Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

73. zk., 2020ko apirilaren 17a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
1866

54/2020 DEKRETUA, apirilaren 14koa, zeinaren bidez urgentziako deklaratzen baita Gipuzkoako Foru Aldundiak, nahitaez desjabetzeko, honako eskubide eta ondasun hauek okupatzea: Mutrikun, GI-638 errepideko 7,300 KP-an oinezkoen pasabidearen segurtasuna hobetzeko proiektua (8-SV-118/2018) burutzeko beharrezko ondasunak eta eskubideak.

Gipuzkoako Foru Aldundiak, «GI-638 errepideko 7,300 KP-an oinezkoen pasabidearen segurtasuna hobetzeko proiektua (8-SV-118/2018)» delakoaren espedientea formalki onartu eta gero, proiektua gauzatzeko lur guztiak erabiltzeko beharra adierazi zuen.

2019ko ekainaren 28an, Gipuzkoako Foru Aldundiak erabaki zuen nahitaezko desjabetze-espedientea hastea eta ondasunen eta eskubideen zerrenda jendaurrean jartzea, hilabeteko epean, prentsan eta 2019ko uztailaren 9ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean (130. zk.). Geroago, 2019ko urriaren 1ean egindako bilkuran, Gipuzkoako Foru Aldundiak erabaki zuen Eusko Jaurlaritzari eskatzea proiektuak eragiten dien eskubideak eta ondasunak okupatzeko premiazkotasunaren adierazpena, Nahitaezko Desjabetzearen Legearen 52. artikuluan ezarritakoa betetzeko.

Urgentziaz okupatu beharreko ondasunak eta eskubideak zehaztuta eta banakatuta agertzen dira dosierrean jasotako zerrendan, identifikazioak egiteko datu askirekin agertu ere. Zerrenda hori jendaurrean jarri zen egoki zenean, eta ez zen alegaziorik aurkeztu, administrazio-espedientean adierazten denez.

Zerbitzu teknikoek ikusi dutenez, ez dago espedientea izapidetzeko inolako hirigintza-oztoporik.

Ondasun eta eskubide horiek okupatzea luzaezintzat jotzen da, honako arrazoi hauengatik:

GI-638 errepidearen 7,300 KPan, Saturraran hondartzara joateko udal-bidearen alboan, bi autobus geltoki daude, bana errepidearen alde bakoitzean. Bi geltokiek markesinak dituzte, baina ez dute espaloirik, eta ez dago oinezkoentzako inolako loturarik bien artean. Hori dela eta, garraioa puntu hauetan hartu edo uzten duten bidaiarien kopuru handi batek GI-638 errepidea gurutzatu beharra du, segurtasun-baldintza eskasetan.

Adierazitakoaren ondorioz, errepidearen gune horren inguruan arrisku handiko egoerak sortzen dira, hala nola autobus geltokitik hondartzarako bidean, edo alderantzizko bidean, errepidea gurutzatzen duten oinezkoak harrapatzea.

Arrisku egoera hori ezabatzeko eta, horrela, inguruko bide-segurtasuna hobetzeko, honako hauek proiektatu dira: oinezkoentzako bidegurutze semaforatu bat eta autobus geltokiaren zerbitzurako espaloi txiki bat.

Bide-arazo hori lehenbailehen konpontzeko, beharrezkotzat eta premiazkotzat jotzen da proiektuan jasotako lanak egitea.

Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 26.1.f artikuluan xedatzen denez, Eusko Jaurlaritzari dagokio: nahitaez desjabetu beharreko ondasunak eta eskubideak urgentziaz okupatu behar direla deklaratzea, nahitaezko desjabetzeak honako hauek hartzen dituenean: burutze-unitate osoak, lurraldearen hirigintza-antolaketari dagozkion sistema orokorrak edo antolaketa horren elementuren bat eta hiri-lurzoruan egin beharreko banakako jarduketak. Goian aipatutako lege horren 26.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, lurralde-antolamenduaren eskumenak dituen sailburuari zegokion horretarako proposamena aurkeztea Jaurlaritzaren Kontseiluari.

Hori dela eta, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuak proposaturik, Gobernu Kontseiluak 2020ko apirilaren 14ko bilkuran gaia aztertu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

Artikulu bakarra.– Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan eta Euskal Herriko Lurralde Antolakuntzari buruzko Legearen 26. artikuluan xedatutakoari jarraituz, nahitaez desjabetzeko, «GI-638 errepideko 7,300 KP-an oinezkoen pasabidearen segurtasuna hobetzeko proiektua (8-SV-118/2018)» burutzeko beharrezkoak diren ondasun eta eskubideak Gipuzkoako Foru Aldundiak urgentziaz okupatu beharrekoak direla deklaratzea. Berariaz hasarazitako espedientean jasotako zerrendan daude zehaztuta eta banakatuta ondasun eta eskubide horiek.

AZKEN XEDAPENA

Dekretu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, aurretiaz berraztertze-errekurtsoa jar dakioke Gobernu Kontseiluari, hilabeteko epean, edo, bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Epeok dekretu hau argitaratu eta biharamunean hasiko dira.

Vitoria-Gasteizen, 2020ko apirilaren 14an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburua,

IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.


Azterketa dokumentala