Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

74. zk., 2020ko apirilaren 20a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

SPRI - ENPRESEN GARAPENERAKO EUSKAL AGENTZIA
1874

EBAZPENA, 2020ko apirilaren 8koa, SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako zuzendariarena, zeinaren bidez onartzen, argitaratzen eta iragartzen baitira 2020ko «Zibersegurtasun Industriala» laguntza-programa arautzen duten oinarriak.

SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren menpeko Zuzenbide Pribatuko Erakunde Publikoak, zenbait ekintza gauzatzen ditu bultzada bat emateko Euskal Autonomia Erkidegoko industria eta enpresen jarduerari, inbertsioari, garapenari, industria arloko dibertsifikazio eta lehiakortasunari, berrikuntzari, nazioartekotzeari, Informazioaren eta Ezagutzaren Gizarteari eta enpresen ekintzailetzari.

Hala, SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentzia zenbait ekintza garatzen ari da 2020ko Euskadiko Agenda Digitala sustatzeko. Besteak beste, aipagarriak dira euskal enpresetan Informazio Gizartearen eta Zibersegurtasunaren garapena bultzatzeko laguntza-programak.

Horrela beraz, laguntza-programa hau diseinatu da, industria arloko enpresetan eta antzekoetan zibersegurtasuna bultzatzeko.

Azaldutako guztiagatik, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren Estatutuak onartzen dituen eta, beraz, SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren organo artezkarien funtzioak arautzen dituen azaroaren 13ko 160/2018 Dekretuan ezarritakoaren arabera, 2020ko «Zibersegurtasun Industriala» laguntza-programari dagozkion oinarri arautzaileak eta deialdia onartzea, zeinen edukia atxikita baitago ebazpen honen eranskinean.

Bigarrena.– Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzazko Dekretuaren 49.2 artikuluari jarraikiz, 2020ko «Zibersegurtasun Industriala» laguntza-programaren oinarri arautzaileak onartzen dituen Ebazpen hau osorik argitaratzea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.

Hirugarrena.– Ebazpen honen aurka, berraztertzeko errekurtsoa jar dakioke SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren Zuzendaritza Nagusiari, hilabeteko epean, ebazpen hau argitaratu eta biharamunetik hasita; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke administrazioarekiko epaitegietan, bi hilabeteko epean, ebazpen hau argitaratu eta biharamunetik hasita.

Bilbao, 2020ko apirilaren 8a.

SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako zuzendari nagusia,

ALEXANDER ARRIOLA LIZARRITURRI.

ERANSKINA
2020KO ZIBERSEGURTASUN INDUSTRIALA LAGUNTZA-PROGRAMAREN OINARRI ARAUTZAILEAK

SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak (SPRI), Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren menpeko erakunde publikoak, hainbat ekintza gauzatzen ditu Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) industria, lehiakortasuna, enpresen arteko lankidetza, ikerketa enpresen garapena eta abar sustatzeko.

«Zibersegurtasun Industriala» programa bat dator Euskadiren Agenda Digitala 2020 (AD@2020)- Informazio Gizartea Garatzeko Plan Estrategikoan definitutako jarduera-politikekin. Agenda hori programako Zuzendaritza Batzordeak onartu du, eta batzorde hori informazio-gizartearen kudeaketan eta sustapenean eskumenak dituzten Eusko Jaurlaritzako Sailek osatzen dute.

AD@2020 plana lau jarduera-ardatzetan egituratuta dago, eta, haien barruan, 11 erronka handi finkatu dira. Erronka horiek erdiesteko, AD@2020 planak bere baitan hartzen ditu 60tik gora ekintza zehatz (laguntza-programak, zerbitzuak eta askotariko ekimenak). Hauek dira AD@2020 planaren ardatzak:

– «Enpresak Merkatu Digital Globalizatuan» ardatza.

– «Gizarte Lehiakorra eta Aktiboa» ardatza.

– «Administrazioa Ingurune Digitalean» ardatza.

– «Lurralde Adimenduna eta Kohesionatua» ardatza.

«Enpresak Merkatu Global Digitalizatuan Ardatza» da AD@2020 programaren lau jarduera-ardatzetako bat.

«Enpresak Merkatu Digital Globalizatuan» ardatzaren helburua da aurrera egitea industria adimendunaren garapenean, jomugatzat harturik Basque Industry 4.0 estrategia eta Euskadiko RIS3 Espezializazio Adimenduneko Estrategian definitutako sektoreak. Horretarako, garapen teknologiko berriek eta negozio-eredu berriek eskaintzen duten potentziala aprobetxatuko da. Hona hemen Ardatz horretako Erronkak:

1. erronka: EIKT aurreratu eta irisgarriak sektore estrategiko industrialen esku jartzea, hasi I+G fasetik eta industrian aplikatzeko teknologiak eta konponbideak garatzeraino.

2. erronka: Industria adimenduna bultzatzea, EIKTak sartuz fabrikazioan, balio-kateak integratuz, eta balio erantsi handiko produktuak eta zerbitzuak garatuz.

3. erronka: EIKTen erabilpena sustatzea, enpresa, negozio-eredu eta merkatura sartzeko modu berriak sortzeko, hazteko eta sendotzeko.

SPRIk hainbat ekintza garatzen ditu erronka horiek erdiesteko. Zentzu horretan, AD@2020 planaren Zuzendaritza Batzordeak, 2017ko azaroaren 7ko bileran erabaki zuen Zibersegurtasunari buruzko 5. «Ekintza Berezia» sartzea Agendan. AD@2020 plana egitean 4 Ekintza Berezi azpimarratu ziren, horretarako kontuan hartu zirelarik beren berrikuntza-gradua, inpaktua, trakzio-indarra, transbertsalitatea eta inpaktu komunikatiboa. Argi dago Zibersegurtasuna garrantzi handiko joera bilakatu dela azken urteotan, batetik, sarera konektatutako gailuen kopurua esponentzialki hazi delako eta, bestetik, hainbat gertakari kritiko jazo direlako, zeintzuek arriskuan jarri baitituzte mundu osoko enpresak, administrazioak eta negozioak.

Hala, Zuzendaritza Batzordeak onartu zuen Zibersegurtasuna sartzea AD@2020 planaren bosgarren Ekintza Berezi gisa, «Basque CyberSecurity Centre – BCSC martxan jartzea» izenburupean. Ildo horretatik, laguntza-programa berri hau bat dator BCSCren jarduerekin eta lehentasunekin.

Ondorioz, laguntza-programa honen lehentasunezko helburua da Zibersegurtasun Industriala bultzatzea Euskadiko enpresa industrialetan. Programa hau SPRIren Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren barruan kokatzen da.

1.– artikulua.– Xedea.

