Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoa

Euskadi.eus

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

83. zk., 2020ko maiatzaren 5a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
1919

AGINDUA, 2020ko apirilaren 30ekoa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuarena, Covid-19 birusak eragindako osasun-krisiaren ondoriozko kalteberatasun ekonomiko eta sozialeko egoerei aurre egiteko etxebizitza libreak alokatzeko laguntzak arautu eta horietarako deialdia egiten duena.

Martxoaren 31ko 11/2020 Errege Lege Dekretuak neurri sorta zabala arautu zuen langileei, kontsumitzaileei, familiei eta kolektibo kalteberei laguntzeko. Horrela, beraien finantza-egoera hobetzea eta gutxieneko diru-sarrerak izatea lortu nahi zen, baita gastu finkoak arintzen eta etxeak mantentzen laguntzea ere. Horretarako, pertsona kalteberei alokatzen laguntzeko neurriak hartu ziren.

Espainian, etxebizitza-errentamenduen % 85ean jabea pertsona fisikoa da, jabe txikia. Euskadin, ehuneko hori are handiagoa da.

Testuinguru horretan, hartutako neurriak honako hiru helburu hauetara bideratuta zeuden:

Lehenik eta behin, ohiko etxebizitzaren errentariek bizi duten kalteberatasun-egoerari erantzuna ematea, Covid-19 birusaren osasun-krisiaren ondorioz sortutako inguruabarren ondorioz; bereziki, ordurako errentak ordaintzeko ahalegin handia egiten zutenei, baina, aldez aurretik egoera horretan egon ez arren, orain bertan daudenei ere bai.

Bigarrenik, oreka-neurriak diseinatzea. Horrela, errentarien egoera konpontzean kalteberatasuna jabe txikiei helaraztea eragotzi nahi da.

Eta, hirugarrenik, baliabide nahikoak mobilizatzea, lortu nahi diren helburuak lortzeko eta kalteberatasun-egoerei erantzuna emateko.

Helburu horiek gogoan hartuta, 11/2020 Errege Lege Dekretuak ezarri zituen, besteak beste, bizitoki-alternatibarik gabeko familia kalteberentzako kaleratzeak etetea eta ohiko etxebizitzen errentamendu-kontratuen ezohiko luzapena.

Ekintza-ildo horretan, Alokairuari Laguntzeko programa berri bat ere sartu zen: «Covid-19 birusak ohiko etxebizitzen alokairuetan duen inpaktu ekonomiko eta soziala gutxitzen laguntzeko laguntza-programa». Gainera, Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioaren eta Kreditu Ofizialeko Institutuaren (ICO) arteko akordioaren bidez, estatuaren berariazko abal-lerro bat sortu zen. Covid-19 birusaren hedapenaren ondorioz kalteberatasun-egoeran egon daitezkeen guztiek izango dute eskuragarri. Gainera, eskatzaileari ez dio inolako gastu edo interesik eragingo.

Euskadiren kasuan, berehala betearaztekoak dira, bai edukitzaile handien eta etxebizitzako enpresa edo erakunde publikoen kasuan errentamendu-zorraren luzamendua automatikoki aplikatzeko aurreikusitakoa, bai Covid-19 birusaren hedapenaren ondorioz kalteberatasun sozial eta ekonomikoko egoeran dauden errentarien finantzaketa estatuaren kontura estaltzeko abal-lerroan sartzea.

Berehalako betearazpen-ekintza dute, halaber, bizitoki-alternatibarik gabeko familia kalteberen kaleratzeak eteteak eta ohiko etxebizitzaren errentamendu-kontratuen ezohiko luzapenak.

Hala ere, Euskadin laguntza-programa operatibo eta exekutibo berri bat ezartzeko, hori garatuko duen EAEko eremuko arau berri bat garatu behar da. Programa hori EAEko etxebizitza-politikaren berezko eskumen eta zehaztapenetara egokitua eta ohiko etxebizitzen alokairuetarako estatuko laguntza-programa berriaren baliokidea izan beharko da.

Hizpide ditugun etxebizitza-politikaren zehaztapenak Etxebizitzaren 3/2015 Legean jasotakoak dira. Lege horrek, berrikuntza nagusi gisa, Euskadin etxebizitza izateko eskubide subjektiboa aitortzea ekarri zuen, Espainian erabat aitzindaria izanik.

Etxebizitza izateko eskubide subjektiboa aitortzea etxebizitza bat legez modu egonkorrean okupatzeko eskubidea da, eta etxebizitza duin eta egokirik ez duten eta etxebizitza bat lortzeko baliabide ekonomikorik ez duten pertsonen alde dago. Gainera, auzitegietan eska daitekeen eskubidea da, eta 2016ko urtarrilaren 1etik dago indarrean.

Etxebizitza izateko eskubide subjektiboa alokairuko etxebizitza edo bizitoki bat eskura jarrita bete daiteke, edo prestazio ekonomiko baten bidez, premiari aurre egiteko etxebizitzarik ez dagoen kasuetan. Etxebizitzako prestazio ekonomikoaren zenbatekoa 250 eurokoa da hilean, gaur egun.

2019ko itxieran, alokairu babestuko parkea 23.594 etxebizitzak osatzen zuten, Euskadiko alokairuko parke osoaren bost etxebizitzatik batek (% 20).

2019ko itxieran, etxebizitza izateko eskubide subjektiboa aitortu zitzaien EAEko 4.733 familiari. Kopuru horretatik, eta berehala esleitzeko etxebizitza nahikorik ez dagoenez, 679 kasu Etxebizitzako Prestazio Ekonomikoa (2,1 milioi euro, 2019an) ordainduta ebatzi dira.

Alokairua ordaintzeko beste laguntza ekonomiko batzuk ere Euskadin aitortzen den eskubide subjektiboari dagozkio. Ildo horretatik, Etxebizitzako Prestazio Osagarria aipatu behar dugu (hasiera batean Diru-sarrerak Bermatzeko Errentari lotutako laguntza zen; eta, gaur egun, osagai nabarmena da eta etxebizitza-politikarako igarotze operatiboaren prozesuan dago), eta nabarmendu behar da 2019an prestazio horiek 32.832 pertsonari eman zaizkiela: 5.292 Araban, 19.388 Bizkaian eta 8.152 Gipuzkoan.

