Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

82. zk., 2020ko maiatzaren 4a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

OSASUN SAILA
1916

AGINDUA, 2020ko martxoaren 24koa, Osasuneko sailburuarena, zeinaren bidez onartzen baita osasunari buruzko ikerketa- eta garapen-proiektuetarako laguntzen 2020ko deialdia.

Osasun Sailaren eskumenetako bat da osasun-zientzien arloan ikerketa-jarduerak sustatzea eta planifikatzea, Euskadiko sistema sanitarioa etengabe garatu eta hobetzeko funtsezko elementua baita hori. Horri dagokionez, Euskadiko sistema sanitariotzat hartuko da Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legearen 5. artikuluan ezarritakoa.

Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorrak, Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legeak, Ikerketa Biomedikoari buruzko uztailaren 3ko 14/2007 Legeak eta Zientziari, Teknologiari eta Berrikuntzari buruzko ekainaren 1eko 14/2011 Legeak ikerketa sanitarioa sustatzeko erreferentzia-esparru komun bat eskaintzen dute, eta era eraginkorrago batean funtzionatzeko baldintzak ezartzen dituzte.

Esparru horretan, Osasun Arloko Ikerketa eta Berrikuntzarako 2020rako Estrategiaz hornitu da Osasun Saila. Estrategia hori 2013-2020 Osasun Planarekin batera doa, hots, sistema sanitarioaren plangintza-tresna nagusiarekin. Tresna horren bidez ikerkuntza eta berrikuntza sustatzen dira ezagutza-sortzaile gisa, zertarako eta osasuna eta osasun-sistemaren kalitatea, eraginkortasuna eta efizientzia hobetzeko; halaber, sistema sanitarioak EAEko berrikuntza-ekosisteman duen zeregina onartzen du eta, horrenbestez, xede bikoitza erakusten du: Euskal Autonomia Erkidegoan biozientziak-osasuna arloaren garapena sendotzen laguntzea; horretarako, I+G+B jarduerak instituzionalizatuko dira sistema sanitarioan eta enpresekiko eta beste eragile batzuekiko elkarreraginak bideratuko dira, osasunean eta balio-sorkuntzan emaitzak hobetzeko.

Osasun Arloko Ikerketa eta Berrikuntzarako 2020rako Estrategiaren bidez ikerketa eta berrikuntza bultzatzeak lagundu egiten dio 2020rako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Planari («ZTBP 2020. Espezializazio adimentsuko estrategia. Research & Innovation Smart Specialisation Strategy – RIS3»); horixe da EAEko zientzia-, teknologia- eta berrikuntza-sistemaren gaur egungo esparrua, eta xede hau dauka: EAEko gizartearen ongizatea, hazkuntza ekonomikoa eta enplegua hobetzea, espezializazio adimendunean oinarritutako berrikuntza-politikaren eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Sistemaren eraginkortasuna hobetzearen bidez. Halaber, lehentasunezko hiru arlo identifikatzen ditu, horien artean esparru biosanitarioa (biozientziak eta osasuna binomioa).

Deialdi hau Osasun-arloko Ikerketa eta Berrikuntza Estrategiaren (2020) barruan sartzen da, ZTBP 2020 eta RIS3 Euskadin, eta ardatz estrategikoetako birekin dago lotuta. Eraginaren Ardatza dago batetik, zeinaren helburua baita I+G+B jardueren eragina handitzea, herritarren osasuna hobetzeko eta aberastasuna sortzen laguntzeko; eta, bestetik, Baliabideen Ardatza dago, zeinaren helburua baita osasunaren alorrean ikerkuntzaren eta berrikuntzaren finantzaketa hobetzea, bai barneko eta bai kanpoko baliabideen bitartez.

Agindu honetan jasotzen diren jarduerek helburu hauek dituzte: batetik, herritarren osasuna eta ongizatea hobetzen laguntzea, eta, bestetik, Euskal Autonomia Erkidegoaren garapen sozioekonomikoari laguntzea, arlo biosanitarioan jakintza sortzen, zabaltzen eta/edo aplikatzen lagunduz, translazio- eta lankidetza-ikuspegia duten ikerketa-proiektuen bidez, eta ikerketa sanitarioaren arloan txertatzen diren profesional-nodo berriak sustatuz.

Laguntza-deialdi honen xede diren lehentasunezko arloak prozesu patologikoei eta prozesu horien prebentzioari, detekzioari eta tratamenduari buruzko jakintzaren eta jakintza horren aplikazioaren esparruan daude; horretarako, besteak beste, doitasun-medikuntza pertsonalizatua erabiliko da, bai eta teknologia, produktu, zerbitzu eta prozesu berrien garapena eta aplikazioa ere, ikuspegi translazional batetik, ikerketako emaitzak pazienteengan aplikatu ahal izateko. Osasuna hobetzeko helburuaren barruan sartzen dira zerbitzu sanitarioetako, osasun publikoko eta lehen mailako arretako ikerketak, eta kontuan hartzen dira interes sozial eta sanitario handia duten gaixotasunak, bai eta erikortasun anitzak eta prozesu kronikoek sorrarazitako gaixotasun-karga ere. Halaber, osasuna eta generoa lotzen diten ikerketa interesgarria da, beraz, arlo hori I. eranskinean jasota dagoen gaietako bat da.

Ildo horiekin, deialdi berri hau biozientzien eta osasunaren arloan konfiguratu da, eta lau laguntza-lerro ezberdin uztartu ditu arau bakarrean:

– Ikerketa sanitarioaren jarduera sustatzea I+G proiektuen bidez, sistema sanitarioaren ahalmena indartzeko xedez, eta proiektu horiek sistema sanitarioaren eta gizartearen eskakizunak hobeto asetzeko behar den ezagutza sortzen eta osatzen ematen duten laguntza sendotzeko asmoz.

– Ikerketa sanitarioaren jarduera sustatzea jarduera kliniko-asistentziala duten langileek egindako I+G proiektuen edo jardueren bidez, I+G jardueretara ahalegin handiagoa bideratzeko eta EAEko sistema sanitarioan ikerketaren kultura indartzeko.

– Osasuneko ikerketa estrategikoa bultzatzea, lidergo sanitariotik, lankidetzatik eta EAEko gaitasun zientifiko-teknologikoetatik sortutako I+G proiektuen bidez; proiektu horiek produktu, prozesu eta zerbitzu berrien balioespenean aurreratzea ahalbidetuko dute, RIS3 estrategiarekin batera.

– Interes bereziko ekintza osagarriak, RIS3ren helburuekin bat etorrita, biozientzien eta osasunaren esparruan, RIS3ren dinamika eta lankidetza sendotzen duten eta proiektuen garapena eta emaitzen ustiapena errazten duten ekintzetan laguntza emanda.

Deialdi honen barruan 2020ko Dirulaguntzen Plan Estrategikoa dago; plan hori Osasuneko sailburuaren 2020ko otsailaren 11ko Aginduaren bidez onartu zen eta euskadi.eus egoitza elektronikoan dago argitaratuta, iragarki-taulan: https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa/.

Kontuan hartu da hori guztia, bai eta honako arau hauek ere: dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra (aurrerantzean, DLO) eta uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaz onartutako lege horren Erregelamendua (DEO), aplikatzeko oinarrizkotzat jotzen diren manuei dagokienez; Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretua (Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria, 1998ko urtarrilaren 19koa); Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen berme eta ordainketen erregimena arautzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua, eta oro har aplikatu behar diren gainerako arauak. Beraz, hori dela eta, honako hau

EBAZTEN DUT:
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea da osasunari buruzko ikerketa eta garapenerako laguntzen 2020ko deialdiaren oinarriak ezartzea, publikotasunaren, gardentasunaren, konkurrentziaren, objektibotasunaren, berdintasunaren eta diskriminazio-ezaren printzipioei jarraikiz, bai eta laguntzok ematen dituen Administrazioak finkatutako helburuak betetzeko efikaziari eta baliabide publikoak esleitu eta erabiltzeko efizientziari erreparatuta ere.

Deialdi honen ondorioetarako, ikerketaren eta garapenaren jarduerak ez dira jarduera ekonomikotzat hartutako; beraz, bete egin beharko dira Ikerketa eta Garapenerako eta Berrikuntzarako estatu-laguntzei buruz Europako Erkidegoaren esparruan Europako Batzordeak ezarritako baldintzak (2014-06-27ko EBAO, C 198), 19. puntukoak (ikerketa-organismoen eta ikerketa-azpiegituren jarduera primarioak, eta ezagutzen transferentziarako jarduerak). Beraz, deialdi honetatik kanpo geratzen da jarduera ekonomikoaren finantzaketa, hala nola:

a) I+G zerbitzuak eskaintzea eta enpresen kontura egindako I+G.

b) Ikerketa-azpiegituren alokairua.

c) Jarduera ekonomiko guztiak, Ikerketa eta Garapenerako eta Berrikuntzarako laguntza estatalei buruz Europako Erkidegoaren esparruan ezartzen baldintzak betetzen ez dituztenak (2014-06-27ko EBAO, C 198).

Munduko Medikuen Elkartearen Helsinkiko Adierazpenean ezarritako oinarrizko printzipioak (Gizakiengan egindako ikerketa medikoetarako printzipio etikoak) eta ikerketa medikoaren arloan indarrean dauden legeek ezarritako baldintzak errespetatuko dituzte ikerketa- eta garapen-proiektuek.

2. artikulua.– Helburua.

1.– Agindu honetan adierazitako jarduketen azken helburua da pertsonen osasuna eta osasun-sistemaren jarduera hobetzea, bai eta garapen sozioekonomikoari laguntzea ere, osasun-laguntza eta bizi-kalitatea hobetuko duten produktuak, zerbitzuak eta prozesuak garatzearen bidez. Helburu horiek lortzeko, deialdi honen bitartez hau lortu nahi da:

a) Orokorrean, EAEko osasun-sistemaren ikerketarako gaitasuna sustatzea, eta, bereziki, garatzeko bidean dauden ikertzaileen parte-hartzea bultzatzea, eta, horretarako, ikertzaile nagusi gisa egiten dituzten eta alderatutako kalitatea daukaten lehenengo ikerketa-proiektuak finantzatzea.

b) Asistentzia-jarduerak egiten dituzten langileek I+G jardueretan parte har dezaten sustatzea, pazienteei ezagutza helarazteko eta asistentzia-praktikatik hipotesiak sortzeko gaitasuna indartzeko, bai eta EAEko osasun-sistemako langileen ibilbide-profesionalean ikerketaren alderdia bermatzeko ere.

c) EAEko sistema sanitarioaren arloan ikerketa-gaitasunen koordinazioa bultzatzea, eta ikerketa-taldeen arteko sinergiak sustatzea; hala, masa kritikoak izatea eragozten duen zatikatzea gutxituko da, eta ikertzaileen jarduera helburu komunetara bideratuko da, jardun klinikora eraman daitezkeen emaitzak lortzeko.

d) Askotariko arlo eta agenteetako ikerketa-taldeen arteko elkarlana (sektore, ardatz eta diziplina anitzekoa) bultzatzea, beste modu batera lortzen zaila den ezagutza eskuratzeko eta emaitzak hobeto transferitzeko.

e) Sustatzea, batetik, ikerketa translazionala, eta, bestetik, gaixotasunen prebentzioa, diagnostikoa eta tratamendua hobetzeko behar den ezagutza zientifiko-teknikoa garatzeko, transferitzeko eta aplikatzeko jarduerak, bai eta osasun publikoaren eta osasun-zerbitzuen sustapen-jarduerak hobetzen dituztenak ere.

