Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

89. zk., 2020ko maiatzaren 13a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

TURISMO, MERKATARITZA ETA KONTSUMO SAILA
1969

AGINDUA, 2020ko apirilaren 30ekoa, Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuarena, zeinaren bidez arautzen baitira Turismoa Merkaturatzeko eta Sustatzeko 2020. urteko laguntzak (TMS programa), eta horien deialdia iragartzen.

Eusko Jaurlaritzako turismo-arloak hazkunde turistiko eutsi eta iraunkorreko eredu bat du xede, hiru alderditan: soziala, ekonomikoa eta ingurumenekoa.

Eredu horrek, aldi berean, bat egiten du Euskal Turismoaren 2030era begirako ikuspegi estrategikoarekin, zeinek lortu nahi baitu sustatzea Europan erreferente izango den bikaintasuneko eta espezializazioko helmuga turistiko gisa garatzea EAE.

Horretarako, funtsezkoa da gako-printzipio batzuk ezartzea, EAEko turismo-eragile guztiek erantzukizuna eta jasangarritasuna integra ditzaten eguneroko jardunean, errespetutik eta elkar ulertzeko ekarpenetik abiatuta oinarrizko printzipio gisa, eragile guztien eta gizartearen konpromisoa helburu komun bat erdiesteko: turismo jasangarri eta arduratsua lortzea.

Printzipio horiek Euskadiko Turismoaren Kode Etikoan –Munduko Kode Etikoaren egokitzapena EAEko turismoaren errealitatera– jasota daude, eta Garapen Jasangarrirako 2030 Agendan, Turismorako Munduko Kode Etikoan eta Turismo Iraunkorraren Munduko Gutunean (ST+20) ezarritako garapen jasangarrirako 17 helburuen arabera antolatzen dira. Printzipio horien helburua da identifikatzen gaituzten balioak berezko baliabide bihurtzea, gure garapen turistikoa era lehiakorrean ulertu eta garatzeko.

Hots, bisitatzen gaituzten pertsonentzat ez ezik, natura- eta kultura-ingurunearentzat, euskal herritarrentzat eta bertako enpresa-sarearentzat ere balioa sortuko duen garapen turistikoa. Turistak gogobetetzea izan behar da erronka, bertako biztanleentzako ongizatea sortzeaz eta EAEko industria turistikoaren lehiakortasuna hobetzeaz gain.

Lehiakortasunaren hobekuntza horrek zeharkakotasunera garamatza, hau da, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saileko arlo guztiek proiektu komun batean lan egitera. Ildo horretan, Saila proiektu aitzindari baten buru da, hots, erosketa-turismo arduratsua, zeinak helmuga turistikoen kudeaketa arduratsuaren ideia gehitzen baitio erosketa-turismo klasikoaren kontzeptuari.

Proiektu horri Munduko Turismo Erakundeak (OMT) eman zion abala, joan den urtarrilaren 22an elkar ulertzeko memorandum bat sinatuta, eta haren helburua da ekosistema bat ezartzea, turismoaren eta merkataritzaren arteko sinergiak barne hartuko dituena, bidaiariari esperientzia bakar eta desberdin bat eskaintzeko premisarekin helmuga turistiko horretan baino egiten ez diren produktuak ezagutu eta eskuratzeko: tokiko sormen-industriak, kultura-industriak, artisau-industriak, gastronomia-industriak eta txikizkako negozioak. Azken batean, ikuspegi berri bat da, tokiko industriak erosketa-turismoaren barruan sartzen dituena eta lurralde bateko kultura-balioak nazioartean sustatzen dituena.

Bestalde, lanean jarraitu behar da Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko 2017-2020 Plan Estrategikoan eta hura garatzen duten dokumentuetan identifikatutako ardatzetan, hots, Euskal Turismoaren Gida Planean, zeinak, aldi berean, EAEko turismoaren 2017-2020 Marketin Plana jasotzen baitu. Honako formulazio honetan laburbiltzen dira ardatz horiek: hazkunde turistiko sendoa, enplegu gehiago eta hobea duena.

Aipatutako ardatz estrategikoaren barruan, bi helburu edo konpromiso estrategiko hauetan kokatzen da turismoa merkaturatzeko eta sustatzeko laguntza-programa hau: euskal jarduera turistikoaren bikaintasuna eta jasangarritasuna sustatzea, eta EAEko «Euskadi Basque Country» marka turistikoa.

Helburu horiek lortzeko, aipatutako marketin planean lehentasunezkotzat jotako eskari-segmentuetara zuzendu beharko dira sustapen-jarduketak, hala nola, enogastronomia, familia-turismoa, ibilbideak, ihesaldiak, kultura-ekitaldiak, industria-turismoa, natura-abentura, ekoturismoa, eguzkia eta hondartza eta landa-turismoa. Horrekin batera, helmuga gisa ditugun elementu bereizgarriak bultzatzen jarraituko dugu, eta «Euskadi Basque Country» bikaintasunaren eta espezializazioaren balioei lotutako marka turistiko gisa proiektatzen laguntzen duten jarduketak sustatuko ditugu; hori guztia, erakunde-arteko koordinazio-estrategia batean kokatuta, baita turismo-sektorean jarduerak garatzen dituzten eragile publiko eta pribatuekin batera ere.

Covid-19aren hedapenak eragindako krisia bat-batean sortu da laguntza-programa honen izapidetze prozesuan. Testuinguru horretan euskal turismo-sektoreari laguntzeko hasitako prozedurarekin jarraitzeko beharrari Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren estrategiarekin lerrokatzeko betebeharra gehitu behar zaio, sektoreko eragileekin elkarlanean krisiari erantzun partekatu bat emateko.

Covid-19ak sektorean eragin dituen ondorioak leuntzeko, programa hau egungo konfinamenduaren ondorengo fasean kokatzen da, eta suspertze ekonomikoa eta jarduera berriz bultzatzea bilatzen du. Pandemiaren hedapenaren berehalako ondorioak arintzera bideratutako gainerako premiazko laguntzen osagarri gisa planteatzen da, eta Sailak diseinatutako bi aldiko estrategiaren zati bat da.

Horrela, bada, azaldutako konpromiso estrategikoak lortzeko tresna izan nahi du dirulaguntza-programa honek, turismo-proiektu lehiakor, arduratsu eta jasangarrien garapena sustatzeko, helmuga gisa ditugun baliabide bereizgarriak bultzatzeko eta «Euskadi Basque Country» marka turistikoa proiektatzen lagunduko duten jarduketei laguntzeko. Horretarako, helburu hauek ezarri dira:

1.– EAEn garatzen diren eta 2020an saltzeko prest egongo diren produktu eta esperientzia turistikoak sortzen, abiarazten, sustatzen eta merkaturatzen laguntzea.

2.– EAEn egindako kultura-, gastronomia- eta kirol-ekitaldiei laguntzea, baldin eta Espainian eta nazioartean proiekzioa badute eta turismo-posizionamendua sendotzen eta ostatu-gauen kopurua handitzen laguntzen badute.

Eskumenen ikuspuntutik, Turismoaren uztailaren 28ko 13/2016 Legearen 5.1.e) artikuluan, EAEko turismo-administrazioari esleitzen zaio turismo-eskaintza sustatu eta bultzatzeko neurri egokiak hartzeko eskumena, beste administrazio eta organismo batzuekin koordinatuta, eta haren 5.2 artikuluan adierazten da Eusko Jaurlaritzan turismo-arloko eskumena duen organoak gauzatuko duela eskumen hori.

EAEko Administrazioaren egungo egiturarekin bat etorriz eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuaren 13.1.a) artikuluaren arabera, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailari dagozkio turismo-arloko eskumenak.

Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasuna Antolatzeko Printzipioei buruzko Legearen testu bateginaren 51.2 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartu zuen testu bategin hori), Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak du laguntza-programa hau onartzeko ahalmena.

Azkenik, 2020ko ekitaldirako Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorretan aurreikusitako aurrekontu-kreditu nahikoa dauka laguntza-programa honek, eta Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren Dirulaguntzen Plan Estrategikoan dago jasota (Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak onartua, 2020ko otsailaren 3ko Aginduaren bidez).

Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea eta helburua.

1.– Agindu honen xedea da EAEko produktu eta esperientzia turistikoak diseinatu, abiarazi, sustatu eta merkaturatzen laguntzen duten proiektuen garapena sustatzeko laguntzak arautzea eta laguntza horien deialdia egitea, eta EAEren turismo-posizionamendua sendotzen laguntzen duten ekitaldiak bultzatzea.

2.– Diruz lagunduko dira xede hauek dituzten jarduketak:

A) EAEn garatzen diren eta 2020an saltzeko prest egongo diren produktu eta esperientzia turistikoak sortu, abiarazi, sustatu eta merkaturatzen laguntzea.

B) EAEn egindako kultura-, gastronomia- eta kirol-ekitaldiei laguntzea, baldin eta Espainian eta nazioartean proiekzioa badute eta turismo-posizionamendua sendotzen eta ostatu-gauen kopurua handitzen laguntzen badute.

3.– Itzuli beharrik gabeko dirulaguntzen bidez gauzatuko dira laguntzok.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak eta laguntzak emateko prozedura.

1.– 717.000 euroko baliabide ekonomikoak bideratuko dira laguntza hauetara, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan horretarako ezarritako aurrekontu-kredituetatik hartuko dira, zeinak Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorretan jasota baitaude.

2.– Onartutako laguntza guztiak aldi berean esleituko dira, egintza bakarrean, lehiaketa-teknika erabili gabe; izan ere, programa honen helburua da laguntzak ematea onuradun izateko agindu honetako eskakizunak betetzen dituen erakunde orori, baldin eta sasoiz eta behar bezala egin badituzte eskabideak. Horretarako, baldin eta programa finantzatzeko erabili beharreko aurrekontu-zenbatekoak ez badira nahikoak egindako eskabideei agindu honen 6. artikuluan ezarritako zenbateko eta ehunekoetan aurre egiteko, eskabideen artean hainbanatuko da laguntza, eta, hori kalkulatzeko, 6. artikuluan adierazitakoaren arabera teorian jaso beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa hartuko da oinarri.

3. artikulua.– Definizioak.

Agindu honen ondorioetarako, honela ulertuko dira jarraian datozen definizioak:

1.– EAEko Turismoaren 2017-2020 Marketin Plana: Euskal Turismoaren 2030era begirako ikuspegi estrategikoan oinarrituta egindako dokumentua; dokumentu hori 2017-2020 Gida Planean zehazten da epe laburrerako, eta irizpide hauen arabera lehentasunezkotzat jotzen diren eskari-segmentuak identifikatzen ditu: produktu mota, bezero-tipologia, bidaiaren arrazoia eta merkatuak.

http://www.euskadi.eus/contenidos/tramita_plandep/planmarketingturismo20172020/es_def/adjuntos/DoPMTV%202017-20%20WEB.pdf

2.– Produktu turistikoa: turismo-erabilerarako eta -gozamenerako egituratuta dauden baliabide edo zerbitzu nagusiak eta osagarriak, zeinetan jarduketa bat edo batzuk egin baititzakete erabiltzaileek.

3.– Esperientzia turistikoa: bisitatzen gaituenari esperientzia gogoangarriak sortzeko diseinatutako jarduketa da, bere egonaldian zehar gozatu ahal izango duena eta EAE helmuga turistiko gisa bereizten duten elementuak bultzatzen lagunduko duena.

4. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Honako hauek izan daitezke programa honetan aurreikusitako dirulaguntzen erakunde onuradunak:

1) Zerbitzu turistikoak eskaintzen dituzten edo sektore turistikoan eragina duten mikroenpresak eta enpresa txiki eta ertainak (ETE) edo horien arteko elkartzeak.

Mikroenpresak eta enpresa txiki eta ertainak (ETE) dira 250 pertsona baino gutxiagori lana ematen dieten enpresak eta gehienez ere 50 milioi euroko urteko negozio-bolumena dutenak, edo gehienez ere 43 milioi euroko urteko balantze orokorra dutenak.

Arestian adierazitakoaren beste edozein interpretazio egiteko, mikroenpresen eta enpresa txiki eta ertainen definizioari buruz Batzordeak maiatzaren 6an emandako 2003/361/EE Gomendioan (2003ko maiatzaren 20ko EBAO, L 124) ezarritakoa hartuko da kontuan, edo hura ordezten edo aldatzen duten xedapenek ezarritakoa.

2) Irabazi-asmorik gabeko elkarte, fundazio eta entitateak, baldin eta turismoa sustatzeko eta merkaturatzeko jarduketak badaude sozietate horien xedeen artean.

2.– Halaber, onuradun izateko, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 13. artikuluan jasotako eta agindu honetan ezarritako eskakizunak bete beharko dituzte pertsona edo erakundeek.

a) Ez kondenatuak izatea dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarren epai irmo batez, delitu hauetakoren bat egiteagatik: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoen erabilera bidegabea, eragimen-trafikoa, iruzurrak eta legez kanpoko ordainarazpenak edo hirigintza-delituak.

b) Ez eskatu izana borondatezko konkurtsoa deklaratzeko, prozeduraren batean kaudimengabe ez deklaratu izana, ez egotea konkurtsoan deklaratuta (konkurtso horretan hitzarmen batek eraginkortasuna hartzen duen kasuan izan ezik), ez egotea esku-hartze judizialaren mende, edo ez desgaitu egotea Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera, konkurtsoa kalifikatzeko epaian ezarritako desgaitze-aldia bukatu gabe dagoelarik.

c) Kausaren batean errudun deklaratuak izateagatik, administrazioarekin egindako kontraturen bat suntsiarazteko ebazpen irmorik eman ez izana.

d) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean beteta izatea.

e) Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta izatea, erregelamenduz zehaztu denarekin bat etorriz.

f) Ez izatea agindu honek edo beste legeren batek ezarritakoaren arabera dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen administratibo edo penal irmorik, ezta horretarako legezko inolako debekurik ere, sexu-bereizkeriagatiko debekuak barne, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean xedatutakoarekin bat.

g) Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenak ez egotea Kargu publikodunen jokabide kodea eta haien interes gatazkak arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legeak ezarritako kasuren batean, edo ez izatea Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapen bidezko karguren bat, horietan ezarritako baldintzetan.

h) Elkarteen kasuan, ez egotea Elkartzeko Eskubidea Arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 4. artikuluko 5. eta 6. apartatuetan aurreikusitako debekuen kausetan nahasita, edo ez eten izana inskribatzeko administrazio-prozedura ez-zilegitasun penalaren zentzuzko zantzuak egoteagatik, 1/2002 Lege Organikoaren 30.4 artikuluan xedatutakoa aplikatuz, betiere ebazpen judizial irmorik ematen ez bada, haren arabera kasuan kasuko inskripzioa egin ahal izango baita dagokion erregistroan.

i) Berariazko elkarte-araubide baten mendeko elkarteen kasuan, hala nola enpresa-elkarteen kasuan, zein bere erregistroan inskribatuta egotea, aplikatu beharreko araudiaren arabera.

