egoera deklaratzen da estatu espainiar osoan, COVID-19 gaitzak sortutako osasun krisia kudeatzeko. Errege dekretu hori martxoaren 17ko 465/2020 Errege Dekretuaren bidez aldatu zen.

Osasun krisia ekonomiara eta gizartera heltzen ari da abiadura handian, eta produkzio jarduerari, eskariari eta herritarren ongizateari eragiten ari zaie. Ekonomia hainbat arlotan eraginda gelditzen ari da, COVID-19aren agerraldiak denboran eta geografian duen bilakaeraren arabera.

Testuinguru horretan, arlo ekonomikoan erabat lehentasunezkoa da produkzio eta gizarte egiturak babestea eta haiei sostengua ematea, kalteak txikiagotzeko eta, behin osasun alarma bukatuta, lehenbailehen jarduerari bultzada bat emateko. COVID-19aren pandemiak ekonomiari eragin kaltegarri bat ekarriko dio ezinbestez, eta ez dago jakiterik oraindik zenbateko eragina izango duen. Zirkunstantzia horietan, lehentasuna da gizartearenganako eragina txikiagotzea eta osasun egoera hobetu bezain pronto jarduera suspertzeko aukera ahalbidetzea.

COVID-19ak sortutako aparteko egoerak zailtasuna ekarri diezaieke zergadunei, zerga arloko prozeduretan zerga obligazio eta izapide jakin batzuk betetzean, nagusiki errekerimenduei erantzun eta epe barruan alegazioak aurkeztu behar direnean zergen aplikaziorako prozeduretan, zerga arloko zehapen prozeduretan eta zerga arloko berrikuspen prozedura batzuetan. Hori kontuan hartuta, gomendagarria da epeak malgutzea, betiere zergadunak berak alegatzeko eta frogatzeko duen eskubidea mesedetuz eta Zerga Administrazioarekin kolaboratzeko eta zerga arloan garrantzia duten agiriak, datuak eta informazioa aurkezteko duen eginbeharra betetzea erraztuz.

Neurri horiek etorkizun hurbilean pentsatuta hartzen dira. Izan ere, epe jakin baterako proposatzen dira, betiere osasun publikoko egoeraren larrialdiaren ondorioetarako pentsatuta. Etorkizun hurbil horrek ekar dezakeen egoera Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuak ebaluatuko du, betiere kontuan hartuta nolako bilakaera duen COVID-19 gaitzaren eraginez sortutako osasun krisiak eragiten duen egoerak.

Hemen proposatzen diren neurriak onartzekotan, ezin da erabili foru arauak onartzeko araugintza prozedura arruntaren bidea, haren epeak oso luzeak direlako. Horregatik, bidezkotzat hartzen da neurriak foru dekretu-arau baten bidez onartzea.

Bestetik, argitu behar da zerga prozeduren epemugak eta epeak, beren izaera bereziarengatik, Diputatuen Kontseiluak 2020ko martxoaren 17an hartutako erabakiaren bigarren apartatuaren aplikazio eremutik kanpo gelditzen direla (erabaki hori 2020ko martxoaren 18ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen). Izan ere, foru dekretu-arau honetan jasotakoa alde batera utzi gabe, zerga araudian jarritako epeak aplikatuko zaizkie haiei.

Uztailaren 12ko 6/2005 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Erakunde Antolaketa, Gobernu eta Administrazioari buruzkoak, 14. artikuluan xedatzen duenaren arabera behar larri eta apartekoek eraginda, Diputatuen Kontseiluak behin-behineko arau xedapenak eman ahal izango ditu, bere eskumen esklusiboen esparruan; xedapen bereziok foru dekretu-arauak izango dira eta ezingo diete eragin foru organoen antolaketari, araubideari eta funtzionamenduari.

Horrela hartzen diren xedapenak Batzar Nagusietan eztabaidatu eta bozkatu beharko dira berehala, baliozkotuak izateko.

Aurretik aipatutakoari jarraituz, onartu egiten da foru dekretu-arau hau.

Horrenbestez, Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuak proposaturik, eta Diputatuen Kontseiluak gaurko bileran eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Aplikazio xedea eta eremua.

Foru dekretu-arau honetan jasotako zerga neurrien xedea da COVID-19ak eragindako pandemiaren ondorioak arintzea, Gipuzkoako Lurralde Historikoaren foru zerga sistemaren menpe dauden zergapekoei dagokienez.

2. artikulua.– Zerga arloan epemugak geldiaraztea eta epeak etetea.

Zerga prozeduren epemugak eta epeak Diputatuen Kontseiluak 2020ko martxoaren 17an hartutako erabakiaren bigarren apartatuaren aplikazio eremutik kanpo gelditzen dira (erabaki hori 2020ko martxoaren 18ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen).

Zerga arloan, zerga araudian jasotakoa izango da aplikagarri, foru dekretu-arau honetan xedatutako berezitasunak kontuan hartuta.

3. artikulua.– Autolikidazioak eta aitorpenak aurkeztu eta ordaintzeko epeak zabaltzea.

1.– 2020ko apirilaren 27ra arte zabaltzen da otsailari dagozkion autolikidazioak aurkeztu eta ordaintzeko epea, zerga arloko araudian derrigorrez telematikoki aurkeztea behartuta dauden subjektu pasiboentzat.

2.– Era berean, 2020ko ekainaren 1era arte zabaltzen da 2020ko martxoaren 14tik eta 2020ko ekainaren 1era epemuga duten autolikidazioak aurkeztu eta ordaintzeko epea, subjektu pasiboa behartuta ez dagoenean Administraziora bitarteko elektronikoez jotzera.

3.– 2020ko apirilaren 27ra arte zabaltzen da zergaldi edo likidazio aldi bati lotuta ez dauden eta telematikoki aurkeztu behar diren autolikidazioak aurkezteko epea, betiere epe horren epemuga 2020ko martxoaren 14tik 2020ko apirilaren 25a bitartean gertatu bada.

4.– Honela zabaltzen dira 2020ko martxoaren 14tik 2020ko apirilaren 8ra bitartean aurkeztu beharreko aitorpen informatiboak eta laburbiltzaileak aurkezteko epeak:

a) 2020ko apirilaren 27ra arte, telematikoki aurkeztu behar direnean.

b) 2020ko ekainaren 1era arte, telematikoki aurkeztu behar ez direnean.

5.– 2020ko apirilaren 27ra arte zabaltzen dira 2020ko martxoaren 14tik 2020ko apirilaren 25era bitartean amaitzen diren Berehalako Informazio Hornidurari (BIH) dagozkion fakturazio erregistroak bitarteko elektronikoen bidez bidaltzeko epeak.

6.– 2020ko apirilaren 27ra arte zabaltzen dira sozietateen gaineko zergaren eta establezimendu iraunkorrei dagozkien ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren autolikidazioak aurkezteko eta ordaintzeko epeak, hain zuzen ere 2020ko martxoaren 14tik 2020ko apirilaren 25era bitartean amaitzen direnak.

7.– Aurreko 2. apartatuan ezarritakoa ezarrita ere, 2020ko apirilaren 27ra arte zabaltzen da jokoaren gaineko zergen alorrean makinen edo aparatu automatikoen bidezko jokoari dagozkion autolikidazioak aurkeztu eta ordaintzeko epea.

8.– Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren eta ondarearen gaineko zergaren 2019ko zergaldiari dagozkion autolikidazioak Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuak ematen duen foru aginduaren arabera aurkeztu eta ordainduko dira.

4. artikulua.– Zerga arloan epe jakin batzuk zabaltzea.

1.– 2020ko ekainaren 1era arte zabaltzen dira epe hauek:

a) Martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergen Foru Arau Orokorrak, 61. artikuluaren 2. eta 5. apartatuetan jasotako zerga zorra ordaintzeko epeak.

b) Errekerimenduei, enbargo eginbideei eta zerga arloan garrantzia duten informazio eskaerei erantzuteko epeak eta izapide hori edo entzunaldi izapidea irekitzeko egintzen aurrean alegazioak aurkezteko epea, betiere horiek guztiak ematen badira zergak aplikatzeko prozeduretan, zehapen prozeduretan, berrikuspen prozeduretan eta zerga araudian jasotako beste edozein prozeduratan.