2.– Deialdi honetan, ikerketa biomedikorako proiektuak (oinarrizkoa, klinikoa, epidemiologikoa eta osasun publikokoa) eta zerbitzu sanitarioetako ikerketarako proiektuak eta ekintza osagarriak finantzatuko dira. Proiektuetarako gai-arloak I. eranskinean daude jasota, baina, hori ez da eragozpena izango 6. artikuluan modu espezifikoan adierazitakorako.

3. artikulua.– Erakunde onuradunak.

Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako EAEko Sarea (ZTBES) osatzen duten agente zientifiko-teknologikoak baino ezin daitezke izan agindu honetako laguntzen onuradunak, baldin eta, laguntzen eskabidea aurkezteko egunean, horretarako akreditatuta badaude, ekainaren 23ko 109/2015 Dekretuan, haren xedapen iragankorretan ezarritakoarekin bat etorriz (109/2015 Dekretuaren bidez, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako EAEko Sarearen osaera arautu eta eguneratzen da).

1.– Publikotasunaren ondorioetarako, agente horiek Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren EAEko Sareko Eragileen Erregistroan identifikatuta daude, honako helbide hauetan:

– Euskaraz: https://apps.euskadi.eus/aa40paWebPublicaWar/webPublicaJSP/aa40painicio.do?idioma=eu

– Gaztelaniaz: https://apps.euskadi.eus/aa40paWebPublicaWar/webPublicaJSP/aa40painicio.do?idioma=es

2.– Agindu honen 6. artikuluan dago zehaztua Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako EAEko Sareko zer agente-kategoria zehatzek har dezakeen dirulaguntza proiektu modalitate bakoitzean.

3.– Agenteek elkarlaneko proiektuak aurkez ditzakete; hau da, erakunde talde batek egindako proiektuak izan daitezke, erakunde horiek onuradunak izan zein ez (3. artikulu honetan azaldu bezala), baina erakunde horiek beharrezkoak badira proiektua garatzeko eta bera garatzeko gaitasuna ere badaukate, DLOaren 11.3 artikuluan xedatutakoarekin bat.

4. artikulua.– Erakunde onuradunen betekizunak.

1.– Aurreko artikuluan aipatutako erakundeak onuradun izan daitezke, baldin eta deialdi honetan jasotako betekizunak betetzen badituzte.

2.– Agenteek Teknologia eta Berrikuntzako EAEko Sarean (ZTBES) akreditatuta egon beharko dute agindu honetako laguntzen eskabideak aurkezteko epea hasten den egunean.

3.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 11.3 artikuluan eskatzen denarekin bat etorriz, agenteek agindu honetako laguntzak ematea dakarren jarduera egin beharko dute.

4.– Ezin izango dira agindu honetako laguntzen onuradun izan honako egoera hauetariko batean dauden agenteak:

a) Laguntza edo dirulaguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarren epai irmo batez kondenatuak izan direnak, delitu hauetako bat egiteagatik: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoak bidegabe erabiltzea, eragimen-trafikoa, iruzurrak eta legearen aurkako ordainarazpenak edo hirigintza-delituak.

b) Borondatezko konkurtsoa deklaratzeko eskaria egin dutenak, prozeduraren batean kaudimengabekotzat jota daudenak, hartzekodunen konkurtsoan deklaratuta daudenak, salbu eta horretan itun batek eragingarritasuna hartu badu, epailearen esku-hartzearen mende daudenak edo Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera desgaituta daudenak, konkurtsoa kalifikatzeko epaian finkatutako desgaitze-aldia amaitu gabe badago.

c) Administrazioarekin egindako edozein kontraturen amaiera irmoa eragitea, kausaren batean errudun deklaratua izateagatik.

d) Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateetako administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenak, honako lege hauetan jasotako kasuren batean badaude: Estatuko Administrazio Orokorreko goi-kargudunen jarduna arautzen duen martxoaren 30eko 3/2015 Legea; Administrazio publikoen zerbitzura dauden langileen bateraezintasunen abenduaren 26ko 53/1984 Legea (LBK, 1985, 14); edo Hauteskunde Erregimen Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan (LBK, 1985, 1463 eta LBK, 1986, 192) araututako kargu hautetsiak izatea, lege horretan edo gai horiek arautzen dituzten Euskal Autonomia Erkidegoko arauek ezarritako baldintzetan.

e) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak –indarrean dauden xedapenek ezartzen dituztenak– ez izatea arauz zehazten den bezala beteta eta egunean.

f) Egoitza fiskala paradisu fiskaltzat hartutako lurralde edo herrialde batean izatea.

g) Dirulaguntzak itzultzeko obligazioak egunean ez izatea, erregelamenduz zehazten denarekin bat etorriz.

h) Ebazpen irmo baten bitartez galdurik izatea dirulaguntzak jasotzeko aukera, betiere bat etorriz lege honekin edo halakorik ezartzen duten beste batzuekin.

i) DLOaren 11.3 artikuluko bigarren paragrafoan aurreikusitako elkarteak ezin izango dira onuradunak izan, baldin eta elkartekideren bat aipatu diren debeku horietako baten mende badago.

j) Dirulaguntzak jasotzeko debekuek honako egoera hauetan dauden enpresei ere eragingo diete: zuzentzen dituzten pertsonak edo beste zirkunstantzia batzuk direla-eta, pentsa badaiteke pertsona edo zirkunstantzia horiek tarteko izan dituzten beste enpresa batzuen jarraipena edo hortik eratorriak direla –eraldaketa, bat-egite edo ondorengotzaren ondorioz–.

5.– Halaber, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50. artikuluko 5. apartatuarekin bat, ezin izango dira onuradunak izan sexuaren ziozko bereizkeria egiteagatik zigor administratibo edo penalen bat daukatenak, ez eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legea dela bide debeku horrekin zigortutakoak ere, zigorrak ezarritako epean.

6.– Aurreko puntuetan zehaztu diren debekuen apreziazioari, justifikazioari, deklarazioari eta irismenari dagokienez, DLOaren 13. artikulua aplikatuko da, oinarrizko legea da eta.

7.– Laguntza-eskabidea aurkeztearekin batera, agente eskatzaileak baimena ematen du organo emaileak zuzenean egiazta ditzan artikulu hauetan adierazitako inguruabarrak: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamenduaren 18. artikulua (zerga-betebeharrak) eta 19. artikulua (Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak). Uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartu zen erregelamendu hori.

Hala ere, agente eskatzaileak espresuki ukatu ahal izango du baimen hori, eta, hala eginez gero, ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 22. artikuluko 1. puntutik 3.era bitartean adierazi bezala.

5. artikulua.– Ikerketa-taldearen betekizunak.

1.– Talde eskatzailetzat hartuko da Teknologia eta Berrikuntzako EAEko Sareko (ZTBES) agenteek osatutako taldea (3. artikuluaren arabera onuradun diren agenteak, hain zuzen) eta, hala badagokio, baita onuradun ez diren beste erakunde batzuek osatutako taldeak ere, baldin eta ikerketa-proiektua edo -jarduera proposatzen badute eta bera gauzatzen parte hartzen badute, horretarako, erakunde bakoitzak proiektuko edo jarduerako lan-plangintzaren arabera hartzen dituen atazak garatuta.

2.– Ikerketa Sanitarioko Zentroen kategoriako akreditazioa duen ZTBESaren agente batek, gutxienez, hartu behar du parte diruz lagundu daitezkeen proiektuetan edo jardueretan.

3.– Finantzaketa zenbait agentek eskatzen badute, proiektu edo jarduera bakoitzean parte hartzen duten agenteetako ikertzaile nagusietariko batek hartuko du bere gain proiektuaren koordinatzailearen izaera, eta bera izango da Ikerketa eta Berrikuntza Sanitarioko Zuzendaritzarekiko solaskidea.

4.– Eskabidea aurkeztu den unetik emakida-ebazpena eman arteko aldian behintzat, talde eskatzaileetako kideek funtzionario-, estatutu- edo kontratu-lotura formalizatua izan beharko dute, agindu honen 3. artikuluan ezarritakoarekin bat, bai onuradun den ZTBESko agentearekin, bai proiektua egiteko zentroarekin, bai beste erakunde batzuekin, baldin eta agenteak indarreko hitzarmen bat badauka beste erakunde horiekin ikertzailearen lotura babesteko.

5.– Ikertzaile nagusiek, eginkizun horren pean, gehienez bi proiektutan hartu ahal izango dute parte, hartara eragotzi gabe 6. artikuluan xedatutakoa. Ikerketa-taldeko gainerako kideek ez dute mugarik izango proiektu desberdinetan parte hartzeko.

6.– Agindu honen 6. artikuluan zehazten dira ezaugarriak, eta, beharrezkoak direnean, betekizunak, diruz lagundu daitezkeen jarduera-ildoetan.

6. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen proiektuak eta jarduerak.

Ikerketa sanitarioaren jarduera sustatzea: ikerketa sanitarioari laguntza emateko lerro honetan, onuradunak Ikerketa Sanitarioko Zentroen kategorietan akreditatutako ZTBESko agenteak bakarrik izango dira, eta horiexek aurkeztu ahal izango dituzte 2020an hasi eta gehienez 36 hiletan garatzen diren proiektuak. Ikerketa sanitarioari laguntza emateko lerro honetan, ezin izango dute ikertzaile nagusi gisa parte hartu Osasun Sailaren 2018ko eta 2019ko deialdietako aribideko beste proiektu batzuetarako eginkizun horretan daudenek.

Lau proiektu modalitate daude:

a) Talde gazteak sustatzea: ikertzaile nagusia, 1974an edo geroago jaioa izaki, lehenago ikertzaile nagusi gisa lehia-deialdi bidez finantzatutako proiektuetan parte hartutakoa ez den taldeen proiektuak. Epea zenbatzeko, egoera hauek hartuko dira kontuan:

– Amatasunaren edo aitatasunaren ondorioz hartutako atsedenaldiak, Gizarte Segurantzaren araubide orokorrean babestutakoekin bat. Seme-alaba bakoitzeko urtebete zabalduko da.

– Eskatzailearen gaixotasun edo istripu larria, medikuak hiru hileko edo gehiagoko baja emanda. Urtebete zabalduko da.

– Mendekotasuna duten pertsonei emandako arreta, hiru hileko tarte batekoa gutxienez, Autonomia pertsonala sustatzeari eta mendekotasun-egoeran dauden pertsonak zaintzeari buruzko abenduaren 14ko 39/2006 Legean xedatutakoarekin bat. Urtebete zabalduko da.

– Modalitate honetan, I. eranskineko gai-arloetariko edozeinetan garatzen diren ikerketa-proiektuei eman dakieke dirulaguntza.

b) Zerbitzu sanitarioetako ikerketa-proiektuak: osasun-politiken ebaluazio-arloetako proiektuak; prozesu eta emaitzen ebaluazioa; erabakiak hartzeko laguntza; antolamendu-ereduen garapena eta ebaluazioa. Modalitate honetan, zerbitzu sanitarioetako ikerketaren p puntuan azaldutako azpiarloetariko edozeinetan (I. eranskina) garatzen diren ikerketa-proiektuei eman dakieke dirulaguntza. Honako hauek interes berezia dute: osasun komunitarioaren ereduei eta lehen mailako arretari loturiko ikerketa, erizaintzako zainketei loturiko ikerketa, eta zainketa aringarriei loturiko ikerketa. Modalitate honetan, EAEko sistema sanitarioaren zenbait alderdi inplikatu nahi dira, errazteko, hala badagokio, emaitzen eskalabilitatea eta hedapena, edo sistemako erabakiak hartzean duten erabilera.

c) Proiektu biomedikoak: osasunari buruzko oinarrizko ikerketa-proiektuak, osasun-sistemaren barruan elkarlanean eginak. Proiektu hauek helburu nagusi hau izan behar dute: behatzen diren fenomeno eta gertakizunen oinarri-oinarrizko funtsei buruzko jakintza berriak eskuratzea, badauden gaitasun sanitarioak gehituta; edo osasuneko garapen teknologikoa, translazio-gaitasuna duten proiektuetarako kontzeptu-probak egiteko helburuarekin.

Modalitate honetan, I. eranskineko gai-arloetariko edozeinetan garatzen diren ikerketa-proiektuei eman dakieke dirulaguntza, osasun-zerbitzuetako ikerketari dagokion horretan izan ezik (p puntua).

d) Proiektu sanitario integratua: Osasun Ikerketako Bioaraba, Biocruces Bizkaia eta Biodonostia institutuek hirurek elkarlanean egindako gehienez hiru ikerketa-proiektu finantzatuko dira, proiektu hori interes komuneko arlo estrategikoetan egindakoa izango da, politika sanitarioekin bat etorri behar du eta institutu bakoitzaren ekarpena behar dela argi justifikatuta izan behar du; eta horretaz gain, masa kritiko baten edo indar diferentzialen sorreraren edo sendotzearen emaitza izan behar du, EAEko sistema sanitario publikoaren barruko gaitasunak hobeto kohesionatze aldea.

Modalitate honetan, I. eranskineko gai-arloetariko edozeinetan garatzen diren ikerketa-proiektuei eman dakieke dirulaguntza, zerbitzu sanitarioetako ikerketari dagokion horretan izan ezik (hala ere, modalitate horretan institutuarteko elkarlaneko proiektuak ere aurkez daitezke).

2.– Ikerketa sanitarioaren jarduera areagotzea: laguntza-lerro horretan, Ikerketa Sanitarioko Zentroen kategorian akreditatuta dauden ZTBESaren agenteak bakarrik izan ahalko dira onuradunak. Fakultatibo espezialistak eta erizaintzako edo fisioterapiako unibertsitate-diplomadunak kontratatzea finantzatuko da, aldi berean ikerketa-jarduerak eta jarduera kliniko-asistentzialak egiten dituzten profesionalen jardueren zati batez arduratzeko. Hauek dira laguntzaren ezaugarriak:

– Ikerketa-jarduera hauetara ahalegin handiagoa bideratzea eskatu ahalko da: kanpo-finantzaketa duen I+G proiektu bat amaitzeko; eta erakunde sanitarioan ikerketa sustatzeko sareak, proiektuak, plataformak eta beste jarduera batzuk sortzera bideratutako jardueretarako.

– Agenteek laguntza jasotzeko hautagai izendatu ahalko dituzte jarduera kliniko-asistentziala duten eta erkidego-, estatu- eta nazioarte-mailako kanpo-finantzaketa duten proiektuetan (gutxienez 2020an edo 2021ean aribidean diren proiektuetan) ikertzaile nagusiak diren profesionalak; 2020an edo 2021ean aribidean diren Europako plataformen, sareen edo programen proiektuetan lan-paketeen arduradun direnak, edo aipatu plataformen, sareen, programen eta proiektu edo talde berriak sortzearen arduradun direnak. Ezingo dira hautagai izan Osasun Sailak 2019ko deialdian finantzatutako proiektu baten ikertzaile nagusi izandakoak, langileak liberatu behar izan badira proiektu horretan. Era berean, ezingo dira hautagai izan zuzendariak nahiz zerbitzuburuak, horien jardueraren zatirik handiena ezin baitaiteke eskuordetu.

– Gehienez 24 hilabeterako eskatu ahalko da ahaleginak areagotzea, eskaeraren oinarri den proiektu aktiboa edo jarduera egiteko behar diren urteen arabera. Laguntza horiek aukera emango dute 2020an, 2021ean eta, behar izanez gero, 2022an lan-kontratuak egiteko, hautagaiaren ordezko langilearen urteko asistentzia-lanaldiaren % 50eko liberazio-aldiaren adinako eperako. Ordezkoen kontratazio-etenaldiak ezingo dira berreskuratu.

– Ordaintzen den diru-zuzkidura jarduera kliniko-asistentzialaz arduratuko den langilearen estaldurara bideratuko da.

– Ikerketa Sanitario Zentro bakoitzak gehienez hiru eskabide aurkeztu ahalko ditu.

Lau eskakizun ematea aurreikusi da. Laguntza horietara bideratutako dirulaguntzaren zenbatekoa kendu ondoren, geratzen den zenbatekoa ikerketa sanitarioko jarduera sustatzeko lerrora bideratuko da.

3.– Osasuneko ikerketa estrategikoa bultzatzea: laguntza-lerro hau ZTBESko agenteei ireki zaie, akreditatutako kategoria edozein izanda ere, eta euren proiektuak aurkezteko arloak hauek izango dira: medikuntza pertsonalizatua (doitasun-medikuntza eta analitika aurreratuko erremintak barnean hartuta), gailu medikoak, gaixotasun arraroak, eta neurozientzia-neuroteknologia. Proiektuak urtebete eta hiru urte arteko epean garatu ahal izango dira, baina laguntza urterokoa izango da eta 2020an egindako jardueretarako emango da. Bi modalitate daude:

a) Osasun-arloko funtsezko ikerketako elkarlan-proiektuak: ZTBESko hainbat agenteren artean lankidetzan eginak. Horien helburu nagusia izango da ezagutza berriak hartzea fenomeno eta ekintza behagarrien azpian dauden oinarriei buruz eta ezaguera-oinarria zabaltzea.

b) Osasun-arloko garapen teknologikoko proiektuak: jatorria osasun-sisteman daukaten proiektuak, dagoeneko egiaztatuta dauden aurreko esperientzietan oinarrituak, eta balio-katean aurrera egitera eta osasun-proiektuekin lotutako ezagutzaren balorizaziora bideratuak. Transferentzia-ahalmena erakusten duten emaitzetan edo aurretiazko esperientzietan oinarritutako garapeneko proiektuak izan daitezke, bai eta kontzeptu-probak ere, osasun-arloko teknologia berritzaileak garatzeko proiektuak, edo teknologia sanitario garatu baten balidazio klinikoa edo teknologikoa behar duten proiektuak.

4.– Interes bereziko ekintza osagarriak: laguntza-lerro hau ZTBESko agenteei ireki zaie, akreditatutako kategoria edozein izanda ere; honen helburua da osasun-arloko ikerketari eta garapenari laguntza emateko ekintzak finantzatzea, ekintzok interes orokorrekoak izanik, eta RIS3ren jarduerei eta helburuei lotuak, edo biozientzien-osasunaren arloko eta ekimen estrategikoen RIS3ren lantaldeen ekintza-planetan ezarritakoak. Laguntza urterokoa izango da eta 2020an egindako jardueretarako emango da. Lerro honetan modalitate bakarra dago, eta ekintza hauek sar daitezke:

– Elkarlanerako erremintak diseinatzeko eta mantenimendua egiteko laguntza, arlo hauetan: gailu medikoak, medikuntza pertsonalizatua, gaixotasun arraroak eta neurozientzia-neuroteknologia, ekimen estrategikoen arloan, negozio-ereduen esparruan, eta berrikuntza irekiko programetan. Barnean hartuta dago laguntza ematea plataforma edo partzuergo publiko-pribatuak sortu eta iraunarazteko, eta baterako lana egiteko prozesuak antolatzeko.

– Elkarlan zientifiko-teknologikoa eta enpresartekoa erraztera bideratutako jarduketak (I+G programak diseinatzea, balio-kateetako erakundeen arteko elkarlanari laguntza ematea eta living lab ezartzea edo sendotzea barnean hartuta), I+G+B proiektuak prestatzeko aholkuak eta diseinua, eskaintza-eskarietako bitartekaritza, eta dinamizatzeko, bultzatzeko eta animatzeko jarduerak.

– Prospektibako eta eskari goiztiarreko ikerketak egitea, bai eta ikerketen emaitzak eta berrikuntzarako ideiak transferitu eta ustiatzeari buruzko ikerketak edo txostenak ere (titulartasunaren eta babesaren alderdiak barnean hartuta), alderdi sozioekonomikoekin batera. Bideragarritasun-ikerketak ere barruan daude (30.000 euroko gehieneko finantzaketarekin), kontzeptu-probak edo proiektu pilotuak egin aurretik; izan ere, horietan lan hauek ere ordain daitezke: negozio-plana eta bera garatzeko finantza-beharrizanak zehaztea, eta merkatu-hobia eta sistema sanitarioaren edo pazienteen beharrizanak identifikatzea.

– I+G+B nazioartekotzeko jardueretako parte-hartzea sustatzea, Europako deialdietarako proposamenen prestakuntza barnean hartuta.

– Zabalkundeko eta dibulgazioko jarduerak, batez ere Basque Health foroari eta Basque Health marka sendotu eta posizionatzeari loturikoak.

Biozientzien eta osasunaren arloko RIS3 lantaldeko eskaera bat laguntzea aurreikusi da, baita bi ekimen estrategiko laguntzea ere. Laguntza horietara bideratutako dirulaguntzaren zenbatekoa kendu ondoren, geratzen den zenbatekoa osasun-ikerketa estrategikoa sendotzeko lerrora bideratuko da.

7. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak eta dirulaguntzekiko bateragarritasuna.

1.– Finantzatu daitezkeen gastuek zuzenean egon behar dute lotuta proiektua gauzatzearekin, eta aldez aurretik sartuta egongo dira eskabidearen memorian.

2.– Honako hauek hartuko dira finantzatu daitezkeen gastutzat:

a) Langileen kostuak (ikertzaileenak, teknikarienak eta ikerketan laguntzen duten gainerako langileenak), betiere proiektuan aritzen diren neurrian. Proiekturako behar diren langileen kontratazioa ere barruan dago. Langile horiek zentro kontratatzaileari aplikatzekoa zaion araudiaren arabera hautatuko dira, publikotasun-, konkurrentzia- eta lehiaketa-printzipioen arabera.

Halaber, ikerketa-taldeko partaide den langile sanitarioa jarduera asistentzialetik liberatzeak dakartzan kostuak atal honetan daude sartuta, baldin eta proiektuan jarduteko liberatzen bada, eta betiere lanaldiaren % 50 gehienez ere.

Ikerketa sanitarioaren jardueran ahaleginak areagotzeko lerroan (6.2 artikulua), hautagaiaren ordezko langilearen urteko asistentzia-lanaldiaren gehienez % 50eko liberazio-aldiaren adinako eperako langileak kontratatzea finantzatu ahal izango da.

Ez dira finantzatzekoak izango ZTBESko agenteei lotutako funtzionarioen, estatutupeko langileen edo langile kontratudunen kostuak –hala EAEko sektore publikokoak nola partaidetza publikoa nagusi den eta sektore publikoan edo inongo administraziotan sartuta ez dauden erakundeetakoak–, baldin eta Eusko Jaurlaritzako beste sailen batek edo beste administrazio publiko batek finantzatzen baditu.

b) Ondasunak eskuratzeko eta zerbitzuak kontratatzeko gastuak. Proiektua egiteko erabili den material inbentariagarria, material suntsigarria eta gastu osagarriak ere sartzen dira, material bibliografikoa eta proiektuen emaitzak hedatu eta transferitzeak dakartzan gastuak. Proiektua gauzatzeko behar den heinean eta behar bezala justifikatzen bada, ez da mugarik egongo partida honetan.

Eta hauek kanpoan daude: altzariak eta instalazioak, kudeaketarako ekipamendu informatikoak eskuratzea eta bulegoko material orokorra finantzatzea (fotokopiak, tonerra edo telefono-gastuak).

Proiektua garatzeko kanpoko zerbitzuak kontratatzea aurreikusiz gero, eskabidearen memorian aipatu beharko da, honako hauek zehaztuta: zerbitzuaren nolakotasuna eta kontratuaren kostua.

Azpikontratatu egin ahal izango dira proiektuko jarduerak, dirulaguntza jasotzen duen jardueraren parte direnak, baldin eta dirulaguntzaren onuraduna den agenteak egin ezin baditu (dena dela, egiaztatu egin beharko da hori proiektuaren memorian). Onuradunak azpikontratatutako jardueraren kostu osoa ezin izango da izan onuradun beraren aurrekontu finantzagarriaren % 50etik gorakoa, salbu eta 4. lerrora aurkeztutako proiektuetarako (Interes bereziko ekintza osagarriak); izan ere, azken horiek % 90eko muga izango dute, baldin eta argi justifikatzen bada azpikontratatu beharra.

Hirugarren batzuekin itundutako jardueretarako, jardueraren kostua dirulaguntzaren zenbatekoaren % 20tik gorakoa bada, eta zenbateko hori 60.000 eurotik gorakoa bada, agente onuradunak, kontratu hori egin aurretik, baimena eskatu beharko dio Ikerketa eta Berrikuntza Sanitarioko Zuzendaritzari. Zuzendaritza horrek 10 egun balioduneko gehieneko epean erantzungo du; bestela, eskaera ezetsitzat hartuko da administrazio-isiltasunaren ondorioz.

Kontratazioetarako, diruz lagundu daitekeen gastuaren zenbatekoak gainditzen baditu sektore publikoaren kontratazioa arautzen duten legeetan kontratu txikietarako ezarritako kopuruak, agente onuradunak, kontratatu aurretik, hiru eskaintza gutxienez eskatu beharko ditu eta espresuki justifikatu beharko du hautaketa hori, memoria batean, ez bada proposamen ekonomikorik abantailatsuenaren arabera egiten. Justifikazioa eta memoria batera aurkeztu beharko dira.

c) Bidaia eta joan-etorri gastuak. Landa-lanak, koordinazio-bilerek eta kongresuek, hitzaldiek eta halakoek eragindakoak, baldin eta proiektuarekin zuzenean lotuta badaude.

d) Zeharkako kostuak: deialdi honen kargura kontzeptu honetan finantzatu ahal izango dira proiektua gauzatzeko zuzeneko kostuen % 21 gehienez ere.

3.– Agindu honen babespean ematen diren laguntzak bateratu ahal izango dira helburu bererako lortzen den beste edozein motatako laguntza edo dirulaguntzekin, baldin eta gainfinantzaketarik eragiten ez bada. Halakorik gertatuz gero, emandako dirulaguntza kasuan kasuko gehieneko mugaraino murriztuko da.

4.– Dena dela, ondorio horietarako, aplikatzekoak izango dira DLOaren 29. eta 31. artikuluak eta DEOaren 68. eta 83. artikuluak, oinarrizkoak baitira.

8. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

Deialdi hau finantzatzeko baliabide ekonomikoak Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan horretarako ezarritako aurrekontu-kredituetatik datoz, eta horien zenbatekoa 4.310.500 eurokoa da. Horietatik, 2.200.000 euro ikerketa-sanitarioa sustatzeko lerroko proiektuak (6.1 artikulua) eta ikerketa-sanitarioaren jarduera areagotzea (6.2 artikulua) finantzatzera bideratuko dira; eta beste 2.110.500 euro, aldiz, lerro hauetako proiektuetara: osasuneko ikerketa estrategikoa bultzatzeko lerroa (6.3 artikulua), eta interes bereziko ekintza osagarrien lerroa (6.4 artikulua).

Artikulu honetan adierazitako zenbatekoa handitu ahal izango da, Osasun Sailaren programak gauzatu ostean geratzen diren aurrekontu-zuzkiduren arabera, indarreko legeek kredituak lotzeko edo aurrekontuak aldatzeko ezarritako araubideari jarraikiz, eta ebazpena eman baino lehen. Zirkunstantzia hori gertatuz gero, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian emango da argitara, Osasuneko sailburuordearen ebazpen bidez.

9. artikulua.– Emateko prozedura.

Deialdi hau konkurtso-teknikaren bidez ebatziko da. Ondorio horietarako, laguntzak emateko orduan, 6. artikuluan ezarritako modalitate bakoitzerako aurkeztutako proiektuak alderatuko dira, 12. artikuluan ezarritako balorazio-irizpideei jarraituz euren arteko lehentasun-hurrenkera ezartzeko xedez, eta, hurrenkera horren arabera, laguntzak emango dira harik eta dirulaguntza-lerro bakoitzari esleitutako kredituak agortu arte.

II. KAPITULUA
KUDEATZEKO PROZEDURA

10. artikulua.– Eskabideak aurkezteko modua eta epea.

1.– Eskabide bakarra aurkeztuko da proiektu bakoitzeko. Proiektuan agente batek baino gehiagok parte hartzen badu, koordinatzaile gisa jarduten duen agenteak aurkeztuko du eskabidea.

2.– Agindu honetatik eratorritako eskabide, errekerimendu, jakinarazpen, zuzentze, justifikazio eta gainerako izapide guztiak elektronikoki gauzatuko dira, Administrazio Elektronikoaren otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuaren 28. artikuluarekin (2012ko martxoaren 9ko EHAA, 50. zk.), Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14. artikuluarekin eta E-Administraziorako Plataforma Teknologikoa –Platea– onartzen duen Informatika eta Telekomunikazioetako zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpenarekin bat etorriz.

3.– Eskabidera iristeko eta bera betetzeko, euskadi.eus egoitza elektronikora jo beharko da, helbide hauetara:

Ikerketa sanitarioa sustatzea:

– Euskaraz:

www.euskadi.eus/zerbitzuak/0104710

– Gaztelaniaz:

www.euskadi.eus/servicios/0104710

Ikerketa sanitarioko jarduerak areagotzea:

– Euskaraz:

www.euskadi.eus/zerbitzuak/0104713

– Gaztelaniaz:

www.euskadi.eus/servicios/0104713

Osasuneko ikerketa estrategikoen sustapena:

– Euskaraz:

www.euskadi.eus/zerbitzuak/0104711

– Gaztelaniaz:

www.euskadi.eus/servicios/0104711

Interes bereziko ekintza osagarriak:

– Euskaraz:

www.euskadi.eus/zerbitzuak/0104712

– Gaztelaniaz:

www.euskadi.eus/servicios/0104712

Egoitza elektronikoan eskuragarri daude izapideak bide elektronikotik egiteko argibideak, eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak.

Eskabidea egin ondoren, espedientera iristeko eta errekerimenduak, jakinarazpenak eta agindu honetan inplikatutako gainerako izapideak egiteko, honako helbide honetara jo beharko da:

– Euskaraz:

http://www.euskadi.eus/nirekudeaketak/

– Gaztelaniaz:

http://www.euskadi.eus/misgestiones/

4.– Eskabidea betetzeko, erakunde edo pertsona eskatzailearen sinadura onartuaz gain, artikulu honek aipatzen dituen dokumentuak ere gehitu behar dira, Administrazio Elektronikoaren otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuan xedatutakoari jarraituz. Sinadura elektronikoaren data hartuko da aurkezte-datatzat.

5.– Laguntza jasotzeko eskabidea nahi den hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango da, eskatutako dokumentazioarekin batera. Ildo horretatik, eskatzaile bakoitzak hautatutako hizkuntza erabiliko da eskaera aurkeztu ondoko jardueretan, prozedurak irauten duen bitartean, euskararen erabilera normalizatzeko 1982ko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearekin bat.