2019an, 25.044 pertsonak jaso dute hilean, batez beste, Etxebizitzako Prestazio Osagarria, 75,8 milioi euro guztira. Era berean, Etxebizitzako prestazio osagarriaren zenbatekoa 250 eurokoa da hilean, gaur egun.

EAEko parke publikoko alokairuko etxebizitza publiko bat edo aitortutako eskubide subjektibo gisa ezarritako alokairua ordaintzeko prestazioa jaso duten pertsonen eta alokairuko parke osoaren artean dagoen erlazioaren arabera, ondorioztatzen da Euskadiko alokairu-parkearen % 42k esku-hartze publikoren bat izango zukeela 2019an etxebizitza-premia betetzeko. EAEko 10 alokairutatik 4tan etxebizitza izateko eskubide subjektiboa modu eraginkorrean errazten ari da.

Euskadin murrizketarik gabe bermatutako prestazioen maila zehatz hori, legez onartutako etxebizitza izateko eskubide subjektiboa denez, alokairu libreko etxebizitzen parkeko gainerako familietara eramango da modu koiunturalean, egoera ekonomiko eta sozial oso larriari aurre egiteko, salbuespenezkoa eta aurreikusitako iraupenean aldi baterako mugatua den aldetik. Horregatik, alokairua ordaintzeko laguntzarako, guztira, 1.500 euro ezartzen da ordainketa bakarrean, hilean 250 euro bider 6 hileko epea egitearen emaitza gisa.

EAEko herritarrek, hemendik aurrera eta 2020ko iraila amaitu arte, zuzeneko bi laguntza mota izango dituzte, biak helburudunak, errentatzaileei alokairu-errentak ordaintzeko.

Alde batetik, zuzenean banku-erakundeek eman beharreko maileguak eskura ditzakete. Horiek sei urtera arteko itzulketa-epea izango dute, eta salbuespenez beste lau urtez luza daitezke, eskatzaileari inolako gastu eta interesik sortu gabe. Gainera, estatuaren babes osoarekin abalatuta egongo dira.

Emandako mailegua helburuduna izango da, eta etxebizitza-errentamenduaren errenta ordaintzeko erabili beharko da. Gehienez ere sei hileko errenta eta errentamendu-errentaren % 100 bete ahal izango du, hilean 900 euro gehienez.

Bestalde, EAEko herritarrek arau honetan xedatutako alokairu librearen ordainketarako laguntza berriak jaso ahal izango dituzte. Horiek ere helburu jakin baterako dira.

Aldi berean estatuak abalatutako mailegua eta Eusko Jaurlaritzaren alokairua ordaintzeko laguntzak (arau honetan garatutakoak) lortuz gero, kongruentzia-arau bat aplikatuko da; horren arabera, Eusko Jaurlaritzak alokairua ordaintzeko ematen dituen laguntzen zenbatekoa lortutako mailegua osorik edo zati batean amortizatzera bideratu beharko da nahitaez.

Azkenik, eta zeharka, dirulaguntzen programa gehigarri bat sartu da, ohiz kanpokoa eta denboran mugatua, genero-indarkeriaren biktimei, ohiko etxebizitza utzarazitako pertsonei, etxerik gabeko pertsonei eta bereziki kalteberak diren beste pertsona batzuei laguntzeko, pandemiaren inpaktuaren ondoriozko muturreko larrialdiei aurre egiteko; izan ere, ziur asko, pandemiatik harago luzatuko dira.

Ondorioz, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuak eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuak emandako eskumena baliatuz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

1.– Agindu honen xedea da ohiko etxebizitzaren errentariei alokairurako laguntzak emateko oinarri arautzaileak ezartzea eta deialdia egitea, baldin eta Covid-19 birusaren inpaktu ekonomiko eta sozialaren ondoren alokairua partzialki edo osorik ordaintzeko arazoak badituzte.

2.– Laguntzen xedea da, halaber, errentariek finantza-laguntza iragankorrak itzuli ahal izatea banku-erakundeei, mailegu moduan. Laguntza horiek Covid-19 birusari aurre egiteko arlo sozialean eta ekonomikoan premiazko neurri osagarriak hartzeari buruzko martxoaren 31ko 11/2020 Errege Lege Dekretuaren 9. artikuluan daude jasota.

3.– Laguntzak helburudunak izango dira; beraz, izan dezaketen helburu bakarra errenta ordaintzea edo Covid-19 birusari aurre egiteko arlo sozialean eta ekonomikoan premiazko neurri osagarriak hartzeari buruzko martxoaren 31ko 11/2020 Errege Lege Dekretuaren 9. artikuluan araututako finantzaketa-laguntza iragankorrak, osorik edo zati batean, kitatzea izango da.

4.– Gainera, genero-indarkeriaren biktimei, ohiko etxebizitza utzarazitako pertsonei, etxerik gabeko pertsonei eta bereziki kalteberak diren beste pertsona batzuei, edo pertsona horien kontura, administrazio publikoei, enpresa publikoei eta irabazi-asmorik gabeko erakundeei, lankidetza-ekonomiakoei edo antzekoei (betiere irabazi-asmorik gabekoak izan behar dira) bizitoki-irtenbide bat emateko laguntzak emateko oinarri arautzaileak ezartzea eta deialdia egitea. Horien helburua pertsonei bizitoki-konponbide bat ematea izan behar da. Kasu honetan, ez da eskatzen beraien egoera Covid-19ren ondoriozko osasun-krisiaren ondorio izatea.

2. artikulua.– Programaren ezaugarriak.

1.– Programa nagusia datza kalteberatasun ekonomikoko kasuetan sartzen diren ohiko etxebizitzaren errentariei alokairurako laguntzak ematean edo finantzaketa-laguntza iragankorrak itzultzean (lehiarik gabeko prozedura irekiaren bidez edo ondoz ondoko aitorpenaren bidez), baldin eta, Covid-19 birusaren inpaktu ekonomiko eta sozialaren ondoren, arazoak badituzte alokairua partzialki edo osorik ordaintzeko edo 11/2020 Errege Lege Dekretuaren 9. artikuluaren esparruan emandako maileguak itzultzeko. Ohiko etxebizitza etxebizitza librea izan behar da.

2.– Programa osagarriak, halaber, laguntzak ematen dizkie genero-indarkeriaren biktimei, ohiko etxebizitza utzarazitako pertsonei, etxerik gabeko pertsonei eta bereziki kalteberak diren beste pertsona batzuei, edo pertsona horien kontura, administrazio publikoei, enpresa publikoei eta irabazi-asmorik gabeko erakundeei, lankidetza-ekonomiakoei edo antzekoei (betiere irabazi-asmorik gabekoak izan behar dira). Horien helburua pertsonei bizitoki-konponbide bat ematea izan behar da, nahiz eta haien egoera ez izan Covid-19 birusak eragindako osasun-krisiaren ondorio.

3. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

Deialdi honi aurre egiteko aurrekontua hamabost milioi bostehun eta hogeita bederatzi mila hirurehun eta hogeita zortzi (15.529.328) eurokoa da.

4. artikulua.– Onuradunak.

1.– Programa nagusiko laguntzen onuradun izan ahalko dira pertsona fisikoak, norberaren izenean edo bizikidetza-unitate batean taldekatuta, Covid-19 birusak eragindako osasun-krisiaren ondoren kalteberatasun ekonomiko eta sozialeko egoeran daudenak, betiere 6. artikuluko baldintzak betetzen badira.

2.– Agindu honen ondorioetarako, bizikidetza-unitate bat osatzen dute etxebizitza edo bizitoki berean elkarrekin bizi diren bi pertsonak edo gehiagok, baldin eta elkarrekin lotuta badaude ezkontzaren bidez edo ezkontzaren antzeko beste harreman iraunkor baten bidez, adopzioaren bidez, laugarren mailarainoko odol-ahaidetasunaren bidez edo bigarren mailarainoko ezkontza-ahaidetasunaren bidez, edo familia-harrera iraunkorreko edo adopzio aurreko edo tutoretzako harreman baten bidez.

3.– Era berean, programa osagarriko laguntzen onuradun izan ahalko dira bereziki kalteberak diren pertsonak, edo pertsona horien kontura, administrazio publikoak, enpresa publikoak eta irabazi-asmorik gabeko erakundeak, lankidetza-ekonomiakoak edo antzekoak (betiere irabazi-asmorik gabekoak izan behar dira), baldin eta pertsonei bizitoki-konponbide bat ematea badute helburu.

Agindu honen ondorioetarako, bereziki kalteberak diren pertsonatzat jotzen dira hipoteka-zordunen babesa, zorraren berregituraketa eta alokairu soziala indartzeko neurriei buruzko maiatzaren 14ko 1/2013 Legearen 1. artikuluan jasotakoak, ohiko etxebizitza utzarazitako pertsonak eta etxerik gabeko pertsonak.

5. artikulua.– Kalteberatasun ekonomikoa.

1.– Agindu honen ondorioetarako, besteren konturako langileen kalteberatasun ekonomikoko egoeratzat joko da errentariren bat langabezian dagoenean edo lan-kontratua aldatu zaionean eta lanaldia murriztera pasatzen denean (dela lanaldi partzialeko kontratua aldatzeagatik, dela ahaideak zaintzeagatik, dela familia eta lana uztartzeagatik, dela adingabeak eta/edo adinekoak zaintzeagatik).

2.– Langile autonomoen edo enpresaburuen kasuan, kalteberatasun ekonomikoko egoeratzat joko da osasun-larrialdiak eragindako krisiaren ondorioz diru-sarreretan galera edo salmentetan beherakada % 40koa edo handiagoa dutenak.

3.– 11/2020 Errege Lege Dekretuaren 9. artikuluaren baitan emandako maileguak itzultzeko laguntzen kasuan, une honetan kalteberatasun ekonomikoa halakotzat jotzen da aurrez, maileguak ematean baloratu baitzen.

4.– Hala ere, kasu guztietan, kalteberatasun ekonomikoa dagoela jotzeko, gainera, ordaindu beharreko errentaren zenbatekoa gehi komunitate-gastuak eta oinarrizko hornidurak errentariaren edo bizikidetza-unitatearen diru-sarreren % 30 baino gehiago izatea eskatzen da, babes ofizialeko etxebizitzei buruzko araudiaren arabera kalkulatuta.

5.– Komunitate-gastuak eta oinarrizko hornidurak, agindu honetan eskatutako kalkuluen ondorioetarako, hileko 79 euroan balioesten dira bizikidetza-unitatea osatzen duen pertsona bakoitzeko, edo, bestela, hileko 187,4 euroan etxebizitza bakoitzeko. Pertsonarentzat edo bizikidetza-unitatearentzat onuragarriena den irizpidea aplikatuko da.

6. artikulua.– Betekizunak.

1.– Honako baldintza hauek bete behar dira programetarako:

a) Adin nagusikoa edo emantzipatua izatea.

b) Euskal Autonomia Erkidegoko edozein udalerritan benetan, etenik gabe eta laguntza eskatu aurreko urtebetean bizi izan dela egiaztatzea.

c) Ondasun higiezin baten gaineko jabari osoaren edo erabilera- eta gozamen-eskubide baten titularra ez izatea, salbu eta, hala denean, norberaren konturako jarduerak egiten diren higiezinarena, baldin eta egiaztatzen bada banantze- edo dibortzio-arrazoiengatik ez dagoela eskuragarri, edo ezin dela bertan bizi behar bezala egiaztatutako beste edozein arrazoirengatik.

d) Bizikidetza-unitatearen gehieneko ondarea (dirua, tituluak, baloreak, ibilgailuak edo beste jabetza batzuk) ezin da 50.000 eurotik gorakoa izan.

e) Banakako eskatzaileek edo bizikidetza-unitate osoak 39.000 eurotik beherako urteko diru-sarrera gordinak egiaztatu beharko dituzte, babes ofizialeko etxebizitzei buruzko araudiaren arabera haztatuta.

Diru-sarrera horiek zenbatzeko, kontuan hartuko da pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena aurkezteko epea amaitu eta eskabidea egin aurreko zergaldia.

f) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan aurreikusitako baldintzak betetzea.

2.– Gainera, programa nagusiaren onuradunek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Hiri-errentamenduei buruzko azaroaren 24ko 29/1994 Legearen arabera formalizatutako errentamendu-kontratu baten titularra izatea, banaka edo errentakide gisa, Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako etxebizitza libre batean, baldin eta etxebizitza horren ohiko egoitza iraunkorra bada.

b) Etxebizitzaren errentatzailearekin edo errentatzailearen bizikidetza-unitateko edozein kiderekin odol-ahaidetasunezko edo ezkontza-ahaidetasunezko hirugarren mailarainoko familia-loturarik ez izatea.

c) Errentamendu-kontratua indarrean egon behar da eta 2020ko martxoaren 14a baino lehen formalizatuta egon behar zen (egun horretan, martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretua indarrean jarri zen). Errege-dekretu horren bidez, alarma-egoera deklaratzen da, Covid-19 birusak eragindako osasun-krisiaren egoera kudeatzeko.

d) Hileko errenta ezin izango da alokatutako etxebizitza dagoen lurralde-eremuari egotz dakiokeen batez besteko errenta halako 1,5 baino handiagoa izan, 2019ko lehen seihilekoko Alokairu Merkatuaren Estatistikak (EMA) emandako datuen arabera. Familia ugarien kasuan, hileko errenta ezin izango da alokatutako etxebizitza dagoen lurralde-eremuari egotz dakiokeen batez besteko errenta halako 1,75 baino handiagoa izan.

Agindu honen I. eranskinean, biztanleria-eremuen arabera onar daitezkeen gehieneko errenten taula erantsi da.

3.– Hauek dira programa nagusiaren onuradunek alokairuak ordaintzeko laguntza-modalitatean bete beharreko baldintzak:

a) Besteren konturako langileen kasuan, langabezia- edo azpienplegu-egoera 2020ko urtarrilaren 31tik aurrera hasi behar izan da, eta osasun-larrialdiak eragindako krisian izan behar du jatorri orokorra.

Ondorio operatiboetarako, hala izan dela joko da aldi baterako enplegu-erregulazioko espediente batean edo beste enplegu-espediente batzuetan jasotako kontratu-eteteak direnean, ezinbesteko kausengatik edo bi kasuetan Covid-19 birusarekin lotutako arrazoi ekonomiko, tekniko, antolamenduko eta ekoizpenekoengatik.

Era berean, epea amaitzeagatik eta aldi baterako kontratuak ez berritzeagatik kontratuak azkentzen direnean, kontratua aldatu zaien eta lanaldia murrizten zaien langileak (dela lanaldi partzialeko kontratua aldatzeagatik, dela ahaideak zaintzeagatik, dela familia eta lana uztartzeagatik, dela adingabeak eta/edo adinekoak zaintzeagatik) langabezia- edo azpienplegu-egoera osasun-larrialdiak eragindako krisiaren ondorio dela joko da, baldin eta eskatzaileek jarduera-zerrendako sektoreren batean jardun badute, eta sektore hori jendearentzat irekitzea eten egin bada, martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren arabera.

Aurreko kasuak aplikagarriak ez direnean, langabezia- eta/edo azpienplegu-egoeraren eta osasun-larrialdiak eragindako krisiaren arteko lotura zuzena egiaztatu ahal izango da, zuzenbidean onartutako edozein frogabidez.

b) Langile autonomoen edo enpresaburuen kasuan, diru-sarreren galera edo salmenten beherakada kalkulatzeko, jaitsiera horiek gertatu ziren hilabeteetako diru-sarrerak edo salmentak hartuko dira erreferentziatzat (2020ko apirila eta/edo maiatza eta/edo ekaina eta/edo uztaila), alarma-egoera deklaratu aurreko seihileko naturalean erregistratutako batezbestekoarekin alderatuta.

Hala ere, martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren arabera jendearentzako irekiera etenda daukaten jardueren zerrendan jasotako sektoreren batean lan egiten duten pertsonen kasuan, kalteberatasun ekonomikoaren egoera halakotzat jotzen da aurrez, eta ez da egiaztatu beharko diru-sarreren galera edo salmenten beherakada hori.

4.– Programa nagusiaren onuradunen kasuan, maileguak itzultzeko laguntzen modalitatean, martxoaren 31ko 11/2020 Errege Lege Dekretuaren 9. artikuluan jasotako finantzaketa-laguntza iragankorrak ematen dituzten banku-erakundeetako batekin mailegu bat formalizatuta izatea ere eska daiteke.

5.– Bereziki kalteberak diren pertsonen programa osagarrirako, artikulu honetako 2. paragrafoan jasotako betekizunak ere eskatuko dira, etxerik gabeko pertsonak direnean izan ezik. Bereziki kaltebera den kolektiboaren izaera egiaztatu beharko da, 12.5 artikuluak ezartzen duen bezala.

7. artikulua.– Bateraezintasunak.

Agindu honetan araututako alokairu-laguntzak bateraezinak dira honako hauekin:

1.– Alokairuko babes publikoko etxebizitza bat edo erabilera lagatzeko zuzkidura-bizitoki bat izatea.

2.– Etxebizitza pribatu bat alokairuan hartzea, ASAP (Alokairu Segurua, Arrazoizko Prezioa) merkatu libreko etxebizitzak alokatzeko bitartekaritza-programaren edo Bizigune etxebizitza hutsen programaren bidez.

3.– Etxebizitzako prestazio osagarria (EPO), etxebizitzako prestazio ekonomikoa (EPE), udal-laguntzak edo alokairu-gastuak betetzen laguntzen duen beste edozein administrazio edo erakunde publikoren laguntzak.

4.– Gizarteratzeko eta Diru Sarrerak Bermatzeko abenduaren 23ko 18/2008 Legearen 44. artikuluaren 2.a atalean aipatutako alokairu-gastuekin lotutako gizarte-larrialdietarako laguntzak (GLL) jasotzea.

5.– Gaztelagun programaren alokairurako laguntzak jasotzea (Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuaren 2018ko abenduaren 18ko Aginduak arautzen du programa hori).

6.– Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuaren 2020ko martxoaren 31ko Aginduak araututako alokairuak ordaintzetik salbuestea. Agindu horren bidez, alokairu-erregimeneko etxebizitza babestuen arloan Covid-19 birusaren inpaktu ekonomikoari erantzuna emateko hartu beharreko neurriak arautzen dira.

7.– Etxebizitzaren errenta osorik edo zati batean barkatzea, edo etxebizitzaren ordainketa aldi baterako eta ohiz kanpo atzeratzea, errentatzailearekin adostuta, betiere Covid-19 birusari aurre egiteko arlo sozialean eta ekonomikoan premiazko neurri osagarriak hartzeari buruzko martxoaren 31ko 11/2020 Errege Lege Dekretuaren 8. artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

8.– Errentamendu-errentaren % 50eko murrizketa alarma-egoerak irauten duen bitartean eta hurrengo hilekoetan, epe hori ez bada nahikoa Covid-19 birusaren ondorioz eragindako kalteberatasun-egoerari dagokionez, gehienez ere lau hilabetez, martxoaren 31ko 11/2020 Errege Lege Dekretuaren 4. artikuluan aurreikusitako baldintzetan. Artikulu hori errentamendu-zorraren luzamendua automatikoki aplikatzeari buruzkoa da, edukitzaile handien eta etxebizitza-enpresa edo -erakunde publikoen kasuan.

9.– Beste edozein administrazio publikok edo beste edozein erakunde publikok edo pribatuk helburu bererako emandako beste laguntza batzuk, 11/2020 Errege Lege Dekretuaren 9. artikuluaren esparruan emandako maileguak izan ezik.

8. artikulua.– Zenbatekoa.

1.– Alokatzeko laguntzaren hileko zenbatekoa etxebizitzako prestazio ekonomikorako eta etxebizitzako prestazio osagarrirako legez ezarritakoa izango da: 250 euro. Errentakidetasunaren kasuan, laguntzaren onuradun izango den errentakideak ordaintzen duen errentaren ehunekoaren arabera egokituko da zenbateko hori.

2.– Laguntzaren zenbateko osoa, oro har, sei hilekoa izango da, eta lehen hilekoa 2020ko apirilekoa izan daiteke; beraz, 1.500 eurokoa izango da.

3.– Bereziki kalteberak diren pertsonen programa osagarriaren kasu berezian, laguntzaren zenbateko osoa hamabi hilekoa izango da gehienez, eta lehen hilekoa 2020ko apirilekoa izan daiteke; beraz, 3.000 eurokoa izango da.

9. artikulua.– Kudeaketa.

Etxebizitzako lurralde-ordezkaritzek eta Erakunde Laguntzaileak kudeatuko dituzte laguntzak, 10. eta 13. artikuluetan aurreikusitakoaren arabera.

10. artikulua.– Erakunde Laguntzailea.

1.– Alokabide SA sozietate publikoa izendatzen da agindu honetan araututako alokairu-laguntzak kudeatzeko erakunde laguntzaile, honako hauetan aurreikusitakoaren arabera: 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 52. artikulua; eta, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua. Horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen bermeen eta itzulketen araubide orokorra arautzen da eta kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen betekizunak, araubidea eta betebeharrak ezartzen dira.

2.– Alokabide SA sozietateari honako jarduketa hauek dagozkio:

a) Informazio, orientazio eta aholkularitza indibidualizatua, interesdunek eskabideak behar bezala bete eta beharrezko dokumentazioa erantsi ahal izan dezaten.

b) Eskabideak jasotzea eta baldintzak betetzen direla egiaztatzea.

c) Etxebizitzako lurralde-ordezkariari eskabideak ebazteko eta edozein aldaketa egiteko proposamena.

d) Laguntzen ordainketa.

e) Onuradunen betebeharrak betetzen dituztela egiaztatzea.

11. artikulua.– Eskabidea eta aurkezteko epea.

1.– Eskabideak aurkezteko epea agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik 2020ko irailaren 30era arte egongo da irekita.

2.– Interesdunek eskabidea modu telematikoan aurkeztu beharko dute, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan eskuragarri dagoen eredu ofizialaren arabera (https://www.euskadi.eus/etxebizitza-librea-alokatzeko-laguntza/web01-tramite/eu), edo Alokabide SA sozietate publikoak www.alokabide.euskadi.eus webgunean dituen kanalen bidez.

3.– Programa nagusiko laguntzen eskabidean berariaz adierazi beharko dira pertsona edo bizikidetza-unitate errentariaren egungo diru-sarrerak, eskabidea aurkezten den hilabeteari dagozkionak, edo aurreko hilabeteari dagozkionak, hura eskuragarri ez badago.

4.– Alokairua ordaintzeko programa nagusiko laguntza-eskabidean, besteren konturako langileek honako hauek adierazi beharko dituzte eskabidean: zein enpresatan lan egiten duten edo lan egin duten, enpresa horri dagokion jarduera ekonomikoaren sektorea eta langabezia- edo azpienplegu-egoera zein egunetan hasi den.

5.– Alokairua ordaintzeko programa nagusiko laguntzen eskabidean, langile autonomoek edo enpresaburuek jarduera ekonomikoa zein sektoretan gauzatzen duten edo zuten adierazi beharko dute eskabidean.

6.– Eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dute eskabidea eta horrekin batera aurkeztutako egiaztagiriak. Era berean, eskabidearen ondoriozko jarduketetan, eta prozedura osoan, eskatzaileak aukeratutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.

12. artikulua.– Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentuak.

1.– Baldintzak betetzen direla egiaztatzeko, eskabidearekin batera honako dokumentu hauek aurkeztu beharko dira:

a) Erantzukizunpeko adierazpena, ondasun higiezinaren jabari osoaren edo erabilera- eta gozamen-eskubideen titularra ez izateari buruzkoa (salbu eta norberaren konturako jardueraren titularra bada) eta 7. artikuluan aipatzen diren errenta, prestazio edo laguntza bateraezinak ez jasotzeari buruzkoa.

b) 50.000 eurotik gorako ondarea ez izatearen erantzukizunpeko adierazpena.

c) Errentapeko etxebizitzan erroldatuta egotearen erantzukizunpeko adierazpena, bereziki kalteberak diren pertsonen programa osagarrian sartuta dauden etxerik gabeko pertsonen kolektiboarentzat izan ezik.

d) Diru-sarrerak egiaztatzeko dokumentuak:

– Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena, eskabidea egin aurreko zergaldiari dagokiona.

– Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpenari, hala badagokio, prestazio ez-kontributiboen ziurtagiria erantsiko zaio.

– Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpenaren kopia aurkezten ez duten pertsonek honako dokumentu hauek aurkeztu beharko dituzte:

– Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak emandako lan-bizitzaren ziurtagiria, data eguneratuarekin.

– PFEZaren atxikipenen ziurtagiri ofiziala (10T dokumentua).

– Ikerketarako beken edo laguntzen kasuan, hori justifikatzen duen ziurtagiria.

e) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan aurreikusitako betekizunak betetzen direla dioen erantzukizunpeko adierazpena. Hala ere, organo kudeatzaileak edo erakunde laguntzaileak automatikoki egiaztatuko du zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela, dirulaguntza eman eta ordainketa egin aurretik.

f) Eskatzaileen egoera zibilari buruzko erantzukizunpeko adierazpena. Errentakidetasunaren kasuan, errentakideen artean dagoen harreman mota zehaztu behar da. Baita bakoitzak ordaintzen duen errentaren zenbatekoa ere.

g) Errentariaren hirugarrenaren alta-agiria beteta. Horren ordez, errentatzailearen edo kreditu-erakundearen hirugarrenaren alta-agiria bete ahal izango da, 14. artikuluaren 3. eta 4. apartatuetan aurreikusitako kasuetan.

2.– Gainera, programa nagusiaren alokairu-laguntzetarako eskabideetan, honako hauek erantsi beharko dira:

a) Errentamendu-kontratuari dagokion fidantza Etxebizitzako lurralde-ordezkaritzan gordailututa ez badago, kontratu horren kopia, honako datu hauek jasota: kontratatzaileen identitatea, errentapeko finkaren identifikazioa, itundutako iraupena eta hasierako errenta.

Errentariak bat baino gehiago badira, eta kontratuan ez bada agertzen bakoitzari banaka ordaindu beharreko errentaren zenbatekoa, erantzukizunpeko adierazpena aurkeztuko da, banakako zenbateko hori adierazita.

b) Gaur egun erabilgarri dauden diru-sarreren egiaztagiriak, langabeziagatiko prestazioen ordainagiria, nominak edo besteren konturako langileentzako dokumentu baliokidea aurkeztuz, eta langile autonomoen edo enpresaburuen sarrera eta gastuen erregistroei, autolikidazioei eta/edo zerga-ondorioetarako informazio-aitorpenen aurkezpenei buruzko kontabilitate-informazioa aurkeztuz.

c) Erantzukizunpeko adierazpena, etxebizitzaren errentatzailearekin edo errentatzailearen bizikidetza-unitateko edozein kiderekin odol-ahaidetasunezko edo ezkontza-ahaidetasunezko hirugarren mailara arteko familia-loturarik ez dagoela adierazten duena.

d) Errentatzaileak egindako erantzukizunpeko adierazpena, etxebizitzaren errenta osorik edo zati batean barkatu ez duela edo haren ordainketa aldi baterako eta ohiz kanpo atzeratu duela adierazten duena.

3.– Gainera, programa nagusiaren alokairu-laguntzetarako eskabideetan, alokairua ordaintzeko laguntzetan, 6.3 artikuluan eskatutako baldintzak betetzen direla egiaztatzen duen dokumentazioa erantsi beharko da, hala dagokionean.

4.– 11/2020 Errege Lege Dekretuaren 9. artikuluaren baitan emandako maileguak itzultzeko laguntzen eskaerei dagokienez, emandako mailegua egiaztatzen duen dokumentuaren kopia erantsi beharko da.

5.– Pertsona bereziki kalteberentzako programa osagarrira bideratutako laguntza-eskabideetarako, honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute, gainera, baldintzak betetzen dituztela egiaztatzeko:

a) Genero-indarkeriaren biktimak: oinarrizko gizarte-zerbitzuen edo gizarte-zerbitzu espezializatuen epaia, urruntze-agindua edo txostena, genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzat etxebizitzaren arloko ekintza positiboko neurriei buruzko Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuaren 2006ko urriaren 4ko Aginduaren 3. artikuluan xedatutakoaren arabera emanak.

b) Ohiko etxebizitza berehala utzarazi behar zaien pertsonak edo dagoeneko utzarazitakoak: utzarazpena zehazten duen dokumentu judiziala.

c) Etxerik gabeko pertsonak: erroldatze sozialaren edo itxurazko erroldatzearen erantzukizunpeko adierazpena.

d) Bereziki kalteberak diren beste pertsona batzuk: erroldatzearen erantzukizunpeko adierazpena, familia-liburua, agintari publiko eskudunak emandako edozein desgaitasun-motaren ziurtagiria edo langabezia-egoeraren ziurtagiria.

6.– Interesdunek eskubidea dute 1. apartatuko a), b), c), d) eta e) letretan aipatzen diren dokumentuak ez aurkezteko, baldin eta etxebizitzaren arloan eskumena duen sailak edo Alokabide SA sozietateak beren sare korporatiboen bidez edo datu-bitartekaritzarako plataformei edo horretarako gaitutako beste sistema elektroniko batzuei kontsulta eginez elektronikoki eskuragarri daudenak kontsultatzearen edo beste administrazio publiko batzuei eskatzearen aurka ez badaude.

Zuzeneko kontsulta horren aurka eginez gero, ezin izango zaio eskabideari biderik eman, gaur egungo alarma-egoeraren egoera kritikoan ez baitago arau erregulatzaileak eskatzen dituen betekizunak egiaztatzeko beste modurik.

Eskabidea alarma-egoera amaitu ondoren formalizatzen bada, pertsona eskatzailea administrazio arteko kontsultaren (elkarreragingarritasuna) aurka agertzen bada, pertsona horrek bere kabuz aurkeztu beharko du eskabidea izapidetzeko behar den dokumentazioa.

13. artikulua.– Prozedura eta ebazpena.

1.– Alokabide SA sozietateak eskabideak behar bezala betetzen direla egiaztatuko du, baita laguntza-eskabidea izapidetzeko behar den dokumentazioa aurkeztu dela ere.

2.– Eskabidea izapidetzeko onartzeko eskatutako dokumentuak falta direla edo formazko akatsen bat dagoela ikusten bada, interesdunari hamar egun balioduneko epea emango zaio akatsa zuzentzeko edo nahitaezko dokumentuak aurkezteko. Gainera, adieraziko zaio hala egin ezean eskabidean atzera egin duela joko dela.

