Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

71. zk., 2020ko apirilaren 15a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
1849

51/2020 DEKRETUA, apirilaren 7koa, zeinaren bidez aitortzen baita «Asociación para la integración social Ali-Etxea» elkartea onura publikokoa dela.

Euskadiko elkarteei buruzko ekainaren 22ko 7/2007 Legearen 42. artikuluak dio Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean inskribatuta dauden elkarteak onura publikokotzat aitortu ahal izango direla, baldin eta elkarteok, beren jardueren bitartez, interes orokorra edo guztien ongia lortzen laguntzen badute, eta, horretarako, eskuzabaltasun-, altruismo-, elkartasun- eta aniztasun-balioak nabarmen gauzatze badituzte.

Lege horren babesean, «Asociación para la integración social Ali-Etxea» elkarteak aitormen hori eman dakiola eskatu du, bere ustez, erakunde onuragarria dela aitortzea merezi duelako, baztertuta dauden edo baztertuta egoteko arriskua duten pertsonen eta familien gizarte-integrazioa sustatzeko gauzatzen dituen ekintzengatik.

«Asociación para la integración social Ali-Etxea» elkartea Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean inskribatuta dago (zenbakia: AS/A/16860/2012), Herri Administrazio eta Justizia Saileko Administrazio Erregistroen eta Toki Araubidearen Zuzendaritzaren 2012ko ekainaren 13ko Ebazpena dela bide.

Elkarteak Arabako Lurralde Historikoaren eremuan garatzen du bere jarduera.

Eratu zenetik, «Asociación para la integración social Ali-Etxea» elkarteak egin behar diren jarduera guztiak egiten ditu bere helburu nagusiak lortzeko, hauek baitira: batetik, bizikidetzarako espazio egonkor bat eskaintzea zaurgarritasun-egoera berezian dauden eta gizarte-integraziorako arazoak dituzten pertsonei; bestetik, behar diren tresnak sortzea, pertsona horiek beren gaitasunak garatzeko eta modu autonomoan bizitzea eta gizartean integratzea lortzeko.

Jarduera horiek guztiak gizarteak benetan interes orokorrekotzat jotzen ditu.

7/2007 Legearen 45.2 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, onura publikoaren deklarazioa Gobernu Kontseiluak erabakitako dekretu baten bidez egingo da, kasuan kasuko sailek –gaiaren arabera– proposatuta. Agindu hori betez, dagokion espedientea izapidetu da, eta, ondoren, sailei eta erakundeei eskatu zaizkien txostenak erantsi zaizkio espedienteari.

Ondorioz, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuaren proposamenez, erakunde interesdunek emandako txostenak ikusirik, eta Gobernu Kontseiluak 2020ko apirilaren 7ko bilkuran proposamena aztertu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

Artikulu bakarra.– «Asociación para la integración social Ali-Etxea» elkartea onura publikokoa dela aitortzea, bere jardueren bidez interes orokorraren alde egiten duela uste baita. Elkarte hori Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean inskribatuta dago, AS/A/16860/2012 zenbakiarekin.

Horrekin batera, aitorpen honi dagozkion eskubideak aitortzen zaizkio, hain zuzen ere, Euskadiko Elkarteei buruzko ekainaren 22ko 7/2007 Legearen 43. artikuluan xedatutakoak.

Vitoria-Gasteizen, 2020ko apirilaren 7an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,

JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.


Azterketa dokumentala