Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

64. zk., 2020ko apirilaren 1a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

OSASUN SAILA
1758

AGINDUA, 2020ko martxoaren 27koa, Osasuneko sailburuarena, martxoaren 23ko SND/275/2020 Aginduan eta martxoaren 19ko SND/265/2020 Aginduan jasotako neurriak zabaldu eta interpretatzekoa, Euskal Autonomia Erkidegoko gizarte-zerbitzuen eremuko egoitza-zentro publiko eta pribatu guztietan aplika daitezen, eta agindu horiek garatzeko esku-hartze neurriak hartzekoa.

Martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren bidez (alarma-egoera deklaratzen duena Covid-19ak eragindako osasun-krisialdia kudeatzeko; Estatuko Aldizkari Ofiziala, 67. zk., 2020ko martxoaren 14koa), alarma-egoera deklaratu zen Estatuko lurralde osoan, Covid-19 koronabirusak eragindako osasun-larrialdiko egoerari aurre egiteko. Hori hala egin zen, Alarma, Salbuespen eta Setio Egoeren ekainaren 1eko 4/1981 Lege Organikoak laugarren artikuluko b) eta d) letretan xedatutakoaren arabera.

Aipatutako errege-dekretuaren 6. artikuluak zera dio: «administrazio bakoitzak bere zerbitzuen ohiko kudeaketarako indarreko legeriak ematen dizkion eskumenak izaten jarraituko du, eta beharrezkotzat jotako neurriak hartuko ditu, betiere alarma-egoeraren ondoreetarako agintari eskudunak emandako zuzeneko aginduak betez eta 3. eta 5. artikuluetan ezarritakoa ezertan eragotzi gabe».

Bestalde, 4. artikuluak zera dio:

«4. artikulua.– Agintari eskuduna.

1.– Alarma-egoeraren ondoreetarako, Gobernua izango da agintari eskuduna.

2.– Errege-dekretu honetan aipatzen diren eginkizunak betetzeko, honako hauek izango dira agintari eskudun ordezkari, nor bere erantzukizuneko arloetan eta, betiere, Gobernuko presidentearen zuzendaritza gorenaren pean:

a) Defentsako ministroa.

b) Barne ministroa.

c) Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendako ministroa.

d) Osasuneko ministroa.

Horrez gainera, a), b) eta c) letretan adierazitako ministroen eskumenekoak ez diren erantzukizun-arloetan, Osasuneko ministroa izango da agintari eskudun ordezkari.

3.– Errege-dekretu honen bidez agintari eskudun ordezkari izendatu diren ministroak gaituta daude, nor bere jardun-eremu espezifikoan, pertsonak, ondasunak eta tokiak babeste aldera eskaini behar diren ohiko edo aparteko zerbitzuak bermatzeko beharrezkoak diren aginduak, ebazpenak, xedapenak eta interpretazio-jarraibideak emateko, eta, horretarako, ekainaren 1eko 4/1981 Lege Organikoaren hamaikagarren artikuluan aurreikusita dauden neurrietatik edozein hartu ahal izango dute.

Aurreko paragrafoan adierazitako egintzak, xedapenak eta neurriak ofizioz edo autonomia-erkidegoko eta tokiko agintari eskudunen eskaera arrazoituaren bidez hartu ahal izango dira, kasu bakoitzean aplikatu behar den legeriaren arabera eta pertsona zaurgarriei jaramon eginez. Horretarako, ez da administrazio-prozedurarik izapidetu behar. (...)»

Adinekoak, desgaitasuna duten pertsonak eta egoitzetako edo bestelako zentro soziosanitarioetako erabiltzaileak zaurgarriak dira Covid-19aren infekzioarekiko; besteak beste, gehienak zaharrak direlako, oinarrizko patologiak edo komorbilitateak dituztelako, eta beste pertsona batzuekin harreman estua izaten dutelako –adibidez, zaintzaileekin edo bizikideekin–. Pertsona zaurgarriak bizi diren zentro batean Covid-19 kasu bat diagnostikatzen denean, osasun-agintariak ezarri duen kasu-deklarazioa edo -komunikazioa egin behar izaten da.

Azken egunotan egiaztatu da Covid-19a zahar-etxeetan bizi diren pertsona zaurgarrien artean zabaltzen ari dela, eta, beraz, antolakuntza- eta koordinazio-neurri gehiago hartu behar dira, kutsadura-arriskua murrizteko eta gaixotasunak jota dauden pertsonak ahalik eta ondoen tratatzeko.

Helburu hori lortu eta aipatutako dekretua garatze aldera, Osasuneko ministroak bi xedapen eman ditu, agintari ordezkaria den aldetik. Batetik, martxoaren 23ko SND/275/2020 Agindua, Gizarte-zerbitzuen eremuko egoitza-zentroak antolatzeko eta haiei buruzko informazioa emateko neurri osagarriak ezartzen dituena Covid-19ak eragindako osasun-krisialdia kudeatzeko.

Bestetik, martxoaren 19ko SND/265/2020 Agindua, Covid-19ak eragindako osasun-krisialdia dela-eta zahar-etxeei eta zentro soziosanitarioei buruz neurriak hartzekoa.

Ikusita gaixotasuna oso azkar hedatzen ari dela, adinekoak, desgaitasuna duten pertsonak eta egoitza-zentroetan edo gizarte-zentroetan barneratuta dauden beste erabiltzaile batzuk Covid-19aren infekzioarekiko bereziki zaurgarriak direla, eta horiek guztiak zaintzeko baliabideak behar direla, nahitaezkoa da neurri gehiago hartzea, batetik, kutsadura-arriskua murrizteko eta, bestetik, pertsona horien arreta soziosanitariorako eskura dauden baliabide guztiak erabili ahal izango direla bermatzeko; horrez gainera, antolakuntza-neurriak ezarri behar dira, Covid-19ak jota dauden egoitzetako erabiltzaileei eta haien bizikideei osasun-arreta eskaintzeko.

Covid-19ak eragindako osasun-krisialdia dela-eta zahar-etxeei eta zentro soziosanitarioei buruz neurriak hartzeko martxoaren 19ko SND/265/2020 Aginduaren zazpigarren ebazpen-zatian (agindua garatzeari eta betearazteari buruzkoa), zera dago ezarrita: «autonomia-erkidego bakoitzeko osasun-agintari eskudunek emango dituzte, nork bere jardun-eremu espezifikoan, agindu honetan xedatutakoaren eraginkortasuna bermatzeko beharrezkoak diren ebazpenak, xedapenak eta interpretazio-jarraibideak».

Bestalde, martxoaren 23ko SND/275/2020 Aginduaren seigarren ebazpen-zatiaren arabera, «autonomia-erkidegoek eta Ceuta eta Melillako hiri autonomoek berehala zabaldu behar dute agindu honetan xedatzen den guztia, beren jardunaren eta akreditazioaren eskumen-eremukoak diren eta agindu honetan jasota dauden gizarte-zerbitzuen eremuko egoitza-zentro guztietara».

Gainera, zazpigarren ebazpen-zatian halako aginduak garatzeari eta betearazteari dagokionez ezarritakoaren arabera, «autonomia-erkidego bakoitzeko agintari eskudunek emango dituzte, nork bere jardun-eremu espezifikoan, agindu honetan xedatutakoaren eraginkortasuna bermatzeko beharrezkoak diren xedapenak eta ebazpenak».

Hori dela eta, EAEk gizarte-zerbitzuen arloan duen eskumen-esparruaren arabera –zehazki, Gizarte Zerbitzuen abenduaren 5eko 12/2008 Legearen, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren prestazio eta zerbitzuen zorroari buruzko urriaren 6ko 185/2015 Dekretuaren eta Euskal Autonomia Erkidegoko adinekoentzako egoitza-zentroei buruzko uztailaren 30eko 126/2019 Dekretuaren arabera–, lurralde historikoetako foru-aldundiek eman behar dituzte zentroek behar bezala funtzionatzeko eta erabiltzaileen eta langileen osasuna bermatzeko beharrezkoak diren jarraibideak, zeinak, inguruabar berezi hauetan, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko osasun-agintaritzarekin koordinatuta eta harekin harremanetan jarrita eman behar baitira.

Horregatik guztiagatik, harik eta pandemiak sortu duen egoera asistentziala onbideratu arte, Osasun Sailaren Egitura Organikoa eta Funtzionala Ezartzen duen apirilaren 11ko 80/2017 Dekretuak 4.1 eta 4.2 artikuluetan organo horri eskuordetutako eskumenen arabera, eta martxoaren 23ko SND/275/2020 Aginduaren seigarren eta zazpigarren ebazpen-zatien bidez eta martxoaren 19ko SND/265/2020 Aginduaren zazpigarren ebazpen-zatiaren bidez esleitutako gaikuntza baliatuz –bi agindu horiek martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren bidez onartu ziren, zeinak alarma-egoera deklaratzen baitu Covid-19ak eragindako osasun-krisialdia kudeatzeko–, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Xedea.

Agindu honen xedea da martxoaren 19ko SND/265/2020 Aginduan eta martxoaren 23ko SND/275/2020 Aginduan jasotako neurriak zabaltzea eta interpretatzea, eta agindu horiek garatzeko esku-hartze neurriak hartzea (SND/265/2020 Agindua, Covid-19ak eragindako osasun-krisialdia dela-eta zahar-etxeei eta zentro soziosanitarioei buruz neurriak hartzekoa; SND/275/2020 Agindua, Gizarte-zerbitzuen eremuko egoitza-zentroak antolatzeko eta haiei buruzko informazioa emateko neurri osagarriak ezartzen dituena, Covid-19ak eragindako osasun-krisialdia kudeatzeko).

Bigarrena.– Aplikazio-eremua.

Agindu hau Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldean dauden gizarte-zerbitzuen eremuko egoitza-zentro publiko eta pribatu guztiei aplikatuko zaie; hau da, adinekoen eta desgaitasuna duten pertsonen egoitza-zentroei, eta antzeko izaera duten gizarte-zerbitzuen eremuko beste zentro batzuei.

Hirugarrena.– Eskudantzia.

Euskal Autonomia Erkidegoko Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru-aldundietan gizarte-zerbitzuen arloko eskumena duten organoei baimena ematen zaie, EAEk gizarte-zerbitzuen arloan duen eskumen-esparruan, martxoaren 23ko SND/275/2020 Aginduan eta martxoaren 19ko SND/265/2020 Aginduan ezarrita dauden neurriak aplikatzeko –bi agindu horiek martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren bidez onartu ziren, zeinak alarma-egoera deklaratzen baitu Covid-19ak eragindako osasun-krisialdia kudeatzeko–, hargatik eragotzi gabe Osasun Sailaren eskumenekoak diren neurriak.

Laugarrena.– Hartutako neurriak berrestea.

Aurreko ebazpen-zatian aipatzen diren organoek jardun-eremu honekin lotuta lehendik onartu dituzten xedapen eta neurri guztiak berretsita geratzen dira, eta, beraz, indarrean jarraituko dute eta han adierazitako ondoreak izango dituzte, baldin eta agindu honekin bateragarriak badira.

Aurreko paragrafoan adierazitako berrespenak ez du ezertan eragotziko Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa Arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 8.6.2 artikuluan ezarrita dagoen berrespen judiziala.

Bosgarrena.– Indarraldia.

Agindu hau indarrean egongo da, Estatuko Gobernuak dekretu bidez deklaratu duen alarma-egoerak irauten duen bitartean eta krisialdia dela-eta sektoreak koordinatzeko premia duen bitartean.

Seigarrena.– Argitaratzea eta indarrean jartzea.

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, eta onartzen den egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko martxoaren 27a.

Osasuneko sailburua,

MIREN NEKANE MURGA EIZAGAECHEVARRIA.


Azterketa dokumentala