6.– Honako dokumentazio hau aurkeztu behar da (laguntza-eskabidea osatzen du):

I.– Ikerketa sanitarioko jarduera sustatzeko lerroa (6.1 artikulua):

a) Ikerketa-proiektuaren memoria, eredu normalizatuan egina (II-A.1 eranskina), parte hartzen duen agente bakoitzaren informazioarekin batera (II-B eta II-C.1 eranskinak).

b) Ikerketa-taldeko kideen curriculum vitae-a, eredu normalizatuan egina (II-D eranskina), edo Carlos III.a Osasun Institutuko curriculum vitae-aren ereduan, edo Zientzia eta Teknologiarako Espainiako Fundazioaren curriculum vitae-aren eredu normalizatuetan.

c) Agente eskatzaile bakoitzaren erantzukizunpeko adierazpena, legezko ordezkariak sinatua (III. eranskina).

d) Jarduerarako betekizun gisa, eta ezaugarriak kontuan hartuta, legez ezarritako baimen edo txosten hauek izan beharko dituzte proiektuek:

– Etika-batzorde eskudunak emandako baimena, hala badagokio, eta ikerketa-arloko arauak eta hitzarmenak betetzen direla zaintzen duten kide anitzeko beste organo batzuek emandakoa. Edonola ere, kasuan kasuko kide anitzeko organoko lehendakaritzak edo idazkaritzak emango du baimen hori, eta, bertan, akordioa adostu zen bileraren aktaren erreferentzia jasoko da.

– Proiektuak giza jatorriko lagin biologikoak behar baditu, EAEko Biobankuaren ziurtagiria eskatu beharko da, eta horrela jasoko da.

Puntu honetan aipatutako dokumentuak agente onuradunen esku geratuko dira, hartara eragotzi gabe dirulaguntza ematen duen organoak egin ditzakeen egiaztapenak, ezta eskumena duten kontrol-organoek egin ditzaketen egiaztapenak eta kontrolak ere, eta kontrol- eta egiaztapen-jarduera horietan eskatzen zaien informazio guztia emango dute agente onuradunek.

II.– Ikerketa sanitarioko jarduera areagotzeko lerroa (6.2 artikulua):

a) Ikerketa-jardueraren memoria, eredu normalizatuan egina (II-A.2 eranskina), informazio ekonomikoarekin batera (II-C.2 eranskinak).

b) Areagotzeren onuradun izan daitekeen hautagaiaren curriculum vitae-a, eredu normalizatuan egina (II-D eranskina), edo Carlos III.a Osasun Institutuko curriculum vitae-aren ereduan, edo Zientzia eta Teknologiarako Espainiako Fundazioaren curriculum vitae-aren eredu normalizatuetan.

c) Adostasun-adierazpena, eredu normalizatuaren arabera egina (II-E eranskina).

d) Erantzukizunpeko adierazpena, legezko ordezkariak sinatua (III. eranskina).

III.– Osasuneko ikerketa estrategikoak indartzeko lerroa (6.3 artikulua):

a) Ikerketa-proiektuaren memoria, eredu normalizatuan egina (II-A.3 eranskina), parte hartzen duen agente bakoitzaren informazioarekin batera (II-B eta II-C.3 eranskinak).

b) Ikerketa-taldeko kideen curriculum vitae-a, eredu normalizatuan egina (II-D eranskina), edo Carlos III.a Osasun Institutuko curriculum vitae-aren ereduan, edo Zientzia eta Teknologiarako Espainiako Fundazioaren curriculum vitae-aren eredu normalizatuetan.

c) Agente eskatzaile bakoitzaren erantzukizunpeko adierazpena, legezko ordezkariak sinatua (III. eranskina).

d) Jarduerarako betekizun gisa, eta ezaugarriak kontuan hartuta, legez ezarritako baimen edo txosten hauek izan beharko dituzte proiektuek:

– Etika-batzorde eskudunak emandako baimena, hala badagokio, eta ikerketa-arloko arauak eta hitzarmenak betetzen direla zaintzen duten kide anitzeko beste organo batzuek emandakoa. Edonola ere, kasuan kasuko kide anitzeko organoko lehendakaritzak edo idazkaritzak emango du baimen hori, eta, bertan, akordioa adostu zen bileraren aktaren erreferentzia jasoko da.

– Proiektuak giza jatorriko lagin biologikoak behar baditu, EAEko Biobankuaren ziurtagiria eskatu beharko da, eta horrela jasoko da.

Puntu honetan aipatutako dokumentuak agente onuradunen esku geratuko dira, hartara eragotzi gabe dirulaguntza ematen duen organoak egin ditzakeen egiaztapenak, ezta eskumena duten kontrol-organoek egin ditzaketen egiaztapenak eta kontrolak ere, eta kontrol- eta egiaztapen-jarduera horietan eskatzen zaien informazio guztia emango dute agente onuradunek.

IV.– Interes bereziko ekintza osagarrien lerroa (6.4 artikulua):

a) Ikerketa-proiektuaren memoria, eredu normalizatuan egina (II-A.4 eranskina), parte hartzen duen agente bakoitzaren informazioarekin batera (II-B eta II-C.4 eranskinak).

b) Agente eskatzaile bakoitzaren erantzukizunpeko adierazpena, legezko ordezkariak sinatua (III. eranskina).

7.– Eskariak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

11. artikulua.– Eskabideko akatsak zuzentzea.

1.– Eskabidean oinarri hauetako eskakizunak betetzen ez badira, osorik ez badago edo akatsik badauka, eskatzaile ineteresdunari errekerimendua egingo zaio, eta hamar eguneko epea eman, gabezia zuzendu edo nahitaezko dokumentuak aurkezteko. Halaber, ohartaraziko zaio ezen, hala egin ezean, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela, aurretik Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluaren araberako ebazpena emanda.

2.– Jakinarazpenak bitarteko elektronikoen bitartez egingo dira.

3.– Jakinarazpen-sistemak aukera emango du egiaztatzeko zer egunetan eta zer ordutan jarri zaion eskuragarri jakinarazpena jakinarazten den egintzako interesdunari, eta noiz iritsi den haren edukira; une horretatik aurrera jakinarazpena gauzatutzat joko da. Jasota baldin badago eskuragarri jarri dela, eta hamar egun natural igarotzen badira edukira iritsi gabe, jakinarazpenari uko egin zaiola ulertuko da eta, prozedurarik jarraikiz, izapidea egintzat joko da, salbu eta ofizioz edo hartzaileak eskatuta egiaztatzen bada teknikoki edo materialki irispidea ezinezkoa izan dela.

4.– Elkarlanean garatzekoak diren proiektuen kasuan, proiektuaren koordinatzailea den agentearekin gauzatuko da jarduketa hori.

12. artikulua.– Eskabideak ebaluatu eta hautatzea.

1.– Balorazio-batzordeak ebaluatu eta hautatuko ditu behar bezala aurkeztutako edo epean zuzendutako eskabideak, aurreko artikuluan xedatutakoarekin bat. Hauek osatuko dute balorazio-batzordea:

A) Presidentea: María Aguirre Rueda, Osasun Saileko Ikerketa eta Berrikuntza Sanitarioko zuzendaria.

B) Batzordekideak:

– Miguel Sánchez Fernandez, Osasun Saileko Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko zuzendaria.

– Juan José Aurrekoetxea Aguirre, Osasun Saileko Osasun Publikoaren eta Adikzioetako zuzendaria.

– Andoni Arcelay Salazar, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren Asistentzia Sanitarioko zuzendaria.

C) Idazkaria: Ainhoa Jausoro Zubiaga, Osasun Sailaren I+G laguntzen teknikari arduraduna.

2.– Balorazio-batzordearen osaera izenduna aldatuz gero, aldaketa horiek argitaratu egingo dira euskadi.eus egoitza elektronikoan, 10.3 artikuluan adierazitako helbideetan; izan ere, interesdunei bermatu behar zaie batzordearen kideak errefusatzeko eskubidea, eta eraginkortasunez baliatzeko aukera, betiere Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. eta 24. artikuluekin bat etorriz.

3.– Balorazio-batzordeak kanpoko ebaluatzaileen laguntza eskatuko dut kalitate zientifiko-teknikoaren parekako ebaluazioa egiteko ikerketa sanitarioko jarduerak sustatzeko lerroan (6.1 artikulua) eta osasuneko ikerketa estrategikoa bultzatzeko lerroan (6.3 artikulua) aurkeztutako proiektuetan, artikulu honen 5.I eta 5.III puntuetan ezarritako irizpideekin bat. Balorazio-batzordeak, bere eginkizunak gauzatzeko, aholkua eskatu ahal izango die adituei ikerketa sanitarioko jarduerak areagotzeari (6.2 artikulua) eta interes bereziko ekintza osagarrien lerroari buruzko gaiei buruz (6.4 artikulua).

4.– Balorazio Batzordeak bere funtzionamendu-arau propioak ezarri ahalko ditu. Arau horiek aurreikusten ez dituzten gaietan, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren 2015eko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 15. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoa aplikatuko da.

5.– Proiektuak hautatzeko, irizpide hauek aplikatuko dira:

I.– Ikerketa sanitarioko jarduera sustatzeko lerroa (6.1 artikulua):

1) Kalitate zientifiko-teknikoa (gehienez 50 puntu).

a) Proposamenaren planteamendua eta bideragarritasuna (gehienez 35 puntu):

– Planteamenduko helburuen argitasuna eta egokitasuna (gehienez 5 puntu).

– Proiektuaren ekarpen zientifiko-teknikoa, egungo artearen egoerari, ikuspegiaren baliozkotasunari eta planteatutako metodologiari dagokienez (gehienez 10 puntu).

– Lan-planaren koherentzia eta eraginkortasuna, atazen egokitasuna eta zenbatetsitako aurrekontua (gehienez 10 puntu).

– Osasun-sistemarako duen aplikagarritasuna, erabilgarritasuna eta, hala badagokio, osasun-sisteman ezartzeko estrategia (gehienez 10 puntu).

b) Proiektuan parte hartzen duen langile taldearen kalitatea, kaudimena eta osagarritasuna (gehienez 10 puntu).

c) Genero-ikuspegia: 5 puntu gehiago, eskabideak genero-ikuspegiari esplizituki heltzen badio soilik.

Txosten zientifiko-teknikoan, 25 puntutik gorako puntuaziora heltzen ez diren eskabideak ez dira finantzagarritzat joko.

Modalitate bakoitzerako, finantzagarritzat jotzen diren eskabideen lehentasun-hurrenkera bat ezarriko da lortutako puntuazioaren arabera.

2) Interes sanitario eta estrategikoa (50 puntu gehienez):

a) Politiken araberako egokitasuna (5 puntu gehienez): proposamenaren egokitasuna bai politika sanitarioen lan-ildoaren arabera bai ZTBP 2020an adierazitako espezializazio adimendunaren estrategiaren arabera, biozientzien eta osasunaren esparruan. Irizpide honi dagokionez, 3 puntu edo gutxiago lortzen duten eskabideak ez dira finantzagarritzat joko.

b) Proposamenean inbertitzearen egokitasuna (20 puntu):

– Egokitasuna, politika eta beharrizan sanitarioetarako garrantzitsua izateagatik: zer-nolako garrantzia daukan patologiak, antolamendu-alderdiak, edo jasangarritasunean edo beharrizanean izan dezakeen efektua (gehienez 10 puntu).

