Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoa

Euskadi.eus

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

56. zk., 2020ko martxoaren 20a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

OSASUN SAILA
1637

AGINDUA, 2020ko martxoaren 18koa, Osasuneko sailburuarena, zeinaren bidez zuzendaritza-batzorde bat sortzen baita Euskal Autonomia Erkidegoan koronabirusak (Covid-19) eragindako krisialdiari aurre egiteko dauden baliabide sanitarioak, kudeaketakoak eta boluntariotzakoak kudeatu eta koordinatuko dituena.

Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legeak 12.1 artikuluan dioenez, «Euskadiko sistema sanitarioaren zuzendaritza, planifikazioa eta programazioa Eusko Jaurlaritzaren eskumena da, eta Euskadiko Autonomi Elkarteko Administrazio Orokorreko organo aginpidedunen bidez exekutatzen da.»

2. apartatuaren arabera, egiteko hauek hartuko ditu barnean, besteak beste: a) Aginteaz baliatzea eskatzen duten interbentzioak, osasun publikoaren tutela orokorra garantizatzeko beharrezkoak direnak.

Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzeko, eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzeko Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuaren 12. artikuluaren arabera, Osasun Sailari honako egiteko eta jardun-arlo hauek dagozkio:

a) Osasun-plangintza eta -antolamendua.

b) Osasun publikoa eta elikadura-higienea.

c) Zaintza epidemiologikoa.

d) Farmazia-antolamendua.

e) Droga-mendekotasunak.

f) Sailari atxikita dauden erakunde autonomoak, zuzenbide pribatuko erakunde publikoak eta sozietate publikoak zuzentzea, legeek eta erregelamenduek ezartzen dutenaren arabera.

Osasun Sailaren Egitura Organikoa eta Funtzionala Ezartzen duen apirilaren 11ko 80/2017 Dekretuak, 4.1 artikuluan, Osasuneko sailburuari esleitzen dizkio Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 26. eta 28. artikuluetan ezarritako eskumenak, baita Osasun Sailari dagozkion funtzioen eta jardun-arloen eremuan indarrean dagoen legediak esleitzen dizkionak ere.

Artikulu horren 2. apartatuaren arabera, Saileko organo goren gisa, Osasuneko sailburuari dagokio sailari atxikitako erakunde publiko, erakunde autonomo eta gainerako organoak zuzendu, koordinatu eta kontrolatzea.

Martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren bidez, alarma-egoera deklaratu zen Covid-19ak eragindako osasun-krisialdia kudeatzeko (Estatuko Aldizkari Ofiziala, 67. zk., 2020ko martxoaren 14koa); hau da, alarma-egoera deklaratu zen Estatuko lurralde osoan, Covid-19ak edo koronabirusak eragindako osasun-larrialdiari aurre egiteko. Hori guztia, Alarma-, salbuespen- eta setio-egoerei buruzko ekainaren 1eko 4/1981 Lege Organikoaren 4.b) eta 4.d) artikuluetan xedatutakoaren babesean.

Seigarren artikuluan dioenez, administrazio bakoitzak bere zerbitzuen ohiko kudeaketarako indarreko legeriak ematen dizkion eskumenak izaten jarraituko du, eta egoki iritzitako neurriak hartuko ditu, betiere alarma-egoeraren ondoreetarako agintari eskudunak emandako zuzeneko aginduak betez eta 4. eta 5. artikuluetan ezarritakoa ezertan eragotzi gabe.

Hamabigarren artikuluan, berriz, zera ezartzen da:

«1.– Estatuko lurraldeko administrazio publikoetako osasun-agintari zibil guztiak eta horien zerbitzura dauden gainerako funtzionarioak eta langileak Osasuneko ministroaren zuzeneko aginduen pean geratuko dira, pertsonak, ondasunak eta lekuak babesteko beharrezkoa denean, eta, gainera, aparteko zerbitzuak ezarri ahal izango zaizkie, dela iraupenagatik, dela izaeragatik.

2.– Aurrekoa gorabehera, autonomia-erkidegoko eta tokiko administrazio publikoek dagozkien osasun-zerbitzuak kudeatzen jarraituko dute, beren eskumenen esparruan, eta behar bezala funtzionatzen dutela bermatuko dute beti. (...).»

Bestalde, martxoaren 15eko SND/232/2020 Aginduaren bidez, giza baliabideen eta bitartekoen arloko neurriak ezarri ziren Covid-19ak eragindako osasun-krisialdia kudeatzeko. Agindu horren helburua da Estatuko lurralde osoan Osasun Sistema Nazionala indartzeko neurri bereziak ezartzea giza baliabideen eta bitartekoen arloan, martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuan aurreikusitakoa garatzeko eta aplikatzeko (463/2020 Errege Dekretua, alarma-egoera deklaratzen duena Covid-19ak eragindako osasun-krisialdia kudeatzeko), eta, besteak beste, arlo hauekin zerikusia duten neurriak hartzen dira: trebatzen ari diren profesionalen gaineko neurriak; fakultatiboen eta ez-fakultatiboen ezohiko kontratazioa; establezimendu medikoen irekiera; erretiroa hartuta dauden profesional sanitarioak lanera itzultzeko neurriak; funtzio sindikaletarako dispentsa duten langileak lanera itzultzeko neurriak; Medikuntzako eta Erizaintzako graduetako ikasleen kontratazioa; establezimendu medikoen irekiera; autonomia-erkidegoen eskura jartzea beste administrazio publiko batzuen eta zentro edo establezimendu sanitario pribatuen baliabideak eta bitartekoak; espazioak gaitzea xede sanitarioekin erabili ahal izateko, eta zerbitzu-prestazioaren araubidea.

Aginduaren hamabigarren ebazpen-zatiak dioenez, «autonomia-erkidego bakoitzeko osasun-agintari eskudunei dagokie agindu honetan xedatutakoaren efikazia bermatzeko egin behar diren ebazpenak, xedapenak eta instrukzio interpretatzaileak egitea, bakoitzari bere jardun-arlo bereziaren eremuan».

Koronabirusak eragindako mundu-pandemia dela eta, Osasun Sailak osasun publikoko larrialdi-egoera deklaratu behar izan du, bai eta Euskadiko Herri Babeseko Plana (Labi) aktibatu ere. Neurri horiek hartzea beharrezkoa izan da, batetik, Covid-19 pandemiaren inpaktuagatik, eta, bestetik, Euskadiko morbimortalitatean izaten ari den ondorioengatik. Horri aurre egiteko, badakigu Euskadiko Osasun Sistemari tresnak eskaini behar dizkiogula premia berrietara egokitu dadin; hartara, egoera honek berekin dakartzan ondorioei erantzun ahal izango diegu, ez bakarrik Osakidetzako erakunde sanitario integratuen jarduera asistentzialari dagokionez, baita ekonomiaren eta kudeaketaren arloei dagokienez ere.

Pandemia honek behartzen gaitu (eta are gehiago behartuko gaitu datozen asteetan) denok koordinatuta lan egitera: Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldean osasun-arloan diharduten sektore publikoak, itunduak eta pribatuak koordinatuta lan egin behar dute, eta, gainera, osasun-arloak eta arlo soziosanitarioak ere koordinatu egin behar dira. Are gehiago, formula alternatiboak erabili beharko ditugu, orain arte Osasun Sailak eta Osakidetzak inoiz behar izan ez dituenak. Proposatutako antolamenduak alderdi asistentzialari eta baliabide ekonomikoen berrantolaketari eragiten die (programa-kontratuak eta itunak), baina logistikari ere bai, zeren eta beharrezkoa baita euskal herritarrak artatzeaz arduratuko diren guztiei baliabideak ematea (adibidez, material suntsikorra edo norbera babesteko materiala). Horrez gainera, azpiegituren eta teknologiaren erabilera ere barne hartzen du antolamendu berriak.

Berrantolaketa hierarkikoa ere eskatzen du egoera honek. Egitura-dekretuek esleitutako funtzioak egungo egoerara egokitu behar dira; izan ere, ez da nahikoa arlo medikoko jarduerak berrantolatzea, jardun asistentzialeko jarduerak ohi baino gehiago handitu direlako. Osasun-testuinguru berriak eskatzen du Osasun Sailaren eta sare asistentzial propio eta itunduaren mendeko unitateak edukitzea, zeinei esker paziente kritikoak eta bitarteko zainketak behar dituzten pazienteak artatu ahal izango baitira, berdintasun- eta proportzionaltasun-irizpideei jarraituz, beren etxeetako edo egoitzetako asistentzia-unitateetan.

Bestalde, begien bistakoa da pandemia honek inpaktu ekonomikoa izango duela osasun-sektorean, eta argi dago gastu-kapituluetan ere aldaketak egongo direla. Horiek horrela, ESIen programa-kontratuak eta kontratu itunduak birformulatu beharra dago, epidemiak sorraraziko dituen baldintza asistentzialetara egokituta egon daitezen.

Horregatik guztiagatik, pandemiak eragindako egoera asistentziala onbideratu bitartean, Osasun Sailaren Egitura Organikoa eta Funtzionala Ezartzen duen apirilaren 11ko 80/2017 Dekretuaren 4.1 eta 4.2 artikuluen bidez organo honek eskuordetuta dituen eskumenen babesean eta martxoaren 15eko SND/232/2020 Aginduaren hamabigarren ebazpen-zatian esleitutako gaikuntza baliatuz (martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren babesean emana, zeinak alarma-egoera deklaratzen baitu Covid-19ak eragindako osasun-krisialdia kudeatzeko), zera

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Zuzendaritza-batzorde bat sortzea, Osasuneko sailburuaren agintaritzapean, Euskal Autonomia Erkidegoan dauden baliabide sanitarioak, kudeaketakoak eta boluntariotzakoak kudeatu eta koordinatuko dituena.

Bigarrena.– Osakidetzaren asistentzia- eta kudeaketa-egitura guztia zuzendaritza-batzordeak hartutako erabakien zerbitzura jarriko da eta haren beharra eskatzen duten alderdi operatiboak garatu eta lagunduko ditu.

Ondorio horietarako, eta asistentziari dagokionez, lau lurralde-eremutan antolatuko da, eta lurralde-eremu bakoitzeko ESIetako asistentzia-zuzendaritzetako bat izango da horietako bakoitzaren buru:

a) Ezkerraldea/Uribe.

b) Bilbao-Basurto/Barrualde.

c) Gipuzkoa.

d) Araba.

Hirugarrena.– Zuzendaritza-batzordeko burua Osasuneko sailburuordea izango da, eta honako organo hauetako titularrak izango dira batzordekideak:

a) Osasun Sailaren Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritza.

b) Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Osasun Laguntzako Zuzendaritza.

c) Uribeko ESIko Kudeaketako Zuzendaritza.

d) Bilbao-Basurtoko ESIko Zuzendaritza Medikua.

e) Donostialdeko ESIko Kudeaketako Zuzendaritza.

f) Arabako ESIko Zuzendariordetza Medikua.

g) Osakidetzaren lehen mailako arretaren koordinaziorako arduraduna.

h) Osakidetzaren Erizaintza Aholkularitzako Zuzendariordetza.

i) Estrategiara atxikitako erizaintzako profesional bat.

Laugarrena.– Honako hauek dira zuzendaritza-batzordeari esleitutako funtzioak:

Martxoaren 15eko SND/232/2020 Aginduan giza baliabideen eta bitartekoen arloan ezartzen diren neurri bereziak ezartzeko proposamena egitea Osasuneko sailburuari, neurri horiek har ditzan. Agindu horrek, giza baliabideen eta bitartekoen arloko neurriak ezartzen ditu Covid-19ak eragindako osasun-krisialdia kudeatzeko, eta martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuak (Covid-19ak eragindako osasun-krisialdia kudeatzeko alarma-egoera deklaratzen duena) aurreikusitakoa garatzeko eta aplikatzeko eman zen.

a) Euskal Autonomia Erkidegoaren eremu publikoko, itunpeko eta pribatuko asistentzia-baliabide guztien kudeaketa koordinatua eta integrala.

b) Pandemiaren aurrean Osasun Sailaren operatiboan parte har dezaketen boluntarioen koordinazioa.

c) Lan-arlo bakoitzerako egokitzat jotzen diren lan-talde espezifikoak eratzea. Lan-talde horietan Osasun Saileko kideek, Osakidetzako kideek eta itunpeko eremuko zein eremu pribatuko profesional sanitarioek parte hartu ahal izango dute.

d) Eta, oro har, Euskal Osasun Sistema indartzeko beharrezkoak diren neurriak proposatzea Osasuneko sailburuari.

Bosgarrena.– Zuzendaritza-batzordeak Osasun Sailaren Aseguramendu eta Kontratazio Sanitarioko Zuzendaritzaren zeharkako laguntza izango du, hari lotutako kontratazioa eta kontrol ekonomikoa doitzeko Osakidetzako zerbitzu-antolaketa guztietan. Hitzarmen sanitarioen kontrola dagokio, Osasun Saileko hiru lurralde-ordezkaritzak lagunduta.

Seigarrena.– Aseguramendu eta Kontratazio Sanitarioko zuzendariordeak egingo du itundutako eremuarekiko eta eremu pribatuarekiko, bai eta larrialdi-egoera honen kudeaketarekin lotutako boluntarioekiko koordinazio-lana.

Zazpigarrena.– Agindu hau indarrean egongo da Estatuko gobernuak agindutako alarma-egoerak irauten duen bitartean egongo da indarrean, bai eta krisia dela-eta sektorean koordinazio-premiak irauten duen bitartean ere.

Zortzigarrena.– Osasuneko sailburuari dagokio aipatutako martxoaren 15eko SND/232/2020 Aginduan xedatutakoaren efikazia bermatzeko egin behar diren ebazpen, xedapen eta interpretazio-jarraibideak ematea, bere jardun-arlo bereziaren eremuan.

Bederatzigarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, eta argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko martxoaren 18a.

Osasuneko sailburua,

MIREN NEKANE MURGA EIZAGAECHEVARRIA.


Azterketa dokumentala

Euskadi, auzolana