Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

73. zk., 2020ko apirilaren 17a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA AZPIEGITURA SAILA
1864

AGINDUA, 2020ko apirilaren 8koa, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuarena, zeinaren bidez arautzen baita Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren zenbait laguntza-programa «in situ» ziurtatzeko baldintza atzeratzeko eskaera.

Covid-19aren hedapen azkarra inoiz ez bezalako osasun-alerta egoera sortzen ari da, eta eragindako pertsonak asko izateak hedapenaren aurkako borrokan etengabe aritzea ekarri du, pertsonen osasunean eragin nabarmena du eta.

Eusko Jaurlaritza etengabeko monitorizazioa egiten ari da, Covid-19 koronabirusa dela-eta Eusko Jaurlaritzak modu koordinatuan jarduteko otsailaren 27an sortutako Sailarteko Mahaiaren eta erakundearteko foroen bitartez, eta neurriak, gomendioak eta betebeharrak ezartzen ari da, Euskadin birusaren hedapena eta eragina mugatzeko.

2020ko martxoaren 11n, Osasunaren Mundu Erakundeak Covid-19aren hedapena nazioarteko pandemiatzat jo zuen, munduan nola zabaltzen ari zen ikusita.

2020ko martxoaren 13an, Segurtasuneko sailburuak erabaki zuen, Osasuneko sailburuaren eskariz, Euskadiko Babes Zibilaren Plana formalki aktibatzea, Covid-19aren hedapenak eragindako alerta sanitarioaren aurrean.

Testuinguru horretan, lehendakariak iragarri zuen 300 milioi euroko funts instituzional bat sortuko zela, osasun-sistema eta hezkuntza-sistema indartzeko eta familiei, enpresei eta enpleguari laguntzeko.

Bestalde, 2020ko martxoaren 14an, Espainiako Gobernuak alarma-egoera deklaratzea erabaki zuen, Covid-19ak eragindako krisi sanitarioa kudeatzeko.

Eusko Jaurlaritzaren lehentasuna Covid-19aren hedapena mugatzea eta pertsonen osasuna zaintzea bada ere, krisialdi honen ondorioak gure ekonomiaren ekoizpen-sektoreetara ere iritsi dira, bai eta gure industriara ere, euskal gizarte osoarentzako enplegu- eta ongizate-iturrira. Barne-produktu gordinaren ia % 25 eta enpleguaren % 19 baita.

Enpresak, langileen osasuna lehentasuntzat dutenak, jarduerarik gabeko aldiak izaten ari dira, salmenten edo eskaeren bolumena murrizten ari da edo hornidura-katea eteten ari da. Horrek guztiak, besteak beste, likidezia-arazoak sor ditzake orain eta hurrengo hilabeteetan, arriskuan jarriz enpresen funtzionamendu normala eta, kasu batzuetan, haien bideragarritasuna bera ere. Hori guztia ezohiko, bat-batean sortutako eta maila globaleko testuinguru batean.

Eusko Jaurlaritzak, Covid-19ak eragindako krisiaren ondorio ekonomikoen aurkako borrokan inplikatutako enpresaburuak eta langileak egiten ari diren ahaleginetan laguntzeko asmoz, finkatu egin nahi ditu produktua eta merkatua badutelako lehiakorrak izan litezkeen enpresak edo jarduera-sektoreak, guztiz ezohikoa, bat-batean sortutakoa eta maila globalekoa den egoera baten ondorioak jasaten baitituzte.

Horrela, garatu daitezkeen likidezia-neurrien osagarri gisa, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak, zenbait laguntza-programaren kudeatzailea eta sustatzailea den aldetik, beharrezkotzat jotzen du programak jasotzen dituzten enpresei aukera ematea eska dezaten in situ ikuskapenaren beharrik gabe egindako inbertsioak ordaintzeko in situ ziurtagiriaren baldintza atzeratzea (baldin eta programa horietan ezartzen bada ordainketa egin aurretik in situ ikuskatu behar direla deklaratu diren inbertsioak, zernahi deialditakoak direlarik ere).

Azaldutako arrazoiengatik, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Ordainketak aurreratzea.

1.– 2020ko ekitaldian gauzatzeko baimendutako inbertsioen in situ ziurtagiria eskatzen da egindako inbertsioak ordaindu aurretik, eta, 4. apartatuko programetan jasotako laguntza-ildo batzuetan, ziurtagiri horren ordez, erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko da, alerta-egoeraren adierazpenaren ondorioz emandako neurriak indarrean dauden bitartean.

2.– Erantzukizunpeko adierazpenean, pertsona edo erakunde eskatzailearen sinadura aitortuaz gain, honako hauek ere jaso beharko dira:

A) Justifikatzeko memoria bat, behar bezala arrazoitua, honako hauek zehazten dituena:

– enpresak Covid-19ak eragindako krisiaren ondorioz bizi duen egoera zaila;

– laguntzaren xede diren ondasunak benetan existitzen ote diren;

– inbertsioa enpresa horren ekoizpen-establezimenduan dagoela.

B) Covid-19ak eragindako krisiaren ondorioz ordaintzeko beharra.

C) Ordaintzeko eskatzen den elementu bakoitzaren argazki bat, non, hala badagokio, kanpoko erreferentzia baten, fabrikatzailearen plakaren edo beste aipamen batzuen bidez, argi eta garbi ondorioztatuko baita zer lotura dagoen diruz lagundu daitekeen elementuaren eta aurkeztu den fakturaren artean.

Hori guztia ez da eragozpen izango aplikatzekoa den araudiak laguntza bakoitzean ezartzen duen inbertsioa edo gastua justifikatzeko dokumentazioa aurkezteko obligazioa betetzeko.

Programa bakoitzaren kudeaketaz arduratzen diren zerbitzu teknikoek informazioa aztertu ondoren, dagozkion zenbatekoak ordainduko dira. Zenbateko horiek konturako ordainketatzat edo aurreratutako ordainketatzat hartuko dira, in situ ikuskatu arte.

3.– Inguruabarrek horretarako modua ematen dutenean, egiaztapena in situ egingo da, eta erantzukizunpeko adierazpenarekin alderatuko da.

Erantzukizunpeko adierazpena eta in situ egiaztapena bat ez badatoz, organo eskudunak itzulketa-espediente bati hasiera eman ahal izango dio, honako lege-xedapen hauetan xedatutakoari jarraikiz: Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua; Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53. artikulua, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikulua. Hargatik ez da eragotziko dagozkion neurriak hartzea.

4.– Honako hauek izango dira aurreratutako aparteko ordainketa jaso ahal izango duten programak:

A) Agindua, 2016ko apirilaren 27koa, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuarena, zeinaren bidez onartzen baitira nekazaritzako produktuak, elikagaiak eta arrantzako eta akuikulturako produktuak eraldatzeko eta merkaturatzeko laguntzak emateko 2016. urteko deialdiaren oinarriak (Lehiatu Berria programa) (87/2016 zenbakiko EHAA).

B) Agindua, 2017ko ekainaren 28koa, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuarena, zeinaren bidez onartzen baitira nekazaritzako produktuak, elikagaiak eta arrantzako eta akuikulturako produktuak eraldatzeko eta merkaturatzeko laguntzak emateko 2017. urteko deialdiaren oinarriak (135/2017 zenbakiko EHAA).

C) Agindua, 2017ko abenduaren 27koa, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuarena, zeinaren bidez onartzen baitira nekazaritzako produktuak, elikagaiak eta arrantzako eta akuikulturako produktuak eraldatzeko eta merkaturatzeko laguntzak emateko 2018. urteko deialdiaren oinarriak (Lehiatu Berria programa) (247/2017 zenbakiko EHAA).

D) Agindua, ekainaren 17koa, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuarena, zeinaren bidez onartzen baitira nekazaritzako produktuak, elikagaiak eta arrantzako eta akuikulturako produktuak eraldatzeko eta merkaturatzeko laguntzak emateko 2019. urteko deialdiaren oinarriak (Lehiatu Berria programa) (119/2019 zenbakiko EHAA).

E) Agindua, 2019ko urriaren 10ekoa, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuarena, zeinaren bidez mahastizaintza eta ardogintzako sektorean inbertitzeko proiektuetarako laguntzen deialdia egiten da 2019rako, minimis laguntzen araubidea baliatuta (Ardoinb programa) (199/2019 zenbakiko EHAA).

F) Agindua, 2018ko urtarrilaren 24koa, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuarena, hirugarren herrialdeetan mahastizaintza eta ardogintzako produktuei buruzko sustapen- eta informazio-programak eta -ekintzak egiteko eta mahastizaintza eta ardogintzako sektorea bultzatzeko programaren inbertsiorako laguntzen 2018ko deialdia egiteko dena (Ardoaren MAEren Inbertsio Programa) (22/2018 zenbakiko EHAA).

G) Agindua, 2018ko abenduaren 4koa, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuarena, hirugarren herrialdeetan mahastizaintza eta ardogintzako produktuei buruzko sustapen- eta informazio-programak eta -ekintzak egiteko eta mahastizaintza eta ardogintzako sektorea bultzatzeko programaren inbertsiorako laguntzen 2019ko deialdia egiteko dena (Ardoaren MAEren Inbertsio Programa) (238/2018 zenbakiko EHAA).

H) Agindua, 2018ko urriaren 10ekoa, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuarena, zeinaren bidez oinarri arautzaileak ezartzen baitira eta minimis-araubidean jasotako deialdia egiten baita 2018ko laguntzetarako, Gastrobikain gastronomia-kalitatearen sustapenerako programari dagokionez (2018-10-30eko EHAA, 209. zk.).

I) Agindua, 2019ko irailaren 27koa, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuarena, zeinaren bidez oinarri arautzaileak ezartzen baitira eta minimis-araubidean jasotako deialdia egiten baita 2019ko laguntzetarako, Gastrobikain gastronomia-kalitatearen sustapenerako programari dagokionez (2019-10-10eko EHAA, 193. zk.).

J) Agindua, 2018ko uztailaren 26koa, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuarena, 2018ko ekitaldirako partaidetzazko toki-garapenaren estrategiaren (PTGE) babespeko proiektuetarako laguntzen oinarri arautzaileak ezartzen dituena. Estrategia hori arrantza-sektoreko toki-ekintzako taldeak (ATET) onetsi du, arrantza-eremuen garapen jasangarrirako, Europako 2014-2020 aldirako Itsaso eta Arrantzako Europako Funtsaren (IAEF) esparruan (2018-08-07ko EHAA, 151. zk.).

K) Agindua, 2019ko uztailaren 3koa, 2019ko ekitaldirako partaidetzazko toki-garapenaren estrategiaren (PTGE) babespeko proiektuetarako laguntzen oinarri arautzaileak ezartzen dituena. Estrategia hori arrantza-sektoreko toki-ekintzako taldeak (ATET) onetsi du, arrantza-eremuen garapen jasangarrirako, Europako 2014-2020 aldirako Itsaso eta Arrantzako Europako Funtsaren (IAEF) esparruan (2019-08-06ko EHAA, 147. zk.).

L) Agindua, 2017ko irailaren 28koa, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuarena, zeinaren bidez onartzen baitira Euskal Autonomia Erkidegoko arrantzaren eta akuikulturaren sektorerako 2017ko dirulaguntzetarako deialdiaren oinarriak (2017-10-19ko EHAA, 200. zk.).

M) Agindua, 2018ko urriaren 10ekoa, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuarena, zeinaren bidez onartzen baitira Euskal Autonomia Erkidegoko arrantzaren eta akuikulturaren sektorerako 2018ko dirulaguntzetarako deialdiaren oinarriak (2018-11-02ko EHAA, 211. zk.).

N) Agindua, 2019ko urriaren 16koa, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuarena, zeinaren bidez onartzen baitira Euskal Autonomia Erkidegoko arrantzaren eta akuikulturaren sektorerako 2019ko dirulaguntzetarako deialdiaren oinarriak (2018-11-04ko EHAA, 209. zk.).

O) Agindua, 2017ko abenduaren 27koa, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuarena, zeinaren bidez iragartzen baita ekonomiaren garapenerako eta ekonomia-dibertsifikaziorako laguntzen 2018ko ekitaldirako deialdia, «Landa Eremuen Definizio Teknikoa» azterlaneko G4, G5 eta G6 landa-eremu sailkatuei dagokienez (2017ko abenduaren 29ko EHAA, 247. zk.).

P) Agindua, 2018ko urtarrilaren 2koa, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuarena, zeinaren bidez deialdia egiten baita Euskal Autonomia Erkidegoko G4, G5 eta G6 sailkatutako landa-eremuak sustatzeko eta garatzeko laguntzetarako (2018ko urtarrilaren 18ko EHAA, 13. zk.).

Q) Agindua, 2016ko abenduaren 14koa, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko landa-eremuak sustatu eta garatzeko laguntzen deialdia egiten duena 2017ko ekitaldirako (2016ko abenduaren 30eko EHAA, 248. zk.).

R) Agindua, 2018ko martxoaren 20koa, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuarena, zeinaren bidez 2018ko deialdia egiten baita Euskal Autonomia Erkidegoko itsasertzeko eremuak garatzeko eta bultzatzeko laguntzak emateko (Itsaspen programa), otsailaren 21eko 22/2012 Dekretuaren II. eta III. kapituluen babesean (2018ko apirilaren 5eko EHAA, 65. zk.).

S) Agindua, 2018ko abenduaren 12koa, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuarena, zeinaren bidez iragartzen baita G4, G5 eta G6 sailkatutako landa-eremuetan ekonomia garatzeko eta dibertsifikatzeko laguntzen 2019ko ekitaldiko deialdia, entitate pribatuei zuzendua (Erein Pribatuak).

T) Agindua, 2018ko abenduaren 12koa, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuarena, zeinaren bidez iragartzen baitira Euskal Autonomia Erkidegoko G4, G5 eta G6 sailkatutako landa-eremuak sustatzeko eta garatzeko 2019ko ekitaldiko laguntzak, erakunde publikoei zuzenduak (Erein Publikoak).

U) Agindua, apirilaren 24koa, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuarena, zeinaren bidez arautzen baitira, 2018ko ekitaldirako, 2015-2020ko aldirako EAEko Landa Garapeneko Programaren esparruan onartu ziren Leader eremuko landa-inguruko udalerrien ekonomia sustatu, garatu eta dibertsifikatzeko laguntzak.

V) Agindua, 2019ko urtarrilaren 21ekoa, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuarena, zeinaren bidez 2019ko deialdia egiten baita Euskal Autonomia Erkidegoko itsasertzeko eremuak garatzeko eta bultzatzeko laguntzak emateko (Itsaspen programa), otsailaren 21eko 22/2012 Dekretuaren II. eta III. kapituluen babesean.

W) Agindua, 2017ko maiatzaren 31koa, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuarena, zeinaren bidez iragartzen baita ekonomiaren garapenerako eta ekonomia-dibertsifikaziorako laguntzen 2017ko ekitaldirako deialdia, G4, G5 eta G6 landa-eremu sailkatuei dagokienez (2017ko ekainaren 16ko EHAA, 114. zk.).

X) Agindua, 2017ko urriaren 11koa, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuarena; horren bidez, arautu egiten dira 2015-2020. aldirako Euskadiko Landa Garapenerako Programaren esparruan onartu zen Leader zonako landa-inguruko udalerrien ekonomia sustatu, garatu eta dibertsifikatzeko laguntzak (2017ko azaroaren 2ko EHAA, 209. zk.).

Bigarrena.– Erantzukizunpeko adierazpena aurkeztea.

1.– Ordainketa aurreratua eman ahal izateko, eragina duten laguntzak jasotzen dituzten pertsonek aurkeztu beharko dute erantzukizunpeko adierazpena, zeinak, aldi berean, ordaintzeko eskatuko baitu.

2.– Erantzukizunpeko adierazpenak ez du eredu normalizaturik izango, eta eragiten dien laguntza-programak arautzen eta deitzen dituzten xedapenetan edo egintzetan aurreikusitako moduan eta bideetatik aurkeztuko da.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Agindu honen lehenengo ebazpen-zatian zerrendatutako laguntzetan, LGENF edo NBEF Europako funtsekin finantzatutakoetan, ez da ordainduko kofinantzatutako zatia, harik eta Europako Batzordeak onuradunaren erantzukizunpeko adierazpena onartzen duen arte, ordainketa egin aurreko tokiko kontrolaren ordez.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuari, hilabeteko epean. Bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Kasu bietan, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko dira epeak.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko apirilaren 8a.

Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.


Azterketa dokumentala