Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

74. zk., 2020ko apirilaren 20a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Prestatu eta trebatzeko ikastaroak

OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUA
1870

290/2020 EBAZPENA, apirilaren 8koa, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiarena, hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko 2020ko ohiko lehenengo deialdia (51/2020 Ebazpenean argitaratua) indarrik gabe uzten duena.

Ebazpen hau honako egitate hauetan oinarritzen da:

AURREKARIAK

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiaren 2020ko urtarrilaren 31ko 51/2020 Ebazpenaren bidez, EHAAn 2020ko otsailaren 18an argitaratuta, hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko azterketen 2020ko lehenengo deialdia egin zen.

Deialdi hori, 2020ko lehen seihilekoari dagokiona, garatzen joan da, eta, gaur egun, dagoeneko igaro da parte hartu nahi duten pertsonek eskabideak aurkezteko epea, eta deialdi horretan onartutako eta baztertutakoen behin betiko zerrenda martxoaren 18an 161/2020 ebazpenean argitaratu izan da.

Proba idatzia Barakaldoko BECen maiatzaren 9an egingo zela iragarri zen.

Deialdia argitaratu zenetik, garrantzi bereziko inguruabarrak gertatu dira Covid-19 birusa hedatzearen ondoriozko osasun-larrialdia dela eta. Horren ondorioak izan dira, lehenik eta behin, martxoaren 13ko 6/2020 Dekretuaren bidez lehendakariak bere gain hartu zuela Euskadiko Larrialdietako Bide Babes Zibileko Planean jasotako larrialdiko jardueren zuzendaritza bakarra eta koordinazioa eta, ondoren, martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren bidez alarma egoera ezarri zela.

Arau horiek guztiek, eta horiek osatzen eta garatzen dituzten beste arau eta plan guztiek, birusaren hedapenari eusteko ezohiko eta premiazko neurriak hartzeko beharra azpimarratzen dute. Neurri horien artean, leku nabarmena hartzen dute urruntze sozialari buruzko neurriek, pertsonak elkartzea eta haien arteko hurbiltasun hutsa dakarten jarduerak saihestuz.

Pentsatzekoa da, deialdi horren proba idatzia denboran hain hurbil egonik, ekitaldi jendetsuak egitea eragozten edo gomendatzen ez duten neurrien aurrean egongo garela oraindik, hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko proba horien kasuan bezala.

Horrela, bada, eta pertsonen bizitza eta osasuna zaintzeko beharrari erreparatuta, beharrezkoa da hain data hurbiletan ekitaldi jendetsuak egiteko biderik ez ematea. 2020ko bigarren seihilekoan Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuak beste deialdi bat egin behar duenez hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko, hurrengo hilabeteetarako lehen seihilekoko deialdiko azterketak atzeratzeak hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko helburu bereko bi prozesu ia aldi berean garatzea ekarriko luke.

Egoera hori izanik, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiaren 2020ko urtarrilaren 31ko 51/2020 Ebazpenaren bidez, EHAAn 2020ko otsailaren 18an argitaratuta, hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko azterketen 2020ko lehenengo deialdia ondoriorik gabe utzi behar da.

Deialdian jada egindako egintzei ahalik eta baliorik handiena emateko, eta deialdian parte hartu duten pertsonen onurarako, ondoriorik gabe geratu behar den urteko lehen seihilekoko deialdian parte hartzeko onartutako eskabideak kontuan hartuko dira bigarren seihilekoko deialdian, eta interesdunek ez dituzte berriz aurkeztu behar; salbu eta eskabide horien titularrek bigarren seihilekoko deialdian sartzerik ez dutela nahi adierazten badute.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Martxoaren 18ko 67/2003 Dekretuak, orobat ezartzen du Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuak eskumena duela hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko probak egiteko, Entitate horrek helburu zehatz horrekin deituko dituen bai ohiko deialdi bai ohiz kanpoko deialdien bidez.

Azaldutako guztiagatik eta emandako ahalmenak erabiliz, hau

EBATZI DUT:

Lehenengo artikulua.– Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiaren 2020ko urtarrilaren 31ko 51/2020 Ebazpenaren bidez, EHAAn 2020ko otsailaren 18an argitaratuta, hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko azterketen 2020ko lehenengo deialdia indarrik gabe uztea.

Bigarren artikulua.– Indarrik gabe uzten den hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko deialdian parte hartzeko behin betiko 161/2020 Ebazpenean onartu diren eskabideak, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko bigarren deialdian aurkeztutako eskabide gisa hartuko dira kontuan, baldin eta eskabide horien titularrek aurkakotasunik adierazten ez badute.

Hirugarren artikulua.– Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiaren Ebazpen honen kontra gora jotzeko errekurtsoa jarri ahalko zaio Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Administrazio Kontseiluari, urriaren 1eko Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 121. eta hurrengo artikuluen arabera, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko apirilaren 8a.

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusia,

JUAN LUIS DIEGO CASALS.


Azterketa dokumentala