Apartatu honetan jasotako epeen zabalpena 2020ko martxoaren 14an bukatu ez diren nahiz ondoren hasi diren epeei dagokie. Dena den, azken kasu horretan, epea araudi orokorrean kasu bakoitzerako jarritakoa izango da, araudi hori aplikatuz 2020ko ekainaren 1aren ondoren amaitzen den epea gertatzen denean.

2.– Nahiz eta aurreko apartatuan jasotako epe zabalpenaz baliatzeko aukera izan, edo eskubide horren erreserba espresurik egin gabe, baldin eta zergapekoak ordainketa egiten badu, enbargo eginbideari, errekerimenduari edo zerga arloan garrantzia duen informazio eskaerari erantzuten badio edo bere alegazioak aurkezten baditu, izapidea edo ordainketa gauzatutzat hartuko dira.

5. artikulua.– Prozeduren gehieneko epea, iraungipena eta preskripzioa.

1.– Ez du konputatuko 2020ko martxoaren 14tik 2020ko ekainaren 1era bitartean, biak barne, dagoen epealdiak, Gipuzkoako Foru Aldundiak izapidetzen dituen zergen aplikaziorako prozeduren, zehapen prozeduren eta berrikuspen prozeduren gehieneko iraupenari begira, nahiz eta epealdi horretan Administrazioak ezinbestekoak diren izapideak bultzatu, agindu eta egin ahal izango dituen.

2.– Aurreko apartatuan aipatutako epeak ez du konputatuko martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergen Foru Arau Orokorrak, 65., 65 bis, 193., 194. eta 214.2 artikuluetan jarritako epeen ondorioetarako, ez eta iraungipen epeen ondorioetarako ere.

6. artikulua.– Interesdunak eskatuta hasitako prozedurak.

1.– Epe bati lotuta alderdi batek eskatuta hasi diren eta epemuga 2020ko martxoaren 14tik 2020ko ekainaren 1era bitartean duten prozeduretan, haiek hasteko epea 2020ko ekainaren 1era arte zabalduko da.

2.– Aurreko apartatuan jasotakoa ez zaie aplikagarri izango autolikidazio edo aitorpenak aurkeztearen ondorioz hasitako prozedurei; izan ere, haiei zerga araudi orokorra aplikatuko zaie, betiere Foru Dekretu-Arau honen 3. artikuluan jasotako berezitasunak erabilita.

7. artikulua.– Zerga zor jakin batzuen zatikapena.

1.– Bermeak erabat edo zati batean salbuesteari dagokionez, 300.000 euroraino gehitzen da abuztuaren 2ko 38/2006 Foru Dekretuaz onartutako Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zerga-bilketako Erregelamenduak 42.1 artikuluaren c) eta d) letretan aipatutako zorraren zenbateko osoa.

60.000 euroraino gehitzen da aipatutako 42.1 artikuluaren d) letran exijitzen den aurretiazko gutxieneko diru sarrera, betiere zatikatzekoa den zorra 300.000 eurotik gorakoa izan ez dadin.

2.– Gehitutako zenbateko hori 2020ko martxoaren 14tik aurrera exijigarriak diren zerga zorrei aplikatuko zaie, baldin eta zatikapena Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zerga-bilketako Erregelamenduak jasotakoaren arabera eskatzen bada.

3.– Zerga-bilketako Zuzendariordetza Nagusia izango da organo eskuduna Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zerga-bilketako Erregelamenduak 42.1 artikuluaren c) eta d) letretan aipatutako zatikapenak ebazteko, betiere foru dekretu-arau honetan jasotako zehaztapenak kontuan hartuta.

4.– Foru dekretu-arau honetan jasotzen ez den guztian, aplikagarria izango da Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zerga-bilketako Erregelamenduak izaera orokorrez gerorapen eta zatikapenetarako xedatutakoa.

8. artikulua.– Indarrean dauden gerorapenak eta zatikapenak.

Hilabetez atzeratzen da onartuta dauden gerorapenen eta zatikapenen 2020ko martxoaren 25eko eta apirilaren 10eko epemugei dagokien ordainketa, alegia, hurrenez hurren 2020ko apirilaren 27ra eta maiatzaren 11ra arte. Beraz, hilabetez atzeratzen da gainerako epemugetako bakoitza.

Atzerapen hori aplikagarri izango zaie martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergen Foru Arau Orokorrak, 168. artikuluaren 4. apartatuan jasotakoari jarraituz ordainketarako baldintza berezien inguruan hartutako erabakiei ere.

9. artikulua.– Premiamenduzko prozedura.

Premiamenduzko administrazio prozeduraren barruan ez dira ondasun higiezinen gaineko bermeak exekutatuko eta ez da enkanterik egingo 2020ko martxoaren 14tik 2020ko ekainaren 1era bitartean.

10. artikulua.– Berraztertze errekurtsoak eta Foru Auzitegi Ekonomiko-Administratiboaren aurreko erreklamazioak.

1.– Martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergen Foru Arau Orokorrak, 65., 65 bis, 193., 194. eta 214.2 artikuluetan jarritako epeen konputu soilaren ondorioetarako, berraztertze errekurtsoan eta bide ekonomiko-administratiboan egindako erreklamazio edo errekurtsoetan jakinarazitzat hartuko dira haiei amaiera ematen dieten ebazpenak, baldin eta frogatzen bada ebazpena jakinarazteko saio bat egin dela 2020ko martxoaren 14tik 2020ko ekainaren 1era bitartean.

2.– 2020ko ekainaren 1era zabaltzen da zerga arloko egintzen aurka edo berraztertze errekurtsoen ebazpenen aurka errekurtsoak edo erreklamazio ekonomiko-administratiboak jartzeko epea.

Epe zabalpen hori aplikagarri izango da epe horiek 2020ko martxoaren 14an amaitu ez diren kasuetan eta epeak data horren ondoren hasten diren kasuetan. Dena den, azken kasu horretan, epea araudi orokorrean egoera bakoitzerako jasota dagoena izango da, baldin eta araudi hori aplikatuz ateratzen den epea 2020ko ekainaren 1aren ondoren amaitzen bada.

11. artikulua.– Ordainketa zatikatuak.

Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren zergadunak, baldin eta jarduera ekonomikoak egiten badituzte, ez dira behartuta egongo Gipuzkoako Foru Ogasunean 2020ko lehen eta bigarren hiruhilekoei dagozkien ordainketa zatikatuak autolikidatzera eta ordaintzera.

12. artikulua.– 2020. urteari dagokion ondasun higiezinen gaineko zerga.

Ondasun higiezinen gaineko zergaren 2020ko zerga kuota borondatezko aldian ordaintzeko epea 2020ko abuztuaren 1etik 2020ko irailaren 15era bitartekoa izango da.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergen Foru Arau Orokorrak, 92 ter artikuluan aipatutako zerrenda 2020ko azken hiruhilekoan argitaratuko da.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Arauak emateko ahalmenak.

1.– Baimena ematen zaie Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuari foru dekretu-arau hau garatu eta aplikatzeko behar diren xedapen guztiak eman ditzaten.

2.– Baimena ematen zaio Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuari foru dekretu-arau honetan aurreikusten diren epeak luza ditzan, betiere hala justifikatzen badu hura onartzeko arrazoi izandako aparteko zirkunstantziak mantentzeak.

3.– Halaber, baimena ematen zaio Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuari foru agindu bidez zerga obligazioak betetzeko epe guztiak alda ditzan, COVID-19 gaitzak sortutako egoerak hala eskatzen badu.

4.– Baimena ematen zaio Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuari, batetik, alda ditzan Foru Dekretu-Arau honen 7. artikuluaren 1. apartatuan jarritako baldintzak eta Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zerga-bilketako Erregelamenduak 42.1 artikuluaren c) eta d) letretan aipatutako baldintzetako edozein eta, bestetik, zehaztu dezan zer denbora muga jarriko zaion Foru Dekretu-Arau honen 7. artikuluan xedatutakoaren aplikazioari.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Indarrean jartzea.

Foru dekretu-arau hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egun berean jarriko da indarrean, eta 2020ko martxoaren 14tik aurrera izango ditu ondorioak.

Donostia, 2020ko martxoaren 24a.

Diputatu nagusia,

MARKEL OLANO ARRESE.

Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatua,

JABIER LARRAÑAGA GARMENDIA.


Azterketa dokumentala