Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

47. zk., 2020ko martxoaren 9a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ENPLEGUKO ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
1436

EBAZPENA, 2020ko otsailaren 26koa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez argitara ematen baitira gazte langabeak euskal enpresetan kontratatzeko laguntzen 2020ko deialdian egindako aldaketak («Lehen Aukera» programa).

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak, 2020ko otsailaren 25ean egin zuen bileran hartutako erabakiaren bidez, onartu du gazte langabeak euskal enpresetan kontratatzeko «Lehen Aukera» programaren 2020ko laguntza-deialdia aldatzea. Bada, Lanbideren zuzendari nagusiari dagokio aldaketok argitaratzea, hala xedatuta baitago Lanbideren estatutuen 10.2 artikuluaren p) apartatuan (maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuaren bidez onartu ziren estatutu horiek).

Azaldutakoagatik guztiagatik, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Argitara ematea gazte langabeak euskal enpresetan kontratatzeko «Lehen Aukera» programaren 2020ko laguntza-deialdian egindako aldaketa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak 2020ko otsailaren 25eko bileran hartutako erabakiaren bidez onartua (ebazpen honen eranskinean jasota dago).

Bigarrena.– Deialdia aldatzea onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren erabakiaren aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio organo horri berari, hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da zuzenean, Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hileko epean, ebazpena aldizkari horretan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko otsailaren 26a.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia,

JUAN JOSE BORJA BELANDIA FRADEJAS.

ERANSKINA
GAZTE LANGABEAK EUSKAL ENPRESETAN KONTRATATZEKO 2020KO LAGUNTZA-DEIALDIAN EGINDAKO ALDAKETAK. LEHEN AUKERA PROGRAMA

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak, 2019ko abenduaren 11ko bileran hartutako erabakiaren bidez, gazte langabeak euskal enpresetan kontratatzeko 2020ko laguntza-deialdia onartu zuen. Lehen Aukera programa 2019ko abenduaren 26ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zen, 245. zenbakian, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren 2019ko abenduaren 11ko Ebazpenaren bidez.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan inskribatutako gazte langabeen kontratazio egonkorra eta kalitatekoa sustatzeko, egokitzat jotzen da kolektibo horretan daudenen kontratazio mugagaberako dirulaguntzaren zenbatekoa handitzea eta gazte horiek enpleguan jarraitzea bermatzeko baldintzak sendotzea.

Horregatik guztiagatik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren zuzendari nagusiak proposatuta, erakunde autonomo horretako Administrazio Kontseiluak, 2020ko otsailaren 25ean egindako batzarrean, onartu du euskal enpresetan gazteak kontratatzeko «Lehen Aukera» programaren 2020ko laguntza-deialdia aldatzea, zehaztapen hauen arabera:

Lehenengoa.– Deialdi horretako 6.1 artikuluko taula aldatu eta honela idatzita uztea:

(Ikus .PDF)

Bigarrena.– Deialdi horretako 6.2 artikuluko taula aldatu eta honela idatzita uztea:

(Ikus .PDF)

Hirugarrena.– Aipatu deialdiaren 9.1 artikulua aldatzea eta honela idatzita uztea:

1. Funts publikoak efizientziaz erabiliko direla bermatzeko, praktikaldiko kontratuen kasuan, kontratuen gutxieneko iraupena eskatutakoa edo diruz lagundutakoa izan beharko du, eta kontratu mugagabeen kasuan, berriz, 24 hilabetekoa izango da gutxienez.

Laugarrena.– Laguntza-deialdia EHAAn argitaratzen denetik aurrera aurkezten diren eskaerei aplikatuko zaizkie erabaki honen bidez onartutako aldaketak.


Azterketa dokumentala