Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

91. zk., 2020ko maiatzaren 15a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA AZPIEGITURA SAILA
1974

EBAZPENA, 2020ko apirilaren 30ekoa, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saileko Gipuzkoako lurralde-ordezkariarena, Previtasa SL (Previtek) sozietatea profesional baimenduak prestatzeko erakunde gisa onartzen duena, espezialitate honetan: «Portuko garabi mugikor autopropultsatuaren operadorea, 130 tonaraino, soilik portu-esparruko estibatze- eta desestibatze-lanetan».

Espediente zk.: EXA/2019/001.

AURREKARIAK

Bat.– Previtasa SL (Previtek) enpresak eskabide bat aurkeztu zuen Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren Gipuzkoako Lurralde Ordezkaritzan, profesional baimenduak prestatzeko erakunde gisa onartua izatea eskatzeko, espezialitate honetan:

– Portuko garabi mugikor autopropultsatuaren operadorea, 130 tonaraino, soilik portu-esparruko estibatze- eta desestibatze-lanetan, A kategoria.

Bi.– Eskabidearekin batera, industria-segurtasunaren arloko kualifikazio indibidualeko txartelak eta enpresa baimenduak arautzen dituen martxoaren 14ko 63/2006 Dekretuaren V. kapituluan aurreikusitako betekizunak eta baldintzak betetzen direla egiaztatzen duen dokumentazioa aurkeztu da. Zehazki:

Erakundearen identifikazio-datuak:

B20702502.

Previtasa SL (Previtek).

Ubarburu (Enertic eraikina) 39. zk., 1 lokala.

20014 Donostia (Gipuzkoa).

Eskabidearen xede den prestakuntza-ekintza zehatza emateko erakundeak dituen giza baliabideen deskribapena.

Garatu beharreko ikastaroak zehaztea, gai zerrenda, metodologia, antolaketa, praktiken kudeaketa eta aurreikusitako ebaluazio-sistemak zehaztuta.

Lankidetza-hitzarmena, Sobrinos de Manuel Camara SA eta Estibadora Algeposa SA zamalanetako enpresekin, prestakuntzaren zati praktikoa beraiek dituzten portu-esparruko emakidetan eta makineriarekin egiteko.

Hiru.– Baimen honen xede den prestakuntzaren espezifikotasuna dela eta, honako gogoeta hauek egiten dira:

Prestakuntza honen helburua da portuko garabi mugikorreko operadore autopropultsatuaren txartela lortzea 130 tonara arte.

Ikastaroak portuetako zamaketa- eta desestibatze-enpresetako langileei bakarrik zuzenduta daude.

A kategoriako txartelerako adierazitakoan oinarritzen da, 837/2003 Errege Dekretuaren arabera (jasogailu eta mantenurako gailuen Erregelamenduaren «MIE-AEM-4» jarraibide Tekniko Osagarriaren testu aldatu eta bategin berria onartzen duena) garabi mugikor autopropultsatuei dagokienez.

Aurkeztutako memorian zehazten da ez dela mendian edo lur orotan gidatzeari buruzko prestakuntzarik emango, kasu honetan ez baita bidezkoa.

Aurkeztutako memorian zehazten da portu-esparruan zamalanetan egiten diren maniobren eduki teoriko eta praktiko espezifikoak sartu direla.

Lau.– Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren Gipuzkoako Lurralde Ordezkaritzako zerbitzu teknikoek egiaztatu dute betetzen dituztela martxoaren 14ko 63/2006 Dekretuak, industria-segurtasunaren arloko kualifikazio indibidualeko txartelak eta enpresa baimenduak arautzen dituenak, ezarritako betekizunak.

Espedientea ebazteko, ondoren zehazten diren hauek kontuan hartu eta aipatu behar dira:

OINARRI JURIDIKOAK

Bat.– Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saileko Gipuzkoako lurralde-ordezkaria da ebazpen hau hartzeko organo eskuduna, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 74/2017 Dekretuak xedatutakoaren arabera.

Bi.– Espedientea martxoaren 14ko 63/2006 Dekretuak, industria-segurtasunaren alorrean norbanakoaren prestakuntzako txartelak eta enpresa baimenduak arautzeko denak, xedatutakoaren arabera izapidetu da.

Hiru.– Egiaztatuta geratu da Previtasek baduela edo eskura dituela 63/2006 Dekretuaren 22. artikuluan ezarritako instalazioak, eta instalazio horiek Gipuzkoako Lurralde Historikoan daudela. Era berean, dekretu horren 25. artikuluan ezarritakoa betez, erakunde eskatzaileak eskatutako prestakuntzari buruzko dokumentazio nahikoa aurkeztu du, eta behar bezala justifikatu ditu, halaber, ikastaroak emateko erakundeak dituen giza baliabideak.

