Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

54. zk., 2020ko martxoaren 17a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA AZPIEGITURA SAILA
1591

AGINDUA, 2020ko martxoaren 9koa, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuarena, zeinaren bidez arautzen eta iragartzen baita Nerbioi itsasadarraren ezkerraldean eta Oiartzualdean eta Euskal Autonomia Erkidegoko urteko batez bestekoaren % 20tik gorako langabezia-tasa duten beste udalerri batzuetan ekoizpen-inbertsioa egingo duten eta, beraz, gune horietako lehiakortasun-hobekuntza eta garapen ekonomikoa eragingo duten enpresentzako laguntzen 2020ko ekitaldirako programa. Indartu 2020 Programa.

2017-2020 Industrializazio Planak aberastasuna sortzea –garapen industrialaren aldeko apustu garbia eginda– eta gizarte-desberdintasunak murriztea lehenesten ditu. Aberastasunaren sorrerak industria du adierazle nagusi gisa. Zazpi urtez krisi ekonomikoa bizi ondoren, gure gizartea eta enpresa-sarea ahulduta geratu dira, baina hazkunde ekonomikoko garai baten aurrean gaude. 2016an, Euskal Autonomia Erkidegoak 2008ko jarduera ekonomikoaren maila berreskuratu zuen, eta industriaren sektorea berriz ere enplegu garbia sortzen hasi zen. Enplegua sortzeko ekoizpen-inbertsioa sustatzea funtsezko ardatz estrategikoetako bat da Jaurlaritzak arlo horretan garatuko dituen ekintzak bideratzeko.

Hori oinarritzat hartuta, Planak tresna eta programa egokiak egituratzen ditu enpresa-inbertsioak bultzatzeko eta sustatzaile berriei laguntza integrala emateko, horiek enplegu-aukera berriak sor ditzaten. Horrela, diskriminazio positiboa ezartzen du, bereziki, honako inbertsio hauek sustatzeko: Nerbioi itsasadarraren ezkerraldean eta Oiartzualdean kokatutako inbertsioak, eta Euskal Autonomia Erkidegoko urteko batez bestekoaren % 20tik gorako langabezia-tasa duten udalerrietan estrategikotzat eta lehentasunezkotzat jotzen diren inbertsioak.

Plan hori aplikatuz, Deialdia oinarrizko ezaugarri hauen inguruan konfiguratzen da; laburbilduz:

I.– Eremu horietan eta Euskal Autonomia Erkidegoko urteko batez bestekoaren % 20tik gorako langabezia-tasa duten gainerako udalerrietan, lehiakortasun-hobekuntza eta garapen ekonomikoa eragingo dituen ekoizpen-inbertsioa sustatzea, enpresa berrien bidez nahiz lehendik dauden enpresen bidez. Dena den, produktuaren eraldaketa-prozesuko hobekuntzekin, gaitasunak handitzearekin edo jarduera berriak garatzearekin zuzenean lotuta dauden inbertsioek lehentasuna izango dute.

II.– Lurraldea kontuan hartzen duen diskriminazio positiboa, langabezia-egoera larriagoa jasaten duten zenbait eremuren kasuan, krisi ekonomikoak eragin handiagoa izan duelako edo garapena oztopatzen duen egiturazko hondatze-egoera jasan dutelako.

III.– Inbertsioek behar bezala finantzatuta egon behar dute. Horrela, programaren hasieran, baliabide propioen gutxieneko estaldura eskatzen da, enpresa berrientzat nahiz lehendik daudenentzat. Estaldura hori laguntza jaso dezaketen inbertsioen zenbateko osoaren % 25ekoa da, laguntza publikoak kenduta.

IV.– Enpresa edo enpresa talde bakoitzeko hiru milioi euroko gehieneko laguntza ezartzea, laguntza jaso dezakeen inbertsioaren arabera, eta sortu beharreko enplegu-bolumena kontuan hartu gabe.

Laguntzei buruzko Agindu hori kontuan hartzen da Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren Laguntzei buruzko Plan Estrategikoan, Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 8.1 artikuluan ezarritakoa betez.

Deialdi hau Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Orokorreko printzipio arau-emaileei buruzko Legearen IV. eta VI. tituluetan, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onetsitako testu bateginean, eta aipatu legearen erregelamendua onartzen duen 887/2006 Errege Dekretuak garatutako Dirulaguntza Orokorrei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legean xedatutakoarekin bat egiten da.

Hauek hartuko dira kontuan: 2014-2020 aldirako eskualde-xedeko estatu-laguntzei buruzko jarraibideak (AO, C 209, 2014ko uztailaren 23koak), 651/2014 Erregelamendua (EB), 2014ko ekainaren 17koa, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluarekin bat laguntza kategoria jakin batzuk barne-merkatuarekin bateragarri izendatzeari buruzkoa (AO, L 187, 2014ko ekainaren 26koak), 14. eta 17. artikuluetan xedatuan oinarrituta, hala nola, Europako Batzordeak onartutako 2014-2020 aldirako Espainiako eskualde-laguntzen mapa, Batzordearen 2014ko ekainaren 25eko 702/2014 (EB) Erregelamendua, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluekin bat nekazaritza- eta basogintza-sektoreetarako eta landa-inguruneetarako laguntzen zenbait kategoria barne-merkatuarekin bateragarri deklaratzekoa (AO, L 193, 2014ko uztailaren 1ekoa) eta Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluekin bat arrantzako eta akuikulturako produktuak ekoizten, eraldatzen eta merkaturatzen diharduten enpresentzako laguntzen zenbait kategoria barne-merkatuarekin bateragarri deklaratzeko Batzordearen 2014ko abenduaren 16ko 1388/2014 (EB) Erregelamendua (AO, L 369, 2014ko abenduaren 24koa).

Hala, laguntza horiek arautzean eta ematean, erregelamendu horretan ezarritakoa errespetatu eta betetzen badute estatu kideek, laguntza horiek merkatu erkidearekin bateragarriak direla ulertzen da, eta, beraz, ez diote Europar Batasunaren baimena lortzeko Europako Batzordeari jakinarazpenik egin behar; hala, nahikoa da jakinarazpena egitea kasu bakoitzerako aurreikusitako epeetan.

Hori horrela, premiazkoa da Nerbioi itsasadarraren ezkerraldean eta Oiartzualdean eta Euskal Autonomia Erkidegoko urteko batez bestekoaren % 20tik gorako langabezia-tasa duten gainerako udalerrietan ekoizpen-inbertsioak egiten dituzten eta eremu horietako lehiakortasun-hobekuntza eta garapen ekonomikoa eragiten duten enpresentzako laguntza-programa baten deialdiaren zehaztapenak garatzea, Indartu programa, inbertsioen betearazpena dinamikoa izateko, eta, horiek bukatuta, onuradunek laguntzak jasotzeko baldintzei gutxieneko denbora-tarte batean eutsiko dietela bermatzeko.

Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea da Nerbioi itsasadarraren ezkerraldean eta Oiartzualdean eta Euskal Autonomia Erkidegoko urteko batez bestekoaren % 20tik gorako langabezia-tasa duten beste udalerri batzuetan ekoizpen-inbertsioak egiten dituzten eta eremu horietako lehiakortasun-hobekuntza eta garapen ekonomikoa eragiten duten enpresentzako edo enpresa taldeentzako 2020ko ekitaldirako laguntzak arautzea eta horretarako deialdia egitea, betiere hurrengo artikuluetan jasotzen diren terminoetan.

Arau honetan arautzen diren laguntzak eskualde-xedeko 2014-2020 aldirako estatu-laguntzei buruzko jarraibideen mende egongo dira, eta hauek ere beteko dituzte: Tratatuaren 107. eta 108. artikuluekin bat kategoria jakin batzuk barne-merkatuarekin bateragarri izendatzeko 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 14. eta 17. artikulua (AO, L 187, 2014ko ekainaren 26ko), baldin eta 2014-2020 aldirako Espainiako eskualde-laguntzen mapan baimentzen diren gehieneko intentsitateak errespetatzen badira, Batzordearen 2014ko ekainaren 25eko 702/2014 (EB) Erregelamenduaren, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluekin bat nekazaritza- eta basogintza-sektoreetarako eta landa-inguruneetarako laguntzen zenbait kategoria barne-merkatuarekin bateragarri deklaratzekoaren, 17. artikulua (AO, L 193, 2014ko uztailaren 1ekoa), eta Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluekin bat arrantzako eta akuikulturako produktuak ekoizten, eraldatzen eta merkaturatzen diharduten enpresentzako laguntzen zenbait kategoria barne-merkatuarekin bateragarri deklaratzeko Batzordearen 2014ko abenduaren 16ko 1388/2014 (EB) Erregelamenduaren 42. artikulua (AO, L 369, 2014ko abenduaren 24koa). Laguntza horizontalei buruzko arauak eta laguntza sektorialei buruzko arauak ere errespetatu beharko dira.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

1.– 2020ko ekitaldirako EAEko aurrekontu orokorrak onartzeko abenduaren 27ko 13/2019 Legeak baimendutako kredituen arabera, hizpide dugun laguntza-deialdiak aurrekontu-estaldura nahikoa du; 1. artikuluaren xedea betetzeko, 12.000.000,00 euro bideratuko dira.

2.– Emango diren dirulaguntzen guztizko zenbatekoa ez da izango aipatutako kontsignaziotik gorakoa edo hura berritzetik ateratzen denetik gorakoa, betiere kreditu-loturaren erregimenarekin edo indarrean diren legeetan aurreikusitako aurrekontu-aldakuntzarekin bat etorriaz, eta laguntzak ebatzi baino lehen. Inguruabar hori gertatuko balitz, horren berri emango luke Industriako sailburuordeak, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian ebazpen bat argitaratuz. Ez da laguntza berririk emango zenbateko hori agortzen denean, eta gertakari hori publiko egin ondoren jasotzen diren eskabideak ez dira onartuko.

3. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Honako enpresa hauek lortu ahal izango dituzte Agindu honetan jasotzen diren laguntzak: enpresa handiek eta enpresa txiki eta ertainek (ETE), erauzketa, eraldaketa edo produkzioko industria-enpresak badira edo aurrekoekin lotutako zerbitzu tekniko aurreratuak egiten badituzte; eta zerbitzu logistikoen enpresak –garraioa salbu–, baldin eta diruz lagundu beharreko inbertsioak Euskal Autonomia Erkidegoko Nerbioi itsasadarraren ezkerraldean edo Oiartzualdean kokatuta badaude. Alderdi horiek Espainiarako 2014-2020 Eskualdeko Laguntzen Mapa onesten duen Estatu Laguntzari buruzko Batzordearen 2014ko maiatzaren 21eko SA 38472 (2014/N) zenbakiko Erabakian identifikatuta daude.

2.– Euskal Autonomia Erkidegoko urteko batez bestekoaren % 20tik gorako langabezia-tasa duten udalerrietan (5.2 artikuluan adierazten dira), enpresa txiki eta ertainek (ETEek) egindako inbertsioek bakarrik jasoko dituzte dirulaguntzak.

3.– Mikroenpresa, enpresa txikiak eta enpresa ertainak (ETEak) 250 pertsona baino gutxiagori lana ematen dieten enpresak dira, eta, gehienez ere, 50 milioi euroko urteko negozio-bolumena dutenak, edo, gehienez ere, 43 milioi euroko urteko balantze orokorra dutenak.

ETEen kategorian, enpresa txikitzat jotzen dira, 50 langile baino gutxiago izanik, urteko negozio-bolumenean edota urteko balantze orokorrean 10 milioi euroko zenbatekoa gainditzen ez dutenak.

ETEen kategorian, mikroenpresatzat jotzen dira, 10 langile baino gutxiago izanik, urteko negozio-bolumenean edota urteko balantze orokorrean 2 milioi euroko zenbatekoa gainditzen ez dutenak.

Beste batzuekin elkartuta edo lotuta dauden enpresen kasuan, enpresa taldeak bete beharko ditu baldintza horiek.

Adierazitakoaren beste interpretazio batzuetarako, hauek hartuko dira kontuan: 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamendua, Batzordearen 2014ko ekainaren 25eko 702/2014, eta Batzordearen 2014ko irailaren 16ko 1388/2014, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluekin bat arrantzako eta akuikulturako produktuak ekoizten, eraldatzen eta merkaturatzen diharduten enpresentzako laguntzen zenbait kategoria barne-merkatuarekin bateragarri deklaratzekoa, edo horiek ordezkatzen edo aldatzen dituzten xedapenak.

4.– Enpresa taldeei dagokienez, Nerbioi itsasadarraren ezkerraldean eta Oiartzualdean eta ebazpen honen 5.2 artikuluan zehaztutako udalerrietan kokatuta dauden taldeko enpresek egindako inbertsioak bakarrik hartuko dira kontuan, baldin eta horien prozesuak industria-jarduerarekin, erauzketarekin, eraldaketarekin, ekoizpenarekin edo zerbitzu tekniko aurreratuekin edo zerbitzu logistikoetako enpresekin lotuta badaude (garraioa salbu) eta proiektuan definitzen bada, eta taldeko enpresa guztien arteko akzio-partaidetza % 100ekoa bada.

5.– Agindu honetan jasotzen diren laguntzak Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak ez ezik, laguntzak itzultzeagatiko betebeharrak ere eskaera egin duten unean ordainduta dauzkaten erakundeek soilik eskuratu ahal izango dituzte.

6.– Onuradun izateko izaera dirulaguntzaren indarraldi osoan mantendu beharko da.

4. artikulua.– Kanpoan utzitako erakundeak.

1.– Laguntza hauen onuradun izatetik baztertuta geratuko dira krisialdian dauden enpresak. Enpresa bat krisialdian egongo da, krisialdian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko estatu-laguntzei buruzko gidalerroetan xedatutakoaren arabera (2014ko uztailaren 31ko 2014/C 249/01), gutxienez honako baldintza hauetako bat betetzen bada:

a) Erantzukizun mugatuko sozietate bat bada, harpidetutako kapital sozialaren erdia baino gehiago desagertu denean metatutako galeren ondorioz; hori gertatzen da, metatutako galerak erreserbetatik (eta sozietatearen funts propiotzat hartzen diren gainerako elementu guztietatik) kentzearen ondorioz metatutako zenbateko negatiboa handiagoa denean harpidetutako kapital sozialaren erdia baino;

b) Sozietate batean gutxienez bazkide batzuek sozietatearen zorraren gaineko erantzukizun mugagabea dutenean, kontabilitatean ageri diren euren funts propioen erdia baino gehiago desagertu denean metatutako galeren ondorioz;

c) Enpresa porrot- edo kaudimengabezia-prozeduran dagoenean edo bere zuzenbide nazionalean ezarritako irizpideak betetzen dituenean porrot- edo kaudimengabezia-prozedura baten pean jartzeko, hartzekodunek hala eskatuta;

d) ETEa ez den enpresa bat bada, aurreko bi urteetan enpresaren zorra/kapitala ratioa 7,5etik gorakoa izan bada eta enpresaren interesen estaldura-ratioa, EBITDAren oinarriaren gainean kalkulatuta, 1,0tik behera egon bada.

2.– Ez zaie agindu honetan araututako laguntzarik emango Salbuespenen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 Erregelamendu Orokorraren 13. artikuluak baztertutako sektoreetako enpresei; erregelamendu horren bidez, Ituneko 107. eta 108. artikuluak aplikatuta (2014ko ekainaren 26ko AO, L 187), barne-merkatuarekin bateragarritzat jotzen dira zenbait kategoria. Erregelamendu horren 4. artikuluan xedatutakoaren arabera, diruz lagundu daitezkeen 100 milioi eurotik gorako kostuak dituzten inbertsiorako eskualde laguntzak Europako Batzordeari jakinarazi beharko zaizkio.

3.– Ez zaizkie agindu honetan xedatzen diren laguntzak emango erregelamendu hauei loturiko sektoreetako enpresei, beren inbertsioek nekazaritzako, elikagaigintzako eta arrantzatik zein akuikulturatik eratorritako produktuak eraldatzeko eta merkaturatzeko laguntzen programen barneko dirulaguntzak jaso baditzakete: Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluekin bat nekazaritza- eta basogintza-sektoreetarako eta landa-inguruneetarako laguntzen zenbait kategoria barne-merkatuarekin bateragarri deklaratzeko Batzordearen 2014ko ekainaren 25eko 702/2014 (EB) Erregelamendua eta Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluekin bat arrantzako eta akuikulturako produktuak ekoizten, eraldatzen eta merkaturatzen diharduten enpresentzako laguntzen zenbait kategoria barne-merkatuarekin bateragarri deklaratzeko Batzordearen 2014ko abenduaren 16ko 1388/2014 (EB) Erregelamendua.

4.– Ez da laguntzarik emango eskatzaileak eskaeraren aurreko bi urteetan Europako Esparru Ekonomikoan (EEE) jarduera berdin edo antzekoari amaiera eman badio edota, laguntzaren eskaera aurkezteko unean, jarduera horri amaiera emateko plan zehatzak baditu bi urteko gehieneko epean inbertsioa osatu eta gero.

5.– Kanpoan geratuko dira autonomia-erkidegoko erakunde-administrazioa osatzen duten erakundeak.

6.– Kanpoan geratuko dira, halaber, armak egiten, merkaturatzen eta finantzatzen dituzten erakundeak, eta berreskuratzeko agindu baten mende dauden enpresak, Batzordeak aurretiaz hartutako erabaki baten bidez laguntza bat legez kanpokotzat eta barne-merkatuarekin bateraezintzat jo izanaren ondorioz.

7.– Laguntzen onuradun izateko, enpresa eskatzaileek ez dute zigor- eta administrazio-arloko zehapenik izan behar, horiek laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzea eragin baitezakete, ezta horretarako ezgaitzen duen legezko debekurik ere, sexu-diskriminazioarengatik gertatutakoak barne, betiere Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legeak azken xedapenetatik seigarrenean ezarritakoaren arabera sexu-diskriminazioagatik gertatutakoak barne hartuta.

8.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 artikuluan zehaztutako egoeraren batean dauden erakundeak ezingo dira onuradun izan.

5. artikulua.– Nerbioi itsasadarraren ezkerraldea eta Oiartzualdea, eta Euskal Autonomia Erkidegoko urteko batez bestekoaren % 20tik gorako langabezia-tasa duten udalerriak.

1.– Agindu honetan ezarritakoaren ondorioetarako, honela definitu dira Nerbioi itsasadarraren ezkerraldea eta Oiartzualdea: ezaugarri sozioekonomikoengatik eta langabezia-indize handiagatik, industria-krisiak beste leku batzuetan baino eragin handiagoa izan duelako edo egiturazko hondatze-egoeran daudelako, sustapen ekonomikoan oinarritutako tratamendu bereizia behar dute.

Honako eremu hauek izango dira Nerbioi itsasadarraren ezkerraldea eta Oiartzualdea: Espainiarako 2014-2020 Eskualdeko Dirulaguntzen Mapa onesten duen Estatu Laguntzari buruzko Batzordearen 2014ko maiatzaren 21eko SA 38472 (2014/N) zenbakidun Erabakian jasota daudenak.

Erabaki horretan oinarrituta, honako eremu hauek dira Euskal Autonomia Erkidegoko Nerbioi itsasadarraren ezkerraldea eta Oiartzualdea:

a) Oiartzualdea (Gipuzkoa), udalerri hauek osatua: Errenteria, Pasaia, Lezo, Oiartzun, Hondarribia, Irun eta Hernani.

b) Nerbioi itsasadarra (Bizkaia), udalerri hauek osatuta: Sestao, Ortuella, Trapagaran, Abanto Zierbena, Muskiz, Zierbena, Portugalete, Santurtzi, Barakaldo, Alonsotegi eta Erandio.

2.– Deialdi honetan ezarritakoaren arabera, gainerako udalerriak izango dira, eremu ahul gisa hartzen ez diren kasuetan, Euskal Autonomia Erkidegoko urteko batez bestekoaren % 20tik gorako langabezia-tasa dutenak, ezarritako azken kalkuluaren arabera (Eustaten eskuragarri dago:

http://www.eustat.eus/bankupx/sq/0cf173ec-7546-4091-a036-68d09439cb8f

(https://eu.eustat.eus/municipal/datos_estadisticos/info_territorial.html). Hauek dira:

a) Araba: Agurain, Asparrena, Bastida, Erriberabeitia, Lantziego, Moreda, Oion eta Zambrana.

b) Bizkaia: Arakaldo, Balmaseda, Basauri, Bermeo, Bilbao, Busturia, Elantxobe, Gueñes, Lanestosa, Karrantza, Morga, Ondarroa, Trutziotz, Urduña eta Zalla.

c) Gipuzkoa: Soraluze.

6. artikulua.– Laguntzak eskuratzeko irizpideak.

Laguntza jaso dezakeen inbertsioak Agindu honetan aurrez ikusitako laguntzak eskuratu ahal izateko, inbertsioa ezin izango da hasi eskaera aurkezteko data baino lehen eta data horretatik aurrera egin beharko da, betiere 2020ko ekitaldian hasi eta gehienez ere 2020ko abenduaren 31ra arte, bere ezaugarrien eta enpresa-planen arabera. Horrez gain, honako betekizun hauek bete beharko ditu:

a) Enpresa handiek, gutxienez, 1.750.000,00 euroko inbertsio onartua egin beharko dute; ETEek, aldiz, gutxienez 300.000,00 euroko inbertsio onartua egin beharko dute. Baita ere onartuko dira, aurreko paragrafoan adierazitako gutxieneko inbertsio onartura iritsi ez arren, gutxienez 25 lanpostu garbi sortzen dituzten (enpresa handien kasuan) edota gutxienez 5 lanpostu garbi sortzen dituzten (enpresa txiki eta ertainen kasuan) enpresen inbertsioak.

b) Enpresaren baliabide propioak, laguntzak kanpoan utzita, gutxienez laguntza jaso dezakeen inbertsioaren zenbatekoaren % 25 izan beharko dute.

c) Kontuan hartu beharreko inbertsioak erakunde juridiko bakarrak egin beharko ditu eta, enpresa taldeen kasuan, % 100eko akzio-partaidetzarekin, zenbait produkzio-zentro badituzte, arau honetako irizpideak betetzen dituzten eta inbertsioen xede diren produkzio-zentroetan edo produkzio-zentroan baino ez.

d) Erakunde eskatzaileek inbertsioen bideragarritasun tekniko, ekonomiko eta finantzarioa frogatu beharko dute, enpresari 13.1.a) artikuluan eskatzen zaion plan ekonomiko-finantzarioaren bitartez.

7. artikulua.– Laguntza jaso dezakeen inbertsioa.

1.– Dirulaguntzen zenbatekoa kalkulatzeko, laguntza jaso dezakeen inbertsiotzat joko da enpresaren aktiboari gehituko zaizkion aktibo finkoak eskuratzeko inbertsioa, baldin eta, agindu honetan eta hura garatzeko xedapenetan ezarritakoaz gain, baldintza hauek betetzen baditu:

a) Kategoria hauetako bateko aktiboak izatea, Kontabilitate Plan Orokorreko (azaroaren 16ko 1514/2007 Errege Dekretuan jasotakoa) epigrafe hauetako definizioaren arabera:

– 203 Jabetza industriala eta patenteak.

– 206 Aplikazio informatikoak.

– 210 Lurrak eta ondasun naturalak.

– 211 Eraikuntzak.

– 212 Instalazio teknikoak.

– 213 Makineria.

– 214 Lanabesak.

– 215 Beste instalazio batzuk.

– 217 Informazio-prozesuetarako ekipoak.

«Lurrak eta ondasun naturalak» eta «Eraikuntzak» epigrafeetako inbertsioaren kopurua, gehienez ere, dirulaguntza jaso dezaketen gainerako aktibo guztiak bestekoa izango da. Gehieneko kopuru hori gaindituz gero, soberako inbertsioa ez da dirulaguntza jaso dezakeen inbertsio gisa hartuko. Neurri bera aplikatuko zaie ezaugarri horietako inbertsioak egiten dituzten logistikako biltegiei.

Edonola ere, aktiboek zuzeneko lotura izan behar dute enpresaren helburu soziala den jarduerarekiko.

Logistikako biltegiak diruz lagun daitezkeen aktibo gisa hartuko dira.

Aktiboen preziotzat joko da haien balio «garbia», hots, fakturatutako zenbatekoari Balio Erantsiaren gaineko Zerga kenduta ateratzen den balioa.

b) Lehenengo aldiz erabili edo abian jartzea. Honako hauek ere laguntza jaso ahal izango dute: establezimendu baten aktiboak eskuratzea (establezimendu hori konkurtso-prozedura bidezko likidazioagatik itxita badago) edota establezimendu batetik datozen aktiboak eskuratzea (hirugarren batek merkatu-baldintzetan eskuratu izan ez balitu, establezimenduak ateak itxiko zituen). Erabilitako eraikin edo bestelako eraikuntzak eskuratzen badira, berriak balira bezala jokatuko da haiekin.

c) Enpresa handien kasuan, gutxienez bost urteko amortizazio-aldia ezarrita izatea, eta enpresaren aktiboan gutxienez bost urte irautea. ETEen kasuan, aldi horiek hiru urtekoak izango dira.

d) Aktiboak, oro har, ez egotea inori lagata, ez kontraprestazioarekin, ez kontraprestaziorik gabe.

e) Enpresa eskatzaileak berak fabrikatutakoak ez izatea (edonola ere, haien balioa ez da inoiz izango eragiten duten kanpo-kontsumoa baino handiagoa).

f) Bazkideren batek kapitalari gauzatan egindako ekarpenek ezin izango dute laguntzarik jaso.

g) Finantza-errentamendu bidez finantzatzen den inbertsioaren barruan sartuta egotea, berariaz, errentamenduaren kontratua amaitzen denean erosteko aukera, dirulaguntza jaso dezakeen inbertsio gisa hartzeko xedez.

h) Ordezkapen-inbertsioa ez da ezein kasutan dirulaguntza jaso dezakeen inbertsiotzat hartuko.

i) Laguntza jaso dezaketen aktibo immaterialak onuradunaren establezimenduan soilik ustiatu beharko dira, aktiboko elementu amortizagarritzat jo beharko dira, hirugarren bati erosi beharko zaizkio merkatuko baldintzetan eta gutxienez bost urte egin beharko dituzte enpresaren aktiboan. ETEen kasuan, aldi hori hiru urtekoa izango da.

2.– Enpresa elkartu edo lotuei erositako aktiboetatik datozen inbertsioak berariaz adierazi beharko dira eskaeran, eta kanpo-kontroleko kontu-ikuskapenetan oinarrituta baloratuko dira.