3.– Laguntzaren erantzukizunpeko adierazpenean justifikatuko da aipatutako eskakizunak betetzen direla.

4.– Automatikoki egiaztatuko du organo kudeatzaileak ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko obligazioak bete diren ala ez, laguntza eman aurretik, eta bai ordainketa-proposamena egin aurretik ere; azken kasu horretan, betiere, laguntza eman zenetik hara 3 hilabete igaro ostean, eta ondorengo ekitaldi baten egiten bada ordainketa. Hala ere, erakunde eskatzaileak egiaztapen horren aurka egin ahal izango du berariaz, eta, kasu horretan, egoera hori egiaztatzen duten ziurtagiri eguneratuak aurkeztu beharko ditu.

5.– Erakunde onuradunek legez eskatzen diren eskakizunak bete beharko dituzte beren jarduketa gauzatzeko eta agindu honetako dirulaguntza jasotzeko aurkezten dituzten jarduketak egiteko.

5. artikulua.– Baztertutako erakundeak.

Honako hauek baztertuta daude laguntzen programa honetako erakunde onuradun izatetik:

a) Udal- edo eskualde-mailako nahiz eskualdez gaindiko turismo-lankidetzako erakunde gisa jarduten diren erakunde publiko edo pribatuak, eta berezko pertsonalitate juridikoa duten sozietate publikoak, udalen, foru-aldundien edo Eusko Jaurlaritzaren mende daudenak edo haiekin lotura dutenak.

b) Kirol-federazioak, kirol-klubak eta kirol-elkarteak.

6. artikulua.– Jarduketak, gastu diruz lagungarriak eta laguntzen zenbatekoak.

1.– Diruz lagungarriak dira 2020ko ekitaldian proiektu tipologia hauek garatzeko egiten diren jarduketak:

A) Produktu eta esperientzia turistikoak sortu, abiarazi, sustatu eta merkaturatzea.

Apartatu honetan, EAEn garatutako ekimenak babestuko dira, proiektu turistiko lehiakorrak, arduratsuak eta jasangarriak garatzen laguntzen dutenak, baita helmuga gisa bereizgarri egiten gaituzten eta 2020an saltzeko prest egongo diren baliabideak sustatzen dituztenak ere.

A.1.– Gastu eta jarduketa diruz lagungarriak:

a) Produktu eta esperientzia turistikoak sortu eta abiaraztea. Kontzeptu horretan onartuko dira marka sortu eta erregistratzearekin, irudi korporatiboaren diseinuarekin eta proiektua abian jartzeko beharrezkoak diren aurretiazko azterlanekin lotutako gastuak, hala nola bideragarritasun- eta jasangarritasun-azterlanak.

b) Komunikazio-euskarri grafikoak eta ikus-entzunezkoak prestatzea. Kontzeptu horretan onartuko dira gastu hauek: diseinu grafikoa, liburuxkak eta kartelak egitea, flyer-ak, argazki- eta filma-bankuak, eta bideoak.

c) Online sustapena eta merkaturatzea. Kontzeptu horretan onartuko dira gastu hauek: web-orriak sortu edo eguneratzea, landing pages, SEO bilatzaileetan posizionamendua hobetzeko ekintzak, email marketina, bloga eta sare sozialak. Baita bisitak egitea errazten duten eta esperientzia turistikoa optimizatzen duten sakelako gailuetara egokitzea ere.

d) Harrera egitea produktu eta esperientzia turistikoak Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo sustatzen eta merkaturatzen laguntzen duten turoperadoreei, kazetariei eta influencer-ei, xede-talde bati zuzentzen zaizkielako edo xede-publiko batek jarraitzen dituelako. Kontzeptu horretan onartuko dira gonbidatutako pertsonen bidaia-, ostatu- eta mantenu-gastuak.

e) Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak Basquetour-Turismoaren Euskal Agentziaren bidez antolatutako edo koordinatutako sustapen-jarduketetan parte hartzea. Kontzeptu horretan onartuko dira erakunde eskatzaile bakoitzeko pertsona baten bidaia-, ostatu- eta mantenu-gastuak, parte hartzen duen jarduketa bakoitzeko.

f) Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak parte hartzen ez duen sustapen-jarduketetan parte hartzea, Basquetour-Turismoaren Euskal Agentziaren bidez, EAEko Turismoaren 2017-2020 Marketin Planean lehentasunezkotzat jotzen diren merkatuetan, bai nazioarteko merkatuan (Alemania, Frantzia, Erresuma Batua, Italia, AEB, herrialde nordikoak, Herbehereak) bai Espainiakoan (Madril, Katalunia, EAE, Andaluzia, Gaztela Leon, Valentziako Erkidegoa). Kontzeptu horretan onartuko dira erakunde bakoitzeko pertsona baten bidaia-, ostatu- eta mantenu-gastuak, parte hartzen duen jarduketa bakoitzeko, baita, hala behar denean, zorua alokatzeari, standari eta material-garraioari dagozkien gastuak ere.

A.2.– Laguntzen zenbatekoa:

1) Onartutako gastuaren % 60, eta 20.000 euro gehienez erakunde onuradun bakoitzeko, baldin eta proiektua bat badator EAEko Turismoaren 2017-2020 Marketin Planean lehentasunezkotzat jotako segmentuekin, hala nola, enogastronomia, irtenaldiak, ibilbideak, bilerak, euskal kostaldea, natura, kultura, familia-turismoa eta erosketa-turismo arduratsua. Lurralde Historikoan edo Euskal Autonomia Erkidegoan bertan jarduten duten turismo-enpresa elkarteen kasuan, 40.000 eurokoa izango da gehieneko zenbatekoa.

2) Onartutako gastuaren % 60, eta 15.000 euro gehienez erakunde onuradun bakoitzeko, baldin eta proiektua bat ez badator lehenago aipatutako segmentuekin. Lurralde Historikoan edo Euskal Autonomia Erkidegoan bertan jarduten duten turismo-enpresa elkarteen kasuan, 35.000 eurokoa izango da gehieneko zenbatekoa.

B) Espainian eta nazioartean proiekzioa duten ekitaldiei laguntzea.

Apartatu honetan hartuko dute oinarri Espainian eta nazioartean proiekzioa duten kultura-, gastronomia- eta kirol-jarduketak antolatzen dituzten elkarte, fundazio eta enpresa antolatzaileek EAEn egindako ekitaldiek, baldin eta laguntzen badute EAEren turismo-posizionamendua sendotzen eta ostatu-gauen kopurua handitzen.

Ez dira hemen sartuko herrietako urteko jaien barruan egiten diren ekitaldiak eta tokiko herri-ekitaldiak, ezta azokak eta erakusketak ere.

Apartatu honen ondorioetarako, ekitaldia egiteak dakartzan zeregin guztiez arduratu beharko du erakunde onuradunak, hots, ekitaldia antolatzeko, gauzatzeko, sustatzeko eta merkaturatzeko lanez.

Ekitaldiek honako eskakizun hauek bete beharko dituzte:

– Herritar guztientzat irekita egotea oro har.

– Ekitaldira bertaratzeko aukerarekin batera, ostatua eta bestelako turismo-zerbitzuak ere eskaintzea.

