Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

76. zk., 2020ko apirilaren 22a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ENPLEGUKO ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
1888

AGINDUA, 2020ko apirilaren 8koa, Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuarena, familientzako laguntzen arloko neurri zehatzak arautzen dituena Covid-19aren inpaktu ekonomikoari erantzuteko.

Osasunaren Mundu Erakundeak (OME), 2020ko martxoaren 11n, nazioarteko pandemiatzat jo zuen koronabirusa esan ohi zaion Covid-19 birusaren ondorioz eragindako osasun-larrialdia, oso azkar ari baitzen zabaltzen mundu osoan.

Eusko Jaurlaritza, bere aldetik, Covid-19 kononabirusari erantzun koordinatua emateko 2020ko otsailaren 27an sortutako Sailarteko Mahaiaren bidez, hedapenaren monitorizazioa eta jarraipena etengabe aritu da egiten, birusak euskal gizartean duen zabalkundea eta eragina mugatzeko neurriak, gomendioak eta betebeharrak ezarriz, betiere bat etorriz nazioarteko komunitate zientifikoaren, osasun-agintarien eta Osasun Publikoko epidemiologia-aditu profesionalen irizpide eta gidalerroekin.

Hori horrela, martxoaren 9an –hau da, Osasunaren Mundu Erakundeak nazioarteko pandemia deklaratu baino egun batzuk lehenago–, Covid-19 koronabirusa hedatzen ari zenez Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde-eremuan, eta herritarren artean eta, batez ere, hezkuntza-komunitatean ez hedatzeko neurri indargarri moduan, hezkuntza-jarduera 14 egunerako eten zen Bastidako bi ikastetxeetan; gerora, hezkuntza-jardueraren etenaldi hori zabalduz joan zen, lehenbizi Vitoria-Gasteizko ikastetxe guztietara (martxoaren 10ean), eta, ondoren, Arabako Lurralde Historikoan kokatutako ikastetxe guztietara (martxoaren 11n). Azkenik, hezkuntza-jardueraren etenaldi hori autonomia-erkidegoko ikastetxe guztietara zabaltzea erabaki zen, martxoaren 13tik aurrerako ondorioekin, egun hura barne.

Neurri horiez gain, eta betiere gai horretan adituak diren pertsonen gidalerro eta gomendioetan oinarriturik, EAEko administrazio publiko eskudunek pixkanaka erabaki dute, Covid-19 koronabirusaren ondorioz eragindako osasun-larrialdian zehar, besteren mendeko pertsona nagusien egoitzak eta gizarte-zerbitzuetako eguneko zentroak ixtea; horien artean daude hirugarren adinekoentzako baliabideak, bai eta besteren mendeko pertsonentzakoak eta gizarte-inklusioa sustatzekoak ere.

2020ko martxoaren 13an, Segurtasuneko sailburuak Euskadiko Babes Zibilaren Plana formalki aktibatzea erabaki zuen, Osasuneko sailburuak hala eskaturik. Bertan ezartzen da zein izan behar den Euskal Autonomia Erkidegoak mota guztietako larrialdiei aurre egiteko izango duen antolaketa-esparru orokorra, baldin eta, larrialdiaren izaera edo hedapenagatik, edo administrazio bat baino gehiago koordinatu behar izateagatik, erkidego-mailako zuzendaritza baten premia badago. Hain zuzen ere, Segurtasuneko sailburuari dagokio larrialdiaren zuzendaritza eta koordinazioa, Lehendakariak ere bere gain har dezakeen arren, haren hedapen eta intentsitate larria ikusirik.

Bestalde, osasun publikoaren larrialdi-egoera horren barruan, Espainiako Gobernuak 2020 martxoaren 14an erabaki zuen alarma-egoera deklaratzea, Covid-19 koronabirusaren ondorioz sortutako osasun-larrialdiari aurre egiteko. Alarma-egoera deklaratzea erabaki zen egunean jarri zen indarrean alarma-egoera, martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren bidez (errege-dekretu hark Covid-19ak eragindako osasun-krisia kudeatzeko alarma-egoera deklaratu zuen).

Aipatutako osasun-krisi horren barruan, ikusirik Covid-19 koronabirusak erasan dien herritarrak gero eta gehiago izan direla eta hura ez hedatzeko inoiz ez bezalako borroka piztu dela –mehatxu larria baita pertsonen funtsezko eskubideentzat; esaterako, osasuna babesteko eskubidearentzat–, Eusko Jaurlaritzak 300 milioi euroko funts instituzional bat sortu du eta harekin finantzatuko ditu Covid-19 koronabirusak eragindako krisiari aurre egiteko Sail bakoitzak hartzen dituen jarduketen eta neurrien gastuak.

Hain zuzen ere, funts horrek osasun-sistema indartuko du –herritarrei osasun-arreta egokia eman dakien–, bai eta hezkuntza-sistema ere; halaber, babes berezi bat emango die kolektiborik kaltetuenei, besteak beste, familiei eta euskal ekoizpen-ehunaren zati handi bati ere, enpresen eta enpleguaren arloan lagunduz.

Horretan guztian oinarriturik, eta Eusko Jaurlaritzaren lehentasuna Covid-19 koronabirusaren hedapena mugatzea eta pertsonen osasuna babestea den arren, aipatutako funtsaren barruan sortutako «Covid-19ak eragindako krisiaren aurkako neurriak» aurrekontu-programa berriari esker, Eusko Jaurlaritzako Sailek neurri ekonomikorik premiazkoenak har ditzakete, beren eskumeneko politika publikoez baliatuz, krisiak gizarteko kolektiborik zaurgarrienetan –adibidez, familietan– duen inpaktu ekonomikoa murrizteko.

Hala, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 3. artikuluan jasota dauden ikastetxe eta etapa, ziklo, gradu, kurtso eta maila guztien hezkuntza-jarduera, eta beste zentro publikoetan nahiz pribatuetan emandako beste edozein hezkuntza- edo prestakuntza-jarduera presentzial eten izanak eragin duen salbuespenezko egoeragatik –gutxienez alarma-egoera amaitu arte luzatuko dena, martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretua aplikatuz–, langile askok egokitu egin behar izan dute beren lanaldia edo lan-egoera, hura uztartu ahal izateko ikastetxeak itxi zaizkien seme-alabenganako zaintza eta arreta egokiarekin, zeregin hori aitona-amonengan edo familiako adinekoengan eror ez zedin, duten adinagatik Covid-19 koronabirusak batez ere haiei eragiten baitie, eta babesa eman behar baitzaie.

Bestalde, errege-dekretu beraren 10. artikuluan ezarritako merkataritza-jarduera, kultura-ekipamendu, aisialdiko establezimendu eta -jarduera, ostalaritza, jatetxe eta beste arlo batzuetan hartutako euste-neurriek eragin negatiboa izan dute enpleguan, arlo horietako enpresek tresnak erabili behar izan dituztelako beren jarduera aldi batez doitzeko (esaterako, enplegu-erregulazioko espedienteak edo aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteak), eta horrek eragin du langile askoren lanaldia aldi baterako murriztea edo, okerragoa dena, kontratuak aldi baterako etetea.

Gainera –baina, baita ere, Covid-19 koronabirusak eragindako krisiaren esparruan–, enpresek orain zailtasunak dituzte, batetik, beren merkatu-konpromisoei aurre egiteko edo konpromiso berriei heltzeko, ezinezkoa baita ekoizpenari eustea (hornidura-katea kaltetuta gertatu delako, edo lehengaia edo langileak falta direlako), eta, bestetik, Covid-19 koronabirusa hedatu ez dadin Osasun Publikoko epidemiologia-adituek emandako gomendioak betetzeko.

Zailtasun horien ondorioz, halaber, enpresa horietako askok itxi egin behar izan dute aldi baterako, edo tresnak erabili behar izan dituzte jarduera aldi batean doitzeko.

Horrekin bat etorriz, familiei laguntzeko neurri zehatz egokitzat jo da familia eta lana uztartu ahal izateko berariazko laguntza-programa bat abiaraztea, lan-egoera aktiboan dauden langileek egiaztatzen dutenean beren gain hartu behar izan dutela –Covid-19 koronabirusak eragindako osasun-krisia borrokatzeko eta kudeatzeko ekintzen eta neurrien ondorioz– seme-alabei (duten adinagatik), besteren mendeko pertsonei edo Covid-19 koronabirusak erasan dien gaixoei (kutsatuak nahiz isolatuak izan) laguntzeko, arreta emateko eta haiek zaintzeko lana. Azken kasu horretan, arreta berezia ipini beharko da adinekoengan, hau da, aitona-amonengan, haiek baitira zaurgarrienetariko batzuk Covid-19 koronabirusaren aurrean.

Salbuespenezko programa hori independentea eta aldi baterako izango da, eta Familia eta lana bateragarri egiteko laguntzei buruzko urriaren 22ko 164/2019 Dekretuan araututako laguntzak osatuko ditu, eta konpentsatu egin nahi du goian aipatutako pertsonei lagundu, arreta eman eta haiek zaintzeko lantokia edo lanpostua erabat edo partez utzi behar izan duten langileen soldata-murrizketak dakarren diru-sarreren galera.

Eta, bestalde, urtebetez beherako adingabeak jaio eta haiek zaintzeko baimenak jaso litzaketen gurasoen laneko eszedentziak direla-eta ez da ezinbestekoa izango eszedentzian ez dagoen gurasoa langile aktiboa izatea diruz lagundutako denbora guztian zehar, baldin eta lanean hasi, altan egon eta bere kontratuari dagokion lanaldi osoa egiten ari delarik kontratua eten bazaio, Covid-19 koronabirusak eragindako osasun-krisia borrokatzeko eta kudeatzeko martxan jarri diren jarduketen eta neurrien ondorioz.

Aipatutako lehen neurriak premiazko ebazpen bat eskatzen du, identifikatu ahal izango duena, batetik, nortzuk diren aparteko laguntza horien onuradunak, eta bestetik, zeintzuk diren diruz lagundu ahal diren jarduketak eta zenbatekoak diren laguntzak. Gainera, argituko ditu ebazpen hori behar bezala aplikatu eta gauzatu ahal izateko premiazkoak diren beste puntu guztiak.

Bigarren neurriak, aldiz, aski du jarraibide bat ematea, erantzun bat eman nahi zaion kasuari araua aplikatzeari buruzkoa. Izan ere, jarduketa-irizpide eta -ildo batzuk ezarri nahi dira, xedapen orokor batek jadanik arautu dituen laguntzen aplikazioa, exekuzioa eta kudeaketa gerora sortutako, salbuespenezko eta aldi baterako egoera batera, hura onartu aurretik iragarri edo aurreikusi ezin den egoera batera, egokitzeko.

