Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

43. zk., 2020ko martxoaren 3a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
1294

EBAZPENA, 2020ko otsailaren 7koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Getxoko (Bizkaia) Salsidu etorbideko 21.ean kokatutako lurzatiaren xehetasun-azterketaren ingurumen-txosten estrategikoa.

AURREKARIAK

2019ko urriaren 3an, Getxoko Udalak eskaera osatu zuen Salsidu etorbideko 21.ean kokatutako lurzatien xehetasun-azterketaren (aurrerantzean, plana) ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedurari hasiera emateko. Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu ziren; besteak beste, planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, barnean hartuta Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikuluan eskatutako edukia. Gainera, ingurumen-dokumentu estrategikoan adierazita dago: nork egin duen eta noiz amaitu duen, sinadurekin batera.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritakoa aplikatuz, kontsulta-izapidea egin zitzaien eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei, egoki ikusten zituzten oharrak egin zitzaten, oinarritzat har bailitezke ingurumen-txosten estrategikoa formulatzeko eta, beharrezko iritziz gero, ingurumen-inpaktu estrategiko arruntaren ebaluazioa egiteko. Ohar horiek aintzat hartuko dira zehazteko nolako zabalera, xehetasun maila eta zehaztasuna izan behar duen ingurumen-azterlan estrategikoak.

Halaber, espedientea osatzen duten agiriak eskuragarri ipini ziren Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webgunean, interesdun orok egokitzat jotzen dituen ingurumen-arloko oharrak egin ditzan.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritako epea amaituta, administrazio publikoei eta interesdunei egindako kontsulten izapidean jasotako erantzunen emaitzak espedientean sartu dira.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, haren helburua da oinarriak ezartzea ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen planen, programen eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautzeko; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, besteak beste, ingurumenaren gaineko eraginen analisia plangintza-prozesuaren lehen faseetan egingo dela, betiere, aukerarik egokienak hautatzeko asmoz, eta aintzat hartuta hor gauzatuko diren jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak.

Getxoko Salsidu etorbideko 21.ean kokatutako lurzatien xehetasun-azterketa (aurrerantzean, Plana) abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluaren kasuetan sartzen da; bertan aurreikusten da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasa behar diren plan eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo plan edo programen gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra, haiek ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako. Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura 29. artikulutik 32. artikulura bitartean araututa dago, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Dokumentazio teknikoa eta planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko txostenak aztertuta, eta ikusirik hasierako dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak –eskumena duen organoa baita otsailaren 27ko 3/1998 Legearen eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera– ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du. Txostenak Planaren proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egiten du, eta Plana aplikatzearen ondorio adierazgarrien gaineko iritzia ematen, baita ingurumen-ondorioetarako soilik sartu behar diren azken zehaztapenen inguruan ere.

Xedapen hauek guztiak aztertu dira: 3/1998 Lege Orokorra, otsailaren 27koa, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babestekoa; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoko Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Getxoko Salsidu etorbideko 21.ean kokatutako lurzatien xehetasun-azterketari dagokion ingurumen-txosten estrategikoa egitea, baldintza hauen pean:

A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

Getxoko Hiri Antolamenduko Plan Orokorrak (2000ko urtarrilaren 18an behin betiko onartu zenak testu arauemailea Bizkaiko Aldizkari Ofizialean, 14. zk., 2001eko urtarrilaren 27 astelehenekoan, argitaratuta) zehazten duenaren arabera, eraikitako eraikinak oinplano berriko beste batzuekin ordezteko, xehetasun-azterketa bat egin eta behin betiko onartu behar da, eta eraikin berriak kokatuta egongo den eremuko arauetan ezartzen diren eraikuntza-arauak eta aprobetxamendu-koefizientea errespetatuko ditu, lerrokadurak eta espazio publiko ezarriak aldatzeko aukerarik gabe. Eraikinaren gehieneko altuerak ez du gaindituko inguru horretan egin daitezken eraikin berrientzat, oro har, ezarritakoa.

Xehetasun-azterketa honetan egungo eraikina aldatzen da, zehazki, egungo eraikinaren gehieneko altuera, bideekiko tartea eta okupazioa aldatu dira, baina indarreko HAPOan ezartzen diren arauen arabera.

