Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoa

Euskadi.eus

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

80. zk., 2020ko apirilaren 29a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

OSASUN SAILA
1910

AGINDU, 2020ko apirilaren 24koa, Osasuneko sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoan dauden diagnostiko klinikoko osasun-zentro, -zerbitzu eta -establezimenduek Covid-19a atzemateko proba diagnostikoak nola egin eta emaitzak nola jakinarazi zehazten duena.

Euskadiko Antolamendu Sanitarioari buruzko ekainaren 26ko 8/1997 Legeak 3. artikuluan adierazten duenez, «euskal administrazio sanitarioari dagokio osasun publikoaren babes orokorra bermatzea, prebentzioko eta osasuna sustatzeko neurrien bidez eta prestazio sanitario indibidualen bidez».

Halaber, lege horretako 9. artikuluak zehazten du zein diren sistemaren printzipio programatikoak betetzeko lehentasunezko jarduerak, eta, zehazki, hauek adierazten ditu: «beharrezko azterlan epidemiologikoak egitea eta haiei jarraitzea, osasunarekiko arriskuen prebentzioa eta planifikazio eta ebaluazio sanitarioak efikazia gehiagorekin orientatzeko, eta beharrezko informazio-sistemak sortzea, sistemako erantzukizun-maila ezberdinetan egokiro jardutea errazteko. Horretarako, osasunari buruzko datu pertsonalak bildu eta tratatu ahal izango dira sistemaren zuzendaritza, planifikazio eta programazioko eginkizunetan jarduteko; baina, ukitutako pertsonaren baimena izan ezean, jarduketa behar bezala baimenduta egon beharko da, eta informazioaren anonimatua garantizatzen duen aurretiko prozedura disoziatzailea burutu beharko da.»

Lege horretako 30. artikuluak zerbitzu sanitarioak emateko xedez erakunde pribatuekin ezarritako harreman juridikoak arautzen ditu, eta, zehazki, hirugarren apartatuak ezartzen du zentro pribatu itunduek nahitaez bete beharko dituztela lege horretako 19.2 artikuluan zerbitzu publikoentzat finkatutako gutxienekoak, bai eta gainerako legezko arauetan bildutako betebeharrak ere.

Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzeko, eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzeko Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuaren 12. artikuluaren arabera, Osasun Sailari honako egiteko eta jardun-arlo hauek dagozkio:

– Osasun-plangintza eta -antolamendua.

– Osasun publikoa eta elikadura-higienea.

– Zaintza epidemiologikoa.

– Farmazia-antolamendua.

– Droga-mendekotasunak.

Osasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 80/2017 Dekretuaren 4.1 artikuluan xedatzen denez, Osasuneko sailburuak ditu Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 26. eta 28. artikuluetan ezarritako eskumenak, baita Osasun Sailari dagozkion funtzioen eta jardun-arloen eremuan indarrean dagoen legediak esleitzen dizkionak ere.

Bestalde, martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren bidez (alarma-egoera deklaratzen duena Covid-19ak eragindako osasun-krisialdia kudeatzeko; 2020ko martxoaren 14ko Estatuko Aldizkari Ofiziala, 67. zk.), alarma-egoera deklaratu zen Estatuko lurralde osoan, Covid-19 koronabirusak eragindako osasun-larrialdiko egoerari aurre egiteko. Hala egin zen, Alarma-, salbuespen- eta setio-egoeren ekainaren 1eko 4/1981 Lege Organikoak laugarren artikuluaren b) eta d) apartatuetan xedatutakoaren arabera.

Aipatutako deklarazioaren alarma-egoerak hamabost egun naturaleko iraupena izan zuen, hasieran, eta bi aldiz luzatu da. Lehenengoa martxoaren 27ko 476/2020 Errege Dekretuaren bidez erabaki zen (2020ko martxoaren 28ko BOE, 86. zk.); bigarrena, apirilaren 10eko 487/2020 Errege Dekretuaren bidez (apirilaren 11ko BOE, 101. zk.), eta bigarren hori 2020ko apirilaren 26ko 00:00ak arte luzatu da.

Martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren 12. artikuluak honela dio: «1.– Nazio-lurraldeko administrazio publikoetako osasun-agintari zibil guztiak eta gainerako funtzionario eta langileak Osasuneko ministroaren zuzeneko aginduetara geratuko dira, pertsonak, ondasunak eta lekuak babestu beharra izanez gero, eta beren iraupenagatik edo izaeragatik ezohikoak diren lanak agindu ahal izango zaizkie».

Horrenbestez, Osasuneko sailburuaren 2020ko martxoaren 24ko Aginduaren bidez, zenbait neurri hartu ziren, eta, haien artean, nabarmendu behar da Osasun Sailaren eskura jarri direla titulartasun pribatuko osasun-zentro, -zerbitzu eta -establezimenduei atxikitako bitarteko material eta pertsonal guztiak.

Bestalde, Osasun Sistema Nazionala indartzeko eta Covid-19ak eragindako osasun-krisiari aurre egiteko salbuespenezko neurriak ezartzen dituen apirilaren 13ko SND/344/2020 Aginduaren bidez, Osasun Ministerioak erabaki du autonomia-erkidego bakoitzaren osasun-agintaritza eskudunaren eskura jartzea hartan dauden titulartasun pribatuko diagnostiko klinikoko osasun-zentro, -zerbitzu eta -establezimendu guztiak eta, gainera, autonomia-erkidego bakoitzaren osasun-agintaritzak erabakitako jarraibide, instrukzio eta irizpideen mende jartzea Covid-19a atzemateko proba diagnostikoak; horrez gain, agindu horren arabera, diagnostiko klinikoko osasun-zentro, -zerbitzu eta -establezimendu guztiek osasun-agintaritzari jakinarazi behar diote, horretarako ezarritako prozedurari jarraituz, proba diagnostikoak egin ondoren ezagutu dituzten Covid-19ko kasu baieztatu guztien berri, bai eta probak egiteko eskuratu duten materialaren berri ere.

Kontuan hartuta adierazitako guztia eta koronabirusaren pandemia dela eta deklaratutako alarma-egoera, Administrazioak zenbait neurri hartu behar ditu gure erkidegoa SND/344/2020 Aginduan adierazitakora egokitzeko; zehazki, neurri hauek: Osasun Sailaren eskura jartzea 2020ko martxoaren 24ko Aginduaren babesean hari atxikita ez dauden diagnostiko klinikoko osasun-zentroak, zentro horiek atzemandako kasu positiboak Osasun Sailari jakinarazi beharra, eta horretarako komunikazio-prozedura bat ezartzea.

Hori guztia bete beharko da honako xedapen hauen aplikaziotik eratorritako betebeharrekin bat etorriz: 312/1996 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Zaintza Epidemiologikoko Sistema sortzen duena, eta haren eranskinak, Osasuneko sailburuaren 2016ko urtarrilaren 21eko Aginduaren bidez aldatuak (2016ko otsailaren 10eko EHAA), eta apirilaren 14ko 3/1986 Legea, Osasun publikoaren arloko neurri bereziei buruzkoa; lege horrek, hain zuzen ere, osasun agintariei aukera ematen die salbuespenezko zenbait neurri hartzeko, hala nola gaixoak edo haiekin kontaktuan dauden edo egon diren pertsonak edo ingurumen hurbila kontrolatzea, eta transmisio-arriskuaren kasuan beharrezko jotzen diren neurriak, urgentziazko eta premiazko osasun-arrazoiek hala eskatzen dutenean, eta hala eskatzen du egungo osasun-krisiak.

Azaldutako guztia dela eta, egoeraren bilakaera ikusita, epidemia kontrolatu beharra kontuan hartuta, osasun-arloko agintea baliatuz, apirilaren 25eko 14/1986 Legearen 26.1 eta 29.3 artikuluetan xedatutakoarekin bat etorriz, eta Covid-19ak eragindako osasun-krisialdia kudeatzeko giza baliabideen eta bitartekoen arloko neurriak ezartzen dituen martxoaren 15eko SND/232/2020 Aginduaren hamabigarren ebazpenean eta Osasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 80/2017 Dekretuaren 4.1 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, Osasuneko sailburuak honako hau

EBAZTEN DU:

Lehenengoa.– Euskal Autonomia Erkidegoan dauden titulartasun pribatuko diagnostiko klinikoko osasun-zentro, -zerbitzu eta -establezimenduekin lotutako neurriak.

1.– Osasun Sailaren eskura egongo dira Euskal Autonomia Erkidegoan dauden titulartasun pribatuko diagnostiko klinikoko osasun-zentro, -zerbitzu eta -establezimendu guztiak eta haien langileak, Euskadiko osasun-sistemaren baliabideak osatzeko.

2.– Jardunean dagoen fakultatibo batek hala aginduta egingo dituzte beti diagnostiko klinikoko zentroek Covid-19a atzemateko proba diagnostikoak, Euskal Autonomia Erkidegoan unean-unean indarrean dauden jardun-prozeduretan ezarritako irizpideei edo Osasun Ministerioak argitaratzen dituenei jarraituz.

3.– Euskal Autonomia Erkidegoan dauden titulartasun pribatuko osasun-zentro, -zerbitzu eta -establezimenduek egiaztatu beharko dute beren eskaintza asistentzial baimenduak gaitzen dituela Covid-19a atzemateko beharrezkoa den proba diagnostikoa eta antzekoak egiteko.

4.– Osasun Sailak prezioak ezarri ahal izango dizkie halako zentroek egiten dituzten probei, zerbitzua jasotzean izan daitezkeen abusu-egoerei aurre egiteko.

Bigarrena.– Covid-19a atzemateko diagnostikoak egiteko gaitasuna duten Euskal Autonomia Erkidegoko osasun-zentro, -zerbitzu eta -establezimendu guztiekin lotutako neurriak.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko osasun-zentro, -zerbitzu eta -establezimendu guztiek, titulartasun publikoko zein pribatukoek, Covid-19a atzemateko diagnostikoak egiteko gaitasuna baldin badute, Covid-19ko kasu baieztatuak jakinarazi beharko dizkiote Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzari, nahitaez deklaratu beharreko gaixotasunak deklaratzeko ezarritako prozeduraren bidez, betiere Euskal Autonomia Erkidegoko Zaintza Epidemiologikoko Sistema sortzen duen 312/1996 Dekretuan eta haren eranskinetan xedatutakoarekin bat etorriz; eranskinok Osasuneko sailburuaren 2016ko urtarrilaren 21eko Aginduaren bidez aldatu ziren (2016ko otsailaren 10eko EHAA).

2.– Osasun publikoaren arloko neurri bereziei buruzko apirilaren 14ko 3/1986 Legean ezarritako neurriak aplikatuz, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak emaitza horien berri emango dio Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuari, pazienteen historia klinikoan sar ditzan, transmisio-arriskua duten kasuak baitira.

3.– Halaber, aipatutako osasun-zentro, -zerbitzu eta -establezimenduek Covid-19a atzemateko eskuratu duten material diagnostikoren berri emango diote Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritzari, hala nola honako hauen berri: laginak hartzeko isipuak, birusaren garraiobideak, inaktibazio-erreaktiboak, azido nukleikoak erauzteko kitak, PCRko erreakzio-kitak edo diagnostiko-test azkarrak eta proba serologikoak.

4.– Jakinarazpen horretan, material horren kopurua, tipologia eta destinoa zehaztu beharko dira, eta gehienez bost egun balioduneko epean bidali beharko da, soac@euskadi.eus helbide elektronikora, agindu honetako eranskinaren eredua erabiliz horretarako.

Hirugarrena.– Diagnostikoak egiteko gaitasuna duten beste zenbait zentro.

Covid-19a atzemateko proba diagnostikoak egiteko, Osasun Sailak, gainera, eskura izango ditu aurreko apartatuetan sartuta ez dauden zenbait entitate, erakunde eta enpresa, publikoak zein pribatuak, betiere baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Jardunean dagoen fakultatibo batek hala aginduta egingo dituzte beti diagnostiko klinikoko zentroek proba diagnostikoak, Euskal Autonomia Erkidegoan unean-unean indarrean dauden jardun-prozeduretan ezarritako irizpideei edo Osasun Ministerioak argitaratzen dituenei jarraituz.

b) Erakunde eskudun batek balidatu beharko ditu proba diagnostikoak egingo diren laborategiak eta erabiliko diren teknika eta materialak. Gainera, lortutako emaitzen balidazio teknikoa egin beharko da.

c) Entitate, erakunde edo enpresa eskatzaileek konpromisoa hartu beharko dute Osasun Saileko Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzari jakinarazteko diagnostikatutako kasuen berri, eta, horretarako, agindu honetako bigarren ebazpenean ezarritako prozedurak erabiliko dituzte.

Laugarrena.– Proben efektuak.

Agindu honetan ezarritako baldintzak egiaztatu gabe egiten diren probek ez dute inolako efekturik izango Euskadiko osasun sistemarentzat, eta haien emaitzak ez dira kontuan hartuko. Gainera, inguruabarrak aintzat hartuta, zehapenak jar litezke.

Bosgarrena.– Zehapen-araubidea.

Agindu honetako betebeharrak betetzen ez badira, zehapenak jarri ahal izango dira, legediarekin bat etorriz, eta Alarma-, salbuespen- eta setio-egoeren ekainaren 1eko 4/1981 Lege Organikoaren 10. artikuluan ezarritakoari jarraituz.

Seigarrena.– Ondorioak.

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, eta onartzen denetik aurrera izango ditu ondorioak, harik eta alarma-egoeraren deklarazioak eta izan daitezkeen luzapenek amaitu arte.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko apirilaren 24a.

Osasuneko sailburua,

MIREN NEKANE MURGA EIZAGAECHEVARRIA.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala

Euskadi, auzolana