Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

73. zk., 2020ko apirilaren 17a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA AZPIEGITURA SAILA
1865

EBAZPENA, 2020ko martxoaren 30ekoa, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren Gipuzkoako lurralde-ordezkariarena, zeinaren bidez baimentzen baita «E.R.M. MOP16/MOP5 erregulazioko eta neurketako estazio berria eta konexioak» izeneko instalazioa ezartzea, eta haren onura publikoa deklaratzen baita, Eibarko udalerrian.

Espediente-zenbakia: 20CGY 201900008.

AURREKARIAK

1.– 2019ko azaroaren 22an, Nortegas Energía Distribución SAUk eskatu zuen, batetik, Eibarko udalerrian «E.R.M. MOP16/MOP5 erregulazioko eta neurketako estazio berria eta konexioak» izeneko instalazioa ezartzeko administrazio-baimena ematea, eta, bestetik, haren onura publikoa deklaratzea.

2.– Hidrokarburoen sektoreari buruzko urriaren 7ko 34/1998 Legean aurreikusitakoaren ondorioetarako, espedienteak jendaurreko izapideak izan zituen, haren iragarkia honako leku hauetan argitaratu baitzen: 2019ko abenduaren 26tik 2020ko urtarrilaren 28ra, Eibarko Udalaren iragarki-taulan; 2020ko urtarrilaren 16an, GAOn; 2020ko urtarrilaren 8an, EHAAn; www.euskadi.eus web-orrialdean, eta 2020ko urtarrilaren 16an, Diario Vasco egunkarian.

3.– 2019ko abenduaren 10ean, proiektuaren separatak bidali zitzaizkien Eibarko Udalari eta URA-Uraren Euskal Agentziari, baimenaren alde edo aurka ba ote zeuden adierazteko, eta, hala iritziz gero, baldintza teknikoak ezar zitzaten.

4.– Ezarritako epean, ez zen aurkeztu ez oposiziorik, eta ez proiektuari jarritako baldintza teknikorik ere.

5.– Informazioa jendaurrean jartzeko epearen barruan ere ez zen alegazio-idazkirik aurkeztu.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

1.– Gasa banatzeko sareak eraiki aurretik administrazio-baimena eskatu beharra honako lau lege-xedapen hauetan dago xedatuta: Hidrokarburoen sektoreari buruzko urriaren 7ko 34/1998 Legea; Gas naturala garraiatzeko, banatzeko, merkaturatzeko eta hornitzeko jarduerak eta gas naturaleko instalazioak baimentzeko prozedurak arautzen dituen abenduaren 27ko 1434/2002 Errege Dekretua; Gas-erregaien erabilerari eta banaketari buruzko arautegi teknikoa onartzen duen uztailaren 28ko 919/2006 Errege Dekretua; Gas kanalizatuko zerbitzu publikoaren instalazioak zerbitzuan jartzeari eta baimentzeari buruzko ekainaren 9ko 107/1998 Dekretua.

2.– Urriaren 7ko 34/1998 Legeak aitortzen du onura publikokoak direla hodi bidez gas-erregaia banatzeko IV. tituluan aipatzen diren instalazioak.

3.– Ebazpen hau Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren zuzendariaren 2018ko martxoaren 16ko Ebazpenarekin bat etorriz eman da, zeinaren bidez Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saileko lurralde-ordezkaritzen esku uzten baita energiaren, industria-administrazioaren eta industria-segurtasunaren arloetako zenbait gairen eskumena.

Aipatutako lege-manuak eta oro har aplikatu beharreko gainerako arauak ikusita, Gipuzkoako lurralde-ordezkariak honako hau:

EBAZTEN DU:

1.– Baimena ematea Nortegas Energía Distribución SAUri, «E.R.M. MOP16/MOP5 erregulazioko eta neurketako estazio berria eta konexioak» izeneko instalazioa ezar dezan, Eibarko udalerrian.

2.– Baimentzen diren instalazioak onura publikoko deklaratzea; izan ere, deklarazio horrek berekin dakar, urriaren 7ko 34/1998 Legearen 105. artikuluan xedatutakoaren indarrez (1998-10-08ko BOE), eraginpeko ondasunak okupatu edo eskubideak hartu beharra; eta, halaber, premiazko okupazioa egin eta ondorioak ezarri beharra dakar, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko 1954ko abenduaren 16ko Legearen 52. artikuluak premiaz okupatzeko deklaraziorako xedatutakoarekin bat etorrita.

Ebazpen hau 107/1998 Dekretuan ezarritakoarekin eta honako baldintza orokor hauekin bat etorrita eman da:

1.– Baimentzen den instalazioa proiektu honen eta haren aldatze-eranskinaren arabera egin beharko da: «E.R.M. MOP16/MOP5 erregulazioko eta neurketako estazio berria eta konexioak» izeneko proiektua, Eibarko udalerrian; egilea: Joaquín Costa Moreno industria-ingeniaria.

2.– Instalazioek bete beharko dute, batetik, gas-erregaiak erabiltzeko eta banatzeko arautegi teknikoan eta haren jarraibide tekniko osagarrietan xedatutakoa (uztailaren 28ko 919/2006 Errege Dekretua) eta, bestetik, bete beharreko bestelako xedapen eta arau teknikoak.

3.– Dagokion baimena lortu beharko da onartutako proiektuan dauden oinarrizko datuei eragiten dieten aldakuntzak sartzeko.

4.– Baimendutako instalazioak eraikitzeko epea baimena eman eta hiru urtekoa izango da.

5.– Baldin eta indarrean dauden xedapenen arabera azterketa, saio edo proba orokorrik nahiz zatikorik egin behar bada instalazioetan, behar besteko aurrerapenez jakinarazi beharko zaio Gipuzkoako Lurralde Ordezkaritzari.

6.– Instalazioak bukatuta, honako agiri hauek aurkeztuko dira Gipuzkoako Lurralde Ordezkaritzan: lanen zuzendaritzaren ziurtagiriak, proben aktak (erregistro grafikoekin) eta as-built planoak.

7.– Nortegas Energía Distribución SAUk lurralde-ordezkaritza honi jakinarazi beharko dio instalazioak amaitu direla, behin betiko gainbegiratu dezan eta martxan jartzeko akta egin dezan, hori barik ezin izango baita funtzionatzen hasi.

8.– Baimen hau ematen da, hain zuzen ere, obrak egiteko beharrezko diren udal edo probintzien eskumenpeko baimenak edo lizentziak eta gainerakoenak errespetatuta, eta eskatzailea ez da salbuetsita egongo haiek eskuratzeko obligaziotik.

Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beronen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar dakioke Industriako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita, hala ezarrita baitago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluan eta hurrengoetan.

Donostia, 2020ko martxoaren 30a.

Gipuzkoako lurralde-ordezkaria,

JOAKIN TELLERIA AGIRREZABALA.


Azterketa dokumentala