Enpresa kidetu edo lotuaren ondoreetarako, hauek bete beharko dira: Tratatuaren 107. eta 108. artikuluekin bat zenbait kategoria barne-merkatuarekin bateragarri izendatzeko Salbuespenen Erregelamendu Orokorraren 651/2014 I. eranskina (AO, L 187, 2014ko ekainaren 26koa) eta Batzordearen 2014ko ekainaren 25eko 702/2014 (EB) Erregelamendua (AO, L 193, 2014ko uztailaren 1ekoa) eta Batzordearen 2014ko abenduaren 16ko 1388/2014 (EB) Erregelamendua (AO, L 369, 2014ko abenduaren 24koa), bi-biak ere Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluekin bat zenbait kategoria barne-merkatuarekin bateragarri deklaratzen dituztenak.

3.– Laguntzen eragin pizgarria bermatzeko, inbertsioa eskabidea aurkezteko data igaro ondoren abiarazten duten enpresek bakarrik baliatu ahal izango dituzte; betiere 2020ko ekitaldi honetan hasi beharko dute.

Dena den, deialdi hau argitaratu eta/edo eskabidea aurkeztu aurretik egiten diren inbertsioak ere hartuko dira kontuan, inbertsioak abiarazi aurretik, eskatzaileak laguntza eskuratzeko aldez aurretiko idatzizko eskaera bat aurkeztu badu eta, Europako Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014, 2014ko ekainaren 25eko 702/2014 eta 2014ko abenduaren 16ko 1388/2014 (EB) erregelamenduen 6.2 artikuluan zehaztutakoari jarraikiz, informazio hau jasotzen badu: enpresaren izena eta tamaina, egin beharreko inbertsioen deskribapena (hasiera- eta amaiera-egunak barne), kokapena, kostuen zerrenda, eskatutako laguntza mota (itzuli beharrik gabeko laguntza) eta hura gauzatzeko behar duen finantzaketa publikoaren zenbatekoa. Kasu horretan, eskabidea aurkezteko epea ireki ondoren, interesdunak behin betiko eskabidea aurkeztu beharko du agindu honen 12. eta 13. artikuluetan adierazten dena kontuan hartuta.

8. artikulua.– Enplegua.

1.– Enplegua sortzeko konpromisoa, eta, hala badagokio, hasierako plantillari eusteko konpromisoa termino garbietan neurtuko da, enpresak aurkeztutako «kotizazioko likidazioaren ordainagiria – RLC» dokumentuetan oinarrituta.

2.– Ondorio horietarako, egun dauden enpresen kasuan, hasierako plantilla kalkulatzeko, hau hartuko da abiapuntu gisa:

– Deialdia argitaratu aurreko azken hamabi hilabeteetako batez besteko aritmetikoa.

– Deialdia argitaratu aurreko 36 hilabeteetan plantillak izan duen bilakaeratik ondorioztatzen den batez besteko aritmetikoa, behar bezala justifikatuta eta enplegu-galera esanguratsuak egiaztatzen badira.

3.– Enpresak enplegua sortu behar badu nahitaez, ez delako iristen gutxieneko inbertsio onartura, gehienez sei hilabete izango ditu sortzeko, denbora-horizonte onartua amaitzen denetik hasita. Sortutako enpleguari eutsi egin beharko zaio enpresa onuradunean, gutxienez hiru urtez, enplegua sortu den egunetik edo denbora-horizontea amaitzen denetik zenbatzen hasita. Justifikatzeko, hiru urteko batez besteko aritmetikoak kalkulatu ahalko dira.

4.– Enpresak hasierako plantillari eutsi behar badio nahitaez, gutxieneko inbertsio onartura iritsi delako, enpresa onuradunak hasierako plantillari gutxienez hiru urtez eutsiko beharko dio, denbora-horizontean hasierako plantilla erdiesten duen unetik aurrera, luzapenak barne. Justifikatzeko, hiru urteko batez besteko aritmetikoak kalkulatu ahalko dira.

5.– Enpresa taldeen kasuan, hasierako plantillari eustea edo, hala badagokio, sortutako enpleguaren justifikazioa eta jarraipena egitea taldeko enpresa hauei dagokienez bakarrik bete beharko da: Nerbioi itsasadarraren ezkerraldean eta Oiartzualdean, eta Euskal Autonomia Erkidegoko urteko batez bestekoaren % 20tik gorako langabezia-tasa duten udalerrietan kokatuta dauden enpresak, 5.2 artikulukoak, proiektuan zehazten den industria-jarduerari lotuta dauden prozesuak dituztenak; horien arteko akzio-partaidetzak % 100ekoa izan beharko du.

9. artikulua.– Laguntzen modalitatea eta zenbatekoa.

Agindu honen esparruan eman beharreko laguntzak itzuli beharrik gabeko laguntzak dira, eta laguntza jaso dezakeen inbertsioaren % 10ekoak izango dira.

Laguntzek gehieneko muga izango dute; izan ere, ezin izango dira 3.000.000,00 eurotik gorakoak izan enpresa bakoitzeko edo enpresa-talde bakoitzeko.

10. artikulua.– Laguntzak metatzea eta laguntzen mugak.

Deialdi honetan jasotako laguntzen xede berarekin beste administrazio publiko batzuek emandako laguntzak bateragarriak izango dira, laguntza guztien baturak ez badu gainditzen Estatuaren 2014-2020 aldirako eskualde-laguntzei buruzko Gidalerroen 5.4 apartatuan (2014ko uztailaren 23ko AO, C 209) ezarritako muga. Horrelako laguntzarik jasoz gero, horren berri eman behar zaio Industria Garatzeko Zuzendaritzari.

Laguntza guztien baturak esandako muga gaindituz gero, agindu hau dela bide emandako laguntzari muga horretatik gorako kopurua kenduko zaio.

11. artikulua.– Prozedurari hasiera ematea.

1.– Laguntzak publikotasun-, lehia- eta objektibotasun-printzipioei jarraiki emango dira, eta ebazpenak espedienteak osatu ahala emango dira.

2.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo eguneko 09:00etan hasiko da eskaerak aurkezteko epea; eta 2020ko uztailaren 15ean amaituko da, 12:00etan, edo, 2. artikuluan adierazten den moduan, eskuragarri dauden funtsak agortzen direnean.

3.– Eskabideak aurreko paragrafoan adierazitako epean aurkeztu beharko dira. 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 2. artikuluaren 23. apartatuaren arabera –erregelamendu horren bidez, Ituneko 107. eta 108. artikuluak aplikatuta (2014ko ekainaren 26ko AO, L 187), baita Batzordearen 2014ko ekainaren 25eko 702/2014 (EB) Erregelamenduaren 2.25 artikulua (AO, L 193, 2014ko uztailaren 1ekoa) eta Batzordearen 2014ko abenduaren 16ko 1388/2014 (EB) Erregelamenduaren 3.11 artikulua (AO, L 369, 2014ko abenduaren 24koa) ere, barne-merkatuarekin bateragarritzat jotzen dira zenbait kategoria–, dirulaguntza jaso dezaketen inbertsioak ez dira hasi behar eskabideak aurkeztu baino lehen. Horrenbestez, ezin izango dira sartu aldez aurretik eginikoak, salbu eta Agindu honetako 7.3 artikuluko kasuan. Kasu horretan, lehenengo eskabidearen eta aldez aurretiko eskaeraren datak hartuko dira kontuan, hurrenez hurren.

12. artikulua.– Eskaerak aurkeztea.

1.– Agindu honetan ezarritakoaren arabera aurreikusitako laguntzak jasotzeko baldintzak betetzen dituzten enpresek eskabidea eta hurrengo artikuluan adierazitako dokumentazioa aurkeztu beharko dituzte.

2.– Eskabideak, dokumentazioa, errekerimenduak, jakinarazpenak eta laguntzak emateko deialdi honetan jasotako gainerako kudeaketak www.euskadi.eus Internet-helbidean beteko dira, eta bitarteko elektronikoen bidez egingo dira, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluaren arabera.

3.– Behar bezala beteta aurkeztu beharko da eskabidea –bakarra izango da enpresak egitea aurreikusten dituen jarduketa guztietarako–, eta, erakunde eskatzailea ordezkatzeko legezko gaitasuna duen pertsonaren sinaduraz gain, hurrengo artikuluan adierazten diren agiriak izan behar ditu.

4.– Espedienterako sarbidea eta eskabidearen osteko gainerako izapideak kanal elektronikoaren bidez egingo dira, helbide honen bitartez: http://www.euskadi.eus/nirekarpeta/

5.– Laguntza jasotzeko eskabidea nahi den hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango da, eskatutako dokumentazioarekin batera. Ildo horretatik, eskatzaile bakoitzak hautatutako hizkuntza erabiliko da eskabidea aurkeztu ondoko jardueretan, prozedurak irauten duen bitartean, Euskararen erabilera normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearekin bat etorriz.

6.– Ez dira nahitaez aurkeztu beharko Administrazioak badauzkan indarreko dokumentuak. Kasu horretan, eskaeran bertan adierazi beharko da agiriok zer datatan eta zer organo edo bulegotan aurkeztu ziren.

7.– Laguntzarako eskabiderik aurkezten bada, ekintza horren bidez eskatzaileak baimena emango dio organo emaileari zuzenean eskura ditzan zerga-betebeharren eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharren gaineko egiaztapenak. Hala ere, eskatzaileak berariaz uka dezake baimen hori, eta, halakorik egiten baldin badu, betebehar horiek betetzen dituela egiaztatzen duten agiriak aurkeztu beharko ditu.

13. artikulua.– Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1.– Enpresa eskatzaileak eskabide bat bete beharko du, eta, bertan, honako agiri hauek atxiki beharko ditu:

a) Egin beharreko inbertsioei buruzko memoria zehatza. Memoria horretan, honako hauek jasoko dira: industria-plana, enpresaren plan ekonomiko-finantzarioa, horrekin lotutako lan-plana eta horiek egiteko epeak.

b) Eratze-eskritura (enpresa eratu berria denean bakarrik), identifikazio fiskaleko txartela, eta pertsona eskatzailearen ahalordea, agiri horiek Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren esku badaude eta enpresan aldaketarik izan ez bada salbu.

c) Urteko kontuak eta dokumentazio osagarriaren kopiak, Merkataritza Erregistroan azken bi ekitaldietan aurkeztuak; halakorik aurkeztu ezean, Sozietateen gaineko Zergaren azken bi aitorpenak edo, hala badagokio, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren azken bi aitorpenak. Enpresa beste enpresa batzuekin elkartuta edo haiekin lotuta badago, dokumentazio horrek horrela eratutako enpresa taldeari buruzkoa ere izan beharko du.

d) Urteko deialdia argitaratu aurreko 12 hilabeteei dagozkien azken hiru ekitaldi ekonomikoei dagokien enpresako plantillaren bilakaerari buruzko memoria xehatua eta «kotizazioko likidazioaren ordainagiria – RLC» agiriak. Enpresa beste enpresa batzuekin elkartuta edo lotuta badago, dokumentazio hori horrela eratutako enpresa-taldeari buruzkoa ere izan beharko da.

e) Erakundearen erantzukizunpeko adierazpena. Administrazio- nahiz zigor-araudiaren menpe geratuko da adierazpen hori, datu faltsuak eman ote diren egiaztatzeko honako alderdi hauei dagokienez:

– Proiektu berarentzako beste erakunde publiko edo pribatuen aldetik jasotako laguntzak.

– Erakunde eskatzailea ez dela izan kondenatua laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarren epai irmo batez, delitu hauetako bat egiteagatik: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoak bidegabe erabiltzea, influentzia-trafikoa, iruzurra eta legearen aurkako ordainarazpenak edo hirigintza-delituak.

– Erakundeak ez duela eskatu borondatezko konkurtsoaren deklaraziorik, prozeduraren batean kaudimengabetzat ez dela jo, konkurtsoan deklaratuta ez dagoela, salbu eta horretan eraginkortasuna hartu badu hitzarmen batek, esku-hartze judizialaren pean ez dagoela edota ez dutela desgaitu Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera, konkurtsoaren kalifikazio-epaian ezarritako desgaikuntza-aldia amaitu ez bada.

– Kausaren batean errudun deklaratua izateagatik administrazioarekin egindako kontraturen baten suntsiarazpen irmorik ez duela eragin.

– Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateetako administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenak ez daudela honako lege hauetan jasotako kasuren batean: 3/2015 Legea, martxoaren 30ekoa, Estatuko Administrazio Orokorreko goi-kargudunen jarduna arautzen duena; 53/1984 Legea, abenduaren 26koa, administrazio publikoen zerbitzura dauden langileen bateraezintasunena; edo Hauteskunde Erregimen Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako kargu hautetsiak izatea, lege horretan edo gai horiek arautzen dituen Euskal Autonomia Erkidegoko araudian ezarritako baldintzetan.

– Zerga-egoitza ez duela erregelamenduz zerga-paradisu gisa kalifikatutako herrialde edo lurralde batean.

– Laguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta dituela.

– Laguntzak lortzeko aukera galtzeko zehapena jaso ez duela ebazpen irmo baten bidez.

– Honako enpresa hauei ere eragiten dieten laguntzak jasotzeko debekurik ez duela: zuzendaritzan dauden pertsonei edo bestelako inguruabarrei erreparatuz, presuntzioa ezar badaiteke debekua jaso duten beste enpresa batzuen jarraipena edo ondorena direla, eraldatze, bategite edo ondorengotza bitartez.

