Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoa

Euskadi.eus

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

87. zk., 2020ko maiatzaren 11, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

OSASUN SAILA
1951

AGINDUA, 2020ko maiatzaren 5ekoa, Osasuneko sailburuarena, zeinaren bidez indargabetzen baitira sail horretako beste agindu batzuk, EAEko araudia egokitu dadin Covid-19ak eragindako pandemiaren egungo egoerara eta alarma-egoeran osasun-arloko eskumena duen agintari ordezkariak hartutako neurrietara.

Covid-19ak eragindako pandemiaren hedapena dela eta, Espainiako Estatuak martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretua onartu zuen, zeinak alarma-egoera deklaratu baitzuen Covid-19ak eragindako osasun-krisia kudeatzeko. Errege-dekretu hori indarrean jartzeak murrizketa handiak ekarri zituen pertsonen mugikortasunari eta jarduera ekonomikoari dagokienez. Murrizketa horietako zenbait arlo hauei buruzkoak ziren: jarduera asistentziala, hileten alderdi sanitarioa eta nekazaritza- eta abeltzaintza-produktuen zuzeneko salmenta.

Aipatutako 463/2020 Errege Dekretuaren 6. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, administrazio bakoitzak bere zerbitzuen ohiko kudeaketarako indarreko legediak ematen dizkion eskumenak izaten jarraituko du, eta beharrezkotzat jotako neurriak hartuko ditu, betiere alarma-egoeraren ondoreetarako agintari eskudunak emandako zuzeneko aginduak betez. Agintari eskudun hori Osasuneko ministroa da, hala xedatuta baitago aipatutako errege-dekretuaren 4. artikuluan.

Horrela, Osasun Ministerioak alarma-egoera honetan emandako agindu eta neurriak betetzeko, zenbait arau eman ziren Euskal Autonomia Erkidegoan; besteak beste, honako hauek:

– Agindua, 2020ko martxoaren 24koa, Osasuneko sailburuarena, zeinaren bidez zenbait neurri hartzen baitira Euskal Autonomia Erkidegoko asistentzia-jarduerari dagokionez eta koronabirusak (Covid-19) eragindako egoeraren eta bilakaeraren ondorioz.

– Agindua, 2020ko martxoaren 26koa, Osasuneko sailburuarena, SARS-CoV-2 (Covid-19) delakoak eragindako pandemia dela-eta hileta-osasunaren arloan salbuespenezko neurriak hartzen dituena.

– Agindua, 2020ko apirilaren 14koa, Osasuneko sailburuarena, zeinaren bidez aldi baterako eteten baitira nekazaritzako eta abeltzaintzako elikagai eta produktuen zuzeneko salmentako aisialdiko edo jai giroko merkatu eta azoka tradizionalak, ezartzen baitira nekazaritzako eta abeltzaintzako elikagai eta produktuen zuzeneko salmentako merkatu eta azoka tradizionalen (normalean, asterokoak) baldintza sanitarioak eta arautzen baita EAEko zenbait udalerritan denda-ibilgailuak baliatuz saltoki ibiltariek gauzatzen duten jarduera, SARS-CoV-2 (Covid-19) birusak sortutako pandemia dela eta.

Bestalde, 463/2020 Errege Dekretuaren 10.6 artikuluak Osasuneko ministroa gaitzen du aurreko apartatuetan zerrendatutako neurriak, tokiak, establezimenduak eta jarduerak aldatzeko, handitzeko edo murrizteko, osasun publikoko arrazoi justifikatuak daudenean. Gaikuntza hori baliatuz, eta eskuragarri dauden adierazle epidemiologikoak kontuan hartuz, estatuan prozesu bat hasi da, orain arte mugikortasuna eta kontaktu soziala murrizteko hartutako neurriak «mailaz maila leuntzeko», helburu hartuta ohiko bizimodua eta jarduera ekonomikoa pixkanaka berreskuratzea, betiere osasun publikoa zainduz eta epidemiak herritarren osasunarentzat izan dezakeen arriskua minimizatuz. Horrela, hori guztia oinarri hartuta, Osasun Ministerioak maiatzaren 3ko SND/386/2020 Agindua eman du, zeinaren bidez zenbait murrizketa sozial leuntzen baitira, eta zehazten baitira txikizkako merkataritza-jarduera garatzeko eta zerbitzuak emateko baldintzak eta ostalaritza- eta jatetxe-jarduerak garatzekoak, Covid-19ak eragindako osasun-krisia gutxien pairatu duten lurraldeetan.

Arlo sozialean leundutakoen artean, belategi eta hiletei buruzko zenbait neurri daude (5 .artikulua), eta neurri horiek aplikatzeak erabat berrikustea dakar, ikuspegi juridikotik, 2020ko martxoaren 26an emandako arau autonomikoa.

Halaber, ministro-aginduaren III. kapituluan ezarritakoa aplikatzeak praktikan indarrik gabe uzten du lehenago aipatutako 2020ko apirilaren 14ko Aginduan ezarritakoa.

Azkenik, Osasuneko sailburuaren 2020ko martxoaren 24ko Aginduari dagokionez (agindu horren bidez, zenbait neurri hartzen dira Euskal Autonomia Erkidegoko asistentzia-jarduerari dagokionez eta koronabirusak (Covid-19) eragindako egoeraren eta bilakaeraren ondorioz), hizpidera ekarri behar da 2020ko apirilaren 24ko Ebazpenaren bidez aldatutako SND/310/2020 Agindua, zeinak funtsezko zerbitzutzat jotzen baititu osasun-zentro, -zerbitzu eta -establezimendu jakin batzuk; besteak beste, honako hauek: kontsulta medikoak, beste profesional sanitario batzuen kontsultak, zentro polibalenteak, etab. Alde horretatik, esan daiteke halako zerbitzuen jarduera asistentziala berriz abian jartzeak lotura handiagoa duela 2020ko martxoaren 24ko Agindua berrikustearekin, SND/386/2020 Agindua indarrean jartzearekin baino.

Egia da, bestalde, agindu horretako zazpigarren ebazpen-zatiak adierazten duela agindua indarrean egongo dela alarma-egoerak eta ondorengo luzapenek irauten duten bitartean; baina, egia da, era berean, pandemiaren bilakaerari buruzko datu epidemiologikoek berekin ekarri dutela fase-aldaketa bat, non ez baita beharrezkoa baliabide sanitario pribatu guztiak erabiltzea sistema sanitario publikoa osatzeko. Izan ere, sistema hori hasia da ohiko jarduera asistentziala berreskuratzen, lehendik programatuta zegoena barnean dela. Beraz, zentro sanitario pribatu horiek berriz itzul daitezke martxoaren 24ko Agindua indarrean jarri aurretik zuten egoerara, betiere kutsatzeak eragozteko neurri egokiak hartuta. Hala uste du Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak, eta, horregatik, agindu hori indargabetzearen alde egiten du, «pandemiaren bilakaera ikusita, eta konfinamenduaren osteko egoera berria kontuan hartuta, zeinean nabarmen jaitsi baitira adierazle epidemiologikoak eta baliabide asistentzialen erabilera»

Horrenbestez, Osasuneko sailburuak, arlo sanitarioko agintaritza baliatuz, eta bat etorriz Osasunaren apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorraren 26. eta 29. artikuluetan xedatutakoarekin eta Osasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 80/2017 Dekretuaren 4.1 artikuluarekin, honako hau

EBAZTEN DU:

Lehenengoa.– Indarrik gabe uztea 2020ko martxoaren 24ko Agindua, Osasuneko sailburuarena, zeinaren bidez zenbait neurri hartzen baitira Euskal Autonomia Erkidegoko asistentzia-jarduerari dagokionez eta koronabirusak (Covid-19) eragindako egoeraren eta bilakaeraren ondorioz; betiere, ezertan eragotzi gabe Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legeak euskal administrazio sanitarioari esleitzen dizkion ahalmenak, osasun publikoaren babes orokorra bermatzekoak.

Bigarrena.– Indarrik gabe uztea 2020ko martxoaren 26ko Agindua, SARS-CoV-2 (Covid-19) delakoak eragindako pandemia dela-eta hileta-osasunaren arloan salbuespenezko neurriak hartzen dituena.

Hirugarrena.– Indarrik gabe uztea 2020ko apirilaren 14ko Agindua, Osasuneko sailburuarena, zeinaren bidez aldi baterako eteten baitira nekazaritzako eta abeltzaintzako elikagai eta produktuen zuzeneko salmentako aisialdiko edo jai giroko merkatu eta azoka tradizionalak, ezartzen baitira nekazaritzako eta abeltzaintzako elikagai eta produktuen zuzeneko salmentako merkatu eta azoka tradizionalen (normalean, asterokoak) baldintza sanitarioak eta arautzen baita EAEko zenbait udalerritan denda-ibilgailuak baliatuz saltoki ibiltariek gauzatzen duten jarduera, SARS-CoV-2 (Covid-19) birusak sortutako pandemia dela eta.

Laugarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, eta argitaratzen den egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko maiatzaren 5a.

Osasuneko sailburua,

MIREN NEKANE MURGA EIZAGAECHEVARRIA.


Azterketa dokumentala

Euskadi, auzolana