Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoa

Euskadi.eus

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

94. zk., 2020ko maiatzaren 19a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

OSASUN SAILA
1989

AGINDUA, 2020ko maiatzaren 13koa, Osasuneko sailburuarena, zeinaren bidez definitzen baita zein izango den giza baliabideen antolamendu-egitura kasuak eta kontaktuak kontrolatu eta aztertzeko zaintza- eta kontrol-programan, COVID-19 pandemiaren deskonfinamendu-fasean.

Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legeak 12.1 artikuluan dioenez, «Euskadiko sistema sanitarioaren zuzendaritza, planifikazioa eta programazioa Eusko Jaurlaritzaren eskumena da; Euskadiko Autonomi Elkarteko Administrazio Orokorreko organo aginpidedunen bidez exekutatzen da».

2. apartatuaren arabera, egiteko hauek hartuko ditu barnean, besteak beste: a) Aginteaz baliatzea eskatzen duten interbentzioak, osasun publikoaren tutela orokorra garantizatzeko beharrezkoak direnak.

Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzeko, eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzeko Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuaren 12. artikuluaren arabera, Osasun Sailari honako egiteko eta jardun-arlo hauek dagozkio:

a) Osasun-plangintza eta -antolamendua.

b) Osasun publikoa eta elikadura-higienea.

c) Zaintza epidemiologikoa.

d) Farmazia-antolamendua.

e) Droga-mendekotasunak.

f) Sailari atxikita dauden edo haren mendeko diren erakunde autonomoak, zuzenbide pribatuko erakunde publikoak eta sozietate publikoak zuzentzea, legeek eta erregelamenduek ezartzen dutenaren arabera.

Osasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 80/2017 Dekretuak, 4.1 artikuluan, Osasuneko sailburuari esleitzen dizkio Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 26. eta 28. artikuluetan ezarritako eskumenak, bai eta Osasun Sailari dagozkion funtzioen eta jardun-arloen eremuan indarrean dagoen legediak esleitzen dizkionak ere.

Halaber, artikuluko horretako 2. apartatuak dioenez, Osasuneko sailburuari dagokio, sail horretako organo gorena den aldetik, sailari atxikitako erakunde publiko, erakunde autonomo eta gainerako organoak zuzendu, koordinatu eta kontrolatzea.

Martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren bidez (alarma-egoera deklaratzen duena COVID-19ak eragindako osasun-krisialdia kudeatzeko; 2020ko martxoaren 14ko Estatuko Aldizkari Ofiziala, 67. zk.), alarma-egoera deklaratu zen Estatuko lurralde osoan, COVID-19 koronabirusak eragindako osasun-larrialdiko egoerari aurre egiteko. Hori hala egin zen, Alarma-, salbuespen- eta setio-egoeren ekainaren 1eko 4/1981 Lege Organikoak laugarren artikuluaren b) eta d) apartatuetan xedatutakoaren arabera.

Aipatutako errege-dekretuaren 6. artikuluak honela dio: administrazio bakoitzak bere zerbitzuen ohiko kudeaketarako indarreko legeriak ematen dizkion eskumenak izaten jarraituko du, eta beharrezkotzat jotako neurriak hartuko ditu, betiere alarma-egoeraren ondoreetarako agintari eskudunak emandako zuzeneko aginduak betez eta 4. eta 5. artikuluetan ezarritakoa ezertan eragotzi gabe.

Bestalde, 12. artikuluak hau dio: «1.– Nazio-lurraldeko administrazio publikoetako osasun-agintari zibil guztiak eta gainerako funtzionario eta langileak Osasuneko ministroaren zuzeneko aginduetara geratuko dira, pertsonak, ondasunak eta lekuak babestu beharra izanez gero, eta beren iraupenagatik edo izaeragatik ezohikoak diren lanak agindu ahal izango zaizkie.

2.– Aurreko puntuan adierazitakoa gorabehera, autonomia-erkidegoetako eta tokiko administrazio publikoek beren osasun-zerbitzuak kudeatzen jarraituko dute, beren eskumen-eremuaren barruan, eta une oro ziurtatuko dute ondo funtzionatzen dutela. (...).»

Bestalde, martxoaren 15eko SND/232/2020 Aginduaren bidez, COVID-19ak eragindako osasun-krisialdia kudeatzeko giza baliabideen eta bitartekoen arloko neurriak ezartzen dira; agindu horren xedea da giza baliabideen eta bitartekoen arloan neurri bereziak ezartzea Estatuaren lurralde osoan osasun-sistema nazionala indartzeko, betiere 463/2020 Errege Dekretuan aurreikusitakoa garatuz eta aplikatuz (martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretua, alarma-egoera deklaratzen duena COVID-19ak eragindako osasun-krisialdia kudeatzeko). Aipatutako SND/232/2020 Aginduan, era askotako neurriak hartzen dira; hona hemen: prestakuntza egiten ari diren profesionalentzako neurriak; langile fakultatibo eta ez-fakultatiboak salbuespenez kontratatzea; establezimendu medikoak herritarrentzat irekitzea; erretiroa hartuta dauden profesional sanitarioak lanera itzultzeko neurriak; eginkizun sindikalak egiteko baimena zuten langileak lanera itzultzea; medikuntza- eta erizaintza-graduetako ikasleak kontratatzea; autonomia-erkidegoen eskura jartzea beste administrazio publiko batzuetako bitarteko eta baliabide sanitarioak eta zentro eta establezimendu sanitario pribatuak; espazioak gaitzea erabilera sanitariorako, eta zerbitzu-prestazioaren erregimenari buruzko neurriak.

Agindu horren hamabigarren ebazpen-zatian adierazten denez, «autonomia-erkidego bakoitzeko osasun-agintari eskudunek emango dituzte, nork bere jardun-eremu espezifikoan, agindu honetan xedatutakoaren eraginkortasuna bermatzeko beharrezkoak diren ebazpenak, xedapenak eta interpretazio-jarraibideak.»

Aipatutako agindua Osasuneko sailburuaren 2020ko apirilaren 6ko Aginduaren bidez garatu da, zeinaren bidez neurriak hartzen baitira SND/232/2020 Agindua aplikatzeko (SND/232/2020 Aginduaren bidez, giza baliabideen eta bitartekoen arloko neurriak ezartzen dira COVID-19ak eragindako osasun-krisialdia kudeatzeko).

Bestalde, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren menpeko zerbitzu-erakundeetan aldi baterako estatutupeko langileak hautatzeko eta sartzeko modua Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren 2011ko maiatzaren 9ko Erabakian araututa dago, zeinaren bidez egiten eta kudeatzen baitira Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko aldi baterako kontratazio-zerrendak. Erabaki horren hamazazpigarren apartatuan («Zerrenda berrien premia»), zerrenda berriak osatzeko modua arautzen da.

Maiatzaren 3ko SND/387/2020 Aginduak, bestalde, autonomia-erkidegoekin eta Ceuta eta Melilla hiriekin batera gobernatzeko prozesua arautzen du normaltasun berrirako trantsizioari begira, eta honela dio: «Dagoeneko zazpi aste igaro dira alarma-egoera deklaratu zenetik, eta, aldi horretan hartutako neurriek eta Espainiako herritarren jokabide eredugarriak ahalbidetu dute COVID-19ak eragindako pandemiaren hedapena nabarmen murriztea; ondorioz, gure herrialdea prest dago normaltasun berrirako trantsizioari ekiteko.

Trantsizio horretan, beharrezkoak diren arreta- eta prebentzio-neurriak hartu beharko dira, arriskuak minimizatzeko bai gaixotasunaren gorakada posibleei dagokienez bai osasun-zerbitzuen erantzun-gaitasunari dagokionez, eta, uneoro, gizarte osoaren osasuna eta ongizatea babestu beharko dira.

Ildo horretatik, Ministro Kontseiluak normaltasun berrirako trantsizio-plana onartu zuen, 2020ko apirilaren 28an, eta, hor, parametro eta tresna nagusiak ezartzen dira gizarte osoa normaltasun berrira egokitu dadin, segurtasun sanitarioko berme handienekin, eta krisi hau hasi aurreko ongizate sozial eta ekonomikoaren mailak arian-arian errekuperatzeko.