B.1.– Gastu eta jarduketa diruz lagungarriak:

a) Komunikazio-euskarri grafikoak eta ikus-entzunezkoak prestatzea. Kontzeptu horretan onartuko dira gastu hauek: marka sortzea, diseinu grafikoa, liburuxkak eta kartelak egitea, flyer-ak, argazki- eta filma-bankuak, bideoak, irratiko iragarkien grabaketa eta lokuzioa. Baita berariaz ekitaldia sustatzera bideratutako merchandising-a ere.

b) Komunikazio-estrategiak: online (web-orriak sortu edo eguneratzea, landing page-ak, SEO bilatzaileetan posizionamendua hobetzeko ekintzak, email marketina, bloga eta sare sozialak) eta offline (telebistan, idatzizko hedabideetan, irratian eta interneten sustatzeko gastuak), Euskal Autonomia Erkidegoan eta handik kanpo oihartzuna dutenak.

c) Harrera egitea ekitaldia Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo sustatzen eta merkaturatzen laguntzen duten turoperadoreei, kazetariei eta influencer-ei, xede-talde bati zuzentzen zaizkielako edo xede-publiko batek jarraitzen dituelako. Kontzeptu horretan onartuko dira gonbidatutako pertsonen bidaia-, ostatu- eta mantenu-gastuak.

d) Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak Basquetour-Turismoaren Euskal Agentziaren bidez antolatutako edo koordinatutako sustapen-jarduketetan parte hartzea. Kontzeptu horretan onartuko dira erakunde eskatzaile bakoitzeko pertsona baten bidaia-, ostatu- eta mantenu-gastuak, parte hartzen duen jarduketa bakoitzeko.

e) Ekitaldiaren sustapena bultzatzen duten Euskal Autonomia Erkidegoaz kanpoko sustapen-ekintzak: ferietan parte hartzeko gastuak, jardunaldiak edo xede-publikoari bideratutako bestelako ekintzak. Kontzeptu horretan onartuko dira, parte-hartze kuotaz gain, erakunde eskatzaile bakoitzeko pertsona baten bidaia-, ostatu- eta mantenu-gastuak, parte hartzen duen jarduketa bakoitzeko.

f) Ekitaldiaren antolaketatik eratorritako bestelako gastuak: instalazioak muntatzea eta ekipamenduen alokairua.

B.2.– Laguntzen zenbatekoa:

1) Onartutako gastuaren % 50, eta gehienez 15.000 euro erakunde onuradun bakoitzeko.

2) Onartutako gastuaren % 50, eta gehienez 25.000 euro erakunde onuradun bakoitzeko, baldin eta egiaztatzen bada lankidetza-hitzarmen bat dagoela bidaia-agentzia batekin hura merkaturatzeko.

2.– Komunikazio-euskarri grafikoen eta ikus-entzunezkoen prestaketari, sustapenari, merkaturatzeari eta online eta offline komunikazio-estrategiak egiteari buruzko jarduketa guztietan, Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren lankidetza aipatu beharko da, Sailaren logoa eta Euskadi Basque Country marka turistikoa txertatuta. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan «Nire karpeta» aplikazioaren bidez eskatu beharreko erabilera-eskuliburuaren arabera egingo dira bi aipamen horiek: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

3.– Web-orriak sortu edo eguneratu, nabarmen garatu eta hobetuz gero, erakunde onuradunak banner bat jarri beharko du bere web-orrian, www.euskaditurismo.eus turismo-atariarekin estekatzeko.

4.– Gastu onargarritzat hartuko da zenbatekoaren balio garbia, hau da, Balio Erantsiaren gaineko Zerga kendu ostean geratzen dena.

5.– Baldin eta proiektuak beste autonomia-erkidego batzuetako baliabide edo zerbitzu turistikoak eskaintzen baditu, EAEri dagokion gastua onartuko da soilik, eta eskabidean xehatu beharko da gastu bakoitzari dagokion ehunekoa.

6.– Gastu diruz lagungarriak eskuratzeko kostua ezin izango da inola ere merkatuko balioaren gainetikoa izan.

7.– Hauek ez dira diruz lagunduko:

a) Inbertsio-gastuak.

b) Informatikako ekipamendua eskuratzea.

c) Web-orria eta sare sozialak erregistratu, mantendu eta ostatatzeko («hosting»a) gastuak.

d) Erakunde eskatzailearen langile-gastuak eta gastu arruntak.

e) Balio Erantsiaren gaineko Zerga, berreskuratu edo konpentsatu daitekeenean, tasak eta bestelako zergak.

f) Aseguruak.

g) Gonbidapenak, bazkariak eta bestelakoak, salbu eta eskabidean justifikatuta badago beharrezko gastuak direla jarduketa gauzatzeko.

h) Erakunde eskatzailearen sustapen- eta merkaturatze-gastuak.

i) Sarien gastuak (zuzkidura ekonomikoa, trofeoak eta dominak) eta opariak.

j) Garbiketa- edo tresneria-gastuak sustapen-ekintzetan.

8.– Dirulaguntzaren xede diren jarduketa guztiak azpikontratatu ahal izango dira, betiere, honako hauek aplikatuta: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 29. artikuluan eta lege horren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 68. artikuluan xedatutakoa.

7. artikulua.– Beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

1.– Agindu honen bidez araututako laguntzak bateragarriak izango dira beste erakunde edo organismo batzuek emandako beste edozein laguntzarekin, salbu eta Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak xede berarekin kudeatutako hitzarmen, babes edo beste laguntza-aginduen bidez ematen diren laguntzekin.

2.– Agindu honen babesean emandako laguntzaren zenbatekoak, beste erakunde edo organismo batzuen laguntza edo dirulaguntzekin batera, ezin izango du inola ere gainditu diruz lagundutako jarduketaren kostua. Ondorio horietarako, diruz lagundutako jarduketaren kostutzat hartuko da aurkeztu eta onartutako, eta, hala badagokio, justifikatutako gastu guztiak.

3.– Gainfinantzaketarik gertatuz gero, agindu honen 13.7 artikuluan aurreikusitakoaren arabera emandako laguntzari dagokion soberako kopurua kenduko zaio.

4.– Agindu honetan ezarritako laguntzek Batzordearen abenduaren 18ko 1407/2013 Erregelamenduan (EE) ezarritako minimis arauak errespetatuko dituzte. Hain zuzen ere, erregelamendu hori Europar Batasunaren funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari dagokio.

Europar Batasunak ezarritakoa oinarri hartuta, enpresa batek ezin izango du 200.000 euro baino gehiagoko laguntza jaso minimis erregelamenduaren arabera, kontzeptua zeinahi dela ere, laguntza eskatzen duen ekitaldiaren aurreko bi ekitaldi fiskaletan eta indarrean dagoen ekitaldi fiskalean.

Muga hori gaindituz gero, programa honi jarraikiz emandako laguntzaren zenbatekoa gutxitu egingo da, soberako kopurua kenduta.

8. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Eskabideak aurkezteko epea agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharmunean hasiko da, eta martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren (Covid-19ak eragindako osasun-krisiaren egoera kudeatzeko alarma-egoera deklaratzen duena) hirugarren xedapen gehigarrian ezarritako administrazio-epeen etendurak indarra galdu eta biharamunetik hilabete igarotzen denean amaituko da.

2.– Erakundeek bitarte elektronikoak erabiliz aurkeztu beharko dituzte eskabideak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0089404

3.– Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak, egiaztapenak eta gainerako ereduak izapidetzeko jarraibideak aipatutako egoitza elektronikoan daude eskuragarri.

4.– Eskabidea aurkeztu osteko izapideak egoitza elektronikoko «Nire karpeta» aplikazioaren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

5.– Erakunde eskatzaileek Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetako edozeinetan aurkeztu ahal izango dituzte eskabidea eta horri erantsi beharreko gainerako dokumentuak. Era berean, eskabidetik eratorritako jarduketetan, eta prozedura guztian zehar, pertsona edo erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan xedatutakoa betez.

