Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

75. zk., 2020ko apirilaren 21a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

INDARGABETUTAKO XEDAPENA

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
1877

AGINDUA, 2020ko apirilaren 7koa, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuarena, zeinaren bidez Euskadiko Udalen Elkartea-Asociación de Municipios Vascos elkartea Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde-eremuan ezarpen handiena duen udal-elkarte izendatzen baita.

Euskadiko Toki Erakundeei buruzko apirilaren 7ko 2/2016 Legeak hirugarren xedapen gehigarrian aurreikusten du toki-erakundeek federazioak edo elkarteak eratu ahal izango dituztela, beren interes komunak babestu eta sustatzeko. Xedapen gehigarri horren arabera, udal-hauteskundeen prozesu bakoitza egin ondoren erabaki beharko da zein den Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde-eremuan ezarpen handiena duen udal-elkartea.

Horiek horrela, 2019ko maiatzaren 26an eta azaroaren 17an udal-hauteskundeak egin ondoren (apirilaren 1eko 209/2019 Errege Dekretuaren eta irailaren 20ko 538/2019 Errege Dekretuaren bidez deitutako hauteskundeak) eta Euskal Autonomia Erkidegoko udal guztiak eratu ondoren, Euskadiko Udalen Elkartea-Asociación de Municipios Vascos elkarteak Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailari eskatu dio bera jo dezala Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde-eremuan ezarpen handiena duen udal-elkartetzat; sail horrek dauka esleituta, hain zuzen, toki-araubidearen arloko eskumena, eta hala dago jasota Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuaren 6.1.k) artikuluan.

Euskadiko Udalen Elkartea-Asociación de Municipios Vascos elkartea 1982ko maiatzaren 8an eratu zen, udal-autonomia defendatzeko eta bestelako erakundeen aurrean tokiko interesak ordezkatzeko. Estatutuen arabera, elkarteak, besteak beste, helburu hauek ditu: tokiko autonomia sustatzea; udal kideen interes orokorrak instituzio publikoen, gizarte-eragileen eta euskal gizartearen beraren aurrean defendatzea eta batera ordezkatzea; elkartearen jarduketa-arloan, erakundeen arteko lankidetza sustatzea; Euskadiko udalen artean, espiritu europarra eta nazioarteko lankidetza sustatzea eta garatzea, eta, horretarako, Europako eta nazioarteko erakundeetan daukan partaidetza eta ordezkaritza bultzatzea eta hobeto garatzea.

Euskadiko Udalen Elkartea-Asociación de Municipios Vascos elkartea bazkide osoz eta bazkide laguntzailez osatuta dago. Atxikitako udalak bazkide osoak dira, eta elkarteari atxikitako mankomunitateak, elkarteak, tokiko erakunde txikiak eta tokiko gainerako erakundeak, berriz, bazkide laguntzaileak.

Horrela, elkarteak eskabide-orrian jasotako datuen arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko 251 udalerrietatik 237 bazkide titularrak dira. Udal horiek Autonomia Erkidegoko udalerrien % 94,42 dira; hau da, populazio osoaren % 99,73, kontuan harturik udal-erroldaren 2019ko urtarrilaren 1eko berrikusketatik ateratako biztanle-kopuru ofizialak.

Horregatik guztiagatik, batetik, kontuan hartuta Euskadiko Udalen Elkartea-Asociación de Municipios Vascos elkarteak Euskadiko udalgintzaren erreferente gisa izan duen ibilbidea eta elkarteko kide diren udalerriak, bai eta udalerri horiek Euskal Autonomia Erkidegoan ordezkatzen duten biztanle-kopurua; eta, bestetik, Euskadiko Toki Erakundeei buruzko Legearen hirugarren xedapen gehigarriaren arabera, eta Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen apirilaren 11ko 71/2017 Dekretuaren 3. artikuluak xedatutakoari jarraikiz, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskadiko Udalen Elkartea-Asociación de Municipios Vascos elkartea Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde-eremuan ezarpen handiena duen udal-elkarte izendatzea.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indargabetu egiten da 2016ko maiatzaren 26ko Agindua, Herri Administrazio eta Justiziako sailburuarena, zeinaren bidez izendatzen baita Euskadiko Udalen Elkartea-Asociación de Municipios Vascos elkartea Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuan hedapen handiena duen udalen elkarte.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Ondorioak.

Agindu honek jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Errekurtsoak.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 114. artikuluan agindutakoarekin bat, agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 45. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoa betez.

Halaber, nahi izanez gero eta administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri baino lehen, berraztertze-errekurtsoa jar dakioke Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuari, agindu hau argitaratu edo, hala badagokio, jakinarazten den egunaren biharamunetik hasi eta hilabeteko epean. Kasu horretan, ezin izango da administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri, berraztertze-errekurtsoa espresuki ebatzi edo haren ustezko ezespena gertatu arte.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko apirilaren 7a.

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,

JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.


Azterketa dokumentala