Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

48. zk., 2020ko martxoaren 10a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GARAPENERAKO LANKIDETZAREN EUSKAL AGENTZIA
1473

EBAZPENA, 2020ko otsailaren 26koa, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendariarena, zeinaren bidez garapenerako lankidetzaren kargura ekintza humanitarioko proiektuetarako laguntzak emateko 2020ko deialdia egiten baita.

Ekainaren 18ko 90/2019 Dekretuak (2019ko ekainaren 26ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria, 120 zk.) arautzen ditu ekintza humanitarioko esku-hartzeetarako laguntzak.

Dekretu horren 7. artikuluan xedatutakoarekin bat, garapenerako lankidetzaren kargura ekintza humanitarioko proiektuetarako laguntzak emateko 2020ko deialdia egin behar da.

Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren Kontseilu Errektoreak, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia sortu eta arautzen duen ekainaren 9ko 5/2008 Legearen 10.b) artikuluan ematen zaizkion eskumenez baliaturik, 2020ko otsailaren 11ko bileran, erabaki zuen zuzendariari proposatzea dirulaguntzerako deialdia abiaraztea, eta dirulaguntzak emateko oinarrizko irizpideak onartu zituen.

Hori dela eta, hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Ebazpen honen xedea da ekainaren 18ko 90/2020 Dekretuan (2019ko ekainaren 26ko EHAA, 120. zk.) araututako laguntzen 2020ko deialdia egitea. Dekretu horren bidez, garapenerako lankidetzaren kargura ekintza humanitarioko proiektuetarako laguntzak arautzen dira, gatazka-testuinguruetan eta beste indarkeria-egoera batzuetan krisi humanitarioak jasaten dituzten biztanleentzat, eremu humanitarioan erabiltzen diren nazioarteko estandarren bitartez identifikatuta.

2. artikulua.– Diru-zuzkidura.

1.– Ekintza humanitarioko proiektuetarako diru-zuzkidura 2.400.000 eurokoa da –ondoz ondoko lehia-prozeduraren bidez emanak–.

2.– Esku-hartze bakoitzeko, gehienez ere, 200.000 euroko dirulaguntza eslei daiteke.

3.– Afrikan eginiko ekintza humanitarioko proiektuen ekimenei emango zaie lehentasuna. Helburu horrekin, gutxienez 1.200.000 euro gordeko dira Afrikan egingo diren proiektuak finantzatzeko –baldin eta laguntzak arautzen dituen araudiak exijitutako betekizunak betetzen badituzte–.

4.– Ekintza humanitarioko proiektuetarako laguntzetara bideratutako funtsak agortzen badira –ondoz ondoko lehia-prozeduraren bidez emanak–, horren berri emango da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendariaren ebazpen baten bidez.

3. artikulua.– Eskabideak aurkezteko eta formalizatzeko epea.

1.– 2020ko aurrekontu-ekitaldi osoan aurkeztu ahal izango dira ekintza humanitarioko proiektuetarako laguntzen eskabideak, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Hala ere, dirulaguntza-modalitate horretan esleitutako diru-zuzkidura agortzen bada, eskabideak aurkezteko epea amaitu egingo da, EHAAn horren berri ematen den egunean.

2.– Deialdi honen babesean, gehienez laguntza bat emango zaio erakunde bakoitzari, bakarrik edo taldean, Afrikan egin beharreko proiektuen kasuan izan ezik. Kasu horretan, gehienez ere erakunde beraren –bakarrik edo taldean– bi eskabide lagundu ahal izango dira diruz, betiere gutxienez bi eskabide horietako bat Afrikan egiten bada, eta betiere prozedura honek ezartzen duen sarrera-hurrenkerari jarraituz.

3.– Eskabideak bide elektronikoz aurkeztuko dira, Euskadi.eus egoitza elektronikoaren bidez: www.euskadi.eus/servicios/1002008 edo web-orriaren bidez: http://www.elankidetza.euskadi.eus, «deialdiak» atalean.

4.– Eskabidea egiteko, eskabide normalizatua erabiliko da –www.euskadi.eus/servicios/1002008 egoitza elektronikoan eta www.elankidetza.euskadi.eus web-orrian (deialdien atalean) eskuratu daiteke–. Eskabide hori behar bezala betetzeko, web-orrian ezarritako formatu, jarraibide eta agirien arabera egin beharko da.

5.– Eskabidea egin ondorengo izapideak, bide elektronikoz, hauen bitartez egingo dira: https:// www.euskadi.eus/nirekarpeta/ edo www.elankidetza.euskadi.eus, deialdien atalean.

4. artikulua.– Hautaketa-batzordea.

Aurreko artikuluan aipatutako hautaketa-batzordea honako pertsona hauek osatuko dute:

– Batzordeburua: Ainara Arrieta Archilla andrea, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren Koordinazio Teknikoko arduraduna.

– Batzordekidea: M.ª Pilar Diez Arregui andrea, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren Lankidetzako teknikaria.

– Idazkaria: Ana Rojo González andrea, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako Aholkularitza Juridikoko arduraduna.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Garapenerako lankidetzaren kargurako proiektuetarako laguntzak arautzen dituen uztailaren 23ko 390/2013 Dekretuak aldatzen duen otsailaren 27ko 34/2007 Dekretuaren 23.4 artikuluak dioenez, erakunde eskatzaile bakoitzak gehienez eskura dezakeen dirulaguntzaren guztirako zenbatekoa zehaztuko da dagokion ekitaldian onartzen den lehenengo laguntza-deialdian.

Hori kontuan izanik, 2020ko aurrekontu-ekitaldian ematen diren dirulaguntza guztien % 7koa izango da erakunde eskatzaile bakoitzak gehienez eskura dezakeen dirulaguntzaren guztizko zenbatekoa. Hau da, 3.009.267,69 euro, garapenerako lankidetzaren kargura urtean onartzen diren laguntzen edozein deialditan; dirulaguntza horiek geroago ordaindu litezke, aurreragoko ekitaldietan.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Garapenerako lankidetzaren kargura ekintza humanitarioko esku-hartzeetarako laguntzak arautzen dituen ekainaren 18ko 90/2019 Dekretuan ezarritakoaz gain, ebazpen honek hizpide dituen dirulaguntzek honako hauek xedatutakoa bete behar dute: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea; Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutakoa) VI. titulua eta VII. tituluaren III. kapitulua; eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean jasotako oinarrizko araudia (horren erregelamendua 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartu zen).

Bigarrena.– Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beronen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako lehendakariari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

Hirugarrena.– Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko otsailaren 26a.

Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendaria,

PAUL ORTEGA ETCHEVERRY.


Azterketa dokumentala