– Politika eta beharrizan estrategikoengatik egokia izatea: belaunaldi-aldaketan laguntzea, Euskadiko sistema sanitarioaren posizionamenduan, eta lehiakortasunari laguntzea (gehienez 10 puntu). Posizionamenduak barnean hartzen du ikusgarritasuna baloratzea, afiliazio-jarraibideak betetzen diren aztertuta. Horiek 2019ko maiatza ondoren bidalitako argitalpenetan ageri dira.

c) Inpaktuak eragin dezakeen ekarpena eta proiekzioa (25 puntu): zer-nolako emaitzak espero diren eta zer-nolako inpaktua izan dezakeen aurreikusitako emaitzen aprobetxamenduak, sistema sanitarioan, pazienteengan edo EAEko gizarte- eta ekonomia-egituran aplikatzeko ahalmenari eta perspektiben arabera.

Orotariko puntuazioa lortzeko, kalitate zientifiko-teknikoari eta interes sanitario eta estrategikoari dagozkien puntuazioak gehituko dira, beraz, gehieneko puntuazioa 100 puntukoa izango da.

II.– Ikerketa sanitarioko jarduera areagotzeko lerroa (6.2 artikulua):

1) Jarduera areagotzeko hautagaiaren merezimenduak baloratzea, 2015eko urtarrilaren 1etik eskabideak aurkezteko epearen amaiera bitartean (gehienez 60 puntu).

a) CVan jasota dauden argitalpenak. Gehienez hamar argitalpen puntuatuko dira, eta egile senior edo korrespondentzia-egile gisa ageri den argitalpenak adierazi beharko dira, balorazio berezia egiteko (gehienez 30 puntu).

b) Bestelako merezimendu batzuk, esaterako, kanpo-finantzaketa (lehiazkoa eta lehia gabekoa, publikoa nahiz pribatua), patenteak eta jabetza intelektual nahiz industrialeko beste aktibo batzuk, nazioarteko lankidetzak, baita Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako EAEko Sareko beste agente batzuekin ere, eta ikerketa nahiz ikerketa-kultura EAEko sistema sanitarioan txertatzeari loturiko beste ekarpen batzuk (gehienez 30 puntu).

2) Proposamenaren balorazioa (gehienez 40 puntu):

a) Zer neurritan den egokia, egin beharreko ikerketa-jarduera kontuan hartuta, eta Euskadiko sistema sanitarioko ikerkuntza-azpiegiturak zer-nola indartzen dituen (gehienez 10 puntu).

b) EAEko sistema sanitarioarentzako interes estrategikoa: espezialitateak, arloak, zerbitzuak, taldeak, etab. indartzea, epe labur, ertain eta luzeko beharren, joeren edo belaunaldi-aldaketaren arabera espero baino arduraldi edo ordezkapen txikiagoa badute (gehienez 30 puntu).

III.– Osasuneko ikerketa estrategikoak indartzeko lerroa (6.3 artikulua):

1) Kalitate zientifiko-teknikoa (gehienez 50 puntu).

a) Proposamenaren planteamendua eta bideragarritasuna (gehienez 35 puntu):

– Planteamenduko helburuen argitasuna eta egokitasuna (gehienez 5 puntu).

– Proiektuaren ekarpen zientifiko-teknikoa, egungo artearen egoerari, ikuspegiaren baliozkotasunari eta planteatutako metodologiari dagokienez (gehienez 10 puntu).

– Lan-planaren koherentzia eta eraginkortasuna, atazen egokitasuna eta zenbatetsitako aurrekontua (gehienez 10 puntu).

– Osasun-sistemarako duen aplikagarritasuna, erabilgarritasuna eta, hala badagokio, osasun-sisteman ezartzeko estrategia (gehienez 10 puntu).

b) Proiektuan parte hartzen duen gizataldearen kalitatea, kaudimena eta osagarritasuna (gehienez 10 puntu).

c) Genero-ikuspegia: 5 puntu gehiago, eskabideak genero-ikuspegiari esplizituki heltzen badio soilik.

Txosten zientifiko-teknikoan, 25 puntutik gorako puntuaziora heltzen ez diren eskabideak ez dira finantzagarritzat joko.

Modalitate bakoitzerako, finantzagarritzat jotzen diren eskabideen lehentasun-hurrenkera bat ezarriko da lortutako puntuazioaren arabera.

2) Interes sanitario eta estrategikoa (50 puntu gehienez):

a) Politiken araberako egokitasuna (5 puntu gehienez): proposamenaren egokitasuna bai politika sanitarioen lan-ildoaren arabera bai ZTBP 2020an adierazitako espezializazio adimendunaren estrategiaren arabera, biozientzien eta osasunaren esparruan. Irizpide honi dagokionez, 3 puntu edo gutxiago lortzen duten eskabideak ez dira finantzagarritzat joko.

b) Proposamenean inbertitzearen egokitasuna (20 puntu): proposamena bat etortzea RIS3 Euskadi biozientziak-osasuna estrategiaren helburuekin, lerroekin eta ekintza-planekin, lankidetzan aritzea eta EAEko lehiakortasunari eta sektore biosanitarioaren hazkuntzari laguntzea barne.

c) Inpaktuak eragin dezakeen ekarpena eta proiekzioa (25 puntu): zer-nolako emaitzak espero diren eta zer-nolako inpaktua izan dezakeen aurreikusitako emaitzen aprobetxamenduak, EAEko gizarte- eta ekonomia-egituran aplikatzeko eta eragiteko ahalmenari eta perspektiben arabera.

Orotariko puntuazioa lortzeko, kalitate zientifiko-teknikoari eta interes sanitario eta estrategikoari dagozkien puntuazioak gehituko dira, beraz, gehieneko puntuazioa 100 puntukoa izango da.

IV.– Interes bereziko ekintza osagarrien lerroa (6.4 artikulua):

1) RIS3ren politikekiko egokitasuna (gehienez 5 puntu): nola egokitzen den proposamena ZTBP 2020an adierazitako espezializazio adimendunaren estrategiako lan-ildoetara, biozientzien eta osasunaren esparruan (gehienez 5 puntu). Irizpide honi dagokionez, 3 puntu edo gutxiago lortzen duten eskabideak ez dira finantzagarritzat joko.

2) Jarduera zientifiko-teknologikoarekiko osagarritasuna (gehienez 20 puntu): zer-nolako ekintza-aukerak dauden proposamenean definitutako arloetan eta zer-nolako ekarpenak egiten dituen biozientzien eta osasunaren arloko RIS3ren ekimen estrategikoetarako edo lantaldeek lortu nahi dituzten helburuetarako.

3) Proposamenaren kalitatea eta esperoko emaitzak (gehienez 25 puntu).

– Planteamenduaren argitasuna, lan-planaren koherentzia eta efikazia, eta aurrekontuaren egokitasuna proposatutako atazen eta helburuen arabera (gehienez 10 puntu).

– Proposatutako jardueren bitartez espero diren emaitzen garrantzia (gehienez 5 puntu).

– Emaitzen aprobetxamendua RIS3ren estrategiaren esparruan (gehienez 10 puntu).

Orotariko puntuazioa lortzeko, jarduera zientifiko-teknologikoarekiko osagarritasunari eta proposamenaren kalitateari eta esperoko emaitzei dagozkien puntuazioak gehituko dira, beraz, gehieneko puntuazioa 50 puntukoa izango da.

6.– Balorazio-batzordeak lortu diren azken puntuazioen araberako lehentasun-hurrenkera bat ezarriko du, 6. artikuluan azaldutako modalitate bakoitzerako, 12. artikulu honen 5. puntuan zehaztutako balorazio-irizpideei jarraikiz.

7.– Lerro eta modalitate bakoitzean, haietariko bakoitzerako banatuta, balorazio-batzordeak honako hauek ezarriko ditu: zenbateko dirulaguntza eman behar den, proposamen bakoitzak lortu duen orotariko puntuazioaren arabera ordenatutako proiektu-zerrenda kontuan hartuta; finantzaketako zer ehuneko aplikatu behar den lortutako puntuazioaren (areagotze-lerroan izan ezik, zeinetan ordezkapen-kostu ziurtatuaren % 100a aplikatuko baita) eta dauden baliabide ekonomikoen arabera.

8.– Emandako laguntzek eskatu den kopurua osorik edo partez estali ahal izango dute, baina, edozein modutan ere, baterako finantzaketa kontuan hartuta, ezin izango da inola ere gainditu diruz lagundutako jardueraren kostu erreala.

13. artikulua.– Ebazpena, jakinarazpena eta errekurtsoak.

1.– Aurkeztu diren eskabideak lerro bakoitzerako prozedura desberdin bat hartuta izapidetuko dira (6. artikuluan adierazitakoarekin bat), eta bakoitza bere ebazpenarekin amaituko da. Osasuneko sailburuordeari dagokio agente eskatzaileek proposatutako gai guztiak erabakitzeko ebazpenak ematea, balorazio-batzordeak proposatuta.

2.– Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuz jakinaraziko da; horretarako epea, gehienez ere, bost hilekoa izango da, agindu hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Epe hori igarota ez bada ebazpenik argitaratu, agente eskatzaileek ulertu ahal izango dute euren eskabidea ezetsi egin dela, DLOaren 25. artikuluan xedatutakoaren arabera, halaxe ezarrita baitago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 24.2 artikuluan.

3.– Ebazpenetan zehaztuko da eskatu diren dirulaguntzak emango diren ala ez; emanez gero, diruz lagundutako proiektua adierazi beharko da, baita agente onuradunak, dirulaguntzaren zenbatekoa, ordaintzeko modua eta epeak eta justifikazioa, Agindu honen 15. artikuluan xedatzen denaren arabera. Eskabide ukatuen kasuan, ukatze horren zergatiak ere adierazi beharko dira.

4.– Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta 15 eguneko epean, agenteek espresuki uko egin ahal izango diote laguntzari. Aipatutako epean uko egiten dela adierazi ezean, deialdiaren ondorioetarako, laguntza onartu dela ulertuko da.

5.– Ebazpen honek ez du administrazio-bidea agortzen. Aurka egin nahi izatera, agente onuradunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Osasuneko sailburuari, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera, hilabeteko epean. Hori guztia Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluekin bat etorriz.

14. artikulua.– Agente onuradunen betebeharrak.

1.– Indarrean dagoen araudiak xedatzen dituen eta ezartzekoak diren beste betebehar batzuk eragotzi gabe, eta, batez ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluan jasotako betebeharrak eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetan jasotakoak eragotzi gabe, agindu honetan ezarritako dirulaguntzen onuradun diren erakundeek honako betebehar hauek dituzte:

a) Dirulaguntza eman den xede eta kontzeptuetarako erabiltzea.

b) Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen EAEko Epaitegiak, beren egitekoak betetzeko, deialdi honetako dirulaguntzen inguruan eskatzen dituzten argibideak ematea.

c) Eskabidea egiteko orduan kontuan hartutako datu edo inguruabarretan edozein aldaketa gertatuz gero, ahal bezain laster jakinaraztea Ikerketa eta Berrikuntza Sanitarioko Zuzendaritzari.

d) Ikerketa eta Berrikuntza Sanitarioko Zuzendaritzari jakinaraztea, ahal bezain laster, xede berarako beste dirulaguntza eta laguntza batzuk lortu dituztela, hala badagokio.

e) Proiektuen emaitzen zabalkundea egitea.

2.– Eskabidean adierazitakoaren gainean aldaketaren bat egin nahi bada, aurrez eta arrazoituta eskatu beharko zaio Ikerketa eta Berrikuntza Sanitarioko Zuzendaritzari. Deialdi honen ondorioetarako, laguntza-eskabidean aurreikusitako kontzeptuekiko gastu-desbideratzeak ez dira aldaketatzat jotzen, baldin eta % 20 gainditzen ez badute.

3.– Halaber, onuradunek neurriak hartu beharko dituzte diruz lagundutako jardueren finantzaketaren izaera publikoaren zabalkundea egiteko, eta, orobat, kontabilitate-liburuak, eginbidetutako erregistroak eta gainerako dokumentuak –behar bezala ikuskatuak– eramateari dagokionez, bat etorriz merkataritzako eta, hala badagokio, sektoreko legeek eskatutako zehaztapenekin, bai eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14., 18.4 eta 37.1 artikuluetan ezarritako gainerako betekizunekin ere; izan ere, lege hori oinarrizkoa da.

15. artikulua.– Laguntzen ordainketa, jarraipena eta justifikazioa

1.– Dirulaguntzak urtebetekoak edo urte bat baino gehiagokoak izango dira, onartutako proiektuak duen iraupenaren arabera eta aurkeztutako laguntza-lerroak dituen ezaugarrien arabera, deialdi honen 6. artikuluan ezarritakoarekin bat. Dirulaguntza jaso dezaketen jardueren hasiera bat etorriko da 2020ko aurrekontu-ekitaldiarekin.

2.– Ikerketa eta Berrikuntza Sanitarioko Zuzendaritzak urteroko jarraipena egingo dio urte bateko baino gehiagoko proiektuen betetze-mailari, eta, horretarako, proiektuaren koordinatzaile diharduen agenteak aurkeztutako dokumentazioan oinarrituko da. Proiektuan parte hartzen duen agente onuradun bakoitzak aurkeztutako informazioa erabiliko da dokumentazio hori egiteko.

Dokumentazio hori memoria zientifiko bat izango da, IV-S eranskinean azaltzen den eskemari jarraituz egindakoa. Memoria zientifiko horretan, proiektua nola dagoen deskribatuko da, egindako jardueren azalpena egingo da, eta baita exekuzio ekonomikoari buruzko laburpena ere.

Memoria zientifikoak jarraipenaren urte naturalean (urtarriletik abendura) eginiko jarduerak jasoko ditu, eta hurrengo urteko otsailaren 28a baino lehen aurkeztuko da. Azken ekitaldian ez da jarraipen-memoriarik egin beharko, horren ordez amaierako justifikazioa egingo baita.

Proiektuaren koordinatzaileak sinatuko du memoria.

3.– Elkarlaneko proiektuen agente onuradunek Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 30.6 artikuluan ezarritakoaren arabera egin beharko dute justifikazioa.

Proiektua amaitzean, artikulu honen 4. zenbakian xedatzen diren epeen arabera, agente onuradunek justifikazio-agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

i) Justifikazio-memoria zientifiko global bakar bat, proiektu bakoitzeko, IV-A eranskineko eskemaren arabera egina. Memoria zientifikoak hauek zehaztuko ditu: eginiko jarduerak, planteatutako helburuen lorpen-maila edo aurrerapena, eta lortutako emaitzak. Proiektuaren koordinatzaileak sinatuko du memoria.

ii) Parte hartzen duen agente bakoitzaren justifikazio-memoria ekonomikoa (Excel), agente onuradun bakoitzaren legezko ordezkariak sinatua (IV-B eranskina). Memoria ekonomikoarekin batera, fakturen kopiak aurkeztuko dira, eta, hala badagokio, ikertzaileek proiektuan sartutako orduen kostuaren ziurtagiria, justifikazio-epealdiko gastuak agiri bidez egiaztatzeko. Horretarako, egindako gastutzat hartuko dira justifikazio-epealdia amaitu aurretik egiazki ordaindu direnak. Jatorrizko fakturak agente onuradunean artxibatu beharko dira, gehienez ere bost urtean, justifikazio-epealditik kontatzen hasita, eta eskuragarri egongo dira Ikerketa eta Berrikuntza Sanitarioko Zuzendaritzak egiten duen edozein egiaztapenetarako.

4.– Laguntza zuzenean ordainduko zaie agente onuradunei, honela:

a) Ikerketa sanitarioa sustatzea:

i) Lehenengo urteari (2020) dagokion laguntzaren zenbatekoa berehala emango zaie agente onuradunei, laguntza onartu dela egiaztatu ondoren –onarpen hori espresua edo isilbidezkoa izan daiteke, 13.4 artikuluari jarraikiz–.

ii) 2021., 2022. eta 2023. urteetako ordainketa egingo da, hala badagokio, Ikerketa eta Berrikuntza Sanitarioko Zuzendaritzak proiektuaren jarraipen-memoria zientifikoa onartu eta gero (15. artikulu honen 2. puntuan aipatutakoa). Koordinatzaile diharduen agenteak urtero bidaliko dio memoria hori Ikerketa eta Berrikuntza Sanitarioko Zuzendaritzari, hurrengo urteko otsailaren 28a baino lehen. Azken urtekoaren ordainketa ez da izango ekitaldi horretarako emandako dirulaguntzaren % 100, baizik eta % 80. Gainerako % 20a baldintzapean geratuko da, eta azken agiri-justifikazioa entregatu eta onartu ondoren ordainduko da, 15. artikulu honen 3. puntuan ezarritakoaren arabera. Amaierako dokumentazioa aurkezteko epea hiru hilabetekoa izango da, diruz lagundutako proiektua amaitu ondoren zenbatzen hasita.

iii) Proiektuaren iraupena urtebetekoa bada, emandako laguntzaren zenbatekoaren % 80 berehala transferituko zaie agente onuradunei, laguntza onartu dela egiaztatu ondoren –onarpen hori espresua edo isilbidezkoa izan daiteke, 13.4 artikuluari jarraikiz–; gainerako % 20a amaierako justifikazio-dokumentazioa entregatu eta onartu ondoren ordainduko da –dokumentazioak egin den jarduera guztia jasoko du, IV-A eranskina (memoria zientifikorako) eta IV-B.1 eranskina (memoria ekonomikorako) erabilita–, 15. artikulu honen 3. puntuan ezarritakoaren arabera. Amaierako dokumentazioa aurkezteko epea hiru hilabetekoa izango da, diruz lagundutako proiektua amaitu ondoren zenbatzen hasita.

b) Ikerketa sanitarioko jarduerak areagotzea.

i) Lehenengo urteari (2020) dagokion laguntzaren zenbatekoa berehala emango zaio agente onuradunari, laguntza onartu dela egiaztatu ondoren –onarpen hori espresua edo isilbidezkoa izan daiteke, 13.4 artikuluari jarraikiz–.

ii) 2021. eta 2022. urteetako ordainketa egingo da, hala badagokio, Ikerketa eta Berrikuntza Sanitarioko Zuzendaritzak proiektuaren jarraipen-memoria zientifikoa onartu eta gero (15. artikulu honen 2. puntuan aipatutakoa). Agente onuradunak urtero bidaliko dio memoria hori Ikerketa eta Berrikuntza Sanitarioko Zuzendaritzari, hurrengo urteko otsailaren 28a baino lehen. Azken urtekoaren ordainketa ez da izango ekitaldi horretarako emandako dirulaguntzaren % 100, baizik eta % 80. Gainerako % 20a baldintzapean geratuko da, eta azken agiri-justifikazioa entregatu eta onartu ondoren ordainduko da, 15. artikulu honen 3. puntuan ezarritakoaren arabera. Amaierako dokumentazioa aurkezteko epea hiru hilabetekoa izango da, diruz lagundutako proiektua amaitu ondoren zenbatzen hasita.

iii) Proiektuaren iraupena urtebetekoa bada, emandako laguntzaren zenbatekoaren % 80 berehala transferituko zaie agente onuradunei, laguntza onartu dela egiaztatu ondoren –onarpen hori espresua edo isilbidezkoa izan daiteke, 13.4 artikuluari jarraikiz–; gainerako % 20a amaierako justifikazio-dokumentazioa entregatu eta onartu ondoren ordainduko da –dokumentazioak egin den jarduera guztia jasoko du, IV-A eranskina (memoria zientifikorako) eta IV-B eranskina (memoria ekonomikorako) erabilita–, 15. artikulu honen 3. puntuan ezarritakoaren arabera. Amaierako dokumentazioa aurkezteko epea hiru hilabetekoa izango da, diruz lagundutako proiektua amaitu ondoren zenbatzen hasita.

c) Osasuneko ikerketa estrategikoen sustapena:

i) Emandako laguntzaren zenbatekoaren % 80 berehala transferituko zaie agente onuradunei, laguntza onartu dela egiaztatu ondoren –onarpen hori espresua edo isilbidezkoa izan daiteke, 13.4 artikuluari jarraikiz–.

ii) Gainerako % 20a amaierako justifikazio-dokumentazioa entregatu eta onartu ondoren ordainduko da –dokumentazioak 2020ko ekitaldian egin den jarduera guztia jasoko du (abenduaren 31ra arte eginiko gastuekin), IV-A eranskina (memoria zientifikorako) eta IV-B.3 eranskina (memoria ekonomikorako) erabilita–, 15. artikulu honen 3. puntuan ezarritakoaren arabera. Amaierako memoriak (zientifikoa eta ekonomikoa) 2021eko otsailaren 28a baino lehen aurkeztuko dira.

d) Interes bereziko ekintza osagarriak:

i) Emandako laguntzaren zenbatekoaren % 80 berehala transferituko zaie agente onuradunei, laguntza onartu dela egiaztatu ondoren –onarpen hori espresua edo isilbidezkoa izan daiteke, 13.4 artikuluari jarraikiz–.

ii) Gainerako % 20a amaierako justifikazio-dokumentazioa entregatu eta onartu ondoren ordainduko da –dokumentazioak 2020ko ekitaldian egin den jarduera guztia jasoko du (abenduaren 31ra arte eginiko gastuekin), IV-A eranskina (memoria zientifikorako) eta IV-B.4 eranskina (memoria ekonomikorako) erabilita–, 15. artikulu honen 3. puntuan ezarritakoaren arabera. Amaierako memoriak (zientifikoa eta ekonomikoa) 2021eko otsailaren 28a baino lehen aurkeztuko dira.

