Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

73. zk., 2020ko apirilaren 17a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA AZPIEGITURA SAILA
1861

AGINDUA, 2020ko apirilaren 15ekoa, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuarena, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuaren beste agindu bat aldatzen duena, zeinaren bidez arautzen baitira bai dirulaguntza itzulgarriak itzultzeko egutegiaren eta inbertitzeko eta enplegua sortzeko aldiaren aparteko geroratze-eskaera, Gauzatu Industria, Bideratu eta Bideratu Berria programen onuradunei dagokienez, eta bai Indartu programako ordainketa aurreratzeko neurriak, Covid-19aren inpaktu ekonomikoari aurre egiteko.

Covid-19aren hedapen azkarra inoiz ez bezalako osasun-alerta egoera sortzen ari da, eta eragindako pertsonak asko izateak hedapenaren aurkako borrokan etengabe aritzea ekarri du, pertsonen osasunean eragin nabarmena du eta.

Eusko Jaurlaritzaren lehentasuna Covid-19aren hedapena mugatzea eta pertsonen osasuna zaintzea bada ere, krisialdi honen ondorioak gure ekonomiaren ekoizpen-sektoreetara ere iritsi dira, bai eta gure industriara ere, euskal gizarte osoarentzako enplegu- eta ongizate-iturrira. Barne-produktu gordinaren ia % 25 eta enpleguaren % 19 baita.

Enpresak, langileen osasuna lehentasuntzat dutenak, jarduerarik gabeko aldiak izaten ari dira, salmenten edo eskaeren bolumena murrizten ari da edo hornidura-katea eteten ari da. Horrek guztiak, besteak beste, likidezia-arazoak sor ditzake orain eta hurrengo hilabeteetan, arriskuan jarriz enpresen funtzionamendu normala eta, kasu batzuetan, haien bideragarritasuna bera ere. Hori guztia ezohiko, bat-batean sortutako eta maila globaleko testuinguru batean.

Testuinguru horretan, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuak martxoaren 24ko Agindua eman zuen, zeinaren bidez arautzen baitira bai dirulaguntza itzulgarriak itzultzeko egutegiaren eta inbertitzeko eta enplegua sortzeko aldiaren aparteko geroratze-eskaera, Gauzatu Industria, Bideratu eta Bideratu Berria programen onuradunei dagokienez, eta bai Indartu programako ordainketa aurreratzeko neurriak.

Horrela, agindu horretan jasota dauden likidezia-neurrien indargarri gisa, salbuespenez eta aldi baterako beharrezko ikusten da inbertsioen azken aitorpena aurkezten duten Gauzatu Industria programaren onuradunei aukera ematea aitortutako inbertsioak direla-eta dagokien laguntza itzulgarriaren aurreratzea eska dezaten. Hori bat dator, baita ere, agindu horretan Indartu programari lotutako inbertsio-aitorpenetarako aurreikusitakoarekin.

Bukatzeko, Gauzatu Industria, Bideratu eta Bideratu Berria programek hartutako neurriekin bat etorriz, Indartu programaren onuradunei ere eskaini behar zaie inbertitzeko eta enplegua sortzeko aldiaren aparteko geroratze bat eskatzeko aukera.

Azaldutako arrazoiengatik, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuaren 2020ko martxoaren 24ko Aginduari 1.bis artikulu berria eransten zaio (agindu horren bidez arautzen dira bai dirulaguntza itzulgarriak itzultzeko egutegiaren eta inbertitzeko eta enplegua sortzeko aldiaren aparteko geroratze-eskaera, Gauzatu Industria, Bideratu eta Bideratu Berria programen onuradunei dagokienez, eta bai Indartu programako ordainketa aurreratzeko neurriak, Covid-19aren inpaktu ekonomikoari aurre egiteko). Honela dio artikulu berriak:

«1.bis artikulua.– Gauzatu Industria programan egindako inbertsioen ikuskapenak geroratzea.

Oro har, Gauzatu Industria programak ezartzen du Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saileko lurralde-ordezkaritzek ikuskatuko dituztela aitortutako eta justifikatutako inbertsioak, laguntza itzulgarriaren azken likidazioa egin aurretik. Salbuespen gisa, agindu hau ondorioak izaten hasi eta hurrengo bi hilabeteetan, enpresa onuradunek ikuskapena geroratzeko eskatu ahal izango dute.

Ondorioz, administrazio-epeak eteteko eskubideari kalterik egin gabe, enpresa interesdunek justifikatu ahal izango dituzte Gauzatu Industria programaren deialdiaren arabera finantzatutako inbertsioak, eta eskatu ahal izango dute egindako eta justifikatutako inbertsioen azken aitorpenari lotutako ordainketak ordaintzeko.

Egiten diren ordainketak aurreratutako ordainketatzat hartuko dira, ondoren egingo den ikuskapenaren konturakotzat. Ikuskapenean egiaztatuko da, besteak beste, egindako inbertsioak bat datozela justifikazio-fakturekin.

Ikuskapen horiek alarma-egoera kendu eta gehienez ere sei hilabeteko epean egingo dira.»

Bigarrena.– Aldatu egiten da Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuaren 2020ko martxoaren 24ko Aginduaren 3. artikulua (agindu horren bidez arautzen dira bai dirulaguntza itzulgarriak itzultzeko egutegiaren eta inbertitzeko eta enplegua sortzeko aldiaren aparteko geroratze-eskaera, Gauzatu Industria, Bideratu eta Bideratu Berria programen onuradunei dagokienez, eta bai Indartu programako ordainketa aurreratzeko neurriak, Covid-19aren inpaktu ekonomikoari aurre egiteko). Orain honela dio artikuluak:

«3. artikulua.– Indartu programa.

1.– Oro har, Indartu programaren arabera, ordainketa egin aurretik, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saileko lurralde-ordezkaritzek aitortu diren inbertsioak ikuskatuko dituzte. Salbuespen gisa, agindu hau ondorioak izaten hasi eta hurrengo bi hilabeteetan, enpresa onuradunek, ikuskapenak egin aurretik, egindako eta justifikatutako inbertsioen aitorpenei lotutako ordainketak ordaintzeko eskatu ahal izango dute, dagozkien fakturak aurkeztuz. Faktura horiek ondoren egiten den ikuskapenean egiaztatuko dira.

Ikuskapen horiek alarma-egoera kendu eta gehienez ere sei hilabeteko epean egingo dira.

2.– Era berean, Indartu programaren onuradun diren enpresek, egindako emakidari lotutako inbertsio- eta enplegu-baldintzak betetzeko fasean badaude, luzapen gehigarriak eskatu ahal izango dituzte, gehienez sei hilabetekoak, urteko deialdia onartzen duen Aginduan aurreikusitakoez gain.

3.– Eskabideak jaso beharko du geroratutako inbertsioei ekiteko aurreikusi den sei hilabeteko epea. Harekin batera, dokumentu bat aurkeztu beharko da, enpresa onuradunaren ordezkariak erantzukizunpeko adierazpen gisa sinatua, non zehaztu beharko baita ezen alarma-egoera indarrean dagoen bitartean ezin izan dela diruz lagundutako jarduera behar bezala gauzatu edo ez dela nahikoa diruz lagundutako jarduera amaitu ondoren geratzen zaion epea.»

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuari, hilabeteko epean. Bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Bi kasuetan, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko dira epeak.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko apirilaren 15a.

Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.


Azterketa dokumentala