3.– Alokabide SA sozietateak ofizioz egiaztatuko du Lan eta Justizia Sailarekin edo lan-agintaritza eskudunarekin besteren konturako langileen langabezia- edo azpienplegu-egoerak zehaztutako baldintzak betetzen dituela.

Era berean, ofizioz egiaztatuko du langabezia-prestazioak kudeatzen dituen erakundearekin langabezia- edo azpienplegu-egoera zein egunetan hasi den eta langabezia-prestazio gisa hilean zer zenbateko jaso den.

4.– Langile autonomoen edo enpresaburuen kasuan, Alokabide SA sozietateak egiaztatuko du eskatzailea benetan alta emanda dagoela eskabidean adierazitako jarduera-sektorean eta jarduera hori martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren arabera jendearentzako irekiera etenda duten jardueren zerrendan sartuta dagoela.

Halaber, foru-ogasun eskudunean edo, hala badagokio, Zerga Agentzian dauden datuekin kontrastatuz egiaztatuko du, aipatutako Errege Dekretuan sartuta ez dauden sektoreen kasuan, eskabidean aitortutako diru-sarreren galera edo salmenten beherakada gertatu dela.

5.– Aurreko daturen bat egiaztatu ezin bada, edo eskatzailea Alokabide SA sozietateak administrazio publiko eskudunetatik jasotzearen aurka badago, organo kudeatzaileek dagozkion dokumentazio-eskaerak egingo dituzte.

6.– Alokabide SA sozietateak, halaber, laguntza jasotzeko gainerako baldintzak betetzen diren egiaztatuko du, eta ebazpen-proposamena igorriko dio Etxebizitzako lurralde-ordezkariari, hari baitagokio ebazpena ematea.

7.– Ebazpena bi hilabeteko epean jakinarazi beharko da, eskabidea egiten den egunetik zenbatzen hasita, eta administrazio-isiltasunak baietsi egingo du. Hala ere, akatsak zuzentzeko epe bat ireki bada, aipatutako epea eten egingo da eskatzaileari bidalitako jakinarazpena jasotzen denetik eskatutako dokumentazio guztia aurkezten den arte.

8.– Ebazpen horren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute interesdunek, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluan xedatutakoaren arabera.

9.– Baiespen-ebazpenak pertsona onuradunak erroldatuta dauden udalei jakinaraziko zaizkie, 7. artikuluan xedatutakoaren arabera laguntza bateraezinak jasotzen ari badira, hartu beharreko neurriak har ditzaten.

10.– Baiespen-ebazpenak Mugikortasuneko, Garraioko eta Hiri Agendako Ministerioari edo hark izendatutako organoari ere jakinaraziko zaizkio, benetan egiaztatzeko 11/2020 Errege Lege Dekretuaren 9. artikuluan araututako finantzaketa-laguntza iragankorren bidez mailegu bat eman denean emandako laguntzaren zenbatekoa nahitaez erabili dela mailegu hori amortizatzeko.

11.– Laguntzak ez dira Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko. Hala ere, Eusko Jaurlaritzaren gardentasunaren atarian eta Alokabide SA sozietatearen web-orrian argitaratuko da dagokion aldian emandako eta iraungitako laguntzen kopurua eta zenbateko osoa, lurralde historikoaren eta onuradunaren sexuaren arabera banatuta.

14. artikulua.– Laguntzaren ordainketa.

1.– Laguntza bi ordainketatan ordainduko da.

a) Lehenengoa baiespen-ebazpena eman ondoren egingo da, eta zenbateko osoaren % 50 izango da.

b) Bigarrena hiru hilabete geroago egingo da, onuradunak kalteberatasun-egoeratik atera dela jakinarazi ezean, eta gainerako % 50 izango da.

2.– Ordainketa errentariaren hirugarrenaren alta-agirian agertzen den banku-kontuan egingo da.

3.– Ordainketa errentatzaileari zuzenean egitea erabaki ahal izango da, baldin eta errentariak alokairuaren ordainketa egin ez badu, eskabidea horrela bideratzen bada eta hirugarrenaren alta-agiria errentatzailearen banku-kontuarekin ematen bada.

4.– Ordainketa kreditu-erakunde hartzekodunari zuzenean egitea erabaki ahal izango da, baldin eta 11/2020 Errege Lege Dekretuaren 9. artikuluan araututako mailegu gisako finantzaketa-laguntza iragankorrak osorik edo zati batean kitatzen badira eta baldin eta errentariak eskabidean hala egiten badu eta hirugarrenaren alta-agiria kreditu-erakundearen banku-kontuarekin ematen bada, hark liberazio-baliozkotzea egin ondoren.

15. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.

Laguntzen onuradunek honako betebehar hauek dituzte:

1.– Laguntzen zenbateko osoa alokatutako etxebizitzaren errenta ordaintzera bideratzea, edo 11/2020 Errege Lege Dekretuaren 9. artikuluan araututako mailegu gisako finantzaketa-laguntza iragankorrak osorik edo zati batean kitatzera.

2.– Alokabide SA sozietatean aurkeztea, 2020ko abenduaren 31 baino lehen, alokairu-errenten ordainagiriak eta/edo finantzaketa-laguntza iragankorren kitapen oso edo partzialaren ordainagiriak.

3.– Alokabide SA sozietatean aurkeztea, 2021eko abenduaren 31 baino lehen, programa honen kontura bizitoki-konponbideak garatu dituzten administrazio publikoen, enpresa publikoen eta irabazi-asmorik gabeko erakundeen, lankidetza-ekonomiakoen edo antzekoen (betiere irabazi-asmorik gabekoak izan behar dira) alokairu-errenten ordainagiriak, proiektu sozialaren memoria eta jasotako emaitzak.

4.– Alokabide, SA sozietateari jakinaraztea laguntza ematea eragin zuten baldintzak aldatzea dakarren edozein aldaketa.

5.– Bidegabe kobratutako zenbatekoak itzultzea, hala ebazten bada.

6.– Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak laguntzaren xedea fiskalizatzeko eskatzen duten informazio guztia ematea.

16. artikulua.– Azkentzea.

Laguntza azkendu egingo da honako arrazoi hauengatik:

a) Laguntza jasotzeko baldintzak ez betetzea.

b) Onuradunak uko egitea.

c) Aurkeztutako datuak edo eskabidean sartutako erantzukizunpeko adierazpenak faltsuak direla egiaztatzea.

d) 15. artikuluan aurreikusitako betebeharrak ez betetzea.

17. artikulua.– Bidegabe jasotako laguntzak azkentzeko eta itzultzeko prozedura.

Bidegabe jasotako laguntzak azkentzeko eta itzultzeko prozedura honako hauetan ezarritakoaren arabera arautuko da: 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 52. artikulua; eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua. Horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen bermeen eta itzulketen araubide orokorra arautzen da, eta kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen betekizunak, araubidea eta betebeharrak ezartzen dira.

18. artikulua.– Zehapen-araubidea.

Zehapen-araubidea honako hauetan aurreikusitakoa da:

a) Etxebizitzaren ekainaren 18ko 3/2015 Legearen X. kapitulua, eta, zehazki, 84. artikuluaren ñ letra. Horrek hutsegite larritzat jotzen ditu pertsona onuradunek etxebizitza- edo birgaitze-arloan jasotako laguntzak laguntza horiek ematea eragin zuen helbururako erabiltzen ez dituzten kasuak.

b) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren IV. titulua.

19. artikulua.– Datu pertsonalen tratamendua.

Agindu honetan araututako laguntzak eskatzeko ematen eta sortzen den informazioa beharrezkoa da laguntzak emateko prozedura izapidetu eta ebazteko.

Informazio hori eskatzaileari buruzkoa izango da, baita, hala badagokio, eskabideari lotutako bizikidetza-unitateko kideei buruzkoa ere, eta egiazko datuak aurkeztu beharko dira. Datu horiek Alokabide SA sozietateak egiaztatuko ditu, agindu honek esleitzen dizkion eginkizunak betez eta dirulaguntzak arautzen dituen araudia betez. Egiaztapen-jarduera hori Alokabide SA sozietateak gaiaren arabera eskumena duten erakundeei zuzenean kontsulta eginez egingo da.

Prozesuak eskatzen dituen datu pertsonalen kudeaketa eta tratamendua agindu honen II. eranskinean jasotako informazioaren arabera egiten da, eta Alokabide, SA da tratamendu horren eragilea, dirulaguntza hauen kudeaketan erakunde laguntzaile gisa egin behar dituen zereginen arabera.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA

Agindu honi dagokion aurrekontu-zuzkidura 15.529.328 eurokoa da ordainketa-kredituetan.

Emango diren laguntzen guztizko bolumenak ez du zenbateko hori gaindituko. Beraz, zenbateko hori agortutakoan, ez da beste laguntzarik emango, eta kreditua agortu dela Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian jakinaraziko da, Etxebizitzako sailburuordearen ebazpen baten bidez.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 53.2 artikuluaren arabera, Alokabide SA sozietate publikoak ez du aurkeztu beharko laguntzak kudeatzeko aurreratzen zaizkion funts publikoen zenbatekoaren bermea.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuaren 2020ko martxoaren 31ko Agindua aldatzea. Agindu horren bidez, alokairu-erregimeneko etxebizitza babestuen arloan Covid-19 birusaren inpaktu ekonomikoari erantzuna emateko hartu beharreko neurriak arautzen dira.

Aldatu egiten da Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuaren 2020ko martxoaren 31ko Aginduaren 4. artikuluaren 3. apartatua. Agindu horren bidez, alokairu-erregimeneko etxebizitza babestuen arloan Covid-19 birusaren inpaktu ekonomikoari erantzuna emateko hartu beharreko neurriak arautzen dira. Honela idatzita geratzen da:

«3.– Bi kasuetan, kalteberatasun ekonomikoa dagoela jotzeko, gainera, ordaindu beharreko errentaren zenbatekoa gehi komunitate-gastuak eta oinarrizko hornidurak errentariaren edo bizikidetza-unitatearen diru-sarreren % 30 baino gehiago izatea eskatzen da, babes ofizialeko etxebizitzei buruzko araudiaren arabera kalkulatuta.

Komunitate-gastuak eta oinarrizko hornidurak, agindu honetan eskatutako kalkuluen ondorioetarako, hileko 79 euroan balioesten dira bizikidetza-unitatea osatzen duen pertsona bakoitzeko edo, bestela, hileko 187,4 euroan etxebizitza bakoitzeko. Pertsonarentzat edo bizikidetza-unitatearentzat onuragarriena den irizpidea aplikatuko da.»

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko apirilaren 30a.

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburua,

IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.

I. ERANSKINA
HILEKO GEHIENEKO ALOKAIRUA
ALOKAIRU MERKATUAREN ESTATISTIKAREN BATEZBESTEKOA X 1,5 EGINDA
(Ikus .PDF)
II. ERANSKINA
DATUAK BABESTEARI BURUZKO INFORMAZIOA

Eskabidean eta erantzukizunpeko adierazpenetan agertzen diren datu pertsonalak Etxebizitzako Plangintzaren eta Prozesu Eragileen Zuzendaritzak etxebizitzaren eta lurzoruaren arloan ematen dituen laguntzak izeneko tratamendu-jardueran tratatu eta sartuko dira.

Arduraduna: Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saileko Etxebizitza Sailburuordetzako Etxebizitzako Plangintzaren eta Prozesu Eragileen Zuzendaritza.

Xedea: dirulaguntza eta laguntza publikoak kudeatzea.

Legitimazioa: interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoak erabiliz egindako misio bat betetzeko beharrezko tratamendua. 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa. Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartua. 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena.

Hartzaileak: datuak ez zaizkie hirugarrenei lagako, legeak hala agintzen ez badu.

Eskubideak: eskatzaileak datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezabatzeko eskubidea du, baita informazio gehigarrian jasotzen diren beste eskubide batzuk ere.

Informazio gehigarria: datuen babesari buruzko informazio gehigarria eta zehatza helbide honetan kontsulta daiteke:

https:// www.euskadi.eus/dbao/1103001

Araudia:

– Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra,

(https://eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/HTML/?uri=CELEX:32016R 0679&from=ES).

– 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa,

(https://www.boe.es/boe_euskera/dias/2018/12/06/pdfs/BOE-A-2018-16673-E.pdf)


Azterketa dokumentala

Euskadi, auzolana