Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoa

Euskadi.eus

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

72. zk., 2020ko apirilaren 16a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

OSASUN SAILA
1855

AGINDUA, 2020ko apirilaren 14koa, Osasuneko sailburuarena, zeinaren bidez aldi baterako eteten baitira nekazaritzako eta abeltzaintzako elikagai eta produktuen zuzeneko salmentako aisialdiko edo jai giroko merkatu eta azoka tradizionalak, ezartzen baitira nekazaritzako eta abeltzaintzako elikagai eta produktuen zuzeneko salmentako merkatu eta azoka tradizionalen (normalean, asterokoak) baldintza sanitarioak eta arautzen baita EAEko zenbait udalerritan denda-ibilgailuak baliatuz saltoki ibiltariek gauzatzen duten jarduera, SARS-CoV-2 (Covid-19) birusak sortutako pandemia dela eta.

Joan den apirilaren 6an, Agindua eman zen (2020ko apirilaren 8ko 69. EHAAn argitaratua) Euskal Autonomia Erkidegoko udalerrietan egiten diren nekazaritzako eta abeltzaintzako elikagai eta produktuen zuzeneko salmentako merkatu eta azoka tradizionalak aldi baterako eteteko.

Ikusirik lan-egutegian ezohiko aldi bat zetorrela, hain zuzen ere, Aste Santua, non jarraikako hainbat jaiegun baitaude eta ohikoa baita erkidegotik kanpora eta barruan joan-etorri ugari egitea (egungo egoera sanitarioa dela eta horrelakoak ahalik eta gehien gutxitzea gomendatzen da), komenigarritzat jo zen neurriak hartzea azoka eta merkatu tradizionalak ez zitezen aitzakia izan gure lurraldean pertsonen joan-etorriak gertatzeko, eta horrek birusa zabaltzen laguntzeko. Helburua zen aldi horretan joan-etorriak minimizatzea premiazko elikagaiak behar zituzten pertsonak beren ohiko etxebizitzatik gertuen zuten saltokietara joateko eta, hala, SARS-CoV-2 (Covid-19) birusa transmititzeko arriskua arintzeko.

Ezohiko aldi hori igaro ondoren, eta aintzat harturik martxoaren 20ko 10/2020 Errege Lege Dekretuan jasotako ordainpeko baimen berreskuragarriaren amaierak izango duen eragina Euskadiko jarduera ekonomikoan apirilaren 14tik aurrera (asteartea), komenigarritzat jo da aipatutako etenaren xedea denboran bat etor dadila oinarrizko izendatu ez diren sektore ekonomikoen jardueraren hasierarekin.

Hala ere, hori guztia egin behar da galarazi gabe Osasuneko sailburuaren 2020ko apirilaren 6ko Aginduaren eraginpean dauden merkatu eta azoka tradizionalek pandemiaren kontrolak behar dituen neurri sanitarioak betetzea.

Bestalde, komeni da nekazaritzako eta abeltzaintzako elikagai eta produktuen zuzeneko salmentako dibertimenduzko edo jai giroko merkatu eta azoka tradizionalen aldi baterako etena mantentzea, baita zaindarien jaiei edota bestelako festei lotutakoak ere, hain zuzen ere, egungo egoerarengatik saihestu behar diren pertsonen pilaketa eragiten dutenak.

Apirilaren 6ko Aginduan adierazten da Covid-19 birusak eragindako krisialdi sanitarioa kudeatzeko alarma-egoera ezarri zuen martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren 7. artikuluak (martxoaren 17ko 465/2020 Errege Dekretuak aldatu zuen; baita martxoaren 27ko 476/2020 Errege Dekretuak ere, zeinak luzatu egin baitzuen martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuak ezarritako alarma-egoera, eta luzatu zuen apirilaren 10eko 487/2020 Errege Dekretuak 2020ko apirilaren 26ko 00:00ak arte) baimena ematen du erabilera publikoko bideetan zirkulatzeko, elikagaiak erosteko bada, pertsonen zirkulazio-askatasunaren murrizketa ezartzen duen testuinguruan, betiere.

Pertsonen zirkulazio-askatasunaren murrizketa gisa ulertzen da joan-etorriak minimizatzea, pertsonak etxetik gertuen duten saltokira joatea oinarrizko elikagaiak eskuratzeko, edota beste kausa batzuengatik behar bezala justifikatuta egotea pertsonen presentzia. Horrenbestez, murrizketa hori lotuta dago oraindik ere nekazaritzako eta abeltzaintzako produktuen zuzeneko salmentako merkatu eta azoka tradizionalekin (normalean, asterokoak); alegia, agindu honetako ebazpenaren bigarren puntuan arautzen direnekin.

Horrenbestez, Osasuneko sailburuak, arlo sanitarioko agintaritza baliatuz, bat etorriz apirilaren 25eko 14/1986 Legearen 26.1 eta 29.3 artikuluetan xedatutakoarekin, hain zuzen, Osasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 80/2017 Dekretuaren 4.1 artikuluarekin lotuta, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Aldi baterako etetea nekazaritzako eta abeltzaintzako elikagai eta produktuen zuzeneko salmentako aisialdiko edo jai giroko merkatu eta azoka tradizionalak.

Mantentzea Euskal Autonomia Erkidegoko udalerrietan egiten diren nekazaritzako eta abeltzaintzako elikagai eta produktuen zuzeneko salmentako aisialdiko edo jai giroko merkatu eta azoka tradizionalen aldi baterako etena.

Bigarrena.– Nekazaritzako eta abeltzaintzako produktuen zuzeneko salmentako merkatu eta azoka tradizionalen (normalean, asterokoak) baldintza sanitarioak.

Euskal Autonomia Erkidegoko udalerrietan egiten diren nekazaritzako eta abeltzaintzako produktuen zuzeneko salmentako merkatu eta azoka tradizionaletan (normalean, asterokoak), honako baldintza sanitario hauek beteko dira:

a) Postuei dagokienez: pasabide batek banatu beharko ditu postuak, eta 6 metro egon beharko da postutik postura. Lau metroko gutxieneko banaketa baimentzen da aldeen artean.

Postu baten barruan, saltzaileek gutxienez bi metroko tartea gorde beharko dute beren artean, eta, lanpostuaren neurriek ezinezko egiten badute tarte fisiko hori egotea, operadore bakar batek egingo du merkataritza-jarduera.

Postuen arduradunek erabili eta botatzeko eskularruak jarri beharko dituzte bezeroen eskura. Dena dela, ezinbestekoa izango da eskularruak erabiltzea salgai dauden produktuak ukitzeko. Era berean, gel desinfektatzailea banatzeko gailuak izan beharko dituzte, saltzaileek eta erabiltzaileek erabiltzeko.

b) Erabiltzaileei dagokienez: joateko baimena izango dute etxebizitza gertu duten pertsonek edo beste arrazoi batzuengatik presentzia behar bezala justifikatu dezaketenek. Kasu guztietan, beraien artean bi metroko distantzia utzi beharko dute gutxienez.

Udaltzaingoak, Babes Zibileko boluntarioen elkarteek eta, oro har, agintaritzaren agenteek zainduko dute gutxieneko baldintza horiek errespetatzen direla, eta, beharrezkoa izanez gero, sarbidea kontrolatuko eta arautuko dute, baimenik gabeko sarrerak, jendetza pilatzea, eta, ahal den neurrian, salerosteko helburua ez den edozer kontaktu sozial saihesteko.

c) Garbiketari eta bilketari dagokienez: merkatuak sortutako hondakinak poltsetan utzi beharko dira, garbiketako eta zaborra biltzeko udal-zerbitzuek horretarako jarritako edukiontzien barruan, eta, nolanahi ere, udal-ordenantzetan edo -bandoetan ezartzen diren zehaztapenak bete beharko dira.

Hirugarrena.– Denda-ibilgailu bidezko salmenta ibiltaria.

1.– Beren lurralde-eremuan, premiazko ondasunak eta produktuak behar bezala hornitzeko merkataritza-establezimendu iraunkor nahikoa ez duten Euskal Autonomia Erkidegoko udalerri eta beste toki-entitateek aukera izango dute, beren udalen bidez, aurretik ibilgailu bidezko salmenta ibiltarirako baimena zuten pertsona fisiko edo juridikoei ziurtagiri gaitzaileak emateko elikagaiak eta premiazko produktuak banatzen jarrai dezaten alarma-egoerak irauten duen bitartean.

Hori guztia, dagozkion eskumenak baliatuz, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 25.2.i) artikuluan eta Euskadiko Toki Erakundeen apirilaren 7ko 2/2016 Legearen 17.1.34) artikuluan xedatutakoari jarraituz.

2.– Indarrean dagoen araudiari jarraituz jarduera honi aplikatu beharreko araudi higieniko-sanitarioa betetzeaz gain, prebentzio-neurri hauek hartu beharko dira:

a) Elikagaien eta premiazko produktuen salmenta ibiltaria 08:00etatik 15:00etara bitartean egingo da.

b) Elikagaien eta produktuen banaketarako ibilgailuan, pertsona bakarra joango da, eta eskularruak, maskara eta gel desinfektatzailea izan beharko ditu.

c) Ahal dela, etxez etxeko salmenta egingo da, eta, ezinezkoa bada, bide publikoan jendea pilatzea saihestuko da eta, edozeinetara ere, kontsumitzaileen artean eta kontsumitzaileen eta saltzailearen artean gutxienez metro eta erdiko segurtasun-distantzia gordeko da.

d) Salmenta ibiltaria egiten duten ibilgailuek behar-beharrezkoa den denbora baino ez dute emango salmenta egiten duten lekuan, hain zuzen ere kontsumitzaileek elikagaiak eta oinarrizko beharrizanei lotutako produktuak erosteko behar dutena. Beharrezkoak ez diren atzerapenak saihestuko dira.

e) Salmenta ibiltarirako erabiltzen den ibilgailua garbitzeko eta desinfektatzeko neurriak zorroztu beharko dira, eta egunero gauzatuko dira.

Laugarrena.– Indargabetzea.

Agindu honek osorik ordezten du Osasuneko sailburuaren 2020ko apirilaren 6ko Agindua, zeinaren bidez aldi baterako eteten baitira Euskal Autonomia Erkidegoan nekazaritzako eta abeltzaintzako elikagai eta produktuen zuzeneko salmentako merkatu eta azoka tradizionalak eta arautzen baita Euskadiko zenbait udalerritan denda-ibilgailuak baliatuz denda ibiltariek garatzen duten jarduera SARS-CoV-2 (Covid-19) birusak sortutako pandemia dela eta. Agindu hori indargabetuta geratzen da.

Bosgarrena.– Argitara ematea eta indarrean jartzea.

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, eta onartzen denetik aurrera izango ditu ondorioak, harik eta alarma-egoeraren deklarazioak eta izan daitezkeen luzapenek amaitu arte.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko apirilaren 14a.

Osasuneko sailburua,

MIREN NEKANE MURGA EIZAGAECHEVARRIA.


Azterketa dokumentala

Euskadi, auzolana