6.– Erakunde eskatzaile bakoitzari eskabide bakarra eta proiektu-tipologia bakarra onartuko zaio 6. artikuluan zerrendatutako jarduketetarako. Erakunde batek eskabide bat baino gehiago aurkeztuko balitu, horietako batean atzera egiteko eskatuko zaio, eta, egingo ez balu, erregistratutako lehen eskabidea onartuko da, eta gainerako guztiak artxibatuko.

7.– Eskabidea behar bezala beteta aurkeztu behar da, erakunde edo pertsona eskatzailearen sinadura onartua daramala, eta hurrengo artikuluan aipatzen diren dokumentuak izan behar ditu, Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuan xedatutakoari jarraituz. Sinadura elektronikoaren eguna hartuko da aurkezpen-eguntzat.

8.– Ordezkaritza beste pertsona bati eman ahal izango zaio, agindu honi dagozkion prozedura guztietan haren izenean jardun dezan bitarteko elektronikoak erabiliz, dela Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Egoitza Elektronikoan dagoen Ordezkarien Erregistro Elektronikoaren bidez (https://www.euskadi.eus/ordezkarien-erregistro-elektronikoa/web01-sede/eu/), dela eskabidera lege-ordezkaritza emateko inprimaki arautua behar bezala beteta erantsiz. Azken hori hemen dago eskuragarri: https://www.euskadi.eus/ordezkaritza-ematea

9.– Eskabideak aurkezteak esan nahi du espresuki eta formalki onartzen direla agindu honetako oinarriak.

9. artikulua.– Eskabideen edukia eta aurkeztu beharreko beste dokumentu batzuk.

1.– Eskabidea eredu normalizatuan aurkeztuko da, eta erakundearen datu orokorrak eta proiektuak aztertzeko eta laguntzak kalkulatzeko beharrezko informazioa agertuko dira. Dokumentu hauek erantsiko zaizkio:

a) Eskabidean jasota agertzen den informazioaren egiazkotasunari buruzko erantzukizunpeko adierazpena, erakundearen legezko ordezkariak sinatua. Hau zehaztuta:

1) Laguntzaren pertsona edo erakunde onuraduna izateari dagokionez:

– Aurrekontu nahikoa duela eskabidearen xede den proiektua gauzatzeko.

– Erakundean ez dela gertatzen Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 artikuluan aipatutako egoerarik, hots, erakunde onuradun izatea eragozten dutenik.

– Mikroenpresa edo enpresa txiki eta ertaina (ETE) bada, hala kalifikatua izateko baldintzak betetzen dituela.

– Hala badagokio, bere izaera juridikoari zein bere elkarteen erregistroan edo Euskal Autonomia Erkidegoko fundazioen erregistroan inskribatuta dagoela.

– Hala badagokio, dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ezarritako ordainketak eginda izatea.

2) Zehapenei dagokienez:

– Ez daukala dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzea eragozten dion zehapen penal edo administratibo irmorik, ezta horretarako gaitasuna kentzen dion legezko debekurik ere.

– Ez daukala inolako itzultze- edo zehatze-prozedurarik abian, ez Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak ez haren erakunde autonomoek emandakorik, izaera bereko dirulaguntzen esparruan hasitakorik.

3) Beste laguntzei dagokienez:

– Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak kudeatutako hitzarmen, babes eta beste agindu batzuen babesean eskatu edo eskuratu dituen laguntzak.

– Proiektu bererako beste erakunde publiko edo pribatuei eskatutako edo haiengandik jasotako laguntzak.

– Enpresak jaso dituen minimis izaerako laguntzak, agindu honen 7.4 artikuluan ezarritakoaren arabera.

4) Emakumeen eta gizonen berdintasunari dagokionez:

– Ez dagoela zigortuta dirulaguntzen eta laguntza publikoen onuradun izateko debekuarekin, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 24.2 artikuluaren arabera.

– Betetzen duela Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoan xedatutakoa.

– Konpromisoa hartzen duela bere gain hartzeko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 4/2005 Legearen 2.3 artikuluak administrazioarekin laguntzak kontratatzen, hitzartzen edo administraziotik laguntzak jasotzen dituzten erakundeei ezarritako betebeharrak. Hauek dira betebehar horiek: tratu-berdintasunaren, aukera-berdintasunaren eta langileen aniztasunarekiko eta desberdintasunarekiko errespetuaren printzipioak betez jardutea; estatistika eta azterketak egokitzea; edozein motatako hizkuntzaren erabilera ez-sexista egitea euskarri guztietan, eta zuzendaritza-organoetan eta kide anitzeko organoetan gaitasun, prestakuntza eta ahalmen egokia duten emakume eta gizonen presentzia orekatua edukitzea.

5) Eskabideko datuei dagokienez:

– Betetzen dituela laguntzak arautzen dituen aginduan ezarritako eskakizunak.

– Egiazkoak direla eskabidean adierazitako datuak, eta bere gain hartzen duela aurkeztutako dokumentu guztien egiazkotasunaren erantzukizuna.

Erantzukizunpeko adierazpenean edo komunikazio batean jasotzen den datu edo informazioren bat okerra edo faltsua bada edo aurkeztu ez bada, edo administrazio eskudunari ez bazaio aurkezten erantzukizunpeko adierazpena, edo deklaratzen dena betetzen dela egiaztatzeko eskatzen den dokumentazioa, ezinezkoa izango da dena delako eskubidea baliatzen edo jarduketan aritzen jarraitzea, egitate horren berri izaten den unetik bertatik aurrera, hargatik eragotzi gabe izan litezkeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

b) Eskabideekin batera, gainera, ondoren zehazten den dokumentazio digitalizatua aurkeztu beharko da:

– Proiektuaren azalpen-memoria xehatua (deskribapena, helburuak, aurreikusitako jarduketak eta horietako bakoitzaren aurrekontu banakatua), Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan emandako eredu normalizatuaren arabera: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0089404

– Ekitaldien kasuan, lehenago aipatutako memoriaz gain, egindako azken edizioko datuak, parte-hartzaileen kopurua zehaztuta, sexuaren eta jatorriaren arabera, ekitaldia hedatzeko komunikazio-plana eta eragin ekonomikoaren azterketa. Lehenengo edizioa bada, parte-hartzaileen eta eragin ekonomikoaren aurreikuspena, baita ekitaldiaren zabalkundea zer komunikazio-bitartekotan egitea aurreikusten den ere.

– Jarduera ekonomikoen gaineko zergan izandako altak eta bajak egiaztatzeko dokumentu historikoa.

– Hala badagokio, zein bere zerga-administrazioaren aitorpena, Balio Erantsiaren gaineko Zergaren salbuespenari buruzkoa, edo eskainitako ondasun eta zerbitzuengatik ez kobratzeagatik Balio Erantsiaren gaineko Zergaren subjektu pasiboak ez direla egiaztatzen duen ziurtagiria.

– Hala badagokio, erakunde eskatzaileak besteren konturako langilerik ez duela eta, hori dela-eta, Gizarte Segurantzari kotizatzeko obligaziorik ez duela egiaztatzen duen agiria.

– Enpresa-elkarteak sortzen badira, horiek gauzatzeko eskritura publikoaren kopia.

– Turismo-arloko enpresa-elkarteen kasuan, zein bere erregistroko inskripzioaren kopia.

– Hala badagokio, bidaia-agentzia batekin egindako lankidetza-hitzarmenaren egiaztagiria.

– Ordezkarien Erregistro Elektronikoa erabili gabe emanez gero ordezkaritza, legezko ordezkaritza emateko inprimaki normalizatuarekin batera –behar bezala beteta–, hauek: pertsona fisikoa bada, ordezkaritza ematen duen pertsonaren NANa edo agiri baliokidea; pertsona juridikoa bada: ordezkaritza hirugarren pertsona bati ematen dion erakundearen legezko ordezkari gisa legitimatzen duen ordezkaritza-ahalordea edo zuzenbidean baliozkoa den dokumentu oro.