Lau.– Egiaztatu da erakunde eskatzaileak betetzen dituela 837/2003 Errege Dekretuaren VII. eranskineko 5. puntuan jasotako baldintzak, garabiak eta behar diren baliabide teknikoak edukitzeari buruzkoak (837/2003 Errege Dekretua, ekainaren 27koa, garabi mugikor autopropultsatuei dagokienez, jasogailuen eta mantentze-gailuen araudiko «MIE AEM 4» jarraibide tekniko osagarriaren testu aldatua eta bateratua onartzen duena).

Bost.– Industria, Merkataritza eta Turismoko sailburuaren 2006ko apirilaren 10eko Aginduak, industria-segurtasunaren arloko kualifikazio indibidualeko txartelak eta enpresa baimenduak arautzen dituen martxoaren 14ko 63/2006 Dekretua garatzen duenak, I. eranskinean banakako kualifikazioko txartelaren kategoriak ezartzen baditu ere, kasu honetan, grua mugikor autopropultsatuaren A kategoria arlo berezi honetara egokitzea honako hauetan oinarritzen da:

– Portu-esparruan, zamalanak, hau da, estibatzeko eta desestibatzeko erabiltzen diren makinen espezifikotasuna; izan ere, oso mugikortasun gutxiko garagi mugikor autopropulsatuak dira, esparru horren barruan soilik eta portuko poliziaren zaintzapean, merkataritzako ontziei egokitutako tresnekin.

– Portu-esparruan, zamalanetan egiten diren lanen eta maniobren espezifikotasuna.

– Portu-esparruaren barruko estibatze- eta desestibatze-lanetan aplikatzekoak diren merkataritza-itsasketako arauen espezifikotasuna.

– Agindu hau 2006. urtean argitaratu zenetik industriaren munduan gertatu diren aldaketa handiak, eta eguneratzea prestatzen ari direla jakitea, industria-segurtasunak gaur egun dituen beharretara egokitzeko, ebazpen honi eragiten diotenak barne.

Sei.– Martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarriak, Covid-19ak eragindako osasun-krisiaren egoera kudeatzeko alarma-egoera deklaratzen duenak (2020ko martxoaren 14ko BOE, 67. zk.), administrazio-prozeduren epeak eten baditu ere, 4. zenbakian honako hau adierazten du: «Aurreko zenbakietan xedatutakoari kalterik egin gabe, errege-dekretu hau indarrean jartzen denetik, Sektore publikoak erabaki ahal izango du, arrazoiak emanda, alarma-egoera justifikatzen duten gertakariekin lotura estua duten egoerei dagozkien administrazio-prozedurekin jarraitzea, edo interes orokorra babesteko edo langileen oinarrizko funtzionamendurako ezinbestekoak diren prozedurekin jarraitzea».

Ebazpen honen kasuan, langile garabilarien prestakuntza ahalbidetu nahi da, ezinbestekoa baita funtsezko zerbitzu bat, Pasaiako portuan estibatzea eta desestibatzea, operatibo mantentzeko. Gaur egun, ez dago baimendutako erakunderik autonomia-erkidegoko portu-esparruan autopropultsatutako garabi mugikorren operadoreak prestatzeko.

Aipatutako lege-aginduak eta, oro har eta bereziki aplikatu beharreko beste batzuk aztertuta,

EBAZTEN DUT:

1.– Previtasa SL (Previtek) profesional baimenduak prestatzeko erakunde gisa onartzea, espezialitate honetan:

– 130 tona arteko portuko garabi mugikor autopropultsatuaren operadorea, soilik portu-esparruan estibatze- eta desestibatze-lanetan jarduteko, A kategoria.

Berariazko txartel hau duen eta portu-esparrutik kanpo autopropultsatutako garabi mugikorren esparruan lan egin nahi duen edozein pertsonak dagokion ezohiko ikastaroa eta/edo osagarria gainditu beharko du A eta/edo B kategoriako garabi mugikorreko txartel autopropultsatua lortzeko.

2.– Previtasa SL (Previtek) Profesional Baimenduak Prestatzeko Onartutako Erakundeen Erregistro Berezian inskribatzea, erregistro-zenbaki honekin: ERF-122.

3.– Portuko garabi autopropultsatuen espezifikotasuna dela eta, hau da, oso mugigarritasun txikia dutenez portu-esparruaren barruan soilik eta erabilera-bizitza luzea dutenez, Previtasa SL (Previtek) ikastaroak egiteko eskabidean, erabiliko dituen garabia edo garabiak zehaztu beharko ditu, ezaugarri eta mantentze-egoera/ikuskapen guztiekin, bai eta aurreikusitako segurtasun-neurri osagarriak ere.

4.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea agintzea.

Ebazpen honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahalko zaio Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saileko Zerbitzu zuzendariari, ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 122. artikuluan xedatutakoaren arabera.

Donostia, 2020ko apirilaren 30a.

Lurralde-ordezkaria,

JOAKIN TELLERIA AGIRREZABALA.


Azterketa dokumentala