– Berreskuratzeko agindu baten mende ez egotea, Batzordeak aurretiaz hartutako erabaki baten bidez laguntza bat legez kanpokotzat eta barne-merkatuarekin bateraezintzat jo izanaren ondorioz, eta krisialdian dagoen enpresa bat ez izatea.

2.– Eskabideak ez badira osorik betetzen, edo haiekin batera ez bada adierazitako dokumentazioa aurkezten, erakunde eskatzaileari hamar egun balioduneko epea emango zaio (bitarteko elektronikoen bidez eskatuko zaio) hutsegitea bitarteko berak erabiliz konpontzeko edo behar diren dokumentuak aurkezteko. Horrez gain, adieraziko zaio hori egin ezean eskabidean atzera egin duela ulertuko dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legean aurreikusten den moduan.

3.– Nolanahi ere, laguntza hauen organo kudeatzaileak (Industria Garatzeko Zuzendaritzak) beste edozein agiri edo informazio eskatu ahal izango die erakunde eskatzaileei, beharrezkotzat jotzen badu haiek aurkeztutako eskabidea behar bezala ulertu, ebaluatu eta tramitatu ahal izateko. Agindu honetan berariaz aurreikusi ez diren gaietan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoa aplikatuko da.

14. artikulua.– Laguntzak ematea.

1.– Industriako sailburuordeak, organo kudeatzaileak txostena egin eta gero, espedientea osatuta dagoenetik gehienez ere sei hilabeteko epean, administrazioaren ebazpena emango du. Ebazpen horretan, baiezkoa bada, onartutako inbertsio-plana jasoko du, eta dirulaguntza jaso dezakeen inbertsioa eta sortu beharreko enplegua zehaztuko ditu, eta, ondorioz, baita emandako laguntza ere. Ebazpena ezezkoa bada, horren arrazoiak zehaztuko ditu.

2.– Urte anitzeko inbertsioen kasuan, ebazpenak dirulaguntza jaso dezakeen inbertsioa zein den jasoko du, baita itzuli beharrik gabeko laguntzaren zenbatekoa ere, ekitaldi bakoitzean onartutako inbertsio-planaren arabera emango dena.

3.– Ebazpenak ez dio amaierarik ematen administrazio-bideari eta, haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dezakete erakunde interesdunek organo eskudunaren aurrean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.

4.– Ebazpenak banan-banan jakinaraziko zaizkio, bitarteko elektronikoak erabiliz, enpresa interesdun bakoitzari eta, horrez gain, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian urtero emango da argitara esleipendunen eta emandako laguntzen zenbatekoen zerrenda, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 49.2 artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

5.– Agindu honetan ezarritako laguntzen erakunde onuradunei ez zaie laguntzarik emango, ez emandakoa ordainduko, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorrak eta beraren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo laguntzen esparruan itzultze- edo zehatze-prozeduraren bat izapidetzen ari bazaie eta oraindik amaitu gabe badago.

15. artikulua.– Laguntzen justifikazioa eta ordainketa.

1.– Laguntzak ordaintzeko, enpresa onuradunak apartatu hauek bete beharko ditu www.euskadi.eus helbidean:

– Dirulaguntzaren xede den enpresak gauzatutako inbertsioen adierazpena.

– Inbertsioaren gastuen eta zenbatekoen zerrenda sailkatua (BEZa kanpo) barne hartuko duen fakturen koadroa.

– Deklarazio bat, zeinaren bidez adierazten baita onuraduna ez dagoela –laguntza jaso ondoren– berreskuratzeko agindu baten mende, Europar Batasuneko Batzordeak aurretiaz erabaki badu laguntza bat legez kanpokoa eta merkatu bateratuarekin bateraezina dela.

– Enpresaren baliabide propioen prezioaren, jatorriaren eta aplikazioaren adierazpena, diruz laguntzeko moduko inbertsioaren zenbatekoaren % 25 edo gehiago badira.

Aitortutako inbertsioak, berriz, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren lurralde-ordezkaritzek ikuskatuko dituzte. Behin betiko fakturek bat egin beharko dute lehen aipatutako fakturen koadroan zehaztutakoekin. Fakturak ikuskatzaileen esku egon beharko dira, eta, fakturetan, jaulkitze-dataz gain, hartzekodunaren identifikazioa jaso beharko da (erakunde edo enpresa hornitzailearen IFZ eta izen soziala), bai eta ordainketa-dokumentuak ere, zenbatekoa (BEZ banakatua) eta ordaintzeko data adierazita. Horrez gain, beharrezkotzat jotzen den dokumentazio eta informazio osagarri guztia eskatu ahal izango da, adierazitakoa egiaztatzeko.

2.– Laguntza ordaindu baino lehen, aurreko paragrafoan adierazitako alderdiak egiaztatu ostean eta Industria Garatzeko Zuzendaritzako langile teknikoek sinatutako ordainketa-proposamenaren txostena aztertu eta gero, Zuzendaritza horretako titularrak ebazpena emango du. Ebazpen horretan, enpresa onuradunari ordaindu behar zaion zenbatekoa (osoa edo partziala) adieraziko du. Dirulaguntzak, gehienez ere, urtean bi aldiz ordainduko dira. Ordainketa horien zenbatekoa justifikatutako inbertsioekiko proportzionala izango da.

3.– Inbertsioak egiteko epea amaituta, enpresak bi hilabete izango ditu inbertsioei buruzko azken aitorpena aurkezteko. Epe hori igarota, egindako inbertsioak ebaluatuko dira, ordura arte aurkeztutako inbertsioen aitorpenetan oinarrituta. Laguntzak kudeatzeko Zuzendaritzak laguntzaren azken likidazioaren txostena egingo du, justifikatutako inbertsioen partidari buruzkoa.

4.– Enpresa batek laguntza ez-legitimo bat badu, zeinaren gainean Europako Batzordea kontrako erabakia hartu baitu, hura berreskuratzeko aginduarekin, eta laguntza hori itzulita ez badago, azken ordainketarako eskabidearekin batera aurkeztu beharko da hura ezeztatzeko justifikazioa. Izan ere, programa honen esparruan emandako laguntza ez da ordainduko aipatutakoa justifikatu arte.

5.– Emandako laguntza ordaindu aurretik, enpresa onuradunak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak betetzen dituela egiaztatuko da, baita laguntzak itzultzeagatiko betebeharrak ordaindu dituela ere, eta ez da ordainketarik egingo betebehar horiek betetzen ez baditu.

16. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.

Agindu honetan araututako laguntzen onuradunek honako betebehar hauek izango dituzte:

1.– Emandako laguntza onartzea. Onuradunak, dirulaguntzaren ordainketa jaso aurretik, edozein momentutan uko egin ahal izango dio laguntzari, berariaz eta idatziz.

2.– Laguntza hori eman den helbururako erabiltzea.

3.– Inbertsioa gauzatu dela eta hasierako enplegua eta, hala badagokio, sortutako enplegu berria mantendu dela justifikatzea, gutxienez hiru urtez.

4.– Sortutako enpleguari eusteko eta inbertsioa exekutatzeko epearen barruan, organo kudeatzaileari eskatzen zaion informazio osagarri oro igortzea; hala, proiektua garatu eta exekutatzeari dagokienez, Administrazioak egokitzat jotzen dituen egiaztapenak egin ahal izango ditu.

5.– Inbertsio-proiektuari lotutako behin betiko fakturak artxibatzea, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak haiek eskuratzeko moduan jartzea, bost urtez.

6.– Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak, agindu honen kargura jasotako dirulaguntzari dagokionez beren betekizunak betetzen ari direla, onuradunei eskatutako informazio guztia erakundeoi ematea.

7.– Beste edozein administraziotatik edo erakunde publiko zein pribatutatik, helburu berbera edo antzeko bat burutzeko, laguntzak edo laguntzak, sarrerak edo baliabideak eskatu edo jaso badira, horren berri eman beharko zaio Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailari.

8.– Enpresak laguntza ilegitimorik badu, Europako Batzordeak dirulaguntza eman ostean erabaki negatiboa hartu duelako eta, ondorioz, itzultzeko agindua duelako, eta oraindik itzuli ez badu, horren berri eman beharko zaio Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailari.

9.– Bere egitea Administrazioarekin kontratuak eta hitzarmenak egiten dituzten erakundeei eta harengandik laguntzak jasotzen dituztenei Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legeak ezartzen dizkien betebeharrak, hala nola tratu berdinean oinarritutako printzipioaren mende jardun beharra, aukera-berdintasuna eta langileen aniztasunari eta desberdintasunei zor zaien errespetua.

10.– Diruz lagun daitezkeen kontratuen finantzaketaren izaera publikoaren publizitate egokia egitea, hori islatzeko logotipoa jarrita, Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 18.4 artikuluan xedatutako baldintzei jarraikiz.

11.– Eman den laguntzaren indarraldian zehar egunean izatea zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, eta jasotako funtsak itzultzea, itzultzeko ebazpen baten ondorioz zorrak izanez gero.

12.– Enpresaren deslokalizaziorik ez egiteko konpromisoa bereganatzea. Enpresa onuradunaren ekoizpen osoa edo zati bat Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo eramatea ulertuko da deslokalizazio gisa.

13.– Lagundutako inbertsioek, enpresa handien kasuan, gutxienez bost urteko amortizazio-aldia izango dute, eta enpresaren aktiboan gutxienez bost urte iraungo dute. ETEen kasuan, aldi horiek hiru urtekoak izango dira.

14.– Laguntza jaso dezaketen aktibo immaterialak onuradunaren establezimenduan soilik ustiatu beharko dira, aktiboko elementu amortizagarritzat jo beharko dira, hirugarren bati erosi beharko zaizkio merkatuko baldintzetan eta gutxienez bost urte egin beharko dituzte enpresaren aktiboan. ETEen kasuan, aldi hori hiru urtekoa izango da.

15.– Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bateginaren 50.2 artikuluan (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutakoa), Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetan eta horiek garatzeko arauetan aurreikusitakoaren arabera eska daitekeen beste edozein betebehar.

17. artikulua.– Laguntzaren baldintzak aldatzea.

1.– Laguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira, laguntzaren xedea betetzen bada, eta, hala badagokio, beste edozein erakunde publikok emandako beste laguntza batzuk lortzen badira, dirulaguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da, betiere agindu honetan onuradun izateko ezarritako baldintzak betetzen badira.

2.– Ondorio horietarako, erakunde eskatzaileak inbertsioa egiteko aurreikusitako epeak nahitaezkoak izango dira. Hala ere, enpresa onuradunak aldez aurretik eskatuta eta justifikatuta, onartutako denbora-horizontea amaitu baino lehen, laguntzak eman zituen administrazio-organoak gerorapenak eman ahal izango ditu egin beharreko inbertsioen exekuzioan, gehienez ere 12 hilabetez, betiere alegatutako arrazoiek hala justifikatzen badute. Geroratze horrek, halakorik balego, ez du gehikuntzarik ekarriko emandako laguntzaren zenbatekoan.

3.– Halaber, enpresa onuradunak aldez aurretik eskabidea egin eta justifikatuz gero, onetsitako denbora-horizontea amaitu baino lehen, dirulaguntzak eman zituen administrazio-organoak luzapenak eman ahal izango ditu –12 hilabete gehienez– egin beharreko inbertsioak egiteko, betiere alegatutako arrazoiek hori justifikatzen badute. Luzapen horrek ez du aldaketarik eragingo emandako laguntzaren zenbatekoan.

18. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Enpresa onuradunak Agindu honetan ezarritako betekizunak, aplikatu behar diren gainontzeko arauak eta laguntzak emateko ebazpenean ezartzen direnak betetzen ez baditu, organo eskudunak, ez-betetzearen espedientea egin eta interesdunari audientzia eman eta gero, laguntza bertan behera uzteko administrazio-ebazpena emango du. Horrek laguntza jasotzeko eskubidearen galera eragingo du eta, hala badagokio, baita Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari jasotako laguntzen tronkoa eta dagozkion berandutze-interesak itzuli beharra ere, betiere honako arauetan ezarritako terminoetan: azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bategina onestekoa; abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua; Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Legea; eta horiek garatzeko arauak. Zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat joko dira, legezko ondorioei dagokienez.

Halaber, jasotako kantitateak itzuliko dira eta laguntzen arloan aplikatzekoa den berandutze-interesak eskatuko dira, honako hauetan ezarritakoaren arabera: dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorreko 37. artikulua, Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 91. artikulutik 93. artikulura, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bategineko 53.1 artikulua.

2.– Ez-betetzeen artean honako hauek daude:

a) Agindu honen 6.a) artikuluan inbertsioari dagokionez ezarritako gutxienekoak ez betetzea.

b) Enplegua ez mantentzea agindu honen 8. artikuluan zehaztutako baldintzen arabera.

c) Onartutako inbertsioak ez hastea 2020ko ekitaldian.

d) Aurkeztutako eskabidean inbertsioetarako aurreikusitako epeak ez betetzea.

e) Enpresak deslokalizatzea. Enpresa onuradunaren ekoizpen osoa edo zati bat Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo eramatea ulertuko da deslokalizazio gisa.

f) Proiektua beste zerbaitera desbideratzea edo laguntza emateko ebazpenean ezarritako beste edozein betebehar ez betetzea.

AZKEN XEDAPENA

Agindu honen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio organo honi, hilabeteko epean; bestela, zuzenean administrazioarekiko auzien jurisdikzioan ere aurkatu ahal da, bi hileko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko martxoaren 9a.

Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.


Azterketa dokumentala