2.– Ez da nahitaezkoa izango administrazioren batek egindako dokumentuak aurkeztea, betiere erakunde interesdunak horiek kontsultatzeko baimena espresuki ukatu ez badu eskabidean. Era berean, ez da nahitaezkoa izango erakunde interesdunek aurretik administrazioren batean aurkeztu dituzten datu edo dokumentuak aurkeztea, betiere noiz eta zer organotan aurkeztu zituzten adierazten badute. Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak ofizioz bilduko ditu datu edo dokumentu horiek, erakunde eskatzaileak espresuki horretarako baimena ukatzen ez badu. Materialki ezinezkoa bada dokumentua zuzenean eskuratzea, organo kudeatzaileak dokumentu hori aurkezteko eskatu ahal izango dio erakunde eskatzaileari, edo, aurkeztu ezin badu, dokumentuan aipatzen diren eskakizunak beste modu batez egiazta ditzala.

Baldintza horiek bete direla egiaztatuko da laguntza eman baino lehen eta likidazioa egin baino lehen.

10. artikulua.– Aurkeztutako eskabideak zuzentzea.

1.– Eskabidea ez bada osorik betetzen, edo harekin batera ez bada adierazitako dokumentazioa aurkezten, hamar egun balioduneko epea emango diote Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saileko lurralde-bulegoetako teknikariek erakunde eskatzaileari hutsegitea konpontzeko edo behar diren dokumentuak aurkezteko. Horrez gain, adieraziko zaio hori egin ezean eskabidean atzera egin duela ulertuko dela eta horren araberako ebazpena ezarriko dela.

2.– Jakinarazpenak bitarteko elektronikoak erabiliz egingo dira, «Nire karpeta» aplikazioaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

3.– Jakinarazpen-sistemak aukera emango du egiaztatzeko zer egun eta ordutan jakinarazi zaion jakinarazi beharreko egintza interesdunari, baita hura noiz sartu den jakinarazpen horren edukira ere; une horretatik aurrera emango da jakinarazpena egintzat. Jasota baldin badago jakinarazpena egin dela, eta hamar egun natural igarotzen badira edukira sartu gabe, jakinarazpenari uko egin zaiola ulertuko da, eta izapidea egintzat emango, betiere ofizioz edo hartzaileak eskatuta ez bada egiaztatzen teknikoki edo materialki ezinezkoa izan dela sartzea.

11. artikulua.– Eskabideak aztertu eta ebaluatzea.

1.– Turismo eta Merkataritzako lurralde-bulegoetako teknikariek epean aurkeztu diren eskabideen azterketa eta ebaluazioa egingo dute, ezarritako betekizunak betetzen diren egiaztatuz, eta eskabide bakoitza behar bezala ulertzeko eta ebaluatzeko beharrezkotzat jotzen duten dokumentazio eta/edo informazio osagarria eskatu ahal izango diote erakunde eskatzaileari.

2.– Ondoren, eskabide bakoitzari dirulaguntza emateko proposamen bat egingo dute aurreko zenbakian aipatutako teknikariek eta, bertan, jasota utziko dute beren esku dagoen informaziotik ondorioztatzen dela onuradun izateko proposatzen dituzten erakundeek betetzen dituztela dirulaguntzak eskuratzeko eskatzen diren betekizun guztiak. Horrez gain, hautatu diren eta hautatu ez diren gastuak identifikatuko dituzte, hautatu ez dituztenak zergatik ez dituzten hautatu arrazoituko dute, eta agindu honen 6. artikuluan adierazitako mugen arabera eman beharreko dirulaguntzaren (dirulaguntza teorikoa) ehunekoak eta gehieneko zenbatekoak adieraziko dituzte. Kalkulatutako dirulaguntza dezimalik gabe emango dute, zenbatekoa hurrengo zenbaki osora biribilduz.

12. artikulua.– Prozeduraren iraupena, ebazpena eta jakinarazpena.

1.– Dirulaguntza-programa honen babesean emandako dirulaguntzak emateko prozedurak sei hilabete iraungo du gehienez, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.

2.– Turismo eta Ostalaritzako zuzendariari dagokio dirulaguntzen deialdia ebazten duen administrazio-ebazpena ematea eta jakinaraztea, baietsitako eta ezetsitako eskabideak adierazita. Baietsitako eskabideen kasuan, ebazpen horretan erakunde onuradunak, finantzatutako proiektuak eta emandako zenbatekoak identifikatuko dira. Halaber, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruzko abenduaren 18ko Batzordearen 1407/2013 (EB) Erregelamenduaren 6.1 artikuluan ezarritakoa bilduko du ebazpenak. Ezetsitako eskabideen kasuan, ukatzeko arrazoia adieraziko da.

3.– Laguntzen deialdiaren ebazpena Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko iragarki-taulan argitaratuko da (https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa/) eta argitalpena egin eta biharamunetik aurrera izango ditu jakinarazpen-ondorioak.

4.– Epe hori igarota, ebazpenik eman eta jakinarazi ez bada, erakunde interesdunak bere eskabidea ezetsi dela ulertu ahal izango du, hargatik eragotzi gabe organo eskudunak berariazko ebazpena emateko duen betebeharra.

5.– Erakunde eskatzaileek abisu bat jasoko dute beren eskabidean identifikatutako gailu elektronikora eta/edo helbide elektronikora, jakinarazteko aipatutako egoitza elektronikoan eskuragarri jarri dutela prozeduraren ebazpenaren jakinarazpena. Abisu hori ez emanagatik ere, jakinarazpena guztiz baliozkoa izango da.

6.– Ebazpen honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Turismo eta Merkataritzako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 122. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoarekin bat. Gora jotzeko errekurtsoa egoitza elektronikoan bakarrik egin ahal izango da: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

7.– Arau honen bidez araututako dirulaguntzak erakunde onuradunei emateko –eta, bidezkoa denean, ordaintzeko–, ezinbestekoa izango da bukatuta egotea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen arloan hasi eta oraindik izapidetzen ari den itzulketa- edo zehapen-prozedura oro.

13. artikulua.– Justifikazioa eta laguntzen ordainketa.

1.– Justifikazioa eskuratzeko eta betetzeko, «Nire karpeta» aplikazioa erabiliko da, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

2.– Erakunde onuradunak dokumentuen bidez justifikatu beharko du, bitarteko elektronikoak erabiliz, betetzen dituela ezarritako baldintzak eta laguntzaren xede den helburua, dirulaguntza jaso duten jarduketak egin ondoren, eta 2021eko urtarrilaren 31 arteko epea amaituta, betiere.

Horretarako, egindako gastutzat hartuko da justifikatzeko epea amaitu aurretik egiazki ordaindu dena.

Nolanahi ere, egindako gastuak egiaztatzeko fakturak 2020ko abenduaren 31 baino lehen jaulki beharko dira.

3.– Ezarritako justifikazio-epea bukatuta, justifikaziorik aurkeztu ez bada, luzatu ezineko hamabost eguneko epean aurkezteko eskatuko diote erakunde onuradunari Turismo eta Merkataritzako lurralde-bulegoetako teknikariek.

