Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

94. zk., 2020ko maiatzaren 19a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA AZPIEGITURA SAILA
1994

AGINDUA, 2020ko maiatzaren 4koa, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuarena, zeinaren bidez iragartzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko errepideko garraioaren sektoreko elkarte profesional eta enpresarialei laguntzak emateko deialdia.

Euskadiko garraio-politikaren helburuetako bat garraio arloko elkartegintza sustatzea izanik, behar-beharrezkoa da elkarte profesional eta enpresarialen jarduerak eta ekimenak bultzatzea, batez ere, elkarteak osatzen dituzten bazkideen interes profesional eta ekonomikoak erkidegoan, erkidegoz gaindi eta Europa mailan ordezkatu, babestu eta koordinatzeko direnak, eta garraiolarien lana garatu eta baldintza hobeetan egin ahal izateko bideratzen direnak.

Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuaren 2020ko otsailaren 19ko Aginduaren bitartez onartu zen 2020ko Dirulaguntzen Plan Estrategikoan sartuta dago laguntza-programa hau. Euskadi.eus-eko egoitza elektronikoan dago Plana eskura. Horregatik, laguntza-programa Euskal Autonomia Erkidegoko helburu, estrategia eta jarduera-lerroen ondorio da; Euskal Autonomia Erkidegoko garraio-sistemaren euskarrietako bat, hain zuzen ere, elkarte profesional eta enpresarialak ditugu, garraioen arloan eskumenak dituzten administrazio publikoen eta garraio arloko ekonomiako eta gizarteko eragileen arteko harreman eraginkorrerako funtsezko direla erakutsi baitute. Elkarte horiek betetzen duten paperaren garrantzia oso nabarmena da, batez ere garraio arloak Euskadin duen egituraketa eskasa kontuan izaten badugu; gogoan izan behar baita gurean enpresa txiki asko dagoela.

Horiek horrela, Eusko Jaurlaritzak, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren bidez, errepideko garraioaren arloan elkartegintza bultzatzeko neurriak hartzen jarraitu nahi du, eta horretarako, ezinbestean, ezarritako helburuekin bat etorriko diren laguntzak emateko sistema arautu beharra dago.

Agindu honen helburua da Euskal Autonomia Erkidegoaren barruan errepideko garraioaren arloan elkarte profesional eta enpresarialentzat laguntza ekonomikoak emateko era bat ezartzea, elkarte horiek, garraio arloak dituen zenbait gabezia neurri batean konpontzeko beharrezko diren ekimenak abiarazi ditzaketela uste baita.

Euskal Autonomia Erkidegoaren 2020. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 27ko 13/2019 Legeak baimendutako kredituen arabera, honako dirulaguntza-deialdi honek nahikoa aurrekontu-estaldura dauka.

Herritarrei Administrazioarekin dituzten harremanak errazteko, eta laguntzen barne-kudeaketa eraginkorrago egiteko, prozedurako izapideak telematikoki egiteko aukera ematen duen aplikazio bat egin da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2.a) artikuluari jarraituz. Aginduan izapidetze telematiko horren xehetasun guztiak jaso dira.

Ondorioz, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 74/2017 Dekretuaren 3.1 artikuluak ematen didan aginpidea erabiliz, eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren –azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaz onartutakoaren– VI. titulua eta VII. tituluko II. eta III. kapituluak, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra, eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ordaindu beharreko laguntza eta dirulaguntzei aplikatu beharreko gainontzeko xedapenak kontuan harturik, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea eta onuradunak.

1.– Agindu honen xedea da iragartzea Euskal Autonomia Erkidegoko errepideko garraioaren eta jarduera osagarrien sektoreko elkarte profesional eta enpresarialei, horien federazio eta konfederazioei, eta kooperatiben federazio eta konfederazioei 2020an laguntzak emateko deialdia.

2.– Agindu honetan jasotako ondorioetarako, garraioko enpresa edo-eta profesionalek osatzen dituzten eta helburu gisa garraio arloaren interesak ordezkatu eta defendatzea duten elkarteak hartuko dira errepideko garraio arloko elkarte profesional eta enpresarialtzat.

3.– Agindu honetan ezarritako laguntzak emateko, hirurogeita bost mila (65.000,00) euroko diru-zenbatekoa baliatuko da, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorretan horretarako izendatutako kontu-sailetik hartua.

2. artikulua.– Betekizunak.

1.– Oro har, agindu honetan arautzen diren laguntzak jaso ahal izateko, aurreko artikuluan adierazitako elkarteek honako eskakizun hauek bete beharko dituzte, eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean:

a) 2020ko urtarrilaren 1a baino lehenagotik legez eratuta egotea.

b) Elkartearen egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan izatea.

c) Errepideko garraioaren arloko interes sozio-ekonomikoen defentsa eta ordezkaritza bakar-bakarrik izatea elkartearen helburua.

d) Irabazteko xederik ez izatea.

e) Jardun-eremua Euskal Autonomia Erkidego osora zabaltzea.

f) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea, bai eta dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ere.

g) Dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen penalik edo administratiborik ez izatea, ez eta horretarako legezko inolako debekurik ere (Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenean xedatutakoaren araberako sexu-diskriminazioaren ondoriozko debekuak barnean hartuta daude).

h) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan xedaturikoa betetzea.

2.– Aurreko paragrafoan ezarritako eskakizunak betetzen dituzten eta Euskal Autonomia Erkidegoaz gaindiko edo Europako eremuko batasun, federazio edo bestelako erakundeetan sarturik dauden elkarteek ere sartu daitezke laguntza hauek, Euskal Autonomia Erkidegoaz gaindiko edo Europako eremuko ordezkaritzak eragindako gastuak ordaintzeko.

3. artikulua.– Laguntzekoak diren gastuak eta gehieneko kopuruak.

1.– 2020. urtean, eta gehienez ere % 50eko mugaraino, honako gastu hauek lagunduko dira:

a) Garraio-sektorearen jardueran aritzeko baldintzak sustatu eta hobetzeko azterlanak eta prestakuntza-jarduerak egiteko direnak, bai eta elkartearen jarduerak eta garraioarekin lotutako albisteak sustatzeko eta hedatzeko ekintzetarako direnak ere.

b) Garraio-azoka eta -lehiaketetan -autonomikoetan, estatukoetan edo nazioartekoetan- parte hartzera edo antolatzera zuzendutakoak, ekitaldi bakoitzeko bi ordezkari gehienez ere. Ez dira kontuan hartuko bidaiaren gastuak (garraioa, ostatua, dietak, etab.).

c) Langileen gastuak, kaleratzeengatiko eta erretiro aurreratuengatiko kalte-ordainak izan ezik.

d) Helburuak lortzearekin lotutako funtzionamendu-gastu hauek:

– Erakunde eskatzailearen ohiko jarduera gauzatzen den egoitzen errentamenduak.

– Erakunde eskatzailearen organoetako kide ez diren profesional independenteen zerbitzuak.

– Aseguru-primak.

– Komunikazioak.

– Hornidurak.

– Beste erakunde batzuetako kide izateagatik ordaindu beharreko kuotak.

2.– Honako hauek izango dira diruz lagundu daitezkeen gehieneko zenbatekoak gastu-kontzeptu bakoitzerako:

a) 1.500 euro, 3. artikuluko 1. paragrafoko a) kontzeptuan adierazitako gastu osoan.

b) 1.500 euro, 3. artikuluko 1. paragrafoko b) kontzeptuan adierazitako gastu osoan.

c) 8.500 euro, 3. artikuluko 1. paragrafoko c) kontzeptuan adierazitako gastu osoan.

d) 8.500 euro, 3. artikuluko 1. paragrafoko d) kontzeptuan adierazitako gastu osoan.

