Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

74. zk., 2020ko apirilaren 20a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

OGASUN ETA EKONOMIA SAILA
1873

AGINDUA, 2020ko apirilaren 8koa, Ogasun eta Ekonomiako sailburuarena, zeinaren bidez jaulkitzen baita laurogeita bat milioi eta bostehun mila euroko Euskadiko zor publikoa eta zehazten baitira eragiketa horren ezaugarriak.

Otsailaren 18ko 18/2020 Dekretuaren bidez erabakitzen eta baimentzen da 2020ko ekitaldian zorpetze-eragiketak egitea, betiere Euskal Autonomia Erkidegoko 2020. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 27ko 13/2019 Legeak 10. artikuluko 1. atalean Gobernu Kontseiluari emandako baimenaren arabera.

Dekretu horren xedapen gehigarriak xedatzen du ezen, Euskal Autonomia Erkidegoko Finantzei buruzko azaroaren 8ko 8/1996 Legean agindutakorekin bat etorriz, Ogasun eta Ekonomiako sailburuari dagokiola, agindu baten bidez, xedapen horretan erabaki eta baimendutako zorpetze-eragiketak egiteko tresnak eta modalitateak zehaztea, bai eta dekretu horretan jaulkipenari buruz aipatu ez diren finantza-baldintzak eta ezaugarriak zehaztea ere, dekretuaren aurreikuspenen barruan betiere. Agindu hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, baldin eta zor publikoa balore gisa jaulkitzen bada.

Hori guztia kontuan izanik, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Laurogeita bat milioi eta bostehun mila (81.500.000) euroko Euskadiko zor publikoa jaulkitzea, otsailaren 18ko 18/2020 Dekretuan jasotzen diren baimenei jarraikiz.

2. artikulua.– Jaulkiko den zor publikoak honako ezaugarri hauek izango ditu:

a) Zenbateko nominala: 81.500.000 euro.

b) Modalitatea: obligazioak.

c) Jaulkitze prozedura: jaulkipen pribatua.

d) Jaulkitze- eta ordainketa-data: 2020ko apirilaren 22a.

e) Korritua: urteko nominalaren % 1,75, urtero apirilaren 22an ordainduko dena.

f) Jaulkitze-prezioa: % 98,757.

g) Amortizazio-prezioa: parekoa, balio nominalean.

h) Amortizazio-data: 2050eko apirilaren 22a.

i) Balioen adierazpidea: kontuan eginiko oharrak.

j) Banakako balioa: mila (1.000,00) euro.

k) Jaulkipenaren kotizazioa: Bilboko Burtsa.

3. artikulua.– Harpidetza.

Jaulki beharreko jaulkipen-balioen harpidetza jaulkipena egiteko mandatua duen erakundearen edo erakundeen bitartez bideratuko du Ogasun eta Ekonomia Sailak. Erakunde horiek horretarako gaituta daude, balore-merkatuaren indarreko araudiaren arabera.

4. artikulua.– Gaikuntza.

Ekonomia, Finantza eta Aurrekontuetako sailburuordeari edo Finantza Politikako zuzendari, bietako edonori, ematen zaio baimena zorpetze-eragiketa hau egiteko behar diren kontratuak eta gainerako dokumentu erantsi eta osagarriak sina ditzan.

5. artikulua.– Harpidetzen ordainketa erakunde mandatatu baten bidez egingo da; jaulkipenaren interesak eta amortizazioa Baloreen Erregistro, Konpentsazio eta Likidazio Sistemak Kudeatzeko Sozietateak egingo du, horretarako izendatutako Erakunde Eragilearen bitartez, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiaren irailaren 30eko 211/1997 Dekretuaren 38. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko apirilaren 8a.

Ogasun eta Ekonomiako sailburua,

PEDRO MARÍA AZPIAZU URIARTE.


Azterketa dokumentala