Plan horretan, konfinamendutik mailaz-maila ateratzeko prozesu bat aurreikusten da, asimetrikoa, autonomia-erkidegoekin koordinatua, eta datu epidemiologikoen bilakaeraren eta hartutako neurrien inpaktuaren arabera beharrezko diren orientazio-aldaketei egokitua.

Plan horretan, deskonfinamendua ez da prozesu matematikoa ez eta automatikoa ere; aitzitik, epidemiaren bilakaeraren eta zerbitzu sanitarioen gaitasun estrategikoen arabera garatu beharko da. Planak, nolanahi ere, badauka eskema erabilgarri bat, zeinaren gainean diseinatzen eta egikaritzen baitira trantsizio-estrategiak. Alde horretatik, planean zero-fasea edo atarikoa eta deskonfinamendurako hiru fase ezartzen dira, eta haietako bakoitzean baimendutako jardueren arabera bereizten dira. Lurraldeak fasez-fase igaroko dira, zenbait irizpide eta adierazleren arabera, harik eta, behin III. fasea bukatuta, normaltasun berrira iritsi arte. Fase horretan, murrizketa sozial eta ekonomikoak amaituko dira, baina neurri hauei eutsiko zaie: zaintza epidemiologikoa, sistema sanitarioaren gaitasun indartua eta herritarren autobabes-neurriak.»

Euskadik egindako proposamenarekin bat etorriz (2020ko maiatzaren 8an onartu zuen organo honek), eta aipatutako aginduan xedatutakoaren esparruan, normaltasun berrirako trantsizioa egiteko deskonfinamenduaren hasieran, antolamendu-egitura bat behar da erraztuko duena kasu posibleak azkar atzematea eta kasuen eta kontaktuen egoera aztertzea eta kudeatzea, jarduketa-protokoloetan aurreikusitako neurriak aplika daitezen.

Koronabirusak eragindako pandemia dela eta, urgentziaz eta berehala antolatu behar da egitura bat, unitate funtzional bakar batean bilduko dituena antolamendu-arlo desberdinetako profesionalak, Osasun Publikoko Zuzendaritzaren ardurapean.

2020ko maiatzaren 12ko Estatuko Aldizkari Ofizialean (133. zk.), maiatzaren 11ko SND/404/2020 Agindua argitaratu zen, Normaltasun berri baterako trantsizio-fasean SARS-CoV-2aren infekzioaren zaintza epidemiologikoa egiteko neurriena. Agindu horretan, zaintza epidemiologikorako informazioa lortzeko eta komunikatzeko betebehar eta prozedurak arautzen dira COVID-19aren infekzioari dagokionez, hain zuzen ere bermatzeko informazio hori esanguratsua, egokia, operatiboa eta homogeneoa dela autonomia-erkidego guztietan.

Testuinguru horretan, COVID-19aren pandemiaren deskonfinamendu-fasean, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuan kasuak eta kontaktuak kontrolatu eta aztertzeko zaintza- eta kontrol-programak (Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritza buru duela eta Osakidetza partaide dela) giza baliabideen antolamendu-egitura bat behar du, programa garatu eta ezartzeko.

Ekainaren 17ko SAS/1729/2010 Aginduak (2010eko ekainaren 29ko BOE, 157. zk.) Familia eta Komunitate Erizaintzako espezialitatearen prestakuntza-programa argitaratu eta onartzen du. Programa horretan, espezialitatea definitu eta garatzen duten irizpide nagusiak jasotzen dira, bai eta espezialitate horretako konpetentziak ere, behar bezala zehaztuta; konpetentzia horien artean, eremu komunitariokoak eta osasun publikokoak daude.

Familia- eta komunitate-erizaintzako espezialitateak lehen mailako arretarekin eta osasun publikoarekin lotutako konpetentziak biltzen ditu, eta osasun-eremuko espezialitate bakarra da bi arlo horiek konbinatu eta lotzen dituena, normalean bereizita kudeatzen baitira. Hori dela eta, balio anitzeko espezialitatea da, gaitasun handia duena bi arlo horiekin loturak egiteko.

Horregatik, agindu honen xede den zaintza- eta kontrol-programa garatu eta zabaltzeko beharrezko diren giza baliabideen antolamendu-egiturak ezinbestez barnean hartu behar du familia- eta komunitate-erizaintzako langileen profila, egokiena baita kasuak koordinatu eta kontrolatzeko.

Horregatik guztiagatik, harik eta pandemiak sortu duen osasun-larrialdiko egoera onbideratu arte, Osasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 80/2017 Dekretuaren 4. artikuluaren 1. eta 2. apartatuek organo horri eskuordetutako eskumenen arabera, martxoaren 15eko SND/232/2020 Aginduaren hamabigarren ebazpen-zatiaren bidez esleitutako gaikuntza baliatuz –agindu hura martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren babespean eman zen, zeinak alarma-egoera deklaratzen baitu COVID-19ak eragindako osasun-krisialdia kudeatzeko, Osasuneko sailburuaren 2020ko apirilaren 6ko Aginduaren arabera, zeinaren bidez neurriak hartzen baitira SND/232/2020 Agindua aplikatzeko (SND/232/2020 Aginduaren bidez, giza baliabideen eta bitartekoen arloko neurriak ezartzen dira COVID-19ak eragindako osasun-krisialdia kudeatzeko), eta maiatzaren 3ko SND/387/2020 Aginduari dagokionez Euskadik normaltasun berrirako trantsizioa dela eta egindako proposamenarekin bat etorriz, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Xedea.

1.– Agindu honen xedea da kasuak eta kontaktuak kontrolatu eta aztertzeko zaintza- eta kontrol-programaren giza baliabideen antolaketa-egitura definitzea, COVID-19 pandemiaren deskonfinamendu-fasean.

2.– Kasuak eta kontaktuak zaindu eta kontrolatzeko programaren egituran txertatuko dira giza baliabideok, programa indarrean dagoen bitartean.

Bigarrena.– Kudeaketaren erantzukizuna.

1.– Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak kudeatuko ditu kasuak eta kontaktuak, Osasun Sailaren lurralde-ordezkaritzen bidez. Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzan, kasuak eta kontaktuak aztertzeko Euskadiko arduradunak jardungo du, zuzendaritza horretako titularraren menpe, eta hark izendatuta.

2.– Osasun publikoaren hiru zuzendariordetzak arduradun horren menpe arituko dira funtzionalki, eta, lehengo menpekotasun organikoa galdu gabe, era koordinatuan aztertuko dituzte kasuak eta kontaktuak, lurralde-historikoei dagozkien erakunde sanitario integratuetan (ESI). Horretarako, ESIa hartuko da azterketa-unitatetzat, ikuspegi funtzionaletik.

Hirugarrena.– Egitura eta antolamendua.

1.– ESI bakoitzean, kasuak eta kontaktuak kudeatzeko eremuak egongo dira, agindu honen eranskinean definituta daudenak. Kudeaketa-eremu horietako bakoitzaren buru, familia- eta komunitate-erizaintzako profesional espezialista batek jardungo du, izen hau hartuko duena: «COVID-19a kudeatzeko erizaintzako langilea». Espezialitate horretako prestakuntza-programa ekainaren 17ko SAS/1729/2010 Aginduan argitaratu eta onartu zen (2010eko ekainaren 29ko BOE, 157. zk.).

Halako langileak ESI bakoitzaren gerentziako zuzendaritzaren menpe arituko dira, dagokien erizaintza-zuzendaritzaren bidez. Bestalde, COVID-19a kudeatzeko erizaintzako langileek Osasun Sailaren dagokion lurralde-ordezkaritzaren osasun publikoko zuzendariordetzen menpe jardungo dute.

2.– COVID-19ak eragindako osasun-krisialdia kudeatzeko giza baliabideen eta bitartekoen arloari buruz, honako hau dio SND/232/2020 Aginduaren 10.6 apartatuak: «neurri guztiak hartuko dira laguntza ematen edo prebentzio-, kontrol- edo jarraipen-baliabideak behar bezala erabiltzen laguntzeko, eta mailaz-maila aplikatuko dira, eskuragarri dauden giza baliabideak modu arrazionalean erabiliz; haurdunei ez zaie aplikatuko, ordea». Apartatu horrekin bat etorriz, beharrezko diren mekanismoak antolatuko dira, programa urgentziaz eta berehala hornitzeko behar diren giza baliabideez.

Horretarako, COVID-19a kudeatzeko erizaintzako langileak –hau da, familia– eta komunitate-erizain espezialistak– hautatzeko eta programan sartzeko aldi baterako estatutupeko langile gisa, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren 2011ko maiatzaren 9ko Erabakia bete beharko da, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko aldi baterako kontratazio-zerrendak egiten eta kudeatzen dituena; zehazki, erabaki horren hamazazpigarren apartatuan («Zerrenda berrien premia») ezarritakoa bete beharko da, bai era Administrazio Kontseiluaren 2011ko maiatzaren 9ko Erabakia, Aldi baterako horniketa-sistemak arautzen dituena ere.

3.– Dagokion ESIaren gerentziako zuzendaritzarekin sinatutako programa-kontratuak berariaz jasoko ditu figura horien garapena, bai eta haien eginkizunak, menpekotasun-maila eta finantzazioa ere, betiere aurreko puntuetan adierazitako arauekin bat etorriz.

Laugarrena.– Kasuak atzematea.

1.– Kontuan hartuta kasuak azkar atzematea osasun publikoko lehentasuna dela, polimerasaren kate-erreakzioko (PCR) testak modu sistematikoan egingo dira, honako egoera hauetan gutxienez:

a) Lehen mailako arretan (EAGak barnean direla), larrialdietako zerbitzuetan edo beste edozein asistentzia-eremutan asistentzia eskatzen duten pazienteak, maiatzaren 11ko SND/404/2020 Aginduaren 5. artikuluan jasotako egoeraren bat dela eta (SND/404/2020 Agindua, Normaltasun berri baterako trantsizio-fasean SARS-CoV-2aren infekzioaren zaintza epidemiologikoa egiteko neurriena).

b) Zentro soziosanitarioetako egoiliarrak, sintomatologia susmagarria dutenak.

c) COVID-19a izatearen susmagarriak, aurreko apartatuan jaso gabeko edozein egoera dela eta.

d) Prebentzio moduan, ospitaleratze guztietan egingo da COVID-19rako PCR testa, bai eta kirurgia handi anbulatorioko prozeduretan edo sedazioa behar duten prozedura diagnostikoetan edo terapeutikoetan.

2.– Sintomen bilakaeraren arabera, test serologikoek PCRak ordeztu ditzakete, hasierako adierazle diagnostiko gisa, unean-unean indarrean dauden protokoloekin bat etorriz.

Bosgarrena.– Diagnostikatutako kasuen kudeaketa.

COVID-19 eremuak kudeatzen dituzten erizaintzako langileen ardura izango da lehen mailako arreta-zerbitzuetan (bai eta etengabeko arreta guneetan ere) diagnostikatutako kasuak eta haien kontaktuak aztertzea.

Osasun publikoaren zuzendariordetzek kudeatuko dituzte sistema sanitarioan diagnostikatutako gainerako kasuak, epidemiologiako zerbitzu eta unitateen bitartez. Horretarako, asistentzia-eremuetako ESIetako prebentzio-medikuntzako profesionalei kasuak eta kontaktuak aztertzeko eginkizuna emango zaie nagusiki, eta osasun publikoko dagokion zuzendariordetzaren menpe jardungo dute. Alde horretatik, guardiako eta/edo lana antolatzeko txandak ezarriko dira, kasuak aste guztian aztertzen direla bermatzeko, jaiegunak eta asteburuak barnean direla.

Seigarrena.– Lan-eremuan kontaktuak aztertzea.

Lan-eremuan, Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeak koordinatuko du kontaktuen azterketa, kasuan kasuko prebentzio-zerbitzuen bidez, eta osasun publikoko dagokion zuzendariordetzarekin lankidetza estuan.

Zazpigarrena.– COVID-19a kudeatzen duten erizaintzako langileen eginkizunak.

Honako eginkizun hauek izango dituzte COVID-19a kudeatzeko erizaintzako langileek:

a) Egunero aztertzea lehen mailako arretan eskatutako proben emaitzak, dagokien jardun-eremuan (COVID-19aren kudeaketa-eremua).

b) Kasu eta kontaktuak aztertzea lehen mailako unitateetan (LMU), dagokion kudeaketa-eremuan.

c) Inkesta epidemiologikoa.egitea, zuzenean edo kasu eta kontaktuen azterketa egin den LMUen bidez.

d) Agindua ematea kasu eta kontaktuak etxean edo espazio alternatibo batean isola daitezen.

e) Kontaktu estuen kasuan PCR azterketa egiteko agintzea, eta emaitzen arabera jardutea.

f) Egunero jakinaraztea nolakoa den egoera epidemiologikoa epidemia kudeatzeko eremuan.

Zortzigarrena.– Aplikazioak.

Kasu eta kontaktuak aztertzeko, Go.Data aplikazioa ezarriko dute osasun publikoko zuzendariordetzek, pandemia egoki kontrolatzeko beharrezko jotzen duten lanpostuetan. Tresna hori baino ez da erabiliko kasu eta kontaktuak aztertzeko, eta, horretarako, osasun publikoko zuzendariordetzek erabiltzaileentzako prestakuntza eta aplikazioa behar bezala zabaltzea bermatu behar dute erizaintzako zuzendaritzekin eta, hala badagokio, zuzendaritza medikoekin lankidetzan.

Bederatzigarrena.– Informazioa helarazteko mekanismoak.

COVID-19ari buruzko informazioa tratatzeko, talde arduradun bat eratuko da, Osasun Publikoko zuzendariak izendatuta. Talde horrek datu-baseetan eskuragarri dagoen informazioa aztertuko du kasu eta kontaktuak eraginkortasunez kudeatzen etengabe laguntzeko. Hori guztia SND/404/2020 Aginduarekin bat etorriz egingo da (maiatzaren 11ko SND/404/2020 Agindua, Normaltasun berri baterako trantsizio-fasean SARS-CoV-2aren infekzioaren zaintza epidemiologikoa egiteko neurriena).

Hamargarrena.– Kasu eta kontaktuak kudeatzeko zuzendaritza-batzordea.

Koordinazio-egiturari koherentzia emateko, eta kasu eta kontaktuen kudeaketa zuzentzeko, zuzendaritza-batzorde bat eratzen da, kide hauek izango dituena:

a) Planaren arduraduna, Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendariak izendatuta.

b) Epidemiologiako aditu bat, Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendariak izendatuta.

c) Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Osasun Laguntzako zuzendariordea.

d) Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Erizaintzako zuzendariordea.

e) Osasun Saileko osasun publikoko hiru zuzendariordeak.

f) Barrualde ESIko arreta integratuko zuzendaria.

g) Erizaintzako zuzendaritzen hiru titular, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Osasun Laguntzako zuzendariak izendatuta.

h) Lehen Mailako Arretako estrategiaren koordinatzailea.

i) Lehen Mailako Arretako estrategiaren erizaintzako arduraduna.

j) Epidemiologiako aditu bat, Osasun Publikoko Zuzendaritzak izendatuta.

Hamaikagarrena.– Indarraldia.

Agindu hau indarrean egongo da, krisialdia dela-eta sektoreak koordinatzeko premia duen bitartean.

Hamabigarrena.– Garapena eta interpretazioa.

Osasuneko sailburuak emango ditu, bere jardun-eremuan, martxoaren 15eko SND/232/2020 Agjnduan xedatutakoaren eraginkortasuna bermatzeko beharrezkoak diren ebazpenak, xedapenak eta interpretazio-jarraibideak.

Hamahirugarrena.– Publikotasuna eta ondorioak.

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, eta onartzen den egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko maiatzaren 13a.

Osasuneko sailburua,

MIREN NEKANE MURGA EIZAGAECHEVARRÍA.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala

Euskadi, auzolana