Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

43. zk., 2020ko martxoaren 3a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
1295

EBAZPENA, 2020ko otsailaren 10ekoa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Gorliz (Bizkaia) Urezarantza VII. exekuzio-unitatearen Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-txosten estrategikoa.

AURREKARIAK

2019ko irailaren 10ean, Gorlizko Udalak ingurumen-organoari eskatu zion Gorlizko Urezarantza VII. exekuzio-unitatearen hiri antolamenduko plan bereziaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura hastea, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoari jarraikiz. Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu ziren, hala nola Plan bereziaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan xedatutako edukia zuena.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritakoa aplikatuz, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak zenbait erakunderi eskatu zien egoki iruditzen zitzaizkien oharrak egiteko, oinarritzat har bailitezke ingurumen-organo horrek bere ingurumen-txosten estrategikoa formulatzeko, eta, beharrezko ikusiko balitz, ingurumen-inpaktu estrategiko arruntaren ebaluazioa egiteko. Halaber, eskatu zien iritzia emateko, espedienteari erantsi beharko litzaiokeen ingurumen-azterlan estrategikoak nolako irismena, xehetasun-maila eta zehaztasuna izan beharko lukeen zehazteko.

Halaber, espedientean jasota dagoen dokumentazioa eskuragarri egon zen Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webgunean, interesdunek egoki ikusten zituzten ingurumen-arloko oharrak egiteko aukera izan zezaten.

Era berean, Gorlizko Udalari izapidearen hasieraren berri eman zitzaion.

Legez ezarritako epea bukatuta, zenbait erantzun jaso dira hainbat erakunderen aldetik, eta haien emaitza espedientean jasota dago.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, haren helburua da oinarriak ezartzea ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen planen, programen eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautzeko; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Era berean, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, besteak beste, plangintza-prozesuaren lehen faseetan egingo dela ingurumenaren gaineko eraginen analisia, betiere aukerarik egokienak hautatzeko asmoz, eta aintzat hartuta hor gauzatuko diren jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak.

Gorliz (Bizkaia) Urezarantza VII. exekuzio-unitatearen Hiri Antolamenduko Plan Berezia (aurrerantzean, Plana) abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluaren kasuetan sartzen da; bertan aurreikusten da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasatu behar diren plan eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo plan edo programen gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra, haiek ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako.

Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura 29. artikulutik 32. artikulura bitartean arautzen da, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Dokumentazio teknikoa eta Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko txostenak aztertuta, eta ikusirik hasierako dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak –eskumena duen organoa baita otsailaren 27ko 3/1998 Legearen eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera–. Txostenak Planaren proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egiten du, eta Plana aplikatzearen ondorio adierazgarrien gaineko iritzia ematen, baita ingurumen-ondorioetarako soilik sartu behar diren azken zehaztapenen inguruan ere.

Hauek guztiak aztertu dira: 3/1998 Lege Orokorra, otsailaren 27koa, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babestekoa; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzkoa, eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Gorlizko Udalak sustatutako Gorliz (Bizkaia) Urezarantza VII. exekuzio-unitatearen Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren (aurrerantzean, Plana) ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea, jarraian adierazten diren zehaztapenekin:

A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

Planaren xedea da Gorliz udalerriko arau subsidiarioetan jasotako Urezarantza VII. exekuzio-unitatearen antolamendu xehatua egitea (bizitegi-lurzoruan garatu beharreko dentsitate txikiko jarduera-eremua).

Urezarantza VII exekuzio-unitatea hiri-lurzoru finkatugabea da (erdi-finkatua, Gorlizko arau subsidiarioen arabera), bizitegi isolatu motakoa. 11.860 m2-ko azalera du eta udalerriko herrigunearen iparraldean dago, 500 bat metrora. Planaren xedea da jabetza pribatuko bost hirigintza-lurzati antolatzea, aipatu eremuaren barnekoak, hain zuzen. Lurzatietako bakoitzean familia bakarreko etxebizitza bat edo bi familiako etxebizitza isolatu bat eraiki nahi da. Beraz, bost lurzati eraikigarri eta espazio libreetarako gune/berdegune bat izango dira, azken hori hegoaldean eremuarekin muga egiten duen errepidearen alboan.

Planaren arabera, udalerrian indarrean diren arau subsidiarioetan zehazten diren hirigintza-parametroak aplikatu behar dira. Etxebizitzak honelakoak izango dira: 1 soto+2 solairu+atikoa, teilatu-hegalaren gehieneko altuera 6,5 m eta gailurrarena 9 m direla. Eraikigarritasuna aprobetxamendu pribatuko 0,15 m2/m2-koa da. Orotara, eraikigarritasuna 333 m2-koa da lurzati bakoitzean, sestra gainean.

Planaren zirriborroaren arabera, plana Urezarantza exekuzio-unitatearen azaleraren gehiengoa duten jabeen enkargu bat da.

Gaur egun, planeko eremua eraikinik gabe dago, garrantzi gutxiko eraikin batzuk dituen lurzatia kenduta (txabolak, ukuilu bat). Hala ere, inguruan etxebizitza isolatu batzuk daude, eta dentsitate txikiko hiri-lurzoru erdi-finkatuko eremua eratzen dute (Urezarantza), hiri-zerbitzu nahikoak dituena, planaren zirriborroaren arabera.

B) Proposatutako planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluarekin bat etorriz, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira, zehazteko Planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez.

1.– Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:

a) Planak proiektuetarako ezartzen duen esparrua: Planak zehazki antolatzen du eremua eta eraikigarritasun-baldintzak sendotzen ditu. Hori onartu ondoren, Birpartzelazio Proiektu bat eta Eraikuntzako eta Urbanizazioko Obra Osagarrien Proiektua garatu beharko dira. Aurkeztutako agiriak ikusita, Planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapen, ezaugarri, neurri edo funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legedian zerrendatutako kategorietako batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

b) Planak zenbateraino eragiten duen beste plan edo programa batzuetan, bai eta hierarkizatuta daudenetan ere. Planak ez du eragin nabarmenik izango beste plan edo programa batzuekiko, ingurumenari dagokionez.

c) Plana egokia den edo ez ingurumen-oharpenak integratzeko, bereziki garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin bat eginik: Planak lurzatian garatzen duen antolamendu xehatua Gorlizko arau subsidiarioetan ezarritakoarekin bateragarria izateko baldintzarekin garatu da. Gainera, planak barnean hartzen ditu neurri babesle, zuzentzaile eta konpentsatzaile orokor eta bereziak. Alde horretatik, egokia da garapen jasangarria sustatzen duten ingurumen-irizpideak txertatzeko, bereziki, hauei dagokienez: eraikingintza eta eraikuntza efizienteena baliabideen erabileran; hondakinen kudeaketa, eta paisaia-integrazioa. Horri dagokionez, Planak kontuan hartu beharko ditu, haren ondoriozko eraikuntza-proiektuetan aintzat hartze aldera, dagokion Eraikuntza Jasangarrirako Gidan bildutako gomendioak, proposatutako eraikuntzen energia-aurreztea eta -efizientzia indartzeko eta energia berriztagarriak bultzatzeko, ebazpen honen aurreragoko apartatuetan xehatuko den bezala.

d) Planarekin lotutako ingurumen-arazo esanguratsuak: Planaren ingurumen-efektu azpimarragarrienak natura-baliabideen kontsumoa eta gehienbat belardiak, lurzati arteko heskaiak, fruta-arbolak eta zuhaitz autoktono eta apaingarrien ale bakan batzuk dauden lurzoru naturalen artifizializazioa dira. Planak hizpide duen eremuaren azalera 11.860 m2 den arren, gehieneko eraikigarritasuna 333 m2 da, sestra gainean, bost lurzatietako bakoitzean. Beraz, nabarmen murriztu daiteke lurzoru naturalen artifizializazioa eta natura-baliabideen kontsumoa. Zaratari dagokionez, azterlan akustikoaren emaitzen arabera, planetik eratortzen diren jarduketek urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezartzen diren kalitate akustikoaren helburuak betetzen dituzte, bai gaur egun bai 20 urte barru.

e) Planaren egokitasuna ingurumenaren arloko Batasuneko edo estatuko legedia ezartzeko: Plana egokia da Batasuneko edo estatuko ingurumen-legeak ezartzeko, hain zuzen ere, hondakinen, klima-aldaketaren, airearen kalitatearen (emisio atmosferikoak, zarata, argia) eta biodibertsitatearen arloetakoak.

2.– Eraginen eta erasan daitekeen eremuaren ezaugarriak.

Ez dago naturagune babesturik Planaren eremuan, ezta planaren zehaztapenekin eraldatuko den ingurumen-balio handiko eremurik ere; hortaz, ez dago Plana garatzearen ondorioz larriagotu daitekeen ingurumen-arriskurik. Eremu hori gaur egun lurzoru naturalerako erabiltzen da nagusiki, artifizialdu gabe; belardiak, baratze txikiak eta fruta-arbolak, zuhaixka-heskaiak, zuhaitz autoktono eta apaingarri isolatu batzuk (palmondo ilara), txabolak eta nekazaritza eta abelazkuntzako erabilerako pabiloi bat, eta landaredia erruderal nitrofiloko orban batzuk. Bizitegi-dentsitate txikiko eremua da, eskala handiagoan, landazabal atlantikoko paisaiaren bereizgarriak dituena.

Eremuaren iparraldean, planaren xedeko lurzatiarekin muga eginez, baso naturalerako erabilera duten lurzoruak daude, batik bat artadi kantauriarrak (Batasunaren intereseko habitata, Quercus ilex eta Quercus rotundifolia). Eremu horretan, Gorliz-Armintza, EAEko natura-espazio garrantzitsuen katalogo irekian sartuta daude, beraz, zuhaitz formazio horiek kaltetzea ekiditeko neurri prebentibo eta zuzentzaileak hartu beharko dira.

Zaratari dagokionez, azterlan akustikoaren emaitzen arabera, planaren xedeko eremuan etorkizuneko hirigintza-garapenetarako kalitate akustikoaren helburuak betetzen dira, EAEko kutsadura akustikoari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarriak, bai gaur egun bai 20 urte barru. Bestalde, Planak sustatzen dituen jarduketek ez dute era nabarmenean areagotuko zarata-maila partzelaren kanpoaldean, ezta ingurunean ere.

Testuinguru honetan, Planaren garapenetik etorriko diren ondorioak eremuko eraikinen eta urbanizazioaren eraikitze-obrei lotuta egongo dira; izan ere, baliabide naturalak kontsumituko dira, lurzoru naturalen azalerak artifizialduko dira, lur-mugimenduak izango dira eta eraispeneko eta eraikuntzako hondakinak sortu dira, urak kutsa daitezke lurrak herrestan joateagatik eta giza habitataren kalitatea murriztuko da ibilgailuen eta makinerien joan-etorriek, eta urbanizatzeko eta eraikinak eraikitzeko behar diren lur-mugimenduek sortuko dituzten eragozpenengatik: zarata, hautsa, bibrazioak, etab.

Ondoren, funtzionamendu-fasean, etxebizitza berriekin, kontuan hartu behar da mugikortasuna, baliabideen kontsumoa, hondakinen sorrera eta emisioak handitu egingo direla. Kutsadura akustikoari dagokionez, eragin akustikoaren azterlanaren arabera, ez da aurreikusten etorkizuneko hirigintza-garapenek gaindituko dituztenik Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan kanpoalderako ezarritako kalitate akustikoko helburuak.

Edonola ere, ingurumen-ondorioak baloratzeko, erreferentziatzat hartuko da udalerrian indarrean dagoen antolamenduan aurreikusitako egoera. Horrela, Planak barnean hartzen dituen jarduketek ez dakarte berekin garapen berrietara bideratutako azalera handitzea Gorlizko arau subsidiarioek planaren xede den eremurako ezarritakoaren aldean, ez eta haren ondorio posibleak handitzea ere, betiere, segurtasunaren eta osasunaren, ingurumenaren, natura-ondarearen, kultura-ondarearen eta paisaiaren arloetan indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira planaren esku-hartze eta jarduerak.

3.– Neurri babesle eta zuzentzaileak indarreko arauen arabera ezarriko dira, ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera eta, aurrekoaren aurkakoa ez den guztian, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta planean bertan adierazitakoaren arabera. Besteak beste, jarduketa hauek nabarmendu ditzakegu:

Natura-ondarea babesteko neurriak.

Bizkaiko hainbat baso-espezie autoktonoren araubide bereziari buruzko urriaren 14ko 11/1997 Foru Aginduan xedatutakoa aplikatzearen kaltetan izan gabe, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek aplikatuko dira:

– Obrak, bai eta lurzorua erabiltzea eragiten duten eragiketa osagarriak ere, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Beharrezkoak diren mozte- eta eskokatze-lanak, obra-sarreren irekierak eta kontratistaren instalazio-guneak –makineria-parkea, obra-etxetxoak, obra-materialak, landare-lurren eta hondakinen behin-behineko pilaketen eremuak barne– ingurumenean ahalik eta eraginik txikiena izateko irizpideetan oinarrituz egingo dira, eta, zehazki, landare-formazio interesgarriei eragitea saihestuko da. Inola ere ez zaie kalterik eragingo artadi kantauriarreko aleei, planaren xedeko eremuaren iparraldeko mugan daudenei, Gorliz-Armintza, EAEko naturagune garrantzitsuen katalogo irekiko eremuaren parte direnez; izan ere, eremu hori natura-intereseko gunea da, EAEko Lurralde Antolamenduko Gidalerroen arabera. Eremua in situ mugatuta geratu beharko da, eta obra-ingurunetik hurbil dauden balio handiko elementu naturalak (bertako zuhaitzak) behar bezala babestuta egongo dira, nahi gabeko eraginik jaso ez dezaten.

– Proiektua gauzatzeagatik erasandako eremu guztiak lehengoratuko dira, kendutako landaredia interesgarria birjarrita, hala behar bada. Espezie autoktonoak landatuko dira, ahalik eta lasterren, erosio-prozesuak eta ibilguetarako solido-arrasteak ekiditeko; horrela, habitat naturalak sortzen lagunduko da, eta, ahal dela, horiek inguruan dagoen landaredia naturalarekin lotzen.

– Landare-estaldura lehengoratzeko jardueretan, biodibertsitate autoktonoa sustatzeko jarduerak bultzatuko dira, jasangarritasun-irizpideak lehenetsiz jarduera horietan, horrela, espezie inbaditzaileak sartzeko arriskua murrizteko. Horretarako, Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua argitalpenean jasotako gomendioak eta neurriak erabiliko dira. Eskuliburua Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak sortu zuen.

– Landareztatze- eta lorategi-lanetan ez dira inola ere erabiliko inbaditzaileak izan daitezkeen espezie aloktonoak; esaterako, Fallopia japonica, Robinia pseudoacacia eta Cortaderia selloana. Espezie horiek kentzeko eta lur-mugimenduen bidez hedatzea ekiditeko behar diren neurriak hartuko dira; betelanetan, landareztatze-lanetan eta urbanizazioko lorategi-lanetan erabiliko diren mailegu-lurren eta landare-lurren jatorria eta osaera kontrolatu beharko da.

Hondakinak kudeatzeko neurriak.

– Obrek eta garbiketa-kanpainak dirauten bitartean sortutako hondakinak kudeatzeko, Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta aplikatu beharreko arau espezifikoetan xedatutakoa beteko da.

– Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko uztailaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira eraikuntza- eta eraispen-hondakinak.

– Hondakin arriskutsuentzako ontzietarako, uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako arauak bete beharko dituzte (hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko oinarrizko araudia onartzen du dekretu horrek); itxita egongo dira baimendutako kudeatzaileak jaso arte, isuri edo lurrundu ez daitezen.

– Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko dira sortutako olio erabiliak.

– Lurren eta soberakinen kudeaketa: obretan indusketa-soberakinak sortzen badira, baimendutako soberakindegira eraman eta indarreko legediaren arabera kudeatuko dira.

– Induskatutako lurzoruen kontrola: Gorlizko Udalari eta Ingurumen Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaizkie lur susmagarriak hautemateagatiko kutsadura-arrasto guztiak, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikulua betetzeko.

Airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babestea:

– Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatu du) eta arau osagarrietan ezarritakora.

– Halaber, eguneko lan-ordutegian jardungo da, eta kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erraztatzeko makina mekanikoak erabiliko dira.

– Planean aurreikusitako etorkizuneko hirigintza-garapenari dagokionez, bermatuko da eremu akustiko honetan betetzen direla aplikatzekoak diren kalitate akustikoko helburuak, 213/2012 Dekretuaren, urriaren 16koaren, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzkoaren, 31.2 artikuluan xedatuarekin bat, eta ezingo da etxebizitzak eta ospitale, hezkuntza edo kultura erabilerako eraikinak eraikitzeko baimenik eman baldin eta, baimena emateko unean, kanpoan ez badira betetzen kalitate akustikoko helburu horiek (lurzorutik bi metrora inguru eraiki gabeetan, eta altuera orotara leihodun fatxadetan, inguru eraikietan), non eta ez dagoen Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 43. artikuluan salbuetsitako kasuren batean.

– Ondorioz, kasua zein den, eraikuntza-lizentzia eman aurretik, kanpo-ingurunea babestera bideratutako neurri tekniko eta ekonomikoki egokiak hartu behar dira (lurzorutik bi metrora inguru eraiki gabeetan, eta altuera orotara leihodun fatxadetan, inguru eraikietan), baita, edonola ere, eraikinaren barnealdeko kalitate akustikoko helburuak betetzera zuzendutakoak ere, gelaren arabera (egongelak edo logelak) eta eguneko orduaren arabera (goizez, arratsaldez eta gauez). Fatxadaren isolamendu horiek behar bezala justifikatuta egon beharko dira eraikuntza-proiektuan.

– Era berean, Gorlizko Udalak lehenengo okupaziorako edo bizigarritasunerako lizentzia jaso aurretik, barnealdeko espazioetako kalitate-helburuen betetze-mailari buruzko txostena aurkeztu beharko du. Horretarako, kanpoko fatxadaren isolamendu akustikoa neurtzeko kanpaina bat eskatu dezake. Neurketa horiek UNE-EN ISO 140-5:1999: arauak ezarritakoari jarraikiz egin beharko dira. Eraikinen eta eraikuntza-elementuen isolamendu akustikoa neurtzea. 5. zatia: Fatxadako elementuen eta fatxaden airetiko zarataren aurkako isolamendu akustikoa in situ neurtzea.

Jardunbide egokien eskuliburua. Jardunbide egokien sistema bat hartu beharko dute, eta lanetako langileek erabiliko dute helburu hauek ahalik eta gehien bermatzeko:

– Obrak okupatzen dituen mugak kontrolatzea.

– Natura-intereseko landaretza-eremuen gaineko eragina kontrolatzea.

– Hondakinen eta olioen isurketen eta lurren arrastatzearen ondoriozko lurzoruaren eta uren kutsadura ekiditea.

– Planaren eraginpeko etxebizitza mugakideetako biztanleei enbarazurik ez eragitea zarata eta hautsarekin.

Eraikingintza eta eraikuntza jasangarria.

Kontuan izan beharko dira «EAEko etxebizitzen eraikuntza jasangarriaren gida» dokumentuan jasotako gomendioak, eraikinen energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko eta energia berriztagarriak sustatzeko. Neurri horiek, gutxienez, alderdi hauetan eragin beharko dute:

– Materialak. Berriztagarriak ez diren lehengaien kontsumoa murriztea.

– Energia. Berriztagarriak ez diren iturrien bidez sortutako energia kopurua edo/eta kontsumoa murriztea.

– Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa gutxitzea.

– Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

– Atmosfera. Gas, hauts, bero eta argi gutxiago igortzea.

– Barne-kalitatea. Barruko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

– Hiritartu beharreko eremu berrietan kontsumo baxuko argiztatze-sistemak erabiltzeko aukera aztertu beharko da, argiaren kutsadura saihesteko eta energia aurrezteko.

– Hondakinen gaikako bilketarako gune egokiak sortzea.

Bigarrena.– Zehaztea, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoari jarraikiz, ez dela aurreikusten Gorliz (Bizkaia) Urezarantza VII. exekuzio-unitatearen Hiri Antolamenduko Plan Bereziak eragin nabarmenik izatea ingurumenaren gainean, eta, ondorioz, ez dela beharrezkoa ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egitea.

Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia Gorlizko Udalari jakinaraztea.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, honako ingurumen-txosten estrategikoak indarraldia galduko du eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio, behin Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean, Gorliz (Bizkaia) Urezarantza VII. exekuzio-unitatearen Hiri Antolamenduko Plan Berezia onartuko ez balitz. Kasu horretan, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko otsailaren 10a.

Ingurumen Administrazioko zuzendaria.
E (apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren lehenengo xedapen gehigarria).

Ingurumeneko sailburuordea,

MARIA ELENA MORENO ZALDIBAR.


Azterketa dokumentala