3.– Diruz lagundutako gastuek azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan xedaturikoa bete beharko dute. Onuradunek dirulaguntzen ekintza guztiak egitea azpikontratatu ahal izango dute, aipaturiko 38/2003 Legearen 29. artikuluan eta hura garatzeko erregelamenduaren 68. artikuluan, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan seinalatutako mugekin.

4. artikulua.– Dirulaguntzaren kuantifikazioa.

Agindu honetan araututako laguntzak banaketa proportzionalaren sistemari jarraituz banatuko dira; hau da, 6. artikuluan adierazten diren irizpideen arabera egindako balorazioaren proportzioan banatuko da dirua, betiere gehienez ere zenbat eman daitekeen edo, eskatutakoa gutxiago bada, zenbat eskatu den kontuan hartuta.

5. artikulua.– Balorazio-batzordea.

Eskabideak aztertzeko balorazio-batzorde bat sortuko da. Batzorde hori Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saileko hiru teknikarik osatuko dute eta Garraio Planifikaziorako zuzendariaren Ebazpenaren bidez izendatuko dira. Izendapena Geroago argitaratuko da, EAEONALTBren 49.2 artikuluaren arabera. Batzordearen lana izango da, batetik, aurkeztutako eskabideak aztertu eta ebaluatzea, Agindu honen 6. artikuluan ezarritako irizpideak kontuan hartuta, eta Garraio Plangintzaren zuzendariari aurkezteko ebazpen-proposamena prestatzea. Proposamen horretan, laguntzarik eman behar bada, onuradun bakoitzari zenbat dagokion adierazi beharko da, eta emandako dirulaguntzak behar bezala erabiltzen direla bermatzeko agindu honetan aurreikusitako beste edozein baldintza ere jaso ahal izango da. Balorazio-batzordea Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean ezarritakoaren arabera osatuko da.

6. artikulua.– Eskabideak ebaluatzeko irizpideak.

Laguntzaren zenbatekoa zehazteko –betiere hirugarren artikuluan ezarritako mugaren barruan–, irizpide hauek hartuko dira kontuan:

a) Euskal Autonomia Erkidegoan egiaztatzen duen ezarpen-maila; horretarako, kontuan hartuko da zenbat pertsona, enpresa elkartu eta ibilgailu biltzen dituzten (puntuazio osoaren % 35 gehienez).

b) Elkarteak sustatu eta garatutako jardueren garrantzia eta kopurua. Horretarako, egindako azterlanen, prestakuntza-jardueren, argitalpenen eta sustapen-ekintzen kopurua eta garrantzia hartuko dira kontuan, bai eta azoka eta lehiaketetan parte hartzea ere (puntuazio osoaren % 50 gehienez).

c) Emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko jarduerak; horretarako, honako hauek hartuko dira kontuan: berdintasun-planak egotea, garraioaren sektorean emakumeen eta gizonen tratu-berdintasuna sustatzeko eta bermatzeko neurriak egitea, emakumeen eta gizonen berdintasunerako lankidetza-erakunde gisa onartua izatea, eta zuzendaritza-organoetako emakumeen ehunekoa (puntuazio osoaren % 15 gehienez).

7. artikulua.– Laguntzak izapidetzea.

1.– Laguntzen izapidetze elektronikoa Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluan arautzen da.

2.– Nahi dutenek baliabide elektronikoen bidez egin behar izango dituzte eskaera, kontsultak eta prozedurako izapide guztiak.

Laguntza hauek izapidetzeko baliabide elektronikoak erabiltzeko zehaztasunak euskadi.eus-eko atal honetan jarriko dira: http://www.euskadi.eus

8. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea eta lekua, eta aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1.– Eskabidearen eredua agindu honen eranskinean dator, eta garraioen arloan eskumena duen organoak euskadi.eus-en barruan duen egoitza elektronikoak ere eskuratu ahal izango da.

Baliabide elektronikoak ere erabili behar izango dira eskabideak eta gainerako agiriak aurkezteko. Informazioa, prozedura eta eskakizunak egiaztatzeko era garraioen arloan eskumena duen organoaren egoitza elektronikoan jarriko dira eskura, 7. artikuluan izapidetze elektronikorako aurreikusitako zehaztapenetan garatutako prozedura eta jarduketei jarraituz. Eskabidearen ondorengo izapideak, baliabide elektronikoa erabiltzekotan, www.euskadi.eus/nirekudeaketak webgunearen bidez egingo dira.

2.– Eskabideak aurkezteko epea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasi eta martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretua, Covid-19ak eragindako osasun-krisia kudeatzeko alarma-egoera deklaratzen duena (martxoaren 17ko 465/2020 Errege Dekretuak aldatuta) edo, hala badagokio, horren luzapenen indarraldia galtzen denetik hilabete igaro artekoa izango da.

3.– Eskabidea erakundearen legezko ordezkariak sinatu beharko du, eta honako agiri hauek batera aurkeztu beharko da:

a) Erakundeak ekonomia-ekitaldian burutu dituen edo burutu nahi dituen jarduera eta ekimenei buruzko memoria zehatza, hirugarren puntuan aurreikusitakoari jarraituz lagundu daitezkeen gastuak azalduko dituena. Memoria horretan, ondoko zertzelada hauek guztiak jasoko dira: jarduerak burutzeko datak, giza baliabideak (langileak) eta baliabide materialak (lokalak, bulegoak, etab.), elkartekideen edo bazkideen kopuru eta zerrenda, ekitaldirako sarrera eta gastuen aurrekontua, helburu bererako lortutako dirulaguntzak, eta laguntzaren premia eta zenbatekoa ebaluatzeko baliagarriak izan daitezkeen gainerako kontu guztiak, II. eta III. eranskinetan datozen ereduen arabera.

b) Eraketa-aktaren kopia eta administrazio-organo eskudunak ikus-onetsitako estatutuen kopia.

c) Erakundea batasun, federazio edo bestelako erakunderen batean sarturik dagoela egiaztatzen duen agiria, hala badago.

d) Zerga-identifikazioko txartelaren kopia.

e) Agindu honetan aurreikusitako laguntzez baliatzeko erakundeak edo elkarteak hartutako erabakiaren ziurtagiria.

f) Aukerakoa, eta dirulaguntza eman eta gero aurkez daiteke, hirugarrengoen alta edo horren aldaketaren fitxa, Ogasun eta Ekonomia Sailak ezarritako ereduaren araberakoa; betiere, lehengoaz aurkezten diren edo banku-datuak aldaturik dituzten eskatzaileei dagokienez, baina beti laguntzak ordaindu baino lehen.

g) Elkartekideen liburu-erregistroaren kopia.

4.– Eskatzaileak aurkezturiko agiriek agindu honetan eskatutako baldintzak ez dituztela betetzen ikusiz gero, hala jakinaraziko dio organo kudeatzaileak eskatzaileari, eta hamar egun balioduneko epea utziko dio, okerrak zuzendu edo behar diren agiriak aurkezteko; gainera, adieraziko dio, hala egiten ez badu, bere eskaria besterik gabe atzera botako duela, ebazpen bidez, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan ezarritako eran.

5.– Eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dute laguntza-eskabidea eta beharrezko dokumentazioa. Gainera, laguntza-eskabidetik eratorritako jardunetan eta prozedura osoan, eskatzaileak aukeraturiko hizkuntza baliatuko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.

6.– Laguntzen eskatzaileek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela egiaztatzen duen dokumentazioa automatikoki egiaztatuko du organo kudeatzaileak, eta horretarako ez du eskatzaileen baimenik beharko, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.3 artikulua aplikatuz. Hala ere, eskatzaileak espresuki ukatu ahal izango du baimena eta, orduan, dirulaguntzei buruzko araudian aurreikusitako ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu.

7.– Laguntza eskatzen duen erakundeak eskabidearekin batera erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko du, honako alderdi hauen egiazkotasunari buruzkoa:

a) Helburu bererako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo beste baliabideren bat eskatu dela eta, jaso bada, administrazio edo ente publikoek nahiz pribatuek eman, horren berri ematea.

b) Ez egotea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasi den eta oraindik bideratzen ari den itzultzeko edo zigortzeko ezein prozeduratan sartuta. Eskatzailea prozedura horietan sartuta egotekotan, dirulaguntzaren ematea edo ordainketa itzultzeko edo zigortzeko prozedurak amaitu arte baldintzatuta geratuko da.

c) Eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpena, dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen penalik edo administratiborik jaso ez duela eta horretarako legezko inolako debekurik ez duela agertzen dituena (Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetan seigarrenean xedatutakoaren araberako sexu-diskriminazioaren ondoriozko debekuak barnean hartuta daude).

d) Aipatutako 39/2015 Legearen 69. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, 7. paragrafoan adierazitako alderdiak betetzen direla egiaztatzen duen dokumentazioa edukitzea. Dokumentazio hori administrazioaren esku utziko da, hala eskatzen zaionean, bai eta dirulaguntza horren gozamenak irauten duen bitartean betetzen jarraitzeko konpromisoa ere.

Erantzukizunpeko adierazpen batekin edo barnean hartuta doan edozein daturen, adierazpenen edo dokumenturen zehaztasunik ezak, faltsukeriak edo ez-egiteak, funtsezkoa bada, prozedurarekin ezin jarraitzea ekarriko du gertakari horiek jakiten diren unetik, ekar ditzakeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak alde batera utzi gabe.

8.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Garraio Plangintzaren Zuzendaritzak, aurkeztutako eskabidea behar bezala balioesteko beharrezko jotzen duen beste edozein agiri edo argibide eskatu ahal izango du.

9. artikulua.– Kudeaketa-organoa.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saileko Garraio Plangintzaren zuzendariaren ardura izango da Agindu honetan aurreikusitako laguntzak kudeatzeko lanak egitea.

10. artikulua.– Dirulaguntzak ematea.

1.– Dirulaguntzak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saileko Garraio Plangintzaren zuzendariaren ebazpenaren bidez emango dira. Ebazpen horrek ez du administrazio-bidea amaituko, eta, beraz, hilabeteko epean gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio administrazio bereko Azpiegitura eta Garraioetako sailburuordeari.

Ebazpena banan-banan jakinaraziko zaie interesdunei, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 40. artikuluan ezarritako modua erabiliz, eta sei hilabeteko epean, agindu honek ondorioak izaten dituen egunetik hasita. Ebazpen horrek zehaztuko du dirulaguntza ematen den ala ukatu egin den; aldekoa bada, onuraduna zein den eta zenbat eman zaion azalduko da, eta kontrakoa bada, ukatzeko arrazoiak.

2.– Aurreko paragrafoan ezarritako epearen barruan ez bada jakinarazten laguntzak esleitzeko ebazpena, eskabideak ezetsiak izan direla ulertu ahal izango dute interesdunek, 39/2015 Legearen 25.1 artikuluan aurreikusitako ondorioei dagokienez.

3.– Laguntzak esleitzeko prozedura amaitzeko ebazpena interesdunei jakinarazteaz gain, onuradunak eta emandako zenbatekoak jasotzen dituen zerrenda Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

4.– Agindu honetan berariaz aurreikusi gabekoari dagokionez, honako hauen bitartez eraenduko da dirulaguntzak emateko prozedura: 39/2015 Legea; Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua; eta dirulaguntzari buruzko oinarrizko araudia, hau da, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta hau garatzen duen Erregelamendua, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua.

11. artikulua.– Ordainketa.

1.– Emandako dirulaguntza ordainketa bakar baten bidez ordainduko da, diruz lagundutako jarduera guztiz burutu ondoren eta justifikazio-kontu bat aurkeztuz egindako gastu guztiak agiri bidez justifikatu ondoren. Kontu hori egiteko, azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 30. artikuluaren bigarren paragrafoan eta hura garatzen duen Erregelamenduaren (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua) 72. artikuluan adierazitakoa bete beharko da.

Justifikazio-kontu horrek honako alderdi hauek izango ditu:

a) Dirulaguntza ematean ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatzen duen jarduketa-memoria, egindako jarduerak eta lortutako emaitzak adierazita.

b) Jardueraren gastu eta inbertsioen zerrenda sailkatua, hartzekoduna eta dokumentua, zenbatekoa, jaulkipen-data eta, hala badagokio, ordainketa-data adierazita. Dirulaguntza aurrekontu zenbatetsi baten arabera ematen bada, gertatutako desbideratzeak adieraziko dira.

c) Diruz lagundutako jarduera finantzatu duten beste diru-sarrera edo dirulaguntza batzuen xehetasunak, zenbatekoa eta jatorria adierazita.

Horrekin batera, diruz lagun daitekeen gastuaren behin betiko fakturak edo egiaztagiriak aurkeztuko dira.

2.– Justifikazio-kontuaren aurkezpena 2020ko azaroaren 30a baino lehen aurkeztu beharko da.

3.– Ez da ordainketarik egingo onuradunak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean ez baditu edo itzulketa bidezkoa dela adierazten duen ebazpen baten bidez zordun bada.

12. artikulua.– Bateragarritasuna.

1.– Laguntza hauek bateragarriak izango dira beste edozein erakunde publiko zein pribatuk ematen duen beste edozein dirulaguntza edo laguntzarekin, agindu honen bidez lagundu daitezkeen gastuak estaltzeko bada.

2.– Hala ere, laguntza horiek jasotzen badira, sailak dirulaguntzarako kontuan hartutako gastuen eta beste erakunde batzuek emandako laguntzen arteko aldeari aplikatuko zaio agindu honen 3. artikuluan adierazitako gehieneko ehunekoa.

13. artikulua.– Jarduerak burutzea.

Laguntza-programan aurreikusitako jarduerak, 2020ko ekitaldian garatu behar direnak edo garatu direnak, 2020ko azaroaren 30a baino lehen gauzatu beharko dira.

14. artikulua.– Dirulaguntza jasotzen dutenen betebeharrak.

1.– Agindu honetan azaltzen diren dirulaguntzak eskuratzen dituzten elkarteek honako betebeharrok izango dituzte:

a) Dirulaguntza eskuratzeko beharrezko diren eskakizun eta baldintza guztiak betetzen dituztela egiaztatu beharko diote dirulaguntza eman behar duen Administrazioari.

b) Emandako dirulaguntza onartu beharko dute. Dirulaguntzaren berri ematen dien jakinarazpena jaso, eta hamabost eguneko epean onuradunek uko egiten ez badiote, onartu egiten dutela ulertuko da.

c) Eman zaion horretarako erabili beharko du dirulaguntza.

d) Helburu bererako beste laguntza edo dirulaguntzaren bat lortu badu, lortu duela eta nork eta zenbat eman dion jakinarazi beharko dio Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Garraio Plangintzaren Zuzendaritzari.

e) Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak, beren eginkizunetan dihardutela, deialdi honen kontura jasotako dirulaguntzen inguruan eskatzen dieten informazioa ematea.

f) Elkartearen jarduerak sustatu eta horien berri ematekoan, eta garraioaren inguruko albisteetan, sexismorik gabeko hizkuntza eta irudiak erabiliko direla bermatzea.

g) Dirulaguntzen publizitatearen inguruan Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 18. artikuluetan ezarritakoa bete.

h) Dirulaguntza honen finantzaketa osoarekin edo partzialarekin egindako jarduketetan, edozein bitartekoren bidez, inprimatutako materialaren bidez edo Internet bidez zabaltzea dakartenean, argi ikusteko moduan sartu behar da sail honen erakunde-logotipoa, «Honako hauek finantzatuta: ...».

i) Euskal herri-aginteek emandako laguntzen edo dirulaguntzen enpresa onuradun gisa, emakumeen eta gizonen berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 3. artikuluan jasotako berdintasun-printzipioen eta emakumeen arteko bereizkeriarik ezaren arabera jarduteko betebeharra betetzea, eta, ondorioz, martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoaren 45. artikuluan zehaztutako berdintasun-planak ezartzea, horiek nahitaezkoak diren kasuetan, artikulu horren arabera.

2.– 2021eko martxoaren 31 baino lehen egindako lanak eta aurrekontutik zenbat gastatu den azaltzen duen txostena, xehetasun guztiekin, bidali beharko dute Garraio Plangintzaren Zuzendaritzara erakunde onuradunek.

3.– Artikulu honen 1.e) puntuan adierazitako organoen ahalmena gorabehera, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak dirulaguntza jaso duen jarduerari buruz bidezko jotzen dituen egiaztapen guztiak egin ahal izango ditu.

15. artikulua.– Dirulaguntzak emateko baldintzak aldatzea.

Dirulaguntza emateko kontuan hartutako egoeraren bat aldatuz gero, onuradunak beste administrazio batzuek edo erakunde publiko nahiz pribatuk emandako laguntza edo dirulaguntzak jasotzen baditu batera edo-eta helburu bererako bestelako diru-sarrera edo baliabiderik eskuratzen badu, dirulaguntza emateko agindua ere aldatu egin ahal izango da, betiere deialdi honetan onuradun izateko ezarritako eskakizunak betetzen jarraitzen badu.

16. artikulua.– Dirulaguntzak itzultzea.

Onuradunak ez badu betetzen agindu honetan, dirulaguntza emateko aginduan edo aplikatu beharreko gainontzeko arauetan ezarritako baldintzaren bat, organo aginpidedunak, onuradunari entzun ondoren, laguntza jasotzeko eskubidea galdutzat deklaratuko du, eta, halakorik izanez gero, dagokion diru kopurua Euskal Herriko Diruzaintza Nagusiari itzultzera behartuko du, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak, eta dirulaguntzetarako betebeharrak betetzen direla zaintzeko gainontzeko arauek ezarritakoa betetzeko. Kopuru hori diru-sarrera publikotzat joko da legezko ondorioetarako. Horrek guztiak ez du galaraziko, ordea, bestelako zehapenak jartzea, eta kalteengatiko ordainak eta, halakorik izanez gero, erantzukizun penala ere eskatzea.

Halaber, itzultzeko arrazoien inguruan Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan xedatukoa aplikagarria izango da; kasu honetan jasotako zenbatekoak, osorik edo partez, eta dagozkien berandutze-interesak itzuli beharko dira.

AZKEN XEDAPENetako Lehenengoa

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, interesdunek berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita. Bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal dute, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, aipatutako aldizkari ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Agindu hau errekurritzeko ezarritako epea martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuak deklaratutako Covid-19ak eragindako osasun-krisiaren egoera kudeatzeko alarma-egoera (2020ko martxoaren 14ko BOE, 67. zk.) eta haren luzapenak amaitu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatuko da.

AZKEN XEDAPENetako Bigarrena

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

AZKEN XEDAPENetako Hirugarrena

Agindu honetan aipatzen diren dirulaguntzak honako hauetan xedatutakoaren arabera egin dira: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea; Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren VI. titulua eta VII. tituluko III. kapitulua (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu zen testu bategina). Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta horren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan jasotako oinarrizko araudia.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko maiatzaren 4a.

Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

I. ERANSKINA
ESKABIDE-EREDUA
ELKARTEGINTZA BULTZATZEKO LAGUNTZAK
(Ikus .PDF)
II. ERANSKINA
GASTU MOTAK
(Ikus .PDF)
III. ERANSKINA
AZALPEN-MEMORIA
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala