Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

74. zk., 2020ko apirilaren 20a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA AZPIEGITURA SAILA
1872

AGINDUA, 2020ko apirilaren 8koa, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuarena, zeinaren bidez aparteko laguntzak ezartzen baitira, halako moldez non Sendotu programen 2015-2016, 2017-2018 eta 2019-2020 deialdien babesean egindako maileguetako gabezien finantza-kostua murriztuko baita.

Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren helburuetako bat da nekazaritzan, arrantzan, elikagaietan eta landa-garapenean inbertsioak egiteko finantza-bermeak emateko laguntza-programak kudeatzea.

2020ko martxoaren 11n, Osasunaren Mundu Erakundeak nazioarteko pandemiara igo zuen Covid-19ak eragindako osasun publikoaren larrialdi-egoera. Adierazpen horren ondorioz, 2020ko martxoaren 14an argitaratu eta indarrean sartu zen martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretua, eta alarma-egoera deklaratu zuen Covid-19 koronabirusak eragindako osasun-larrialdiko egoerari aurre egiteko.

Egoera honek ekonomia- eta enpresa-sektore ugariri eragiten die –hala nola, sektore hauei: nekazaritza, arrantza, elikagaiak eta landa-garapena–, eta normaltasunez jardutea eragozten, aipatutako errege-dekretuan jasotako euste-neurriak direla eta.

Bestalde, 2020ko martxoaren 19an, Europako Batzordeak C (2020) 1863 Komunikazioa argitaratu zuen, zeinetan aldi baterako esparru bat onartu baitzuen estatu kideei laguntzeko Covid-19aren agerraldiaren testuinguruan ekonomia babesten jarrai zezaten.

Sendotu programaren (zeinaren hiru deialdi egin baitira: 2015-2016, 2017-2018 eta 2019-2020) xedea da inbertsio-proiektuak finantzatzeko laguntzak ematea nekazaritza, arrantza, elikagai eta landa-garapenaren sektoreetako pertsona fisiko edo juridiko pribatuei, Finantzen Euskal Institutuaren eta finantza-erakunde kolaboratzaileen maileguentzako bermeak emanda eta finantza-kostua murrizteko mailegu horien interes-tipoetan hobariak emanda.

Inbertsio horietako batzuek garrantzi berezia hartzen dute herritarrei zerbitzuak eta produktuak emateko berme gisa, eta gauzatzeko edo amaitzeko prozesuan daude. Alarma-egoera deklaratu ondoren ezarritako mugak direla eta, inbertsio berrian egindako ahalegina kontuan hartuta, kostu handikoa gerta daiteke laguntzen onuradun diren enpresetan baliabide ekonomikoak sortzea, eta inbertsio-proiektu berria arriskuan jar dezake.

Agindu honetan jasotako laguntzek C (2020) 1863 Komunikazioa dute helduleku, non aurreikusten baita Europar Batasunaren estatu kideei aldi baterako laguntzak ematea haien ekonomia babesteko, Covid-19ak eragindako osasun publikoko larrialdi-egoeraren ondorioz. Bestalde, Espainiako estatuan administrazio erregionalek C (2020) 1863 Komunikazioa delakoaren esparruan artikulatzen diren laguntza-araubide guztiei estaldura emateko, Espainiako agintaritzek Europako Batzordeari jakinarazi diote «Enpresei eta autonomoei laguntzeko neurriei buruzko Aldi Baterako Esparru Nazionala, Covid-19aren egungo agerraldiaren testuinguruan ekonomia babesteko bideratuak» izeneko laguntza-araudia, 2020ko apirilaren 2ko C (2020) 2154 Erabakia, SA.56851 (2020/N) kodea, zeinaren babesean garatzen baitira agindu honetan aurreikusitako laguntzak.

Horren ondorioz, jada emandako dirulaguntzen ordainketari dagokionez enpresek dituzten beharrizan ekonomikoak arintzeko, beharrezkoa da Sendotu laguntza horien mailegu bizietan gabeziak ezartzea erraztuko duen mekanismo bat sustatzea, Finantzen Euskal Institutuak eta finantza-erakunde parte-hartzaileek formalizatutako maileguak aldatzea ahalbidetuta, onuradunarentzat kosturik izan gabe.

Covid-19aren krisiaren ondorio ekonomikoei aurre egiteko Eusko Jaurlaritzak prestatutako ezohiko funtsetatik datoz baliabide ekonomikoak.

Hori dela eta, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Xedea.

1.– Agindu honen xedea da 2020ko ekitaldirako aparteko laguntzak ezartzea, Sendotu programen babesean emandako maileguen ordainketan gabezia bat aplikatzearen ondoriozko zuzeneko laguntza erakoak, sei hileko eperako, agindu hauetan ezarritako maileguak, hain zuzen:

a) Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuaren 2015eko uztailaren 29ko Agindua, zeinaren bidez laguntzak ezartzen baitira nekazaritzako, basogintzako, arrantzako, elikagaietako eta landa-garapeneko sektoreetan finantza-laguntza emateko programaren esparruan (Sendotu programa). (2015-09-09ko EHAA, 171. zk.).

b) Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuaren 2017ko urriaren 23ko Agindua, zeinaren bidez ezartzen baitira finantza-laguntzak, maileguetarako berme erakoak, nekazaritza, basogintza, arrantza, elikagai eta landa-garapeneko sektoreetan (Sendotu programa 2017) (2017-10-31ko EHAA, 208. zk.).

c) Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuaren 2019ko azaroaren 19ko Agindua, zeinaren bidez ezartzen baitira finantza-laguntzak nekazaritza, arrantza, elikagai eta landa-garapeneko sektoreetan maileguak bermatzeko eta finantza-kostuak murrizteko (Sendotu programa 2019-2020). (2019-11-29ko EHAA, 228. zk.).

2.– Emandako gabealdian, hauek lagunduko dira diruz:

a) Dagokion maileguaren interesak gabealdian.

b) Gabealdian amortizatu gabeko zenbatekoei dagozkien interesak.

c) Artikulu honen 1. paragrafoan aipatutako Sendotu programen lankidetza-hitzarmenen esparruan egindako mailegu-eragiketetan gabezia formalizatzearen kostua.

3.– Laguntza hauek hemen kokatzen dira: azkeneko C (2020) 1863 Komunikazioaren Aldi Baterako Esparrua, zeinek ekonomia babesteko aldi baterako laguntzak aurreikusten baititu Europar Batasuneko estatu kideentzat, Covid-19ak eragindako osasun publikoko larrialdi-egoera dela, eta eta «Enpresei eta autonomoei laguntzeko neurriei buruzko Aldi Baterako Esparru Nazionala, Covid-19aren egungo agerraldiaren testuinguruan ekonomia babesteko bideratuak», 2020ko apirilaren 2ko C (2020) 2154 Erabakia, SA.56851 (2020/N) kodea, nekazaritza-, elikagai- eta arrantza-sektoreen lehiakortasunari eta landa-garapenari eusten laguntzeko, egoera honek sektore horietako enpresetan duen eragina leuntzeko –kontuan hartuta nolako mugak ezarri dituen alarma-egoeraren deklarazioak– eta Covid-19ak eragindako osasun publikoko larrialdi-egoeraren ondorioak arintzeko.

Bigarrena.– Pertsona onuradunak.

Agindu honetan araututako laguntzen onuradun izan ahal izango dira Sendotu 2015-16, Sendotu 2017-18 eta Sendotu 2019-20 programen onuradun izanik, dagokien mailegua formalizatu duten pertsonak.

Hirugarrena.– Baliabide ekonomikoak.

1.– Laurehun mila (400.000) eurokoa izango da laguntzen gehieneko zenbatekoa, eta maileguetako gabezia formalizatzeko finantza-kostuaren murrizketa eran emango dira laguntzok.

2.– Agindu honetan xedatutako laguntzak ematera bideratutako zenbatekoa agortzen bada, gorabehera horri publizitatea ematearren, Nekazaritza, Arrantza eta Elikagai Politikako sailburuordeak ebazpen bat emango du adierazteko zenbateko hori zein egunetan agortu den. Ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, eta, hortik aurrera, ez da onartuko agortutako laguntzarako aurkezten den eskabiderik.

3.– Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariaren ebazpen baten bidez, ezezkoa emango zaie jadanik aurkeztuta egon eta izapidetzen ari diren eta 1. apartatuan emateko zehazten den kreditua agortu delako erantzun ezin zaien eskabideei, arrazoi horrengatik hain zuzen.

Laugarrena.– Laguntzen zenbatekoa.

1.– Laguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, formalizatutako mailegua eman duen eta gabezia baimendu duen finantza-erakundeak ziurtagiri bat emango du, non gabeziaren zenbatekoa kuantifikatuko baita agindu honen lehenengo artikuluaren 2. paragrafoan jasotako xede diruz lagungarria aintzat hartuta.

2.– Covid-19aren egungo agerraldiaren testuinguruan, C (2020) 1863, ekonomia babestera bideratutako estatuko laguntzei buruzko Aldi Baterako Esparruaren 22. eta 23. apartatuak egikaritzeko, gehienez 800.000 eurokoak izango dira laguntzak enpresako edo autonomoko (zergen eta bestelako atxikipenen aurretik), kasu hauetan salbu:

a) Arrantza eta nekazaritza sektoreetako enpresa edo autonomo aktibo bakoitzeko laguntzak 120 000 eurokoak izango dira gehienez.

b) Nekazaritzako produktuen ekoizpen primarioko enpresa edo autonomo aktibo bakoitzeko laguntzak 100.000 eurokoak izango dira gehienez.

Bosgarrena.– Eskakizunak.

Laguntza hauen pertsona onuradun izateko, beharrezkoa da eskakizun hauek betetzea:

a) Dirulaguntzei buruzko abenduaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan jasotakoak.

b) Zergen arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean ordainduta izatea, eta dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta izatea.

c) Mailegu bat formalizatu izana 2015, 2016, 2017, 2018, 2019 eta 2020ko ekitaldietako Sendotu programen esparruan.

d) Emandako maileguari bizirik eta ordainduta eustea.

e) Sendotu programetako baten esparruan mailegua eman duen finantza-erakundearen baimena izatea ordainketaren gabeziarako emandako maileguan, sei hileko aldirako.

Seigarrena.– Eskabideak aurkezteko epea, izapidetzea eta dokumentazioa.

1.– Eskabideak aurkezteko epea agindu honen indarraldia hasten den egunean hasiko da, eta agindu honen hirugarren artikuluan jasotako funtsak erabat agortutakoan bukatuko, edo, bestela, 2020ko abenduaren 31n.

2.– Eskabidea bitarteko elektronikoz aurkeztuko da, euskadi.eus-en egoitza elektroniko honen bidez: gaztelaniaz: https://www.euskadi.eus/y22-home/es/, eta euskaraz: https://www.euskadi.eus/y22-home/eu/.

3.– Eskabideak aurkezteko, inprimaki-eredu normalizatua erabiliko da; helbide hauetan dago eskuragarri: gaztelaniaz. hhttps://www.euskadi.eus/ayudas_appa/ (Erref.: 1028004), eta euskaraz: https://www.euskadi.eus/laguntzak_naep/ (Erref.: 1028004).

4.– Eskabidea egin osteko izapideak kanal elektroniko honen bidez egingo dira: gaztelaniaz: http://www.euskadi.eus/micarpeta, eta euskaraz: http://www.euskadi.eus/nirekarpeta.

5.– Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak, justifikazioak eta gainerako dokumentuak nola izapidetu jakiteko zehaztapenak euskadi.eus egoitza elektronikoko helbide honetan eskuratu daitezke: https://www.euskadi.eus.

6.– Eskabidea ordezkari baten bitartez egiten bada, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 5. eta 6. artikuluetan xedatutakoaren arabera egiaztatu beharko da ordezkaritza.

7.– Web-orri honetan dago laguntza-eskabidearen ereduaren oinarrizko edukia: https://www.euskadi.eus.

8.– Eskabidearekin batera, honako dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

a) Finantzen Euskal Institutuaren eta onuradunaren maileguan kolaboratzen duten finantza-erakundeen idazkia, non egiaztatzen baita sei hileko gabezia baimentzen dela emandako maileguan. Idazki horretan balioetsi beharko da eragiketa horren guztizko kostua, agindu honen lehenengo artikuluko 2. zenbakiko apartatu guztiak biltzen dituena.

b) Mailegua eman duten finantza-erakundeen ziurtagiria, eskabidea aurkezteko unera arte onuradunak bere finantza-betebeharrak egunean dituela egiaztatzen duena, eta eskatutako gabealdian amortizatu ez diren zenbatekoei dagozkien interesen zenbatekoa eta gabezia hori formalizatzearen kostua jasotzen dituena.

c) Eskabidea balioztatzeko, pertsona eskatzaileak aurkeztu nahi duen dokumentu osagarri oro.

9.– Laguntzak kudeatzen dituen organoak automatikoki egiaztatuko ditu onuradunaren NAN, IFK eta dagozkion zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko ordainketa-betebeharrak egunean dituela. Hala ere, eskatzaileak berariaz uka dezake laguntza-eskabidean inplizituki dagoen baimen hori, eta, hala egiten badu, ziurtagiria edo eskatzen zaion dokumentua aurkeztu beharko du, betiere urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluaren 2. paragrafoan xedatutakoaren arabera.

10.– Eskabidea eta eskatutako dokumentazioa aukeratzen den hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dira. Ildo horretatik, eskatzaile bakoitzak hautatutako hizkuntza erabiliko da eskabidea aurkeztu ondorengo jardueretan, prozedurak irauten duen bitartean, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearekin bat.

11.– Eskabideak eskakizun guztiak betetzen ez baditu, Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzak interesdunari jakinaraziko dio hamar egun balioduneko epea duela hutsa zuzentzeko edo behar diren dokumentuak eransteko. Halaber, adieraziko zaio, horrela egin ezean, atzera egin duela ulertuko dela, Elikagaien Kalitate eta Industrietako Zuzendaritzak ebazpena eman ondoren eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

12.– Edonola ere, aurkeztutako eskabidea egoki ulertu, ebaluatu eta izapidetzeko beharrezko iritzitako bestelako argibide edo dokumentu osagarri oro eskatu ahal izango dizkio Berrikuntza eta Elikagai Industriako Zuzendaritzak eskatzaileari.

13.– Eskabide guztiei erantzungo zaie, funtsek iraun artean. Eskabideak beharrezkoak diren dokumentu guztiekin sartu diren ordena berean sartuko dira programan.

Zazpigarrena.– Laguntzak esleitzeko prozedura.

Ondoz ondoko lehia izango da laguntzak esleitzeko erabiliko den prozedura, hau da, agindu honetan xedatutakoa betetzen duten eskatzaile guztiei modu ordenatuan esleituko zaie, eskabideak eta dokumentazio osoa aurkezteko unearen arabera, harik eta agindu honen hirugarren artikuluan aurreikusitako funts guztiak agortu arte.

Zortzigarrena.– Laguntzak kudeatzea.

1.– Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzak izango du deialdi honetan araututako laguntzak kudeatzeko eskumena.

2.– Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzako zerbitzu teknikoek eskabide bakoitzean egiaztatuko dute agindu honetan ezarritako eskakizunak betetzen direla, eta berariaz jasoko dute hori. Halaber, Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariari aurkeztuko diote eskatutako laguntza ematearen aldeko edo kontrako proposamena.

Bederatzigarrena.– Ebazpena, ebazteko eta jakinarazteko epea eta errekurtsoak.

1.– Elikagaien Kalitate eta Industrietako zuzendariari dagokio laguntzen ebazpenak ematea.

Alderdi hauek zehaztuko dira ebazpenean:

a) Pertsona onuradunaren izena edo izen soziala, eta IFK edo NAN.

b) Maileguaren gabeziaren kostuaren baliokidea den laguntzaren zenbatekoa, agindu honen lehenengo artikuluaren 2. paragrafoan jasotako zenbateko osoa zehaztuta, eurotan, Finantzen Euskal Institutuak eta finantza-erakunde laguntzaileek emandako maileguei aplikatu beharrekoa.

c) Eragiketaren izaera, C (2020) 1863 Komunikazioaren denbora-esparruari erreferentzia eginez; komunikazio horrek aurreikusten ditu aldi baterako laguntzak, Covid-19ak eragindako osasun publikoko larrialdi-egoera dela eta.

2.– Laguntzak ukatzeko ebazpenean, halaber, alderdi hauek zehaztu beharko dira:

a) Eskatzailearen izena edo sozietatearen izena, IFZ edo NAN.

b) Eskabidea ez onartzeko arrazoiak.

3.– Eskabidea aurkezten den egunetik gehienez hiru hileko epean eman eta jakinaraziko da ebazpena. Epe hori bukatuta, berariazko ebazpenik eman ez bada, haien eskabideak baietsi direla ulertu beharko dute interesdunek, Administrazio Publikoen Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legaren 24. artikuluan ezarritakoari jarraituz.

Halaber, Elikagaien Kalitate eta Industrietako zuzendariak Finantzen Euskal Institutuari eta eragindako finantza-erakundeei jakinaraziko die aipatutako ebazpena.

4.– Laguntzak emateko, ezinbestekoa izango da amaiera ematea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emanda dituzten izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen arloan hasi eta oraindik izapidetzen ari diren itzulketa- edo zehapen-prozedura guztiei.

5.– Baiesteko edo ezesteko ebazpenaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordeari hilabeteko epean, ebazpenaren jakinarazpena jasotzen dutenetik aurrera, edo, hiru hileko epean administrazio-isiltasunaren ondorioak gertatu eta biharamunetik aurrera. Berariazko ebazpenik badago, hilabete izango dute horretarako, ebazpenaren berri izan eta biharamunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluekin bat.

6.– Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordearen ebazpen baten bidez laguntzei buruzko ebazpena banan-banan jakinarazteaz gainera, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da agindu honen itzalpean onuradun izango diren pertsonen zerrenda, laguntzaren zenbatekoa zehaztuta duela, hura jendaurrean jartze aldera.

Hamargarrena.– Pertsona onuradunen betebeharrak.

Agindu honetan araututako finantza-laguntzen onuradun diren pertsonek betebehar hauek izango dituzte:

a) Esleitutako dirulaguntza onartzea. Alde horretatik, baldin eta onuradunek ez badiote laguntzari berariaz uko egiten laguntza hori eman izanaren jakinarazpena jaso eta hamabost egunean, onartu egiten dutela ulertuko da.

b) Ezarritako baldintzetan formalizatzea mailegu-polizetako gabealdia, emate-ebazpena jakinarazten denetik gehienez ere hiru hileko epean.

c) Laguntza zertarako ematen den, horrexetarako erabiltzea.

d) Xedapen hauetan ezarritakoa betetzea: Europako Batzordearen abenduaren 18ko 1407/2013 (EB) Erregelamendua, minimis laguntzei Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatzeari buruzkoa; Batzordearen abenduaren 18ko 1408/2013 (EB) Araudia, eta Batzordearen ekainaren 27ko 717/2014 (EB) Araudia.

e) Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzari idatziz jakinaraztea beste administrazioren bati edo erakunde publiko edo pribaturen bati helburu bererako beste dirulaguntza edo laguntza batzuk eskatu izana, eta hala badagokio, jaso izana, betiere egoera horren berri jakin eta hamabost egun balioduneko epean.

f) Jasotako laguntzak nola erabili diren eta haien helburuak bete diren fiskalizatzeko eskatzen duten informazio guztia ematea Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailari, Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari.

g) Laguntza emateko kontuan hartzen den egoera subjektibo edo objektiboren bat aldatzen bada, aldaketa idatziz jakinaraztea Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzari.

h) Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bategineko 50. artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean ezarritako obligazioak betetzea.

i) Egin diren inbertsioak egiaztatzeko froga-balio nahikoa duten dokumentuak gordetzea inbertsioak amaitu ondorengo bost urteetan.

Hamaikagarrena.– Justifikazioa eta ordainketa.

1.– Gabezia-eragiketa hori formalizatzearen mende egongo da laguntzaren ordainketa.

2.– Aldi bakarrean ordainduko da laguntza, eta dagokion Sendotu mailegua ematen duten erakundeei gauzatuko zaie.

3.– Eskatzaileei ez zaie esleitutako laguntzarik ordainduko, baldin eta, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo bere erakunde autonomoek emandako gisa honetako dirulaguntzengatik, zehapen-prozeduraren edo dirulaguntzak itzultzeko prozeduraren batean sartuta badaude, eta prozedura horiek amaitu gabe badaude.

Hamabigarrena.– Atzera egitea eta uko egitea.

1.– Eskatzaileak atzera egin ahal izango du, betiere laguntzak emateko prozeduraren ebazpena jakinarazi aurretik. Horretarako, atzera egiteko eskaera bat helarazi beharko dio landa-garapenaren arloko zuzendari eskudunari, idatziz, eta, hark, ebazpen baten bidez, bete-betean onartuko du atzera egiteko eskabidea, eta amaitutzat emango du hari dagokion prozedura.

2.– Laguntzaren pertsona onuradunak emandako laguntzari uko egin ahal izango dio, betiere emandako laguntza onartu eta gero, hamargarren artikuluko a) letran ezarritako betebeharrarekin bat, eta gabezia formalizatu aurretik. Horretarako, uko egiteko idazki bat helaraziko dio landa-garapenaren arloan eskumena duen zuzendariari, eta, hark, ebazpen baten bidez, bete-betean onartuko du uko egiteko eskaera, eta amaitutzat emango du hari dagokion prozedura.

Ukoa onartuta, onuradunak automatikoki galduko du ebazpen bidez onartutako eskubidea, bai eta emandako laguntza kobratzeko eskubidea ere.

Hamahirugarrena.– Ez-betetzeak eta laguntza itzultzea.

1.– Ez-betetzeen kausak izango dira, gutxienez, hauek:

a) Agindu honetan ezarritako betebeharretako edozein ez betetzea.

b) Dirulaguntza emateko ebazpenean ezartzen diren baldintzak, halakorik izanez gero, ez betetzea.

c) Laguntza emateko xedea ez betetzea.

d) Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 53. artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan xedatu itzulketa-kausaren batean egotea.

2.– Onuraduna aurreko atalean zerrendatutako ez-betetzeen kausetako baten egoeran egongo balitz, Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzak, 15 eguneko epean, interesdunari entzunaldia emango dion ez-betetze espedientea egin ondoren, egokitzat jotzen dituen alegazioak egin ditzan, ebazpen baten bidez, dirulaguntza jasotzeko eskubidea kenduko dio onuradunari, partez edo osorik, eta, hala badagokio, kobratu dituen laguntzak eta dirulaguntzen arloan aplikatu beharreko berandutze-interesak itzuli beharko dizkio onuradunak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari, partez edo osorik, proiektuaren gauzatze-mailaren proportzioan, Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53. artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan xedatuarekin bat. Gainera, dagozkion gainerako neurriak hartuko dira.

Aipatutako diru kopuruak diru-sarrera publikotzat hartuko dira lege-ondorio guztietarako.

3.– Arau-hauste administratibotzat har daitezkeen gertakarien ondorioz hasten bada itzultze-prozedura, organo eskudunari jakinarazi behar zaizkio gertakariok, dagokion zehapen-prozedura has dezan.

Hamalaugarrena.– Bateragarritasunak.

Agindu honetan aurreikusitako laguntzak, Europako aldi baterako esparruan aurreikusitakoarekin bat, beste laguntza batzuekin eta minimis laguntzei buruzko Europako Batzordearen abenduaren 18ko 1407/2013 (EB) Erregelamenduaren (2013-12-24ko DO L 352) aplikazio-eremuan sartzen diren laguntzekin metatu ahal izango dira.

Agindu honen arabera emandako laguntza beste laguntza bateragarri batekin metatzen bada, administrazio honek edo beste administrazio batek diruz lagun ditzakeen gastu berberekin lotuta, Covid-19aren egungo agerraldiaren testuinguruan ekonomia babesteko estatu-laguntzako neurriei buruzko Aldi Baterako Esparru Batzordearen Komunikazioaren esparruan, Batzordearen Komunikazio horretan ezarritako gehieneko laguntzaren zenbatekoak errespetatuko dira.

Hamabosgarrena.– Datuen babesa.

Datu Pertsonalak Babesteko eta eskubide digitalak bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan eta indarreko gainerako araudian xedatutakoarekin bat etorriz tratatuko dira datu pertsonalak.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Errekurtsoak.

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, haren aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuari, hilabeteko epean, edo, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, betiere agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Ondorioak.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera sortuko ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko apirilaren 8a.

Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.


Azterketa dokumentala