4.– Justifikazioa egiteko, justifikazio-kontua erabiliko da, eta gastuaren justifikazioak eta ordainketa-egiaztagiriak aurkeztuko dira. Horrek dokumentazio hau bildu beharko du:

a) Diruz lagundutako proiektua justifikatzeko memoria, egindako jarduketak eta aurreikusitako helburuen betetze-maila zehaztuta.

b) Ekitaldien kasuan, memoria bat, non zehaztuko baita parte-hartzaileen kopurua sexuaren eta jatorriaren arabera, hedabideetan izandako oihartzuna, inpaktu ekonomikoari buruzko azterlana, eta, ekitaldira bertaratzeko aukerarekin batera, ostatua eta beste zerbitzu turistiko batzuk eskaintzea.

c) Memoria ekonomiko bat, egindako jardueraren kostua justifikatzen duena. Honako hauek jasoko ditu:

1) Fakturen koadroa, non zehaztuko baitira jarduketa bakoitzaren gastua, enpresa hornitzailearen identifikazioa (IFZ eta enpresa zeneko data, kontzeptua eta zenbatekoa (BEZa barne, diruz lagungarria bada) eta ordainketa-eguna. Laguntza aurrekontu baten arabera eman bada, gertatutako desbideratzeen berri eman beharko da.

Fakturen koadroa egoitza elektronikoan emandako eredu normalizatuaren arabera beteko da: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0089404

2) Jatorrizko fakturak –elektronikoak izan daitezke– edo merkataritzaren trafiko juridikoan froga baliokide diren edo administrazioan eragina duten dokumentuak, aurreko apartatuan zehaztutakoekin bat etorri behar dutenak. Bidaia-gastu txikiak justifikatzeko (bidesariak, kilometrajea, hiriko garraioa eta mantenu-gastuak), posible izango da kontzeptu horregatik egindako gastuen egiaztagiri bat aurkeztea, arduradunaren edo horretarako baimendutako pertsonaren sinadurarekin, betiere zenbateko hori emandako dirulaguntza osoaren % 10 baino txikiagoa bada.

3) Ordainketaren egiaztagiria.

4) Dirulaguntzaren xede den jarduketa finantzatzeko jasotako laguntzei buruzko erantzukizunpeko adierazpena.

d) Diruz lagundutako haien jarduketen artean komunikazio-euskarri grafikoak eta ikus-entzunezkoak prestatzea, sustatzea, merkaturatzea eta online eta offline komunikazio-estrategiak egitea daukatenek frogatu beharko dute jarri dituztela hala Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren logoa eta Euskadi Basque Country marka turistikoa, eta biak erabilera-eskuliburuaren arabera jarri dituztela. Baita, hala badagokio, https://turismo.euskadi.eus turismo-atariarekin lotzen dituen banner-a daukatela ere.

Erakunde onuradunak betebehar hori bete ez badu, honako arau hauek aplikatuko dira:

• Baldin eta oraindik posible bada haiek betetzea, Turismo eta Merkataritzako lurralde-bulegoetako teknikariek gehienez 15 eguneko epea emango diote erakunde onuradunari zabalkunde-neurriak hartzeko.

• Baldin eta, neurri hauen eraginpeko jarduketak egin direlako jadanik, ez bada posible haiek betetzea, zabalkunde-neurri alternatiboak ezarri ahal izango dira. Ondorio horietarako, gehienez 15 egun balioduneko epea emango diote aipatutako langileek erakunde onuradunari neurri hori hartzeko.

5.– Turismo eta Ostalaritzako lurralde-bulegoetako teknikariek, aurkeztutako dokumentazioa aztertuta, egiaztatuko dute diruz lagundutako jarduketak egin direla.

6.– Dokumentazioa egiaztatzean ikusten bada konpon daitezkeen akatsak daudela erakunde onuradunak aurkeztutako egiaztagirian, jakinaren gainean jarriko dituzte, eta hamar eguneko epea emango zaie akatsok zuzentzeko.

7.– Aipatutako alderdi guztiak egiaztatu eta gero Turismo eta Ostalaritzako lurralde-bulegoetako teknikariek, txosten bat egingo dute, eta Turismo eta Ostalaritzako zuzendariari igorriko; bertan, justifikatutako eta onartutako gastuaren arabera dagokion dirulaguntzaren likidazioa proposatuko dute.

Zentzu horretan, dirulaguntzaren behin betiko zenbatekoa likidatzeko, dirulaguntza emateko ebazpenean zehaztutako finantzaketa-ehunekoa aplikatuko zaie erakunde onuradunak benetan ordaindu eta justifikatu dituen gastuei, kontuan izanik agindu honen 6. artikuluan ezarritako gehieneko zenbatekoak, eta soberako kopurua kenduko da gainfinantzaketa gertatuz gero.

8.– Dirulaguntzen ordainketa aldi bakar batean egingo da, dirulaguntza artikulu honetan eskatzen den bezala justifikatu ondoren.

9.– Dirulaguntzaren ordainketa ezingo da egin baldin eta erakunde onuradunak ez baditu ordaindu zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, eta, orobat, itzulketa-ebazpen bat dela medio, zorduna bada.

14. artikulua.– Laguntzak aldatzea.

1.– Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira, eta, era berean, horrekin batera beste erakunde nahiz organismo batzuetatik laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badira, laguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da, betiere aldaketak ez-betetze kasuak estaltzen ez baditu, dirulaguntzen entitate onuradun izateko agindu honetan ezarritako gutxieneko baldintzak gordetzen badira, eta hirugarrenei kalterik egiten ez bazaie. Laguntza-programa honetako onuradun izateko, gutxieneko betekizun horiek bete behar dituzte erakundeek. Betekizunak agindu honen 4. artikuluan daude, eta diruz lagundu daitezkeen jarduketak, berriz, 6. artikuluan. Ondorio horietarako, Turismo eta Ostalaritzako zuzendariak emango du aldatzeko ebazpena, eta emandako dirulaguntzen zenbatekoak doituko dira bertan.

2.– Alabaina, Turismo eta Ostalaritza Zuzendaritzari idatziz jakinaraziko eta justifikatuko zaizkio aurkeztutako proiektuari funtsean eragiten ez dioten aldaketak, baldin eta agindu honetan ezarritako gutxieneko eskakizunak babesten badira eta laguntzaren xede den helburuari eusten bazaio, betiere; dena den, dirulaguntza emateko ebazpena ez da aldatuko.

3.– Baldin eta, justifikazio-fasean, onetsitako gastuaren aurrekontua (laguntza zehazteko baliatu zena) baino txikiagoa bada diruz lagundutako jarduketaren onartutako behin betiko kostua, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa dagokion proportzioan gutxituko da, Turismo eta Ostalaritzako zuzendariaren gutxitze-ebazpen baten bidez, eta, ondoren, oinarri berriari aplikatuko zaio emandako dirulaguntza-ehunekoa.

15. artikulua.– Atzera egitea eta uko egitea.

1.– Laguntza eskatzen duen erakundeak atzera egin dezake bere eskabidean. Eskatutako laguntzak emateko prozeduraren ebazpena jakinarazi baino lehen egin beharko du atzera. Turismo eta Ostalaritzako zuzendariak, ebazpen baten bidez, bete-betean onartuko du atzera egitea, eta bukatutzat joko du horretarako prozedura.

2.– Emandako laguntzari uko egin ahal izango dio erakunde onuradunak. Emandako dirulaguntza onartu ondoren ere uko egin ahal izango zaio. Turismo eta Ostalaritzako zuzendariak, ebazpen baten bidez, berariaz onartuko du uko-egitea, eta prozedura amaitutzat eman.

16. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Erakunde onuradunak ez badu betetzen agindu honetako betebeharren bat edo dirulaguntza emateko ebazpenak ezartzen duen baldintzaren bat, ez badu betetzen proiektuaren zati bat (eta, modu horretan, laguntzaren xedea osorik hutsaltzen badu), edo dirulaguntza edo laguntza publikoak itzultzera behartzen duen egoeraren batean badago Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 53. artikuluarekin eta abenduaren 17ko 38/2003 Legearen 37. artikuluarekin bat etorriz, laguntza eman zuen organo eskudunak, ez-betetzearen espedientea izapidetu ondoren (interesdunari entzunda), ebazpen baten bidez, dirulaguntza osoa edo zati bat jasotzeko eskubidea kenduko dio onuradunari, eta, hala badagokio, aginduko dio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzultzeko hartu dituen laguntzak (guztia edo zati bat, proiektuaren betetze-mailarekiko modu proportzionalean) eta berandutze-interesak, Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta itzulketei buruzko abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuarekin eta aipatutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53. artikuluarekin bat etorriz, hargatik eragotzi gabe beste neurri batzuk hartzea. Aipatutako diru kopuruak diru-sarrera publikotzat hartuko dira lege-ondorio guztietarako.

2.– Ondoren zerrendatzen diren egoera hauetakoren batean egoteak dirulaguntza kobratzeko eskubidea galaraziko du erabat:

a) Dirulaguntza justifikatzeko betebeharra ez betetzea.

b) Horretarako ezarritako epetik kanpora aurkeztea frogagiriak, dagokion errekerimendua egiten denetik aurrera.

c) Laguntza eskuratzeko eskatutako eskakizunak ez betetzea.

d) Dirulaguntzaren xede den helburua ez betetzea. Edonola ere, ez-betetze hau gertatu dela iritziko da baldin eta emate-ebazpenean onartutako aurrekontuaren % 25 edo gutxiago gauzatu bada.

3.– Turismo eta Ostalaritzako zuzendariari dagokio ez-betetzearen espedientea hastea eta ebaztea. Ez-betetzearen espediente hori «Nire karpeta» aplikazioaren bidez izapidetuko da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

4.– Administrazioko arau-hauste izan daitezkeen egitateen ondorioz hasten bada prozedura, eskumena duen organoari jakinaraziko zaio, behar den zehapen-prozedurari ekin diezaion.

17. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan ezarritako betebeharrez gain, honako hauek ere bete beharko dituzte agindu honetan araututako dirulaguntzen erakunde onuradunek:

1.– Emandako dirulaguntza onartzea. Zentzu horretan, baldin eta, dirulaguntza ematearen ebazpena jasotako egunean hasi eta hamabost eguneko epean, dirulaguntzari esanbidez eta idazki bidez uko egiten ez badio onuradunak, dirulaguntza onartu dela ulertuko da.

2.– Laguntza zertarako eman den, xede horretarakoxe erabiltzea. Horrez gain, laguntzaren xede diren helburuak eta jarduketak bete dituztela justifikatu beharko dute, agindu honetan eta laguntza emateko ebazpenean xedatutakoari jarraikiz.

3.– Dirulaguntza emateko ebazpenean ezarritako epean gauzatzea diruz lagundutako jarduketak.

4.– Beste administrazio edo erakunde publiko zein pribaturen baten eskutik helburu bererako dirulaguntzak edo laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak lortuz gero, horren berri ematea dirulaguntza ematen duen organoari. Jakin bezain laster eman behar da horren berri, eta, nolanahi ere, dirulaguntzaren frogagiriekin batera.

5.– Dirulaguntza emateko kontuan hartu zen inguruabar objektibo edo subjektibo oro aldatzen bada, horren berri ematea aldaketa egin aurretik.

6.– Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailari, Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari ematea jasotako laguntzen inguruan dagozkien zereginak betez eskatzen dieten informazio guztia.

7.– Jasotako funtsak aplikatu direla egiaztatzen duten dokumentuak eta fakturak gordetzea, dokumentazio elektronikoa barne, gutxienez 5 urteko denbora-tartean, diruz lagundutako jarduketaren azken justifikazioa egin eta biharamunetik aurrera, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak horiek egiaztatu eta kontrolatu ahal izango baititu.

8.– Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren lankidetza espresuki aipatzea modurik egokienean, diruz lagundutako proiektuaren ezaugarrien arabera eta irizpide hauek betez:

a) Komunikazio-euskarri grafikoen eta ikus-entzunezkoen prestaketari, online eta offline komunikazio-sustapenari, -merkaturatzeari eta -estrategiei dagozkien jarduketa orok izan beharko du Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren logoa eta Euskadi Basque Country marka turistikoa, bi aipamenak erabilera-eskuliburuaren arabera.

b) Web-orriak sortu edo eguneratuz gero, erakunde onuradunak banner bat jarri beharko du bere web-orrian, www.euskaditurismo.eus turismo-atariarekin esteka egiten duena.

9.– Bere gain hartzea Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 2.3 artikuluak administrazioarekin laguntzak kontratatzen, hitzartzen edo administraziotik laguntzak jasotzen dituzten erakundeei ezarritako betebeharrak. Hauek dira betebehar horiek: tratu-berdintasunaren, aukera-berdintasunaren eta langileen aniztasunarekiko eta desberdintasunarekiko errespetuaren printzipioak betez jardutea; estatistikak eta azterketak egokitzea; hizkuntza ez-sexista erabiltzea euskarri guztietan, eta zuzendaritza-organoetan eta kide anitzeko organoetan gaitasun, prestakuntza eta ahalmen egokia duten emakume eta gizonen presentzia orekatua edukitzea.

10.– Erakunde onuradunek kontratuak egiten badituzte eta 15.000 eurotik gorakoa bada kontratu horien gastu diruz lagungarriaren zenbatekoa, erakunde onuradunak eskaintza bana eskatu beharko die hiru hornitzaileri gutxienez, zerbitzua kontratatzeko edo ondasuna entregatzeko konpromisoa kontratatu aurretik, salbu eta haren ezaugarri bereziak direla-eta merkatuan zerbitzu horiek ematen dituzten nahikoa enpresa ez badago, edo gastua dirulaguntza eman aurretik egin bada.

Eraginkortasun- eta ekonomia-irizpideen arabera hautatuko da aurkeztutako eskaintzen artean, eta memoria batean berariaz justifikatu beharko da hautu hori, baldin proposamen ekonomiko merkeenaren alde egiten ez bada. Eskaintza horiek justifikazioarekin batera aurkeztu beharko dira, edo, bestela, dirulaguntza-eskabidearekin batera.

11.– Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saileko zerbitzu teknikoek egin beharrekotzat jotzen dituzten ikuskaritza eta egiaztapenei men egitea. Diruz lagundutako jarduketen garapen eta betearazpenarekin zerikusia izan dezakete ikuskaritza eta egiaztapenek, eta erakunde onuradunek eman egin beharko dute horien inguruan eskatzen zaien informazio guztia, baita eskatzen zaien justifikazio-dokumentazio guztia ere.

18. artikulua.– Datu pertsonalak.

Eskatzaileen datu pertsonalak «Turismo-arloko laguntzak eta dirulaguntzak» izeneko tratamendu-jarduketan sartu eta tratatuko dira. Datu pertsonalak honako arau hauen arabera tratatuko dira: 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa; 2016/679 (EB) Erregelamendua, 2016ko apirilaren 27koa, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

1.– Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

2.– Agindu honetan aurreikusita ez dagoenerako, honako hauek aplikatuko dira: azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretu bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina; Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta haren erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan jasotako oinarrizko arauak; eta, prozedura-arloan, 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraz, berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuari, hilabeteko epean; bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Bi kasuetan, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera hasiko dira epeak.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko apirilaren 30a.

Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburua,

SONIA PÉREZ EZQUERRA.


Azterketa dokumentala