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren helburuei jarraikiz –Basque Industry 4.0 Estrategian eta Euskadiren Agenda Digitala 2020 planean jasota daudenak–, programa honen xedea da bultzada bat ematea Zibersegurtasun Industrialari, batik bat enpresa industrialetako eta produktu-prozesu industrialarekin lotutako zerbitzu teknikoak, diseinu-zerbitzuak eta logistika-zerbitzuak ematen dituzten enpresetako IT/OT inguruneetan (Information Technology/Operational Technology) zibererasoetatik babesteko sistemen konbergentzia eta integrazioa lantzen duten proiektuei.

2.– artikulua.– Laguntzen izaera.

1.– Programa hau gauzatu eta ebaztean bete egin beharko dira publikotasun-, konkurrentzia- eta objektibotasun-printzipioak.

2.– Laguntza hauek egoki jasotako eskaeren hurrenkerari jarraituz emango dira. Beraz, eskaerak banaka eta modu ordenatuan ebatziko dira, eskaera bakoitza oinarri hauetan eskatutako dokumentazioarekin egoki bete den unearen arabera.

3.– Programa honen bidez ematen diren laguntzak itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak izango dira.

4.– Programa honen barruan emandako dirulaguntzek ez dute lotura zuzenik esportatutako kopuruekin, banaketa sare bat sortu eta ustiatzearekin, edo esportazio jarduerarekin lotutako beste gastu arrunt batzuekin.

3. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

1.– Dirulaguntza-programa honen helburura bideratutako 2020ko baliabide ekonomikoak 1.300.000 eurokoak dira, eta SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren aurrekontuetan horretarako ezarri diren aurrekontu-zuzkiduretatik etorriko dira. SPRIren aurrekontuak Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan sartuta daude.

2.– Funtsak mugatuak direnez, programa honen bitartez lortu nahi da ahalik eta denbora tarte txikiena igarotzea laguntza eskatzen denetik ematen den arte, eta horrenbestez, espedientea osatua dagoenean eta era ordenatuan egingo da esleipena. Programaren guztizko zenbatekoa gainditzen duten laguntzei ezezkoa emango zaie, ebazpen baten bidez.

3.– Programarako funtsak agortzen badira, programari amaiera emango zaio, eta horren berri emango du SPRIren zuzendari nagusiak sozietatearen web-orrian (www.spri.eus) eta EHAAn argitaratuko den ebazpen baten bidez.

4.– Behin aurrekontu-kreditua bukatuta, ezingo da beste dirulaguntzarik eman eta, hori dela eta, aurkeztu diren baina ebazteke dauden eskaerak ezetsi egingo dira.

4. artikulua.– Erakunde onuradunak.

Hauexek dira erakunde eskatzaileek bete beharko dituzten baldintzak dirulaguntzaren onuradun izateko:

Programaren baldintza espezifikoak:

1.– Industria arloko enpresek eta produktu-prozesu industrialarekin lotutako zerbitzu teknikoak, diseinu-zerbitzuak eta logistika-zerbitzuak ematen dituzten enpresek eskuratu ahal izango dituzte programa honetako laguntzak.

Autonomia Erkidegoan kokatutako talde industrialetako matrize-enpresek eskuratu ahal izango dituzte, eskatzen badituzte eta aurreko paragrafoko ezaugarriak osotasunean betetzen badituzte, beren egoera ekonomiko bateratua kontuan hartuta.

2.– Onuradunek gainera ondoko baldintza hauek bete behar dituzte:

a) Jarduera industrialeko zentro bat edukitzea Euskal Autonomia Erkidegoan, aurkeztutako proiektuak eragina izatea bertan eta diruz lagundutako jarduera ere bertan egitea.

b) Enpresa egunean egotea Gizarte Segurantzako Diruzaintza Orokorrarekiko eta bere kolaboratzaileekiko zerga-betebeharretan, eta baita ere Eusko Jaurlaritzarekiko betebeharretan, eta iraungitako, erreklamatutako edo ordaindu gabeko zorrik ez izatea SPRI Taldeko enpresaren batekin.

c) Alta emanda egotea Euskadiko Jarduera Ekonomikoen Zergaren kasuan kasuko epigrafe industrialean.

Baldintza orokorrak:

Erakunde onuradunak ezingo dira egon egoera hauetako batean:

Lehenengoa.– Dirulaguntza publikoak lortzeko edota Euskal Autonomi Erkidegoko Administrazioarekin edo bere sektore publikoarekin kontratatzeko legezko debekua edo gaitasun gabetzea izatea, horren barruan sartzen direlarik sexu bazterkeriagatik egoera horretan daudenak Emakume eta Gizonen Berdintasunerako Legearen arabera.

Bigarrena.– Laguntzak berreskuratzeko agindu baten menpe egotea, Europako Batzordeak aurretiaz erabaki badu laguntza bat legez kanpokoa eta barne merkatuarekin bateraezina dela.

Hirugarrena.– Legegintzako 1/1997 Dekretuaren 50. artikuluko egoeretan eta 13/2003 Legearen 13. artikulukoetan egotea, zeinaren ondorioz ezin baita izan laguntzen onuradun, eta bereziki ondoko hauetan:

a) Oraindik bete gabe izatea edozein administraziotatik edo sektore publikoko edozein erakundetatik jasotako laguntza edo dirulaguntzei dagozkien zenbatekoak itzultzeko betebeharrak. Ezingo dute, halaber, deialdi honetan parte hartu zehapen-prozedura batean zehapen irmo bat jaso dutenek (betiere, laguntza publiko batetik datorren zehapena bada) edo horrelako programetan lehiatzea galarazten duten zehapenak dituztenek, baldin eta zehapena betetzen ari badira. Eskatzailea dirua itzultzeko prozedura batean edo mota horretako zehapen-prozeduran badago, horren emaitza ikusita emango da –edo, hala badagokio, ordainduko da– laguntza.

b) Prozedura batean kaudimengabetzat joak izatea, konkurtsoa eskatu izana, konkurtsoan egotea, esku-hartze judizial batean egotea edo Konkurtso Legearen arabera desgaituak izatea, konkurtsoko kalifikazio-epaian finkatutako desgaitze-aldia amaitu gabe egonik.

c) Dirulaguntzen deialdi hau egin aurreko 5 urteetan enpresa edota haren legezko ordezkariak epai irmo baten bidez kondenatuak izatea, laneko osasunaren aurkako delituren bat egiteagatik, eta, halaber, zehapen irmoa jasotzea, arlo horretan arau-hauste administratibo oso larria egiteagatik.

Laugarrena.– 200.000 eurotik gorako minimis laguntza bat jaso izana, egungo zerga-ekitaldia eta aurreko biak aintzat hartuta. Baldin eta enpresa onuradunak besteren konturako garraio operazioak egiten baditu errepideko garraio-sektorean, gehiengo hori 100.000 eurora jaitsiko da. Beste laguntza batzuekiko metatze-arauak Programaren 9. artikuluan daude zehaztuta.

Bosgarrena.– Agintaritza eskudunak egiaztatzea ezen erakunde horrek lehia galarazten, murrizten edo faltsutzen duten jarduerak egiten dituela.

Seigarrena.– Armak egiten, merkaturatzen eta finantzatzen aritzea, Herrialde Txirotuekiko Justizia eta Elkartasunerako Gutunari buruzko abenduaren 28ko 14/2007 Legean ezarritakoari jarraikiz.

Zazpigarrena.– Bere jarduera garatzea sektore hauetako batean: (i) arrantza eta nekazaritza, (ii) nekazaritzako produktuen lehen mailako produkzioa, eta (iii) nekazaritza produktuen eraldaketa eta merkaturatzea, 1407/2013 Araudiaren 1.1.c) artikuluan aurreikusitako kasuetan.

Laguntza-eskaerak aurkezten diren unetik likidaziora arte, laguntzen onuradun izateko baldintzak bete beharko dira.

5. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak.

Diruz laguntzeko moduko ekintzak izango dira enpresa industrialek edota produktu-prozesu industrialarekin lotutako zerbitzu teknikoak, diseinu zerbitzuak eta logistika zerbitzuak ematen dituzten enpresek egiten dituzten Zibersegurtasun Industrialeko proiektuak, baldin eta arlo hauetakoak badira:

1.– Zibererasoetatik babesteko sistemen konbergentzia eta integrazioa IT/OT inguruneetarako (Information Technology/Operational Technology). Arkitektura seguruak diseinatu eta exekutatzea eta, hala badagokio, sare industrialen segmentazioa gauzatzea.

2.– Produkzio lantegiko ekipo industrialetarako –beharrezkoak direnak ekipoen mantentzerako, kontrolerako eta operazioetarako– urruneko OT sarbideen sekurizazioa, lan horiek gero eta sarriago egiten direlako urrunetik.

3.– Informazio/datu industrialen sekurizazioa. Antolakundetik kanpoko pertsonek eginiko auditoretzak eta eraso-simulazioak, eta konpainiako datuetarako sarbide-maila desberdinak dituzten barne profilen auditoretzak.

4.– Produkzio lantegietako software industrialaren zibersegurtasuna ebaluatzea eta hobetzea.

5.– Enpresa industrialetako langileak zibersegurtasunaren inguruan kontzientziatzeko ekimenak.

6.– Industriak zibersegurtasun industrialaren arloan duen egoeraren diagnostikoa egitea eta ekintza plan bat prestatzea Zibersegurtasuna hobetzeko. Arrisku industriala eta ahultasun industriala aztertzea. Sistema industrial kritiko bateko elementuen inbentarioa egitea. Intrusio industrialeko test bat egitea. Ahultasunak aztertzea webeko aplikazioetan. Haririk gabeko komunikazio industrialen auditoretzak egitea.

7.– Zibersegurtasun industrialeko estandarretan jasotako praktika onak ezartzea (adibidez, IEC 62443 edo baliokideak) edo zibersegurtasuna kudeatzeko zabal errekonozitutako beste estandar batzuetakoak (adibidez, ISO 27001 edo baliokideak). Hauek betetzeko egokitzea: Segurtasunaren Eskema Nazionala (3/2010 Errege Dekretua), PIC Erregelamendua (704/2011 Errege Dekretua). Zibersegurtasuna kudeatzeko prozesuaren etengabeko hobekuntza, neurri espezifikoak hedatuz, edo neurri horiek aurrez zuten baino heldutasun maila handiagoetara bilakatuz.

8.– Informazio estrategikoa edo sentikorra babesteko neurriak, hala nola jabetza intelektuala, I+G+Bko estrategiak, eraikinen planoak edo produktuen diseinuarenak, RGPDk eragindako informazioa, edo negozioaren lehiakortasunari eta jasangarritasunari zuzenean lotutako beste batzuk (neurrien adibideak: biltegiratzea zifratzea, sarbidearen kontrola, kopien banaketaren kontrola, ezabaketa segurua, etab.).

9.– Perimetroko segurtasun gailuak eta beste gailu industrial batzuk (Switches, zundak, Appliances, firewall industrialak, PLCak, e.a.) monitorizatzea.

10.– Enpresa industrialen zibersegurtasun-maila esanguratsuki hobetzeko eta gerta daitezkeen eraso-mota desberdinekiko arriskua eta ahultasuna murrizteko beste proiektu batzuk.

Ez dute dirulaguntzarik jasoko artikulu honetan azalduta dauden eta erakunde onuradunaren katalogora biltzen diren produktu edo zerbitzuek.

Nolanahi ere, ez da diruz laguntzeko moduko ekintza izango Europar Batasuneko beste estatu kide batzuetara edo hirugarren herrialdeetara esportatzea, eta ondorioz, programa honen esparruan emandako dirulaguntzek ezingo dute lotura zuzenik izan esportatutako kopuruekin, banaketa-sare bat sortu eta ustiatzearekin edota esportazio jarduerarekin lotutako bestelako gastu arruntekin.

Programa honen esparruan emandako dirulaguntzek ezin dute baldintza bezala jarri bertako produktuak erabiltzea inportatutakoak erabili beharrean.

6. artikulua.– Gastu hautagarriak.

1.– Gastu edo/eta inbertsio hautagarritzat hartuko dira 5. artikuluan deskribatutako aholkularitza, ingeniaritza, hardware eta software gastuak, baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Laguntza-eskaera SPRIn aurkeztu ondoren eta proiektua gauzatzeko epean zehar sortuak edo fakturatuak izan behar dute. Orobat onartuko dira 2020ko urtarrilaren 1az geroztik hasitako proiektuen laguntza-eskaerak aurkeztu aurretik sortu edo fakturatutako gastuak, betiere eskaerak aurkeztu badira araudi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta bi hilabeteko epean.

b) Kanpoko enpresa adituek eginak.

2.– SAAS formatuko kudeaketa-aplikazioak ezartzea aurreikusten duten proiektuei dagokienez, gastu hautagarritzat hartu ahal izango dira orobat era horretako zerbitzuei egozteko moduko gastuak gehienez 12 hilabetean, baldin eta artikulu honetan deskribatutako baldintzak betetzen badituzte eta 5. artikuluan deskribatutako proiektu moten barruan badaude.

3.– Fakturan aplikatutako Balio Erantsiaren gaineko Zerga ez da gastu hautagarria izango.

4.– Honako hauek ez dira gastu eta inbertsio hautagarriak izango: eskatzaileak berak egindako lanak, aholkulariak egindako joan-etorrien gastuak, material didaktikoak egitea edo aretoak alokatzea, dietak eta antzekoak. Gastu horiek fakturen kontzeptutik bereizita aurkeztu beharko dira.

5.– Kanpoko enpresa adituek baldintza hauek bete behar dituzte:

a) Ez dira izango ez sozietate publikoak, ez zuzenbide publikoko erakundeak, ez elkarteak, ez profesionalen elkargoak ez eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko kideak.

b) Ez dute izango zuzeneko edo zeharkako akzio- edo partaidetza-loturarik laguntza eskatzailearekin.

7. artikulua.– Gastu eta inbertsio hautagarriei aplikatzeko baldintzak.

Gastu eta inbertsio hautagarriak baloratzeko, irizpide hauek izango dira kontuan:

1.– Lotura zuzena izango dute programa honen helburu den lankidetza-jarduerarekin.

2.– Deskontuak eta antzekoak izanez gero, gastua gutxitu egingo da.

3.– Gastu hautagarriaren balioespena kutxako irizpidearen araberakoa izango da.

4.– Antzeko proiektuen batez besteko gastuekin alderatuta, proiektuaren gastu-aurrekontua handiegia dela irizten bada, gastu hautagarrien oinarria murriztu ahal izango da, gastu egokitzat eta proportzionatutzat jotzen den zenbatekoaren arabera.

5.– Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 31.3 artikuluan aurreikusitakoa betez, diruz lagun daitekeen zenbatekoak gainditu egiten baditu kontratazio publikoaren arloan indarrean dagoen araudiak kontratu txikirako ezarritako kopuruak, onuradunak gutxienez hiru hornitzaileren eskaintzak eskatu beharko ditu lana egiteko, zerbitzua emateko edo ondasuna entregatzeko konpromisoa hartu aurretik, salbu eta, bere ezaugarriak bereziak izateagatik, merkatuan ez badago lana egiteko, zerbitzua emateko edo ondasuna entregatzeko behar beste erakunde edo gastua dirulaguntza eman baino lehen egin bada. Zentzu horretan, hirugarrenekiko azpikontratazioa edo kontratazioa diruz lagundutako jardueraren % 100eraino iritsi daiteke.

8. artikulua.– Laguntzen modalitateak eta zenbatekoak.

Laguntzak dirulaguntza bezala egituratuko dira.

Dirulaguntza kalkulatzeko, kontuan hartuko dira definizio hauek:

– «Proiektuaren aurrekontu global onartua» bi aurrekonturen batura izango da: onartutako Aholkularitza- edota Ingeniaritza-gastuen aurrekontua eta onartutako Hardware edota Software aurrekontua.

– «Onartutako gehienezko aurrekontua», portzentajeak aplikatzeko eta dirulaguntza kalkulatzeko erabiliko dena, aurreko puntuan azaldutako bi kontzeptuen (aholkularitza edota ingeniaritza gastuak, eta hardware eta software gastuak) batura izango da. Hardware eta software gastuetarako gehienezko zenbatekoa «onartutako gehienezko aurrekontuaren» % 80koa izango da.

Erakunde eskatzaileak aurkeztutako guztizko aurrekontuak gutxienez % 20 bideratuko du Aholkularitza edota Ingeniaritza lanetara. Aurkeztutako guztizko aurrekontuak % 20 baino gutxiago bideratuko balu Aholkularitza edota Ingeniaritza lanetara, gainerako partidak (Hardwarea eta Softwarea) egokituko dira eta aurkeztutako guztizko aurrekontua murriztuko da, Aholkularitza edota Ingeniaritza lanei esleitu dakien aurkeztutako guztizko aurrekontuaren gutxienez % 20.

Proposatutako dirulaguntza % 5 handituko da, beti ere laguntzen gehienezko muga gainditu gabe eta enpresak baldintza hauetako bat betetzen badu:

– Hizkuntzen Kudeaketako Bikain Kalitate Ziurtagiria izatea, euskararen erabilera, presentzia eta kudeaketa akreditatzeko enpresan.

– Berdintasun-plan bat izatea, baina bakarrik enpresak 150 langile edo gutxiago baditu (enpresa handiagoak legez behartuta daudelako halako plan bat izatera).

– Euskarazko softwarearen erabilera inplementatzen duten proiektuak izatea, programa honek diruz laguntzen dituen jardueren esparruan.

«Proiekturako onartutako gehienezko gastu eta inbertsio aurrekontuen» gaineko dirulaguntza-portzentajea (artikulu honetan bertan azaldu bezala) % 50ekoa izango da diruz lagundu daitezkeen hiru kontzeptuetako bakoitzean.

Proiektuarekin lotutako aholkularitza-ingeniaritza, hardware eta software gastuak dituen eta diruz laguntzeko modukoa den jarduera bat edo gehiago egiteko, 18.000 euroko dirulaguntza emango da gehienez enpresa onuradun bakoitzeko.

9. artikulua.– Laguntzak metatzea eta mugak.

1.– Programa honetan jasotako laguntzak eskuratzen dituzten erakundeek beste laguntza bateragarri batzuk eskuratu ahal izango dituzte euren jardueretarako, edo Europako beste finantzabide batzuk, betiere gastu hautagarri berberetarako gehienezko laguntzaren muga errespetatzen bada.

2.– Laguntzaren zenbatekoa ez da inola ere izango erakunde onuradunak garatzeko asmoa duen jardueraren kostua baino handiagoa, soilik laguntza hori aintzat hartuta edo edozein administraziok edo horien sektore publikoek xede bererako emandako beste laguntza batzuk gehituta. Baldin eta beste laguntza publiko batzuk eta programa honen bidez emandakoa metaturik lortzen den zenbatekoak gainditu egiten badu kostu hori, murriztu egingo da programa honetan araututako laguntzaren zenbatekoa jardueraren gehiegizko finantzaketa saihesteko behar den neurrian.

3.– Programa hau aplikatuz emango diren laguntzak garrantzi txikikoak edo de minimis laguntzak izango dira.

4.– Erakunde onuradun batek jaso dezakeen Minimis-eko laguntzaren guztizkoak ezingo du 200.000 eurotik gorakoa izan, indarrean dagoen ekitaldi fiskala eta aurreko biak aintzat hartuz. Baldin eta enpresa onuradunak besteren konturako garraio operazioak egiten baditu errepideko garraio-sektorean, gehiengo hori 100.000 eurora murriztuko da (horrez gain, laguntza ezingo da erabili merkatu-gaiak errepidez garraiatzeko ibilgailuak erosteko). Hortaz, programa honetan aurreikusitako laguntzak ez dira esleituko, baldin eta esleitutako laguntzak muga hori gainditzen badu hain justu ere onuradunak eskuratutako beste minimis laguntza batzuk erantsi ondoren. Berdin dio laguntza horiek zein administraziok esleitu dituen.

5.– Minimis laguntzak ez zaizkio metatuko Estatuko inongo dirulaguntzari, diruz lagun daitezkeen gastu horiei dagokienez, baldin eta metatze horrek gaindituko balu laguntzaren intentsitatea edo dagokion gehieneko laguntzaren kopurua. Gehieneko kopuru hori kasu bakoitzaren ezaugarri zehatzen arabera dago ezarrita, kategorien araberako salbuespen-araudi baten edo Batzordeak harturiko erabaki baten bitartez.

6.– Aurrez aipatutako muga horiek edo programa honek zehazten dituen beste batzuk gaindituz gero, soberako kantitatea murriztu egingo da programaren arabera emandako zenbatekotik.

7.– Minimis laguntzak emandakotzat joko dira enpresari aitortzen zaionean baduela legezko eskubidea laguntza jasotzeko.

10. artikulua.– Laguntza-eskaera.

1.– Aurreikusitako laguntzak jasotzeko baldintzak betetzen dituzten erakundeek laguntza-eskaera egiteko formularioa bete beharko dute SPRIren webgunean.

2.– Eskaera hori izenpe elektroniko aurreratuaren bidez (ziurtagiri elektroniko errekonozitu batekin) sinatu beharko du erakundea ordezkatzeko ahalorde nahikoa duen pertsona batek. SPRIren sistemetan emandako sinadura elektronikoaren eguna hartuko da aurkezpen-egun modura.

3.– Eskaerarekin, espresuki baimena ematen zaio SPRIri eska dezan zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzari dagozkionak eguneratuak dituela egiaztatzen duen ziurtagiria eta, era berean, kontsulta dezan enpresa EJZen (jarduera ekonomikoen gaineko zergan) alta emanda dagoen epigrafea.

4.– Erakunde eskatzailearen eta bere legezko ordezkariaren identifikazio-datuak jaso beharko dira laguntza-eskaeran.

5.– Laguntza-eskaerarekin batera agiri hauek aurkeztu behar dira:

a) Erakundearen legezko ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpena. Erakundearen lege-ordezkariak egindako erantzukizunpeko adierazpena, eskaerari atxikitako ereduaren arabera egina, hauek egiaztatzen dituena:

– Erakundeko lege-ordezkariaren izen-abizenak eta Nortasun Agiri Nazionalaren zenbakia (NAN) edo Atzerritarraren Identifikazio Zenbakia (AIZ).

– Erakundearen izena, Identifikazio Fiskaleko Zenbakia (IFZ) eta baltzuaren helbidea.

– Gutxienez jarduera ekonomikoko zentro baten helbidea Euskal Autonomi Erkidegoan izatea, bertan egingo direlarik Laguntza-eskaeran deskribatutako diruz lagundu daitezkeen jarduerak.

– Euskadiko Jarduera Ekonomikoen Zergaren kasuan kasuko epigrafean alta emanda egotea.

– Egunean egotea Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko edota haren kolaboratzaileekiko zerga betebeharretan, eta baita ere Eusko Jaurlaritzarekin dauzkan betebeharretan, eta ez izatea iraungitako, erreklamatutako edo ordaindu gabeko zorrik SPRI Taldeko ezein enpresarekin.

– Aurreko bi ekitaldi fiskaletan eta laguntza eskatzen den ekitaldi fiskalean jasotako minimis laguntzen zerrenda, bertan adieraziz laguntza hori noiz eman zen, zein organismok eman zuen, zein programaren baitan eta laguntzaren zenbatekoa.

– Proiektu hori bera gauzatzeko beste erakunde publiko zein pribatu batzuei eskatutako edo/eta haiek emandako dirulaguntzak, bertan adieraziz laguntza hori noiz eskatu zen, eta, hala badagokio, zein organismok eman zuen, zein programaren baitan eta laguntzaren zenbatekoa.

– Ez egotea araudi honen 4. artikuluan –Erakunde onuradunak, baldintza orokorren atala– aurreikusitako egoeraren batean.

– Armarik ez produzitzea, merkaturatzea edo finantzatzea, Herrialde Pobretuekiko Justizia eta Elkartasunerako Gutunari buruzko abenduaren 28ko 14/2007 Legeak ezarritakoarekin bat etorriz.

– Konpromisoa hartzea araudi honen 7.5 artikuluan adierazitakoa betetzeko.

b) Legezko ordezkariaren notario-ahalordearen kopia. Onuraduna langile autonomoa baldin bada, dagokion Foru Aldundiaren edo Udaleko Ogasun Sailaren ziurtagiri eguneratua, jarduera ekonomikoa egiaztatuko duena.

c) Erakunde onuradunaren IFZ.

d) Finantza erakundearen egiaztagiriaren fotokopia, kontu korrontearen titulartasuna onuradunaren izenean dagoela frogatzeko eta zenbakia zein den zehazteko (IBAN).

e) Proiektuaren eskaintza tekniko eta ekonomikoa, puntu hauei buruzko informazio zehatza eduki behar duena:

– Enpresaren jarduera eta egungo egoera (teknologiari dagokionean).

– Detektatutako arazoa / premia. Lortu nahi diren helburuak.

– Egin beharreko ingeniaritza edota aholkularitza lanen, eta produktuaren/zerbitzuaren nahiz proiektuan sortuko diren dokumentuen azalpena.

– Dirulaguntza jasoko duen proiektuaren bidez egingo diren hardware eta software inbertsioen azalpena. Argitu proiektuarekin duen lotura eta zergatik den beharrezkoa.

– Ezarriko den Zibersegurtasun Industrialeko konponbidearen azterketa zehatza. Proiektuan erabiliko diren teknologiak.

– Aurrekontu banakatua, bere baitan hartuz aholkularitza edo/eta ingeniaritza kostuak, sistemaren lizentziak eta mantentze-lana, eta hardwarea (hala badagokio).

– Egin behar den zeregin bakoitzarentzat balioetsitako ordu kopurua (dedikazioak).

– Proiektua gauzatzeko egutegia.

f) Enpresaren «negozio-plana», enpresa eratua izan bada laguntza-eskaera aurkeztu aurreko 12 hilabeteetan.

6.– Enpresa onuradunak eta SPRIk baliozkotzat joko dituzte dirulaguntza-eskaeran adierazitako harremanetarako pertsonaren helbide elektronikora posta elektronikoz bidaltzen diren jakinarazpen guztiak. Laguntzaren onuradun gisa agertzen den enpresaren posta elektronikoa bakarrik onartuko da harremanetarako helbide gisa.

7.– Eskatzaileek bermatuta izango dute beren hizkuntza –euskara edo gaztelania– ahoz nahiz idatziz erabiltzeko eskubidea, Programa honen ondorioz SPRIrekin izango dituzten harreman guztietan.

11. artikulua.– Laguntza-eskaerak aurkezteko epea.

Laguntza-eskaerak aurkezteko epea hasiko da oinarri hauek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean, eta bukatuko da 2020ko azaroaren 27an. Halere, eskatzaileentzako arreta teknikoa 2020ko azaroaren 27ko arratsaldeko 15:00etan (penintsulako ordua) amaituko da.

Laguntza-eskaera eta horrekin batera aurreko artikuluan eskatzen den dokumentazioa, diruz lagundu beharreko jarduera hasi baino lehen aurkeztu beharko dira.

Era berean, tramitaziora onartuko dira 2020ko urtarrilaren 1az geroztik hasitako proiektuen laguntza-eskaerak, baldin eta eskaera horiek aurkeztu badira araudi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta bi hilabeteko epean.

12. artikulua.– Ebaluaketa eta ebazpen prozedura.

1.– Laguntza-eskaerak ebaluatu eta ebatziko dira espedienteak osaturik daudenean.

2.– Laguntza-eskaerak onartzeko irizpideak 5. eta 6. artikuluetan daude jasota.

3.– Zuzendaritza Nagusiak emango du ebazpena zuzeneko esleipen bidez, eta eskaerak aurkezpen hurrenkeraren arabera ebatziko dira, aurrekontu kreditua dagoen bitartean.

4.– Ebazpen-epea. Ebazteko gehienezko epea sei hilabetekoa izango da, agiri guztiak aurkezten diren egunetik hasita. Epe horretan ebazpenik eman ez bada, ulertuko da onartu egin dela.

5.– Ebazpenen berri ematean jakinaraziko da zenbateko dirulaguntza emango den, zer baldintzatan ematen den eta zer epetan gauzatu behar den diruz lagunduko den jarduera; orobat adieraziko da jarduera hori garatzeko beharrezkoa den beste edozein baldintza.

6.– Ebazpen hori jakinaraziko zaio erakunde eskatzaileari, ematen denetik gehienez 15 eguneko epean.

7.– Ebazpena SPRIren webgunean eta EHAAn argitaratuko da, denek izan dezaten emandako laguntzen berri.

13. artikulua.– Likidazio-eskaera. Aurkezteko epea.

1.– Diruz lagundu daitekeen jarduera amaitu eta 90 egun naturaleko epearen barnean, erakunde onuradunek proiektua burutu izana justifikatu beharko dute, SPRIren webguneko likidazio-eskaeraren inprimakiak betez.

2.– Eskaera hori sinadura elektronikoaren bidez sinatu beharko du erakundea ordezkatzeko ahalorde nahikoa duen pertsona batek. SPRIren sistemetan emandako sinadura elektronikoaren eguna hartuko da aurkezpen-egun modura.

3.– Erakunde eskatzailearen eta bere legezko ordezkariaren identifikazio-datuak jaso beharko dira likidazio-eskaeran.

4.– Likidazio-eskaerarekin batera agiri hauek aurkeztu behar dira:

a) Gastu eta inbertsio hautagarrien fakturen kopia, banakatuta ageriko direlarik aholkularitza edota ingeniaritzako gastuak eta hardware eta software kostuak.

b) Finantza-erakundeak ordaindu izanaren egiaztagirien kopia.

c) Egindako lanak egiaztatzeko memoria teknikoa. Erakunde hornitzaileak egingo du behin proiektua gauzatu ondoren, eta informazio hau jasoko du:

– Konpondutako arazoa/premia. Lortutako helburuak.

– Eginiko ingeniaritza- edota aholkularitza-lanak eta proiektuan sortutako dokumentuak.

– Aholkularitza zerbitzuaren barruan eginiko lanen deskargu zehatza, bertan adieraziz eskaini zaion ordu kopurua (aholkulariaren/teknikariaren izena, data, zeregina, eskainitako denbora...).

– Dirulaguntzaren xede den proiektuarekin lotutako hardware eta software arloko inbertsioen azalpena eta frogak (pantaila atzemateak, argazkiak...). Azaldu erlazioa eta zergatik diren beharrezkoak.

– Fakturatutako zenbatekoak banakatuta, orobat adieraziz aholkularitza edo/eta ingeniaritza kostuak, sistemaren lizentziak eta mantentze-lana eta hardwarea (hala badagokio).

d) Finantza-erakundearen egiaztagiriaren fotokopia, kontu korrontearen titulartasuna onuradunaren izenean dagoela frogatzeko eta zenbakia zein den zehazteko (IBAN).

Eskaerarekin, espresuki baimena ematen zaio SPRIri eska dezan zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzari dagozkionak eguneratuak dituela egiaztatzen duen ziurtagiria eta, era berean, kontsulta dezan enpresa EJZen (jarduera ekonomikoen gaineko zergan) alta emanda dagoen epigrafea.

14. artikulua.– Laguntza- edota likidazio-eskaerak zuzentzea.

1.– Laguntza- edota likidazio-eskaerak ez badaude behar bezala beteta puntu guztietan edo ez bada eskatutako dokumentazio osoa ekartzen, SPRIk 10 egun balioduneko epea emango dio erakundearen legezko ordezkariari akatsa zuzentzeko edo beharrezko agiriak helarazteko.

2.– Epe hori igaro eta erakunde onuradunak ez badu zuzenketarik egin, SPRIk bertan behera utzi ahal izango du espedientea eta erakunde eskatzaileari jakinaraziko dio.

15. artikulua.– Laguntza ordaintzea.

1.– Dirulaguntzak SPRIk gauzatuko ditu, bi ordainketa eginez. Lehenengo ordainketa dirulaguntza ematearen erabakia jakinarazi ondoren egingo da, eta dirulaguntzaren % 70ekoa izango da, ezar lekiokeen berme-erregimenarekin. Bigarren ordainketan gainerako % 30a ordainduko da, likidazio-eskaera eta 13. artikuluan eskatzen den froga-dokumentazioa aurkeztu ondoren.

2.– Baldin eta gastu hautagarria dirulaguntza emateko ebazpenean onartutako aurrekontuan adierazitakoa baino txikiagoa bada, dirulaguntza proportzionalki egokituko zaio gastuari, 8. artikuluan ezarritako irizpideen arabera.

16. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

1.– Onuradunek bete beharreko obligazioak dira Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetan eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.1 artikuluan xedatutakoak, eta, bereziki, hauek:

a) Emandako laguntza onartzea. Hartara, dirulaguntza eman izanaren jakinarazpena jasotzen denetik hamar baliodun eguneko epean eta SPRIren aurrean espresuki horri uko egin ezean, ulertuko da erakunde onuradunak laguntza onartu duela.

b) Dirulaguntza erabiltzea ekintza-plana garatzeko.

c) SPRIk agiri osagarriak eska ditzakeela onartzea, eta, lagundu den proiektua burutu dela eta eskatutako baldintzak bete direla egiaztatzeko, SPRIk izendatutako pertsonalak instalazioetan beharrezko eta komenigarri jotzen dituen egiaztapen eta azterketak egin ditzakeela onartzea.

d) Faktura osoak gordetzea eta SPRIren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren esku jartzea bost urtez, gastu hautagarriak gauzatzen direnetik aurrera.

e) Laguntzen erabilera fiskalizatzeko eginkizuna betetzen duten aldetik, eskatutako informazioa ematea Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari edo Estatu zein Europa mailako beste kontrol-organo eskudun batzuei.

f) SPRIri berehala jakinaraztea laguntzak edo dirulaguntzak edota beste edozein diru-sarrera edo baliabide jaso dutela xede berbererako beste Administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batzuetatik.

g) Dirulaguntza esleitzeko aintzat hartu den arrazoiren bat aldatu bada, horren berri ematea SPRIri.

h) Programa honetan onartutako dirulaguntzaren jatorriari buruzko publizitate egokia egitea.

i) Hizkuntzaren eta irudien erabilera ez-sexista bermatzea, diruz lagundutako proiektua gauzatu bitartean sortzen diren dokumentu eta euskarri guztietan.

17. artikulua.– Laguntzak aldatzea.

1.– Laguntza emateko baldintzetan edozein aldaketa gertatzen bada eta, edozein kasutan, beste erakunde publiko edo pribatu batzuek emandako laguntzak edo dirulaguntzak edota beste edozein diru-sarrera edo baliabide jaso badira xede berbererako, laguntza esleitzeko Ebazpena aldatu ahal izango da, betiere Programa honetan ezarritako gutxienezko baldintzak betetzen jarraitzen badira.

2.– Halaber, programaren kudeatzaileak jarduerak gauzatzeko luzapen bat eman dezake, baldin eta erakunde eskatzaileek hala eskatu eta behar bezala justifikatzen badute; luzapen horren ondorioz, gehienez, 12 hilabetez atzeratu ahal izango da programak gauzatzeko epea (12 hilabetekoa da epe hori).

3.– Gauzatutako ekintzak laguntza-eskaeran eta aurkeztutako dokumentazio osagarrian jasotakoak izango dira, nahiz eta SPRIk aukera duen aldaketak baimentzeko, baldin eta onuradunak behar bezala justifikatu baditu jarduerak amaitu aurretik eta Programa honen hasierako helburuak hutsaltzen ez badira.

18. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Ikusiko balitz erakunde onuradunak ez duela bete araudi honetan, aplikatzekoak diren gainerako arauetan eta laguntzen ebazpenean ezarritako baldintzetako bat, emandako laguntza eskuratzeko eskubidea galduko du eta SPRIri itzuli beharko dizkio ordura arte kobratu dituen laguntzen diru kopuruak gehi dagozkien legezko berandutze-interesak, eta behar balitz, legezko jarduketak abiaraziko dira diru kopuru horiek itzul ditzan. Era berean, aholkularitza enpresak hutsegiteren bat egin badu, programa honi atxikitako beste proiektu batzuetan parte hartzea debeka dakioke.

2.– Edozein kasutan ere, artikulu honetan aurreikusitakoaren ondoreetarako, hauek jotzen dira ez betetzetzat:

a) Laguntza-eskaeran eta dokumentazio osagarrian jasotako ekintzak aldatzea SPRIren baimenik gabe. Halaber, ez betetzea izango da SPRIri ez jakinaraztea proiektuaren exekuzioan gertatutako aldaketak, baldin eta aldatu egiten badituzte laguntza emateko aztertu ziren baldintzak. Posible da aldaketak baimentzea, baldin eta erakunde onuradunak baimena eskatu badio SPRIri, eta justifikatu baditu aldaketa horiek, ahal dela, proiektuan aplikatu baino lehen, eta, baita ere, programa honek lagundutako jardueren eta lortu nahi dituen helburuen izaera aldatzen ez badute.

b) Gastu hautagarriak epe barruan ez justifikatzea edo programa honetan eta laguntza emateko ebazpenean jasotako eskakizunak ez betetzea.

c) Diruz lagundutako proiektua betetzeko epeak gainditzea, aldatzeko baimena edo luzapena eman ez bada.

d) Laguntza eskuratzea Programa honetan ezarritako baldintza eta eskakizunak edo laguntza emateak berekin zekartzan baldintzak bete gabe.

e) Programan edo laguntza emateko ebazpenean aurreikusitako kontrol neurriak ez onartzea edo horien garapena oztopatzea.

f) Proiektua beste zerbaitetara desbideratzea edo laguntzak emateko ebazpenean ezarritako beste edozein betebehar ez betetzea.

g) Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 37. artikuluan aurreikusitako arrazoiak.

3.– SPRIri dagokio ez-betetzea egiaztatzeko espedientea hasi, izapidetu eta ebaztea.

4.– Ez badira betetzen deialdi honetan eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan jasotako betekizunak edo, hala badagokio, dirulaguntza emateko ebazpenean ezartzen direnak, dirulaguntza ezeztatuko da ez-betetze espedientea ireki ondoren, eta, dirulaguntza eta berandutze-interesak itzuli beharko zaizkio SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziari, 1/1997 Legegintzako Dekretuan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren II. tituluan (zeinaren bidez arautzen baitira EAEko Aurrekontu Orokorren kargura emandako dirulaguntzen araubide orokorra, bermeak eta itzulerak eta zeinaren bidez ezartzen baitira dirulaguntza horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde kolaboratzaileen baldintzak, araubidea eta betebeharrak) ezarritakoari jarraikiz, nahiz eta horrek ez duen eragotziko kasuan kasuko ekintza legalak abiaraztea eta dagozkion zigorrak jartzea. SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako Zuzendaritza Nagusiari dagokio dirulaguntza ezeztatzeko –eta, hala badagokio, partzialki edo guztiz itzularazteko- espedienteak abiarazi eta ebaztea.

5.– Halaber, gainfinantziazioa badago ordainketaren ostean beste laguntza batzuk jaso izanagatik, programak helburu duen jardueraren kostua gainditzen duen laguntza zatia itzuli beharko da, 9. artikuluan araututakoari jarraikiz. Kasu horretan, itzuli beharreko zenbatekoa zehaztuko da gertaera hori adierazteko eta itzulera erabakitzeko emango den ebazpenean.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Aplikatzekoa den araudia.

Programa honi araudi hau aplikatuko zaio:

1.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta Lege hori garatzen duen Araudia (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua), dirulaguntza arloko oinarrizko legeriari dagokion guztian.

2.– 1/1997 Legegintza Dekretua, Euskadiko Ogasun Orokorraren Antolarauei buruzkoa.

3.– Abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua, zeinaren bidez arautzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura emandako dirulaguntzen bermeen eta ordainketen araubide orokorra, zeinean finkatzen baitira haren kudeaketan parte hartzen duten erakunde kolaboratzaileen baldintzak, erregimena eta betebeharrak.

4.– Europako Batzordearen EB 1407/2013 Araudia, abenduaren 18koa, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Itunaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa (EBEO L-352/1). (EBAO 2013 L 352/1).

5.– Europako Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 Araudia (EB), zenbait laguntza-kategoria barne merkatuarekin bateragarriak direla aitortzen duena, Itunaren 107 eta 108. artikuluak aplikatuz (EBAO 2014 L 187/1) eta I. eranskinean ezarritakoari dagokionez.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Erakunde onuradunek programa honi buruzko sustapen jarduera eta argitalpen guztietan adierazi beharko dute SPRIren laguntza jaso dutela.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Datu Pertsonalak Babesteko 2016/679 (EB) Erregelamendu Orokorrean (aurrerantzean, DBEO) eta izaera pertsonaleko datuen esparruan aplika daitezkeen gainontzeko araudietan ezarritakoarekin bat etorriz, jakinarazten da emandako datuak dirulaguntzaren espedientea kudeatzeko tratatuko direla. Hala, datu pertsonalen tratamenduaren oinarri juridikoa SPRIren xedea betetzeko interes legitimoa da, haren eraketa-estatutuetan eta garapen-araudian ezarritakoari jarraikiz.

Informazio hori enpresa kolaboratzaileei, gai honetan eskumena duen Administrazio Publikoari eta SPRI taldeko enpresei (ikus http://www.spri.eus/es/quienes-somos/sociedades-del-grupo-spri) transmititu ahal izango zaie.

Interesa duen pertsona orok erabil ditzake bere datu pertsonalak babesten dituen araudiak ezarritako eskubideak SPRIren aurrean. Horretarako, idatzi bat bidali beharko da lopd@spri.eus helbidera.

SPRIk Datu Pertsonalen Babeserako esparruan egiten duenaren inguruko informazio gehigarriaren eta xehakatuaren berri izateko, jo www.spri.eus/pribatutasun-politika/ web-orriko Pribatutasun-politikara.

Jakinarazten da datuak zaindu behar badira, Datuen Babeserako Espainiako Agentzia izango dela horren arduraduna.

AZKEN XEDAPENETAKO LAUGARRENA

SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak oinarri hauei buruz hartzen dituen erabaki guztiak administratiboak dira eta, beraz, administrazioarekiko auzien jurisdikzioa da jurisdikzio eskuduna.

I. ERANSKINA
LAGUNTZA- ETA LIKIDAZIO-ESKAEREN ELEMENTU GARRANTZITSUENAK, LAGUNTZA-ESKAERA

Enpresaren identifikazio-datuak:

– Lege-ordezkaria: izena eta bi abizen, NANa, sexua, kargua.

– Kontakturako pertsona: izena eta bi abizen, telefonoa, posta elektronikoa.

– Enpresari buruzko informazioa: IFK, enpresaren izena, EJZ, helbidea, probintzia, udalerria, herria, PK, telefonoa, posta elektronikoa, enpresaren webgunea, bankuko kontuaren IBAN.

– Hizkuntzen Kudeaketako Bikain Kalitate Ziurtagiriaren eta Berdintasun Planaren kopiak.

– Enpresaren jardueraren eta produktuen azalpena.

Proiektuari buruzko informazioa:

– Proiektuaren datuak: egingo den proiektuaren edo azterlanaren izena eta azalpena (zergatik hasi den, egingo diren ekintzen azalpena, helburuak, e.a.).

– Proiektuari eskainiko zaizkion orduak guztira.

– Diruz lagun daitezkeen kostuak: hardwarea edota softwarea, aholkularitza edota ingeniaritza gastuak.

– Hornitzaileari buruzko informazioa: aholkularitzaren/ingeniaritzaren izena, harremanetarako pertsona, posta elektronikoa, herrialdea, probintzia, udalerria, herria, helbidea (kalea, plaza, zk.), PK, telefonoa.

Zinpeko adierazpenean sartu beharreko informazioa:

– Itxitako azken bi ekitaldietako datuak: langile kopurua, gizonezko eta emakumezko kopurua, negozio-bolumena, urteko balantze orokorra.

– Enpresa bazkidetuen edota lotutako enpresen datuak itxitako azken bi ekitaldietan: bazkidetzaren/loturaren %, langile kopurua, negozio-bolumena, urteko balantze orokorra.

– Proiektu bererako beste laguntza batzuk: eskaera-data, organismoa, programa, aurkeztutako aurrekontua, emandako dirulaguntza, ordaindutako zenbatekoa.

– Aurreko bi ekitaldi fiskaletan eta laguntza eskatzen den ekitaldi fiskalean jasotako minimis laguntzen zerrenda: eskaera-data, organismoa, programa, aurkeztutako aurrekontua, emandako dirulaguntza, ordaindutako zenbatekoa.

Eskaera honekin, espresuki baimena ematen zaio SPRIri eska dezan zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzari dagozkionak eguneratuak dituela egiaztatzen duen ziurtagiria eta, era berean, kontsulta dezan enpresa EJZen (jarduera ekonomikoen gaineko zergan) alta emanda dagoen epigrafea.

LIKIDAZIO-ESKAERA

– Lege-ordezkaria: izena eta bi abizen, NAN, kargua, sexua.

– Enpresari buruzko informazioa: IFK, enpresaren izena.

– Proiektu bererako beste laguntza batzuk: eskaera-data, organismoa, programa, aurkeztutako aurrekontua, emandako dirulaguntza, ordaindutako zenbatekoa.

– Aurreko bi ekitaldi fiskaletan eta laguntza eskatzen den ekitaldi fiskalean jasotako minimis laguntzen zerrenda: eskaera-data, organismoa, programa, aurkeztutako aurrekontua, emandako dirulaguntza, ordaindutako zenbatekoa.

Eskaera honekin, espresuki baimena ematen zaio SPRIri eska dezan zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzari dagozkionak eguneratuak dituela egiaztatzen duen ziurtagiria eta, era berean, kontsulta dezan enpresa EJZen (ekonomia-jardueren gaineko zergan) alta emanda dagoen epigrafea.


Azterketa dokumentala