Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

47. zk., 2020ko martxoaren 9a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ENPLEGUKO ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
1437

EBAZPENA, 2020ko otsailaren 26koa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena, zeinaren bitartez dirulaguntza-deialdiaren aldaketa argitaratzen baita, 2020an Euskal Autonomia Erkidegoko langabeei zuzendutako prestakuntza-ekintzak egiteko, kontratatzeko konpromisoarekin; eta hori, Euskal Autonomia Erkidegoan Enplegurako Lanbide Heziketa arautzen duen maiatzaren 31ko 82/2016 Dekretuaren esparruan.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak, 2020ko otsailaren 25eko bileran hartutako erabaki bidez, dirulaguntza-deialdi bat aldatzea erabaki du, 2020an Euskal Autonomia Erkidegoko langabeei zuzendutako prestakuntza-ekintzak egiteko, kontratatzeko konpromisoarekin; eta hori, Euskal Autonomia Erkidegoan Enplegurako Lanbide Heziketa arautzen duen maiatzaren 31ko 82/2016 Dekretuaren esparruan. Lanbideren Estatutuak onartzeko maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuaren 10.2 artikuluko p) apartatuan ezarritakoaren arabera, erakunde autonomo horren zuzendari nagusiari dagokio deialdia argitaratzea.

Azaldutakoa dela-eta, hauxe

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Dirulaguntza-deialdi baten aldaketa argitaratzea; hain zuzen ere, 2020an Euskal Autonomia Erkidegoko langabeei zuzendutako prestakuntza-ekintzak egitekoa, kontratatzeko konpromisoarekin; eta hori, Euskal Autonomia Erkidegoan Enplegurako Lanbide Heziketa arautzen duen maiatzaren 31ko 82/2016 Dekretuaren esparruan, eta erakunde autonomo horretako Administrazio Kontseiluak onartuta 2020ko otsailaren 25eko bileran hartutako erabaki bidez, eta ebazpen honen eranskin gisa jasota.

Bigarrena.– Deialdia aldatzea onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren erabakiaren aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio organo horri berari, hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da zuzenean, Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hileko epean, ebazpena aldizkari horretan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko otsailaren 26a.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia,

JUAN JOSE BORJA BELANDIA FRADEJAS.

ERANSKINA
DIRULAGUNTZA-DEIALDIA ALDATZEA, 2020AN EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO LANGABEEI ZUZENDUTAKO PRESTAKUNTZA-EKINTZAK EGITEKO, KONTRATATZEKO KONPROMISOAREKIN; ETA HORI, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOAN ENPLEGURAKO LANBIDE HEZIKETA ARAUTZEN DUEN MAIATZAREN 31KO 82/2016 DEKRETUAREN ESPARRUAN

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak, 2019ko abenduaren 11ko bileran hartutako erabaki bidez, dirulaguntza-deialdi bat aldatzea erabaki zuen, 2020an Euskal Autonomia Erkidegoko langabeei zuzendutako prestakuntza-ekintzak egiteko, kontratatzeko konpromisoarekin; eta hori, Euskal Autonomia Erkidegoan Enplegurako Lanbide Heziketa arautzen duen maiatzaren 31ko 82/2016 Dekretuaren esparruan, 2019ko abenduaren 23ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (243. Zk.) argitaratutako moduan Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren zuzendari nagusiaren 2019ko abenduaren 11ko ebazpen bidez.

Onartutako deialdiaren arabera, dirulaguntza eskuratzeko, erakunde edo enpresa eskatzaileek, eskaera egin aurretik, egiaztatu beharko dute kontratatu beharreko lanetan eta profiletan ez dela langabe nahikorik inskribatu. Horretarako, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan eskatu beharko dute informazio hori, dagokion bulegoan.

Txostena eman eta ekintzak egin arteko denbora-tarteak ez dezan datu horien adierazgarritasuna distortsionatu ekintzok egiten diren unean, egokitzat jotzen da dirulaguntza emateari buruzko ebazpenaren eta prestakuntza-ekintzen arteko denbora-tartea mugatzea.

Hori dela-eta, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren zuzendari nagusiaren proposamenez, erakunde autonomo horretako Administrazio Kontseiluak, 2020ko otsailaren 25eko bilkuran, 2020. urterako deialdi bat egitea onartu zuen, langabeei zuzenduta dauden eta kontratatzeko konpromisoa duten prestakuntza-ekintzak egiteko dirulaguntzei buruz; eta hori, Euskal Autonomia Erkidegoan Enplegurako Lanbide Heziketa arautzen duen maiatzaren 31ko 82/2016 Dekretuaren esparruan, honako baldintza hauekin:

Lehenengoa.– Aipatutako deialdiaren 3.4 artikulua aldatzea eta honela uztea:

4.– Diruz lagunduko diren prestakuntza-ekintzak 2020ko ekitaldian hasi beharko dira, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi eta 2 hilabeteko epean gehienez, eta 2021eko uztailaren 31 baino lehen amaitu beharko dira (lantokian egingo den prestakuntza praktikoaren modulua edo prestakuntza praktikoa barnean hartuta).

Bigarrena.– Dirulaguntza-deialdiaren aldaketa EHAAn argitaratzen denetik aurrera aurkezten diren eskaerei aplikatuko zaizkie erabaki honen bidez onartutako aldaketak.


Azterketa dokumentala