Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

61. zk., 2020ko martxoaren 27a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

OSASUN SAILA
1718

AGINDUA, 2020ko martxoaren 26koa, Osasuneko sailburuarena, SARS-Cov-2 (Covid-19) delakoak eragindako pandemia dela-eta hileta-osasunaren arloan salbuespenezko neurriak hartzen dituena.

Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legearen 3. artikuluak dioenez, «Euskal Administrazio Sanitarioari dagokio osasun publikoaren babes orokorra bermatzea, prebentzio-neurrien, osasuna sustatzeko neurrien eta prestazio sanitario indibidualen bidez. Era berean, baliabide egokiak bermatu beharko ditu izaera publikoarekin aseguratutako prestazioak hornitzeko, batez ere titulartasun publikoko baliabideak zuzkituz, mantenduz eta hobetuz.»

Era berean, 14. artikulua, prebentziozko arretari eta osasunaren sustapenari buruzkoa, egonkorra da: «Izen horren barruan sartzen dira oinarrizko osasun-legeriak egiten dituen esparru-zerrendaren arabera garatzen diren jarduketak, osasunaren babesari, sustapenari eta gaixotasunen prebentzioari dagokienez, bai eta ordenamendu juridikoak banakako eta taldeko osasunari dagokionez aitortzen dituen esku-hartze publikoko ahalak baliatzeari dagokionez ere.»

Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuaren 12. artikuluak honako egiteko eta jardun-arlo hauek esleitzen dizkio Osasun Sailari:

a) Osasun-plangintza eta -antolamendua.

b) Osasun publikoa eta elikagaien higienea.

c) Zaintza epidemiologikoa.

d) Ordenazio farmazeutikoa.

e) Drogamenpekotasunak.

f) Sailari atxikita dauden erakunde autonomoak, zuzenbide pribatuko erakunde publikoak eta sozietate publikoak zuzentzea, legeek eta erregelamenduek ezartzen dutenaren arabera.

Osasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 80/2017 Dekretuaren 4.1 artikuluak adierazten du Osasuneko sailburuari dagokiola Jaurlaritzaren ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 26. eta 28. artikuluetan ezarritako eskumenak eta Osasun Sailari dagozkion eginkizunen eta jardun-arloen esparruan indarrean dagoen legeriak esleitzen dizkion eskumenak baliatzea.

Covid-19k eragindako osasun-krisia kudeatzeko alarma-egoera deklaratzen duen martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuak (2020ko martxoaren 14ko Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, 67. zenbakian) alarma-egoera aitortzen du estatuko lurralde osoan, Covid-19 koronabirusak eragindako osasun-larrialdiko egoerari aurre egiteko. Hori guztia, Alarma-, salbuespen- eta setio-egoerei buruzko ekainaren 1eko 4/1981 Lege Organikoaren laugarren artikuluaren b) eta d) letretan xedatutakoaren babesean.

12. artikuluak, berriz, honela dio: «1.– Lurralde nazionaleko administrazio publikoetako osasun-arloko agintari zibil guztiak, bai eta horien zerbitzura dauden gainerako funtzionarioak eta langileak ere, Osasuneko ministroaren zuzeneko agindupean geratuko dira, pertsonak, ondasunak eta tokiak babesteko beharrezkoa den neurrian, eta aparteko zerbitzuak ezarri ahal izango zaizkie, iraupenagatik edo izaeragatik.»

Koronabirus bidezko pandemiak Osasun Saila behartu du Osasun Publikoaren larrialdi egoera deklaratzera eta Euskadiko Babes Zibileko Plana (Labi) aktibatzera. Egoera hori Covid-19 pandemiaren inpaktuak eta Euskadiko morbimortalitatean izaten ari den eraginak sortu dute.

Bestalde, Euskal Autonomia Erkidegoko Hilotzen Osasunari buruzko Erregelamenduak, urriaren 19ko 202/2004 Dekretuaren bidez onartutakoak, 5.1 artikuluan hau ezartzen du: «Transplanteak egiteko organoak, ehunak eta pieza anatomikoak erabiltzeari kalterik egin gabe, gorpu guztien eta gorpuzkien azken xedea hau izango da:

a) Baimendutako leku batean lurperatzea.

b) Baimendutako leku batean erraustea.»

Era berean, lege-testu horren 12. artikuluak honako hau xedatzen du: «Hondamendi edo heriotza kolektiboak gertatuz gero, salbuespenez, osasun-agintaritzak kasu berezi horietarako baimentzen dituen manipulazio- eta kontserbazio-teknikak aplikatuko dira, eta uneoro bermatuko dira beharrezko osasungarritasun-baldintzak».

Horregatik guztiagatik, pandemiaren ondoriozko osasun-larrialdiko egoera berriz bideratzen den bitartean, Osasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 80/2017 Dekretuaren 4.1 artikuluak organo honi emandako eskumenei jarraikiz, eta aipatutako martxoaren 15eko SND/234/2020 Aginduaren lehenengo ebazpenak emandako gaikuntza baliatuta (Covid-19k eragindako osasun-krisia kudeatzeko alarma-egoera deklaratzen duen martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren babesean eman zen agindu hori),

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Agindu hau Euskal Autonomia Erkidegoan hilotz guztiei aplikatuko zaie, heriotzaren arrazoia zein den kontuan hartu gabe, eta honako ebazpen hauetan hileta-osasunaren arloan adierazten diren salbuespenezko neurriak hartzen ditu.

Bigarrena.– Hilotzen azken buruko destinoa ezartzea, ehorzketa edo errausketa izan behar direlarik. Errautsak manipulatu egin daitezke, inolako arriskurik eragin gabe.

Hirugarrena.– Baimena ematea hilotzei azken buruko destinoa emateko, hil zenetik hogeita lau ordu igaro arte itxaron gabe.

Laugarrena.– Hileta-elizkizunak debekatzea eta ospakizun zibil eta erlijiosoetara (hileta-elizkizunak barne) joateko baldintza gisa, pertsonen pilaketak saihesteko antolaketa-neurriak hartzea, lekuen tamainaren eta ezaugarrien arabera, bertaratzen direnei gutxienez metro eta erdiko tartea errespetatzeko aukera bermatzeko moduan.

Bosgarrena.– Gorpuaren garbiketa eta tanatopraxiako edo tanatoestetikako esku-hartzeak debekatzea.

Seigarrena.– Agindu honetan aurreikusi gabekoari dagokionez, Euskal Autonomia Erkidegoko Hilotzen Osasunari buruzko Erregelamendua (urriaren 19ko 202/2004 Dekretuaren bidez onartua) aplikatuko da, bai eta Osasun Ministerioak egindako dokumentu teknikoa ere, Covid-19 kasuen gorpuak maneiatzeko prozedurari buruzkoa.

Zazpigarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, eta onartzen den egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko martxoaren 26a.

Osasuneko sailburua,

MIREN NEKANE MURGA EIZAGAECHEVARRIA.


Azterketa dokumentala