Ondorioz, familia babesteko, lana eta familia uztartzeko eta haurrak babesteko ditudan eskumenez baliatuta (izan ere, Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailari dagozkio eskumen horiek, hala ezarrita baitago Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuaren 8.1 artikuluan, eta, berariaz, Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 75/2017 Dekretuaren 4. artikuluan), honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

1.– Agindu honen xedea da Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak familiei laguntzeko berariaz hartu beharreko neurriak arautzea, premiaz erantzun ahal izateko Covid-19 koronabirusak familien ekonomian izan duen inpaktu ekonomikoari, haren hedapenak eragin duen osasun-krisia borrokatze eta kudeatze aldera, eta hura komunitatean transmititu ez dadin, hartutako jarduketen eta neurrien ondorioz.

2.– Hain zuzen ere, familia eta lana uztartzeko laguntzen laguntza osagarriak arautuko dira, salbuespen moduan eta aldi baterako erantzun nahi baitzaio lanaldia egokitzeak edo aldatzeak familiei ekarri dien diru-sarreren galerari, baldin eta egokitze edo aldatze hori izan bada seme-alabei (duten adinagatik), besteren mendeko pertsonei edo Covid-19 koronabirusak erasan dien gaixoei (kutsatuak edo isolatuak) lagundu, arreta eman eta haiek zaintzeko.

2. artikulua.– Dirulaguntza jaso dezaketen egoerak.

1.– Honako egoera hauetako batean dauden langileei emango zaie dirulaguntza, bigarren paragrafoan zerrendatutako edozein pertsonari laguntzeko, arreta emateko eta zaintzeko betebeharrak zuzenean eta modu pertsonalean beren gain har ditzaten:

a) Lan-eszedentzia.

b) Lanaldiaren murrizketa, % 33koa edo handiagoa, Covid-19aren inpaktu ekonomiko eta sozialari aurre egiteko ezohiko premiazko neurriei buruzko martxoaren 17ko 8/2020 Errege Lege Dekretuaren 6.3 artikuluan araututako lanaldiaren murrizketa berezia barne dela; lanaldiaren % 100era iritsi ahal izango da.

2.– Norberak zuzenean lagundu, artatu eta zainduko du honako pertsona hauetako bat, Covid-19 koronabirusa komunitatean ez hedatzeko salbuespenezko jarduketekin eta neurriekin lotuta dagoela justifikatuta:

a) 14 urtez beherako seme-alabak, edo % 33ko edo hortik gorako dibertsitate funtzionala edo desgaitasun aitortua duten 18 urte artekoak.

b) Besteren mendeko pertsonak, edozein delarik ere aitortu zaien mendekotasun-maila.

c) Covid-19 koronabirusak erasan dien gaixoak (kutsatuak edo isolatuak).

3.– Seme-alabatzat hartuko dira:

a) Seme-alabak.

b) Tutoretzapeko pertsonak.

c) Aldi baterako edo modu iraunkorrean familian hartutako pertsonak.

d) Ebazpen judizialez zaintzan dauden pertsonak.

e) Adoptatu aurreko elkarbizitzarako zaintza eskuordetuan dauden pertsonak.

4.– Diruz lagunduko dira, soil-soilik, langileen soldata murritzagoa dakarten laneko eszedentziak eta murrizketak, diru-konpentsaziorik ez dutenak xedapen legaleko edo hitzarmen indibidual edo kolektiboko osagarrien bidez.

5.– Agindu honetan aurreikusitako ondorio guztietarako, lanaldiaren % 100era iristen den murrizketa berezia lan-eszedentziako egoeraren modukotzat hartuko da.

3. artikulua.– Aplikazio-eremua.

1.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzak aplikatuko zaizkie 2020ko martxoaren 9tik aurrera hartutako lan-eszedentziei eta -murrizketei, alarma-egoera amaitu artekoei, edo, bestela:

a) Hezkuntza-jardueraren etenaldia amaitu artekoei, ikastetxe bakoitzaren hezkuntza-jardueraren egutegia aintzat harturik.

b) Lagundu, artatu eta zaintzeko lanak egiten dituzten honako zentro hauek berriro irekitzen diren egunaren bezpera artekoei: haurtzaindegiak; besteren mendeko adinekoentzako egoitzak; gizarte-zerbitzuetako eguneko zentroak; edo besteren mendeko pertsonentzako edo gizarte-inklusioa sustatzeko egoitzak.

2.– Aplikatu zaizkie, halaber, martxoaren 9a baino lehenago hartutako lanaldi-murrizketei, baldin eta langileak data horretatik aurrera egokitu baditu 2.2 artikuluan aipatzen den edozein pertsonari zuzenean lagundu, arreta eman eta hura zaintzeko lanak.

Halakoetan, diruz lagundutako epearen hasiera izango da lanaldi-murrizketa egokitu edo aldatu den eguna.

3.– Diruz lagundutako epeak etenaldiak izan ditzake.

4. artikulua.– Onuradunak.

1.– Honako langile hauek izan daitezke laguntza hauen onuradun, betiere langile aktiboak badira 2020ko martxoaren 9an:

a) Langileen Estatutuaren Legearen testu bategina onartzen duen urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren aplikazio-eremuan dauden besteren konturako langileak, administrazio publikoetako sektore publikoko lan-kontratudunak izan ezik.

b) Kooperatiba-sozietateetako bazkide-langileak edo lan-bazkideak.

2.– Pertsona berarekin lotutako zenbait langilek laguntzak jasotzen badituzte, familia-unitate bakoitzak laguntza bakarra izango du, eta laguntza eskatu duen lehenengo pertsonari emango zaio.

3.– Nolanahi ere, bi langilek aldi berean jaso ditzakete laguntzak, kasu hauetan:

a) Bi pertsonak lanaldi-murrizketako egoeran badaude 14 urte arteko seme-alabei lagundu, arreta eman eta haiek zaintzeko, edo seme-alaba horiek 18 urte bete arte, baldin eta % 33ko edo hortik gorako dibertsitate funtzionala edo desgaitasun aitortua badute; nolanahi ere, baztertu egingo da lanaldiaren % 100 eragiten duen murrizketa berezia.

b) Ebazpen judizialez ezarritako zaintza partekatua dagoenean, baldin eta laguntza ez bada aldi berean eskatzen, edozein izanik ere lan-egoera edo lanaldia egokitu den modua. Bi gurasoek eskatutako epearen zati bat aldi bererako denean, laguntza eskatu duen lehenengo pertsona lehenetsiz emango da epe horri dagokion laguntza.

c) Lagundu, artatu eta zaindu beharreko pertsona besteren mendekoa denean, era honetan:

Mendekotasun handia (III. gradua) duen pertsona bada, lan-eszedentzia edo, hala badagokio, lanaldiaren murrizketa berezia, lanaldiaren % 100era iristen dena, eta lanaldi-murrizketa bat, zeina aipatutako murrizketa bereziaz bestelakoa izan beharko baita, aldi berean; bestela, aldi bereko hiru lanaldi-murrizketa gehienez; azken kasu horretan, lanaldi-murrizketa horietako bat ere ezin izango da iritsi lanaldiaren % 100era.

Mendekotasun larria (II. gradua) duen pertsona bada, bi lanaldi-murrizketa aldi berean; nolanahi ere, baztertu egingo da lanaldiaren % 100era iristen den lanaldi-murrizketa berezia.

5. artikulua.– Laguntzak hartzeko epe-mugak.

1.– Diruz lagundu daitekeen gehieneko aldia 2020ko martxoaren 9tik alarma-egoeraren deklarazioak indarra galtzen duen egunera artekoa izango da, edo, hala badagokio, 3.1 artikuluaren a) eta b) apartatuetan adierazitako egunera artekoa, biak barne.

2.– Nolanahi ere, diruz lagundutako epe horrek sartuta egon behar du Covid-19 koronabirusa komunitatean ez hedatzeko jarduketak eta neurriak hartu diren epeen barruan, baldin eta, horren ondorioz, hezkuntza-jarduera eten bada edo itxi egin badira haurtzaindegiak, besteren mendeko adinekoentzako egoitzak, gizarte-zerbitzuetako eguneko zentroak, edo besteren mendeko pertsonentzako eta gizarte-inklusioa sustatzeko egoitzak.

6. artikulua.– Onuradunek bete beharreko baldintza bereziak.

1.– Laguntzen onuradun izateko, agindu honen 4. artikuluan aipatzen den eremu subjektiboan sartuta dauden pertsonek aldi berean bete behar dituzte baldintza hauek, lagundu, artatu eta zaindutako pertsonaren arabera.

2.– Lagundu, artatu eta zaindu beharrekoa langilearen semea edo alaba denean:

a) Haren zaintza edukitzea, diruz lagundutako jarduketak iraun bitartean.

b) Harekin bizitzea eta erroldatuta egotea, diruz lagundutako jarduketak iraun bitartean.

Dena dela, ez dago errolda berean egon beharrik ebazpen judizialez ezarritako zaintza partekatua dagoenean: zaintza esleitu zaion pertsonetako edozeinekin erroldatuta egon daiteke adingabea.

c) Hiru urtetik beherako seme-alaben kasuan, adingabeak haurtzaindegi batean matrikulatuta egon behar zuen 2020ko martxoaren 9an.

d) Seme-alabek 14 urtetik gora badituzte, eta % 33ko edo gehiagoko dibertsitate funtzionala edo desgaitasun aitortua badute, ikastetxe batean matrikulatuta egon beharko dute.

3.– Lagundu, artatu eta zaindu beharrekoa langilearen mendeko senide bat denean:

a) Langilearen eta haren mendeko pertsonaren artean 1. edo 2. mailako odolkidetasuna edo 1. mailako ahaidetasuna egon behar du, edo ezkontide izan nahiz izatezko bikote eratuta egon behar du.

b) Besteren mendeko senideari modu iraunkorrean itxi diote ingresatuta zegoen besteren mendeko adinekoentzako egoitza, edo, bestela, erabiltzen zuen gizarte-zerbitzuetako eguneko zentroa, edo besteren mendeko pertsonentzako eta gizarte-inklusioa sustatzeko egoitza.

4.– Lagundu, artatu eta zaindu beharrekoa Covid-19 koronabirusak erasandako senide gaixo bat denean (kutsatua edo isolatua), langilearen ezkontide edo izatezko bikotekide izan behar du, edo 1. mailako odolkidetasuna egon behar du langilearen eta gaixoaren artean.

7. artikulua.– Onuradunek bete beharreko baldintza orokorrak.

Aurreko baldintza bereziez gain, laguntzen eskatzaileek baldintza hauek bete behar dituzte:

a) Euskal Autonomia Erkidegoko edozein udalerritan bizi eta erroldatuta egotea diruz lagundutako jarduketak iraun artean.

Horretaz gain, 2020ko martxoaren 9ren aurreko urtean etenik gabe erroldatuta egotea, edo gutxieneko epe hori betetzen ez bada, segidako 5 urtez aurreko 10 urteetan.

b) Diruz lagundutako jarduketaren ondorioz soldata murriztu izana.

c) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak egunean izatea.

Nolanahi ere, baldintza hori bete izana hurrengo artikuluaren bigarren paragrafoari jarraituz egiaztatuko da.

d) Dirulaguntzak edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarren zigor- edo administrazio-arloko zehapenik jaso ez izana, eta horretarako ezgaitzen duen legezko debekurik jaso ez izana; horren barnean daude bi lege hauen araberako sexu-diskriminazioarengatik gertatutakoak: Emakumeen eta gizonen berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legea edo Emakumeen eta gizonen benetako berdintasunerako martxoaren 30eko 3/2007 Lege Organikoa.

e) Dirulaguntzak itzuli beharrarekin lotutako ordainketak egunean edukitzea.

f) Ez egotea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 eta 13.3 artikuluetan aurreikusitako gainerako egoeren eraginpean.

8. artikulua.– Laguntzak kudeatzen dituen organoak datuak egiaztatzea.

1.– Laguntzak eskatzen dituzten pertsonen datuak egiaztatuko ditu, ofizioz, laguntzen organo kudeatzaileak, modu elektronikoan, administrazio publiko eskudunaren aurrean.

2.– Eskatzaileak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak egunean dituela egiaztatuko du organo kudeatzaileak, modu automatikoan eta behar beste aldiz, eskatzaileak baimendu beharrik izan gabe, betiere bat etorriz azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.3 artikuluarekin.

Dena dela, eskatzaileak berariaz kontra egin ahal izango dio goian aipatutako datuak kontsultatzeari, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak betetzen dituela egiaztatzen duten ziurtagiri eguneratuak aurkeztuz.

9. artikulua.– Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1.– Eskabidearekin batera, laguntzak eskuratzeko baldintzak betetzen direla egiaztatzen duen dokumentazio orokor hau aurkeztu behar da:

a) Filiazio, adopzio, tutoretza, harrerako zaintzaren egiaztagiria, ebazpen judiziala edo adopzioa dagoenean, ahaidetasunarena, edo laguntza-eskatzailearen eta lagundu, artatu eta zaindu beharreko pertsonaren arteko izatezko bikotea izatearena.

b) Eskatzailearen errolda-agiri eguneratua, bertan agertzen direlarik etxebizitzan bizi diren pertsona guztien zerrenda –2020ko martxoaren 9ko familia-unitatearen osaera jakiteko–, eta eskatzailea udalerrian erroldatu zen eguna.

c) Gizarte Segurantzako agiria, non egiaztatzen baitira eszedentzia-baja edo lanaldi-murrizketa dela-eta kotizazio-datuetan izan diren aldaketak –batean zein bestean seme-alabak edo senideak zaintzeko–, kontratu-mota –lanaldi osokoa edo partzialekoa– eta diruz lagundu daitekeen jarduketan egondako aldia.

Gizarte Segurantzako autonomoen araubide bereziko kooperatiba-sozietateetako bazkide langileei eta lan-bazkideei ez zaie eszedentzia-baja eskatuko. Halakoetan, kooperatiba-sozietatearen ziurtagiria aurkeztu behar dute, non egiaztatzen den kooperatiba-sozietateetako bazkide langile edo lan-bazkide direla, eszedentzian edo lanaldi-murrizketan daudela, kontratu-mota –lanaldi osokoa edo partzialekoa–, diruz lagundu daitekeen jarduketan egondako aldiak, kotizazio-mota eta eszedentzia edo lanaldi-murrizketa dela-eta kotizazio-datuetan gertatutako aldaketak.

d) Sarrera fiskalen egiaztapena, era honetan:

Eskatzailearen familia-unitateko gurasoen edo arbasoen pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren (PFEZ) likidazioa, dagokion zerga-administrazioak egina.

Pertsona bakoitzaren PFEZ aitorpena bateratua edo banakakoa izan daiteke, baina beti aurreko bi urteetako zergaldiari buruzkoa izan beharko du.

Eskatzailearen familia-unitateko gurasoek edo arbasoek ez badute PFEZ aitorpenik egin, dagokion zerga-administrazioak emandako ziurtagiria, non adierazi beharko baitira PFEZi egoztekoak diren aurreko bi urteetako zergaldiko errenta eta errendimendu guztiak.

e) Lagundu, artatu eta zaindu beharreko pertsona besteren mendeko senide bat denean, mendekotasun-ziurtagiria, eskudun administrazioak emana, non mendekotasun-maila eta maila bakoitzaren barruko azpimaila zehazten baitira, Autonomia pertsonala sustatzeari eta mendekotasun-egoeran dauden pertsonak zaintzeari buruzko abenduaren 14ko 39/2006 Legean eta lege hori garatzen duten arauetan aurreikusitakoaren esparruan.

f) Lagundu, artatu eta zaindu beharrekoa Covid-19ak koronabirusak erasandako gaixo bat denean (kutsatua edo isolatua), hori egiaztatzen duen ziurtagiri medikoa, non zehaztuko baita, hala badagokio:

Agindutako prebentziozko isolamendu-aldia.

Kutsatzea diagnostikatu zen data eta gaixotasuna gainditu izanaren alta medikoa eman zen data (ez du bat etorri behar ospitaleko altarekin, egon bada; ondoren izan daiteke).

Ospitalean emandako aldia, egon bada.

Salbuespen gisa, aipatutako ziurtagiri medikoa eskuratu ezin denean, isolamendua edo kutsatu izana frogatzen duen beste edozein bide erabil daiteke, beste administrazio edo erakunde publiko batzuek emana, besteak beste, baja- eta alta-agiriak.

g) Eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpena, non adierazten baita bete egiten direla agindu honen 7. artikuluaren b) eta f) arteko baldintzak eta, hala badagokio, baita puntu hauek ere, hala badagokio:

Asistentzia, arreta eta zaintza hartu behar duen 3 urtetik beherako semea edo alaba haurtzaindegi batean matrikulatuta zegoela 2020ko martxoaren 9an.

Dibertsitate funtzionala edo desgaitasun aitortua duen 14 urtetik gorako semea edo alaba ikastetxe batean matrikulatuta dagoela.

Lagundu, artatu eta zaindu beharreko pertsonari modu iraunkorrean itxi zaiola ingresatuta zegoen besteren mendeko adinekoentzako egoitza, edo gizarte-zerbitzuetako eguneko zentroa, edo besteren mendeko pertsonentzako eta gizarte-inklusioa sustatzeko egoitza.

Egoiliarrei edo erabiltzaileei lagundu, arreta eman eta haiek zaintzeko egoitza horiek itxita egon diren aldia.

Eszedentzia edo lanaldi-murrizketa Covid-19 koronabirusak erasandako norbaiti (kutsatua edo isolatua) zuzenean lagundu, arreta eman eta hura zaintzeko izan dela.

2.– Egoera hauetan, halaber, egiaztatu beharra dago:

a) Epailearen erabaki baten bidez ezarritako seme-alaben zaintza eta jagoletza partekatuaren kasuan, ebazpen horren kopia aurkeztuko da.

b) Eskatzailea genero-indarkeriaren biktima izanez gero, Familia-politiken eremuan familia-errenta estandarizatzeko sistemari buruzko uztailaren 24ko 154/2012 Dekretuan edo haren ordezko arauan ezarritako modu batez genero-indarkeria ziurtatzen duen agiria.

c) Familia-unitatea osatzen duen norbaitek desgaitasun edo mendekotasun aitortu bat izanez gero, hori egiaztatzen duen ziurtagiri bat.

d) Eskatzailea guraso bakarreko familia batekoa bada eta lagundu, artatu eta zaindu beharreko pertsona semea edo alaba badu, adingabea ekonomikoki haren mende bakarrik dagoela egiaztatzen duen agiria.

e) Eskatzailea familia ugarikoa bada, horren egiaztagiria.

3.– Ez da onartuko laguntza-eskabidea aurkeztu den eguna baino hilabete lehenagoko agiririk.

10. artikulua.– Laguntzen zenbatekoa.

1.– Laguntzaren zenbatekoa agindu honen 3. artikuluan aurreikusitako eperako izango da.

2.– Laguntzaren zenbatekoa familia-errenta estandarizatuaren arabera zehaztuko da eta, hori kalkulatzeko, aintzat hartuko dira familia-unitatearen osaera, familia-errentaren maila eta familia-unitateari dagokion baliokidetasun-koefizientea, Familia-politiken eremuan familia-errenta estandarizatzeko sistemari buruzko uztailaren 24ko 154/2012 Dekretuak edo haren ordezko arauak haiei esleitzen dien irismenarekin.

3.– Familia-unitatearen osaera 2020ko martxoaren 9koa izango da, aipatutako dekretuaren aipatzen den eran, eta hari emango zaio laguntza.

4.– Hain zuzen ere, agindu honen barruan dagokion laguntza neurtzeko, kontuan hartuko dira irizpide hauek:

a) Seme-alabei lagundu, arreta eman eta haiek zaintzeko laguntza neurtzeko orduan, kontuan hartuko dira hiru urtetik beherako adingabea zaintzeko eszedentzia hartu duten edo 12 urtetik beherako adingabea zaintzeko lanaldia murriztu duten langileentzako laguntzak neurtzeko xedapenak (zehazturik daude Familia eta lana bateragarri egiteko laguntzei buruzko urriaren 22ko 164/2019 Dekretuaren 17. artikuluan).

b) Besteren mendeko pertsonei lagundu, arreta eman eta haiek zaintzeko laguntza neurtzeko orduan, kontuan hartuko dira besteren mendeko senideak zaintzeko eszedentzia edo lanaldi-murrizketa hartu duten langileentzako laguntzak neurtzeko xedapenak (zehazturik daude Familia eta lana bateragarri egiteko laguntzei buruzko urriaren 22ko 164/2019 Dekretuaren 30. artikuluan).

c) Covid-19 koronabirusak erasandako gaixoei (kutsatuak nahiz isolatuak izan) lagundu, arreta eman eta haiek zaintzeko laguntza neurtzeko orduan, kontuan hartuko dira osasunez oso larri dauden senideak zaintzeko eszedentzia edo lanaldi-murrizketa hartu duten langileentzako laguntzak neurtzeko xedapenak (zehazturik daude Familia eta lana bateragarri egiteko laguntzei buruzko urriaren 22ko 164/2019 Dekretuaren 31. artikuluan).

5.– Agindu honen barruan diruz lagundu ahal den aldirako, langileari dagokion laguntza ekonomikoa aurreko paragrafoko irizpideak aplikatuta ateratzen den zenbatekoa halako bi izango da.

6.– Laguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, lanaldiaren % 100era iristen den murrizketa berezia lan-eszedentziako egoeraren modukotzat hartuko da.

11. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea.

Laguntza-eskabideak aurkezteko epea urtebetekoa izango da, alarma-egoera amaitu eta biharamunetik hasita.

12. artikulua.– Eskabideak aurkezteko modua eta lekua.

1.– Modu elektronikoan nahiz ez-elektronikoan aurkeztu ahal dira laguntza-eskabideak. Izapidetze elektronikoak egiteko, Administrazio elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuan jasotako xedapenak bete beharko dira.

2.– Eskabideak, behar bezala bete ondoren, aurrez aurre aurkeztu ahal dira leku hauetan, eskabide normalizatua erabiliz:

a) Eusko Jaurlaritzako Herritarrentzako Zerbitzuaren bulegoetan (Zuzenean).

b) Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan zehaztutako organoen aurrean.

13. artikulua.– Eskabidea zuzentzea eta hobetzea.

Aurkeztu beharreko eskabideak eta dokumentazioak arau honetan ezarritako baldintza guztiak biltzen ez badituzte, edo haien edukia aski ez dela irizten bada, eskatzaileari eskatuko zaio 10 laneguneko epean dokumentazioa osatzeko edo hutsegiteak konpontzeko, eta adieraziko zaio ezen, hori egin ezean, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela. Laguntzak kudeatzen dituen organoak eskabide horri buruzko esanbidezko ebazpena eman eta jakinarazi beharko du, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.1 eta 21.1 artikuluak betez.

14. artikulua.– Kudeaketa, ebazpena, ebazpen-epea eta baliabideak.

1.– Familia-politikaren arloan eskuduna den Eusko Jaurlaritzako zuzendaritza arduratuko da agindu honetan aurreikusitako laguntzak kudeatzeaz.

2.– Organo kudeatzaileko zuzendariaren berariazko eta banakako ebazpen baten bidez emango da eta, hala badagokio, ukatuko da laguntza. Prozesu hori etengabe egingo da, laguntza-eskabideak jaso ahala.

3.– Laguntza ematea bidezkoa bada, ebazpenak onartuko du agindu honen 3. artikuluan aurreikusitako epearen barruan bakarrik gauzatutako jarduketei dagokien laguntza.

4.– Laguntza-eskabideak ebazteko eta ebazpenak jakinarazteko gehienezko epea sei hilabetekoa izango da, eskabidea organo eskudunaren erregistroan izapidetzeko sartzen denetik aurrera; epe hori igaro eta interesdunari berariazko ebazpenik jakinarazi ez bazaio, eskabidea onartu dela ulertuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak 24.1 artikuluan ezarritakoaren arabera.

5.– Laguntza emateko edo ukatzeko ebazpenaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal zaio Eusko Jaurlaritzako gizarte-politiketan eskuduna den sailburuordeari, hilabeteko epean, jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoarekin bat etorriz.

6.– Onuradunei dirulaguntzak onartzeko eta, hala badagokio, ordaintzeko, amaituta egon behar dute Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko dirulaguntzen esparruan hasita dauden baina oraindik izapidetzen ari diren itzulketa- edo zigor-prozedura guztiek.

7.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak laguntzak ordaindu ahal izan ditzan, onuradunak inskribatuta egon behar du Eusko Jaurlaritzako ogasun arloko Sail eskuduneko Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren datu-basean.

Ez badago erregistratuta, edo Eusko Jaurlaritzako ogasun arloko Sail eskuduneko hirugarrenen erregistroko banku-datuak aldatu nahi baditu, inprimaki bat bete beharko du, helbide honetako ereduari jarraituz: https://www.euskadi.eus/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/web01-tramite/eu/

15. artikulua.– Ordaintzeko modua eta unea.

Emandako laguntzak ordainketa bakarrean ordainduko dira, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi eta gehienez ere bi hilabeteko epean.

16. artikulua.– Dirulaguntzen bateragarritasuna.

1.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzak ez dira bateragarriak beste edozein administrazio publikok helburu eta epe bererako emandako laguntzekin edo ezar ditzakeen laguntzekin.

2.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzak bateragarriak dira Familia eta lana bateragarri egiteko laguntzei buruzko urriaren 22ko 164/2019 Dekretuaren II. kapituluko eta III. kapituluaren 2. ataleko laguntzekin, agindu honen lehenengo xedapen gehigarrian ezarritakoa gorabehera.

17. artikulua.– Ikuskapena eta kontrola.

Laguntzak kudeatzen dituen organo eskudunak ikuskapen- eta kontrol-lanak egin ditzake agindu honen helburuak betetzen direla bermatzeko.

18. artikulua.– Itzulketak eta ez-betetzeak.

1.– Laguntzaren onuradunak Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14., 37. eta 46. artikuluetako betebehar orokorrak betetzen ez baditu, edo Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Lege Dekretuaren 53.1 artikuluan jasotako arau-hausteren bat egin badu, edo dekretu honetan eta gainerako arau aplikagarrietan edo emakida-ebazpenean ezarritako baldintzaren bat betetzen ez badu, organo kudeatzailearen zuzendariak ebazpen bidez adieraziko du laguntza jasotzeko eskubidea galdu duela eta, hala badagokio, jasotako zenbatekoak eta laguntza ordaindu zenez geroztiko berandutze-interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli behar dizkiola, egin daitezkeen gainerako jarduketei kalterik egin gabe, hala agintzen baitu Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzak bermatzeko eta itzultzeko araubide orokorra arautzen duen eta dirulaguntza horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde lankideek bete beharreko baldintzak, araubidea eta eginbeharrak ezartzen dituen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak.

2.– Itzulitako zenbatekoak diru-sarrera publikotzat hartuko dira dagozkien legezko ondorioetarako, eta erantzukizunen araubidea Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 64. artikuluan aurreikusitakoa izango da.

19. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetan eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Lege Dekretuaren 50.2 artikuluan adierazitako betebehar orokorrez gain –aplikatzekoak direnak–, dirulaguntzen onuradunek honako betebehar hauek ere izango dituzte:

a) Diruz lagundutako egoeraren xedearen edo izaeraren funtsa aldatzen duen gorabeheraren bat gertatzen bada, horren berri ematea familia-politikaren alorreko Sail eskudunari, eta hari laguntzea jarduketa horiek egiaztatzen, ikuskatzen, jarraitzen eta kontrolatzen.

b) Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eskatutako informazio guztia ematea, laguntzen zertarakoa fiskalizatzen dituztenean.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA.– Seme-alabak edo besteren mendeko edo osasunez oso larri dauden senideak zaintzeko eszedentzian edo lanaldi murriztuan dauden langileentzako laguntzak.

1.– Arau honetan aurreikusitako laguntzen onuradunek jaso baditzakete, halaber, Familia eta lana bateragarri egiteko laguntzei buruzko urriaren 22ko 164/2019 Dekretuaren II. kapituluaren 2. atalean edo III. kapituluan araututako laguntzak, lehendik hartuta dauzkaten eszedentziengatik edo lanaldi-murrizketengatik, agindu honen barruan diruz lagundutako epeak ez du etengo dekretu horren arabera diruz lagundu ahal den epea, baina ez da kontuan hartuko gutxienez 59 egun naturalen eperako.

2.– Ildo beretik, agindu honen barruan diruz lagundutako epea ez da aintzat hartuko Familia eta lana bateragarri egiteko laguntzei buruzko urriaren 22ko 164/2019 Dekretua aplikatzetik datorren dirulaguntza neurtzeko eta, ondorioz, ez da aintzat hartuko diruz lagundu ahal diren epe maximoak kalkulatzeko ere.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Lan-eszedentzian dauden langileentzako laguntzak, jaiotzagatik edo urte betetik beherako haurra zaintzeagatik gurasoek hartutako prestazio kontributiboen aldiak parekatzeko.

Lan-eszedentzian dauden langileentzako laguntzak emateko orduan, jaiotzagatik edo urte betetik beherako haurra zaintzeagatik gurasoek hartutako prestazio kontributiboen aldiak parekatzeko –Familia eta lana bateragarri egiteko laguntzei buruzko urriaren 22ko 164/2019 Dekretuaren II. kapituluaren 1. atalean arautzen dira–, irizpide hau aplikatuko da:

Ez da aplikatuko Familia eta lana bateragarri egiteko laguntzei buruzko urriaren 22ko 164/2019 Dekretuko 4.4 artikuluko baldintza –eskatzailea ez den beste gurasoa, balego, lanean hasita eta altan egotea eta bere kontratuari dagokion lanaldi osoan aritzea diruz lagundutako epe guztian, bularra emateko baimena eduki dezakeen arren, urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako Langileen Estatutuaren Legearen testu bateginaren 37.4 artikuluaren arabera–, baldin eta egoera hauek betetzen badira, modu bateratuan:

a) Laguntzaren xede den seme-alaba zaintzeko lan-eszedentzia hartuta edukitzea Covid-19ak eragindako osasun-krisia kudeatzeko alarma-egoera deklaratzen duen martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretua indarrean jarri aurretik edo, bestela, alarma-egoera indarrean dagoela hartu izana.

b) Eszedentzia hasi ondoren, eskatzailea ez den beste gurasoa, balego, lanean hasita altan egotea, eta bere kontratuari dagokion lanaldi osoa egiten aritzea.

c) Lanari ekin ondoren, eta Covid-19 koronabirusa hedatu izanak eragindako osasun-krisia borrokatzeko eta kudeatzeko jarduketen eta neurrien ondorioz lanik gabe geratu izana edo enpresako jarduera aldi baterako doitzeak eragin izana (enplegu-erregulazioko espediente bat edo aldi baterako enplegu-erregulazioko espediente bat aplikatuz) eta, beraz, lanaldia aldi baterako murriztu izana edo lan-kontratua eten izana.

HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Araubide osagarria.

Aipatutako laguntzei buruz arau honetan berariaz aurreikusi gabeko guztiari aplikatuko zaizkio Familia eta lana bateragarri egiteko laguntzei buruzko urriaren 22ko 164/2019 Dekretuko aurreikuspenak, baldin eta haren edukiaren eta helburuaren kontra ez badoaz.

LAUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Aurrekontu-zuzkidura.

1.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzak emateko aurrekontu-zuzkidura 15.000.000,00 eurokoa da eta 12291-Covid-19 Funtsa aurrekontu-programa espezifikoaren barruan dago. Zenbateko hori Euskal Autonomia Erkidegoaren 2020ko ekitaldirako Aurrekontu Orokorretan ezarrita dago.

2.– Zenbateko hori handitu daiteke «Covid-19ak eragindako krisiaren aurkako neurriak» programa berriaren zuzkidura 2020ko ekitaldian handitu ahala, Gobernu Kontseiluak 2020ko martxoaren 17ko saioan onartutako Erabakia aplikatuz.

3.– Nolanahi ere, aurrekontu-ekitaldi honen barruan emango diren laguntzen bolumenak ez du gaindituko aipatutako zuzkidura edo hura eguneratzetik datorrena, baldin eta aurrekontu-aldaketak onartzen badira.

4.– Beraz, aipatutako kreditua agortu ondoren ez da laguntza berririk emango, eta horren berri emango da laguntzak kudeatzen dituen goiko organoaren administrazio-ebazpen baten bidez, non adieraziko baita zer egunetan agortu den kreditua, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Aurkaratzea.

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal zaio Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke EAEko Justizia Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Ondorioak.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko apirilaren 8a.

Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburua,

BEATRIZ ARTOLAZABAL ALBENIZ.


Azterketa dokumentala