Egungo eraikina eraistea proposatzen da, eta lurzatian 497,22 m2-ko hirigintza-garapena egitea: lau solairuko eraikina, sestrape osoa garajeetara bideratuta Salsidu etorbidearen aldean eta larrialdiko eskailera bat eraikita Kasune kalearen aldean, bideetara arteko lau metroko zerrendan.

Planaren eremua Getxoko herrigunean dago, udalerriaren hiri-egituraren barnean, Salsidu etorbidearen eta Kasune kalearen bidegurutzean. Gaur egun bizitegi-erabilerako eraikin batek okupatuta dago zati batean, eta bizitegi-kalifikazio mistoa duen hiri-lurzoruan dago.

B) Planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluarekin bat etorriz, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira, zehazteko ea planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez.

1) Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:

a) Planak zer neurritan ezartzen duen esparru bat proiektuetarako eta beste jarduera batzuetarako: eraikuntza-proiektua eta urbanizazio-obra osagarriak proposatzen ditu planak, geroago garatzeko. Aurkeztutako dokumentuak ikusi da, eta planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapenari, ezaugarriei, neurriei edo funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legedian zerrendatutako kategorietako batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

b) Planak zer neurritan eragiten duen beste plan edo programa batzuetan: plana bateragarria da, hau da, hierarkikoki goragoko mailakoak diren lurralde-plan, plan sektorial eta hirigintza-planekin bateratu daiteke.

c) Planaren egokitasuna ingurumeneko irizpenak integratzeko, batik bat garapen jasangarria sustatzeko xedearekin: planaren xedea da, besteak beste, natura-baliabideen erabilera babestea eta optimizatzea; esate baterako, lurzoruaren okupazioa efizientea izatea, posible den heinean; izan ere, hiri-paisaian kokatzen da, domeinu antropogenikoan.

d) Planarekin edo programarekin lotutako ingurumen-arazo garrantzitsu batzuk: Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren xedeko esparrua eremu antropizatu batean dago, hiri-kokagunez eta bide-azpiegiturez inguratuta. Eremuak ez dauka ingurumena babesteko araubideren baten mende dagoen espaziorik (Natura 2000 Sarea, esaterako) edo natura-balioa duen elementu garrantzitsurik, ezta ondare historikoaren katalogoan sartutako kultura-balio esanguratsuko elementurik ere.

Zarata da arazo nagusia, eta urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan (Euskal Autonomia Erkidegoko kutsadura akustikoari buruzkoan) ezarritako kalitate akustikoko helburuak ez direla beteko aurreikusten da.

e) Era berean, Plana egokitzat jotzen da ingurumen arloko Europar Batasuneko edo Espainiako legedia txertatzeko.

2) Nolako ingurumen-efektuak sor daitezkeen eta zer ezaugarri dituen eragina jasan lezakeen eremuak:

Eremuan ez dago natura-elementurik, ezta ondare historiko-artistiko interesgarririk ere. Planaren eragina nozituko duen ingurunearen ezaugarri eta baldintzatzaile nagusien arabera, eta zarata-mapak kontuan hartuta, planaren eremuan gainditu egingo dira kanpoaldeko kalitate akustikoaren helburuak. Zarata-iturri nagusia Salsidu etorbideko eta Kasune, Bidebarri eta Illeta kaleetako zirkulazioa da Zarata-maparen arabera, planaren xedeko eremuan gainditu egiten dira kanpoaldeko kalitate akustikoaren helburuak. Konponbidea izan daiteke abiadura 30 km/h-ra murriztea Salsidu etorbidean eta Kasune kalean.

3) Neurri babesle eta zuzentzaileak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, ingurumen-txosten estrategikoak formulatzen duen ebazpenean adierazitakoarekin bat, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, ingurumen-agiri estrategikoan eta Planean bertan jasotakoarekin bat etorriz.

Planean hartuko beharreko erabakien artean eta Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen duenari jarraikiz, ezingo dira exekutatu etorkizuneko garapen urbanistikoak honako eremuetan: kanpoko ingurumarian kalitate akustikoaren helburuak betetzen ez direnetan, hargatik eragotzi gabe 43. eta 45. artikuluetan ezarritakoa.

Bestalde, aplikatu beharreko neurrien artean, proiektua gauzatzearen ondoriozkoak nabarmentzen dira, zeinek loturik egon beharko baitute obretako jardunbide egokien eskuliburuarekin, lurren eta soberakinen kudeaketarekin, hondakinen sorkuntza eta kudeaketarekin, eta airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babestearekin (ikus eranskina, Planaren ondoriozko proiektuko obrak gauzatzeko neurri babesle eta zuzentzaileetako batzuk jasota daude hor).

Eraikingintza eta eraikuntza jasangarriago baterako behar diren ezaugarriei dagokienez, EAEko etxebizitzen eraikuntza jasangarriaren gida argitalpenean adierazitako neurriak eta ingurumen-jardunbide egokiak erabiliko dira eraikinen energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko eta energia berriztagarriak sustatzeko. Neurri horiek, gutxienez, alderdi hauetan eragin beharko dute:

– Materialak. Berriztagarriak ez diren lehengaien kontsumoa murriztea.

– Energia. Berriztagarriak ez diren iturrien bidez sortutako energia kopurua edo/eta kontsumoa murriztea.

– Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa gutxitzea.

– Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

– Atmosfera. Gas, hauts, bero eta argi emisioak murriztea.

– Barne-kalitatea. Barruko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

Bigarrena.– Xedatzea, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritako baldintzen arabera, ez dela aurreikusten Getxoko (Bizkaia) Salsidu etorbideko 21.ean kokatutako lurzatiari buruzko xehetasun-azterlanak ingurumenean ondorio nabarmenik ekarriko duenik, eta, beraz, ez dagokiola ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren mende jartzerik.

Hirugarrena.– Getxoko Udalari jakinaraztea ebazpen honen edukia.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-txosten estrategiko honek indarraldia galduko du eta berezko dituen ondorioak sortzeari utziko dio, baldin eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean Getxoko (Bizkaia) Salsidu etorbideko 21. zenbakiko lurzatien xehetasun-azterketa onartzen ez bada. Kasu horretan, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko otsailaren 7a.

Ingurumen Administrazioko zuzendariaren absentziaz (apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren lehenengo xedapen gehigarria).

Ingurumeneko sailburuordea,

MARIA ELENA MORENO ZALDIBAR.

ERANSKINA

– Obrako langileek erabili beharreko jardunbide egokien eskuliburua. Alderdi hauei loturiko alderdiak behintzat hartuko ditu barnean: lanaldiak, makineria, behin-behineko desbideratzeak, isurketen prebentzioa, ahalik eta hauts eta zarata gutxiena sortzea, herritarren lasaitasunean eragin negatiboa duten jardunak minimizatzea, hondakinak kudeatzea, eta abar.

– Hondakinak sortzea eta kudeatzea: obrak egitean eta garbiketa-kanpainak dirauen bitartean sortutako hondakinak kudeatzeko, Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta berariazko arauetan xedatutakoa beteko da.

Eraikuntza- eta eraispen-hondakinak kudeatzeko, Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzeko ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoa bete beharko da.

Amiantoa duen hondakinik sortzen bada, otsailaren 1eko 108/1991 Errege Dekretuak, amiantoak ingurumena ez kutsatzeko eta amiantoaren ondoriozko kutsadura txikitzeko denak, ezartzen dituen eskakizunak bete beharko dira.

Hondakin arriskutsuak jasotzen dituzten ontziek 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak beteko dituzte (833/1988 Errege Dekretua, uztailaren 20koa, Hondakin toxikoei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko Erregelamendua onartzekoa).

– Olio erabiliak kudeatzeko, hauetan xedatutakoa beteko da: industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretua, eta EAEn erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen irailaren 29ko 259/1998 Dekretua.

– Lurren eta soberakinen kudeaketa: obretan indusketa-soberakinak sortzen badira, baimendutako soberakin-biltegira eraman eta indarreko legediaren arabera kudeatuko dira.

Halaber, Getxoko Udalari eta Ingurumen Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaizkie lur susmagarriak hautemateagatiko kutsadura-arrasto guztiak, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikulua betetzeko.

– Airearen kalitatearen eta kalitate akustikoaren babesa: Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustikoari, kalitate-helburuari eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Errege Dekretuak aldatua) eta arau osagarrietan ezarritakora.

Halaber, eguneko lan-ordutegian jardungo da, eta garbi mantendu beharko dira kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak; horretarako, presioko ura edo erraztatzeko makina mekanikoak erabiliko dira.


Azterketa dokumentala