Onuradunei emandako funtsekin sortutako finantza-errendimenduek ez dute handiagotuko dirulaguntzaren zenbatekoa.

5.– Amaierako memoriekin batera, hala badagokio, hauen kopia bana aurkeztuko da: proiektua burutzearen ondorioz sortu diren argitalpenak, tesiak, karrera amaierako proiektuak, kongresuetan eginiko komunikazioak eta bestelako dokumentuak. Horietan guztietan, eta geroago sor litezkeenetan, espresuki aipatu behar da Osasun Sailak emandako laguntza. Ikerketaren emaitzak ahalik eta erabiltzaile gehienek ezagut ditzaten, Osasun Sailak finantzatutako proiektuei buruzko artikuluak argitara emango dira, eta, horretarako, sarbide libreko aldizkariak erabiliko dira, bai eta argitaratu eta urtebetera eskuratzeko moduan egongo direla bermatzen dutenak ere.

6.– Halaber, amaierako memoriekin batera aurkeztuko da, hala badagokio, jardueren burutzapena dokumentatzen duten bestelako entregagaien kopia bat, zehazki interes bereziko ekintza osagarriei buruzkoak.

7.– Agente onuradunak ikusiko balu, justifikatutako arrazoiengatik, ezin duela finantzaturiko ikerketa-proiektua burutu, ahalik azkarren jakinarazi beharko dio Ikerketa eta Berrikuntza Sanitarioko Zuzendaritzari, eta proiektuaren garapen zientifikoaren egoerari buruzko txostena eta balantze ekonomikoa ere aurkeztu beharko dizkio.

8.– Ikerketa eta Berrikuntza Sanitarioko Zuzendaritzak, espedientea aztertu ondoren, Osasuneko sailburuordeari proposatuko dio dagokion laguntzaren likidazioa egiteko ebazpena eman dezala, eta zehatz dezala zer kopuru itzuli behar den, hala egin behar bada.

9.– Ikerketa eta Berrikuntza Sanitarioko Zuzendaritzak, komenigarria dela uste badu, proiektuari jarraipen hobea egiten lagunduko duen informazio osagarria aurkezteko eska dezake.

16. artikulua.– Dirulaguntza emateko inguruabarren aldaketa.

1.– Dirulaguntza ematerakoan kontuan hartutako edozein baldintza aldatzen bada, eta beste edozein erakunde publiko zein pribatutatik beste dirulaguntzaren bat aldi berean jasotzen bada, laguntzaren zenbatekoa aldatu ahal izango da. Ondorio horietarako, Ikerketa eta Berrikuntza Sanitarioko Zuzendaritzak izango du zenbateko-murrizketaren espedientea hasteko eta izapidetzeko eskumena, eta Osasun sailburuordeak horren gaineko ebazpena ematekoa.

2.– Proiektuaren garapen-prozesuan, gastu jakin batzuetara bideraturiko zenbateko partzial batzuetan aldaketak egitea beharrezko iritziz gero –betiere, laguntzaren guztizkoa gainditu gabe–, aldez aurretik, proiektuko ikertzaile nagusiak idatziz egin beharko du eskabidea, horretarako arrazoiak emanez, eta agente onuradunaren legezko arduradunaren oniritziarekin. Deialdi honen ondorioetarako, 14. artikuluaren 2. apartatuan xedatutakoaren arabera, laguntza-eskabidean aurreikusitako kontzeptuekiko gastu-desbideratzea ez da aldaketatzat jotzen, baldin eta % 20 gainditzen ez badu.

Ikerketa eta Berrikuntza Sanitarioko Zuzendaritzari zuzenduko zaio eskabidea.

3.– Proiektuaren amaiera atzeratzen bada agente onuradunaren borondatearekin zerikusirik ez duten eta behar bezala justifikatzen diren arrazoiengatik, eta hasiera batean proiektua garatzeko ezarritako epea bukatu baino lehen idatziz eskatzen bada zenbateko luzapena eskatzen den zehaztuta, Osasuneko sailburuordeak proiektua amaitzeko epea luzatu ahal izango du. Luzapen hori ez da izango proiektua egiteko hasieran aurreikusi zen epearen iraupenaren erdia baino handiagoa, eta galdutako denborarekiko proportzionala izango da. Argitalpenei buruzko gastuak egikaritzeko luzapen-eskabideak ez dira aintzat hartuko.

17. artikulua.– Erakunde onuraduna aldatzea.

1.– Erakunde onuradunean aldaketak egiteko, organo laguntza-emailearen baimena beharko da, baldintza hauek betez:

a) Erakunde onuradun berriak laguntzaren onuradun izateko bete behar diren baldintzak eta eskakizunak bete beharko ditu, agindu honetan xedatuarekin bat.

b) Erakundea aldatzeko eskaerak hauek hartuko ditu barnean:

i) ikertzaile nagusiaren, erakunde onuradunen zuzendaritzaren eta aldaketa eskatzen duen erakundearen legezko erantzuleen, eta erakunde onuradun berriaren aldaketa-onarpena;

ii) eskaeraren justifikazio arrazoitua (aldaketaren arrazoiak); eta

iii) erabili ez diren funtsak erakunde onuradun berriari eskualdatzeko konpromisoa.

c) Hurrengo urteei dagokien dirulaguntza ordainduko zaio erakunde onuradun berriari.

d) Jatorrizko erakunde onuradunak eta erakunde onuradun berriak laguntzei loturiko jarraipen- eta justifikazio-betekizunak bete beharko dituzte.

2.– Erakunde onuraduna aldatzeko baimena eman ahalko da ikerketa sanitarioko jarduera sustatzeko lerroan soilik (6.1 artikulua).

18. artikulua.– Ez-betetzeak eta dirua itzultzea.

1.– Jasotako dirulaguntzak itzuli beharra ekarriko duten ez-betetzearen kausak honako hauek izango dira:

a) Emateko ebazpenaren baliorik eza, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 36. artikuluan xedatutakoaren arabera.

b) Laguntza lortzea hartarako eskatzen diren baldintzak faltsutuz.

c) Osorik edo partez ez betetzea ez helburua, ez jarduera ezta proiektua ere, edo ez hartzea dirulaguntza eman izanaren oinarrian dagoen jarrera.

d) Honako hauetan ezarritako bestelako kausak: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53.1 artikulua, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 37. artikulua, eta Dirulaguntzen Erregelamendu Orokorraren 91., 92. eta 93. artikuluak.

2.– Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 37.1 artikuluan –lege horren oinarrizko izaera dela-eta– eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoaren arabera (698/1991 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen bermeen eta itzulketaren sistema arautzen duena), ez-betetzea dagoen kasuetan, laguntza eskuratzeko eskubidea galdu eta, hala badagokio, jasotako diru-zenbatekoak eta dirulaguntzen arloan aplikatu beharreko berandutze-interesa Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli behar zaizkiola ezarriko da, prozedurazko izapideak egin ondoren, egoki izan daitezkeen gainerako ekintzak eragotzi gabe.

Aipatutako diru kopuru guztiak diru-sarrera publikotzat hartuko dira ondorio guztietarako. Ikerketa eta Berrikuntza Sanitarioko zuzendariak izango du ez-betetzearen espedientea hasteko eta izapidetzeko eskumena, eta Osasun sailburuordeak hura ebaztekoa.

3.– Ez-betetzea dela-eta laguntza itzuli behar izanez gero, laguntza jaso duen agente onuraduna izango da erantzule Osasun Sailaren aurrean.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Osasuneko sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, ebazpena aipatutako aldizkari ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honetan aipatutako dirulaguntzak honako hauetan xedatutakoaren mende egongo dira: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea; azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren VI. tituluan eta VI. tituluaren III. kapitulua; eta Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorrean eta horren erregelamendua onartu duen 887/2006 Errege Dekretuan jasotako oinarrizko araudia.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Agindu honek ondorioak ekarriko ditu Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko martxoaren 24a.

Osasuneko sailburua,

MIREN NEKANE MURGA EIZAGAECHEVARRIA.

I. ERANSKINA
GAI-ARLOAK
(Ikus .PDF)
II-A.1 ERANSKINA
PROIEKTUAREN MEMORIA
Lerroa: Ikerketa sanitarioa sustatzea
(Ikus .PDF)
II-A.2 ERANSKINA
ESKAERAREN MEMORIA
Lerroa: Ikerketa sanitarioko jarduerak areagotzea
(Ikus .PDF)
II-A.3 ERANSKINA
PROIEKTUAREN MEMORIA
Lerroa: Osasuneko ikerketa estrategikoa indartzea
(Ikus .PDF)
II-A.4 ERANSKINA
EKINTZA OSAGARRIAREN MEMORIA
Lerroa: Interes bereziko ekintza osagarriak
(Ikus .PDF)
II-B ERANSKINA
AGENTE ESKATZAILEAREN IKERTZAILE-TALDEA
(Ikus .PDF)
II-C.1 ERANSKINA
AGENTE ESKATZAILEAREN MEMORIA EKONOMIKOA
Lerroa: Ikerketa sanitarioa sustatzea
(Ikus .PDF)
II-C.2 ERANSKINA
AGENTE ESKATZAILEAREN MEMORIA EKONOMIKOA
Lerroa: Ikerketa sanitarioko jarduerak areagotzea
(Ikus .PDF)
II-C.3 ERANSKINA
AGENTE ESKATZAILEAREN MEMORIA EKONOMIKOA
Lerroa: Osasuneko ikerketa estrategikoa indartzea
(Ikus .PDF)
II-C.4 ERANSKINA
AGENTE ESKATZAILEAREN MEMORIA EKONOMIKOA
Lerroa: Interes bereziko ekintza osagarriak
(Ikus .PDF)
II-D ERANSKINA
CURRICULUM VITAE ARAUTUA
(Ikus .PDF)
II-E ERANSKINA
ADOSTASUN-ADIERAZPENA
Lerroa: Ikerketa sanitarioko jarduera areagotzea
(Ikus .PDF)
III. ERANSKINA
AGENTE ESKATZAILEAREN ERANTZUKIZUNPEKO ADIERAZPENA
(Ikus .PDF)
IV-A ERANSKINA
JUSTIFIKAZIO-MEMORIA ZIENTIFIKOA
(Ikus .PDF)
IV-B ERANSKINA
AGENTE ONURADUNAREN JUSTIFIKAZIO-MEMORIA EKONOMIKOA
(Ikus .PDF)
IV-S ERANSKINA
JARRAIPENAREN MEMORIA ZIENTIFIKOA
Lerroak: Ikerketa sanitarioko jarduera sustatzea eta ikerketa-jarduera areagotzea
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala