Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

74. zk., 2020ko apirilaren 20a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA AZPIEGITURA SAILA
1871

AGINDUA, 2020ko apirilaren 8koa, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuarena, zeinaren bidez onartzen baitira nekazaritza-, elikagai- eta arrantza-sektoreei laguntzak emateko aldi baterako araubidearen oinarriak, eta deialdia egiten baita. Laguntza horien xedea ekoizpen- eta merkataritza-jarduerei eustea da, eta Covid-19ak eragindako alarmaren ondoriozko aldi baterako laguntza-esparruaren babesean ematen dira.

Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren helburuetako bat da nekazaritzatik eta arrantzatik eratorritako produktuak ekoizteko, eraldatzeko eta merkaturatzeko politika egokiari eustea.

2020ko martxoaren 11n, Osasunaren Mundu Erakundeak nazioarteko pandemia-mailara igo zuen Covid-19ak eragindako osasun publikoko larrialdi-egoera. Deklarazio horren ondorioz, 2020ko martxoaren 14an, martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretua argitaratu eta indarrean jarri zen, zeinaren bidez alarma-egoera deklaratu baita, Covid-19 koronabirusak eragindako osasun-larrialdiari aurre egiteko. Egoera honek ekonomia- eta enpresa-sektore ugariri eragiten die –hala nola, arrantza-sektoreari–, eta normaltasunez jardutea eragozten die, aipatutako errege-dekretuan jasotako euste-neurriak direla eta.

Bestalde, 2020ko martxoaren 19an, Europako Batzordeak C(2020) 1863 Komunikazioa argitaratu zuen, eta, han, Aldi Baterako Esparru bat ezarri zuen, estatu kideei ekonomia sustatzen laguntzeko Covid-19aren agerraldiaren testuinguruan.

Horrenbestez, nekazaritza-, elikagai- eta arrantza-sektoreen premia eta berezitasun sozioekonomikoei erantzuteko, beharrezkoa da sektore horiei laguntzeko mekanismoak sustatzea, egoerak hala eskatzen duenean –eta halakoa da egoera–. Hartara, sektoreen ekoizpen-gaitasunari eutsiko zaio, kontuan hartuta nolako mugak ezarri dituen alarma-egoeraren deklarazioak.

Laguntza hauen bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza-, elikagai- eta arrantza-sektoreek elikagaiak emateko duten gaitasunari eutsi nahi zaio, C (2020) 1863 Komunikazioaren babespean, non aurreikusten baita Europar Batasunaren estatu kideei aldi baterako laguntzak ematea haien ekonomia sustatzeko, Covid-19ak eragindako osasun publikoko larrialdi-egoera dela eta. Bestalde, Espainiako estatuko erregioetako administrazioek C(2020)1863 Komunikazioaren esparruan antolatzen dituzten laguntza-araubide guztiei estaldura emateko, agintari nazionalek honako laguntza-araubide honen berri jakinarazi diete Europako Batzordearen zerbitzuei: «Aldi Baterako Esparru Nazionala, enpresa eta autonomoei zuzendutako laguntza-neurriei buruzkoa, Covid-19aren agerraldiaren testuinguruan ekonomia sustatzea helburu»; baimen-zenbakia: 02/04/2020 (C (2020) 2154 final); kodea: SA.56851 (2020/N). Hain zuzen ere, esparru horren babesean ematen dira agindu honetako laguntzak.

Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 74/2017 Dekretuarekin bat etorriz, Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako Sailburuordetzari dagokio Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza-, elikagai- eta arrantza-sektoreei zuzendutako laguntzak ezartzea.

Autonomia Estatutuaren 10.10 eta 16. artikuluen arabera Euskal Autonomia Erkidegoari emandako eskumenaren indarrez, eta Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 74/2017 Dekretuan ezarritakoarekin bat etorriz, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Deialdia.

2020. urtean aparteko laguntzak emateko deialdia egitea, agindu honen eranskinean aurreikusitako produktuei eta produktu motei zuzendua, C(2020) 1863 Komunikazioaren Aldi Baterako Esparruan, zeinean aurreikusten baita Europar Batasuneko estatu kideei aldi baterako laguntzak ematea haien ekonomia sustatzeko, Covid-19ak eragindako osasun publikoko larrialdi-egoera dela eta. Laguntzek helburutzat dute nekazaritza-, elikagai- eta arrantza-sektoreen lehiakortasunari eusten laguntzea, egoera honek sektore horietako enpresen eraldatze- eta merkaturatze-gaitasunean duen eragina leuntzea –kontuan hartuta nolako mugak ezarri dituen alarma-egoeraren deklarazioak– eta Covid-19ak eragindako osasun publikoko larrialdi-egoeraren ondorioak arintzea.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Errekurtsoak.

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuari, hilabeteko epean; bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, betiere agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Ondorioak.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko apirilaren 8a.

Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

I. ERANSKINA

1. oinarria.– Helburua, izaera eta esparrua.

1.– Eranskin honen helburua da aparteko laguntzak emateko 2020ko ekitaldiko deialdia arautuko duten oinarriak ezartzea. Hain zuzen ere, Euskal Autonomia Erkidegoan Covid-19aren krisialdiak erasandako nekazaritza-, elikagai- eta arrantza-sektoreen ekoizte-, eraldatze- eta merkaturatze-gaitasunari eusteko ematen dira laguntza hauek.

2.– Laguntzok itzuli beharrik gabeko laguntza gisa ezartzen dira, aldi baterako soberakinak izoztea edo antzeko teknika bat erabiliz kontserbatzea helburu dutenak.

Produktuak fresko kontserbatzeko, enpresaren beraren instalazioak erabil daitezke, edo, bestela, hirugarrenen instalazioak.

3.– Honako produktu hauek lagunduko dira diruz:

A) Barazkiak: urazak, piperrak, tomateak eta EAEko ustiategietako beste barazki batzuk.

B) Frutak: sagarrak, madariak, kiwiak, fruitu gorriak eta EAEko ustiategietako beste fruta batzuk.

C) Zereal eta tuberkuluak: freskoan prozesatutako patata eta zerealak.

D) Haragikiak: haragi-piezak, honako animalia hauek hiltzetik datozenak: behi, ardi, ahuntz, txerri, zaldi eta hegaztiak.

E) Arrantza: aldez aurretik izoztutako berdela biltegiratzea.

4.– Laguntza hauek C(2020) 1863 final Komunikazioaren Aldi Baterako Esparruan sartzen dira, zeinean aurreikusten baita Europar Batasuneko estatu kideei aldi baterako laguntzak ematea haien ekonomia sustatzeko, Covid-19ak eragindako osasun publikoko larrialdi-egoera dela eta. Laguntzek helburutzat dute nekazaritza-, elikagai- eta arrantza-sektoreen lehiakortasunari eta landa-garapenari eusten laguntzea, egoera honek sektore horietako enpresetan duen eragina leuntzea –kontuan hartuta nolako mugak ezarri dituen alarma-egoeraren deklarazioak– eta Covid-19ak eragindako osasun publikoko larrialdi-egoeraren ondorioak arintzea.

Laguntzak, halaber, 2020ko apirilaren 2ko C(2020) 2154 Erabakian bildutako araubide honen arabera ematen dira: «Aldi Baterako Esparru Nazionala, enpresa eta autonomoei zuzendutako laguntza-neurriei buruzkoa, Covid-19aren egungo agerraldiaren testuinguruan ekonomia sustatzea helburu»; kodea: SA.56851 (2020/N). Hain zuzen ere, esparru horren babesean ematen dira agindu honetako laguntzak.

2. oinarria.– Definizioak.

Agindu honen ondorioetarako, honela ulertuko dira jarraian datozen definizioak:

1.– Nekazaritza: laborantza, abeltzaintza eta basogintza biltzen ditu.

2.– Enpresa: jarduera ekonomiko bat gauzatzen duen erakunde oro, edozein direla ere izaera juridikoa eta finantzaketa-modua. Bereziki, enpresatzat hartzen dira banakako edo familiako eskulangintzan edo beste jarduera batzuetan aritzen direnak, pertsonen sozietateak eta erregulartasunez jarduera ekonomiko batean aritzen diren elkarteak.

3.– Nekazaritza-sektoreko enpresak: nekazaritzan diharduten enpresak, hots, nekazaritzako edo abeltzaintzako produktuak (Tratatuaren I. eranskinekoak) lortzeko behar diren lanen multzoan dihardutenak, –arrantzakoak, akuikulturakoak eta basogintzakoak izan ezik–, barnean direla produktuen eraldaketa, ontziratzea eta merkaturatzea, baldin eta azken horiek ustiategiaren barnean egiten badira.

4.– Arrantza-sektoreko enpresak: arrantzako edo akuikulturako produktuak (Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren abenduaren 11ko 1379/2013 (EB) Erregelamenduaren I. eranskinekoak) ekoizten, eraldatzen edo merkaturatzen diharduten enpresak.

5.– Elikagai-sektoreko enpresak: nekazaritzatik, abeltzaintzatik, arrantzatik, arrain-haztegietatik, ehizatik eta mikologiatik datozen produktuak edo beste jatorri natural batetik datozenak ekoizten, eraldatzen, ontziratzen eta merkaturatzen diharduten enpresak, Nekazaritza eta Elikagaigintza Politikako abenduaren 2ko 17/2008 Legeak ezarritakoarekin bat.

6.– Krisiak jotako enpresa: Europako Batzordearen ekainaren 17ko 651/2014 Erregelamenduaren 1. artikuluko 18. zenbakian ezarritako betekizunak betetzen dituen enpresa.

7.– Lehenengo merkataritza-salmenta: enpresa batek produktu- edo zerbitzu-merkatu batean egindako lehen salmenta, merkatua zundatzeko egindako salmenta mugatuak izan ezik.

8.– Itzultzea: laguntza jasotzeko eskubidea galtzea, eta, hala egokituz gero, jasotako laguntza itzultzea, pertsona edo erakunde onuradunak betebeharrak bete ez izanaren ondorioz.

9.– Produktuak manipulatzeko edo kontserbatzeko kontratua: akordio bat da, eta, haren bidez, nekazaritza-, abeltzaintza- edo arrantza-sektoreko ekoizleak lehengaia entregatzen du, haren gaineko jabetza-eskubidea galdu gabe kontserbazio-prozesu osoan, eta jasotako zerbitzuak ordaintzen ditu. Industrialariak lehengaia kontserbatzen du (haren gordailuzaina da).

3. oinarria.– Pertsona onuradunak.

Agindu honetako laguntzen onuradun izan daitezke pertsona fisiko eta juridiko pribatuak, edozein dutela ere forma juridikoa, betiere legezko betekizunak eta oinarri hauetan ezarritako gainerakoak betetzen badituzte.

4. oinarria.– Laguntzaren zenbatekoa.

1.– Laguntzaren zenbatekoa izoztutako eta kontserbatutako produktuaren bolumen-unitateko finkatzen da, eta honela kalkulatzen da: kontserbatu beharreko elikagai-kopurua bider kostuaren modulu finkoa (eurotan kalkulatua), ezarritako unitateen arabera, agindu honetako eranskinean jasotzen den moduan.

2.– Laguntzak ez dira 800.000 eurotik gorakoak izango enpresa edo autonomo bakoitzeko (zergak eta bestelako atxikipenak kendu aurretik), betiere Covid-19aren testuinguruan ekonomia sustatzeko estatuen laguntza-neurriei buruzko C(2020) 1863 Aldi Baterako Esparruaren 22. eta 23. apartatuetan ezarritakoa betez. Halere, salbuespen hauek egingo dira:

a) Arrantza- eta nekazaritza- eta abeltzaintza-sektoreetan diharduen enpresa edo autonomo bakoitzeko, laguntzak 120.000 eurokoak izango dira gehienez.

b) Nekazaritza-produktuen ekoizpen primarioan diharduen enpresa edo autonomo bakoitzeko, laguntzak 100.000 eurokoak izango dira gehienez.

5. oinarria.– Baliabide ekonomikoak.

1.– Agindu honetan jasotako laguntzak finantzatzera bideratutako baliabide ekonomikoak Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorretan horretarako ezarrita dauden kredituetatik bakarrik etorriko dira, eta, guztira, bi milioi (2.000.000) eurokoak izango dira.

2.– Eman beharreko laguntzen guztizko bolumenak ez du gaindituko adierazitako zenbatekoa. Diru-zuzkidura hori handitu ahal izango da, kontuan hartuta eskatutako laguntzak guztira zenbatekoak diren eta aurrekontuetan zenbat diru geratzen den erabilgarri beste programa batzuk egikaritutakoan. Gehikuntza hori gertatuz gero, hasieran aurreikusitako zuzkidura agortu baino lehen egin beharko da, eta haren berri emango da Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordearen ebazpen baten bitartez.

6 oinarria.– Onuradun izateko betekizun orokorrak.

Agindu honetan araututako laguntzen onuradun izateko, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan ezarritako betekizunak eta beste hauek bete behar dira:

1.– Abenduaren 17ko 38/2003 Legearen 13. artikuluan jasotakoak:

a) Egunean izatea zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.

b) Eskabidean jakinaraztea ea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak edota haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasiera eman zaion itzultze- edo zehapen-prozeduraren batean sartuta dauden ala ez.

c) EAEko Administrazioak eta haren menpeko erakundeek emandako laguntzen edo dirulaguntzen esparruan, dirulaguntzak itzultzeko edo zehatzeko prozeduretako kantitate zehatzen ordainketari dagokionez egunean egotea. Betebehar horien ordainketak egunean dituztela ulertuko da, baldin eta zorrak atzeratuta eta zatituta badaude, eta, gainera, gaineratutako zor, interes eta gastu guztiak estaliko dituen bermea eratu bada.

d) Ez izatea dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zigor- edo administrazio-arloko epai irmorik, ezta horretarako legezko inolako debekurik ere, sexu-bereizkeriagatik ezarritako debekuak barnean direla.

e) Konkurtso-deklaraziorik eskatu ez izana, prozeduraren batean kaudimengabetzat deklaratuta ez egotea, konkurtsoan deklaratuta ez egotea, salbu eta horretan eraginkortasuna hartu badu hitzarmen batek, esku-hartze judizialaren eraginpean ez egotea, edo desgaitua ez egotea Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera, konkurtsoaren kalifikazio-epaian ezarritako desgaitze-aldia amaitu gabe.

f) Dirulaguntzak lortzeko aukera galduta ez izatea ebazpen irmo baten bidez ezarritako zehapena dela-eta, edo honako delitu hauetakoren bat egin izanagatik: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoak bidegabe erabiltzea, eragimen-trafikoa, iruzurrak eta legearen aurkako ordainarazpenak edo hirigintza-delituak.

g) Kausaren batean errudun deklaratua izateagatik, Administrazioarekin egindako kontraturen baten amaiera irmoa ebatzita ez izatea.

h) Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenak ez egotea Kargu publikodunen jokabide-kodea eta haien interes-gatazkak arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legean ezarritako kasuren batean, edo Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapen bidezko karguren bat ez izatea, lege horretan edo arlo hau arautzen duen araudi autonomikoan ezarritako baldintzetan.

i) Zerga-egoitza ez izatea erregelamenduz zerga-paradisu gisa kalifikatutako herrialde edo lurralde batean.

j) Berreskuratze agindu baten menpe ez egotea, Europako Batzordeak aurretiaz erabaki badu laguntza bat legez kanpokoa eta barne-merkatuarekin bateraezina dela.

2.– Aurreko paragrafoan aurreikusitakoez gain, beste betekizun hauek ere bete beharko dira:

a) Nekazaritza-, elikagai- edo arrantza-produktuak eraldatuz eta merkaturatuz gero, Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritza eta Elikagai Industrien Erregistroan inskribatuta egotea.

b) Bere ustiategiko lehen merkataritza-salmenta egiten duen nekazaritza- eta abeltzaintza-produktuen ekoizle primarioa izanez gero, Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritza Ustiategien Erregistro Nagusian inskribatuta egotea.

c) Arrantza- edo akuikultura-jardueraren bat eginez gero, jardueraren lehen salmenta egitea, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Arrantza Ontzidiaren Erroldan inskribatuta egotea.

d) Produktu freskoen kontserbazioa hirugarrenen instalazioetan egiten bada, produktua manipulatzeko edo kontserbatzeko kontratu bat formalizatu beharko dute, hura gordailutu aurretik, kontserbazio-instalazioak dauden zerbitzuaren hornitzaileak eta enpresa eskatzaileak, hau da, produktuaren jabeak.

e) Berdel izoztua garraiatu eta biltegiratuz gero, kontratu bat formalizatu beharko dute, ordainketa egin baino lehen, produktua ateratzen duen plantak eta hura hartzen duen hozte-plantak.

f) 2019ko abenduaren 31n enpresa krisialdian ez egotea, estatuek krisialdian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko ematen dituzten laguntzei buruzko zuzentarauen arabera (2014/C 249/01).

3.– Onuraduna izateko betekizunak atxiki beharko dituzte laguntza guztiz justifikatu eta/edo itzuli arte.

7. oinarria.– Eskabideak eta agiriak.

1.– Eskabideak aurkezteko epea agindu hau indarrean jartzen den egunean hasiko da; amaitu, berriz, funtsak erabat agortutakoan amaituko da, edo, bestela, 2020ko irailaren 30ean.

2.– Irailaren 23ko 179/2014 Dekretuaren 8. artikuluan eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14. artikuluko 2. eta 3. paragrafoetan xedatutakoa betez, pertsona juridikoek bide telematikoz aurkeztuko dituzte eskabideak, egoitza elektroniko honen bidez: www.euskadi.eus: (gaztelaniaz) https://www.euskadi.eus/y22-home/es/, (euskaraz) https://www.euskadi.eus/y22-home/eu/

Inprimaki-eredu normalizatua erabiliko da eskabideak aurkezteko, helbide hauetan eskuragarri dagoena: (gaztelaniaz) https://www.euskadi.eus/ayudas_appa/ (Erref.: 1102801) (euskaraz) https://www.euskadi.eus/laguntzak_naep/ (Erref.: 1102801).

Eskabidearen ondoko izapideak, bide elektronikoa erabiliz, hemen egin daitezke: (gaztelaniaz) https://www.euskadi.eus/micarpeta, (euskaraz) https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

Eskabidea, erantzukizunpeko adierazpena, justifikazioak eta gainerako dokumentuak nola izapidetu jakiteko zehaztapenak www.euskadi.eus egoitza elektronikoaren helbide honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus

Eskabidea ordezkari baten bitartez egiten bada, ordezkaritza egiaztatu beharko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 5. eta 6. artikuluetan xedatutakoaren arabera.

3.– Pertsona fisikoek modu elektronikoan aurkez ditzakete eskabideak:

– Modu elektronikoa: eskabideak euskadi.eus egoitza elektronikoan sartuta aurkeztuko dira, ebazpen honen 2. apartatuan adierazitako helbideen bidez.

4.– Laguntza-eskabidearen oinarrizko eredua https://www.euskadi.eus web-orrian egongo da eskuragarri, eta honako datu hauek bilduko ditu: enpresaren izena; haren forma juridikoa; zuzendaritza-organoen osaera, sexuaren arabera banakatua; egin beharreko ekintzen deskribapena, kokapena eta hasiera- eta amaiera-datak barnean direla, eta zenbat tona kontserbatu edo izoztu behar diren.

5.– Eskabide-orriarekin batera, eskatzaileek dokumentu hauek aurkeztu behar dituzte:

a) Pertsona juridikoek, erakundea eratzeko eskrituraren eta estatutuen kopia, dagokion erregistroan sartu dela adierazten duen zigilua jarrita.

b) Pertsona juridikoa izanez gero, zuzendaritza-organoen osaera egiaztatzen duen ziurtagiria.

c) Justifikatzeko memoria bat, behar bezala arrazoitua, honako hauek zehazten dituena:

1) Enpresak Covid-19ak eragindako krisiaren ondorioz bizi duen egoera zaila.

2) Zenbat elikagai fresko kontserbatu edo izoztu behar dituen, I. eranskineko unitate eta kategorien arabera sailkatuta.

3) Produktu freskoen kontserbazioa enpresaren instalazioetan bertan egiten bada, elikagaiak kontserbatzeko dituen biltegien deskribapen zehatza aurkeztu beharko da, honako hauek barnean direla: planoak eta kontserbaziorako erabiltzen den elementu bakoitzaren edukiera eta barrualdeko eta kanpoaldeko argazkiak; horietatik guztietatik, zalantzarik gabe ondorioztatu behar da instalazio horien eta enpresa eskatzailearen arteko lotura.

d) Produktu freskoen kontserbazioa hirugarrenen instalazioetan egiten bada, zinpeko adierazpena, non ziurtatzen baita ezen, ordainketa egin aurretik, produktua kontserbatzeko kontratu bat formalizatuko dela kontserbazio-instalazioak dauden zerbitzuaren hornitzailearekin.

e) Berdel izoztua garraiatu eta biltegiratuz gero, zinpeko adierazpena, non ziurtatzen baita ezen, ordainketa egin aurretik, kontratu bat formalizatuko dela produktua hartuko duen hozte-enpresarekin.

f) Erantzukizunpeko adierazpena, non ziurtatzen baita eskatzaileak agindu honetako betekizun guztiak betetzen dituela, aurkezten dituen agiriak egiazkoak direla, agindu honetako 6. oinarriko 1. paragrafoko d) letratik j) letrara bitartean eta 2. paragrafoko f) letran ezarritako betekizunak betetzen dituela, hori egiaztatzeko dokumentazioa duela eta Administrazioak eskatzen duenean haren esku utziko duela.

g) Beste edozein dokumentu, aukera emango duena in situ egiaztatzeko, egoerak horretarako modua ematen duenean, biltegiratutakoaren bolumena eta tipologia bat datozela erantzukizunpeko adierazpenean jasotakoarekin.

6.– Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzak automatikoki egiaztatuko du eskatzaileen NAN edo IFK eta egunea dituztela dagokien zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak. Hala ere, eskatzaileak berariaz uka dezake laguntza-eskabidean inplizituki dagoen baimen hori, eta, hala egiten badu, ziurtagiria edo eskatzen zaion agiria aurkeztu beharko du, betiere urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluaren 2. paragrafoan xedatutakoaren arabera.

7.– Oinarri honetako 7. paragrafoan eskatutako dokumentazioa administrazio honetan edo beste batean entregatzen denean eta eskatzaileak berariaz deklaratzen badu dokumentu horietan ez dela aldaketarik egin, horiek aurkeztutzat joko dira, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluko 3. paragrafoan ezarritakoarekin bat. Eskatzaileak adierazi beharko du zer administraziotan eta noiz aurkeztu dituen. Hala ere, eskatzaileak berariaz uka dezake laguntza-eskabidean inplizituki dagoen baimen hori, eta, hala egiten badu, dokumentazioa aurkeztu beharko du.

8.– Laguntza jasotzeko eskabidea nahi den hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango da, eskatutako dokumentazioarekin batera. Ildo horretatik, eskatzaile bakoitzak hautatutako hizkuntza erabiliko da eskabidea aurkeztu ondoko jardueretan, prozedurak irauten duen bitartean, Euskararen erabilera normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legeari jarraikiz.

9.– Eskabideak betekizun guztiak betetzen ez baditu, interesdunari jakinaraziko zaio hamar egun balioduneko epea duela hutsa zuzentzeko edo beharrezko diren agiriak eransteko. Halaber, adieraziko zaio horrela egin ezean atzera egin duela ulertuko dela, hirugarrenen altaren kasuan izan ezik, Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariak ebazpena eman ondoren Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

10.– Edonola ere, Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzak, eskabidean adierazitakoa egoki ulertzeko, ebaluatzeko eta eskabidea izapidetzeko, beharrezkotzat jotzen dituen bestelako argibide edo agiri osagarriak eskatu ahal izango dizkio eskatzaileari.

8. oinarria.– Laguntzen kudeaketa.

1.– Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzak izango du agindu honetan araututako laguntzak kudeatzeko eskumena.

2.– Aurkeztutako proiektuak zer arlotakoak diren, Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako Sailburuordetzaren mendeko zuzendaritza batek edo besteak egiaztatuko du eskabide bakoitzean agindu honetako betekizunak betetzen direla, eta berariaz jasota utziko dute hori. Ondoren, ebazpen-proposamen bat egingo diote Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariari.

9. oinarria.– Esleitzeko prozedura.

1.– Agindu honetan araututako laguntzak ondoz ondoko lehiaketa bidez esleituko dira. Laguntza modu ordenatuan esleituko da, eskabidea eta eskatutako dokumentazio guztia aurkeztu diren dataren arabera, funtsak guztiz agortu arte.

2.– Laguntzetara bideraturiko aurrekontua agortuz gero, egoera horren berri emango da Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariaren ebazpen baten bidez, zeina argitara emango baita Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.

3.– Dagoeneko osorik aurkeztu diren eta izapide-fasean dauden eskabideak, esleitutako aurrekontu-zuzkidura agortzeagatik erantzun ezin direnak, ukatu egingo dira arrazoi hori dela-eta, Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariaren ebazpen baten bidez.

10. oinarria.– Ebazpena, ebazteko eta jakinarazteko epeak, jakinarazteko era eta errekurtsoak.

1.– Agindu honen 8. oinarrian aurreikusitako proposamena jaso ostean, Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariak ebazpena emango du, eta, hor, laguntza eman edo ukatuko zaio eskatzaileari.

2.– Ebazpenak informazio hau jaso beharko du, gutxienez:

A) Baietsitako eskabideei dagokienez:

1) Onuradunaren izena edo sozietate-izena.

2) Dirulaguntzaren zenbatekoa.

3.– Operazioaren izaera, hau da: C(2020) 1863 Komunikazioaren aldi baterako esparrua aipatuko da, non aurreikusten baita aldi baterako laguntzak ematea Covid-19ak eragindako osasun publikoko larrialdi-egoera dela eta.

B) Laguntzak ukatzeko ebazpenean, alderdi hauek zehaztu beharko dira:

1) Eskatzailearen izena edo sozietatearen izena, IFZ edo nortasun-agiria.

2) Laguntza ukatzeko arrazoiak.

3.– Zehapen-prozeduraren batean edo dirulaguntzen itzultze-prozeduraren batean egonez gero, hura amaituta izan beharko da dirulaguntza eman ahal izateko. Prozeduraren ondorioz laguntza publikoak jasotzeko desgaikuntza edo itzultzeko betebeharra ezartzen bada, baldintzapean emandako laguntza indargabetu egingo da, itzulketa ez bada borondatezko aldian egiten, onuradun izateko debekua dakarten egoeretako batean egoteagatik.

4.– Ebazpena banaka eman eta jakinaraziko da, gehienez ere hiru hileko epean eskabidea eta dokumentazio osoa aurkezten direnetik aurrera. Epe hori igarota, ebazpen espresurik ez badago, eskabideak baietsi egin direla ulertu beharko dute interesdunek, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 24. artikuluan xedatutakoaren arabera.

5.– Prozeduraren ebazpenaren aurka, gorako errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako Sailburuordetzako titularrari, hilabeteko epean, ebazpenaren jakinarazpena jasotzen dutenetik aurrera, edo, edozein unetan, administrazio-isiltasunaren ondorioak gertatu eta hurrengo egunetik aurrera, betiere Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluekin bat.

6.– Laguntzei buruzko ebazpena banan-banan jakinaraziko da, eta, gainera, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara emango da, Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordearen ebazpen baten bidez, emandako dirulaguntzen eta laguntza jasoko duten pertsonen zerrenda, bai eta diruz lagundutako proiektuak eta horiei dagozkien zenbatekoak ere, herritarrak jakinaren gainean egon daitezen.

11. oinarria – Onuradunen betebeharrak.

Agindu honek arautzen dituen laguntzen onuradunek artikulu honetan ezarritako betebeharrak bete behar dituzte, hau da, honako hauek: Dirulaguntzei buruzko 2003ko abenduaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetako betebeharrak, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.2 artikuluko betebeharrak eta laguntza ezberdinen betebehar espezifikoak; hauek dira horiek guztiak:

1.– Dirulaguntza zertarako eman den, xede horrexetarako erabiltzea.

2.– Emandako dirulaguntza onartzea. Alde horretatik, baldin eta dirulaguntza eman izanaren jakinarazpena hartu eta hamabost egunean onuradunek ez badiote berariaz uko egiten, onartu egiten dutela ulertuko da.

3.– Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzari jakinaraztea jarduera gauzatu dela eta haren esku jartzea hala egin dela egiaztatzeko beharrezkoak diren agiri guztiak.

4.– Dirulaguntza emateko kontuan hartzen den egoera subjektibo edo objektiboren bat aldatzen bada, aldaketaren berri ematea Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzari.

5.– Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailari, Ogasun eta Ekonomia Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari jasotako laguntzak nola erabili diren eta haien helburuak bete diren fiskalizatzeko eskatzen duten informazio guztia ematea.

6.– Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzari idatziz jakinaraztea diruz laguntzen den ekintza bera finantzatzeko beste dirulaguntza edo laguntza batzuk eskatu dizkiotela administrazioren bati edo beste erakunde publiko edo pribaturen bati, eta, hala badagokio, laguntzok eskuratu dituztela, hori gertatu eta hamabost eguneko epean, hargatik eragotzi gabe agindu honen 6. oinarriaren 1. paragrafoko b) apartatuan xedatzen dena.

7.– Jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatzen duten agiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatzeko eta kontrolatzeko ekintzetan erabil baitaitezke.

12. oinarria.– Gauzatzeko epea.

Laguntzaren xede diren ekintzak 2020ko abenduaren 31 baino lehen gauzatu beharko dira, eta, hasi, martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretua indarrean jartzen den egunetik has daitezke gauzatzen, hau da, 2020ko martxoaren 14tik (463/2020 Errege Dekretuaren bidez, alarma-egoera deklaratzen da Estatuko lurralde osoan, Covid-19 koronabirusak eragindako osasun-larrialdiko egoerari aurre egiteko).

13. oinarria.– Gastua justifikatzea.

1.– Dirulaguntzei buruzko abenduaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 30. artikulua betez, laguntza jaso duen gastua gauzatu dela eta onuradun izateko eskatutako betekizun eta baldintzak betetzen direla justifikatzeko, agiri hauek aurkeztu beharko dizkio onuradunak Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzari:

a) Kontserbazioa enpresaren instalazioetan bertan egiten bada, erantzukizunpeko adierazpena, non zehaztuko baita produktuaren zer kopuru duen laguntza ematen zaion unean, agindu honetan ezarritakoari jarraituz, eta eranskinean finkatutako kategorien arabera, eta zer kopuru zuen laguntza eskatu baino lehen.

b) Produktu freskoen kontserbazioa hirugarrenen instalazioetan egiten bada, produktua kontserbatzeko kontratuaren kopia, kontserbazio-instalazioak dauden zerbitzuaren hornitzaileak eta produktuaren jabe den enpresa eskatzaileak sinatua. Kontratu horretan, kontserbatu beharreko produktu-kopurua zehaztuko da.

c) Berdel izoztua garraiatuz eta biltegiratuz gero, produktua ateratzen duen enpresaren eta produktua hartzen duen hozte-enpresaren arteko kontratuaren kopia, non zehaztuko baita biltegiratutako produktuaren kopurua.

d) Erantzukizunpeko adierazpena, laguntza eskuratzeko zerrendatutako betekizunak betetzen direla dioena.

2.– Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzak automatikoki eta ofizioz egiaztatuko du zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean daudela. Hala eta guztiz ere, eskatzaileak berariaz uka dezake baimen hori, eta, hala egiten badu, dagokion ziurtagiria edo eskatutako agiria aurkeztu beharko du.

3.– Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariak agiri gehiago eskatu ahal izango ditu, egoki baderitzo. Eskaera horrek arrazoitua izan beharko du.

4.– Egoerak horretarako aukera ematen duenean, Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako Sailburuordetzaren mendeko zuzendaritzetako langileek egiaztapena in situ egingo dute, erantzukizunpeko adierazpenarekin alderatzeko, eta amaierako ziurtagiri bat egingo dute laguntzaren xede den jardueraren exekuzioari buruz.

Erantzukizunpeko adierazpena eta in situ egiaztatutakoa bat ez badatoz, 39/2015 Legearen 69. artikuluan aurreikusitakoa aplikatuko da.

5.– Kudeaketa egokia eta laguntzen ordainketa bermatzeko, justifikazio-agiriak aurkezteko gehieneko epea bi hilabetekoa izango da, gastua amaitzeko egunetik aurrera, eta, beranduenez, 2020ko abenduaren 31n bukatuko da.

14. oinarria.– Ordainketa.

1.– Laguntza agindu honetako 13. oinarrian ezarritako baldintzetan justifikatu ondoren eta Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzako teknikariek ziurtapena egin ondoren ordainduko dira laguntzak.

Behin betiko egiaztatutako zenbatekoa bat ez badator hasieran emandakoarekin, hurrengo oinarriko 3. apartatuan aurreikusitakoa beteko da.

15. oinarria.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.

1.– Beste erakunde publiko nahiz pribatu batetik jarduera bererako beste laguntza edo dirulaguntzaren bat (edo bestelako diru-sarrera edo baliabideren bat) jasoz gero, idatziz justifikatu eta jakinarazi beharko zaio Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzari, eta, horren ondorioz, gerta liteke dirulaguntza emateko ebazpena aldatzea; kasu horretan, dena dela, dekretu honetan ezarritako gutxieneko eskakizunak eta laguntza ematea eragin zuen xedea bete behar izango dira. Horretarako, Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariak dagokion ebazpena aldatzeko ebazpena emango du, emandako dirulaguntzaren zenbatekoak oinarri berrira egokitzeko, eta, hala badagokio, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak arautzen duen itzulketa-prozedura hasiko du.

2.– Diruz lagundutako jardueran egiten dituen aldaketak idatziz jakinarazi eta behar bezala justifikatu beharko ditu onuradunak, Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzaren aurrean.

Aurkeztu eta dirulaguntza eman zaion jardueran aldaketa funtsezkoak egiten badira, Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariak onartu beharko ditu ebazpen baten bidez. Funtsezko aldaketatzat joko da II. eranskinean jasotako produktuak aldatzea.

Aldaketak direla-eta ez da inoiz emandako laguntza handituko. Aldaketak funtsezkoak ez direnean, ez da beharrezkoa izango Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariak ebazpen baten bidez haiek onartzea.

3.– Baldin eta egindako gastuaren behin betiko benetako kostua txikiagoa bada dirulaguntza emateko kontuan hartu zena baino, eta betiere laguntza helburu bererako erabiltzen bada, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, dagokion proportzioan, Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariaren likidazio-ebazpen baten bidez, eta, gero, oinarri berriari aplikatuko zaio dirulaguntza.

16. oinarria.– Atzera egitea eta uko egitea.

1.– Eskatzaileek atzera egin ahalko dute, betiere laguntzak emateko prozeduraren ebazpena jakinarazi aurretik. Horretarako, atzera egiteko eskabidea helarazi beharko diote Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariari, idatziz, eta hark, ebazpen baten bidez, bete-betean onartuko du eskabidea, eta amaitutzat emango du prozedura.

2.– Onuradunek laguntzari uko egin ahal izango diote, laguntza onartu ondoren ere (agindu honen 11. oinarriko 2. zenbakian ezarritako betebeharrari jarraikiz, emandako laguntza onartzeko betebeharra dute onuradunek), baina nolanahi ere, jarduera amaitu aurretik, eta baldin eta Administrazioak inolako ordainketarik egin ez badu. Horretarako, emandako laguntzei uko egiteko eskaera helarazi beharko diote Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariari, idatziz, eta hark, ebazpen baten bidez, bete-betean onartuko du eskaera, eta amaitutzat emango du hari dagokion prozedura.

Ukoa onartuta, onuradunak automatikoki galduko du ebazpen bidez onartutako eskubidea, bai eta emandako laguntza kobratzeko eskubidea ere.

17. artikulua.– Ez-betetzeak eta laguntza itzultzea.

1.– Ez-betetzeen kausak izango dira, gutxienez, hauek guztiak:

a) Agindu honetan ezarritako betebeharretako edozein ez betetzea.

b) Dirulaguntza emateko ebazpenean ezartzen diren baldintzak, halakorik izanez gero, ez betetzea.

c) Laguntza emateko xedea ez betetzea.

d) Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 53. artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko 2003ko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan aurreikusitako itzulketa-kausaren bat denean.

2.– Onuraduna aurreko apartatuan zerrendatutako ez-betetzeen kausetako baten egoeran egongo balitz, Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzak, 15 eguneko epean, interesdunari entzunaldia emango dion ez-betetze espedientea egin ondoren, egokitzat jotzen dituen alegazioak egin ditzan, ebazpen baten bidez, dirulaguntza jasotzeko eskubidea kenduko dio onuradunari, partez edo osorik, eta, hala badagokio, kobratu dituen laguntzak eta dirulaguntzen arloan aplikatu beharreko berandutze-interesak itzuli beharko dizkio onuradunak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari, partez edo osorik, jardueraren gauzatze-mailaren proportzioan, Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53. artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan xedatuarekin bat. Gainera, dagozkion gainerako neurriak hartuko dira.

Aipatutako diru-kopuruak diru-sarrera publikotzat hartuko dira lege-ondorio guztietarako.

3.– Arau-hauste administratibotzat har daitezkeen gertakarien ondorioz hasten bada itzultze-prozedura, organo eskudunari jakinarazi behar zaizkio gertakariok, dagokion zehapen-prozedura has dezan.

18. oinarria.– Bateragarritasunak.

Europako Erkidegoaren Aldi Baterako Esparruan aurreikusitakoarekin bat etorriz, agindu honetako laguntzak beste batzuekin bateragarriak izango dira, bai eta Batzordearen minimis-laguntzei buruzko 1407/2013 (EB) Erregelamenduaren (2013-12-24ko DO L 352) aplikazio-eremuan sartzen diren laguntzekin ere.

Agindu honen bidez emandako laguntzari Administrazio honek edo beste batek emandako beste laguntza bateragarri bat gehitzen bazaio diruz lagundutako gastu berberetarako, betiere Batzordearen Komunikazioaren Aldi Baterako Esparruan, komunikazio horretan laguntzetarako ezarritako gehieneko zenbatekoak errespetatu beharko dira (Aldi Baterako Esparru hori Covid-19aren egungo agerraldiaren testuinguruan ekonomia sustatzeko estatuen laguntza-neurriei buruzkoa da).

19. oinarria.– Datuen babesa.

Datu Pertsonalak Babesteko eta eskubide digitalak bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan eta indarreko gainerako araudian xedatutakoarekin bat etorriz tratatuko dira datu pertsonalak.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala