Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

66. zk., 2020ko apirilaren 3a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

OGASUN ETA EKONOMIA SAILA
1792

50/2020 DEKRETUA, martxoaren 31koa, enpresa txiki eta ertainentzako, banakako enpresaburuentzako eta profesional autonomoentzako finantza-laguntzaren 2020ko programa garatzen duena, Covid-19ren eragin ekonomikoari aurre egiteko.

«Covid-19» birusa hedatzeak sortu duen krisi ekonomikoak, eguneroko jardunean, bereziki eragiten die enpresa txiki eta ertainei, enpresaburu indibidualei eta profesional autonomoei, beren jarduerak gauzatzeko orduan.

Aurreikusten denez, joera horrek jarraitu egingo du datozen hilabeteetan ere, eta, horregatik, beharrezkotzat jotzen da erakunde publikoek aparteko neurri batzuk ezartzea, osasun-krisiak Euskal Autonomia Erkidegoko enpresa-sarean eragingo dituen kalteak ahal den neurrian arintzeko.

Dekretu honetan jasotako neurrien helburua da enpresen egitura-gastu finkoei estaldura ematea, euskal enpresa-ehuna kaltetu ez dadin. Programaren azken hartzaileei dagokienez (enpresa txiki eta ertainak, banakako enpresaburuak eta profesional autonomoak), jarduketa honek kontuan hartzen ditu enpresa-sarean duten garrantzia, ekoizpen-jarduera osoan duten eragina eta handizkako finantzaketa-merkatuetara edo kreditu-erakundeen lerro tradizionaletara iristeko duten gaitasun erlatibo txikiagoa.

Finantza-laguntza emateko programaren gehieneko zuzkidura 500 milioi eurokoa izango da (formalizatu beharreko maileguetan), eta lehen aipatutako eragile ekonomikoen taldearen 6 hilabeteko likidezia-beharrei eta zirkulatzaile-finantzaketari aurre egitea izango du xede.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak finantza-laguntza emateko programa hau bideratzeko eman beharreko laguntzak honako oinarri hau izango du: bere babesean hitzartzen diren finantzaketa-eragiketen birfidantzamendu partziala. Horretarako lege-oinarria Euskal Autonomia Erkidegoko 2020. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 27ko 13/2019 Legearen 9. artikulua da.

Helburu horrekin, arau honek programan sartzeko baldintzak arautzen ditu, bai eta enpresa eta pertsona onuradunak, baliabideen erabilgarritasuna eta maileguetarako baldintzak ere. Era berean, elkar bermatzeko sozietateetan eta finantzaketa-eskabideetan laguntzen duten finantza-erakundeetan izapideak egiteko prozedura ere jasotzen du.

Azkenik, Finantzen Euskal Institutuak, esleituta dauzkan egitekoak baliatuta, mailegu-eragiketak emateko aukera ere badago aurreikusita.

Horiek horrela, Ogasun eta Ekonomiako sailburuak proposatuta, eta Gobernu Kontseiluak 2020ko martxoaren 31n egindako bilkuran eztabaidatu ondoren, hau

EBAZTEN DUT:
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.– Xedea.

Dekretu honen xedea da enpresa txiki eta ertainentzako, banakako enpresaburuentzako eta profesional autonomoentzako finantzaketa-lerroa eratzea, hura eskuratzeko baldintzak eta prozedura arautuz. Lerro honen helburua izango da banku-finantzaketa lortzeko aukera ematea, aipatutako eragile ekonomikoen taldeak dituen 6 hilabeteko likidezia-beharrei eta egitura-gastuen finantzaketa-beharrei erantzuteko.

Dekretu hau aparteko neurri multzo baten barruan sartzen da, Covid-19k eragindako osasun-krisiak Euskal Autonomia Erkidegoko enpresa-sarean eragitea aurreikusten den aldi baterako kalteak ahal den neurrian arintzeko.

Horretarako, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak, kasuan kasuko lankidetza-hitzarmenak izapidetzen dituzten finantza-erakunde laguntzaileen bidez, finantza-lerroa eratuko du enpresa txiki eta ertainen, banakako enpresaburuen eta profesional autonomoen alde.

Dekretu honetan ezarritakoaren arabera gauzatzen diren finantzaketa-eragiketa guztiek elkar bermatzeko sozietate laguntzaileren batek abalatuta egon beharko dute. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak birfidantzamendu-sistema bat ezarriko du sozietate horrek abalatutako finantzaketa-eragiketetarako.

2. artikulua.– Enpresa eta pertsona onuradunak.

1.– Dekretu honetan jasotako bermeak eta finantzaketa-lerroak honako hauek eskuratu ahal izango dituzte:

a) Egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan duten enpresa txiki eta ertainek (ETE); hau da, hurrengo baldintza hauek betetzen dituztenek:

– Jarduera ekonomikoren bat egitea.

– 250 langile baino gutxiago izatea.

– Urteko negozio-bolumena 50 milioi eurotik gorakoa ez izatea, edo urteko balantze orokorra 43 milioi eurotik gorakoa ez izatea.

– Adierazitako baldintzaren bat betetzen ez duen beste enpresa batek edo enpresa batzuek elkarrekin ez edukitzea % 25eko edo hortik gorako partaidetza, zuzenean zein zeharka.

Aurretik adierazitakoaren beste edozein interpretazio egiteko, hemen ezarritakoa hartuko da kontuan: Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren I. eranskinean (EBAO L 187/1, 2014-06-26) edo hura ordezkatu edo aldatzen dituzten xedapenetan eskatzen diren baldintzak, mikroenpresen, ETE-enpresa txiki eta ertainen definizioari buruzkoak (erregelamendu horren arabera, barne-merkatuarekin bateragarritzat jotzen dira zenbait laguntza-kategoria, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz).

b) Egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan duten banakako enpresaburu eta profesional autonomoek; hau da, hurrengo baldintza hauek betetzen dituztenek:

– Norberaren konturako langileen edo autonomoen Gizarte Segurantzaren araubide berezian alta emanda egotea.

– Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari lotutako jarduera ekonomiko edo profesionaletatik datozen etekinak lortzea.

2.– Enpresa eta pertsona onuradunek Euskal Autonomia Erkidegoko Finantzei buruzko azaroaren 8ko 8/1996 Legearen 39. artikuluko 2. eta 4. paragrafoetan xedatutako baldintzak bete beharko dituzte.

Betekizunen artean, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.5 artikuluan adierazitakoa dago. Horren arabera, ezin izango dira aurkeztu dekretu honetan adierazitako bermeen eta finantzaketa-lerroaren deialdietara sexuaren ziozko bereizkeria egiteagatik zigor administratiboa edo penala jaso duten pertsona fisikoak edo juridikoak, kasuan kasuko zigorrak ezarritako epean.

Jarduera ekonomikoko sektore guztiek jaso ahal izango dute finantzaketa. Hala ere, 15. artikuluaren 1. atalean xedatutakoa baztertu gabe, onuradun gisa salbuetsita daude erakunde eta sozietate publikoak, jarduera ekonomikorik ez duten irabazi-asmorik gabeko erakundeak, finantza-erakundeak (EJZren epigrafeak: 81, 82, 831, eta 832) eta higiezin-jarduerei lotutakoak (EJZren epigrafeak: 833, 834 eta 861.1).

3.– Lerroari heldu ahal izateko, enpresak baldintza hauek bete beharko ditu: kaudimengabezia kolektiboko prozeduran ez egotea; hartzekodunek eskatuta kaudimengabezia kolektiboko prozeduraren pean egoteko betekizunak ez betetzea konkurtso-arauen arabera; eta foru-aldundiei eta Gizarte Segurantzari egin beharreko ordainketetan egunean egotea.

4.– Halaber, maileguen onuradun diren enpresa zein pertsonek eta finantza-erakunde laguntzaileek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte.

3. artikulua.– Finantzatzeko moduko egoerak.

1.– Finantza-eragiketek, finantzatzeko modukoak izateko, xede hau izan behar dute: 6 hilabeteko likidezia-beharrak estaltzea eta egitura-gastuak finantzatzea. Finantzaketak enpresa eskatzailearen finantza-galdagarriaren gehikuntza garbia ekarri beharko du, eta, beraz, finantzaketa ezin izango da erabili epe laburreko zirkulatzaile-lerroak ezeztatzeko; salbuespen izango dira 2020ko martxoaren 1etik aurrera Covid-19ren krisia dela-eta ezarritako eragiketak. Era berean, eskatzaileak egungo egoera berezia dela-eta eskura ditzakeen likidezia-erraztasun edo kostu iragankor edo aldi baterako guztiak kendu beharko dira, hala nola kasuan kasuko foru-ogasunei dagozkien ordainketak atzeratzea, lan-kostuak murriztea aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteak onartu direlako, edo beste kenkari aplikagarri batzuk.

2.– Finantzaketa-beharrak aztertu ondoren, elkar bermatzeko sozietateak, dekretu honetako III. kapituluan ezarritako prozedurari jarraituz, bermearen helburu den finantza-eragiketaren zenbatekoa eta epea zehaztuko ditu, ahal den neurrian eskatzaileek galdegiten dituztenetara egokituta.

II. KAPITULUA
FINANTZAKETA-ERAGIKETAK

4. artikulua.– Finantza-erakunde laguntzaileekin hitzarmenak egitea.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak eta finantza-erakunde laguntzaileek lankidetza-hitzarmenak sinatuko dituzte, enpresa eta pertsona onuradunen aldeko finantzaketa-eragiketak formalizatzeko.

5. artikulua.– Abal-eragiketen ezaugarriak.

1.– Elkar bermatzeko sozietate laguntzaileak emandako finantza-abalek enpresa eta pertsona onuradunen diruzko arriskuak bermatuko dituzte, zuzenean edo zeharka, finantza-erakunde laguntzaileen aurrean; dekretu honetako 1. artikuluan zehaztutako beharrizanak estaltzeko diren finantzaketa-eragiketetatik eratorritako arriskuak, hain zuzen.

2.– Hauek izango dira abalen kostua eta baldintzak:

– Formalizazio-komisioa eta azterketa-komisioa: formalizatutako abalaren % 0,25, eta behin bakarrik, eragiketa formalizatzen den unean.

– Abal-komisioa: % 0,75 urteko (*).

Aurretiaz aplikatuko da, urtarrilaren 1ean, abalatutako mailegu bakoitzak urteko data horretan duen saldoa oinarri hartuta. Formalizatu den urtean eta behin betiko iraungiko den urtean, urtea amaitu arte edo iraungi arte benetan igaro den egun kopuruaren araberako proportzioan aplikatuko da, batez besteko saldoaren arabera.

– Elkar bermatzeko sozietate laguntzailearen partaidetza sozialak harpidetzea eta ordaintzea, abalatutako eragiketaren zenbatekoaren % 2ko balioan; partaidetza horiek itzulgarriak izango dira eragiketa erregulartasunez kitatzen denean.

– Elkar bermatzeko sozietate laguntzaileak ez du inolako komisio edo gastu gehigarririk aplikatuko.

(*) Elkar bermatzeko sozietatearen abal-komisioa ordaintzeko % 50eko dirulaguntza emango du EAEko Administrazio Orokorrak, eta elkar bermatzeko sozietate laguntzaileari emango zaio, hark gestioak egin ditzan, sinatutako lankidetza-hitzarmenean ezartzen den prozeduraren arabera, laguntza hori jasotzeko legezko baldintzak betetzen dituzten onuradunei emateko, EAEko Administrazio Orokorrak egiaztatu ondoren.

6. artikulua.– Finantzaketa-eragiketen ezaugarriak.

1.– Hauek izango dira finantzaketa-eragiketen ezaugarriak:

Baliabidea: mailegu amortizagarria.

Gehieneko interes-tasak: Euriborra sei hilabetera, gehi gehieneko diferentziala (*).

Ondorio horietarako, Euribor gisa ulertu behar da Reuterren Euribor= pantailaren bidez (oinarria: Act/360) edo, hori desagertuz gero, informazio bera eman dezakeen beste pantaila baten bidez lortutako bankuen arteko interes-tasa. Tasa hori sei hilabeterako gordailuetarako da, eta eragiketaren dataren edo berrikuspen-dataren aurreko bigarren egun baliodunean kalkulatzen da. Ez da biribiltzerik onartuko.

«Euribor indizearen balioa zerotik beherakoa bada, interes-aldi bakoitzean aplikatu beharreko tasa zehatza jakiteko egin behar diren kalkuluen ondorioetarako, dekretu honetan adierazitakoaren arabera, Euribor zero (0,0) dela ulertuko da.»

(*) Dekretu honen babesean formalizatutako maileguen ordainketa-interesak EAEko Administrazio Orokorrak lagunduko ditu diruz, finantzaketaren finantza-kostua % 0koa izan dadin enpresa eta pertsona onuradunentzat. Dirulaguntza finantza-erakunde laguntzaileari emango zaio, harekin sinatzen den lankidetza-hitzarmenean ezartzen den prozeduraren arabera, horretarako legezko baldintzak betetzen dituzten enpresa eta pertsona onuradunei emateko gestioak egin ditzan, betiere EAEko Administrazio Orokorrak egiaztatu ondoren.

Mailegu-eragiketen epea eta Euribor aplikagarriaren gaineko diferentziala:

(Ikus .PDF)

Maileguetan, printzipala amortizatzeko aukerako urtebeteko gabealdia jaso ahal izango da.

Likidazio-aldizkakotasuna: hiru hilean behin egingo da interes- eta amortizazio-kuoten likidazioa. Interes-tipoa sei hilean behin berrikusiko da.

Komisioak: maileguek ez dute inolako komisio edo gastu gehigarririk izango. Mailegu-hartzaileak aurretiaz kitatu edo amortizatu ahal izango du mailegua, inolako kosturik gabe.

2.– Hauek izango dira maileguen zenbatekoak:

a) 5.000 euro eta 1.000.000 euro artean, enpresa txiki eta ertainentzat.

b) 5.000 euro eta 100.000 euro artean, banakako enpresaburuentzat eta profesional autonomoentzat.

c) Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1408/2013 (EB) Erregelamenduan (EBAO, L 352/9, 2013-12-24koa) jasotako nekazaritza-sektorean diharduten eskatzaileei erregelamendu horren 4.6 artikuluan ezarritako muga aplikatuko zaie.

Batzordearen 2014ko ekainaren 27ko 717/2014 (EB) Erregelamenduan (EBAO, L 190/45, 2014-06-28koa) jasotako arrantza- eta akuikultura-sektorean diharduten eskatzaileei aipatutako erregelamenduaren 4.6 artikuluan ezarritako muga aplikatuko zaie.

3.– Enpresa edo pertsona onuradunak eman zaion maileguaren zenbateko osoa izango du erabilgarri. Finantza-erakundeak ezin izango ditu saldoak atxiki edo pignoratu, ezta emandako maileguaren onuradunak eskura dezakeen zenbatekoa murrizteko antzeko figurarik aplikatu ere.

III. KAPITULUA
PROZEDURA

7. artikulua.– Deialdia.

1.– Dekretu honek araututako finantzaketa-lerroak eskuratzeko, deialdia egingo da, eta deialdi hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, publikotasun-, lehia- eta objektibotasun-printzipioei jarraituz.

Ogasun eta Ekonomiako sailburuaren agindu baten bitartez egingo da deialdia, eta bertan zehaztuko dira erabilgarri dauden baliabideen guztizko zenbatekoa, eskabideak aurkezteko epea eta lekua eta gainerako prozedura-alderdiak. Era berean, finantza-erakunde laguntzaileen zerrenda ere zehaztuko da.

2.– Deialdian, gutxienez 30 milioi euroko zenbatekoa bermatuko da, eta eskari nahikoa egonez gero, 100 milioi eurora handitu ahal izango da zenbateko hori, dekretu honetako I. kapituluan zehaztutako banakako enpresaburuentzat eta profesional autonomoentzat.

Hala ere, Ogasun eta Ekonomia Sailak zenbatekoak berresleitu ahal izango ditu, dekretu honetan azaltzen diren kolektiboetakoren batean finantzaketa-eskaria nahikoa ez den kasuetan.

8. artikulua.– Aurkeztu beharreko agiriak.

1.– Enpresa txiki eta ertain eskatzaileek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) Eskabidea, eranskineko F1P inprimakian jasotako ereduaren arabera.

b) Pertsona eskatzailearen ordezkaritza-ahalordearen fotokopia.

c) Eskabidean jasotzen diren alderdiak egiazkoak direla dioen erantzukizunpeko adierazpena (eranskineko F2P inprimakia). Ikuskaritza-bisitan egiaztatu ahal izango dira eta honako hauek dira, hain zuzen:

– 2019ko ekitaldiko abenduaren 31n langile-taldean zegoen langile-kopurua, hilabete horretako TC1aren arabera.

– Fakturazio-zifra 2019ko ekitaldiko abenduaren 31n.

– Urteko balantze orokorraren zifra 2019ko ekitaldiko abenduaren 31n.

– ETEa ez den enpresa batek edo enpresa batzuek elkarrekin ez edukitzea enpresaren kapitalean % 25eko edo hortik gorako partaidetza, zuzenean zein zeharka.

d) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatearen ziurtagiria.

e) Foru-aldundiaren ziurtagiria, enpresak alta emanda duen ekonomia-jardueren gaineko zergaren epigrafea azaltzen duena.

f) 2017 eta 2018ko sozietateen gaineko zerga eta 2019ko urteko kontuak.

g) Egitura-gastuak finantzatzeko beharren deskripzio-memoria, enpresak egina (eranskineko F3 inprimakia).

h) Erantzukizunpeko adierazpena, 38/2003 Legearen 13. artikuluan eskatutako baldintzak betetzen direla frogatzeko, eta hori F2P eta F2A formularioetan jasotzea.

2.– Banakako enpresaburuek eta profesional autonomoek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) Eskabidea, eranskineko F1A inprimakian jasotako ereduaren araberakoa.

b) Eskabidean jasotzen diren alderdiak egiazkoak direla dioen erantzukizunpeko adierazpena (eranskineko F2A inprimakia).

c) Foru-aldundiaren ziurtagiria, profesionalak alta emanda duen ekonomia-jardueren gaineko zergaren epigrafea azaltzen duena.

d) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatearen ziurtagiria.

e) Eskatzailearen ondasunen aitorpena.

f) 2018ko PFEZren aitorpena eta 2019ko diru-sarrera eta gastuen exekuzioa.

g) Egitura-gastuak estaltzeko finantzaketa-beharren deskripzio-memoria, titularrak egina (eranskineko F3 inprimakia).

h) Erantzukizunpeko adierazpena, 38/2003 Legearen 13. artikuluan eskatutako baldintzak betetzen direla frogatzeko.

3.– Eskatzaileari indarrean dagoen zigor-araubidea ezarriko zaio, bai administratiboa bai penala, baldin eta aitorpen horietan emandako daturen bat faltsutzen badu.

4.– Edonola ere, Ogasun eta Ekonomia Sailak eta elkar bermatzeko sozietate laguntzaileak aurkeztu den eskabidea ulertu, ebaluatu eta tramitatzeko beharrezkotzat jotzen duten informazio osagarria eskatu ahal izango diote enpresa eskatzaileari.

9. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Eskabideak eta aurreko artikuluan aipatutako gainerako agiri guztiak elkar bermatzeko sozietate laguntzaileei helaraziko zaizkie, bide telematikoa baliatuta.

Eskabidea eta horri lotutako gainerako dokumentazioa aurkeztean, eskatzaileek hizkuntza ofizialetako edozein erabili ahal izango dute, bai eta horri buruzko prozedura eta izapideetan ere, indarren dagoen hizkuntza-araudiaren arabera.

2.– Interesdunek honako atari honetan eskuratu ahal izango dituzte informazioa eta eskabide-inprimakiak: www.euskadi.eus

10. artikulua.– Eskabideak aztertzea eta Abala Baimentzeko Agiria formalizatzea.

1.– Programan laguntzaile den elkar bermatzeko sozietatearen ardura izango da aurkezten diren eskabideak aztertu eta ebaluatzea, abala eman aurretik.

2.– Eskabidea ez badago behar bezala beteta edo 8. artikuluan zerrendatutako agiri guztiak ez badira aurkeztu, elkar bermatzeko sozietate laguntzaileak errekerimendua egingo dio enpresa edo pertsona eskatzaile interesdunari, huts hori zuzendu edo nahitaezko agiriak aurkez ditzan 10 eguneko epean; era berean, agindutakoa bete ezean eskaera bertan behera utzi duela ondorioztatuko dela ohartaraziko zaio.

3.– Elkar bermatzeko sozietate laguntzaileak autonomia izango du jaso dituzten abal-eskabideak onartu edo ukatzeko, bai eta kontraberme erreal edo pertsonalak eskatzeko ere; horretarako, abal-jardueran eskuarki erabiltzen dituen azterketa- eta erabaki-irizpideak aplikatuko ditu.

4.– Elkar bermatzeko sozietate laguntzaileak, eskabidea aztertu ostean, «Abala Baimentzeko Agiria» emango du, hala badagokio, eta F4 formularioan azaldutako informazioa zehaztuko da bertan.

5.– Elkar bermatzeko sozietate laguntzaileak abal-eskaerei buruzko ebazpena jakinaraziko dio Ekonomia, Finantza eta Aurrekontu Sailburuordetzari, eta, ondoren, Sailburuordetzak Abala Baimentzeko Agiria ematearen aldeko ebazpena egingo du, baliozkotutako eragiketaren ezaugarriak zehaztuta. Era berean, ukatutako abal-eragiketei dagokienez, Sailburuordetzak ebazpen bat emango du ukatzea arrazoitzeko. Ebazpenak elkar bermatzeko sozietate laguntzaileari jakinaraziko zaizkio, eta hark, halaber, enpresa edo pertsona eskatzaileei jakinaraziko dizkie, dagozkion ondorioetarako.

6.– Elkar bermatzeko sozietate laguntzaileak formalizatutako zein ukatutako abal-eragiketak jakinaraziko dizkio Ogasun eta Ekonomia Sailari, hark eskatzen dion aldizkakotasunarekin, hark ezarritako betekizunak betez eta hark eskatzen dizkien ereduak erabiliz.

11. artikulua.– Mailegu-eragiketak formalizatzea.

1.– Elkar bermatzeko sozietate laguntzaileak bermatzen den mailegu-eragiketarako «Abala Baimentzeko Agiria» onetsi eta dagokion lankidetza-hitzarmena sinatu duen finantza-erakundeari igorri ondoren, enpresa edo pertsona eskatzaileak finantza-erakundearekin formalizatuko du eragiketa hori.

2.– Finantza-erakundeek formalizatutako mailegu-eragiketak jakinaraziko dizkiote Ogasun eta Ekonomia Sailari, lankidetza-hitzarmenean ezarritako aldizkakotasunarekin, bertan ezarritako betekizunak betez eta bertan eskatzen diren ereduak erabiliz.

3.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak elkar bermatzeko sozietate laguntzaileari utzitako birfidantzamendua bertan behera geratuko da «Abala Baimentzeko Agiria» ematen den egunetik gehienez hiru hileko epean formalizatzen ez diren eragiketetarako.

12. artikulua.– Finantzaketa-lerroa agortzea.

1.– Dekretu honetan aurreikusitako laguntzak 2020ko abenduaren 31 baino lehen eman beharko dira, eta, nolanahi ere, dirulaguntzak emateari utziko zaio dekretu honen babesean emandako finantzaketa-eragiketak 500 milioi euroko gehieneko nominal formalizatura iristen direnean.

2.– Ogasun eta Ekonomia Sailak horren berri emango du, Ekonomia, Finantza eta Aurrekontuen sailburuordearen ebazpen baten bidez, eta ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

13. artikulua.– Enpresa eta pertsona onuradunen erreklamazioak.

Ogasun eta Ekonomia Sailak jasoko ditu finantza-laguntza emateko programa honetako erakunde eta pertsona eskatzaileek egindako erreklamazioak, eta kasuan kasuko elkar bermatzeko sozietateari edo finantza-erakunde laguntzaileari entzun ostean bideratuko ditu. Aurkeztutako erreklamazioak Ekonomia, Finantza eta Aurrekontuen sailburuordearen ebazpen bidez ebatziko dira.

14. artikulua.– Egiaztatzea eta gainbegiratzea.

1.– Finantza-laguntzako programa honetako enpresa eta pertsona onuradunek eta erakunde laguntzaileek Ogasun eta Ekonomia Sailaren egiaztapen-, ikerketa- eta azterketa-jarduketak onartu beharko dituzte.

2.– Jarduketa horien ondorioz egiaztatzen bada pertsona edo enpresa onuradunen batek ez duela betetzen baldintzaren bat, elkar bermatzeko sozietate laguntzaileari eta finantza-erakunde laguntzaileari jakinaraziko zaie, emandako finantzaketa ezezta dezaten; horren ondorioz, pertsona edo enpresa onuradunak uko egin beharko dio eragiketari, eta, horretarako, aurretiaz amortizatu beharko du. Bestalde, egiaztatzen bada erakunde laguntzaileren batek ez duela bete bere gain hartutako betebeharren bat, harekin sinatutako hitzarmena azkendu egingo da, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak beste lege- eta administrazio-jarduketa batzuk abiaraztea baztertu gabe.

3.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak, bere gain hartutako birfidantzamendu-betebeharren ondorioz, egindako pagamenduen ordaina jaso behar badu, erakunde onuradun bati egozteko moduko ez-betetzeen ondorioz, Ogasun eta Ekonomiako sailburuak, prozedura egokia bideratu eta erakunde onuradunari entzun ondoren, enpresa zordunaren zorraren zenbatekoa eta hura ordaintzeko modu eta epea zehaztuko ditu.

15. artikulua.– Laguntzen bateragarritasuna.

1.– Eragiketek estatuko «minimis» laguntzak erregulatzeko arauek ezarritakoa beteko dute; honako hauetan bildutakoa, hain zuzen ere: Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 (EB) Erregelamendua, Europar Batasunaren Funtzionamendu Itunaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa (EBAO, L 352/1, 2013-12-24); Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1408/2013 (EB) Erregelamendua, Europar Batasunaren Funtzionamendu Itunaren 107. eta 108. artikuluak nekazaritza-sektorean minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa (EBAO, L 352/9, 2013-12-24), eta Batzordearen 20014ko ekainaren 27ko 717/2014 (EB) Erregelamendua, Itunaren 107. eta 108. artikuluak arrantza-sektorean minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa (EBAO, L 190/45, 2014-06-28).

Laguntza horiek bateragarriak izango dira beste edozein administrazio publiko, sail, organismo edo erakunde publiko edo pribatutatik datozen laguntzekin, baldin eta metaketak ez badakar laguntza-intentsitatea handiagoa izatea ondorengo hauetan ezarritakoa baino: kategoriaka zehaztutako salbuespen-erregelamenduan kasu bakoitzean egoera zehatzetarako ezarritakoa, Batzordeak hartutako erabaki batean ezarritakoa edo Europako Batzordearen 2020ko martxoaren 19ko C (2020) 1863 azken jakinarazpenean ezarritakoa (Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. artikuluaren 2.b) eta 3.b) letretan xedatutakoa oinarri hartuta, Covid-19ren egungo agerraldiaren testuinguruan ekonomia babesteko estatuek hartutako laguntza-neurrien denbora-esparrua arautzen du).

2.– Arau honen bidez onuradun diren pertsona edo enpresek, beste dirulaguntza edo laguntzaren bat jasotzen badute helburu bererako, beti jakinarazi beharko diote Ogasun eta Ekonomia Sailari; halaber, zerga-ekitaldi honetan zein aurreko bi ekitaldietatik aurrera gaur egun arte jasotzen dituzten minimis laguntzak ere jakinarazi beharko dizkiote.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Finantzen Euskal Institutuak, egokitu zaizkion eginkizunak baliatuta, dekretu honetako 1. artikuluan zehaztutako finantzaketa-beharrak estaltzeko maileguak eman ahal izango ditu.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Ogasun eta Ekonomiako sailburuari ahalmena ematen zaio dekretu hau garatzeko behar diren xedapenak eman ditzan.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean dekretu hau.

Vitoria-Gasteizen, 2020ko martxoaren 31n.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Ogasun eta Ekonomiako sailburua,

PEDRO MARÍA AZPIAZU URIARTE.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala